1. atala
aldatu1 Hona hemen Tekoa hiriko Amos artzainaren hitzak, Jaunak Israeli buruz agertu zizkionak, lurrikara baino bi urte lehenago, Judako errege Uzias zela, eta Israelgoa, berriz, Joaxen seme Jeroboam. 2 Hau zioen Amosek:
Orroa dagi Jaunak Siondik, deiadar Jerusalemdik; larreak galduak dira, Karmel gaina lehortua.
3 Honela dio Jaunak: «Damasko herriak gaiztakeriarik asko egin du, zein baino zein handiago. Eta beraz, zigortu egingo dut! Galaad erabat txikitu baitute, burdin arez bezala; 4 horregatik, su emango diot Hazael errege-etxeari, eta suak irentsiko ditu Ben-Hadaden jauregiak. 5 Zatitu egingo ditut Damaskoko hiri-morroiloak, kendu Bikat-Abendik buruzagia, kendu Bet-Edendik aginte-makila duena, eta Siriako herria Kir-era erbesteratua izango da». Jaunak esan du.
Filistea
6 Honela dio Jaunak: «Gaza herriak gaiztakeriarik asko egin du, zein baino zein handiago. Eta beraz, zigortu egingo dut! Herri osoak erbesteratu baititu, edomdarren esku uzteko; 7 horregatik, su emango diet Gazako harresiei, eta bertako jauregiak irentsi egingo ditu. 8 Axdod hiritik kendu egingo dut buruzagia, Axkelondik aginte-makila duena; Ekron hiriaren aurka jasoko dut eskua, eta gainerako filistear apurrak galdu egingo dira». Jainko Jaunak esan du.
Tiro
9 Honela dio Jaunak: «Tiro herriak gaiztakeriarik asko egin du, zein baino zein handiago. Eta beraz, zigortu egingo dut! Jendetzak eman baitizkie gatibu edomdarrei, anaiarteko itun-hitzari eutsi gabe; 10 horregatik, su emango diet Tiroko harresiei, eta bertako jauregiak irentsi egingo ditu».
Edom
11 Honela dio Jaunak: «Edom herriak gaiztakeriarik asko egin du, zein baino zein handiago. Eta beraz, zigortu egingo dut! Ezpataz aurrean erabili baititu bere anaia israeldarrak, errukia itoz; gogor eutsi dio suminari, eten gabe gorrotoari; 12 horregatik, su emango diot Teman hiriari, eta Botzra hiriko jauregiak irentsi egingo ditu».
Amon
13 Honela dio Jaunak: «Amondarrek gaiztakeriarik asko egin dute, zein baino zein handiago. Eta beraz, zigortu egingo ditut! Galaadeko emakume haurdunei sabela urratu baitzieten, beren lurraldea zabaldu ahal izateko; 14 horregatik, su emango diet Raba hiriko harresiei, eta bertako jauregiak irentsi egingo ditu; borrokaldikoan, gudu-garrasiak izango dira eta ekaitz-egunean bezalako zalaparta. 15 Haien erregeak erbestera joan beharko du bere buruzagi eta guzti». Jaunak esan du.
Moab
2. atala
aldatu1 Honela dio Jaunak: «Moab herriak gaiztakeriarik asko egin du, zein baino zein handiago. Eta beraz, zigortu egingo dut! Edomgo erregearen hezurrak profanatu baitzituzten, erraustu eta kare bihurtu; 2 horregatik, su emango diot Moab lurraldeari, eta Keriot hiriko jauregiak irentsi egingo ditu; gudu-garrasi eta adar-hots artean hilko dira moabdarrak; 3 berauen mugetatik kendu egingo dut agintaria, eta buruzagi guztiak harekin batera hilko». Jaunak esan du.
Juda
4 Honela dio Jaunak: «Juda herriak gaiztakeriarik asko egin du, zein baino zein handiago. Eta beraz, zigortu egingo dut! Jaunak irakatsia gutxietsi baitute, eta haren aginduak bete ez; gurasoen sineskeria berberek desbideratu dituzte judatarrak; 5 horregatik, su emango diot Juda lurraldeari, eta Jerusalemgo jauregiak irentsi egingo ditu».
