Hirugarren atala.Arrazoimen praktiko hutsaren bultzagaiez
Lege moralaren mesedetan, beraz, eta horri nahimenaren gain eragina ematearren, ez denez lege moralaren bultzagaia bazterraraziko ligukeen beste bultzagairik bilatu behar, horrek mamirik gabeko zurikeria baino ez bailuke sortuko, eta gainera, arriskutsua denez lege moralaren aldean beste bultzagaiek (abantailarenak bezala) batera eragin dezaten onartzea, orduan ezin da arretaz determinatu baino egin zein eratara bihurtzen den lege morala bultzagai, eta zer gertatzen zaion giza desiramenari determinazio-oinarri hark horren gainean duen eragina den aldetik. Izan ere, lege bat bere kabuz eta bitartegabe nola izan daitekeen nahimenaren determinazio-oinarri, hori giza arrazoimenak konpondu ezin duen arazoa da, eta beste honen berbera, hots, nola den ahalgarri nahimen aske bat. Beraz, ez dugu a priori erakutsi beharko lege moralak bere baitan bultzagai bat sortzearen arrazoia, baizik eta halakoa den aldetik zer eragiten duen (hobe esanda, eragin behar duen) gogamenean.
Nahimenaren lege etikoaren bidezko determinazio ororen kontu funtsezkoena da nahimen aske gisa soilik legearen bidez determinatzen dela, eta beraz, ez soilik sentimenezko bultzatzaileen eraginik gabe, baizik eta horietako guztiak baztertuz eta joera guztiak bertan behera utziz, horiek lege haren aurka joan daitezkeen heinean. Honaino, lege moralaren eragina bultzagai gisa negatiboa baino ez da, eta bere horretan bultzagai hori a priori ezagut daiteke. Izan ere, joera oro eta sentimenezko bultzatzaile oro sentimenduan oinarritzen da, eta sentimenduan duen eragin negatiboa bera (joerei gertatzen zaien bertan behera etortzea) sentimendua da. Ondorioz, a priori uler dezakegu lege moralak nahimenaren determinazio-oinarri gisa gure joera guztiak oztopatuz sentimendu bat eragin behar duela, mina dei dakiokeena, eta hor lehen kasua dugu, agian bakarra ere bai, non guk apriorizko adigaietatik abiatuta ezagupen batek (hemen arrazoimen praktiko hutsarena) atseginaren edo desatseginaren sentimenduarekin duen erlazioa determina dezakegun. Joera guztiek elkarrekin batera berekoikeria (sistema onargarri batera eraman daitezkeenak eta zeinen asebetetasunak horrela norberaren zoriona izena duen) osatzen dute (solipsismus). Hori norberaren maitasunarena da, neurriz gain norberaren buruarekin bihozbera izatea (philautia), edo norberaren burua atsegin izatea (arrogantia). Hark bereziki norberaren maitasun izena du, horrek norberaren hantustea. Arrazoimen praktiko hutsak norberaren maitasuna oztopatzen du, hark hori, berezko gisa eta lege moralaren aurretik ere guregan ekinean dagoena, lege horrekin adosteko baldintzara murrizten duen heinean; horrela, bada, norberaren maitasun arrazoizkoa deituko da. Baina hantustea suntsitu egiten du, lege etikoaren bateratasunaren aurreko norberaren estimuaren uzi guztiak baliogabeak eta eskumenik gabekoak diren heinean, lege horrekin bateratzen den jaidura baten ziurtasuna pertsonaren balio ororen lehen baldintza den heinean (berehala argiago azalduko duguna) eta horren aurreko handigura oro faltsua eta legearen aurkakoa den heinean. Beraz, norberaren estimurako aiherra lege moralak oztopatzen dituen joeren artean kokatzen da, hura sentimenean* baino oinarritzen ez den heinean. Beraz, lege moralak hantustea suntsitzen du. Lege hori, ordea, bere baitan positiboa den zerbait denez, hots, adimenduzko kausalitate baten forma, hau da, askatasunarena, orduan aurkako subjektiboaren aldean, hots, gugan dauden joeren aldean hantustea ahultzen duen heinean, aldi berean begirunearen objektua da, eta hori suntsitu ere egiten duenez, hau da, beheititzen duen heinean, begirune handienaren objektua, eta beraz, sentimendu positibo baten oinarria ere bai, jatorri enpirikoa ez duena eta a priori ezagutzen dena. Beraz, lege moralaren begirunea sentimendu bat da, adimenduzko oinarri batek sortzen duena, eta sentimendu hori da erabat a priori ezagut dezakegun bakarra, eta horren beharrezkotasuna baino ezin dezakegu ulertu.
