←Jakinduria | Biblia Ben Sirak |
Baruk→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
1. atala
aldatu1 Jaunarengandik dator jakinduria guztia,
harekin dago beti.
2 Itsas hondarra, euri-tantak,
mendez mendeko egunak, nork zenbatu?
3 Zeruaren garaiera, lurraren zabalera,
leizearen sakonera, nork arakatu?
4-5 Gauza guztien aurretik sortu zen jakinduria,
betidanik adimena eta zuhurtzia.
6-7 Jakinduriaren sustraia, nori errebelatu zaio?
Haren ekintza trebeak, nork ezagutzen?
8 Bat bakarra da jakintsua: guztiz beldurgarria,
Jauna, bere tronuan eseria dagoena.
9 Berak sortu zuen jakinduria,
hark ikusi eta neurtu ere,
hark banatu berak egindako guztien gain;
10 gizaki guztiei eman die bere eskuzabaltasunez,
are esku zabalagoz maite dutenei.
11 Jaunarenganako begirunea ospe eta harrobide da,
pozbide eta alaitasunezko koroa.
12 Bihotza gozatzen du Jaunarenganako begiruneak;
poza, alaitasuna eta bizitza luzea ematen ditu.
13 Jaunari begirune dionak amaiera ona izango du,
bedeinkatua izango heriotza-egunean.
14 Jauna errespetatzea da jakinduriaren hasiera;
fededunekin dago, amaren sabelean sortu zirenetik.
15 Gizakien artean finkatu da eta betiko oinarritu,
hala iraungo ondorengoekin ere.
16 Jaunarenganako begirunea da jakinduriaren betetasuna,
honek bere fruituz asebetetzen gizakiak;
17 gogoko dutenaz gainbetetzen die etxe osoa,
eta bere emaitzez aletegiak.
18 Jaunarenganako begirunea da jakinduriaren koroa,
bakea eta osasuna lorarazten dituena.
19 Euria bezala isurtzen ditu jakintza eta ezagutza argia,
beraren jabe direnen ospea areagotzen.
20-21 Jauna errespetatzea da jakinduriaren sustraia,
beronen adarrak bizitza luzea.
22 Ez dago zuritzerik neurrigabeko grina,
grina horren bulkadak erorraraziko du pertsona.
23 Behar bezain luze jasaten du eramanpen handikoak,
eta gero alaitasuna itzultzen zaio berriro.
24 Une egokira arte gordeko ditu gogoetak barruan;
gero, askok hitz egingo dute beraren zentzu onaz.
Zuzen jokatu Jainkoarekin
25 Jakinduriaren altxor artean daude esaera zahar argigarriak,
baina nardagarri zaizkio bekatariari, jainkozale ez delako.
26 Jakinduriaren irrikan zauden horrek, bete aginduak
eta erruz emango dizu Jaunak;
27 izan ere, Jaunarenganako begiruneak egiten du gizakia
jakintsu eta ondo hezia;
atsegin ditu Jaunak zintzotasuna eta otzantasuna.
28 Ez uko egin Jaunarenganako begiruneari,
ez joan harengana bihotz bikoitzaz.
29 Ez izan itxurazale gizakien aurrean,
zaindu esaten duzuna.
{{bertset|1|30| Ez goratu zeure burua,
erori eta desohorea zeuregana ez dezazun:
Jaunak zure isilpekoak azalduko ditu
eta zu batzarraren aurrean apalaraziko,
ez zarelako hurbildu harengana begirunez
eta bihotza maltzurkeriaz betea duzulako.
Jaunari leial izan probaldian ere
}}
2. atala
aldatu1 Seme, Jauna zerbitzatu nahi baduzu,
prestatu zeure burua probarako.
2 Sendotu bihotza eta eutsi gogor,
ez larritu estualdian.
3 Atxiki zakizkio Jaunari, ez aldendu harengandik:
oparotasunean amaituko dituzu egunak.
4 Onar ezazu letorkizukeen guztia,
izan jasankor zeure apalaldiko ezbeharretan;
5 sutan probatzen baita urrea
eta apalkuntzaren arragoan Jainkoak begiko dituenak.
6 Izan uste on Jainkoarengan, eta berak lagunduko dizu,
zuzendu zeure jokabidea eta itxaron berarengan.
7 Jaunari begirune diozuenok, sinetsi haren errukian,
ez desbideratu eta ez zarete eroriko.
8 Jaunari begirune diozuenok, izan uste on harengan:
sariak ez dizue huts egingo.
9 Jaunari begirune diozuenok, egon ondasunen zain,
betiko poz eta errukiaren zain.
10 Begira iragandako belaunaldiei eta ikus:
Nork jarri zuen uste ona Jaunarengan, eta ustel atera?
Nork iraun harenganako begirunean, eta baztertua izan?
Nork egin zion dei eta hark entzungor egin?
11 Ez! Jauna errukior eta bihozbera da,
bekatuak barkatu eta salbatu egiten du atsekabealdian.
12 Zoritxarrekoak bihotz axolagabekoak eta esku-eroriak,
eta nora-ezean dabilen bekataria!
13 Zoritxarrekoa bihotz-adorerik gabea,
konfiantza galdu duena:
Jaunak ez du babestuko.
14 Zoritxarrekoak zuek, itxaropena galdu duzuenok!
Zer egingo duzue Jaunak kontuak eskatzean?
15 Jaunari begirune diotenek ez dute haren esana betegabe
uzten;
maite dutenak haren bideetan ibiltzen dira.
16 Jaunari begirune diotenek hari atsegin eman nahi;
maite dutenek haren legean dute poz betea.
17 Jaunari begirune diotenek bihotza beti prest,
haren aurrean apaldu eta honela diote:
{{bertset|2|18| «Hobe Jaunaren eskuetan erori
gizakiarenetan baino;
izan ere, nolakoa bere handitasuna,
halakoa du errukia».
Gurasoekiko betebeharrak
}}
3. atala
aldatu1 Seme-alabok, entzun aitari,
bete nire aholkuak, onik atera zaitezten;
2 Jaunak seme-alaben gainetik errespetarazten du aita,
amaren aginpidea ezartzen umeen gain.
3 Aita ohoratzen duenak bere bekatuak ezabatzen ditu,
4 ama errespetatzen duenak altxorra metatzen.
5 Aita ohoratzen duenak bere seme-alabengan izango du poza,
otoitz egitean Jaunak entzun egingo dio eskaria.
6 Aita errespetatzen duenak bizitza luzea izango du,
Jaunak esana egiten duenak atsegin emango amari:
7 ugazabak balitu bezala zerbitzatzen gurasoak.
8 Ohoratu aita hitzez eta egitez,
haren bedeinkazioa etor dadin zuregana:
9 aitaren bedeinkazioak seme-alaben etxea sendotzen du,
amaren madarikazioak oinarriak deusezten.
10 Ez harrotu aitaren desohoreaz:
aitaren desohorea ez da harrobide zuretzat;
11 aitaren ohorea baita gizakiaren harrotasuna,
eta amaren desohorea seme-alaben lotsa.
12 Seme, zaindu aita bere zahartzaroan,
ez eman nahigaberik bizi den artean.
13 Burua galtzen badu ere, izan barkabera;
ez iraindu, indarrez betea zaudela eta.
14 Ez du Jaunak ahaztuko aitari on egina,
zeure bekatuen ordainetan hartuko dizu kontuan.
15 Atsekabealdian gogoan izango zaitu Jainkoak,
izotza eguzkitan bezala urtuko zure bekatuak.
16 Biraogilea bezalakoa da aita bazter uzten duena;
Jaunak madarikatua, ama haserrearazten duena.
Apaltasuna
17 Seme, egin otzantasunez egiten duzun guztia,
eta Jainkoaren begiko denak maiteko zaitu.
18-19 Zenbat eta handiago izan, orduan eta gehiago apaldu zeure
burua,
eta Jaunaren gogoko izango zara;
20 handia baita Jaunaren ahalmena,
eta apalek dute hura goresten.
21 Ez ibili zailegi zaizunaren bila,
ez eta zeure indarren gainetik dagoena ikertzen ere;
22 hausnartu eman zaizkizun aginduak,
ez duzu ezkutuko gauzen beharrik eta.
23 Ez zaitez ahalegindu zeure indarrez gaindiko lanetan,
erakutsi zaizuna giza adimenak uler lezakeena baino gehiago
da eta.
24-25 Asko dira beren burutazioek desbideratuak,
irudipen maltzurrek okertu dizkiete gogoetak.
Harrokeria
26 Azken txarra izango du burugogorrak,
arriskua maite duena bertan jausiko.
27 Atsekabez betetzen da burugogorra,
bekatua bekatuaren gain metatzen du bekatariak.
28 Harroaren ezbeharrak ez du erremediorik,
gaiztakeriaren landarea sustraitua baitu bere baitan.
29 Buru-argiak jakinduriazko esaerak hausnartzen ditu,
adi egongo den belarria irrikatzen du jakintsuak.
Limosna
30 Urak sugarra itzaltzen du,
limosnak bekatua ezabatzen.
{{bertset|3|31| On eginaz erantzuten duenak etorkizuna du gogoan,
zabunka egiten badu aurkituko du euskarririk.
}}
4. atala
aldatu1 Seme, ez kendu behartsuari bizitzeko duen apurra,
ez utzi erantzunik gabe txiroaren eskaria.
2 Ez sufriarazi gose denari,
ez sumindu lazerian dagoena.
3 Ez areagotu bihotz-saminduaren nahigabea,
ez itxaronarazi zeure emaitza beharrean dagoenari.
4 Ez ukatu laguntza atsekabealdian erregutzen dizunari,
ez eman bizkar behartsuari.
5 Ez aldendu zeure begiratua eskaleagandik,
ez eman zeu madarikatzeko biderik;
6 zeren, ozpinduta dagoela-eta madarikatzen bazaitu,
Egileak entzun egingo baitio madarikazioa.
7 Saiatu batzarraren begikotasuna irabazten,
behera ezazu burua handikiaren aurrean.
8 Makurtu belarria behartsuagana,
erantzun haren agurrari goxotasunez.
9 Aska ezazu zanpatua zapaltzailearen esku artetik,
ez izan koldarra justizia egin behar duzunean.
10 Izan aitaren ordezko umezurtzentzat
eta senarraren ordezko alargunentzat;
Goi-goikoaren seme izango zara,
zeure amak baino gehiago maiteko zaitu hark.
Jakinduria hezitzaile
11 Jakinduriak bere seme-alabak goratzen ditu
eta beraren bila dabiltzanak zaintzen.
12 Hura maitatzea bizia maitatzea da,
haren bila lehiatzen direnak pozez beteko dira.
13 Hura daukanak aintza izango du herentzian,
gorabehera guztietan Jaunak bedeinkatu egingo.
14 Jakinduria zerbitzatzen dutenak Santua dute zerbitzatzen;
Jainkoak maite ditu hura maite dutenak.
15 Haren esanera dagoenak mundua epaituko du,
hari atxikitzen zaiona seguru bizi ahal izango da.
16 Norbait jakinduriaz fidatzen bada, bereganatu egingo du,
eta ondorengoak ere haren jabe izango.
17 Baina lehenengo, bide bihurrietatik eramango du,
beldurra eta izua sufriaraziko dizkio,
heziketa zorrotzaz saminduko du
eta proban jarriko bere aginduekin,
hartaz bene-benetan fidatu arte.
18 Ondoren, berriz, bete-betean itzuli eta poztu egingo du,
eta bere ezkutukoak azalduko dizkio.
19 Baina desbideratzen bada, baztertu egingo du
eta bere burua hondatzen utziko.
Lotsa eta begirunea
20 Kontuan hartu egokiera eta gorde gaitzetik;
ez zaitez zeure buruaz lotsa;
21 izan ere, bada lotsa bat bekatura daramana,
eta beste bat gauza ona eta ohoragarria dena.
22 Besteenganako begiruneagatik ez kalterik egin zeure
buruari,
ez zaitezela eror zeure buruaren lotsarengatik.
23 Ez geratu hitz egin gabe beharrezko denean,
24 hitz eginez azaltzen baita jakinduria,
eta esanaren bidez, hartutako heziketa.
25 Ez argudiatu egiaren aurka,
lotsa zaitez zeu hezigabea izateaz.
26 Ez lotsatu zeure bekatuak aitortzeaz,
ez joan nahi izan urlasterraren kontra.
27 Ez zaitez kikildu zentzugabearen aurrean,
ez makurtu ahaltsuaren menpera.
28 Borrokatu hil arte egiaren alde,
eta Jainko Jaunak zure alde egingo du borroka.
29 Ez zaitez ausarta izan adierazpenetan,
ez eta nagi eta motel ere egintzetan.
30 Ez zaitez lehoi izan etxean
eta koldar zerbitzarien artean.
{{bertset|4|31| Ez izan eskuzabal hartzeko
eta esku-itxi emateko.
Aberatsaren eta bekatariaren harrokeria
}}
5. atala
aldatu1 Ez oinarritu aberastasunetan,
ez esan: «Ez dut beste ezeren beharrik!»
2 Ez zaitzatela irrikak eta indarrak
zeure bihotzaren grinak jarraitzera eraman.
3 Ez esan: «Nor nire gain?»,
benetan Jaunak zigortu egingo zaitu eta.
4 Ez esan: «Bekatu egin eta ez zait ezer gertatu»;
bai, hori Jauna eramanpen handikoa delako da;
5 baina ez zaitez barkamenaz hain seguru egon
bekatua bekatuaren gain pilatzeko.
6 Ez esan: «Handia da haren gupida,
barkatuko dizkit neure bekatu ugariak»,
errukiorra eta, era berean, haserrekorra baita hura,
eta eroraraziko du bekatariengana bere sumina.
7 Itzuli Jaunarengana luzatu gabe,
ez ibili gerotik gerora,
bat-batean iritsiko baita Jaunaren haserrea
eta ezereztua izango zara zigor-egunean.
8 Ez oinarritu bidegabekeriazko aberastasunetan,
ez dizute ezertarako balioko ezbeharrean.
Jakintsuaren hizketa
9 Ez haizeratu laborea edozein haizetara,
ez abiatu edozein bidexkatatik:
horixe egiten du mihibiko bekatariak.
10 Eutsi tinko pentsatzen duzunari
eta hitz egin argi eta garbi.
11 Egon beti prest entzuteko,
baina ez ibili presaka erantzuteko.
12 Iritzirik baduzu, erantzun lagunari;
eduki bestela ahoa itxirik.
13 Ohorea edo desohorea ekar lezake hizketak,
hondamendi gerta lekioke gizakiari mihia.
14 Ez zeureganatu gaizki-esale-osperik
eta ez jarri lakiorik inori zeure mihiaz;
lapurrari lotsa etortzen zaion bezala,
gaitzespen zorrotza mihibikoari.
{{bertset|5|15| Ihes egin hutsegiteetatik, handi nahiz txikietatik.
}}
6. atala
aldatu1 Ez zaitez bihur zeure adiskidearen etsai,
ospe txarrak lotsa eta iraina ekartzen baititu:
hori gertatzen zaio mihibiko bekatariari.
2 Ez harropuztu zeure burua handietsiz,
zeure indarrak alferrik galduko zenituzke, zezen gazteak
bezala;
3 zeure hostoak irentsiko zenituzke, fruituak galdu
eta enbor ihartua bezala geratuko.
4 Grina txarrak jabea galbideratzen du,
etsaien irrigarri bihurtzen.
Adiskidetasuna
5 Aho goxoak adiskideak ugaltzen ditu,
mihi atseginak harreman onak gehitzen.
6 Izan daitezela asko agurtuko zaituztenak,
baina aholkulariak milatik bat!
7 Lagun bat egiten duzunean, kontuz ibili,
eta ez arinegi jarri uste ona berarengan,
8 izaten baita berari komeni zaionean lagun denik
eta zure atsekabealdian irauten ez duenik;
9 izan ohi da lagunik, etsai bihurtu
eta, zuen arteko auzia argitaratuz, lotsarazten zaituenik;
10 izaten da lagunik mahaikide izan,
baina zure atsekabealdian irauten ez duenik;
11 oparotasunean zabiltzanean, zurekin bat da,
tinko aginduko die berak ere zure zerbitzariei.
12 Baina behea jota bazaude, aurka jarriko zaizu
eta ezkutatu egingo zuregandik.
13 Urrun zaitez etsaiengandik,
ibili kontuz adiskideekin.
14 Adiskide zintzoa babesleku segurua;
aurkitzen duenak altxorra aurkitzen du.
15 Adiskide zintzoak ez du preziorik,
balio neurtezina du.
16 Adiskide zintzoa osasungarri da bizitzan;
Jaunari begirune diotenek aurkituko dute.
17 Jaunari begirune dionak ongi bideratzen du adiskidetasuna;
nolakoa bera, halakoa izango du laguna.
Jakinduriaren lorpena
18 Seme, onartu heziketa gaztetatik,
ilea urdindu arte izango duzu jakinduria.
19 Landu ezazu laborariak lurra lantzen eta ereiten duen
bezala,
eta egon gero fruitu gozoen zain;
lanean pixka bat nekatu arren,
laster jan ahal izango dituzu emaitzak.
20 Latza da jakinduria hezigabearentzat,
zentzugabeak ezin berarekin iraun;
21 astunegia zaion proba-harria bezala,
laster botako du gainetik.
22 Jakinduria, bere izenak dioen bezalaxe,
gutxi batzuei bakarrik agertzen zaie.
23 Entzun, seme; onartu nire irizpidea,
ez baztertu ene aholkua.
24 Lotu oinak jakinduriaren katez,
jarri zeure burua haren uztarpean;
25 makur ezazu bizkarra, eta hartu gainean,
jasan gogo onez haren lokarriak;
26 jo ezazu harengana bihotz-bihotzez
eta eutsi haren bideei zeure indar guztiaz;
27 bila ezazu, jarraitu arrastoari eta ezagutaraziko dizu bere burua;
zeureganatu ondoren, ez jaregin;
28 azkenean atsedena emango dizu
eta pozgarri gertatuko;
29 kateak babestailu sendo izango dituzu,
eta uztarria apaingailu distiratsu;
30 urrezko edergarri baita haren uztarria,
uhalak purpurazko lokarri;
31 jantzirik ederrena izango duzu jakinduria,
alaitasunezko koroa zeure buruan.
32 Zeuk nahi baduzu, seme, ongi hezia izango zara;
gogoa jartzen baduzu, zuhur bilakatuko.
33 Atsegin baduzu entzutea, ikasi egingo duzu;
belarria adi jartzen baduzu, jakintsu bihurtuko.
34 Zoaz zaharren batzarrera,
eta atxiki beraien jakinduriari.
35 Entzun gogoz Jainkoarengandiko hitza,
ez utzi ihes egiten jakinduriazko esaera zaharrei.
36 Gizaki zentzudunik ikusten baduzu, zoaz harengana
goiz-goizetik,
jan dezatela zure oinek haren atariko harria.
{{bertset|6|37| Hausnar itzazu Jaunaren aginduak,
erabili gogoan beti haren manamenduak;
berak sendotuko du zure bihotza
eta irrikatzen duzun jakinduria emango.
Zenbait aholku
}}
7. atala
aldatu1 Ez egin gaitzik, eta ez zaizu gaitzik gertatuko.
2 Urrun zaitez bidegabekeriatik,
eta bera ere aldenduko da zuregandik.
3 Ez erein bidegabekeriaren ildoetan,
uztan ez dezazun askoz ere gehiago jaso.
4 Ez eskatu Jaunari boterea,
ez eta erregeari ere ohorezko aulkia.
5 Ez hasi zintzoarena egiten Jaunaren aurrean,
ez eta jakintsuarena ere erregearen aurrean.
6 Ez saiatu epaile bihurtzen,
bidegabekeria ezabatzeko gai ez bazara,
ahaltsuaren aurrean kikildu egingo baitzinateke
eta zeure zuzentasuna koloka jarriko.
7 Ez jokatu oker hiriko batzarraren aurka,
ez beheratu zeure burua jendearen aurrean.
8 Ez egin bi aldiz bekatu bera,
behingoagatik ere ez zara zigorgabe geratuko eta.
9 Ez esan: «Ikusiko ditu Jaunak nire opari ugariak,
onartuko ditu Jaungoikoak nire eskaintzak».
10 Ez izan eraman gutxikoa zeure otoitzean,
ez eta zekena ere limosna ematean.
11 Ez egin barre atsekabetua dagoenari,
izan gogoan Jaunak apaldu eta goratu egiten duela.
12 Ez asmatu gezurrik anaiaren kontra,
ez eta adiskidearen aurka ere.
13 Ihes egin beti gezurra esatetik,
ez baitu ezer onik ekartzen horretan irauteak.
14 Ez izan berritsu nagusien batzarrean,
ez hitz egin gehiegi zeure otoitzean.
15 Ez gorrotatu lan nekosoa;
esate baterako, Goi-goikoak sortutako lurgintza.
16 Ez zaitez elkar bekatariekin,
izan gogoan laster datorrela Jainkoaren zigorra.
17 Apaldu zeharo zeure burua,
sua eta harrak baitira fedegabearen zigorra.
Adiskideak eta familia
18 Ez trukatu adiskidea diruarengatik,
ez eta anaia maitea ere urrerik finenagatik.
19 Ez aldendu emazte zentzuzko eta onarengandik,
urrea baino dohain baliotsuagoa baita.
20 Ez erabili gaizki zintzo lan egiten duen morroia,
ez eta gogotik saiatzen den jornalaria ere.
21 Maita ezazu morroi trebea zeure burua bezala,
ez ukatu zor diozun askatasuna.
22 Baduzu artalderik? Zaindu.
Etekinik ematen badizu, gorde.
23 Semerik baduzu? Hezi.
Makurrarazi horien buruak gaztarotik.
24 Alabarik baduzu? Zaindu horien garbitasuna,
ez jarri beti aurpegi alaia.
25 Ezkondu alaba, eta zeregin garrantzitsua burutuko duzu;
baina gizon zentzudunari eman.
26 Gogoko emaztea al duzu? Ez zapuztu.
Baina ez fidatu maite ez baduzu.
27 Errespetatu aita bihotz-bihotzez,
ez ahaztu amak zuregatik jasandako guztiak.
28 Gogoratu bizia zor diezula;
zer itzuliko diezu zuregatik egin dutenaren ordainetan?
Apaizak
29 Gurtu Jauna bihotz-bihotzez
eta izan begirune haren apaizei.
30 Maitatu indar guztiz zeure Egilea
eta ez baztertu haren kultu-zerbitzariak.
31 Izan begirune Jaunari, errespetatu apaiza
eta eman bere partea, agindu zaizun bezala:
lehen fruituak, ordain-opariak, elkartasun-oparietatik
dagokiona,
labore-opari eta gainerako opari sakratuen hasikinak.
Behartsuak eta nahigabetuak
32 Luzatu zeure eskua behartsuari,
Jaunak bete-betean bedeinka zaitzan.
33 Eman eskuzabal bizidun guztiei,
hildakoei ere ez ukatu zeure erruki-egintzak.
34 Ez entzungor egin negarrez ari direnei,
eta nahigabetu zeu ere nahigabetuekin.
35 Ez ahaztu gaixoak ikustea,
honelako egintzengatik maiteko baitzaituzte.
{{bertset|7|36| Egiten duzun guztian, izan gogoan zeure azkena,
eta ez duzu sekula bekatu egingo.
Nola joka eztabaidetan
}}
8. atala
aldatu1 Ez hasi eztabaidan ahaltsuarekin,
ez zaitezen jausi haren eskuetan.