Israel
6 Honela dio Jaunak: «Israel herriak gaiztakeriarik asko egin du, zein baino zein handiago. Eta beraz, zigortu egingo dut! Gizon zuzena dirutan saltzen baitute eta behartsua oinetako pare baten truke; 7 jende xehea lurreko hautsaren kontra zapaltzen dute, eta jende errukarriaren eskubidea baztertzen. Aita-semeak neska bat berarekin dabiltza, nire izen santua laidotuz. 8 Behartsuei bahitutako soineko gainean etzaten dira edozein kultu-lekutan, eta bidegabekeriaz bildutako ardoa edaten dute beren Jainkoaren etxean. 9 Alabaina, ene herri hori, zuri bidea zabaltzeko nik suntsitu nuen amortarra, zedroa bezain tantai eta artea bezain sendo zena; bota nizkion fruituak gainetik, eta atera sustraiak azpitik. 10 Nik igoarazi zintuztedan Egiptotik, eta basamortuan zehar berrogei urtez gidatu, amortarren lurraldeaz jabe zintezten. 11 Profetak sortarazi nituen zuen seme-alaben artetik, eta nazireuak zuen gazteen artetik. Ez al da hala, israeldarrok? Nik, Jaunak, galdegiten dizuet. 12 Baina zuek nazireuei ardoa edanarazi diezue, eta profetei nire mezua ez zabaltzeko agindu. 13 Orain, bada, nik zapalduko zaituztet, gari-balaz bete-bete eginiko gurdiak lurra zapaltzen duen bezala. 14 Bizkorrenak ere ezin izango du ihes egin, indartsuena ezin izango da bere indarraz baliatu, oldartsua ez da bizirik aterako. 15 Arkulariak ez dio bere buruari eutsiko, oinezkoa ez da bizirik aterako, ez eta zaldizkoa ere. 16 Egun hartan, gudari lehiatuenak ere bertan behera utziko ditu armak ihes egin ahal izateko». Jaunak esan du.
3. atala
aldatu1 Entzun, Israelgo seme-alabok. Hona Jaunak zuen aurka, Egiptotik igoarazi zuen familia horren guztiaren aurka, adierazten duen mezua:
2 «Zuek bakarrik hautatu zaituztet lurreko familia guztien artetik; horregatik, bada, zuen bekatu guztien kontua eskatuko dizuet».
Profetagintza
3 Bi gizon elkarrekin joango ote dira, lehenik ados jarri ez badira? 4 Lehoiak oihanean orroarik egiten ote du, harrapakinik ez badu? Lehoikumeak gordelekutik marruma egiten ote du, ezer harrapatu ez badu? 5 Txoririk erortzen ote da lurrean jarritako sarean, zer janik ez badu? Sarea lurretik gora teinkatzen ote da, ezer harrapatu ez badu? 6 Jo al daiteke hirian adarra, jendea asaldatu gabe? Gerta al daiteke hirian zorigaitza, Jaunak eragin gabe? 7 Ez, Jainko Jaunak ez du ezer egiten, bere zerbitzari profetei bere asmoa azaldu gabe. 8 Lehoiak orroa dagi, nor ez beldurtu? Jaunak hitz dagi, nork ez haren mezua zabaldu?