Aurreko atalean ikusi dugu nahimenaren objektu gisa eskaintzen dena lege moralaren aurretik nahimenaren determinazio-oinarri izatetik baztertzen dela baldintzatugabeki ona denaren izenpean lege horren beraren bidez arrazoimen praktikoaren baldintza gorena gisa, eta forma praktiko soila, maximak lege-emate orokor baterako baliogarri izatean datzana determinatzen duela lehenik bere baitan, eta oro har ona dena eta asmo orotarako ona den nahimen baten maxima oinarritzen duela. Baina gure izaera sentimenezko zerizanak garen aldetik honela dago eratua, ezen desiramenaren materia (joeraren objektuak, itxaropenarenak edo beldurrarenak) lehenik agertzen baitzaigu, eta patologikoki determinagarria den gure norbera, bere maximen bidez lege-emate orokor izateko erabat ezgai bada ere, gure norbera osoa osatuko balu bezala, bere uziak aurretik eta lehenak eta jatorrizkoak bezala ezartzen saiatzen da. Norberaren burua norberaren nahieraren determinazio-oinarri subjektiboaren arabera oro har nahimenaren determinazio-oinarri objektibo bihurtzeko aiher horri norberaren maitasun dei dakioke, zeinak bere burua lege-emaile eta printzipio praktiko baldintzatugabe bihurtzen badu, hantuste dei daitekeen. Baina lege moralak, egiazki objektiboa den bakarrak (hots, asmo orotan), norberaren maitasunak printzipio praktiko gorenaren gainean eragitea erabat baztertzen du, eta lehenaren baldintza subjektiboak lege gisa ezartzen dituen hantustea amaigabe oztopatzen du. Baina gure hantustea geure judizio propioan oztopatzen duen horrek beheititzen du. Eta, beraz, lege moralak ezinbestean gizaki oro beheititzen du, horrek hura bere izaeraren sentimenezko aiherrarekin alderatzen duen heinean. Zerbaiten errepresentazioak gure nahimenaren determinazio-oinarri gisa gu geure kontzientzian beheititzen bagaitu, horrek bere kabuz begirunea eragiten du, positiboa eta determinazio-oinarri den heinean. Beraz, lege morala subjektiboki ere begirunearen oinarri da. Baina norberaren maitasunean topatzen den oro joeran kokatzen denez, eta joera oro sentimenduetan oinarritzen denez, eta beraz, joera oro osotara norberaren maitasunean oztopatzen duenak horregatik hain zuzen sentimenduan eragiten duenez, orduan ulertzen dugu nola den ahalgarri a priori ulertzea lege moralak, horrek joerak eta horiek baldintza praktiko goren bihurtzeko aiherra, hau da, norberaren maitasuna lege-emate goren orotan sartzetik baztertzen duen heinean, sentimenduan eragina izan dezakeela, zeina batetik soilik negatiboa den, baina bestetik positiboa arrazoimen praktiko hutsaren oinarri murrizgarria dela eta, eta horretarako ez da onartu behar sentimendu mota berezirik sentimendu praktiko edo moralaren izenpean, lege moralaren aurrekoa litzatekeena eta horren oinarrian legokeena.
Sentimenduaren gaineko eragin negatiboa (gustagaiztasuna) patologikoa da, horren gaineko eragin oro eta oro har sentimendu oro bezala. Baina lege moralaren kontzientziaren eragin gisa, eta ondorioz, adimenduzko kausa batekin harremanean, hots, arrazoimen praktiko hutsaren subjektuarekin lege-emaile goren gisa, joerek jotzen duten subjektu arrazoidun baten sentimendu horrek beheititze izena du (adimenduzko mespretxu), baina haren oinarri positiboarekin harremanean, legearekin harremanean, aldi berean haren begirune izena du, zeinaren ezein sentimendurik ez den sortzen, ez bada arrazoimenaren judizioan, horrek oztopo bat gainditzea kasualitatearen sustapen positibo batekin parekatzearen aurkako jarrera baztertzen duen heinean. Horregatik, sentimendu horri ere lege moralaren begirunearen sentimendu dei dakioke, baina bi arrazoiak elkar hartuta lege moral dei dakioke.
Lege morala, beraz, ekintzaren determinazio-oinarri formala denez, arrazoimen huts praktikoaren bidez ekintzaren objektuaren determinazio-oinarri materiala ere badenez, objektiboa soilik bada ere, ongiaren eta gaitzaren izenpean, orduan ekintza horren determinazio-oinarri subjektiboa ere bada, hau da, bultzagaia, subjektuaren sentimenean eragiten duen heinean eta legeak nahimenean eragina izateko behar den sentimendua eragiten duen heinean. Hor ez dago subjektuan aurretik moraltasunari lotzen zaion ezein sentimendurik. Izan ere, hori ezinezkoa da, zeren sentimendu oro sentimenezkoa baita; baina jaidura etikoaren bultzagaiak sentimenezko baldintza orotatik aske izan behar du. Aitzitik, gure joera guztien oinarrian datzan sentimenezko sentimendua bada, bai, guk begirune deitzen dugun sentsazio haren baldintza, baina haren determinazioaren kausa arrazoimen praktiko hutsean datza, eta sentsazio hori horregatik, duen jatorriagatik, ezin da deitu patologiko, baizik eta praktikoki eragina deitu behar da, lege moralaren errepresentazioak norberaren maitasunari eragina eta hantusteari erokeria kenduz arrazoimen praktiko hutsaren oztopoa gutxitzen duen heinean eta haren lege objektiboak sentimenaren bultzatzaileen aldean duen abantailaren errepresentazioa, eta beraz, lehenaren pisua erlatiboki (azkenak afektatzen duen nahimen bati begira) arrazoimenaren judizioan sortzen duen heinean aurkako pisua ezabatuz. Eta, horrela, legearen alderako begirunea ez da etikotasunaren bultzagaia, baizik eta etikotasuna bera da, subjektiboki bultzagaitzat hartzen dena, arrazoimen praktiko hutsak, sentimenari legearen aldean uzi oro kenduz, azken horri, orain eragina duen bakarrari, itzala eskaintzen dion heinean. Horri buruz esan behar da ezen, begirunea sentimenduaren gaineko eragina, eta beraz, zerizan arrazoidun baten sentimenaren gaineko eragina denez, horrek sentimen hori, eta beraz, lege moralak begirunea ezartzen dien zerizanen mugatutasuna aurresuposatzen duela, eta ezen, zerizan goren bati, edo sentimen orotatik aske den zerizan bati (zeinarentzat sentimena arrazoimen praktikoaren ezein oztopo ezin den izan) ezin zaiola egotzi legearen alderako begirunerik.
Sentimendu hori (sentimendu moralaren izenpean) arrazoimenak soilik eragiten du. Ez du balio ekintzen juzgaketarako, ezta ohituren lege objektiboaren oinarritzapenerako ere, baizik eta bultzagai gisa besterik ez, lege hori bere baitan maxima bihurtzeko. Zein izen eman diezaiokegu egokiago sentimendu bitxi horri, ezein sentimendu patologikorekin alderatu ezin den horri ? Hain da berezia non itxuraz arrazoimenaren esku baino ez baitago, eta hain zuzen arrazoimen huts praktikoaren esku.