2 Ez hasi auzitan aberatsarekin,
zuk baino indar handiagoa izango baitu bere diruaz;
badakizu jende asko galdu duela urreak,
erregeen bihotzak ere desbideratu dituela.
3 Ez eztabaidatu berritsuarekin,
ez bota egurrik haren suari.
4 Ez ibili txantxetan gaizki heziarekin,
zure arbasoak irainduta geldi ez daitezen.
5 Damu denari ez bota aurpegira bere bekatua,
izan gogoan guztiok garela errudun.
6 Ez mesprezatu inor zahartu delako,
biziz gero, gu ere zahartuko baikara.
7 Ez poztu inoren heriotzaz,
izan gogoan guztiok hil behar dugula.
Iraganeko irakaspenak
8 Ez mesprezatu jakintsuen kontaketak,
baizik eta aztertu haien esaerak behin eta berriro,
haiengandik hartuko baituzu heziketa,
eta handikien aurrean nola jokatu ikasiko.
9 Ez zaitez aldendu adinekoen kontaketetatik,
haiek ere beren gurasoengandik ikasi baitituzte.
Beraien ondoan ikasiko duzu gauzak ulertzen
eta behar denean erantzun egokia ematen.
Giza harremanetarako aholkuak
10 Ez astindu bekatariaren txingarrik,
haren sugarretan erre ez zaitezen.
11 Ez egin aurre lotsagabeari,
zure hitzak zeure kontra jar ez ditzan.
12 Ez mailegurik eman zeu baino ahaltsuagoari;
ematen badiozu, jo zeure dirua galdutzat.
13 Ez zaitez egin fidatzaile zeure baliabideen gainetik;
egiten bazara, jo zeure burua zordun.
14 Ez hasi auzitan epailearekin,
duen mailarengatik bere aldeko epaia emango baitiote.
15 Ez jarri bidean benturazale ausartarekin,
ondorio txarrik izan ez dezazun;
gogoak ematen dion aldera joko baitu
eta haren zorakeriagatik galduko zu ere.
16 Ez hasi istilutan odol-beroarekin,
ez zeharkatu basamortua halakoarekin;
hark ezer gutxitzat hartzen baitu bizia
eta kontra oldartuko zaizu nork lagundurik ez duzunean.
17 Ez egin isilpeko konturik zentzugabearekin,
ezin izango baitu zure sekretua isilean gorde.
18 Atzerritarraren aurrean, ez egin ezer ezkutukorik,
ez baitakizu zer gertatuko den.
{{bertset|8|19| Ez zabaldu zeure bihotza edonori,
ez baituzu esker onik jasoko.
Emakumeekiko harremanak
}}
9. atala
aldatu1 Ez izan jeloskor maite duzun emaztearekin,
zurekin gaizki jokatzen ez irakasteko.
2 Ez jarri zeharo emaztearen menpe,
gaina har ez diezazun.
3 Ez izan harremanik emagalduarekin,
haren sareetan jaus ez zaitezen.
4 Ez zaitez ibil maiz artista arinegiekin,
haien trikimailuetan ez nahasteko.
5 Ez geratu neska gazteari begira,
harengatik erorbidean jar ez zaitezen.
6 Ez jarri zeure burua emagalduen eskuetan,
zeure herentzia gal ez dezazun.
7 Ez kuxkuxean ibili hiriko kaleetan,
ez eta inguru-minguruka ere hango toki bakartietan.
8 Kendu zeure begiak emakume politarengandik,
ez geratu begira zeurea ez duzun edertasunari.
Asko galdu izan dira emakumearen edertasunagatik,
sua bezala pizten da amodioa halakoaren aurrean.
9 Ez eseri sekula emakume ezkonduaren ondoan,
halakoarekin ez parrandarik egin edanari emanez,
zure bihotzak harengana jo ez dezan
eta zeure grinak galbidera ez zaitzan.
Norekin harremanak izan
10 Ez baztertu aspaldiko adiskiderik,
egin berria ez baita haren pareko.
Adiskide berria, ardo berria:
utzi zahartzen eta atseginez edango duzu.
11 Ez izan bekatariaren zori onaren inbidiarik,
ez baitakizu zein izango den haren azkena.
12 Ez onetsi fedegabearen arrakastarik,
izan gogoan ez dela hil arte zigorgabe geldituko.
13 Geratu urruti hiltzeko ahalmena duenarengandik
eta ez duzu izango heriotzaren beldurrik.
Harengana hurbiltzen bazara, ez egin irainik,
bizia ken ez diezazun.
Kontuan izan lakio artean zabiltzala
eta, hiriko harresi gainean bezala, arrisku handian.
14 Ahal duzun neurrian, izan harremanak ingurukoekin,
baina aholkua jakintsuei eskatu.
15 Hartu solaskide jende zentzuduna,
eta mintza beti Goi-goikoaren legeaz.
16 Izan itzazu mahaikide pertsona zintzoak,
eta zure harrotasun Jaunarenganako begirunea.
Gobernariak
17 Artisauari bere eskuetako lana goraipatzen zaio
eta herriaren buruzagiari bere hizketa jakintsua.
{{bertset|9|18| Beldurgarria bere hirian gizon berritsua;
neurribako hitz-jarioa higuingarri bihurtzen da.
}}
10. atala
aldatu1 Gobernari jakintsuak bere herria hezitzen du,
ongi finkatua dago zentzudunaren aginpidea.
2 Nolakoa herri-gobernaria, halakoak haren ministrariak;
nolakoa herri-buruzagia, halakoak biztanleak.
3 Errege gaizki hezia herriaren hondamendi;
agintarien zentzu onaz eraikitzen da hiria.
4 Jaunaren esku dago munduaren gobernua,
garai bakoitzean komeni den buruzagia sortarazten du.
5 Jaunaren esku dago gizakiaren arrakasta,
legegileagan agerrarazten du bere ospea.
Harrokeriaren aurka
6 Kalte egin dizula eta, ez gorrotorik izan lagun hurkoari,
ez egin ezer amorrazioaren eraginez.
7 Higuingarria da harrokeria Jaunarentzat eta gizakiarentzat,
biei egiten baitie bidegabekeria.
8 Bidegabekeria, bortizkeria eta gutiziaren eraginez
igarotzen da erregetza herri batetik bestera.
9 Zergatik harrotzen da hauts eta errauts den gizakia,
bizi dela ere, ustelkeria baino ez baitu erraietan?
10 Gaixoaldia luzatzen bada, medikuak ere ez du jakiten zer
egin;
gaur errege dena, bihar hila.
11 Gizakiak, hiltzen denean,
narrastiak, piztiak eta harrak izaten ditu herentzia.
12 Giza harrokeriaren hasiera Jaunarengandik aldentzea izaten
da,
bihotza bere Egileagandik banatzea.
13 Bekatua da harrokeriaren hasiera,
horretan irauten duenak txarkeria sortzen du uholdeka;
horregatik eman dizkie Jaunak zigor harrigarriak
eta lur joarazi suntsitzeraino.
14 Jaunak irauli egin ditu handikien aulkiak
eta otzanak eserarazi haien ordez;
15 errotik atera ditu zenbait nazio,
eta apalak landatu haien ordez;
16 nazioen lurraldeak suntsitu ditu Jaunak,
lurraren oinarri-oinarrietaraino desegin;
17 gizakien artetik kendu eta garbitu ditu,
haien oroitzapena ezabatu lur gainetik.
18 Harrokeria ez da gizakientzat egina,
ez eta sumindura ere emakumeagandik jaiotakoentzat.
Gizakiaren balioa
19 Zein arraza da ohoragarri? Gizakiena.
Zein arraza da ohoragarri? Jaunari begirune diotenena.
Zein arraza da mesprezagarri? Gizakiena.
Zein arraza da mesprezagarri? Aginduak hausten dituztenena.
20-21 Bere herritarren artean, ohoratua izaten da buruzagia;
begirune diotenak ohoratzen ditu Jaunak.
22 Etorkin eta atzerritar nahiz behartsuek
Jaunarenganako begirunea dute harrotasun.
23 Ez da bidezkoa behartsu zentzuduna mesprezatzea,
ez eta egokia ere bekataria ohoratzea.
24 Ohoratuak izaten dira handikiak, gobernariak eta ahaltsuak,
baina horietako inor ez da Jaunari begirune diona baino
handiago.
25 Morroi zentzudunak aitoren semeak izango ditu zerbitzari,
zuhurrenak ere ezin izango dio ezer aurpegiratu.
26 Ez egin jakintsuarena zeure egitekoa betetzean,
ez ibili harropuztuta estualdian.
27 Hobe da lan egin eta denetik sobera duena,
harropuztuta ibili eta zer janik ez duena baino.
28 Seme, estimatu zeure burua neurriz,
emaiozu merezi duen ohorea.
29 Bere burua gaitzesten duena, nork zuzenetsiko?
Nork errespetatuko bere burua mesprezatzen duena?
30 Behartsua bere zuhurtasunagatik da errespetatua,
eta aberatsa bere aberastasunengatik.
{{bertset|10|31| Behartsu izanik errespetatua dena,
are gehiago aberats bihurtzean!
Aberats izanik mesprezatua dena,
are gehiago behartsu bilakatzean!
Ez fidatu itxuraz
}}
11. atala
aldatu1 Apalari burua altxarazten dio jakinduriak
eta handikien artean eserarazten.
2 Ez goratu gizakia bere edertasunagatik,
ez inor higuindu bere itxuragatik bakarrik.
3 Erlea txikia da hegadunen artean,
baina gauzarik goxoena da hark egina.
4 Ez harrotu daramazun gainjantziaz,
ez eta oilartu ere ospe-egunean,
Jaunaren egintzak, miresgarriak izan arren,
ezkutuan geratzen baitira gizakiarentzat.
5 Tirano askok jo behar izan du lurra,
eta espero ez zenak eraman diadema.
6 Ahaltsu asko izan da zeharo desohoratua
eta ospetsu asko besteren esku utzia.
7 Ez kritikatu informatu aurretik;
pentsatu lehen, egin agiraka gero.
8 Ez erantzun entzun aurretik,
ez eten hizketan ari denari.
9 Ez sartu axola ez zaizkizun arazoetan,
ez nahastu gizatxarren eztabaidetan.
Jainko-laguntzaren eraginkortasuna
10 Seme, ez sartu zeregin gehiegitan,
ugari hartzen badituzu ez duzu gauza onik egingo;
nahiz eta lasterka egin, ez zara iritsiko,
ez eta ihes egingo ere saiatu arren.
11 Bada lanean jo eta ke nekatzen denik,
eta zenbat eta gehiago lehiatu,
orduan eta beranduago iristen.
12 Bada ahulik, laguntza beharrean izaten denik,
baliabideak urri eta beharrak ugari dituela,
baina Jaunak onginahiz begiratzen dio
eta bere apalkuntzatik ateratzen;
13 burua altxarazten dio,
jende asko txundituta geratzen delarik.
14-16 Ongia eta gaizkia, bizia eta heriotza,
pobrezia eta aberastasuna, dena Jaunarengandik dator.
17 Jaunaren dohainak zintzoentzat dira,
haren onginahiak gidatuko ditu beti.
18 Saiatuz eta aurreztuz aberas daiteke gizakia,
baina zer irabazten du?
19 Agian pentsatuko du: «Har dezaket atseden,
goza nadin orain neure ondasunez»,
baina ez daki zenbat denboratarako izango den;
gero, hil eta besteei utziko dizkie ondasunak.
Heriotzakoan ezagutzen gizakia
20 Bete zeure egitekoa beronetara guztiz emana,
zahartzaroraino horretan iraunez.
21 Ez zaitzatela lilura bekatariaren egintzek.
Jarri uste ona Jaunarengan eta eutsi zeure ahaleginari,
erraza baita Jaunarentzat
behartsua bat-batean aberastea.
22 Jaunaren bedeinkazioa da zintzoaren saria,
unetxo batean lorarazten ditu bere bedeinkazioaren emaitzak.
23 Ez esan: «Zeren beharrean nago ni?
Zer ondasun espero dezaket oraindik?»
24 Ez esan: «Behar den guztia daukat;
zer zoritxar etor lekidake aurrerantzean?»
25 Zorion-egunean ahaztu egiten dira zoritxarrak,
zoritxar-egunean, berriz, ahaztu zoriona;
26 baina erraza zaio Jaunari
bakoitzari merezi duena heriotza-egunean ematea.
27 Une txar batek atsegina ahantzarazten du,
gizakiaren amaierak bere egintzak agertzen.
28 Heriotza aurretik, ez jo inor zoriontsutzat,
pertsona amaieran bakarrik ezagutzen da eta.
Ez fidatu gaiztoaz
29 Ez eraman edonor zeure etxera,
ugari baitira maltzurraren engainabideak.
30 Ehiza erakartzeko kaiolan dagoen eperra bezalakoa harroaren bihotza,
zelatari dago zu erori zain.
31 Ona txar bihurtuz, bere lakioak hedatzen ditu,
egintzarik garbienei ere aurkitzen die aitzakiarik.
32 Txinpartetik sutea sor daiteke,
bekatariaren lakioetatik odol-isurketa.
33 Kontuz gaiztoarekin, txarkeria baitu egitasmo,
ez dezala zure izen ona betiko belztu.
{{bertset|11|34| Eman ostatu arrotzari eta buruhausteak sortuko dizkizu,
arrotz bihurtuko zaitu zeure etxean ere.
Nori on egin
}}
12. atala
aldatu1 Ongia egiten duzunean, begira nori egiten diozun,
eta zeure mesedeengatik esker ona izango duzu.
2 Egin on zintzoari: izango duzu saria,
beronengandik ez bada, Goi-goikoagandik.
3 Ez dago onik txarrean jarraitzen duenarentzat,
ez eta limosna emateari uko egiten dionarentzat ere.
4 Eman zintzoari,
baina ez lagundu bekatariari.
5 Egin on apalari, baina ez eman ezer fedegabeari;
uka iezaiozu ogia, ez eman,
zeure dohainaz baliatuz, menpean har ez zaitzan;
bi aldiz gaitz handiagoa izango baituzu
egin diozun on guztiaren ordain.
6 Gorroto baititu Goi-goikoak ere bekatariak
eta zigortu egiten fedegabeak.
7 Eman zuzenari, baina ez lagundu bekatariari.
Benetako eta gezurrezko adiskideak
8 Adiskidea ez da onaldian ezagutzen,
etsaia ez da txarraldian ezkutuan geratzen.
9 Norbait onaldian denean, nahigabetu egiten dira etsaiak;
txarraldian, adiskideak ere alde egiten.
10 Sekula ez fidatu etsaiaz,
herdoilak brontzea bezala joko baitzaitu haren gaiztakeriak.
11 Nahiz eta apalarena egin eta burumakur ibili bera,
egon erne eta gorde zeure burua harengandik;
ispilua garbitzen duenak bezala jokatu zuk,
jakinik ez diola herdoilari betiko eutsiko.
12 Ez ezazu zeure ondoan ipin,
irauli ez zaitzan eta bera zeure lekuan jarri;
aldamenean jezarrarazten baduzu,
zeure eserlekua bereganatu nahiko du.
Bestela, ulertuko duzu nire hitzen zuzentasuna;
ez zaitezela damuz oroit ene aholkuez!
13 Nor errukituko da sugeak ziztatutako liluratzaileaz
eta piztiengana hurbildu eta zauritua izan denaz?
14 Bada, berdin da bekatariarekin ibili
eta haren bekatuetan nahasturik gertatzen dena.
15 Ordubete egongo da zurekin,
baina estropezu egiten baduzu,
bertan behera utziko zaitu.
16 Etsaiak gozo hitz egiten dizu,
baina amildegitik nola botako ari da asmatzen.
Agian etsaiak malkoak ditu begietan,
baina aukera izanik, odolaz nahiko luke ase.
17 Zoritxarrik gertatzen bazaizu,
hantxe izango duzu aurrean
eta laguntzeko aitzakiaz zangartekoa egingo dizu.
{{bertset|12|18| Gero, isekaz buruari eragin eta txalo joko du,
eta, zure kontra marmar eginez, benetako aurpegia erakutsiko.
Ez elkartu aberatsarekin
}}
13. atala
aldatu1 Bikea ukitzen duena zikindu egiten da,
harroarekin elkartzen dena haren antzeko bihurtzen.
2 Ez hasi zama astunegia eraman nahian,
ez eta elkartu ere zeu baino indartsuago eta aberatsagoarekin.
Buztinezko eta brontzezko ontziak elkartzea bezala litzateke:
elkar jotzen badute, apurtu egiten da lehena.
3 Aberatsak bidegabeki jokatu eta, halere, bera harro;
behartsuak bidegabekeria jasan eta, gainera, barkamena eskatu
behar.
4 Probetxugarri bazara, zutaz baliatuko da;
beharrean baldin bazaude, bertan behera utziko.
5 Ondasunik baldin baduzu, lagun izango duzu;
baina dena kenduko dizu barne-kezkarik gabe.
6 Zure beharra baldin badu, engainatu egingo zaitu,
irribarre egin eta itxaropena emango,
hitz politak esan eta galdetuko dizu:
«Zer egin dezaket zure alde?»
7 Hondatu egingo zaitu bere jaiekin
dena kentzea lortu arte,
eta azkenean iseka egingo;
gero, ikusita ere, ez dizu jaramonik egingo
eta buruari eragingo dio mesprezioz.
8 Kontuz ibili engaina ez zaitzaten,
zeure zorakeriagatik apaldua ez izateko.
Mesfidatu handikiez
9 Ahaltsuren batek dei egindakoan, ez joan arinegi,
are gehiago dei egingo dizu eta.
10 Ez joan arrapaladan, bazter ez zaitzan;
ez eta geratu ere urrutiegi, ahaztu ez zaitzan.
11 Ez hitz egin nahi izan berarekin parez pare,
ez fidatu haren berbaldi luzeez,
bere hitz-jarioaz proban jarriko baitzaitu
eta irribarrez ere aztertu egingo.
12 Errukigabea da, ez ditu zure hitzak isilean gordeko,
ez dizkizu ebitatuko tratu txar eta kateak.
13-14 Gorde zeure burua eta ibili kontu handiz,
zeure hondamendiaren ertz-ertzetik baitzabiltza.
Aberatsa eta behartsua
15 Bizidun orok maite du bere antzekoa
eta edozein gizakik bere lagun hurkoa.
16 Bizidun oro bere ezpalekoekin batzen da
eta gizakia bere antzekoekin.
17 Zer dute elkarrekin otsoak eta arkumeak?
Zer bekatariak eta zintzoak?
18 Nola bizi elkarrekin hiena eta zakurra,
aberatsa eta behartsua?
19 Lehoien harrapakin dira basastoak basamortuan:
berdin behartsuak aberatsen bazka.
20 Harroari nardagarri zaio apaltasuna:
berdin aberatsari behartsua.
21 Koloka dabilen aberatsari lagunek eusten diote;
erortzen den apala, lagunek ere baztertu.
22 Aberatsak huts egiten badu, askok babesten dute;
inozokeriak esan arren, arrazoi ematen.
Behartsuak huts egiten badu, agiraka egiten zaio;
zentzuzko gauzak esan arren, jaramonik egiten ez.
23 Aberatsak hitz egiten badu, denak isildu
eta hodeietaraino goratzen haren hitzak.
Behartsuak hitz egin eta «Nor da hori?» galdetzen dute;
eta, estropezu egiten badu, bultza egiten diote eror dadin.
24 Aberastasuna ona da bidegabea ez bada,
pobrezia txarra fedegabe direnentzako.
Kontzientzia
25 Gizakiaren bihotzak aurpegia moldeatzen du:
onean nahiz txarrean aldatzen.
{{bertset|13|26| Aurpegi alaia bihotz onaren adierazgarri;
gizaki kopetilunak gogoeta tristeak islatzen.
}}
14. atala
aldatu1 Zorionekoa bere ahoaz huts egin ez duen gizakia
eta bere bekatuen tristurak samintzen ez duena.
2 Zorionekoa bere kontzientziak salatu gabekoa
eta bere itxaropena inoiz galdu ez duena.
Bekaizkeria eta zikoizkeria
3 Zekenentzat ez da aberastasuna onuragarri;
bekaiztiarentzat, zertarako dirua?
4 Bere buruari ukatuz metatzen duenak besteentzat metatzen
du;
haren ondasunez besteak biziko ederki.
5 Bere buruarekin gogorra dena, norentzat izango ote bigun?
Ez du bere ondasunekin gozatuko.
6 Ez dago okerragorik bere burua gaizki hartzen duena baino,
horixe du bere gaiztakeriaren ordaina.
7 On egiten duenean ere, oharkabean egiten du;
erakutsiko du azkenean bere gaiztakeria.
8 Begi-bekaiztia gaiztoa da:
aurpegia itzuli eta jendea mesprezatzen du.
9 Zekenaren gutizia ez da bere parteaz asetzen,
zikoizkeriak arima lehortzen dio.
10 Zekena ogitan ere xuhur,
bere mahaian ere falta izaten du.
Aberastasunen erabilera egokia
11 Seme, ahal duzun neurrian, hartu ongi zeure burua
eta aurkeztu Jaunari zor dizkiozun opariak.
12 Gogoan izan heriotza ez dela atzeratuko
eta ez dizutela ezagutarazi heriotzako ordua.
13 Hil aurretik, egin on zeure lagunari,
ahal duzun neurrian emaiozu eskuzabal.
14 Ez ukatu zeure buruari egun zoriontsurik,
ez ase gabe utzi bidezko guraria.
15 Zergatik utzi besteri zeure nekeen emaitza?
Zergatik banatu behar dituzte ondorengoek zure irabaziak?
16 Eman eta hartu, gozarazi zeure buruari,
Hilen Egoitzan ez baitezakezu espero atseginik.
17 Bizidun oro soinekoa bezala zahartzen da;
betiko lege baita hau: «Hil egin behar duzu».
18 Ikus arbola joriaren gaineko hostoak:
batzuk jausi, besteak sortu;
berdin hezur-mamizko belaunaldiak:
bat hil, bestea jaio.
19 Gizalan oro ustelkor da eta desagertu egiten,
egilea ere berarekin galtzen da.
Jakinduriaren bila
20 Zorionekoa jakinduriari emana
eta adimenaz arrazoitzen duena,
21 jakinduriaren bideak barruan hausnartu
eta haren sekretuak gogoan erabiltzen dituena.
22 Usnaka dabil haren arrastoaren atzetik;
zelatan, noiz igaroko zain.
23 Haren leihotik kirika egoten da,
ate ondoan entzuten.
24 Jakinduriaren ondoan egoteko,
haren etxeko hormetan
25 finkatzen du bere oihal-etxola;
han aurkitzen du ostatu atsegin.
26 Seme-alabak haren babespean jartzen ditu
eta haren adar azpian egoten.
{{bertset|14|27| Berak babesten du berotik
eta haren presentzia argitsuan bizi da.
Zintzoaren saria
}}
15. atala
aldatu1 Horrela jokatzen du Jaunarenganako begirunea duenak,
legeari atxikiak lortuko du jakinduria.
2 Hau ama bezala aterako zaio bidera,
emazte gazteak bezala hartuko abegikor.
3 Adimenaren ogiaz elikatuko du,
jakinduriaren uretatik emango edaten.
4 Harengan sostengatu eta ez da eroriko,
hari atxiki eta ez du huts egingo;
5 ingurukoen gainetik goratuko du,
batzarraren erdian hitz egiteko gaitasuna emango.