Jaunak Samaria zigortuko
9 Aldarrikatu Axdodeko jauregietan bizi direnei, Egiptoko jauregietakoei: «Bil zaitezte Samaria inguruko mendietan, eta ikusi hango nahaskeria ugariak, zapalkuntza handiak». 10 Honela dio Jainko Jaunak: «Ez dute zuzentasunaren senik. Beren jauregiak indarkeriaz lapurtutako ondasunez betetzen dituzte. 11 Horregatik, bada, etsaiak inguratuko du lurraldea, zure babeslekuak lurreratuko ditu, eta zure jauregiak hustuko». 12 Honela dio Jaunak: «Artzainak lehoiaren ahotik bi hanka edo belarri-zati bat besterik askatzen ez duen bezala, Israelgo seme-alaben artetik ere, Samarian ohe dotoreetan etzanik lasai bizi direnen artetik, banaka batzuk besterik ez dira salbatuko». 13 Honela dio Jainko Jaun ahalguztidunak: «Entzun eta izan lekuko Jakoben ondorengoen aurka. 14 Israeli bere gaiztakerien kontua eska diezaiodan egunean, Betelgo aldarearen kontra ekingo diot: ertzak apurtuko dizkiot eta lurrera botako. 15 Desegingo ditut udako etxea eta negukoa. Marfilez jantzitako etxeak desagertuko dira, eta jauregi bikainak ezereztuko». Jaunak esan du.
4. atala
aldatu1 Entzun hitz hau, Samariako andreok, Baxango behiak bezain guri zaretenok: jende xehea zapaltzen duzue, behartsuak bidegabeki erabiltzen; «Ekarri ardoa, edan dezagun» agintzen diezue senarrei. 2 Zin hau egin du Jaunak bere santutasunagatik: «Badatoz egunak, arrainak amuz bezala, gakoan loturik eramango zaituztenekoak; eraman, bai eta gelditutako bakarrak ere. 3 Harresi-zuloetatik irtengo zarete, bakoitzak bere aurrean izango duenetik, eta iparralderantz jaurtikiko zaituztete».
«Ez zarete niregana itzuli»
4 Honela dio Jainko Jaunak: «Zoazte Betelgo santutegira nire kontra errebelatzeko, eta Gilgalera zuen errebeldiak ugaritzeko; eskaini goizero zeuen sakrifizioak, eta hiru egunero hamarrenak; 5 eskaini legamidun ogia esker onezko oparitzat; aldarrikatu zeuen borondatezko eskaintzak, horixe baituzue atsegin, Israelgo seme-alabok».
6 Honela dio Jaunak: «Gosea bidali dizuet hiri guztietara, ogi falta zeuen bizilekuetara. Hala ere, ez zarete niregana itzuli. Nik, Jaunak, esana.
7 «Euria ukatu dizuet uzta-aroa baino hiru hilabete lehenagotik ere; hiri batean euria eginarazi dut eta bestean ez; etxalde batek euria hartu du, eta bestea, euririk ezean, lehortu egin da. 8 Jendea badoa herriz herri ur bila, baina ez du behar adina aurkitzen. Hala ere, ez zarete niregana itzuli. Nik, Jaunak, esana.
9 «Haize erreaz eta gorrinaz jo ditut zuen baratzea eta mahastiak; pikuondo eta olibondoak matxinsaltoak jan ditu. Hala ere, ez zarete niregana itzuli. Nik, Jaunak, esana.
10 «Izurria bidali dut zuengana Egiptokoaren antzekoa. Zuen gazteak ezpataz hilarazi ditut, eta zuen zaldiak etsaien esku utzi. Zuen sudurretaraino igoarazi dut hildakoen kiratsa, gudu-kanpalekuetan. Hala ere, ez zarete niregana itzuli. Nik, Jaunak, esana.
11 «Irauli egin zaituztet, Sodoma eta Gomorra irauli nituen bezala; sutatik ateratako ilintiaren antzera libratu zarete. Hala ere, ez zarete niregana itzuli, Nik, Jaunak, esana.
12 «Horregatik, bada, zu zigortzera nator, Israel; eta zigortzera natorkizunez gero, presta zaitez zeure Jainkoaren aurrean agertzeko».
13 Jainkoa da mendiak eratu dituena, eta haizea sortu duena, gizakiari bere burubideak agertzen dizkiona, ilunpea egunsenti bihurtzen duena, mundu guztiaren gainetik dagoena. Jauna du izena, Jainko ahalguztiduna.