Begirunea beti pertsonei lotzen zaie, inoiz ez gauzei. Azken horiek gugan joerak iratzar ditzakete, eta animaliak badira (adibidez, zaldiak, zakurrak, eta abar) maitasuna ere bai, edo beldurra, itsasoak, sumendi batek, harrapari batek bezala, baina inoiz ez begirunea. Sentimendu horri gehiago hurbiltzen zaion zerbait miresmena da, eta hori afektu gisa, harridura, hain zuzen, gauzei ere lot dakioke, adibidez, zeruraino heltzen diren mendiei, zeruko izarren neurriari, kopuruari eta urrunerari, zenbait animaliaren indarrari eta abiadurari, eta abarri. Baina hori guztia ez da begirunea. Gizaki bat niretzat maitasunaren, beldurraren edo miresmenaren objektu bat izan daiteke, harridura sortzeko mailan ere bai, baina horregatik ez da begirunearen objektu. Haren aldarte jostagarriak, haren adoreak eta indarrak, hark besteen artean duen mailaren arabera duen botereak halako sentsazioak sor ditzake nigan, baina haren aurrean dudan begirunea falta da, dena den. Fontenellek dio: “pertsona bikain baten aurrean burua makurtzen dut, baina nire espiritua ez da makurtzen”. Nik gainera dezaket: behe mailako hiritar arrunt baten aurrean, zeinari neuk neure baitan ohartzen ez dudan izaeraren zuzentasun bat hautematen diodan, nire espirituak burua makurtzen du, nahi ala ez, eta burua goian izan arren, hari nire gorentasuna ikustarazteko. Zergatik, bada? Haren adibideak nire hantustea suntsitzen duen legea erakusten dit, nire jokaerarekin alderatzen dudanean, eta hura betetzea, eta beraz, haren egingarritasuna nire aurrean frogatuta ikusten dudanean ekintzaren bidez. Baina ni zuzentasunaren maila berberaz ohar naiteke, eta hala ere begiruneak irauten du. Izan ere, gizakiengan ongia beti akastuna denez, legeak beti nire harrotasuna hondoratzen du adibide baten bidez begiesgarri bihurtuta, zeinaren eredua nire aurrean dagoen pertsonak ematen duen, zeinaren zitalkeriak, direnak direla ere, ez ditudan ezagutzen nireak bezain ongi eta, beraz, niri argiago agertzen zaizkidan. Merezimendua ukatu ezin diogun ordaina da begirunea, nahi izan ala ez; kanpoan ezkutuan manten dezakegu agian, baina ezin dugu eragotzi hura barnean sentitzea.
Begirunea hain urrun dago atseginaren sentimendua izatetik, ezen gogoz kontra baino ez baitugu onartzen gizaki bati dagokionez. Zerbait bilatzen saiatzen gara, haren zama arindu ahal izango diguna, akatsen bat, halako adibideak sortzen digun beheititzea orekatzearren. Hildakoak ere, bereziki haien adibideak errepikaezina dirudienean, ez daude kritika horren aurrean seguru. Lege morala ere bere bikaintasun puztuan haren begiruneaz defendatzeko ahaleginaren arriskupean dago. Pentsa ote daiteke beste kausa bati egotzi ahal zaiola hura gustura gure barneko joerara beheititzea, eta beste kausei guztiz ahalegintzen dela hura gure ongi ulertutako abantailaren arau maiteen bihurtzeko, eta ez gure duintasun eza zorrozki erakusten digun begirune eragozgarriari ihes egiten? Hala ere, bestalde, han desatsegin hain gutxi dago ezen, behin hantustea baztertzen bada eta begirune hari eragin praktikoa onartzen bazaio, berriro ezin baita inoiz aski ikusi lege haren loria, eta arimak uste du hain maila handian goratzen zaiola, non lege santua bere gainean eta bere izaera hauskorraren gainean goratuta ikusten baitu. Talentu handiko pertsonek eta horri egokitzen zaion ekimen batek begirunea edo horren antzekoa den sentimendua eragin dezakete, noski, eta oso zuzena da haiei hori eskaintzea, eta horrela itxuraz miresmena sentsazio harekin berdintzen da. Baina zehazkiago begiratzen bada, orduan ohartuko da ezen, inoiz ziurra ez denez zenbateraino den jatorrizko talentua eta zenbateraino den norberaren ahaleginaz lortutako kultura trebezia sortzen duena, orduan arrazoimenak azkena kulturaren fruitu gisa aurkezten digula ziurrenik, eta beraz, merezimendu gisa, zeinak gure hantustea era ohargarrian beheititzen duen eta guri horri buruzko gaitzespenak egiten dizkigun edo halako adibidearen jarraipena ezartzen digun guretzat egokia den eran. Begirune hori, beraz, halako pertsonari (egiatan haren adibideak erakusten digun legeari) erakusten dioguna, ez da miresmen soila; eta hori gainera baieztatzen da miresleen multzo handiak halako gizon baten (adibidez Voltairen) izaeraren alde gaitza iturriren batetik zein den asmatu duela uste duenean, hari zion begirune oro bertan behera uzten duelako, baina egiazko pertsona ikasiak hura gutxienez hark dituen talentuen ikuspegitik sentitzen duelako, zeren hori bera haren imitazioa neurri batean lege bihurtzen dion zeregin eta eginkizun batean ari baita.