6 Poza eta alaitasunezko koroa izango ditu,
betiereko izena bereganatuko.
7 Zentzugabeek ez dute jakinduria eskuratuko,
bekatariek ez dute ikusi ere egingo.
8 Harroengandik urruti dago,
gezurtiak ez dira hartaz oroitzen.
9 Lekuz kanpo dago haren gorespena bekatariaren ahoan,
ez baita Jaunak eragina izango;
10 jakinduria duenak bakarrik egin dezake gorespena,
Jaunak berak gidatuko baitu zuzen.
Gizakiaren askatasuna eta erantzukizuna
11 Ez esan: «Jaunaren erruz galbideratu naiz»,
Jaunak ez baitu gorroto duena egiten.
12 Ez esan: «Hark desbideratu nau»,
hark ez baitu bekatariaren beharrik.
13 Jaunak gorroto dio gaiztakeria orori
eta berdin hari begirune diotenek.
14 Jaunak hasieran egin zuenean,
aukeramena eman zion gizakiari.
15 Nahi baduzu, gorde ditzakezu aginduak,
Jaunaren borondatea zintzo betetzeko.
16 Hark sua eta ura jarri dizkizu aurrean,
nora nahi, hara eraman dezakezu eskua.
17 Bizitza eta heriotza daude gizakien aurrean jarriak:
aukeratzen duena emango bakoitzari.
18 Handia da, bai, Jaunaren jakinduria,
guztiz ahaltsua da eta dena ikusten du,
19 gizakiak egindako guztia ezagutzen.
Begirune diotenengan ditu jarrita begiak;
{{bertset|15|20| ez dio inori agindu fedegabe izateko,
ez eta inori eman ere bekatu egiteko baimenik.
Fedegabeen madarikazioa
}}
16. atala
aldatu1 Ez gura izan seme-alaba ugari,
onak izango ez badira;
ez poztu dituzun seme-alabak fedegabeak badira.
2 Ugari izan arren, ez poztu beraiengatik,
Jauna errespetatzen ez badute.
3 Ez jarri zeure uste ona haien bizitza luzean,
ez eta oinarritu ere haien kopuru handian,
hobe baita bakar bat mila baino,
hobe batere gabe hiltzea haur fedegabeak izatea baino.
4 Gizaki zentzudun bakar bat aski baita hiria betetzeko,
baina legegabeen askazia deuseztua izango.
5 Horrelako asko ikusia naiz,
eta handiagoak ere entzuna.
6 Bekatarien batzarrean sortu zen sua,
herri errebeldearen kontra Jaunaren sumina piztu.
7 Ez zien antzinako erraldoiei barkatu,
beren indarrez fidaturik kontra altxatu zitzaizkionean.
8 Ez zuen Lot-en hiria ere zigorgabe utzi,
nardagarri baitzitzaion hango harrokeria.
9 Ez zen errukitu herri galduaz,
ezabatua izan zen bere bekatuengatik;
10 berdin gertatu zitzaien seiehun mila oinezkoei ere,
beren sinesgogorkerian bat etorri ziren israeldarrei.
11 Nahiz eta bat bakarra egon kaska-gogorra,
harrigarria litzateke kaltegabe geratzea;
errukiorra eta era berean haserrekorra baita Jauna,
ahaltsua barkatzen eta sumina isurtzen.
12 Errukia bezain handia du zorroztasuna,
egintzen arabera epaitzen du gizakia.
13 Bekataria ez da berearekin aurrera aterako,
zintzoaren jasankortasuna ere ez da hutsean geratuko.
14-16 Erruki-egintza orok izango du saria,
bere egintzen arabera hartuko bakoitzak.
Ordainsariaren ziurtasuna
17 Ez esan: «Jaunarengandik ezkutatuko naiz;
han goitik, nor oroituko da nitaz?
Hainbeste jenderen artean ez nau ezagutuko;
zer naiz, bada, ni mundu zabalaren erdian?»
18 Hara, zeruak eta zeruen zeruak,
lurrak eta leizeak dardar egiten dute hura etortzean;
19 mendiak eta lurraren oinarriak
dardaraz jartzen hark begiratzean.
20 Baina honetaz guztiaz ez da gogoetarik egiten;
nork jartzen die arreta hark egindakoei?
21 Oharkabean etortzen den ekaitza bezala,
haren egintza gehienak ezkutuan gertatzen dira.
22 «Jaunaren justizi egintzak, nork aldarrikatzen ditu?
Nor dago haien zain?
Ez da berehala gertatuko hark agindutakoa!»
23 Honela pentsatzen du bihotz kaxkarrekoak;
burugabeak, bide-galduak, zorakeria besterik ez.
Jainkozko jakinduria kreazioan
24 Entzun, seme, eta zeureganatu jakintza;
jarri zeure bihotza ene esanetara.
25 Neurritasunez azalduko dizut irakaspena,
zehaztasunez iragarriko jakin beharrekoa.
26 Jaunak, hasieran bere egintzak burutu zituenean,
bakoitzari bere lekua izendatu zion.
27 Betiko arautu zien beren egitekoa,
hasieratik urrutiko etorkizunera arte.
Ez dira gose, ez eta nekatzen ere,
ez dute beren eginkizunean hutsik egiten.
28 Batek ere ez dio ondokoari traba egiten,
sekula ez dute haren hitza betegabe uzten.
29 Gero, Jaunak lurrerantz begiratu zuen
eta bere ondasunez bete mundua.
{{bertset|16|30| Mota guztietako bizidunez estali zuen lurgaina,
eta lur azpira itzuli behar dute hiltzean.
}}
17. atala
aldatu1 Jaunak lurretik sortu zuen gizakia
eta bertara itzularazi berriro.
2 Egun-kopuru eta denbora jakina ezarri zien
eta lurreko gauzen gain ahalmena eman.
3 Berea bezalako indarrez jantzi zituen
eta bere irudiko egin.
4 Gainerako bizidunek haienganako beldurra izatea nahi izan
zuen,
basapiztia eta hegaztien nagusi izan zitezen.
5-6 Mihia, begiak eta belarriak eratu zizkien,
pentsatzeko eta aukeratzeko ahalmena eman.
7 Jakintzaz eta bereizmenez bete zituen,
eta ona zer den eta gaizkia zer den erakutsi.
8-9 Bereganako begirunea ere jarri zien bihotzean,
haren egintzen handitasuna atzeman zezaten.
10 Honela, haren izate santua goretsiko dute,
egintzen handitasuna aldarrikatuko.
Ituna eta legea
11 Gainera, jakintza eman zien,
bai eta bizia dakarren legea ere.
12 Betiko ituna egin zuen haiekin,
bere erabakiak jakinarazi.
13 Haren aintza handia ikusi zuten gizakiaren begiek,
haren ahots gorena entzun beronen belarriek.
14 Esan zien: «Aldendu bidegabekeriatik»;
bakoitzari aginduak eman zizkion lagun hurkoari buruz.
Ezerk ez Jaunari ihes egiten
15-16 Jaunak beti ditu aurrean gizakien jokabideak,
ez dira ezkutatzen haren begietatik.
17-18 Herri bakoitzari bere buruzagia izendatu dio,
baina Jaunari berari dagokion herri da Israel.
19 Giza egintza guztiak daude haren aurrean eguzkia bezala,
haren begiek etengabe behatzen gizakien jokabideak.
20-21 Hauen bidegabekeriak ez zaizkio ezkutuan geratzen,
bekatu guztiak daude Jaunaren aurrean.
22 Gizakiaren erruki-egintzak bere gauzarik baliotsuentzat
hartzen ditu hark,
egintza onak begininia bezala gordetzen.
23 Azkenean, jaiki eta ordaina emango die,
nori bere merezia itzuliko.
Jaunarengana itzultzeko deia
24 Damu direnei bihozberritzeko aukera ematen die,
eta adorea galduta daudenak indarberritzen.
25 Itzuli, bada, Jaunarengana eta utzi bekatua,
erregutu haren aurrean eta kendu bekaturako bideak.
26 Etorri berriz Goi-goikoagana eta saihestu
zuzengabekeriatik,
gorrotatu bene-benetan Jaunari iraingarri zaiona.
27 Nork goretsiko du Goi-goikoa Hilen Egoitzan?
Bizi direnek bakarrik eman diezaiokete aintza.
28 Gizakia hil eta izateari uztean, kito gorespena!
Bizirik eta osasuntsu dagoenean gorets dezake Jauna.
29 Bai handiak direla Jaunaren errukia eta barkamena
harengana itzultzen direnentzat!
30 Ez dago dena gizakiaren esku,
gizasemea ez baita hilezkor.
31 Zer eguzkia baino argitsuagorik?
Halere desagertu egiten da.
Eta haragi huts den gizakia gaiztakeria asmatzen...
{{bertset|17|32| Zeruko astroak ikuskatzen ditu Jainkoak;
gizakiak, ordea, hauts eta errauts besterik ez dira.
Jainkoa handia da
}}
18. atala
aldatu1 Beti bizi denak egin zituen gauza guztiak,
2-3 Jaunak bakarrik merezi du zuzentzat hartua izatea.
4 Inor ez da gai haren egintzak aldarrikatzeko;
nork aztertuko, orduan, haren egintza miresgarriak?
5 Nork neurtuko haren ahalmen ikaragarria?
Nor hasiko ote haren erruki-egintzak zenbatzen?
6 Ez dago ezer kentzerik, ez eransterik,
ezinezkoa da Jaunaren mirariak aztertzea.
7 Amaitu duela uste duenean, orduan ari da hasten gizakia,
eta uzten dionean, are txundituago geratzen.
Gizakia ez da ezer
8 Zer da gizakia? Zertarako da on?
Zer, egiten duen ongia eta gaizkia?
9 Beraren bizi-denbora, gehienez ere,
ehun urtera iristen da.
10 Itsasoko ur-tanta, hondar-ale dira
beraren urteak betikotasunaren aldean.
11 Horregatik da Jauna gizakiekin jasankor
eta bere errukia isurtzen die gainera.
12 Ikusten du eta badaki zein amaiera tristea duten,
horregatik ematen die oparo bere barkamena.
13 Gizakiak lagun hurkoari bakarrik dio errukia;
Jaunak, berriz, bizidun guztiei.
Berak zentzarazi, hezi eta irakatsi egiten die,
artzainak artaldea bezala gidatzen.
14 Errukia du heziketa onartzen dutenentzat
eta haren erabakiak betetzen ahalegintzen direnentzat.
Emateko era
15 Seme, mesedeak egitean ez agiraka egin,
ez eta hitzez iraindu ere zerbait ematean.
16 Ez al du ihintzak sargoria arintzen?
Zenbaitetan emaitzak baino gehiago balio du hitzak.
17 Ez al duzu ikusten hitzak opari onak baino gehiago balio
duela?
Halere, biak elkartzen asmatzen du emaile onak.
18 Zentzugabeak ez daki mindu gabe agiraka egiten;
bekaiztiaren emaitzak begiak erretzen ditu.
Burutsuen zuhurtzia
19 Ikasi hitz egin aurretik,
eta zaindu osasuna gaixotu baino lehen.
20 Aztertu zeure burua epaiketa aurretik,
eta kontuak hartzeko orduan barkamena izango duzu.
21 Apaldu zeure burua gaixoaldia baino lehen,
bekatu egitean agertu zeure damua.
22 Ez diezazula ezerk eragotzi zeure botoa garaiz betetzen,
ez itxaron heriotzako ordura arte.
23 Botoa egin aurretik, pentsa ongi;
ez izan Jauna zirikatzen duten horien antzekoa.
24 Oroitu azken eguneko haserre-zigorraz:
Jainkoak aurpegi zorrotzez kontuak eskatuko dizkizu.
25 Oparotasun-denboran oroitu gosealdiaz;
aberastasun-egunetan, pobreziaz eta lazeriaz.
26 Egoera aldatu egin daiteke egunsentitik ilunabarrera,
Jaunak bizkor alda dezake dena.
27 Gizaki zuhurra arretaz ibiltzen da beti,
bekatuak kilikatzen duenean ihes egiten du hutsegitetik.
28 Gizaki zentzudunak ezagutzen du jakinduria,
omen egiten dio hau aurkitu duenari.
29 Zentzuz hitz egiten dutenek ere jakinduria agertzen dute,
euria bezain ugari isurtzen esaera egokiak.
Nor bere buruaren jabe
30 Ez dakizkizula zeure grinak nagusitu,
eutsi zeure gurariei.
31 Zeure grinei amore ematen badiezu,
etsaien irrigarri bihurtuko zara.
32 Ez jarri zeure poza atseginetara emaniko bizimoduan,
garesti ordaindu beharko duzu eta.
{{bertset|18|33| Zeure zorroan ezer ez daukazunean,
ez gehiago txirotu mailegaturiko dirua jaietan eralgiz.
}}
19. atala
aldatu1 Edateari emandako langilea ez da aberastuko,
gauza txikiak gutxiesten dituenak behea joko poliki-poliki.
2 Ardoak eta emakumeek gizon zentzudunak ere galtzen dituzte,
emagalduekin dabilena are arrisku handiagotan jartzen da.
3 Ustelak eta harrak berenganatuko dute,
arriskuzaleak bizia galduko.
Isiltzen eta hitz egiten jakin
4 Bizkorregi fidatzen dena kaxkarina da;
bekatariak bere buruari egiten kalte.
5 Gaiztakeriaz gozatzen dena kondenatua izango da.
6 Berritsukeriari higuin dionak gaizkiari ihes egingo.
7 Sekula ez errepikatu entzuten duzuna
eta ez duzu zer galdurik izango,
8 ez kontatu lagunari, ez etsaiari;
ez azaldu, isiltzeak errudun bihurtzen ez bazaitu behintzat;
9 baliteke norbaitek entzun eta zutaz mesfidatzea,
eta egunen batean bere gorrotoa agertuko lizuke.
10 Zerbaiten berri entzun duzu? Txintik ere ez esan.
Lasai, ez zara lehertuko eta.
11 Berria jakitean ondoezik jartzen da zentzugabea,
emakumea erdiminetan bezala.
12 Izterrean sartutako gezia bezala da
entzundako berria zentzugabearen erraietan.
13 Galdekatu laguna: agian ez du ezer egin,
eta zerbait egin badu, berriro egin ez dezan.
14 Galdekatu lagun hurkoa: agian ez du hori esan,
eta esan badu, errepika ez dezan.
15 Galdekatu laguna: askotan kalumnia besterik ez da izaten;
ez fidatu, beraz, esaten den guztiaz.
16 Batzuetan, nahi gabe, irrist egiten da;
nork ez du noizbait mihiaz huts egin?
17-19 Galdekatu lagun hurkoa mehatxatu aurretik,
eta bete dadila Goi-goikoaren legea.
Egiazko eta gezurrezko jakinduria
20-21 Jakinduria oro Jaunarenganako begirunean datza,
haren legea betetzean, alegia.
22 Baina gaizkian aditua izatea ez da jakinduria,
bekatarien burutazioak ez dira zuhurtzia.
23 Bada zuhurtasun bat nardagarri dena,
burugabea da jakinduriarik ez duena.
24 Hobe da Jaunari begirune dion adimen gutxikoa,
legea hausten duen buru-argia baino.
25 Zeren, bada zuhurtasun zehatz bat bidegabekeriara daramana,
bai eta maltzurkeriaz jokatzen duena zuzen-itxurak egiteko ere.
26 Bada gaizkilerik kopetilun eta burumakur ibili
eta barrua maltzurkeriaz betea duenik.
27 Aurpegia ezkutatu eta entzungor egiten du,
baina gutxien uste duzunean zure gain oldartuko da.
28 Ezinak bakarrik eusten dio huts egin gabe,
baina egokiera duenean egingo du gaizkia.
29 Bere itxuratik ezagutzen da gizakia;
aurpegieratik ezagutzen nor den burutsua.
{{bertset|19|30| Janzkerak, barreak, ibilerak
azaltzen dute nolakoa den gizakia.
Nola agiraka egin
}}
20. atala
aldatu1 Badira agiraka desegokiak,
bai eta zuhurtzia adierazten duen isiltasuna ere.
2 Hobe da agiraka egitea amorratuta egotea baino,
3 bere erruak aitortzen dituenak, zigorrik ez!
4 Neskatxa bortxatu nahi duen irendua bezalakoa da
justizia indarrez ezarri nahi duena.
Isiltzen eta hitz egiten jakin
5 Bada isilik egon eta jakintsutzat hartua izaten denik,
bai eta hitz-jarioagatik higuingarri bihurtzen denik ere.
6 Bada zer esanik ez duelako isiltzen denik,
bai eta une egokiaren zain isiltzen denik ere.
7 Zuhurra une egokira arte egoten da isilik,
ahoberoak eta zentzugabeak garaiz kanpo hitz egiten.
8 Neurrigabe hitz egiten duena higuingarri bihurtzen da,
besteen gain jarri nahi duenak gorrotoa sortzen.
Paradoxak
9 Batzuetan zoritxarrak mesede egiten dio gizakiari,
besteetan zorterik onena kalterako zaio.
10 Bada onura gutxi emango dizun dohainik
eta bada bi halako balioko dizun dohainik.
11 Ospeak batzuetan apalkuntza ekartzen du,
eta bada, apalkuntza ostean, burua altxatzen duenik.
12 Bada diru gutxiz asko erosten duenik,
baina gero zazpi aldiz garestiago ateratzen zaio.
13 Jakintsua, hitz gutxiz, maitagarri bihurtzen da,
baina zentzugabeak alferrik galtzen ditu hitz goxoak.
14 Burugabearen dohainak ez dizu onurarik ekarriko,
zazpi begiz baitago itzuliko diozunaren zain.
15 Gutxi eman eta asko mintzen du,
pregoilariak bezala aldarrikatzen baitu;
gaur maileguan utzi eta bihar itzultzeko eskatu:
higuingarria da horrelakoa!
16 Esaten du zentzugabeak: «Ez dut batere lagunik,
inork ez dizkit neure mesedeak eskertzen».
Haren ogia jaten dutenak mihigaizto dira;
17 zenbat aldiz ez ote diote barre egiten!
Mintzamenaren erabilera burutsua
18 Hobe harri gainean irrist egin mihiaz egin baino;
gaiztoen erorketa bat-batekoa izan ohi da.
19 Hezigabeen ahotan etengabe dagoen
ipuin desegokia bezalakoa da gizabidetsu ez dena.
20 Ez da onartzen zentzugabeak botatako esaerarik,
ez baitu inoiz une egokian esaten.
21 Bada txirotasunagatik bekaturik egin ezin duenik;
lotaratzean ez du barne-zimikorik izaten.
22 Bada begiruneagatik bere burua galtzen duenik,
eta burugabea errespetatzearren galdu ere!
23 Bada begiruneagatik lagunari promesak egiten dizkionik,
horrela, premiarik gabe etsai bat irabaziz.
Gezurra
24 Gezurra laido izugarria gizakiarentzat,
etengabe egoten da hezigabeen ahotan.
25 Hobe lapurra, beti gezurretan ari dena baino,
nahiz eta biek berenganatuko duten hondamendia.
26 Desohoragarria da gezurti izatea,
eta beti du lotsa bere gain.
Jakinduriaren abantaila eta betebeharrak
27 Jakintsuak bere hitzez lortzen du arrakasta,
zuhurra atsegin izaten dute handikiek.
28 Lurra lantzen duenak uzta ederra biltzen du,
handikien atsegina duenak bidegabekeriaren barkamena lortzen.
29 Opari eta eskuerakutsiek jakintsuen begiak itsutzen,
eta muturrekoa jarri baliete bezala kritikatzea eragozten.
30 Ezkutuko jakinduriak eta lurpeko altxorrak,
zertarako balio dute biek?
{{bertset|20|31| Hobe bere txorakeria ezkutatzen duen gizakia
bere jakinduria ezkutatzen duena baino.
Ihes egin bekatuari
}}
21. atala
aldatu1 Seme, bekatu egin duzu? Ez egin berriro
eta eskatu barkamena egindakoengatik.
2 Egin ihes bekatuari sugeari bezala,
hurbiltzen bazatzaizkio zizta egingo dizu eta;
haren hortzak lehoiarenak bezalakoak dira,
gizakiari bizia kentzeko modukoak.
3 Aho-biko ezpata da edozein bidegabekeria,
zauritzen bazaitu ez dago osabiderik.
4 Arrandikeriak eta ausarkeriak ondasunak suntsitzen:
harroputzaren etxea suntsitua izango.
5 Behartsuaren otoitza Jainkoarenganaino iristen da,
eta honek justizia egiten dio luzarora gabe.
6 Agirakarik onartzen ez duena bekatu-bidean jartzen da,
Jaunari begirune diona bihotzez itzultzen harengana.
7 Urrutitik ezagutzen da berritsua,
eta zentzuzkoak badakizki haren hutsegiteak.
8 Inoren diruaz bere etxea eraikitzen duena
bere hilobirako harriak biltzen ari da.
9 Fedegabeen batzarra lasto-meta da,
sugarretan amaituko du.
10 Ongi zolaturiko galtzada da bekatariaren bidea,
baina azkenean Herio Leizera darama.
Jakintsua eta zentzugabea
11 Legea betetzen duena bere pentsaeraren jabe da;
Jaunarenganako begiruneak jakinduria du azken helburu.
12 Ez da ikasia bihurtuko zuhurtasunik ez duena,
baina bada atsekabe handia sortzen duen zuhurtasunik ere.
13 Jakintsuaren ezagutza uholdea bezala hazten da,
eta haren aholkua bizia ematen duen iturri.
14 Zentzugabearen bihotza ontzi puskatua:
ikasten duenari ezin eutsi.
15 Gizon ikasiak zerbait zuhurra entzuten badu,
goraipatu egiten du eta hartan sakontzen.
Galdukerian bizi denak entzuten badu,
ez du atsegin izaten eta mesprezatu egiten du.
16 Zentzugabearen hizketa bidean zama astuna eramatea da,
baina zentzudunaren hitzak xarmaz beteak.
17 Batzarretan zuhurrari entzun nahi izaten zaio
eta haren hitzak hausnartzen bihotzean.
18 Etxe hondatua da jakinduria txoroarentzat,
zentzugabearen ezagutza burugabeko hizketaz eratua.
19 Heziketa oinetan katea da buru gutxikoarentzat,
esku-burdina eskumuturretan bezala.
20 Zentzugabeak ozenki egiten du barre,
zuhurrak ozta-ozta irribarre.
21 Heziketa urrezko apaingailu da zuhurrarentzat,
eskumuturrekoa besoan bezala.
22 Zentzugabearen oina bizkor sartzen da inoren etxera;
zentzatua, berriz, gizabidetsu aurkezten.
23 Burugabeak sartu eta barrua miatzen du,
ongi hezia kanpoan geratzen.
24 Ate ondotik entzutea hezigabeen gauza da;
zuhurrarentzat, berriz, lotsagarria.
25 Berritsuen ezpainek inoren hitzak errepikatzen dituzte,
zuhurren hitzak ongi neurtuak izaten dira.
26 Zentzugabeek bihotza ahoan,
jakintsuek ahoa bihotzean.
27 Fedegabeak, Satan madarikatzen duenean,
bere burua madarikatzen du.
{{bertset|21|28| Gaizki-esaleak bere burua zikintzen du,
eta higuindua izaten bere inguruan.
Alferra
}}
22. atala
aldatu1 Harri kakaztuaren antzeko da alferra,
ematen duen nazkarengatik baztertu egiten dute denek.
2 Gorotzaren antzeko da alferra,
hura hartzen duen guztiak eskua astintzen.