Negar-kanta
5. atala
aldatu1 Entzun, Israel herri, zuregatik abesten dudan negar-kanta hau: 2 Israel neskatxa ederra erori da, ez da gehiago jaikiko; lur jota dago, ez da altxatuko duenik. 3 Honela diotso Jainko Jaunak Israel herriari: «Gerrara mila gizon bidaltzen dituen hiriari ehun itzuliko zaizkio; ehun bidaltzen dituenari, hamar».
Deia: «Etorri nire bila, bizi zaitezten»
4 Honela diotso Jaunak Israel herriari: «Etorri nire bila, bizi zaitezten. 5 Baina ez ibili nire bila Betelen, ez joan Gilgalera, ez jo Beer-Xebarantz; Gilgal erbestean galduko baita, Betel ezereztu». 6 Ibili Jaunaren bila, bizi zaitezten. Bestela, Joseren ondorengoen gainera oldartuko da, itzalezineko suz irentsiko du Betel. 7 Ai! Justizia samindura bihurtzen dute, eta zuzenbidea hankapean erabiltzen.
8 Jainkoa da izar-multzoak sortu dituena, iluna egunsenti eta eguna gau beltz bihurtzen duena; itsas urak biltzen eta lur gainera isurtzen dituena. Jauna du izena. 9 Berak xehatzen du indartsua, berak hondatzen gotorlekuak.
10 Auzitegietan salatzen zaituztena gorrotatzen duzue, eta egia dioena gaitzesten. 11 Jende xehea larrutzen duzue gari-zerga ordaintzera behartuz. Harlanduzko etxeak egin dituzue, baina ez zarete berorietan biziko; mahasti bikainak landatu, baina ez duzue berorien ardorik edango. 12 Ondo ezaguna dut zuen errebeldien neurrigabea eta zuen bekatuen astuna: errugabea estutu duzue, eskupekoa jaso, auzitegian behartsuen eskubidea baztertu. 13 Hori dela eta, zuhurrak nahiago du isildu gaiztoaldi honetan. 14 Bilatu ongia, ez gaizkia, bizi zaitezten. Orduan bai, zuekin izango da Jauna, Jainko ahalguztiduna, berak esan bezala. 15 Gorrota ezazue gaizkia, maita ongia, egin zuzentasuna auzitegietan, ea Jainko Jaun ahalguztiduna Joseren azken ondorengoekin gupidatzen den.
16 Honela dio Jainko Jaun ahalguztidunak: «Plaza guztietan doluminak izango dira, kale guztietan negar-zotinak. Nekazariak deituko dituzte dolurako, erostariak hileta-negarrerako; 17 mahasti guztietan doluminak izango dira, ni zu zigortzera etortzean». Jaunak esan du.
Jaunaren eguna
18 Ai Jaunaren egunaren irrikatan zaudetenok! Zer izango dela uste duzue zuentzat Jaunaren egun hori? Egun beltza izango duzue, eta ez egun argia. 19 Egun horretan, lehoiagandik ihesi ibili eta hartzarekin tupust egiten duen gizonaren antzeko izango zarete, edota, etxean sartu eta horman eskua ipini orduko, sugeak zizta egiten dionaren antzeko. 20 Bai, Jaunaren eguna egun beltza izango da, eta ez egun argia, argi-izpirik gabeko ilun beltza!
Sasikultuaren aurka
21 Honela dio Jaunak: «Gorroto eta higuin ditut zuen jaiak, ez ditut atsegin zuen kultu-batzarrak. 22 Aldare gainera ekartzen dizkidazuen erre-opariak eta eskain-opariak ez ditut atsegin, eta zekor gizenen elkartasun-opariei bizkarra ematen diet. 23 Kendu nire ondotik zure kantuen zarata-hotsa, zure zitara-soinurik ez dut entzun nahi. 24 Datorrela, bai, zuzenbidea ura bezala datorrela justizia, beti darion erreka bezala.
25 «Israel herri, basamortuan berrogei urtez ez zenidan sakrifiziorik, ez eskain-oparirik egin. 26 Baina orain, Sikut zuen jainko-erregearen eta Kiion zuen jainko-izarraren irudiak egin dituzuenez, 27 zeuekin eramango dituzue, Damaskotik harantz atzerrira bidaliko zaituztedanean».