Lege moralaren alderako begirunea, beraz, bultzagai moral bakarra eta aldi berean zalantzaezina da, eta sentimendu hori ez da zuzentzen haren oinarria ez den beste ezein objektutara. Lehenik lege moralak nahimena determinatzen du objektiboki eta bitartegabe arrazoimenaren judizioan ; askatasuna, zeinaren kausalitatea legearen bidez baino ez den determinagarri, hain zuzen honetan datza, hots, hark joera oro eta, beraz, pertsona beraren estimazioa haren lege hutsa betetzearen baldintzara murrizten duela. Murriztapen horrek, baina, sentimenduan eragiten du eta desatseginaren sentsazioa sortzen du, lege moralak a priori ezagut dezakeena. Baina hura oraingoz eragin negatiboa denez, arrazoimen praktiko huts baten eraginean jatorria izanik, bereziki subjektuaren ekimenari egiten diona oztopo, haren determinazio-oinarria joerak diren heinean, eta beraz, haren balio pertsonalaren iritzia oztopatzen duela (hori lege moralarekin adostu gabe ezerezera beheititzen baita), orduan lege horrek sentimenduan duen eragina umiliatzea da, zeina guk noski a priori ulertzen dugun, baina hartan ezin dugu ezagutu lege praktiko hutsaren indarra bultzagai gisa, baizik eta sentimenaren bultzagaien aurkako erresistentzia besterik ez. Baina lege horixe bera objektiboki, hau da, arrazoimen hutsaren errepresentazioan nahimenaren determinazio-oinarri bitartegabea denez, eta ondorioz, umiliatze hori legearen araztasunari dagokionez baino ez den gertatzen, orduan norberaren estimazio moralaren uzien beheititzea, hau da, umiliatzea sentimenaren aldetik, legearen beraren estimazio moralaren, hau da, praktikoaren goratzea da adimenduaren aldetik, hitz batean legearen alderako begirunea, eta beraz, bere adimenduzko kausaren arabera sentimendu positiboa da, a priori ezagutzen dena. Izan ere, ekimen baten oztopoen gutxitze bakoitza ekimen horren beraren sustapena da. Lege moralaren berrezagupena, ordea, arrazoimen praktikoak oinarri objektiboen arabera duen ekimenaren kontzientzia da, zeinak bere eragina ez duen ekintzetan adierazten, kausa subjektiboek (patologikoek) hori egitera eragozten diotelako. Beraz, lege moralaren alderako begirunea horren eragin positibo gisa ikusi behar da, baina zeharkako gisa sentimenduaren gain, hark joeren eragin eragozgarria norberaren hantustearen umiliatzearen bidez ahultzen duen heinean, eta beraz, ekimenaren oinarri subjektibo gisa, hau da, hura betetzeko bultzagai gisa, eta hari dagokion bizimodu baten maximetarako oinarri gisa. Bultzagai baten adigaitik interes batena sortzen da, zeina inoiz ez zaion egozten arrazoimena duen zerizan bati, eta zeinak nahimenaren bultzagai bat esan nahi duen, hura arrazoimenaren bidez errepresentatzen den heinean. Legeak berak nahimen moralki onean bultzagaia izan behar duenez, orduan interes morala arrazoimen praktiko soilaren sentimenaz aske dagoen interes hutsa baino ez da. Interes baten adigaiaren gainean oinarritzen da gainera maxima batena. Hori moralki zuzena da, baina soilik legea betetzean ezartzen den interes soilean oin hartzen duenean. Hiru adigaiok, ordea, bultzagaiarena, interesarena eta maximarena, zerizan mugatuetan besterik ezin dira aplikatu. Izan ere, orobat zerizan baten izaeraren murriztasun bat aurresuposatzen dute, zeren horien nahieraren eraketa arrazoimen praktiko baten lege objektiboarekin ez baita berez adosten; zerbaitek ekimenera bultzatzeko premia bat, horren oztopo bat dugulako aurrean. Ezin dira aplikatu, beraz, jainkotiar nahimenean.
Hain berezia den zerbait dago abantaila oro kendu zaion lege moral hutsaren goraipamen mugagabean, arrazoimen praktikoak hura betetzeko aurkezten digun moduan (horren ahotsak gaizkile ausartena izutzen eta behartzen du haren begiradatik ezkutatzera), non ezin baitugu harritu aurkitzen badugu arrazoimen espekulatiboak ezin duela oinarritu adimenduzko ideia baino ez denak sentimenduan duen eragin hori, eta geure burua asebete behar badugu a priori honenbeste ulertzearekin, hots, halako sentimendua bereiztezin dagoela lotuta lege moralaren errepresentazioarekin zerizan arrazoidun mugatu orotan. Begirunearen sentimendu hori patologikoa balitz eta, beraz, barneko sentsuan oinarritutako atseginaren sentimendua balitz, orduan alferrikakoa litzateke horrek apriorizko ideiaren batekin lukeen lotura bilatzea. Baina praktikoa denari baino lotzen ez zaion sentimendua da eta, gainera, lege baten errepresentazioari lotzen zaio haren formaren arabera soilik, ez haren objektu batengatik, eta beraz, ezin zaio egotzi ez plazerari ez minari, eta, hala ere, legea betetzean interesa sortzen du, guk sentimendu morala deitzen duguna; izan ere, era berean legean halako interesa hartzeko gaitasuna (edo lege moralari berari diogun begirunea) benetan sentimendu morala da.
Nahimena legeari askeki azpiratzearen kontzientzia, joera guztiei arrazoimen propioaren bidez soilik eragindako ezinbesteko hertsapenarekin lotuta, legearen alderako begirunea da. Begirune hori bultzatzen duen eta eragiten duena ez da, ikusten denez, lege morala baino (izan ere, beste ezeinek ez ditu joera guztiak baztertzen hark nahimenean duen eraginaren bitartegabekotasunetik). Lege horren arabera joerengatiko determinazio-oinarri oro baztertuz objektiboki praktikoa den ekintzak betebehar izena du, zeinak bazterketa horri esker bere adigaian gogoz kontra barnebiltzen duen behartze praktikoa, hau da, ekintzetarako determinazioa, horiek edonola gertatzen direla ere. Behartze horren kontzientziatik sortzen den sentimendua ez da patologikoa, sentsuen objektu batek eragingo lukeena bezalakoa, baizik eta praktikoki besterik ez da ahalgarri, hau da, aurreko nahimenaren determinazio (objektibo) baten eta arrazoimenaren kausalitate baten bidez. Ez du biltzen, beraz, lege baten menpeko azpiratze gisa, hau da, agindu gisa (sentimenak afektatzen duen subjektuari hertsapena iragartzen diona), atseginik, baizik eta desatsegina ekintzan. Baina, bestalde, hertsapen hori norberaren arrazoimenaren lege-ematearen bidez aplikatu denez, hark goratze bat ere biltzen du, eta sentimenduaren gaineko eragin subjektiboa, horren kausa bakarra arrazoimen praktiko hutsa den heinean, azken horri begira dugun norberaren onespena dei daiteke, norberaren burua horretarako determinatua ezagutzen dugun heinean, interesik gabe, soilik legearengatik eta, beraz, subjektiboki sortu den beste interes batez, huts-hutsean praktikoa eta askea denaz jabetzen garen heinean, eta interes hori hartzea betebeharrezko ekintza batean ez da joera baten aholkua, baizik eta arrazoimenak agintzen du oro har lege praktikoaren bidez eta, gainera, benetan ekoizten du, eta horregatik izen erabat berezia dauka, hots, begirunearena.