Seme-alaben heziera
3 Lotsagarri da gaizki hezitako semearen aita izatea,
eta ez zoritxar txikiagoa alaba baldin bada.
4 Alaba zuhurrak bereganatuko du senarra,
baina laidoztatua aitaren tristura da.
5 Lotsabakoa aitaren eta senarraren ahalkegarri,
eta biek mesprezatuko dute.
6-8 Garaiz kanpoko hitzaldia hiletatan soinua jotzea da;
baina zigorra eta zentzarazpena dagozkio beti jakinduriari.
Zentzagaitza da txoroa
9 Zentzugabeari irakastea apurtutako ontzi-zatiak elkartzea
da,
lozorroan dagoena esnaraztea.
10 Zentzugabeari hitz egitea lo dagoenari egitea bezala da;
«Zertaz ari zara?», esango du azkenean.
11 Egin negar hildakoagatik, argia galdu baitu;
egin negar zentzugabeagatik, ez baitu buru-argitasunik.
Negar gutxiago egin hildakoagatik, atsedena aurkitu baitu;
zentzugabearen bizitza, berriz, heriotza baino okerragoa da.
12 Hildakoagatiko doluak zazpi egun irauten du,
zentzugabe eta fedegabeari buruzkoak bizitza osoa.
13 Ez hitz egin asko burugabearekin,
ez ibili zentzugabearekin;
gorde harengandik, buruhausterik ez izateko,
astindutakoan zikindu ez zaitzan;
aldendu harengandik, atsedena aurkitu nahi baduzu,
haren zorakeriek gogait ez zaitzaten.
14 Zer da beruna baino astunago?
Nola deitu, «zentzugabe» ez bada?
15 Harea, gatza eta burdin bola
eramaten errazago dira zentzugabea baino.
16 Habeak ongi loturik daudenean,
etxea ez du lurrikarak ere botatzen;
berdin ongi hausnarturiko egitasmoan finkatutako erabakia:
ez dute zalantzan jartzen garai txarrean.
17 Gogoeta zentzuzkoan oinarrituriko erabakia
ondo leunduriko horman emandako pintura bezala da.
18 Gainetan ezarritako hesiek
ezin haizeari eutsi;
burutazio zentzugabeetatik sorturiko erabaki ahulek
ezin tinko iraun edozein arriskuren aurrean.
Adiskidetasuna
19 Begia jotzen duenak malkoak isurarazten ditu,
bihotza jotzen duenak sentimenduak agerrarazten.
20 Txoriari harrika egiten dionak ihes eragiten dio,
laguna iraintzen duenak adiskidetasuna desegiten.
21 Lagunaren aurka ezpata erabili baduzu,
ez galdu itxaropenik, bada oraino konponbiderik;
22 lagunaren aurka zerbait esan baduzu,
ez kezkatu, bakeak egin litezke eta.
Baina irainak, harrokeriak, ezkutukoak azaltzeak, azpikeriazko
kolpeak:
hauek bai ihes eragiten diotela edozein laguni.
23 Zeureganatu lagun hurkoaren konfiantza pobre den bitartean,
berarekin goza dezazun aberasten denean.
Izan zakizkio leial atsekabealdian,
harekin parte izan dezazun heredatzen duenean.
24 Suaren aurretik lurruna eta kea irteten dira labetik;
era berean, irainak izaten odolaren aurretik.
25 Ez naiz laguna babesteaz lotsatzen,
ez naiz harengandik ezkutatzen;
26 baina, berarengatik zerbait txarrik gertatzen bazait,
jakingo dutenak aldendu egingo dira harengandik.
Otoitza
{{bertset|22|27| Nork ezarriko du jagolea nire ahoan
eta zuhurtasunezko zigilua ezpainetan,
ez nazaten neure hitzek eroraraz
eta mihiak galbidean jar?
}}
23. atala
aldatu1 Jauna, Aita eta nire biziaren Jabea,
ez nazazu utz neure mihiaren menpe,
ez nazala eroraraz.
2 Nork erabiliko du zigorra nire gogoetak zuzentzeko?
Nork zentzaraziko nire bihotza jakinduriaz,
oharkabeko hutsegiteen kontu eska diezadan
bekatuak isilean pasatu gabe?
3 Horrela ez dira nire hutsegiteak gehituko,
ez bekatuak ere ugarituko;
ez naiz kontrarioen aurrean eroriko,
etsaia ez da nire lepotik poztuko.
4 Jauna, Aita eta nire biziaren Jabea,
ez utzi niri harrokerian erortzen,
5 aldendu niregandik grina txarrak.
6 Ez nazatela menpera sabelkeriak eta haragikeriak;
ez nazazu utz irrika likitsen esku!
Zin-hitzak
7 Seme-alabok, entzun nola zentzatu zeuen ahoa!
Irakaspen hau betetzen duenak ez du huts egingo.
8 Bekatariari tranpa bihurtzen zaio mihia,
iraintzaile eta harroputzari erorbide.
9 Zure ahoa ez dadila ohitu zin egiten,
ez eta Santuaren izena maizegi aipatzen ere.
10 Zeren eta, hurbiletik zaindutako morroia
jipoirik gabe gelditzen ez den bezala,
etengabe zin egin eta Jainkoaren izena aipatzen duena
ez baita bekatu egin gabe geldituko.
11 Zin asko egiten duena maltzurkeriaz beteko da:
zigorra ez da haren etxetik aldenduko.
Zin-hitza ez badu betetzen,
beraren gain jausiko da bekatua;
arinkeriaz egiten badu, bi aldiz egingo du bekatu;
gezurretan zin egiten badu, ez da errugabe geldituko,
ezbeharrez beteko zaio etxea.
Hizkera txarrak
12 Bada heriotza merezi duen hizkerarik:
ez ahal da horrelakorik Israel herrian izango!
Zintzoak urrundu egiten dira horrelakotik
eta ez dira bekatuetan iraulkatzen.
13 Ez ohitu zeure ahoa itsusikeriak esatera,
bekaturako aukera ematen baitu horrek.
14 Gogoan izan aitamak
handikien artean esertzen zarenean,
gerta ez dadin haien aurrean oharkabean
zentzugabekeriak esaten hastea ohituragatik.
Orduan, jaio ez izatea nahiko zenuke
eta jaioteguna madarikatuko.
15 Hizketa iraingarrira ohitutakoa
ez da bizitza osoan zentzatuko.
Sexu-grina
16 Bi motatako jendeak ugaltzen ditu bekatuak,
baina hirugarren batek pizten Jainkoaren sumina.
Batek suak bezala erretzen duen grina gartsua du,
ez da itzaliko dena erre arte;
besteak bere gorputza lizunkeriara emana du,
ez du bakerik izango bere suak erre arte
17 -lizunarentzat edozein ogi baita ona-
eta ez du atsedenik izango hil arte;
18 eta azkenik, bere emazteari leial ez zaiona dago,
bere artean esaten du: «Nork ikusiko nau?
Ilunak inguratzen nau, hormek ezkutatzen,
ezin nau inork ikusi; zertan kezkatu?
Goi-goikoak ez ditu nire bekatuak kontuan hartuko».
19 Giza begien beldur da hori,
eta ez daki eguzkia baino mila aldiz argitsuago
direla Jaunaren begiak,
gizakiaren bide guztiei begira daudela
eta bazterrik gordeenetara sartzen.
20 Eginak izan aurretik, gauza guztiak zituen ezagunak,
burutuak izan ondoren ere bai.
21 Gutxien espero zuen tokian harrapatuko dute gizon hori
eta herritar guztien aurrean zigortuko.
Emazte adulteriogilea
22 Berdin, senarrari desleial izan
eta beste batengandik ondorengoa sortzen dion emakumea:
23 lehenik, Goi-goikoaren legea desobeditu du;
gero, irain egin dio senarrari,
eta hirugarren, adulterio egin du
eta umeak izan ditu beste batekin.
24 Batzar aurrera eramango dute
eta ikerketa egingo seme-alabei buruz.
25 Seme-alabek ez dute sustrairik botako,
ez eta haien adarrek fruiturik emango ere.
26 Madarikatua izango da haren oroitzapena,
sekula ez ezabatuko haren laidoa.
{{bertset|23|27| Gelditzen direnek jakingo dute
ezer ez dela Jauna errespetatzea baino baliotsuago,
ezer ez haren aginduak betetzea baino gozoago.
JAKINDURIAREN GORAIPAMENA
ETA GIZARTE-ESKAKIZUNAK
Jakinduriaren goraipamena
}}
24. atala
aldatu1 Jakinduriak bere burua goraipatzen du,
bere herriaren erdian aintzaz beterik agertzen.
2 Goi-goikoaren batzarrean zabaltzen du ahoa,
Ahaltsuaren aurrean aintzaz beterik agertzen.
3 «Goi-goikoaren ahotik irten nintzen
eta lainoak bezala estali lurra.
4 Zeru goietan nuen egoitza
eta laino-adarraren gainean neure tronua.
5 Neuk bakarrik egin dut zeruaren itzulingurua,
neu bakarrik ibili leize-zulo sakonean.
6 Itsasoko uhinen eta lur osoaren gain,
herri eta nazio guztien gain hedatzen zen nire ahala.
7 Alde guztietan ibili nintzen atseden bila,
zein lurraldetan aurkituko ote bizilekua.
8 Orduan, gauza guztien sortzaileak agindua eman zidan,
sortu ninduenak egoitza finkatu,
esanez: <Ezarri zeure egoitza Jakoben herrian,
hartu Israel zeure ondaretzat>.
9 Denbora hasi aurretik sortu ninduen Jainkoak
eta izateari ez diot sekula utziko.
10 Haren aurrean jardun izan dut
egoitza santuan kultugintzan
eta horrela finkatu naiz Sion mendian.
11 Hiri maitean eman dit atseden-leku
eta Jerusalemen dut neure aginpidea.
12 Herri ospetsuan bota ditut sustraiak,
Jaunaren sailean dago nire ondarea.
13 Libanoko zedroa bezala luzatu naiz,
Hermon mendietako zipresa bezala.
14 En-Gediko palmondoa bezala hazi naiz,
Jerikoko larrosondoa bezala;
lautadako olibondo mardula bezala,
platanoa bezala luzatu naiz.
15 Kanela eta baltsamo usaintsuak bezala,
mirrarik finenak bezala zabaldu dut lurrina,
galbano, onize eta estaktearen erretxinak bezala,
intsentsu-keak egoitza santuan bezala.
16 Arteak bezala zabaldu ditut adarrak,
adar bikain eta ikusgarriak.
17-18 Kimu ederrak eman ditut mahatsondoak bezala,
lore eta fruitu bikain eta joriak.
19 Etorri niregana irrikatzen nauzuenok,
eta ase ene emaitzez.
20 Eztia baino gozoago da nitaz oroitzea,
abaraska baino gozoago ni ondaretzat hartzea.
21 Jaten nautenak are goseago izaten dira nitaz,
edaten nautenak are egarriago.
22 Nik esana egiten duenak ez du porrot egingo,
nirekin diharduenak ez du bekaturik egingo».
Jakinduria eta legea
23-24 Jakinduria bat dator
Goi-goiko Jainkoaren ituna dakarren liburuarekin,
Moisesek agindutako legearekin,
israeldarren elkarteei ondaretzat emandakoarekin.
25 Legeak jakinduria dakar gainezka
Pixon ibaiak ura bezala,
fruitu berrien garaian Tigrisek bezala;
26 buru-argitasunez betetzen Eufratesek bezala,
Jordanek uzta-aroan bezala;
27 irakaspena uholdeka dakar Nilok bezala,
mahasbiltze-egunetan Gihonek bezala.
28 Ezin du inork jakinduria erabat ezagutu,
ez da sortu hura barreneraino aztertuko duenik.
29 Haren pentsamendua itsaso zabala baino zabalago,
asmoak leize handia baino sakonago.
30 Eta ni ubidea naiz,
ibaitik ura hartu eta baratzera daramana.
31 Hau nioen: «Neure lorategia ureztatu behar dut,
neure loresaila urez bete».
Eta horra nire ubidea ibai bihurtua
eta ibaia itsaso.
32 Nire irakaspenak egunsentiak bezala egingo du argi,
oso urrutira iritsaraziko dut haren distira.
33 Profeta gisa isuriko ditut neure irakatsiak
eta ondorengo belaunaldiei utziko.
{{bertset|24|34| Begira, ez naiz neuretzat bakarrik nekatu,
jakinduriaren bila dabiltzan guztientzat baizik.
Gauza gogokoak eta gorrotatuak
}}
25. atala
aldatu1 Hiru gauza ditut bene-benetan gogoko,
Jaunari eta gizakiei atsegin zaizkienak:
senitarteko elkartasuna, auzoarteko adiskidetasuna,
elkar ondo hartutako senar-emazteak.
2 Hiru motatako jendea gorrotatzen dut bene-benetan,
biziki sumintzen nau horien jokaerak:
behartsu harroa, aberats gezurtia
eta burugabeko agure adulteriogilea.
Jakinduria zahartzaroan
3 Ez baduzu jakinduria metatu gaztaroan,
nola aurkituko duzu zahartzaroan?
4 Zein ongi datorkien zentzua ile-zurituei
eta aholku ematen jakitea adinekoei!
5 Zein ongi datorkien jakinduria edadetuei
eta gogoeta eta aholkua pertsona ohoretsuei!
6 Eskarmentu handia da edadekoen koroa,
Jaunarenganako begirunea haien benetako harrotasun.
Hainbat zorionbide
7 Badira bederatzi gauza zoriontsutzat dauzkadanak,
eta hamargarren bat ere aipatuko dut:
seme-alabez pozik dagoen gurasoa;
bizi den bitartean, etsaiak lur jota ikusten dituena;
8 zorionekoa emazte zentzudunarekin bizi den senarra,
mihiaz sekula huts egin ez duena,
duintasunik gabeko ugazabaren zerbitzura egon ez dena;
9 zorionekoa zuhurtzia lortu duena,
eta adi dauden belarriei hitz egin diezaiekeena.
10 Zein handia den jakinduria lortu duena!
Baina inor ez Jaunari begirune diona baino handiago!
11-12 Dena gainditzen du Jaunarenganako begiruneak:
nor hori daukanaren pareko?
Emakume arriskutsuak
13 Edozein zauri, baina ez bihotzeko zauririk;
edozein gaiztakeria, baina ez emakumearenik!
14 Edozein ezbehar, baina ez gorrotoak eragindakoa;
edozein mendeku, baina ez etsaitasunak sortutakoa!
15 Ez dago sugearena baino pozoi okerragorik,
ez eta emakumearena baino amorru txarragorik ere.
16 Nahiago nuke lehoi edo herensugearekin bizi
emakume gaiztoarekin baino.
17 Gaiztakeriak aurpegia desitxuratzen dio emakumeari,
kopeta ilunak hartz-itxura ematen.
18 Senarra auzokoen artean esertzen denean,
ezin barruari eutsi eta garratz kexatzen da.
19 Maltzurkeria oro ez da ezer emakumearenaren aldean:
izan dezala bekatariaren zoria!
20 Aldapa hareatsua zaharraren oinentzat bezala
emazte berritsua senar lasaiarentzat.
21 Ez zaitzala lilura emakumearen edertasunak,
ez irrikan egon emakume bat zeureganatzeko.
22 Haserreak, irainak eta lotsa handia izaten ditu
emazteak mantentzen duen senarrak.
23 Barrua lur jota, aurpegia ilun eta bihotza zauritua:
horra emakume gaiztoaren lana.
Ahul eta bizitasunik gabe gelditzen da senarra,
emazteak zoriontsu egiten ez badu.
24 Emakumea egon zen bekatuaren hasieran
eta berarengatik hiltzen gara guztiok.
25 Ez utzi urari kanpora irteten,
ez eta emakume gaiztoari ere barrua hustutzen.
{{bertset|25|26| Zeuk agindutakoa ez badu egiten,
bota ezazu zeure ondotik.
Emazte ona
}}
26. atala
aldatu1 Zorionekoa emazte onaren senarra:
bi aldiz luzeagoa izango da haren bizitza.
2 Emazte adoretsua senarraren poza:
bakean emango ditu honek bere bizi-urteak.
3 Emazte ona dohain bikaina:
Jaunari begirune diotenentzat dago gordea;
4 hori duenak, behartsu nahiz aberats,
bihotza alai, aurpegia beti argi.
Emakume gaiztoa
5 Badira hiru gauza kezkatzen nautenak:
hiriko konponezinak, jendailaren matxinada eta salaketa
faltsua;
heriotza baino kaltegarriagoak dira.
Baina laugarren batek izutu egiten nau:
6 beste batengatik jeloskor dagoen emakumeak,
bihotz-mingarri baita.
Mihiaren zigorrak lau horietan esku hartzen du.
7 Emakume gaiztoa idiei gaizki lotutako uztarria bezala da,
halakoarekin ezkontzea eskorpioiari heltzea bezala.
8 Emakume mozkorra guztiz amorragarri gertatzen da,
ezin izango du bere desohorea ezkutatu.
9 Emakume lotsagabeari begiratu harroan antzematen zaio,
betazaletan ere igartzen.
10 Oso kontuz ibili lotsa gutxiko neskarekin,
egokiera ikusten badu, aprobetxatu egingo da eta.
11 Kontuz ibili haren begirada lotsabakoaz,
eta ez harritu iraintzen bazaitu;
12 bidaiari egarritua ahoa ireki
eta edozein ur edateko prest dagoen bezala,
edozeinen ate aurrean esertzen da zain
eta edozein geziri zabaltzen gezi-ontzia.
Emazte bikainaren gorespena
13 Emaztearen xarma senarraren poza;
haren zuhurtasuna indarberritzaile.
14 Neurriz hitz egiten duen emaztea Jaunaren dohaina;
ezer ez ongi hezia baino baliotsuago.
15 Dohainik bikainena emakume umila;
ezer ez emakume bihotz-garbia baino baliotsuago.
16 Zeru goian agertzen den eguzkiaren antzeko
emazte bikainaren edertasuna etxe txukunean.
17 Argimutil sakratuan dirdir dagien kriseilua bezalako
aurpegi ederra gorputz lirainean.
18-27 Urrezko zutabeak zilarrezko oinarrietan bezala dira
zango ederrak oin sendoen gainean.
Egoera eskandalizagarriak
28 Badira bi gauza bihotza atsekabetzen didatenak,
eta hirugarren bat amorrarazten nauena:
pobreziak menperatutako soldadua,
mesprezioz bazterturiko pertsona burutsua
eta bekatari bihurtzen den pertsona zuzena;
horrelakoa ezpatari ematen dio Jaunak.
Merkataritza
{{bertset|26|29| Merkatariak nekez ihes egingo dio hutsegiteari
eta tratularia ez da bekaturik gabe geldituko.
}}
27. atala
aldatu1 Askok egin dute bekatu irabazi-gosez,
aberastu nahi duena ez da beste ezertaz arduratzen.
2 Bi harriren artean taketa sartzen den bezala,
salmenta eta erosketaren artean bekatua.
3 Jaunarenganako begiruneari tinko atxikitzen ez zaionak
azkar asko ikusiko du bere etxea hondatua.
Bere hitzetan agertzen gizakia
4 Galbaheari eragindakoan hondarrak agertzen dira,
eta azterketa egitean gizakiaren akatsak.
5 Labeak probatzen ditu eltzegilearen ontziak,
eta beronen arrazoiketak gizakiaren balioa.
6 Fruituak erakusten du nola zaindu duten arbola,
eta hitzak gizakiaren barruko gogoetak.
7 Ez goratu inor hitz egiten entzun baino lehen,
horretan probatzen baitira gizakiak.
Justizia
8 Justiziaren bila saiatzen bazara, lortuko duzu
eta gainjantzirik bikainena bezala jarriko soinean.
9 Txoriek beren espeziekoekin egiten dute habia,
eta leialtasunak bera praktikatzen dutenekin.
10 Lehoia harrapakinaren zelatan egoten da,
eta bekatua bidegabekeria praktikatzen dutenen zain.
11 Zintzoaren hizketa jakintsua izaten da beti;
zentzugabea, berriz, ilargia bezala aldatzen.
12 Zentzugabeen artean, ez galdu denborarik;
egon luzaro, ordea, burutsuen artean.
13 Txoroen hizketa amorragarri gertatzen da;
haien barrea bekatuzko bizieraren ondorio.
14 Etengabe biraoka ari denak ileak tente jarrarazten ditu,
halakoen istiluetan belarriak estali behar.
15 Harroen istiluek odol-isurketa ekartzen dute,
tamalgarria da haien irainak entzutea.
Isilpekoak
16 Isilpekoak azaltzen dituenak konfiantza apurtzen du,
ezin izango du adiskide minik aurkitu.
17 Maitatu laguna eta fida zaitez berarekin;
baina, haren isilpekoak azaltzen badituzu,
ez joan gero haren bila;
18 zeren eta, heriotzak eramandakoa galtzen den bezala,
berdin galdu baituzu lagunaren adiskidetasuna.
19 Eskutik jaregindako txoria galtzen duzun bezala
galdu duzu adiskidea,
eta ez duzu berriz zeureganatuko.
20 Ez joan haren bila,
jadanik urrutiegi alde egin du eta,
gazelak saretik bezala egin du ihes.
21 Lot daiteke zauria
eta laidoen ondoren badago baketzerik;
baina inolako itxaropenik ez
isilpekoak azaldu dituenarentzat.
Itxurakeria eta bikoizkeria
22 Begi-keinuka diharduena asmo txarrez dabil,
ezagutzen duena aldendu egiten zaio.
23 Zure aurrean ezti-ezti jartzen zaio ahoa
eta zure hitzen aurrean miresmena agertzen;
baina atzetik hizkera aldatzen du
eta zure hitzak zure galbide bihurtzen.
24 Gauza asko gorrotatzen dut nik,
baina ezer ez hori adina;
Jaunak ere gorroto du.
25 Harria airera botatzen duenak bere gainera botatzen du,
kolpe maltzurrak zauriak erakartzen ditu.
26 Zuloa egiten duena bertan jausiko da,
sarea prestatzen duena bertan geldituko harrapaturik.
27 Gaizkia egiten duenari bere kontra itzultzen zaio,
nondik datorkion jakin gabe ere.
28 Iseka eta iraina harroaren gauza dira,
baina mendekua du zelatan lehoia bezala.
29 Sarean jausiko dira zintzoen erorketaz pozten direnak,
oinazeak irentsiko ditu hil baino lehen.
Barkamena
{{bertset|27|30| Amorrua eta haserrea higuingarriak dira;
berauetan maisu da gizon bekataria.
}}
28. atala
aldatu1 Mendekatzen denak Jaunaren mendekua jasan beharko du,
bekatuen kontu zorrotza hartuko dio.
2 Barkatu lagun hurkoari egin dizun iraina
eta, zuk erregutzean, Jainkoak ere barkatuko dizkizu bekatuak.
3 Gizon batek amorrua badio beste bati,
nola eska diezaioke Jaunari osasuna?
4 Bere antzekoari errukirik ez dionak,
nola eskatuko du bere bekatuen barkamena?
5 Gizaki huts baino ez denak amorraturik irauten badu,
nork lortuko dio bere bekatuen barkamena?
6 Gogoratu amaiera eta egin uko gorrotoari;
oroitu ustelkeriaz eta heriotzaz, eta bete aginduak.
7 Gogoratu aginduak eta ez izan gorroto lagun hurkoari;
oroitu Goi-goikoaren itunaz, eta ez hartu iraina kontuan.