Jainko Jaun ahalguztiduna, hori du izena.
6. atala
aldatu1 Ai zuek, uste osoa Sionen duzuenok, eta Samarian lasai bizi zaretenok! Ai zuek, nazio artean buru omen den Israelgo handikiok, nortzurengana baitatoz israeldar guztiak! 2 Zoazte Kalne hirira eta begira, hurbil zaitezte handik Hamat handira, eta jaitsi hortik Filisteako Gat-era. Erresuma horiek baino hobea ote da zuena? Zuen lurraldea horiena baino zabalagoa ote? 3 Zorigaitzaren eguna uxatu nahi, eta indarkeriaren nagusigoa dakarzue. 4 Ohe dotore eta goxotan luze etzaten zarete, artaldeko bildots eta ikuiluko txahal onenak jaten dituzue. 5 Harparen soinura kantuan egiten duzue, doinu berriak asmatuz, David zaretelakoan; 6 ardoa kopa handitan edaten duzue, olio usaintsu onenez igurtzitzen zarete. Eta ez zaizue axola Israel herriaren hondamendia! 7 Horregatik, bada, zuek izango zarete lehenengo erbesteratuak, eta hor amaituko dira zuen jan-edan eta nasaikeriak. 8 Honela dio Jainko Jaun ahalguztidunak,
bere biziarengatik zin eginez: «Gaitzesten dut Jakoben ondorengoen harrokeria eta haien jauregiak gorrotatzen ditut: etsaiaren esku utziko dut osorik hiriburua».
9 Demagun etxe batean hamar lagun gelditzen direla: hamarrak hilko dira. 10 Honela galdetuko dio ahaideak etxe barrunbehean dagoenari, gorpuak erretzen dituenarekin hilotzak etxetik ateratzera datorrenean: «Ba al da besterik zurekin?» Eta hark erantzungo: «Ez». Eta erantsiko: «Ixo! Ez da Jaunaren izena aipatzeko momentua!»
11 Jaunak agindu eta etxe handia nahiz txikia behera datoz, hondakin bihurtuz.
12 Egin ote lezakete lauoinka haitzetan zaldiek? Golda ote lezakete itsasoa idiek? Zuek, ordea, zuzenbidea pozoi bihurtu duzue, justizia samindura. 13 Lo-Dabar-ez jabetu zaretela eta, pozik zaudete. Honela diozue: «Ez dugu, bada, geure indar handiaz eskuratu Karnaim?» 14 Hona, bada, Israel herri, zer dioen Jainko Jaun ahalguztidunak: «Nik altxaraziko dut herri bat zure aurka, eta honek zapalduko zaitu, hasi goiko Hamat ertzetik eta beheko Araba errekaraino».
7. atala
aldatu1 Hona zer erakutsi zidan Jainko Jaunak: bibelarra, errege-abereei dagokien bibelarra, hazten ari zela, matxinsaltoak sortu zituen berak.
2 Matxinsaltoek lurraldeko belar guztia garbitu zutenean, esan nuen:
-Ene Jainko Jauna, barkatu, arren! Nola eutsiko dio, bada, Israel herriak bere biziari, hain txikia izanik?
3 Errukitu zen Jauna, eta esan zuen:
-Ez da horrelakorik gertatuko!
Bigarren ikuskaria: suaren zigorra
4 Beste hau ere erakutsi zidan Jainko Jaunak: bere herria suaz zigortzera zetorren bera, eta suak lurpeko itsaso handia eta Israel, Jainkoaren ondarea, irentsi behar zituen.
5 Nik esan nuen:
-Ene Jainko Jauna, zaude geldi! Nola eutsiko dio, bada, Israel herriak bere biziari, hain txikia izanik?
6 Errukitu zen Jainko Jauna, eta esan zuen:
-Hau ere ez da gertatuko!
Hirugarren ikuskaria: berun-haria
7 Beste hau ere erakutsi zidan Jaunak: horma baten ondoan zegoen bera, eskuan berun-haria zuela.
8 Jaunak galdetu zidan:
-Zer ikusten duzu, Amos?