Betebeharraren adigaiak ekintzari eskatzen dio objektiboki legearekin bateratzea; horren maximari, ordea, subjektiboki legearen alderako begirunea, haren nahimenaren determinazio-era bakar gisa. Eta horretan oinarritzen da betebeharraren arabera jokatu izanaren kontzientzia eta betebeharragatik, hau da, legeari diogun begiruneagatik jokatu izanaren kontzientziaren arteko aldea; horietako lehena (legezkotasuna) gerta daiteke joerak izan zirenean nahimenaren determinazio-oinarri; bigarrena (moraltasuna), berriz, balio morala, ekintza betebeharragatik gertatzen denean soilik ezarri behar da, hau da, legeagatik baino gertatzen ez denean[2].
Garrantzi erabatekoa du juzgaketa moral orotan maxima ororen printzipio subjektiboa kontuan hartzeak zehaztasun handienarekin, horrela ekintzen moraltasun osoa horiek betebeharragatik eta legearen alderako begiruneagatik duten beharrezkotasunean ezartzeko, ez ekintzek sortu beharko lituzketen maitasunean eta zaletasunean. Gizakientzat eta sorkari arrazoidun guztientzat beharrezkotasun morala behartze bat da, hau da, lotespen bat, eta horretan oinarritzen den ekintza oro betebehar gisa errepresentatu behar da; ez, ordea, guk geure kabuz maite dugun edo maite ahal izango dugun prozedura gisa. Guk inoiz lortu ahal izango bagenu bezala ezen, legearen alderako begirunerik izan gabe, beldurrarekin lotzen dena edo gutxienez hura hausteko ardurarekin, guk geure kabuz, menpekotasun oro gainditzen duen Jainkoa bezala, inoiz nahimenaren santutasun baten jabegora iristea, gure izaera bihurtu zaigun eta inoiz bihurritu ezin den nahimenaren eta ohituren lege hutsaren arteko adostasunaren bidez (zeinak, beraz, gu inoiz tentazioan erori ezingo ginatekeenez, azkenik utzi egingo liokeen guretzat agindu izateari).
Lege morala, hain zuzen, zerizan erabat betegin baten nahimenarentzat santutasunaren lege bat da, baina zerizan arrazoidun mugatu ororen nahimenarentzat betebeharraren legea, behartze moralarena, eta haren ekintzen determinazioarena lege horri zaion begiruneagatik eta haren betebeharrari zaion itzalagatik. Ezin da beste printzipio subjektiborik onartu bultzagai gisa, zeren orduan ekintza legeak ezartzen dion moduan gerta daiteke, baina betebeharraren araberakoa denez eta aldi berean betebeharragatik gertatzen ez denez, orduan hori egiteko jaidura ez da morala, hori izaki lege-emate horren mamia.
Polita da gizakiei zaien maitasunagatik eta haiei zaien errukiagatik haiekin ongi jokatzea, edo ordenari zaion maitasunagatik zuzen jokatzea, baina hori ez da gure jokabidearen egiazko maxima morala, zerizan arrazoidunen artean gizaki gisa dugun kokapenari dagokiona, baldin eta geuri egozten diogunean boluntarioek bezala betebeharraren pentsamenduari ihes egitea asmamen harroz eta, aginduaren menpe egon gabe, norberaren atseginari jarraiki egin nahi badugu egiteko ezein agindu beharko ez genukeen hori. Gu arrazoimenaren diziplina baten menpe gaude eta gure maxima orotan ezin dugu ahaztu haren menpe gaudela, ezin diogu hari ezer kendu, edo legearen itzala (geure arrazoimenak ematen badu ere) zertxobait murriztea geure ilusio nahierazkoa dela eta, gure nahimenaren determinazio-oinarria, legearen araberakoa bada ere, legea ez den eta legearen alderako begirunea ez den beste nonbaiten ezarriz. Betebeharra eta obligazioa dira lege moralarekin dugun jokaerari eman behar dizkiogun izendapenak. Askatasunak ahalbidetzen duen eta arrazoimen praktikoak begirunerako errepresentatzen duen ohituren erresuma bateko kide lege-emaileak gara, baina aldi berean menekoak gara, ez haren nagusiak, eta gure beheko maila ez ezagutzea sorkari gisa eta hantustearen ukazioa lege santuaren itzalaren aurrean hari egindako traizioa da espirituaren arabera, nahiz eta hitzaren arabera hura bete.