Liskarrak
8 Urrundu liskarretik eta bekatuari ihes egingo diozu,
odol-beroak liskarra pizten baitu.
9 Bekatariak sesioa sortzen du lagunartean,
konponezina bakean bizi direnen artean.
10 Zenbat eta egur gehiago, hainbat eta biziagoa sua;
zenbat eta handiagoa setakeria, hainbat eta biziagoa liskarra.
Nolakoa gizakiaren indarra, halakoa haren sumina;
nolakoak aberastasunak, halakoa amorrua.
11 Bat-bateko liskarra sua bezala pizten da,
eta odola isuraraz lezake.
12 Txinpartari haize emanez gero, su hartzen du;
listua botaz gero, itzali egiten;
eta biak zeure ahotik irteten dira.
Mihi gaiztoa
13 Madarikatua gaizki-esalea eta mihibikoa,
bakean bizi zen jende asko galdu baitu.
14 Jende asko astindu dute mihi maiseatzaileek,
eta herriz herri ihesi ibiltzera behartu;
hiri-gotorrak suntsitu dituzte,
eta handikien etxeak eraitsi.
15 Horrelako mihiek zapuztarazi dituzte emazte jatorrak,
beren nekeen emaitzarik gabe utziz.
16 Horrelakoei jaramon egiten dienak
ez du atsedenik izango,
ezin izango da lasai bakean bizi.
17 Zigorraren zartadak odolbatua uzten du,
mihiaren zaztadak hezurrak hausten.
18 Asko dira ezpataz jausiak,
baina ez mihiaz jausiak beste.
19 Zorionekoa horrelakotik babesturik dagoena,
horren haserrerik jasan behar ez duena;
zorionekoa horren uztarpean egon gabea,
berorren kateez lotu gabea;
20 burdinazkoa baita mihibikoaren uztarria,
eta brontzezkoak kateak.
21 Beldurgarria da ekartzen duen heriotza
eta hobe da Hilen Egoitza.
22 Ez du aginterik izango zintzoen gain,
hauek ez dira haren sugarretan erreko.
23 Jauna baztertzen dutenak jausiko dira horrelako mihiaren
menpe,
horien artean piztuko da sua eta sekula ez itzaliko.
Lehoia bezala oldartuko zaie gainera
eta panterak bezala sarraskituko ditu.
24-25 Inguratu, bai, zeure esparrua arantzaz,
baina itxi zeure ahoa ere atez eta morroiloz.
Gorde arretaz urrea eta zilarra,
baina neurtu zeure hitzak ere kontu handiz.
{{bertset|28|26| Ez diezazula mihiak irrist eragin,
lakioa jartzen dizunaren aurrean eror ez zaitezen.
Mailegua
}}
29. atala
aldatu1 Errukiorrak lagun hurkoari maileguz ematen dio,
laguntzeko eskua luzatzen dionak agindua betetzen.
2 Beharra duenean, eman maileguz lagun hurkoari,
eta itzuli bere garaian zeuk maileguz hartutakoa.
3 Eutsi hitzari leial,
beti aurkituko duzu behar duzuna.
4 Ustekabean aurkitutako zerbait bailitzan
hartzen dute askok mailegua,
eta, itzuli ezean, kalte egiten lagundu dietenei;
5 hartu aurretik, eskuan munka ibiltzen dira,
apal mintzatuz lagun hurkoaren ondasunez;
baina itzultzeko orduan, luzatu eta luzatu,
desenkusa eta aitzakia ugari,
egoerari errua botaz.
6 Gogor eginda ere, jabeak nekez hartuko du erdia
eta, halere, horrenbestean pozik izango.
Bestela, bere dirurik gabe geldituko da
eta etsai bat gehiago izango batere premiarik gabe:
madarikazioak eta irainak itzuliko dizkiona,
esker onaren ordez mesprezioa ordainduko diona.
7 Askok ez dute maileguz eman nahi izaten,
ez borondate txarrez,
premiarik gabe bipilduta gelditzeko beldurrez baizik.
Limosna
8 Halere, izan eskuzabal behartsuarekin
eta ez itxaronarazi zeure limosna.
9 Agindua kontuan harturik, izan abegikor behartsuarekin;
beharrean dagoenez, ez bidali esku-hutsik.
10 Galdu zeure dirua senide edo adiskidearen alde,
eta ez harripean herdoiltzen utzi.
11 Baliatu zeure altxorraz Goi-goikoaren aginduen arabera,
eta urrea baino onuragarriago gertatuko zaizu.
12 Metatu limosna-egintzak,
gaitz guztietatik libratuko zaituzte eta.
13 Bular-babeski sendoak eta lantza astunak baino hobeto
babestuko zaituzte etsaiaren kontrako borrokan.
Fidantzak
14 Ongilea lagun hurkoaren fidatzaile bihurtzen da;
lotsagalduak, berriz, bertan behera uzten du.
15 Ez ahaztu zeure fidatzailearen mesedeak,
bere burua arriskatu baitu zure alde.
16 Bekatariak alferrik galtzen ditu fidatzailearen ondasunak,
17 esker txarrekoak bertan behera uzten bere salbatzailea.
18 Dirudun asko galdu du fidantza egiteak,
eta itsasoko uhinek astindua bezala utzi.
Jende ahaltsu asko deserriratu du
eta atzerrian nora-ezean ibiltzera behartu.
19 Bekataria irabazteko asmoz bihurtzen da fidatzaile;
horregatik, auzitara eramango dute.
20 Izan abegikor lagun hurkoarekin zeure baliabideen arabera,
baina kontuz ibili zeu hondamendian ez erortzeko.
Zuhurra bere buruaren jabe
21 Bizitzan beharrezkoenak ura, ogia, jantzia
eta nork bere lotsa gordetzeko etxea dira.
22 Hobe behartsu-bizitza nork bere teilapean
oturuntza ederrak inorenean baino.
23 Gutxi nahiz asko, konformatu daukazunarekin,
eta ez duzu auzokoen irainik entzun beharko.
24 Bizimodu tristea da etxez etxe ibiltzea,
kanpotar zaren lekuan ezin txintik esan.
25 Zerbitzuan jardun beharko duzu batere esker onik gabe,
eta gainera hitz garratzak entzun beharko:
26 «Zatoz hona, kanpotar hori, presta mahaia,
emadazu jaten daukazunetik».
27 «Zoaz, kanpotar hori,
utzi lekua zu baino duinago denari;
anaia datorkit neurera, eta etxea behar dut».
{{bertset|29|28| Gogorra da gizaki sentiberarentzat
inoren etxean mesprezatua izan
eta mailegu-emailearen irainak jasatea.
Semearen heziketa
}}
30. atala
aldatu1 Semea maite duenak sarri emango dio zigorra,
geroago poztu ahal izateko berarekin.
2 Semea ongi hezitzen duenak izango du onik harengandik,
ezagunen artean harro ibiliko da hartaz.
3 Semeari irakasten dionak bekaizti jartzen du kontrakoa,
baina pozez gainezka egoten adiskideen aurrean.
4 Aita hiltzean, hil ez balitz bezala da,
bere antzeko norbait utzi baitu atzean;
5 bizitzan zehar pozik zegoen semea ikusiz,
heriotzakoan ere ez du damurik:
6 etsaiez mendekatuko duena uzten du ondoren
eta lagunei mesedeak itzuliko dizkiena.
7 Semea esne-mamitan hazten duenak
haren zauriak osatu beharko ditu,
garrasi bakoitzak barruak irauliko dizkio.
8 Zaldi hezigabea menperagaitza izaten da,
bere gisara utzitako semea jasangaitz bihurtzen.
9 Hartu bigunegi semea, eta ezustekoak emango dizkizu;
ibili txantxetan, eta nahigabea ekarriko.
10 Ez egin barre berarekin,
negar egin beharrik izan ez dezazun,
ez eta azkenean tripa-jaten egon beharrik ere.
11 Ez eman askatasun handiegia bere gaztaroan,
12 berotu saihetsak ume den bitartean;
bestela, kaska-gogortu eta ez dizu esana egingo.
13 Hezi semea eta zaindu haren prestakuntza,
beraren lotsagabekeriagatik toki txarrean gera ez zaitezen.
Osasuna
14 Hobe osasuntsu eta sendo dagoen txiroa,
makal dabilen aberatsa baino.
15 Hobe osasuna eta sasoia munduko urre guztia baino,
hobe gorputz indartsua ondasun ugariak baino.
16 Ez dago gorputzeko osasuna baino aberastasun hoberik,
ez eta bihotzeko poza baino zorion handiagorik ere.
17 Hobe heriotza bizimodu latza baino,
eta betiko atsedena gaixotasun sendaezina baino.
18 Jangartzu dagoen gaixoaren aurrean jaki gozoak ipintzea
idoloaren aurrean elikagaiak oparitzat uztea bezala da:
19 zertarako balio dio opari horrek idoloari,
ezin badu ez dastatu, ez usaindu?
Berdin gertatzen zaio Jaunak zigortzen duen gaixoari:
20 begiratuz hasperen egiten du,
irenduak neskatxa besarkatzean bezala.
Alaitasuna
21 Ez utzi zeure arima tristuraren menpe,
ez atsekabetu zeure burua gogoetekin.
22 Bihotzeko pozak bizia ematen dio gizakiari,
eta alaitasunak bizitza luzatzen.
23 Gozarazi zeure burua, poztu bihotzondoa,
uxatu urrutira tristura;
asko galdu baititu tristurak
eta ez du ezer onik ekartzen.
24 Jeloskortasunak eta suminak bizitza laburtzen dute,
eta kezkek garaia baino lehen ekartzen zahartzaroa.
{{bertset|30|25| Bihotz-alaiak jangura hobea izaten du,
arduratu egiten da jaten duenaz.
Aberastasunak
}}
31. atala
aldatu1 Aberastasunaren kezkak logura uxatzen du,
eta azkenean osasuna hondatzen.
2 ezka honek ez du gauez ere bakean uzten,
eritasun larriak bezala urruntzen logura.
3 Ondasunak pilatzen saiatzen da aberatsa
eta, atseden hartzen badu, atseginez asebetetzeko da;
4 txiroa, berriz, beharrezkoenaren bila lehertzeraino saiatzen
da
eta, atseden hartzen badu, miseria gorrian eroriko da.
5 Dirua maite duenak ez du errugabe iraungo,
irabaziaren bila dabilena beronen erruz galbideratuko.
6 Asko dira diruarengatik galduak,
bete-betean harrapatu ditu hondamendiak.
7 Tranpa bat da berak liluraturikoentzat,
eta burugabe guztiak gelditzen dira harrapatuta.
8 Zorionekoa akatsik ez duen aberatsa,
diruaren atzetik lehiatzen ez dena.
9 Esazue nor den, zorionak eman diezazkiogun,
era harrigarrian jokatu baitu herrian.
10 Nork jasan du proba hori eta akatsik gabe atera?
Egon daiteke harro!
Nor da Jainkoaren legea hautsi ahal izan
eta hautsi ez duena?
Gaizki jokatu ahal izan eta egin ez duena?
11 Sendotu egingo zaizkio bere ondasunak
eta beraren egintza onak batzarrean iragarriko dira.
Oturuntzak
12 Ongi hornituriko mahaian eserita bazaude,
ez oihu egin aho zabalik:
«Ederki betea dago hau!»
13 Gogoratu gaitz txarra dela begi-gutiziatsuak izatea;
sortu al da ezer begia baino txarragorik?
Beti ari da negarrez.
14 Ez luzatu eskua besteak ere nahi dituen jakietarantz,
plater berean bion eskuek elkar jo ez dezaten.
15 Pentsatu, zuk zer nahi, horixe nahiko duela besteak ere;
gogoeta egin ondoren jokatu gauza guztietan.
16 Ongi heziak legez, aurrera ekartzen dizutena jan;
ez jan mauka-mauka, nazka emateko moduan.
17 Gizabidetsu, jateari zeuk utzi lehenengo;
ez asegaitz izan eta ez zara lotsagarri geldituko.
18 Mahaian beste askoren artean baldin bazaude,
ez luzatu eskua gainerakoek baino lehen.
19 Gutxirekin aski du ongi heziak!
Gero, ohean ez da tripako minez egoten;
20 neurrian jaten duenak ongi egiten du lo,
goiz jaiki eta gorputzaldi ona izaten.
Logabetasuna, botagura eta sabelminak dira
betekadaren ondorenak.
21 Gehiegi jatera behartu bazaituzte,
jaiki, zoaz botatzera eta arindua geldituko zara.
22 Entzun, seme, ez nazazu mespreza,
azkenean ulertuko duzu nire hitzen zuzentasuna.
Zernahi egiten duzula, izan zentzuzko,
eta ez duzu inolako eritasunik izango.
23 Oturuntza ederrak ematen dituena
guztiek goraipatzen dute,
bihotz zabalekoa dela erakusten du garbi;
24 eskasak ematen dituenaren kontra, guztiek marmar;
bere zikoizkeria erakusten du garbi.
Ardoa
25 Ardoarekin ez ibili harrokerietan,
asko galdu baititu ardoak.
26 Labeak burdinaren galda probatzen du;
berdin ardoak bihotza, harroen liskarretan.
27 Ardoa bizia da gizakiontzat,
neurriz edanez gero.
Zer-nolako bizimodua ardorik ez duenarena?
Gizakien pozerako izan baitzen sortua.
28 Barrua pozten eta argitzen du ardoak,
bere garaian eta neurrian edanez gero;
29 baina gehiegi edaten bada, barrua garrazten du,
eta erronkak eta borrokak sortarazten.
30 Mozkorrak haserrea biziagotzen dio burugabeari bere
kalterako;
indarra gutxitu eta kolpeak erakartzen dizkio.
{{bertset|31|31| Ardo askoko oturuntzetan,
ez agiraka egin lagun hurkoari,
ez mesprezatu alai samar dagoenean;
ez esan hitz mingarririk,
ez eta estu hartu ere zeure eskariekin.
Oturuntzei buruz berriro
}}
32. atala
aldatu1 Mahaiburu aukeratu bazaituzte, ez harropuztu,
jarri gainerakoen maila berean;
arduratu besteez, eta eseri gero.
2 Zeure eginbeharra bete arte,
ez jarri zeure lekuan,
gozatu besteen atseginaz,
zeure antolamendu egokiagatik koroa izan dezazun.
3 Mintza zaitez, agure, zeuri dagokizu eta;
baina dakizuna bakarrik esan,
eta ez eragotzi musika.
4 Entzunaldian zehar ez egin hitzaldirik,
ez erakutsi zeure jakinduria garaiz kanpo.
5 Errubi harria urrezko bitxian bezala da
musika oturuntzan.
6 Esmeralda urrezko euskarrian bezala da
soinu eztia ardo bikainarekin.
7 Zu, gazte, mintzatu beharrezkoa baduzu;
baina gehienez ere bi aldiz, eta galdetzen badizute.
8 Labur hitz egin, hitz gutxitan asko esanez;
izan, jakinean egon arren, isiltzen diren horietakoa.
9 Handikiekin zaudenean ez jarri haien mailan,
besteek hitz egitean ez ibili berritsukerian.
10 Trumoiak tximistari jarraitzen dio,
jendearen oniritziak umilari.
11 Garaia iristean, altxatu eta ez gelditu atzera;
zoaz lasterka etxera, bidean luzatu gabe.
12 Han, dibertitu eta burura datorkizun guztia egin dezakezu,
baina ez hitz harroz bekatu egiteraino.
13 Gero, honengatik guztiarengatik, bedeinkatu sortu zaituena,
bere ondasunez asebetetzen zaituena.
Jaunarenganako begirunea
14 Jaunari begirune diotenek onartzen dute heziketa,
eta bila lehiatzen zaizkionak ditu hark begiko.
15 Legea aztertzen dutenak hartaz asebeteko dira,
baina itxurazale direnentzat oztoparri gertatuko.
16 Jaunari begirune diotenek jakingo dute zer den zuzena,
eta argiak bezala distiratuko haien egintza onek.
17 Bekatariak ez du zentzarazpenik onartzen,
eta aitzakiak aurkitzen ditu nahi duena egiteko.
18 Aholku onak eman nahi dituenak
ez du inoiz hausnarketa baztertzen;
axolagabeak eta harroak ezeren beldurrik ez.
19 Ez ekin ezeri aurrez gogoeta egin gabe,
eta egin ondoren ez zara damutuko.
20 Ez ibili oztopoz betetako bideetan,
eta ez duzu harrietan estropezurik egingo;
21 baina ez fidatu bide erosoegiaz ere,
22 eta kontuz zeure seme-alabekin.
23 Egiten duzun guztian zintzo izan zeure buruarekin,
aginduak beteko baitituzu horrela.
{{bertset|32|24| Legearekin zintzo denak aginduak betetzen ditu;
Jaunarengan uste ona duenak ez du kalterik jasango.
}}
33. atala
aldatu1 Jaunari begirune dionak ez du zoritxarrik izango;
probaldi guztietatik aterako da onik.
2 Jakinduriazaleak behin ere ez legeari gorrotorik,
baina beronekin leial ez dena
itsasontzia ekaitzaren erdian bezala da.
3 Zentzudunak Jaunaren hitzean bere uste ona,
orakuluaren erantzuna bezain sinesgarri zaio legea.
4 Prestatu esan behar duzuna, entzuna izan nahi baduzu;
laburbildu dakizuna eta erantzun gero.
5 Burugabearen sentipenak gurdiaren gurpilak bezalakoak,
haren arrazoiketa biraka dabilen ardatza bezalakoa.
6 Lagun isekaria behor-eske dagoen zaldia bezalakoa:
irrintzi egiten du beti,
nornahi jartzen zaiola ere gainean.
Egoera ezberdinak
7 Zergatik da egun bat bestea baino garrantzitsuago,
urteko egun guztiei baitatorkie eguzkitik argia?
8 Jaunak bere gogoan bereizi zituen
eta urtaroak eta festak ezarri;
9 goratu eta sagaratu egin zituen batzuk
eta egun arrunten artean utzi besteak.
10 Gizaki guztiak ere hautsetik datoz,
Jaunak lurretik sortu baitzuen Adam;
11 baina Jaunak, jakinduria handiz, bereizi egin ditu
eta bide ezberdinetatik ibilarazi.
12 Batzuk bedeinkatu eta goratu egin ditu berak,
sagaratu eta beregana erakarri;
beste batzuk, berriz, madarikatu eta beheratu,
eta beren postuetatik bota.
13 Buztina eltzegilearen eskuetan nola
-berak nahi bezala moldeatzen baitu-,
hala gizakia egilearen eskuetan:
bere erabakiaren arabera ematen dio bakoitzari.
14 Gaizkiari kontrajarria ongia dago,
heriotzari kontrajarria bizitza.
Era berean, zintzoaren aurrean bekataria.
15 Begira, beraz, Goi-goikoaren egintza guztiei:
binaka-binaka doaz, bata besteari kontrajarriak.
16 Ni naiz lanera azken iritsia,
mahats-biltzaileen atzetik hondarrak hartzen dituena bezala.
17 Jaunaren laguntzari esker aurreratu egin naiz
eta beste mahats-biltzaileek bezala bete dut dolarea.
18 Jakizue ez naizela neure buruagatik bakarrik penatu,
baizik eta heziketa bila dabiltzan guztiengatik ere bai.
19 Entzudazue, beraz, herriko handikiok;
egon adi, batzarburuok.
Etxeko burubidea
20 Seme-alaba, emazte, senide nahiz lagunari
ez eman zeure gain aginpiderik bizi zaren artean.
Ez eman inori zeure ondasunik,
gero, damututa, itzultzeko eske ibil ez zaitezen.
21 Bizi zaren eta arnasa duzun bitartean,
ez utzi inoren esku zeure burua.
22 Hobe da seme-alabek zuri eskatzea,
haiek zer emango zain egotea baino.
23 Egiteko guztietan, izan zeure esku erabakia
eta ez utzi zeure izen ona belzten.
24 Bizitzako azken egunean,
heriotzako orduan bakarrik, banatu ondarea.
Esklaboak
25 Belarra, makila eta zamak astoarentzat;
ogia, zentzarazpena eta lana esklaboarentzat.
26 Eragiozu lana gogor, eta atsedena izango duzu;
utzi eskuak libre, eta askatasuna nahiko du.
27 Uztarriaz eta uhalaz makurrarazten da idiaren lepoa;
zigorrez eta tratu gogorrez esklabo txarra.
28 Bidali lanera, alferkerian egon ez dadin,
29 gauza txar asko erakusten baitu alferkeriak.
30 Behartu ezazu lanera dagokion bezala
eta, ez badu esana egiten, lotu hankak katez.
Baina ez egin gehiegikeriarik inorekin,
ez eta esklaboari ere legezkoa ez den ezer.
31 Esklabo bakarra baldin baduzu,
erabili zeure burua bezalaxe,
asko kostata zeureganatu baituzu.
Morroi bakarra baldin baduzu, hartu anaia bezala,
bizia bezain beharrezko baituzu.
32 Zuk tratu txarra eman eta alde egiten badizu,
{{bertset|33|33| nola aurkitu ahal izango duzu?
Ametsek baliorik ez
}}
34. atala
aldatu1 Itxaropen hutsal eta gezurrezkoak
zentzugabeari dagozkio;
ametsak hegoak ematen dizkio burugabeari.
2 Itzalari heldu eta haizea harrapatu nahi izatea bezala da
ametsetan oinarritzea.
3 Isla hutsa da ametsetan ikusten dena:
benetako aurpegiaren aurrean, aurpegiaren irudia.
4 Zer garbitasun atera daiteke zikinetik?
Zer egia gezurretik?
5 Aztikeriak, igarpenak eta ametsak funsgabeak dira,
erdiminetan dagoen emakumearen irudipenak bezalakoak.
6 Ez badizkizu Goi-goikoak bidaltzen,
ez egin inolako jaramonik;
7 asko dira ametsek desbideratuak,
erori egin dira horietan itxaropena zutenak.
8 Legea bete-betea da, aipaturiko engainurik gabea,
eta zintzoaren ahoko jakinduria bikain-bikaina.
Bidaiak
9 Asko ibiliak asko jakiten du,
eskarmentua duenak jakinaren gainean hitz egiten.
10 Probarik pasatu ez duenak gutxi daki,
11 bidaiatzen ibiliak baliabide asko du.
12 Asko ikusia naiz neure bidaietan,
eta ikasi dudana esan dezakedana baino gehiago da.
13 Sarritan egon naiz heriotza-arriskuan
eta neure eskarmentuari esker atera naiz onik.
Jaunarenganako begirunea
14 Jaunari begirune diotenak biziko dira,
15 salba ditzakeenagan baitute beren itxaropena.
16 Jaunari begirune diona ez da ezeren beldur,
ez da inoiz kikiltzen, hura baitu itxaropen.
17 Zorionekoa Jaunari begirune diona!
18 Norengan oinarritzen da? Nor du euskarri?
19 Maite dutenengan ditu Jaunak jarrita begiak;
bera da babesle ahaltsu, euskarri sendo,
sargorian gordeleku, eguerdiko eguzki-galdatan gerizpe,
estropezu egiten duenaren zaintzaile,
erortzen denaren laguntzaile.
20 Hark jasotzen du bihotza eta argitzen begiak,
osasuna, bizia eta bedeinkazioa ematen.
Benetako kultua
21 Bidegabekeriaz lortutakoa sakrifiziotzat eskaintzen duenak
opari gaitzesgarria egiten du;
22 legea hausten dutenen dohainak ez ditu Jaunak onartzen.
