Arrazoimen praktikoaren kritika/I. Arrazoimen praktikoaren antinomia

Arrazoimen Praktikoaren Kritika

Arrazoimen Praktikoaren Kritika  (1788)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
I. Arrazoimen praktikoaren antinomia
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

I. Arrazoimen praktikoaren antinomia

Guretzat praktikoa den, hau da, gure nahimenaren bidez egin daitekeen ongi gorenean bertutea eta zoriona halabeharrez lotuta pentsatzen dira, halako moldez non bata arrazoimen praktiko hutsak ezin baitu onartu hark bestea ere eduki gabe. Baina lotura hori (beste edozein bezala) analitikoa edo sintetikoa da. Aipatutakoa, ordea, analitikoa izan ezin daitekeenez, oraintsu erakutsi dugunez, orduan horrek sintetikoa izan behar du eta, gainera, kausa eta ondorioaren arteko elkarlotura gisa pentsatu behar da, zeren ongi praktiko batekin, hau da, ekintzak ahalbidetzen duenarekin baitu zer ikusia. Beraz, zoriona lortzeko irrikak izan behar du bertutearen maximak onartzeko bultzatzailea, edo bertutearen maximak izan behar du zorionaren kausa arazlea. Lehena guztiz ezinezkoa da, zeren (analitikan frogatu denez) nahimenaren determinazio-oinarria zoriona eskatzean ezartzen duten maximak ez baitira inolaz ere moralak eta ezin baitute ezein bertuterik oinarritu. Bigarrena ere ezinezkoa da, zeren kausen eta ondorioen elkarlotura praktiko oro, munduan nahimenaren determinazioaren ondorio gisa, ez baitzaio jarraiki nahimenaren intentzio moralari, baizik eta natur legeen ezagutzari eta hori bere asmoetarako erabiltzeko ahalmen fisikoari, eta ondorioz, munduan ezin da itxaron zorionaren eta bertutearen elkarlotura beharrezkorik eta ongi gorena lortzeko nahikoa izango denik lege moralaren betetze zehatzenaren eskutik. Ongi gorenaren sustapena, elkarlotura hori bere adigaian jasotzen duena, a priori gure nahimenaren objektu beharrezkoa denez, eta lege moralarekin modu bereiztezinean lotuta dagoenez, orduan lehenaren ezintasunak bigarrenaren faltsutasuna frogatu behar du. Ongi gorena, beraz, erregela praktikoen arabera ezinezkoa baldin bada, orduan lege moralak, hura sustatzeko agintzen duenak, asmakeria eta xede huts irudikatuetara emana eta, beraz, bere baitan faltsua izan behar du.