-Berun-haria
-erantzun nion.
Eta Jaunak:
-Horra, berun-hari honetaz, neure herria zuzen ote dabilen ikusi nahi dut. Ez baitut gehiago ezikusiarenik egingo.
9 «Isaaken ondorengoen kultu-lekuak soilduak izango dira, Israelen santutegiak deseginak. Jeroboamen errege-etxearen aurka ezpata jasoko dut».
10 Betelgo apaiz Amatziasek berri hau igorri zion Israelgo errege Jeroboami: «Hemen, israeldarren artean, Amos azpilanean ari zaizu. Herriak ezin du gehiago jasan haren esanik.
11 «Honela ari baita:
<Jeroboam ezpataz hilko da, eta Israel herria erbestera eramango dute, bere lurraldetik urrun»>.
12 Orduan, Amatziasek Amosi esan zion:
-Ikusle, zoaz, alde hemendik Juda lurraldera. Egin han profetarena eta irabazi han zeure ogia.
13 Baina Betelen ez ari gehiago profetagintzan, hau errege-santutegi baita eta erreinuko jauretxe.
14 Amosek erantzun zion:
-Ni ez naiz profeta, ez eta profeta-taldekidea. Abeltzaina naiz eta basapiku-biltzailea.
15 Baina Jaunak artzain nenbilelarik hartu ninduen eta bere herri Israeli bere mezua hots egitera bidali.
16 Orain, bada, entzun Jaunaren hitza. Zuk diozu, ez dezadala Jaunaren mezua Israelen kontra hots egin, ez nadila mintza Isaaken ondorengoen aurka.
17 Hala ere, hona zer dioen Jaunak:
«Zure andrea emagaldu bihurtuko da hirian, zure seme-alabak ezpatapean hilko dira, zure lurraldea banatua izango da, zu zeu atzerrian hilko zara eta Israel herria erbestera eramango dute, bere lurraldetik urrun».
Laugarren ikuskaria: fruitu-saskia
8. atala
aldatu1 Beste hau ere erakutsi zidan Jainko Jaunak: saskia bete fruitu heldu.
2
-Zer ikusten duzu, Amos?
-galdetu zidan.
-Saskia bete fruitu heldu
-erantzun nion.
Jaunak esan zidan:
-Bai, heldua da amaiera nire herri Israelentzat. Ez dut gehiago ezikusiarenik egingo.
3 Honela dio Jaunak: «Egun hartan, jauregiko kantuak intziri bihurtuko dira, hilotzak izango dira nonahi, eta isilean kanpora jaurtikiko dituzte».
Badator zigor-eguna
4 Entzun hau, zuek, behartsuak zapaldu eta jende errukarria hondatzen duzuenok. 5 Zuen baitan diozue: «Noiz amaitu behar ote du ilberri-jaiak, laborea saltzeko? Noiz larunbatak, garia salmentan ateratzeko? Neurria txikiagotu eta prezioak handituko ditugu, okerreko pisuak erabiliz. 6 Gari-hautsa bera ere saldu egingo dugu. Jende xehea dirutan erosiko dugu, eta behartsuak oinetako pare baten truke».
7 Jakoben ondorengoen ohorea den Jaunak zin dagi, ez dituela ahaztuko berorien egintza gaiztoak. 8 Horrekin guztiarekin, lurra bera ere ez ote da dardaratuko? Bizilagunek ez ote dute dolurik egingo? Lur osoa, Nilo ibaia bezala haziko da, Egiptoko ibaiaren antzera puztu eta hustuko da.