23 Goi-goikoak ez ditu hartzen atseginez
fedegabeen opariak,
ez eta barkatzen ere bekatuak
sakrifizioen ugaritasunagatik.
24 Aitaren aurrean semea hiltzea da
behartsuen ondasunetatik sakrifizioa eskaintzea.
25 Eskean hartutako ogiaz bizi dira behartsuak,
hori kentzen diena hiltzaile da.
26 Lagun hurkoa hiltzen du mantenua kentzen dionak,
27 langileari bere soldata ukatzen dionak
haren odola isurtzen.
28 Batak eraiki, besteak desegin:
zer irabazten dute nekea baizik?
29 Batak otoitz egin, besteak madarikatu:
zeini entzungo dio Jaunak?
30 Gorpua ukitzeagatik garbikuntza egin
eta berriz ukitzen duenak,
zertarako du garbikuntza-bainu hori?
{{bertset|34|31| Berdin bere bekatuengatik barau egin
eta berriro gauza berberak egiten dituena:
nork egingo dio jaramon horren otoitzari?
Zertarako balio dio bere burua apaltzeak?
}}
35. atala
aldatu1 Legea betetzeak opari ugari eskaintzeak beste balio du,
2 aginduetara makurtzea salbamen-opariak eskaintzea da.
3 Inori mesede egitea irin garbia oparitan ematea da,
4 eta limosna egitea gorespen-oparia eskaintzea.
5 Gaizkitik urruti dagoena du Jaunak gogoko;
benetako barkamen-oparia da bidegabekeriatik urruntzea.
6 Ez aurkeztu, halere, Jaunaren aurrean esku-hutsik,
7 legeak aginduak baitira opari hauek guztiak.
8 Zintzoak oparigaien gantzak aldarean eskaintzean,
haien lurrin gozoa Goi-goikoagana igotzen da.
9 Zintzoaren oparia atsegin zaio Jaunari,
oroigarritzat eskainitakoa ez du honek ahaztuko.
10 Ohoratu Jauna eskuzabal,
ez izan zikoitz zeure uztaren lehen fruituak ematen.
11 Egin emaitza guztiak aurpegi alaiz,
eskaini pozik zeure hamarrenak.
12 Eman Goi-goikoari berak emandakoaren arabera,
eman eskuzabal zeure baliabideen neurrian,
13 ordainduko baitizu Jaunak,
askoz gehiago ordaindu ere.
Jaunak behartsuen oihuak entzun
14 Ez erosi nahi izan Jauna zeure opariez,
ez baititu onartuko.
15 Ez oinarritu bidegabekeriazko oparietan:
epailea da Jauna
eta ez du harengan eraginik inoren izenak;
16 ez du alderdikeriarik egiten behartsuaren aurka
eta entzun egiten du bidegabeki erabiliaren eskaria;
17 ez du umezurtzaren erregua mesprezatzen,
ez eta kexati doakion alarguna ere.
18 Malkoak alargunaren masailan behera jaistean,
19 beraren deiadarrak gaizki erabili duena salatzen du.
20 Jaunak gogo onez onartzen du bera zerbitzatzen duena,
eta honen eskaria zeruraino iristen da.
21 Apalaren otoitzak hodeiak zeharkatzen ditu
eta ez da sosegatzen bere helmugara iritsi arte;
ez du etsitzen Goi-goikoak esku hartu
22 eta errugabeen alde justizia egin arte.
Jauna ez da luzatuko,
ez da jasankor izango errukibakoekin
berauen saihetsak hautsi arte.
23 Nazioen gain botako du bere mendekua,
harroputz guztiak desegin
eta bidegabeen agintea suntsitu arte,
24 gizakiei beren egintzen merezia eman
eta haien jardunak
zituzten asmoen arabera ordaindu arte,
25 bere herriari justizia egin
eta bere errukiaz pozarazi arte.
{{bertset|35|26| Atsegingarria haren errukia atsekabealdian,
euri-hodeiak lehortean bezala.
Otoitza Israelen askapen eta berriztapenaren alde
}}
36. atala
aldatu1 Erruki gutaz, Jauna, mundu osoaren Jainkoa,
2 zabaldu nazio guztietara zeureganako beldurra.
3 Altxatu zeure eskua atzerriko nazioen aurka,
ikus dezatela zure ahalmena.
4 Gu zigortuz zeure santutasuna agertu diezun bezala,
ager iezaguzu zeure handitasuna haiek zigortuz.
5 Aitor dezatela, guk aitortu dugun bezala,
ez dagoela, Jauna, zu beste jainkorik.
6 Berriztatu mirariak, errepikatu egintza harrigarriak,
7 erakutsi zeure indarra eta esku ahaltsua,
8 suspertu eta isuri zeure haserre-sumina,
9 deuseztu kontrakoa eta suntsitu etsaia;
10 laburtu ezarritako epea, ekarri gogora hitz emana,
eta horrela aldarrikatuko ditugu zure egintza handiak.
11 Suntsi ditzala zure mendekuaren suak bizirik geratutakoak,
gal daitezela zure herria gaizki darabiltenak.
12 Hautsi burua etsaien buruzagiei,
«Gu bezalakorik ez!» dioten horiei.
13-15 Bildu Jakoben leinu guztiak.
16 Egin itzazu berriro lurraldearen jabe,
hasieran bezala.
17 Erruki, Jauna, zure izena daraman Israel herriaz,
zeure lehen-semetzat hartu duzunaz.
18 Izan gupida Jerusalem zeure hiri santuaz,
zeure atseden-leku egin duzunaz.
19 Bete Sion zeure gorespenaz,
eta tenplua zeure ospeaz.
20 Ager zaitez hasieratik aukeratutako herriaren alde,
bete zeure izenean egindako profeziak.
21 Eman saria zuregan itxaron dutenei
eta gerta bitez sinesgarri zure profetak.
22 Entzun, Jauna, zeure zerbitzarion eskaria,
zeure herriarekiko duzun onginahiaren arabera;
munduan dauden guztiek aitor dezatela
zu zarela Jauna, betiko Jainkoa.
Ongi aukeratu emaztea
23 Mota guztietako elikagaiak hartzen ditu sabelak,
baina batzuk besteak baino hobeak dira.
24 Ahosabaiak ehizaren gustua bereizten du;
era berean buru-argiak hitz gezurtiak.
25 Bihotz-maltzurrak nahigabea sortzen du,
baina eskarmentua duenak merezitakoa ematen hari.
26 Emakumeak ez du senarra aukeratzerik,
baina gizonarentzat hobeak dira
neska batzuk besteak baino.
27 Emazte ederrak senarraren aurpegia alaitzen du
eta ez dago gizonarentzat ezer desiragarriagorik.
28 Gainera, hizkera maitagarri eta gozokoa bada,
senarra munduko gizaseme zoriontsuena da.
29 Emaztea duenak ondasunik baliotsuena du,
dagokion laguntza eta euskarri segurua.
30 Hesirik gabe, lapurren esku gelditzen da alorra;
emazterik gabe, nora-ezean deitoreka gizona.
{{bertset|36|31| Nor fidatuko da hiriz hiri dabilen lapur maltzurraz?
Gauza bera habiarik ez duen gizonaz,
gauak non harrapatu, han gelditzen denaz.
Benetako lagunak eta gezurrezkoak
}}
37. atala
aldatu1 Lagun guztiek diote: «Ni ere lagun nauzu»,
baina batzuk izenez bakarrik dira lagun.
2 Ia heriotza dakarkigun nahigabea da
laguna eta adiskidea etsai bihurtzea!
3 Nondik da sortua gaiztakeriarako joera,
mundua maltzurkeriaz betetzen duena?
4 Bada lagunik, adiskidearen pozaldia atsegin izan arren,
atsekabealdian aurka jartzen zaionik;
5 sabela betetzearren adiskidearen nekelagun da,
baina borroka egin behar denean,
babeski atzean gordetzen.
6 Ez ahaztu adiskideaz zeure bihotzean,
ez galdu haren oroitzapena aberasten zarenean.
Aholkulari on eta txarrak
7 Aholkulari orok hobesten ditu bere aholkuak,
baina batzuek beren komenientzia dute helburu.
8 Kontuz ibili aholku-emailearekin;
lehendabizi, jakin zeren beharrean dagoen
-bere onura baitu hark ere gogoan-,
beraren erabakia zure aurkakoa izan ez dadin;
9 agian, esango dizu: «Bide onetik zoaz»,
zuri zer gertatuko begira gelditzen zaizun bitartean.
10 Ez eskatu aholkurik mesprezioz begiratzen dizunari,
gorde zeure asmoak zure inbiditan daudenei.
11 Ez eskatu aholkurik
emakumeari bere lehiakideaz,
koldarrari gerraz, merkatariari negozioaz,
erosleari salmentaz, bekaiztiari esker onaz,
errukigabeari bihozberatasunaz, alferrari edozein lanez,
aldi baterako langileari eginkizuna amaitzeaz,
morroi nagiari lan handiaz.
Ez fidatu horrelakoen kontseiluez,
12 baizik eta jo sarri zintzoarengana,
baldin badakizu aginduak betetzen dituela
eta zurea bezalako sentiera duela:
erortzen bazara, saminean lagun izango duzu.
13 Halaber, jarraitu tinko zeure barruak diotsunari,
ez baituzu inor berori baino fidagarriagorik:
14 batzuetan barrenak hobeto ohartarazten baitu gizakia
toki garaietan zaindari dauden jagole guztiek baino.
15 Eta, batez ere, eska Goi-goikoari
gida dezala zure bizitza egiaren bidetik.
Benetako eta gezurrezko jakinduria
16 Pentsamendua dago egintza ororen hasieran,
gogoeta edozein eginkizunen aurretik.
17 Bihotz barrutik sortzen dira pentsamenduak
18 eta lau norabide hartzen:
ongia eta gaizkia, bizia eta heriotza,
baina mihiak menperatzen ditu beti.
19 Bada beste asko hezitzen trebe denik,
baina bere buruarentzat probetxugabea.
20 Bada hizlari treberik higuingarri gertatzen denik:
zer janik gabe geldituko da;
21 izan ere, ez dio Jaunak dohainik eman
eta ez du batere jakinduriarik.
22 Bada bere baitan jakintsu denik ere,
eta haren adimenaren fruitu fidagarriak
beraren hitzetan agertzen dira.
23 Honelako gizon jakintsua bere herriaren hezitzaile da,
eta fidagarriak dira beronen adimenaren fruituak.
24 Gizon jakintsua gorespenez betetzen dute
eta ikusten duten guztiek hartzen zoriontsutzat.
25 Egun-kopuru mugatua du gizakiaren bizitzak;
Israelen egunak, berriz, kontaezinak dira.
26 Jakintsuak herritarren uste ona bereganatuko du,
betiko iraungo haren izenak.
Neurritasuna
27 Seme, probatu zeure burua bizitzan zehar,
ikus zer zaizun kaltegarri eta egiozu uko;
28 dena ez baita guztientzat komenigarri,
guztiek ez dute gauza berberetan atsegina aurkitzen.
29 Ez izan asegaitz atsegin guztiak probatu nahirik,
ez oldartu irrikaz janarien gainera;
30 gehiegizko jan-edanak gaixotasuna ekartzen baitu,
eta sabelkeriak beherakoa.
{{bertset|37|31| Asko hil dira beren sabelkeriaren ondorioz,
baina kontuz ibiltzen denak bizitza luzatzen du.
Medikua eta gaixotasuna
}}
38. atala
aldatu1 Ohoratu medikua bere zerbitzuengatik,
bera ere Jainkoak sortu baitzuen.
2 Goi-goikoagandik hartzen du medikuak sendatzeko gaitasuna,
eta erregeagandik opariak.
3 Bere jakintzak nolabaiteko duintasuna ematen dio medikuari,
eta handikiek ere miretsi egiten dute.
4 Jaunak sortarazten ditu sendagaiak naturan,
zuhur denak ez ditu mesprezatzen.
5 Ez al zuen zuhaixka batek ura gezatu basamortuan
sendatzeko bere indarra erakutsiz?
6 Jainkoak eman die gizakiei jakintza,
beraren gauza harrigarriengatik gorets dezaten:
7 belarren bidez mina kendu eta sendatzen du
8 botikariaren eskuz nahaskiak prestatu ondoren.
Horrela, Jainkoaren egintzak ez dira inoiz amaitzen
eta harengandik etortzen da osasuna mundura.
9 Seme, gaixo zaudenean, ez izan axolagabe;
erregutu Jaunari eta sendatuko zaitu.
10 Baztertu zeure hutsegiteak, jokatu zuzen,
garbitu bihotza bekatu guztietatik.
11 Eskaini lurrin gozoa eta irin garbia oroigarritzat,
egin opari joriak zeure baliabideen arabera.
12 Gero, dei egin medikuari,
bera ere Jainkoak sortu baitzuen;
ez bedi zure ondotik aldendu,
haren beharrean baitzaude.
13 Zenbait kasutan, haien esku dago zure susperketa,
14 beraiek ere eskatuko baitiote Jaunari
gaixotasuna arintzeko gai izatea
eta bizia salbatzeko sendabidea aurkitzea.
15 Bere Egilearen aurka bekatu egiten duena,
gerta dadila medikuaren beharrean!
Dolumina
16 Seme, isuri malkoak norbait hildakoan,
jo hileta zeure atsekabea adierazteko.
Eman hildakoari, dagokion hobiratzea,
eta ez izan axolagabe haren hilobiaz.
17 Egin negar garratz, jo bularra gogor;
egiozu dagokion dolua hildakoari egun bat edo bitan,
esamesak baztertzeko;
gero, arindu zeure nahigabea eta kontsolatu.
18 Izan ere, atsekabeak heriotza ekar dezake
eta bihotzeko nahigabeak indarrak jaten ditu.
19 Ezbeharrak ere etengabe sortzen du nahigabea,
miserian bizitzeak bihotzari kalte egiten.
20 Ez utzi zeure bihotza nahigabearen menpe,
urrun ezazu zeuregandik, bizitzaren azkena gogoratuz.
21 Ez ahaztu ez dagoela heriotzatik itzultzerik,
hildakoari ez diozu mesederik egingo
eta bai zeure buruari kalte.
22 Gogoratu, haren zoria zurea ere izango da:
«Gaur niri, bihar zuri».
23 Hildakoa atsedenean dagoenez,
utzi harengan pentsatzeari;
azken arnasa eman duenez,
ez nahigabetu gehiago harengatik.
Eskulanak eta burulana
24 Letragizonak astiuneak behar ditu jakinduria lortzeko;
bestelako zeregin gutxi duena bihurtuko da jakintsu.
25 Nola bilakatuko da jakintsu goldean dabilena,
beraren harrotasun bakarra akuilua erabiltzea bada,
idiak eraman, bizitza osoa lanean eman
eta zekorrez bakarrik hitz egiten badu?
26 Ildoak egiteaz arduratzen da buru-belarri,
eta gauean oraindik ganadua gobernatu behar.
27 Berdin arotz eta etxegileak,
gau eta egun lanean dihardutelarik;
edo zigiluetako irudiak grabatzen dituztenak,
berorien diseinuak etengabe aldatuz:
eredua berregiten saiatzen dira gogotik,
gauak ere lana burutzen emanez.
28 Berdin ingude ondoan eserita dagoen errementaria,
bere arreta burdingintzan jarria duelarik;
suaren beroak haragiak urtzen dizkio
labearen aurrean ahalegintzen den bitartean;
mailuaren zarata-hotsak etengabe zulatzen dizkio belarriak,
begiak josita dituela tresnaren ereduan;
gogotik saiatzen da lanak burutzen,
guztiz bikaindu nahian ematen gauak.
29 Berdin, eserita, bere lanean ari den eltzegilea,
oinekin gurpilari eraginez;
bere lanaz etengabe kezkaturik,
bere jardueran zenbat pieza egingo kontatzen;
30 besoaz moldeatzen du buztina
eta oinekin biguntzen gogorra dagoenean;
buru-belarri dihardu berniza ematen,
eta gauean oraindik labea garbitu behar.
31 Hauek guztiek beren eskulanean dute konfiantza,
trebea da bakoitza bere lanbidean.
32 Hauek gabe ez litzateke hiririk eraikiko,
ezin izango litzateke berauetan bizi edo ibili;
baina herri-kontseiluan ez zaie iritzirik eskatzen
33 eta batzarrean ez dute erantzukizunik izaten.
Ez dira epaimahaian esertzen,
ez baitituzte ulertzen legearen xedapenak.
Ez dute eskolarik, ez lege-jakintzarik agertzen,
ez dituzte jakinduriazko esaerak asmatzen.
{{bertset|38|34| Halere, hasieratik sortutakoari jarraipena ematen diote,
beren lanbidea dute otoizbide.
Letragizona
Ez da berdin gertatzen
Goi-goikoaren legea hausnartzera emandakoarekin,
}}
39. atala
aldatu1 antzinako guztien jakinduria aztertu
eta bere astiuneak profeziak ikertzera ematen dituenarekin.
2 Gizon ospetsuen kontaketak biltzen ditu,
jakinduriazko esaeren gako-makoetan sartzen.
3 Esaera zaharren ezkutuko esanahia aztertzen du,
jakinduriazko esaeren enigmak erabiltzen ditu gogoan.
4 Handikien artean egiten du bere zerbitzua,
buruzagien artean ibiltzen.
Atzerriko nazioetara bidaiatzen du,
bai baitaki esperientziaz
zer den ona eta zer txarra gizakiongan.
5 Goizean goizetik gogotsu jotzen du
sortu duen Jaunarengana,
eta Goi-goikoaren aurrean egiten otoitz.
Otoitzerako ahoa zabaltzen du
eta bere bekatuen barkamena eskatzen.
6 Jaun handiak nahi badu,
adimenez beteko dio gogoa:
euria bezala isuriko ditu jakinduri hitzak
eta Jauna goretsiko bere otoitzean.
7 Ongi bideratuko ditu bere irizpideak eta ezagupenak,
eta Jainkoaren ezkutuko gauzak hausnartzeko gai izango.
8 Ikasi duenaz heziko du jendea,
eta Jaunaren ituneko legea izango du harrogarri.
9 Askok goretsiko dute beraren buru-argitasuna,
ez dute inoiz ahaztuko.
Haren oroitzapena ez da desagertuko,
belaunez belaun bizirik iraungo haren izenak.
10 Haren jakinduriaz hitz egingo dute nazioek,
haren gorespena egingo herri-batzarrak.
11 Bizi den artean, beste asko baino ospetsuago izango;
hildakoan, aski izango du ospe hori.
Jainkoak helburu batekin egin guztia
12 Gogoeta egin ondoren, badut oraindik zer azaldurik,
ilargi betea bezala bainago ni ere gogoetaz betea.
13 Entzun, seme-alaba zintzook, eta hazi,
ur lasterraren ondoan landaturiko arrosondoa bezala.
14 Zabaldu lurrin gozoa intsentsuak bezala,
loratu lilia bezala;
abestu ozenki denok batera,
bedeinkatu Jauna beraren egintza guztiengatik.
15 Handietsi haren izena,
aldarrikatu haren gorespena
zeuen ezpainetako kantuaz eta zitaraz,
eman eskerrak, esanez:
16 «Zein ederrak Jaunaren egintza guztiak,
bere garaian betetzen da haren aginduetako bakoitza!»
17 Ez dago esaterik: «Zergatik hau? Zertarako hori?»,
gauza orok bere garaian azalduko baitu bere zergatia.
Haren berbaz urak batu egin ziren,
haren ahoko hitzez ur-bilketak sortu.
18 Agindu hutsez, hark nahi guztia egiten da;
inork ezin kontra egin haren salbamen-ekintzari.
19 Aurrean ditu bizidun ororen egintzak,
ez dio ezerk haren begiradari ihes egiten.
20 Betidanik betirarte dago begira,
ez dago ezer harrigarririk harentzat.
21 Ez dago esaterik: «Zergatik hau? Zertarako hori?»,
helburu jakin batekin egin baitu guztia.
22 Haren bedeinkazioak gainez egiten du ibaiak bezala,
lurra asetzen duen uholdeak bezala.
23 Era berean, jentil-herriek haren sumina jasango dute,
urak gatzaga bihurtu zituenean gertatu bezala.
24 Haren bideak zuzenak dira zintzoentzat,
baina oztopoz beteak legegabeentzat.
25 Gauza onak onentzat daude eginda hasieratik,
gauza txarrak txarrentzat bezalaxe.
26 Gizakiaren bizitzan behar-beharrezkoenak
ura, sua, burdina, gatza,
gari-irina, esnea, eztia,
mahats-zukua, olioa, jantzia.
27 Hauek guztiak zintzoen onerako dira,
baina bekatarien kalterako.
28 Badira Jainkoak zigortzeko sortutako haizeak,
eta are bortitzago bihurtzen ditu bere suminean;
suntsipen-garaian beren indarrari jaregiten diote,
sortu dituenaren sumina baretu arte.
29 Sua, kazkabarra, gosea, heriotza:
zigortzeko sortuak dira hauek guztiak ere;
30 era berean, basapiztien letaginak, eskorpioiak, sugegorriak
eta fedegabeen hondatzaile den ezpata mendekatzailea:
31 hauek guztiek pozik betetzen dute agindua.
Prest daude munduan, behar direnerako;
garaia iristean, ez dute Jainkoak esana bete gabe utziko.
32 Hau zen hasieratik nire uste sendoa
eta, gogoeta egin ondoren, idatziz jarri dut:
33 Jaunaren egintzak onak dira denak;
bere garaian erantzuten dio hark premia orori.
34 Ez dago esaterik: «Hau hori baino txarragoa da»,
bere garaian ikusiko baita on dela edozein gauza.
{{bertset|39|35| Eta orain, bihotz-bihotzez eta aho betez,
kanta eta bedeinkatu Jaunaren izena.
Gizakiaren miseria
}}
40. atala
aldatu1 Neke handiak jasateko sortua da gizaki oro,
uztarri astuna dago Adamen seme-alaben gain,
amaren sabeletik irteten diren egunetik
guztion ama-lurrera itzuli arte.
2 Berauen gogoeta-gaia eta bihotzeko beldurra
etorriko zaien heriotzako egunaren pentsamendua da.
3 Tronu ospetsuan eserita dagoenagandik
hauts eta errautsetan apaldurik dagoenaganaino,
4 purpurazko jantzia eta koroa daramatzanagandik
oihal latzez jantzirik dagoenaganaino,
5 ez dago sumina, bekaizkeria, egonezina eta asaldura,
heriotzaren beldurra, amorrua eta konponezina baino.
Eta ohe gainean atsedenerako etzatean
gaueko loak nahasmendua sortzen dio barruan:
6 atseden gutxi edo ia batere ez
eta, berehala, ametsetan ere kezkati, egunez bezala;
irudimeneko ikuskariek izutzen dute,
gudutik ihesi doanaren antzera;
7 eta hortik libratzear dagoen momentuan esnatu egiten da
eta bere funsgabeko izuaz harritzen.
8 Honela da bizidun ororentzat, gizaki nahiz abere,
baina askoz gehiago bekatariarentzat:
9 heriotza, hilketa, konponezina, gerra,
ezbeharrak, gosea, suntsipena, zigorra.
10 Legegabeentzat sortu du Jainkoak hau guztia
eta beraien erruz etorri zen uholdea ere.
11 Lurretik datorren guztia lurrera itzultzen da,
uretatik datorrena itsasora bihurtzen.
