1 Hona hemen Jainko Jaunak Edomi buruz ematen duen mezua, Abdiasi agertu bezala.
Jaunak Edom zigortuko
Jaunarengandiko deia entzun diogu nazio artera bidalitako mandatariari: «Jaiki borrokara Edomen aurka!» 2 Hau dio Jaunak: «Horra nik zu nazioetan ahulena bihurtu, guztientzat mesprezagarri. 3 Handiusteak engainatu zaitu. Harkaitz artean bizi zarela eta, leku garaietan kokatua zaudela eta, inork ezin zaituela lurrera bota uste duzu. 4 Arranoa bezala altxatuko bazina ere, habia izarretan egingo bazenu ere, bota egingo zintuzket handik.
5 «Lapurrek edo gau-harrapariek,
zurean sartzen direlarik,
nahi dutena besterik ez dute eramaten.
Mahats-biltzaileek,
zure mahastira datozelarik,
gutxienez hondarrak uzten dituzte.
Zu, ordea, erabat erraustua izango zara!
6 Oi zuek, Esauren ondorengook!
Bazter guztiak miatuko dizkizuete
eta aberastasunak harrapatuko.
7 Itun-lagunek kanpora botatzen zaituzte
zeure lurraldetik,
zurekin bakean zeudenek
iruzur egin eta azpian hartzen zaituzte,
mahaikide zenituenek
tranpa jartzen dizute hankapean.
<Galdua du zuhurtzia>, diote zutaz.
8 Bai, zigor-egunean
-hala diot nik, Jaunak
-
galdu egingo ditut Edomgo jakintsuak,
Esauren lurraldeko zuhurrak.
9 Temango gudariak izuak hartuko ditu,
Esauren lurraldean
ez da inor bizirik geldituko.
Zergatik zigortu Jaunak Edom
10 «Zeure senideak, Jakoben ondorengoak, gogorki erabili baitituzu eta hil, lotsak estaliko zaitu, behin betiko egingo du zureak. 11 Han zinen zu ere egun hartan, atzerritarrek Israelgo gudarostea preso hartu zutenean, ateetan barrena sarturik, Jerusalem zotz egin eta banatu zutenean. Haiekin bat egina zeunden zu ere!
12 «Ez gozatu zeure anaien ezbehar-egunean! Ez poztu Judako jendearen bizkarretik, haren hondamendi-egunean! Ez egin irri beraren estualdi-egunean! 13 Ez sartu nire herriko hiriburuan haren zoritxar-egunean! Ez gozatu, zu behintzat, haren atsekabeaz beraren zoritxar-egunean! Ez ezarri eskurik haren ondasunei beraren zoritxar-egunean! 14 Ez egon zain irteeran, ihesi doazenak hiltzeko. Ez eman etsaiari bizirik geldituak estualdi-egunean!
Jainkoak nazioak zigortuko
15 «Bai, gainean da nik, Jaunak, nazio guztiak zigortuko ditudan eguna. Edom, zeuk besteei egina egingo zaizu zeuri. Zure egiteen ordaina lepora botako dizute. 16 Bai, zuek, israeldarrok, nire mendi santuan zigor-kopatik edan zenuten bezala, hala beharko dute edan nazio guztiek etengabe, azken hondarreraino edan ere. Eta aztarnarik utzi gabe galduko dira.
Israelen garaipena
17 «Baina Sion mendian izango dira bizirik geldituak, eta toki santu izango da hura berriro. Jakoben ondorengoek berriro eskuratuko dute beren lurraren jabegoa. 18 Jakoben ondorengoak su izango dira, Joserenak gar; Esaurenak, berriz, lasto. Lastoa suak hartuko du eta irentsiko. Eta Esauren ondorengorik ez da bizirik aterako». Jaunak esan du.
19 Negeveko israeldarrek Esauren lurraldea hartuko dute; Lautadakoek Filistea, bai eta Efraim eta Samariako lurraldeak ere. Benjamindarrek Galaad hartuko dute.
20 Ipar Israelgo erbesteratuen gudarosteak kanaandarren lurra hartuko du Sareptaraino. Eta Jerusalemgo erbesteratuek, Sefaraden bizi direnek, Negeveko hiriak hartuko dituzte.
21 Garaile igoko dira Sion mendira, eta Esauren lurraldean agintea ezarriko dute.
Eta Jauna izango da errege!