Horrekin, ordea, oso ongi adosten da honako agindua : maite ezazu Jainkoa guztiaren gainetik eta lagun hurkoa zeure burua bezala[3]. Izan ere, horrek agindu gisa begirunea eskatzen du maitasuna agintzen duen legearentzat, eta ez du uzten nahierazko aukera baten esku hura norberaren printzipio bihurtzea. Baina Jainkoarenganako maitasuna joera gisa (maitasun patologikoa) ezinezkoa da; izan ere, ez da sentsuen objektua. Baina gizakienganako maitasuna ahalgarria da, baina ezin da agindu; izan ere, ez dago ezein gizakiren esku norbait aginduz maitatzea. Beraz, maitasun praktikoa baino ez da lege ororen mami hartan ulertzen dena. Adiera horretan Jainkoa maitatzeak esan nahi du haren aginduak gogo onez egitea; lagun hurkoa maitatzeak esan nahi du haren aurrean dugun betebehar oro gogo onez betetzea. Hori erregela bihurtzen duen aginduak, ordea, ezin du agindu betebeharraren araberako ekintzetan jaidura hori izatea, baizik eta hori lortzen ahalegintzea besterik ez. Izan ere, zerbait gogo onez egin beharra aginduko lukeen agindua bere baitan kontraesankorra da, zeren baldin eta guk gure kabuz jakingo bagenu zer egin behar dugun, eta gainera jabetuko bagina hori gogo onez egiteaz, horri buruzko agindua erabat alferrikakoa litzateke, eta egingo bagenu baina ez gogo onez baizik eta soilik legeari begirunea diogulako, orduan begirune hori maximaren bultzagai bihurtzen duen agindu horrek agindutako jaiduraren aurka ekingo luke. Lege ororen lege hark, beraz, Berri Onaren arau moral orok bezala, jaidura etikoa aurkezten du horren betegintzarre osoan, eta hori santutasunaren ideal gisa ezein sorkarik lortu ezin badu ere, gero eta hurbilago izaten eta horrekin etengabe baina amaigabe aurrerapen batean bat egiten ahalegindu beharko genukeen eredu bat da. Hain zuzen, sorkari arrazoidun batek inoiz lortuko balu lege moral oro guztiz gogo onez betetzea, horrek esan nahiko luke horrengan ez legokeela irrika baten ahalgarritasuna ere, haietatik baztertzera bultzatuko lukeena; izan ere, halakoaren gaindipenak subjektuari sakrifizio bat eskatzen dio beti eta, beraz, norberaren hertsapena eskatzen du, hau da, barneko behartzea guztiz gogo onez egiten ez denera. Baina ezein sorkari ez da inoiz heltzen jaidura moralaren maila horretara. Izan ere, sorkari bat denez eta, beraz, bere egoerarekin erabat asebetetzeko eskatzen denari dagokionez beti menpekoa denez, orduan inoiz ezin da izan irrikatik eta joeretatik erabat aske, zeinak oso bestelako iturria duen lege moralarekin ezin diren euren kabuz adostu, kausa fisikoetan oin hartzen dutelako, eta beraz, beti beharrezkoa duten euren maximen jaidura behartze moralean oinarritzea, ez laguntza prestu batean, baizik eta legea betetzea, gogoz kontra gertatuta ere, agintzen duen begirunean, ez legearen aurrean nahimenaren barne ukazioa eskaintzen duen maitasunean, nahiz eta azken hori, legeari zaion maitasun soila (horrenbestez utzi egingo bailioke agindu izateari, eta moraltasunak, orain subjektiboki santutasun bihurtuko litzatekeenak, utzi egingo lioke bertute izateari) bere ahaleginen helburu iraunkor baina lortezina bihurtzen duen. Izan ere, asko estimatzen dugun baina (gure ahuleziaz jabetzen garelako) beldur diogun horren kasuan, horri erantzuteko erraztasun gehigarriaren bidez begirunez betetako izua zaletasun eta begirunea maitasun bihurtzen zaizkigu; gutxienez hori legeari guztiz emandako jaidura baten betegintzarrea litzateke, inoiz sorkari batek hori lortu ahal izango balu.
Pentsaera horren helburua ez da hemen aipatutako Berri Onaren agindua adigai argien bidez adieraztea, horrela erlijiozko gogo-berotasuna Jainkoaren maitasunari dagokionez determinatzeko, baizik eta jaidura etikoa bitartegabe gizakien aurrean ditugun betebeharrei dagokionez ere determinatzeko, eta gogo-berotasun moral soila denera bideratzea, edo ahal bada hura oztopatzea. Gizakiak (guk dakigunez baita sorkari arrazoidun orok ere) orain duen maila etikoa lege moralaren alderako begirunea da. Hori betetzea behartzen dion jaidura hori betebeharragatik betetzea da, ez aukerazko zaletasun eta agintzen ez zaion eta norberaren kabuz gogo onez egindako ahaleginagatik, eta haren egoera morala, non hura beti izan daitekeen, bertutea da, hau da, jaidura morala borrokan, eta ez nahimenaren jaiduraren araztasun osoaren ustezko jabegoan dagoen santutasuna. Gogoberotasun morala eta hantustearen areagotzea besterik ez da gogamenei ezartzen zaiena ekintzetara animatuz noble, bikain eta eskuzabal gisa, eta haiek horren bidez ilusio honetara ekartzen dira, hots, betebeharra ez dela, hau da, legearen alderako begirunea, horren zama (arrazoimenak berak ezartzen digulako leuna bada ere) eraman behar dutela gogoz kontra bada ere, haien ekintzen determinazio-oinarria osatzen duena, eta haiek umiliatzen dituena, hura betetzen duten heinean (hari men egiten dioten heinean), baizik eta ekintza haiek ez betebeharragatik, baizik eta eurengatik espero zitezkeela merezimendu soil gisa. Izan ere, ez da gertatzen soilik halako ekintzen imitazioaren bidez, hots, halako printzipiotik abiatuta, legearen espiritua gutxienean ere asebetetzen ez dutela, zeina legeari menpekotzen zaion jaiduran datzan, ez ekintzaren legezkotasunean (printzipioa edozein izanda ere), baizik eta, gainera, bultzagaia patologikoki (sinpatian edo baita norberaren maitasunean ere), ez moralki (legean), ezartzen dutenez, horrela pentsaera aldakorra, noraezean dabilena, asmakeriazkoa sortzen dutela, euren buruak ez akuilu ez bridarik behar ez duen euren gogamenaren onberatasun borondatezko batekin limurtuz, horretarako agindu bat ere behar izan gabe, eta horrela euren errutasuna ahazten dute, horretan pentsatu behar zutenean irabazian pentsatu beharrean. Badaude, noski, besteen ekintzak, lan handiak hartuz eta betebeharra betetzeagatik soilik egin direnak, ekintza noble eta bikainaren izenpean goraipatu daitezkeenak, baina soilik bere betebeharrari dagokion begiruneagatik eta ez halako bihozkada baten ondorioz egin direla sumarazten diguten aztarnak dauden heinean besterik ez. Baina norbaitek ekintzok ondorengoei adibide gisa aurkeztu nahi badizkie, orduan beti betebeharraren alderako begirunea (sentimendu moral egiazko bakar gisa) bultzagai gisa erabili beharko du, hots, arau serio, santu hori, norberari diogun maitasunari uzten ez diona bultzatzaile patologikoekin (moraltasunarekin antza duten heinean) jostatzea eta merezitako balioa ontzat jotzea. Ongi bilatzen badugu, goraipagarriak diren ekintza guztietan aurkituko dugu betebeharraren lege bat, agindu egiten duena eta uzten ez duena gure nahieraren esku gure aiherrari gustukoa litzaiokeena. Hori da arima moralki eratzen duen aurkezpen modu bakarra, hori bakarrik baita oinarrizko esakune irmoagoak eta zehazkiago determinatuak izateko gai.