Benetako eta gezurrezko ondasunak
12 Eroskeria eta bidegabekeria oro desagertu egingo da,
baina leialtasunak betiko iraungo.
13 Zuzengabeen aberastasunak
errekastoa bezala lehortuko dira,
ekaitzaldiko trumoi-hots handia bezala pasatuko.
14 Eskuzabalak poza sentitzen du ematean;
lege-hausleak, berriz, zeharo desagertuko dira.
15 Fedegabeak adarrik ematen ez duten kimuak bezalako dira,
sustrai ziztrinak baitituzte
harkaitz gogorraren gainean.
16 Uraren bazterrean, ibai-ertzean, sortutako kanabera
beste belar ororen aurretik atera ohi dute;
17 baina egintza ona paradisu joria da,
eta limosnak betiko irauten du.
Jaunarenganako begirunea gauzarik onena
18 Beretzako adina duenaren eta langilearen bizimodua eztia
da:
bi horiena baino hobea altxorra aurkitzen duenarena.
19 Seme-alabak izateak eta hiri bat sortzeak
izena ospetsu bihurtzen dute:
bi horiek baino hobea emakume akasgabea.
20 Ardoak eta musikak bihotza pozten dute:
bi horiek baino gehiago jakinduriaren maitasunak.
21 Txirulak eta harpak soinu gozoa dute:
bi horiek baino gehiago mihi atseginak.
22 Xarma eta edertasuna irrikatzen ditu begiak:
bi horiek baino gehiago berde dagoen landa.
23 Adiskidea eta laguna nahi dutenean elkartzen dira:
bi horiek baino gehiago senar-emazteak.
24 Ahaide eta babesleek libratu egiten dute atsekabealditik:
bi horiek baino gehiago libratzen du limosnak.
25 Urreak eta zilarrak segurtasuna ematen dute:
bi horiek baino preziatuagoa da aholkua.
26 Aberastasunak eta indarrak bihotza jasotzen dute:
bi horiek baino gehiago Jaunarenganako begiruneak.
Jaunarenganako begirunea denean,
ez da ezer falta izaten,
ez dago beste laguntzaren beharrik.
27 Jaunarenganako begirunea paradisu joria da,
ospe orok baino gehiago babesten du.
Eskean ibiltzea
28 Seme, ez eraman eskale-bizitzarik;
hobe da hil eskean ibili baino.
29 Besteren mahaira begira dagoen gizonaren bizitzak
ez du bizitza izena merezi.
Inoren janariz bizi denak bere burua desohoratzen du;
gizon eskolatu eta ongi heziak ez du horrelakorik egiten.
{{bertset|40|30| Lotsagabearen esanetan gozoa da eskean ibiltzea,
baina suak bezala erretzen dio barrua.
Heriotza
}}
41. atala
aldatu1 Oi heriotza, bai garratza zure oroitzapena
bere ondasunen artean lasai bizi denarentzat,
sendo finkatua egonik, dena ongi atera
eta oraindik atseginak gozatzeko sasoian dagoenarentzat!
2 Oi heriotza, ongi etorria zure erabakia
behartsu eta indargabe dagoenarentzat,
oso zahartua eta aje askorengatik abaildua,
nazkaturik, pazientzia galduta, agertzen denarentzat!
3 Ez izan heriotzaren erabakiaren beldur,
izan gogoan zeure aurretik joandakoak
eta atzetik jarraituko dizutenak.
4 Jaunak erabakia du hori bizidun guztientzat.
Zergatik aurre egin Goi-goikoaren borondateari?
Hamar, ehun edo mila urte bizi,
Hilen Egoitzan ez dio horrek inori axola.
Fedegabeen zigorra
5 Bekatarien seme-alabak higuingarri bihurtzen dira,
fedegabeekin sarri elkartzen baitira.
6 Bekatarien seme-alaben ondarea hondamendira doa,
etengabeko lotsa utziko diete ondorengoei.
7 Fedegabeko gurasoek seme-alaben agiraka jasango dute,
beraien erruz baitaude lotsagarri.
8 Ai zuek, gizaki fedegabeok,
Goi-goikoaren legea baztertu duzuenok!
9 Madarikatuak izateko jaio zineten
eta, hiltzean ere, madarikazioa duzue herentzia.
10 Lurretik datorrena lurrera itzuliko da;
fedegabea madarikaziotik hondamendira.
Izen ona
11 Gizakiek dolu egiten dute hildakoengatik,
baina bekatariek izen onik ez,
hauen oroitzapena ere ezabatu egingo.
12 Arduratu zeure izenaz, hori geldituko baitzaizu gero,
urrezko mila altxor baino luzaroago gelditu ere.
13 Bizitza onak egun-kopuru mugatua du,
izen onak betiko irauten.
Egiazko eta gezurrezko lotsa
14 Seme-alabok, erakutsi hartu duzuen heziketa, bakean biziz.
Agertzen ez den jakinduriak eta ezkutuko altxorrak,
zertarako balio dute batak eta besteak?
15 Hobe da bere txorakeria ezkutatzen duena
bere jakinduria ezkutatzen duena baino.
16 Beraz, esango dizuet benetan zertaz lotsatu,
ez baita ona edozertaz lotsatzea,
eta denek ez dute gauza guztiez iritzi zuzena izaten:
17 lotsatu, aitamen aurrean, lizunkeriaz;
buruzagi eta ahaltsuaren aurrean, gezurraz;
18 epaile eta magistratuaren aitzinean, delituaz;
batzar eta herriaren aitzinean, lege-hausteaz;
lagun eta adiskidearen aurrean, maltzurkeriaz;
19 auzokoen aurrean, lapurretaz.
Izan lotsa hitzarmen eta konpromezuak ez betetzeaz,
mahaian gizabidetsu ez jokatzeaz,
modu txarrean eman edo hartzeaz,
20 agurtzen zaituztenei ez erantzuteaz,
emagalduei begiratzeaz,
21 herrikideei jaramonik ez egiteaz,
norbaiti berea duena edo eman diotena kentzeaz,
inoren emaztea irrikatzeaz;
{{bertset|41|22| neskamearekin ausartegi jokatu
eta beraren ohera hurbiltzeaz;
izan lotsa laguna hitzez iraindu
eta, berari zerbait eman ondoren, emandakoagatik mintzeaz,
}}
42. atala
aldatu1 entzun duzuna zabaltzeaz
eta ezkutukoak azaltzeaz.
Honela, benetako lotsa agertuko duzu
eta guztien onespena zeureganatuko.
Baina ez izan lotsa ondorengo hauetaz,
jendeak esango duenarengatik bekatu egin ez dezazun:
2 ez izan lotsa Goi-goikoaren legeaz eta itunaz,
atzerritarrak errugabe aitortzen dituen epaiaz,
3 lankide eta bidelagunarekin gastuak banatzeaz,
herentzia beste batzuekin zatitzeaz,
4 pisu eta neurgailu zuzenak erabiltzeaz,
negozio handi edo txikiak egiteaz,
5 merkatariek salmentatik ateratzen duten irabaziaz,
seme-alabak sarri zentzarazteaz,
morroi txarraren saihetsezurrak odoltzeaz.
6 On da fidagarria ez den emakumea etxean itxita edukitzea
eta esku asko dagoen lekuan gauzak giltzapean uztea.
7 Zenbatu eta pisarazi inoren esku uzten duzuna;
jaso idatziz eman eta hartzen duzunaren agiria.
8 Ez izan lotsa buru gutxikoa eta zentzugabea
edo lizunkerian dabilen agure zahartua zentzatzeaz.
Horrela, benetan ongi hezia zarela erakutsiko duzu
eta mundu guztiaren onespena zeureganatuko.
Alabaganako ardura
9 Alabak etengabeko ardura sortzen dio aitari barruan,
loa ere urrunarazten dion kezka:
gaztea denean, adina pasatuko ote zaion beldurrez;
ezkondu eta gero, senarrak zapuztu dezakeelako;
10 ezkongabea bada, birjintasuna galdu
edo aitaren etxean haurdun gera daitekeelako;
ezkonduta badago, desleial izan
edo antzu gerta daitekeelako.
11 Oso kontuz ibili lotsa gutxiko alabarekin,
etsaien aurrean barregarri,
hiriko hizpide eta herritarren esames bihurtua
eta jende guztiaren aurrean lotsaz betea utz ez zaitzan.
Kontuz emakumeekin
12 Ez jarri zeure begiak giza edertasunean
eta ez eseri emakumeen artean;
13 zeren eta, soinekoari sitsa sortzen zaion bezala,
emakumeari bere gisako gaiztakeria.
14 Hobe da gizon gogorra emakume samurregia baino;
honelakoak lotsaz eta irainez betetzen zaitu.
JAINKOAREN HANDITASUNA ETA JAKINDURIA
Naturan
Jainkoaren ahalmena izadian
15 Orain Jaunaren egintzak gogoratuko ditut,
ikusi dudana kontatuko.
Bere hitzaren bidez egin du Jaunak dena.
16 Gauza guztiak argitzen ditu eguzki distiratsuak
eta Jaunaren aintzaz betea dago berak egin duena.
17 Jaunaren aingeruek ere ezin dituzte
haren egintza harrigarri guztiak kontatu.
Jaun ahalguztidunak sendo ezarri du mundua,
beraren aintzaz tinko irauteko.
18 Leize sakonak eta giza bihotzak arakatzen ditu,
ongi ezagutzen berauetan gertatzen dena,
dena baitaki Goi-goikoak
eta bere begiak tinko ditu etorkizunaren zantzuetan.
19 Iragana eta etorkizuna iragartzen ditu,
ezkutuko gauzen aztarnak azaltzen.
20 Giza gogoeta batek ere ez dio ihes egiten,
hitz bakar bat ere ez zaio ezkutatzen.
21 Jakintzaz antolatu ditu bere egintza guztiak,
betidanikoa eta betirartekoa baita bera.
Ezin zaio ezer erantsi, ez kendu hark egindakoari,
eta ez du inolako aholkulariren beharrik izan.
22 Bai maitagarria dela hark egindako guztia!
Miresgarria ikus daitekeen gauzarik txikiena ere!
23 Guztiak bizirik daude eta betiko diraute,
behar den guztian, esana egiten.
24 Binaka doaz gauza guztiak, bata bestearen aurrez aurre,
eta ezer ez du akastunik egin.
{{bertset|42|25| Batak bestearen balioa sendotzen du.
Nor aspertuko da beraren aintza ikusteaz?
Eguzkia
}}
43. atala
aldatu1 Zeru goien edertasuna, ortziaren gardentasuna
eta zeru-sabaiaren itxura, zer ikuskizun distiratsua!
2 Eguzkiak aldarrikatzen du, agertzen denean,
benetan miresgarria dela Goi-goikoak egindakoa.
3 Eguerdian lurra lehortzen du:
nork jasan lezake haren berotasuna?
4 Labea suspertu ohi da galda-lanetarako:
hiru aldiz kiskalgarriago eguzkia mendietan.
Lurrun sutsuak botatzen ditu
eta bere errainuen distiraz begiak itsutzen.
5 Handia da eguzkia egin duen Jauna,
honen esanetara egiten du ibilaldia.
Ilargia
6 Ilargia ere bere garaian irteten da,
aroak finkatu eta aldiak adieraziz.
7 Ilargiak erakusten du jai egiteko garaia,
murriztu egiten delarik ilargi betearen ondoren.
8 Sustrai bereko hitzak dira «ilargi» eta «hilabete»;
miresgarriro hazten da, bai eta aldatzen ere;
zeru-sabaian distiratsu dagoen hori
ortziko astro guztien ikur da.
Izarrak
9 Izarren distirak edertzen du zerua,
argizko apaingailu Jaunaren goialdeetan.
10 Santuaren aginduz beren lekuan daude tinko,
ez dute alde egiten beren zaintza-postuetatik.
Ortzadarra
11 Ikusi ortzadarra eta bedeinkatu egin duena;
begira zein ikusgarria den beraren distira!
12 Zubi distiratsua marrazten du zeruaren biran,
Goi-goikoaren eskuek zabaldu dute hor.
Naturako gertakariak
13 Bere aginduz botarazten du elurra,
berak erabakia betetzeko jaregiten tximistei.
14 Horregatik zabaltzen dira haren gordailuak
eta txoriak bezala hegan abiatzen hodeiak.
15 Bere indar handiaz trinkatzen ditu
eta kazkabarra sortuz apurtzen.
16-17 Haren trumoi-hotsak dardar eragiten dio lurrari
eta mendiak ikaraz jartzen.
Hark nahi duenean hegohaizeak jotzen du,
bai eta ipar bortitzak eta haize erauntsiek ere.
Hegaldaka dabiltzan txoriak bailiran,
elur-malutak botatzen ditu,
eta matxinsalto-piloak bezala estaltzen lurra.
18 Begia liluratzen du haren zuritasunaren ederrak,
eta bihotza txunditzen jausten denean.
19 Gatza bezala zabaltzen du izotz zuria lur gainean,
jelatu eta belar-puntak arantzak bezala zorroztuz.
20 Iparraldeko haize hotzak jotzean
izotza eratzen da ur-azalean;
ur-multzo guztien gain kokatzen da
eta oskolez bezala gainjanzten ura.
21 Haize sargoriak mendiak irentsi
eta basamortua erretzen du,
suak bezala suntsitzen belar hezea.
22 Hau dena bizkor erremediatzen du behe-lainoak,
sargoriaren ondorengo ihintzak bizitasuna ekartzen.
23 Bere egitasmoaren arabera ozeanoa menperatu du
eta uharteak landatu bertan.
24 Itsasgizonek bertako arriskuen berri ematen dute,
eta harri eta zur uzten gaitu entzuten dugunak.
25 Izaki bitxi eta miresgarriak daude han,
mota guztietako bizidunak eta itsas munstroak.
26 Jainkoari esker du haren mezulariak arrakasta,
haren hitzak du dena arautzen.
27 Beste gauza asko esango genuke gaia agortu gabe,
baina hona azken hitza: «Jainkoa da dena».
28 Non aurkitu hura goresteko indarra?
Handia baita bera,
handia berak egindako guztiaren aldean.
29 Beldurgarria da Jauna, biziki handia,
eta miresgarria haren ahalmena.
30 Goratu Jauna, goretsazue ahal duzuen guztia,
are gorago egongo baita bera.
Hura goratzean, bildu zeuen indar guztiak,
ez etsi, ez duzue inoiz aski goratuko eta.
31 Nork ikusi du, nolakoa den esateko?
Nork goratuko du bere izateari dagokion neurrian?
32 Gauza asko daude ezkutuan hauek baino handiagoak,
beraren egintza gutxi batzuk baino ez baititugu ikusi.
{{bertset|43|33| Izan ere, Jauna da dena egin duena,
eta berak eman die zintzoei jakinduria.
Historian
Arbasoen goraipamena
}}
44. atala
aldatu1 Egin dezagun gizon ospetsuen goraipamena,
gure arbasoena, belaunez belaun.
2 Ospe izugarria banatu du Jaunak,
bere handitasuna aspaldidanik erakutsi:
3 badira beren erresumetan nagusi izan direnak,
edo beren aginteagatik ospetsuak,
beren buru-argitasunagatik kontseilariak,
profezien iragarleak;
4 badira erabakitzeko gaitasunagatik herri-buruzagi izan
direnak,
herria eskolatzen burutsu izan
eta jakinduriaz hezi dutenak.
5 Abesti-soinu ederrak asmatu zituzten,
olerkiak idatzi.
6 Izan ziren gizon aberatsak, ahaltsuak,
bakean bizi zirenak beren etxeetan.
7 Hauek guztiak ohoratuak izan ziren beren garaian
eta harrogarri beren bizi-denboran.
8 Haietako batzuek izen ahaztezina utzi dute,
beraietaz gorespenez hitz egin dadin.
9 Beste batzuek ez dute arrastorik ere utzi,
izan ez balira bezala desagertuz;
izatera iritsi ez balira bezala dira
beraiek eta beraien ondorengoak.
10 Ez, ordea, gure arbasoak, gizon zintzoak;
beraien egintza zuzenak ez dira ahaztu.
11 Haien ondasunak ondorengoengana pasatzen dira,
beraien ondarea seme-alabengana.
12 Haien seme-alabek leial gorde dituzte itunak,
ondorengoek ere bai beraiei esker.
13 Betiko iraungo du haien ondorengotzak
eta beraien ospea ez da desagertuko.
14 Haien gorpuak bakean daude hilobiratuta
eta gizaldiz gizaldi bizi da beraien izena.
15 Haien jakinduriaz mintzatuko dira nazioak
eta beraien gorespena aldarrikatuko herri-batzarrak.
Henok
16 Jaunak atsegin izan zuen Henok eta eraman egin zuen;
bihozberritzearen eredu da ondorengo belaunaldientzat.
Noe
17 Noe gizon zuzen eta akasgabea izan zen,
zigor-garaian berak ziurtatu zuen iraupena.
Berari esker gelditu ziren batzuk bizirik munduan
uholdea gertatu zenean.
18 Betiko ituna egin zuen Jaunak berarekin,
uholdeak berriro ez zuela bizidunik suntsituko
hitz emanez.
Abraham
19 Abraham handia herri askoren sorburu izan zen,
ez da izan haren parekorik ospean.
20 Goi-goikoaren legea bete zuen
eta ituna egin zuten elkarrekin.
Bere haragian ezarri zuen itunaren ezaugarria
eta zintzo zela erakutsi zuen probaldian.
21 Horregatik, zin eginez agindu zion Jaunak
haren ondorengoen bidez bedeinkatuko zituela herriak;
lurreko hautsa bezain ugaria emango ziola ondorengotza
eta izarrak bezala goratuko;
ondare gisa hartuko zutela herrialdea,
itsasotik itsasora,
Eufrates ibaitik lurraren bazterreraino.
Isaak
22 Isaaki agintzari bera berretsi zion
aita Abrahamenganako begirunez.
Jakob
Gero, gizaki guztientzako bedeinkazioa eta ituna
{{bertset|44|23| Jakobi eskualdatu zizkion.
Bere bedeinkazioak berretsi zizkion
eta herrialdea eman ondare;
Jakobek zatiak egin zituen
eta hamabi leinuen artean banatu.
Moises
Gizon zintzo bat sortarazi zuen Jaunak
Jakoben ondorengotzatik:
Moises, guztiek begiko izan zutena,
}}
45. atala
aldatu1 Jainkoak eta gizakiek maitatua,
beti onespenez gogoratua.
2 Aingeruenaren pareko aintza eman zion
eta handi egin, etsaiei beldurra sartzeko.
3 Bere hitzez mirariak sortarazi zituen,
erregeen aurrean goretsi zuen,
aginduak eman zizkion bere herriarentzat
eta bere aintzaren zerbait erakutsi.
4 Bere leialtasun eta otzantasunagatik sagaratu zuen,
gizaki guztien artetik aukeratuz.
5 Bere ahotsa entzunarazi zion
eta lainoan sarrarazi.
Aurrez aurre eman zizkion aginduak,
bizia eta ezaguera dakarren legea,
Israeli, Jakoben herriari,
bere ituna eta erabakiak irakasteko.
Aaron
6 Lebiren leinutik Jainkoak Aaron aukeratu zuen,
gizon santua, bere anaia Moisesen antzera.
7 Betiko konpromezua hartu zuen Jainkoak harekin
eta herriarentzako apaiz izendatu.
Ohoratu egin zuen apaingarri ederrez,
soingaineko zoragarria jantzarazi zion.
8 Duintasun paregabez estali zuen
eta aginte-ezaugarriz koroatu:
galtzaz, soingainekoz eta efodaz.
9 Granada-fruituz apaindu zion jantzia,
eta urrezko txilin ugariz,
ibiltzerakoan tintin egin
eta hotsa tenplu osoan entzun zedin,
israeldarrentzat oroigarri gisa.
10 Jantzi sakratua ere eman zion,
urrez, purpura more eta gorriz egina,
apain bordaturiko lana;
bai eta epaiketarako bularrekoa ere,
«Urim» eta «Tumim» epaigailuekin:
11 lihohariz josia, artelanez egina;
harribitxiak zituen zigiluen erara zizelkatuak,
urrezko begietan sartuak,
-benetako zilargin-lana-,
eta oroigarri gisa hamabi inskripzio grabaturik
Israelgo leinuen izenekin;
12 urrezko diadema zeraman buru-zapiaren gainean,
«Jaunari sagaratua» hitzak zituelarik zizelkatuta:
ohore-ikur, goi-mailako lan,
begien atsegingarri, apaingarri paregabea.
13 Haren aurretik ez zen ezer hain ederrik izan;
arrotzek ez dute inoiz halakorik jantzi,
ez jantziko ere,
haren semeek eta ondorengoek baizik.
14 Hark eskainiriko sakrifizioak erabat erretzen ziren
bi aldiz egunean etengabe.
15 Moisesek eman zion apaizgoa Aaroni,
olio sakratuz gantzutuz.
Hau betiko konpromezu bihurtu zen harentzat
eta haren ondorengoentzat, zeruak iraun bitartean,
kultua egin eta apaiz-zerbitzua betetzeko
eta Jaunaren izenean herria bedeinkatzeko.
16 Gizaki guztien artetik aukeratu zuen
Jaunari oparia eskaintzeko,
bai eta intsentsua eta lurrina ere, oroigarri gisa,
eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea egiteko.
17 Bere aginduak interpretatzeko
eta lege-arazoak erabakitzeko ahalmena eman zion,
Jaunarenganako betebeharrak Jakoben herriari irakatsi
eta legeari buruzko argibideak Israeli emateko.
18 Basamortuan, harenganako jelosiaz,
aurka altxatu zitzaizkion beretar ez zirenak:
Datan eta Abirami elkarturiko jendea
eta Koreren taldea, haserre-suminez beterik.
19 Hori ikusirik, Jaunak ez zuen atsegin izan,
eta haserre-suminaz suntsitu zituen;
mirariak egin zituen haien aurka,
bere suaren garretan irentsiz.
20 Areagotu egin zuen Aaronen ospea
eta ondaretzat eman zizkion
lehen fruituen hasikinak;
batez ere, asebetetzeko adina janari ziurtatu zion:
21 Jaunari eskainitako oparigaiak dituzte elikagai,
Jaunak eman baitzizkien berari eta ondorengoei.
22 Halere, herriari emandako lurraldean ez du ondarerik,
ez du lurzatirik beste herritarrek bezala,
Jaunak esan baitzion:
«Neu izango nauzu ondare eta mantenu».
Pinhas
23 Pinhas, Eleazar-en semea, da ospean hirugarrena,
Jaunaren begiruneaz arduratsu agertu zelako;
herriak huts egitean, zintzo iraun zuen
bere barruko adore eta indarrez,
Israelentzat barkamena lortuz.
24 Horregatik, bake-ituna egin zuen Jaunak berarekin,
eta santutegiaren eta herriaren buru jarri zuen;
horrela, berarena eta ondorengoena izango zen
apaizgo nagusia betiko.
25 Davidekin, Judaren leinuko Jeseren semearekin ere,
egin zuen Jaunak ituna,
baina errege-ondarea
semeetako bati bakarrik pasatzen zaio;
Aaronen ondarea, ordea, ondorengo guztiei.
{{bertset|45|26| Jar dezala Jaunak jakinduria
Aaronen ondorengoen bihotzean,
herria zuzenbidez gidatzeko,
aurrekoen ondasunak desager ez daitezen,
ez eta haien ospea ere gizaldiz gizaldi.