9 Honela dio Jaunak: «Egun hartan, eguerdi betean sarraraziko dut eguzkia, eta egun-argitan ilunduko dut lurra. 10 Zuen jaiak dolu bihurtuko ditut, zuen abestiak negar-kantu; dolu-jantziz estaliko zaituztet, eta zuen buruak soilduko ditut. Seme bakarraren heriotzakoan bezain gogorra egingo dut zuen samina. Honen guztiaren amaiera benetan garratza izango da». 11 Honela dio Jainko Jaunak: «Hara, badatoz egunak: lurrera gosea bidaliko dut; ez ogi-gosea, eta ez ur-egarria, Jaunaren hitza entzuteko gose-egarria baizik. 12 Nora-ezean ibiliko dira, itsasoz itsaso, iparraldetik eguzkialdera, Jaunaren hitzaren bila, baina ez dute aurkituko. 13 Egun hartan, neska gazte politak eta mutil bikainak ere ahuleziak joko ditu egarriaren egarriz. 14 Samariako sasijainkoen izenean zin egiten dutenak, <Gora zure jainkoa, Dan!, Gora Beer-Xebako ahaltsua!> esanez, erori egingo dira, berriro ez jaikitzeko».
Bosgarren ikuskaria: Israelgo erresumaren azkena
9. atala
aldatu1 Jauna ikusi nuen aldare ondoan, zioela: «Jo zutabe-buruak eta atari osoa dardaratuko da; txikitu eta eroraraz itzazu guztien buruen gainera; gelditzen direnak ezpataz garbituko ditut; ez du inork ihes egingo, ez da inor bizirik aterako. 2 Hilen Egoitzako barrunbehetan sartu arren, handik ere aterako ditu nire eskuak; zerugoietara igo arren, handik ere jaitsaraziko ditut; 3 Karmel mendi gainean gorde arren, han ere aurkitu eta harrapatuko ditut; nire bistatik itsas putzuan barrena galdu arren, han ere itsas sugeak zizta ditzan egingo dut; 4 beren burua etsaien esku gatibu utzi arren, han ere ezpataz hilaraziko ditut. Begi-bistan izango ditut, ez onerako, bai kalterako».
5 Jainko Jaun ahalguztidunak lurra jo eta lurrak dardara, bizilagun guztiek dolu; Egiptoko Nilo ibaiaren antzera lur guztia puztu eta hustu; 6 zeru-sabaia lurrean oinarritzen du, eta horren gainean eraikitzen bere jauregia; itsas urak bildu eta lur gainera isurtzen ditu. Jauna du izena.
7 Honela dio Jaunak: «Israeldarrok, niretzat ez dago alderik zuen eta etiopiarren artean. Ez al nituen nik filistearrak Kretatik eta siriarrak Kir-tik atera, israeldarrak Egiptotik bezala? 8 Horra, Jainko Jaunaren begiak erresuma bekatari honengan jarriak daude: lur gainetik desagerraraziko dut; hala ere, ez ditut erabat desagerraraziko Jakoben ondorengoak. 9 Bai, alea bahean astindu ohi den bezala, ale bat ere galdu gabe, halaxe astinaraziko dut Israel herria, nazio guztietan sakabanatuz. 10 Nire herriko bekatari guztiak ezpataz hilko dira, <Bai zera, ez da hurbilduko, zorigaitzak ez gaitu joko!> esaten zutenak, alegia.
Jaunak Daviden erreinua berregin
11 «Egun hartan, jasoko dut Daviden etxola eroria, horma pitzatuak beteko dizkiot eta lurreratuak jasoko; antzinako eran berregingo dut. 12 Eta israeldarrak berriro jabetu ahal izango dira Edom lurraldetik eta nireak izan diren nazio guztietatik geratzen denaz. Hala diot nik, hori guztia egingo duen Jaun honek».
13 Honela dio Jaunak: «Badatoz egunak: hazia erein orduko uzta biltzeko garaia izango da, mahatsa zapaldu orduko berriz biltzeko garaia izango da. Mendiek eta muinoek ardoa isuriko dute. 14 Nire herri Israelen zoria aldatuko dut: desegindako hiriak jasoko dituzte eta berorietan biziko dira, mahastiak jarriko dituzte eta berorien ardoa edango, baratzeak landatuko dituzte eta horietako fruituak jango. 15 Beren lurraldean landatuko ditut, eta nik eman lurretik ez dituzte inoiz aterako». Zure Jainko Jaunak esan du.