Gogo-berotasuna adiera arruntenean oinarrizko esakuneen arabera egin den giza arrazoimenaren mugen gaindipena bada, orduan gogo-berotasun morala arrazoimen huts praktikoak gizateriari ezartzen dizkion muga horien gaindipena da, zeinen bidez hark debekatzen baitu betebeharraren araberako ekintzen determinazio-oinarri subjektiboa, hau da, haren bultzagai morala, hots, legea bera eta horren bidez maximetara eramaten den jaidura, legearen alderako begirunea ez den beste nonbait ezartzea, eta beraz, agintzen baita harrokeria oro eta norberaren maitasun ustel oro apurtzen dituen betebeharraren pentsamendua gizakiengan moraltasun ororen bizitza-printzipio goren bihurtzea.
Hori horrela bada, orduan eleberri idazleek edo hezitzaile sentiberak ez ezik (nahiz eta sentiberatasunaren aurka egiten hainbat saiatzen diren), gainera filosofoek, horien arteko zorrotzenek ere bai, estoikoek, gogo-berotasun morala onartu dute ohituren diziplina zuhur baina jakintsuaren ordez, azkenekoen gogo-berotasuna heroikoagoa eta lehenengoena hutsala eta funsgabea bazen ere, eta beraz, zurikeriarik gabe egia osoz esan daiteke Berri Onaren irakaspen moralari buruz ezen, lehenik printzipio moralaren araztasunaren bidez, baina berehala horrek zerizan mugatuen murriztapenekin duen egokitasunagatik, gizakien jokaera on oro begien aurrean jarri zaien betebehar baten diziplinari menperatzen diola, osotasun moral amestuen artean berotzen uzten ez duen betebeharra, eta euren mugak gustura ez-ikusten dituzten hantusteari eta norberaren maitasunari umiltasunaren (hau da, norberaren ezagutzaren) murriztapena ezartzen die
Betebeharra! Izen bikain, handi hori, bere baitan limurkeriarik jasotzen duen ausazko ezer barnebiltzen ez duzuna, baizik eta menpekotzea eskatzen duzuna, baina mehatxatu gabe, nahimena higitzeko gogamenean berezko nazka sortuz eta beldurtuz, baizik eta lege bat azaldu baino egiten ez duzuna, zeinak berez aurkitzen duen gogamenerako bidea, eta hala ere gogoz kontra lortzen duen ohoratua izatea (beti atxikimendua lortu ez arren), zeinaren aurrean joera guztiak mututzen diren, nahiz eta ezkutuan haren aurka ekin; zein da zuretzat duin litzatekeen jatorria eta non aurkitzen dira joerekiko senitartetasun oro baztertzen duen zure jatorri noblearen sustraia, jatorria sustrai horretan izatea gizakiek euren buruei eman diezaieketen balio haren baldintza ezinbestekoa izaki?
Ezin da gizakia bere gainetik (sentsuen munduko zati gisa) goratzen duena baino gutxiago izan, hura adimenak baino pentsa ezin duen gauzen ordena bati lotzen diona eta, aldi berean, sentsuen mundu osoa eta horrekin batera gizakiaren enpirikoki determinagarria den izatea eta xede guztien osotasuna (lege praktiko baldintzatugabe halakoei dagokiena, lege moralari esaterako) bere menpe dituena. Nortasuna baino ez da, hau da, natura osoaren mekanismotik askatasuna eta beregaintasuna, baina aldi berean zerizan baten ahalmen gisa hartuta, zeina lege berezien menpe dagoen, hau da, arrazoimenak berak emandako lege praktiko hutsen menpe, eta pertsona, beraz, sentsuen munduko zati gisa bere nortasun propioaren menpe dago, aldi berean adimenduzko munduaren zati den heinean; orduan ez da harritzekoa gizaki hark, bi munduen zati izanik, bere zerizan propioa ezin begiratu izatea ohorez beteta baino bere bigarren determinazio gorenari dagokionez, eta haren legea begirune gorenarekin.
Jatorri horretan oinarritzen dira objektuen balioa ideia moralen arabera ezaugarritzen dituzten zenbait adierazpen. Lege morala santua da (bortxaezina). Gizakia nahikoa ez-santua da, baina gizatasuna haren pertsonan santua izan behar zaio. Sorkuntza osoan nahi den guztia eta gure esku dugun guztia bitarteko soil gisa erabil dezakegu; soilik gizakia eta horrekin batera sorkari arrazoidun oro dira xedeak euren baitan. Hain zuzen, lege moralaren subjektua da, santu dena, haren askatasunaren autonomiari esker. Horri esker, hain zuzen, nahimen bakoitza, baita pertsona bakoitzarentzat berea ere, norberari begiratzen diona zerizan arrazoidunaren autonomiarekin duen adostasunaren baldintzara murrizten da, hain zuzen, subjektu jasailearen nahimenetik sortu ahal izango litzatekeen lege baten arabera ahalgarri ez den ezein asmotara ez azpiratzea; beraz, hori inoiz ez erabiltzea bitarteko gisa, baizik eta beti xede gisa. Baldintza hori jainkotiar nahimenari ere egozten dio arrazoiz munduko zerizan arrazoidunei dagokienez haren sorkari gisa, baldintza horrek haien nortasunean hartzen duelako oin, horren bidez izaki haiek xedeak euren baitan.
Begirunea sortzen duen nortasunaren ideia hori, gure izaeraren bikaintasunak (horren determinazioaren arabera) begien aurrean ezartzen diguna, hark aldi berean gure jokaeraren egokitasunaren gabezia ohartarazten digun heinean eta horren bidez hantustea apurtzen duen heinean, giza arrazoimen arruntenari ere berezkoa zaio eta erraz ohartzen du. Ez al du erdizka zintzoa den gizon orok aurkitu ezen, horrek bestela kaltegabea litzatekeen gezurra, zeinaren bidez tratu txar bati izkina egin dion edo lagun maitatu eta merezimenduzkoari onura ekarri dion, bertan behera uzten duela, ezkutuan bere begien aurrean mespretxatu behar ez izateko? Gizon zuzen bat ez al du mantentzen zuzen betebeharra alde batera utziz ekidingo lukeen bere bizitzako zoritxar okerrenean gizatasuna bere baitan duintasunez mantendu izateaz eta ohoratu izateaz jabetzeak, bere buruaren aurrean ezertaz ez lotsatzeko kausarik eta barne begirada norbera probatzetik ihes egiteko kausarik ez izateaz jabetzeak? Kontsolamendu hori ez da zoriona, ezta horren zatitxo bat ere. Izan ere, inork ez du bere buruarentzat abagune hori desiratzen, ezta bizitzarik ere horrelako inguruabarretan. Baina bizi da eta ezin du jasan bere begien aurrean bizitzeko duin ez izatea. Barne lasaitze hori negatiboa baino ez da bizitza gustagarri bihur dezakeen guztia kontuan hartuta; hain zuzen, balio pertsonala galtzeko arriskua gainditzea da, horrek bere egoeraren balioaz erabat etsi ondoren. Bizitza ez den guztiz bestelako zerbaiti zaion begirunearen eragina da, horrekin alderatuz eta aurkakotuz bizitzak bere gustagarritasun guztiekin ere ez baitu baliorik. Betebeharragatik bizi da, ez bizitzan gustu txikienik ere aurkitzen duelako.
Horrela eratzen da arrazoimen praktiko hutsaren benetako bultzagaia; lege moral hutsa bera da, horrek gure sentimenetik haratagoko existentziaren bikaintasuna sumatzea ahalbidetzen digun heinean, eta subjektiboki aldi berean euren sentimenezko izateaz eta horri lotzen zaion euren oso patologikoki afektatua den izaeraren menpekotasunaz jabetzen diren gizakiengan euren determinazio garaiago bati begirunea eragiten duelako. Baina bultzagai horri bizitzaren hainbat erakargarritasun eta gustagarritasun lotu ahal zaizkio, eta horiengatik soilik bada ere epikuroar arrazoidun eta bizitzaren on handienari buruz hausnartzen duenaren aukera zuhurrenak jokaera etiko zuzenaren alde egingo luke, eta aholkagarria ere bada bizitzaren gozamen pozgarriaren itxaropen hori kausa eragile goren eta bere kabuz soilik askitasunez determinatzailea den harekin lotzea; baina soilik bizioak beste aldean erruz erakusten dituen erakargarritasunak orekatzeko, ez horretan ezartzeko benetako indar higitzailea, ezta zati txikienean ere, auzia betebeharra denean. Izan ere, hori jaidura morala bere jatorrian zikindu nahi izatea adina bailitzateke. Betebeharraren ohoragarritasunak ez du zer ikusirik bizitzaren gozamenarekin; hark bere lege propioa dauka, baita bere epaimahai propioa ere, eta biak elkarrekin hainbat astindu arren, nahastuta sendagai gisa arima gaixoari emateko, hala ere berehala banantzen dira berez, eta ez badute egiten, lehenak ez du eraginik, baina bizitza fisikoak hor indar pixka bat lortuko balu, orduan bizitza morala desagertuko litzateke salbaziorik gabe.
* “Arimaren gidatzailea”.
[1] Legeagatik gertatu ez den legezko ekintza orori buruz esan daiteke: hizkien arabera bai, baina espirituaren (jaiduraren) arabera ez da moralki ona.
* “Etikotasuna” esaten du jatorrizkoan (Sittlichkeit), baina argi dago “sentimena” (Sinnlichkeit) izan behar duela.
[2] Pertsonei zaien begirunearen adigaia, lehenago aurkeztu den moduan, zehazki aztertzen bada, ohartzen da beti betebehar baten kontzientzian oinarritzen dela, zeinak adibide bat erakusten digun, eta beraz, begiruneak ezin duela izan oinarri morala ez den beste oinarririk, eta oso ona dela eta gainera oso baliagarria, gizakiak asmo psikologikoan ezagutzeko, adierazpen hori behar dugunero gizakiak bere juzgaketetan lege moralari ematen dion arreta sekretu eta miresgarria baina sarri hor dagoena kontuan hartzea.
[3] Norberaren zorionaren printzipioak, norbaitzuek etikotasunaren oinarrizko esakune goren bihurtu nahi dutenak, alde handia du lege horrekin; hark horrela esango luke: zeure burua maita ezazu beste guztiaren gainetik, baina jainkoa eta lagun hurkoa zeure buruaren mesedetan.