Josue eta Kaleb
}}
46. atala
aldatu1 Josue, Nun-en semea, gerlari ausarta izan zen
eta Moisesen hurrengo profeta;
izenak adierazten duenez,
Jaunaren aukeratuen salbatzaile handi izan zen;
haren aurka altxaturiko etsaiak zigortu zituen;
horrela, Israelek bere ondarea berreskuratu zuen.
2 Zer ospea bereganatu zuen eskua altxatu
eta hirien aurka bere ezpata astintzean!
3 Nor izan zen hain sendo bere aurretik?
Izan ere, berak zuzentzen zituen Jaunaren borrokak.
4 Ez al zen haren aginduz eguzkia gelditu
eta egun bakar bat bi bezain luze bihurtu?
5 Dei egin zion Goi-goikoari, Ahaltsuari,
etsaiek alde guztietatik erasotzen ziotenean,
eta Jaun handiak entzun egin zion
kazkabarra bidaliz izugarrizko indarrez.
6 Nazio etsaiaren aurka oldartu
eta suntsitu egin zuen maldan beherakoan,
nazioek haren arma guztiak ezagut zitzaten,
Jaunaren aurka ari baitziren gerran.
Josuek Ahaltsuari jarraitu zion beti
7 eta Moisesen egunetan zintzo jokatu zuen,
Kalebek, Jefuneren semeak, bezalaxe:
batzarrari aurpegi emanez,
herriak bekatu egin zezan eragotzi zuten
eta marmar gaiztoak isilarazi.
8 Eta bi hauek bakarrik atera ziren onik
seiehun mila oinezkoren artean,
aginduriko lurraldean sartu ahal izateko,
esnea eta eztia zerizkion lurraldean.
9 Jaunak indarra eman zion Kalebi,
eta zahartzarora arte iraun zion:
lurraldeko alderdi menditsura igoarazi zuen
eta hura hartu zuten ondorengoek herentzian.
10 Jakin bezate, beraz, Israelgo seme-alaba guztiek
on dela Jaunari jarraitzea.
Epaileak
11 Epaileak ere ospetsu izan ziren, nor bere erara;
haiek guztiak ez ziren desleialkerian erori,
ez eta Jaunarengandik aldendu ere.
Izan bitez beti onespenez gogoratuak!
12 Biziberri daitezela haien hezurrak hilobian
eta berrizta dadila gizon ospetsu haien izena
beraien ondorengoengan!
Samuel
13 Jaunak maitatua izan zen Samuel.
Jaunaren profeta izanik, erregetza ezarri zuen
eta herriaren buruzagiak gantzutu zituen.
14 Jaunaren legearen arabera gobernatu zuen batzarra
eta Jaunak Jakoben herriaren alde esku hartu zuen.
15 Bere leialtasunagatik benetako profeta agertu zen,
bere hitzen bidez argi gelditu zen egiazko ikusle zela.
16 Etsaiek alde guztietatik erasotzean,
Jaun Ahaltsuari dei egin zion,
arkume bat oparitan eskainiz.
17 Orro egin zuen Jaunak zerutik
eta, burrunbada handiz, bere ahotsa entzunarazi;
18 buruzagi etsaiak, filistearren printze guztiak,
suntsitu zituen.
19 Betiko loaldiaren aurretik testigantza egin zuen
Jaunaren eta honek gantzututako erregearen aurrean:
«Sekula ez dut inoren ondasunik hartu,
ez eta sandalia pare bat ere»,
eta inork ez zuen salatu.
{{bertset|46|20| Eta hil ondoren ere, egin zioten galderari erantzunez,
erregeari amaiera iragarri zion,
lurpetik ere bere profeta-ahotsa entzunarazi zuen
herriaren gaiztakeria ezabatzeko.
Natan
}}
47. atala
aldatu1 Haren ondoren Natan etorri zen,
Daviden egunetan profeta izan zena.
David
2 Sakrifizioetan zatirik aukeratuena gantza den bezala,
halaxe David israeldarren artean.
3 Lehoiekin jolas egin zuen antxumeekin bezala,
hartzekin arkumeekin bezala.
4 Ez al zuen gaztetan erraldoia hil
eta herriaren gainetik iraina kendu,
habailan harria zuela besoa astindu
eta Goliaten harropuzkeria eraitsi zuenean?
5 Izan ere, Jaunari dei egin zion, Goi-goikoari,
eta honek besoa indartu zion;
horrela, gerlari trebe hura menperatu zuen
eta herriaren indarra sendotu.
6 Horregatik, hamar milaren garaile bezala ospatu zuten David
eta Jaunak haren bidez bedeinkatu zituelako goretsi,
errege-koroa distiratsua eskainiz.
7 Inguru guztiko etsaiak zanpatu zituen
eta aurka zituen filistearrak suntsitu,
haien indarra behin betiko hautsiz.
8 Bere egintza guztiengatik eskerrak eman
eta goretsi egiten zuen Goi-goiko Santua;
bihotz-bihotzez abesten zituen gorazarreak
eta bere Egilea maitatzen.
9 Abeslariak jarri zituen aldare aurrean,
doinu eztiz kantatzen zutelarik.
10 Handitasuna eman zien jaiei,
ezin ederrago bihurtu ospakizunak:
Jaunaren izen santua goresten zen,
santutegia egunsentitik kantuz betetzen zelarik.
11 Barkatu egin zizkion Jaunak hutsegiteak
eta betiko sendotu haren indarra;
erregetza agindu zion,
ospez beteriko tronua izango zuela Israelen.
Salomon
12 Haren ondoren seme jakintsua sortu zen,
aitari esker eroso bizi izan zena.
13 Bake-garaian izan zen Salomon errege,
Jainkoak lasaitasuna eman baitzion lurralde osoan,
haren izenean tenplua eraiki
eta betiko santutegia presta zezan.
14 Zein jakintsua izan zinen gaztaroan, Salomon,
argitasunez betea ibaia urez bezala!
15 Zure eraginak lurra estali zuen,
esaera zahar eta gogoeta sakonez bete;
16 urrutiko uharteetaraino iritsi zen zure izena
eta maitatua izan zinen zeure bakearengatik.
17 Zure kantu, esaera zahar, alegia eta erantzunek
munduaren miresmena sortu zuten.
18 Jainko Jaunaren izenean,
Israelgo Jainko deituaren izenean,
urrea pilatu zenuen eztainua bezala,
zilarra metatu beruna bezala.
19 Emakumeekin etzan zinen
eta haien morroi bihurtu zeure gorputzaren grinaz.
20 Zeure izen ona belztu zenuen
eta askazia laidoztatu,
seme-alaben gain sumina erakarriz
eta zeure zorakeriaren ondorenak jasanaraziz.
21 Bitan zatitu zen erresuma
eta Efraimen leinutik erreinu errebeldea sortu.
22 Baina Jaunak ez zion bere errukiari uko egin
eta ez zituen bere agintzariak baztertu;
ez zituen, bada, bere aukeratuaren ondorengoak desagertzen
utzi,
ez zuen ezabatu bera maitatu zuen Daviden askazia;
Jakoben herriari irauteko bidea eman zion,
eta Davidi beronen sustraitik sortutako kimua.
Roboam
23 Salomonek, hil eta bere gurasoekin ehortzi zutenean,
bere askaziko bat utzi zuen ondoren, Roboam,
herriko zoroena, burugabe itzela,
bere erabakiez herria bere kontra altxarazi zuena.
Jeroboam
Jeroboamek, Nabaten semeak, bekatu eragin zion Israeli
eta bekaturako bidean jarri Efraim herria.
24 Eta haien bekatuak hainbesteraino ugaritu zirenez,
beren herrialdetik kanpora eraman zituzten.
{{bertset|47|25| Era guztietako gaiztakeriak egin zituzten
zigorra etorri zitzaien arte.
Elias
}}
48. atala
aldatu1 Elias sortu zen, sua bezalako profeta:
haren hitzak zuziak bezala erretzen zuen.
2 Gosetea ekarri zuen israeldarren gain,
eta asko gutxitu zituen bere jainkozaletasun gartsuaz.
3 Jaunaren aginduz euria egitea eragotzi zuen
eta hiru aldiz zerutik sua jaitsarazi ere bai.
4 Elias, zer ospea izan zenuen zeure mirariengatik!
Nor harrotuko da zu adinakoa delakoan?
5 Zuk ekarri zenuen hildako bat bizitzara,
Hilen Egoitzatik Goi-goikoaren hitzaz ateraz;
6 zuk erregeen hondamendia ekarri
eta handikiak agintetik bota zenituen;
7 zuri Jaunak agiraka egin zizun Sinain
eta zigortzeko bere erabakia azaldu Horeb mendian;
8 zuk erregeak gantzutu zenituen
sinesgabeen aurka mendekatzeko;
eta profetak ere gantzutu zenituen
zeure ondorengo izateko;
9 su-zurrunbiloan eraman zintuzten
suzko zaldien gurdian.
10 Idatzirik dago ezarritako garaian etortzekoa zarela
Jaunaren sumina, lehertu baino lehen, baretzera,
gurasoa eta semea elkarrekin bakearazteko
eta Jakoben leinuak indarberritzeko.
11 Zorionekoak ikusi zintuztenak
eta maitasunean lokarturik daudenak;
gu ere biziko gara, bai.
Eliseo
12 Elias zurrunbiloan desagertu zenean,
haren espirituz bete zen Eliseo.
Bere bizitzan zehar, ez zuten buruzagiek ikaratu,
inork ere ez menpean hartu.
13 Ezer ez zen ezinezko harentzat,
heriotzako loaldian ere profetagintzan jardun zuen.
14 Bere bizitzan mirariak egin zituen;
hil eta gero ere,
miresgarriak izan ziren haren egintzak.
15 Hala eta guztiz ere, herria ez zen bihozberritu,
ez zen bere bekatuetatik aldendu,
bere herrialdetik kanpora eraman
eta mundu osoan sakabanatu zuten arte.
Herri murriztua baizik ez zen gelditu
eta Daviden ondorengo buruzagi bat.
16 Hauetako batzuek Jainkoari atsegin zitzaiona egin zuten;
beste batzuek, berriz, bekatuak ugaldu.
Ezekias eta Isaias
17 Ezekiasek bere hiria gotortu zuen
eta ura eraman barrura.
Harkaitza zulatu burdinazko tresnaz
eta urtegiak egin zituen.
18 Haren garaian egin zuen eraso Senakeribek:
Rabsakes bidali zuen
eta honek Sionez jabetu nahi izan zuen,
eta harro eta lotsagabe jokatu zuen.
19 Jerusalemgo biztanleek dardar egin zuten izu-ikara handiz
eta emakumeak erdiminetan bezalako oinazeak jasan zituzten.
20 Baina Jaun errukiorrari dei egin zioten
eskuak harengana luzatuz;
eta Santuak berehala erantzun zien zerutik,
eta Isaiasen bidez askatu.
21 Asiriarren kanpalekuei eraso zien Jaunak
eta suntsitu egin zituen haren aingeruak,
22 Ezekiasek Jaunari atsegin zitzaiona egin baitzuen;
tinko iraun zuen David arbasoaren jokabidean,
Isaiasek, profeta handi eta bere azalpenetan fidagarri zenak,
agindu zionaren arabera.
23 Isaiasen garaian egin zuen eguzkiak atzera,
profetak erregearen bizitza luzarazi zuelarik.
24 Espirituaren eragin indartsuz etorkizuna ikusi zuen
eta Siongo atsekabetuak kontsolatu.
{{bertset|48|25| Azkenera arte iragarri zuen etorkizuna
eta ezkutuko gauzak ere bai, gertatu baino lehen.
Josias
}}
49. atala
aldatu1 Josiasen oroitzapena zoragarria da,
lurrinkaiak nahastuz lurringileak prestaturiko intsentsua
bezala,
eztia ahoan bezain gozo,
ardo ugariko oturuntzetan soinua bezain atsegin.
2 Herria Jainkoarengana itzularaztea lortu zuen
eta sasijainkoen kultu higuingarriak deuseztea.
3 Bere bihotza Jainkoarengana zuzendu zuen,
legegabeen egunetan zintzotasuna sendotu.
Judako azken erregeak. Jeremias.
4 David, Ezekias eta Josiasek izan ezik,
hutsegite asko egin zuten beste erregeek,
Goi-goikoaren legea baztertuz.
Judako erregeak desagertu egin ziren,
5 beste batzuei eman baitzieten beren indarra
eta atzerriko nazio bati beren ospea.
6 Etsaiek su eman zioten santutegia zegoeneko hiri aukeratuari
eta kaleak huts-hutsik utzi, Jeremiasek iragarri bezala.
7 Tratu txarra eman zioten Jeremiasi;
Jaunak amaren sabelean profeta sagaratu zuen hau,
erauzi, suntsitu eta hondatzeko bai,
baina bai eta eraiki eta landatzeko ere.
Ezekiel
8 Ezekielek Jainkoaren aintzaren ikuskaria izan zuen,
kerubinen gurdi gainean azaldu zitzaiona;
9 etsaiez gogoratu zen ekaitza iragartzean
eta on egin zien bide zuzenetik zebiltzanei.
Profeta txikiak
10 Hamabi profetei dagokienez,
biziberri daitezela haien hezurrak hilobian,
adore berria eman baitzioten Israel herriari
eta onik atera, leialtasuna eta itxaropena suspertuz.
Zorobabel eta Josue
11 Nola ez handietsi Zorobabel,
Jainkoaren eskuan zigilu-eraztun bezala izan zena!
12 Bai eta Josue ere, Jotzadaken semea:
beraien garaian eraiki zen tenplua
eta Jaunari sagaraturiko santutegia jaso,
betiko ospetsua izango dena.
Nehemias
13 Handia da Nehemiasen oroitzapena ere:
hark berreraiki zituen gure harresi hondatuak,
ateak eta morroiloak jarri
eta gure bizilekuak berregin.
Henok
14 Ez da munduan Henoken parekorik sortu,
lurretik eramana izan baitzen bera ere.
Jose
15 Ez da Jose bezalako gizasemerik ere izan,
bere anaien buru eta herriaren euskarri.
Begirunez erabili zituzten haren hezurrak.
Lehen arbasoak
{{bertset|49|16| Sem eta Set ospetsuak izan ziren gizakien artean,
baina kreazioko bizidun ororen gainetik Adam dago.
Simon apaiz nagusia
}}
50. atala
aldatu1 Simon apaiz nagusiak, Oniasen semeak,
bere bizitzan Jaunaren etxea berriztatu zuen
eta santutegia sendotu.
2 Haren egunetan harresia berreraiki zuten
eta errege-tenpluari babesdorreak jarri.
3 Haren garaian egin zen urtegia,
itsasoa bezain urtegi zabala.
4 Herria hondamenditik babesteko arduraz,
hiria gotortu zuen setiaketari aurre egiteko.
5 Zein handikiro egiten zuen santutegiko itzulia,
toki santu-santuko kortina atzetik irteten zenean!
6 Artizarra hodeiaren erdian bezala zen,
ilargia bete-betea dagoenean bezala,
7 Goi-goikoaren santutegi gainean dirdir dagien eguzkia
eta distirazko hodeitan argitsu agertzen den ortzadarra
bezala;
8 arrosondoaren lorea udaberrian,
lilia iturburu inguruan
eta Libanoko landaretza udan bezala;
9 intsentsu-ontzian erretzen den intsentsua
eta urre hutsezko ontzia
mota guztietako harribitxiz apaindua bezala;
10 fruituz abaildutako olibondoa
eta hodeietaraino luzatzen den zipresa bezala.
11 Bere soineko zoragarria jantzi
eta apaingarri paregabez hornituz
aldare santura igotzen zenean,
distiraz betetzen zuen santutegiko esparrua.
12 Oparigaien zatiak apaizen eskuetatik hartzen zituenean,
bera aldareko sutondoan zutik egoten zen,
anaiak inguruan koroa gisa zituela,
Libanoko zedro-kimuak edo palmondoak bezala.
13 Aaronen ondorengo guztiak
apaindura ederrez azaltzen ziren
Israelgo batzar osoaren aurrean,
Jaunarentzako opariak eskuetan zituztela.
14 Aldareko liturgi zerbitzua betetzen zuen
eta Goi-goikoaren, Ahalguztidunaren, oparia prestatzen;
15 edalontzirantz eskua luzatuz,
mahats-zukuaren isurketa egin
eta aldare-barrenean zabaltzen zuen,
lurrin gozo gisa Goi-goikoarentzat,
gauza guztien Erregearentzat.
16 Orduan, oihu egiten zuten Aaronen ondorengoek;
metal landuzko turutak joz
egundoko hotsa ateratzen zuten,
Goi-goikoa israeldarrez oroit zedin.
17 Orduan, herri osoa batera
lurreraino ahozpezten zen,
bere Jaunari, Ahalguztidunari,
Goi-goiko Jainkoari, gurtza emateko.
18 Abesbatzek beren kantuz goresten zuten,
ezti-eztia zelarik haien kanta-hots indartsua.
19 Herriak Goi-goiko Jaunari erregutzen zion,
Errukiorraren aurrean otoitz eginez,
Jaunaren ospakizuna amaitu
eta liturgia bukatu arte.
20 Orduan, Simonek, aldaretik jaitsi eta eskuak altxatzen
zituen
israeldarren batzar osoaren gain,
bere ahoz Jaunaren bedeinkazioa emateko,
eta harro hots egiten zuen Jaunaren izena.
21 Denak ahozpez jartzen ziren bigarren aldiz
Goi-goikoaren bedeinkazioa hartzeko.
Deia
22 Orain, bedeinka ezazue gauza guztien Jainkoa,
alde guztietan gauza handiak egiten dituena,
amaren sabeletik hasita gizakia garatu
eta bere errukiaren arabera gurekin diharduena.
23 Eman diezagula bihotzeko poza,
lagun diezagula Israelen bakean bizitzen
geure egunotan eta beti-betiko.
24 Haren errukiak tinko iraun dezala gurekin
eta aska gaitzala geure egunotan.
Nazio gorrotatuak
25 Badira bi nazio barru-barrutik gorrotatzen ditudanak,
eta hirugarren bat nazio ere ez dena:
26 Seir mendian bizi direnak, filistearrak
eta Sikemen bizi den herri burugabea.
Amaiera
27 Zentzu onez eta jakintzaz beteriko irakaspena
eman du liburu honetan
Jerusalemgo Jesusek,
Siraken seme eta Eleazarren bilobak;
euria bezala isuri du honetan bere bihotzeko jakinduria.
28 Zorionekoa hau guztia gogoan erabil dezana!
Bere bihotz barruan ezartzen duena
jakintsu bihurtuko da;
{{bertset|50|29| betetzen duena edozertarako izango da gai,
Jaunarenganako begiruneak gidatuko baitizkio urratsak.
}}
51. atala
aldatu1 Eskerrak eman nahi dizkizut, nire Jainko errege,
eta zu goretsi, oi Jainko, nire Salbatzailea.
Eskerrak ematen dizkizut,
2 zu izan baitzaitut neure babesle eta laguntzaile,
zuk askatu nauzu heriotzatik,
mihi maltzurraren saretik,
gezurrak zabaltzen dituzten ezpainetatik.
Nire etsaien aurrean zu izan zaitut laguntzaile.
3 Handia zarelako eta guztiz errukitsua,
askatu egin nauzu
irensteko prest zeudenen hozkadetatik,
bizia kendu nahi zidatenen eskuetatik,
jasan ditudan atsekabealdi askotatik,
4 inguratzen ninduten sugar itogarrietatik,
nik piztu ez nuen suaren erditik,
5 Herio Leizearen errai sakonetatik,
mihi zikinaren hitz gezurtietatik,
6 mihi maltzurraren gezietatik.
Heriotzatik hurbil nengoen jada,
Herio Leizearen ondo-ondoan nire bizia;
7 inguratua nengoen alde guztietatik
eta nork lagundurik ez;
gizakien laguntza bilatu, baina batere aurkitu ez.
8 Orduan, zure errukiaz oroitu nintzen, Jauna,
eta zuk gure alde betidanik egindakoaz:
onik ateratzen dituzula zuregan itxaroten dutenak
eta gaiztoen eskuetatik libratzen.
9 Lurretik neure erregua bidali nuen zureganaino
eta otoitz egin heriotzatik aske gelditzeko.
10 Honela egin nizun dei:
«Jauna, neure aita zaitut!
Ez baztertu ni atsekabealdian,
harroputzak nagusitzean, laguntzarik ez dagoenean.
11 Etengabe goretsiko zaitut,
esker onez kantatuko».
Zuk entzun egin zenuen nire otoitza,
12 heriotzatik salbatu
eta txarraldi honetatik atera.
Horregatik eman nahi dizkizut eskerrak,
eta zu goretsi eta bedeinkatu, Jauna.
Gorespen-salmoa
a) Goretsi Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
b) Goretsi laudagarri den Jainkoa,
haren maitasuna betikoa baita.
c) Goretsi Israelen zaintzailea,
haren maitasuna betikoa baita.
d) Goretsi gauza guztien Egilea,
haren maitasuna betikoa baita.
e) Goretsi Israelen askatzailea,
haren maitasuna betikoa baita.
f) Goretsi israeldar sakabanatuak biltzen dituena,
haren maitasuna betikoa baita.
g) Goretsi bere hiria eta santutegia eraikitzen dituena,
haren maitasuna betikoa baita.
h) Goretsi Daviden familiari kimu indartsua sortarazten
diona,
haren maitasuna betikoa baita.
i) Goretsi Tzadoken semeak apaiz aukeratu dituena,
haren maitasuna betikoa baita.
j) Goretsi Abrahamen babeskia,
haren maitasuna betikoa baita.
k) Goretsi Isaaken harkaitza,
haren maitasuna betikoa baita.
l) Goretsi Jakoben Jainko indartsua,
haren maitasuna betikoa baita.
m) Goretsi Sion aukeratu duena,
haren maitasuna betikoa baita.
n) Goretsi errege guztien Erregea,
haren maitasuna betikoa baita.
o) Bere herria indarberritzen du;
horregatik da goresgarri fededun guztientzat,
beregana hurbildu duen herriarentzat.
Aleluia! Gora Jauna!
Jakinduriaren bila
13 Oraindik gazte nintzelarik, bidaiatzen hasi aurretik,
bete-betean bilatu nuen jakinduria neure otoitzean.
14 Tenplu aurrean otoitz egin nuen hori lortzeko,
eta neure bizitzaren azkeneraino bilatuko dut.
15 Loratu zenean, hartaz poztu zen nire bihotza,
heltzen ari den mahats-mordoaz bezala.
Bide zuzenetik ibili dira nire oinak,
jakinduriaren arrastoari gaztarotik jarraituz.
16 Ahaleginik txikiena aski izan dut neureganatzeko
eta zerikasi asko aurkitu izan dut neuretzat.
17 Berari esker egin dut nik aurrera;
horregatik, jakinduria ematen didanari aintza emango diot.
18 Praktikan jartzea erabaki dut,
ongiaz arduratu naiz eta ez dut damurik.
19 Beraren alde borrokatu naiz neure izate guztiaz
eta oso arretatsu ibili naiz legea betetzen.
Eskuak zerurantz altxatu
eta haren kontra oharkabean egindako hutsegiteez ohartu naiz.
20 Jakinduriara nire gogoa bideratu
eta garbitasunean aurkitu dut.
Berarekin hartu nuen zentzutasuna hasieratik,
ez nau inoiz bertan behera utziko.
21 Nire barrua sugartsu lehiatu zen haren bila;
horregatik egin dut lorpen bikaina.
22 Jaunak mihia eman dit saritzat
eta goretsi egingo dut beronekin.
23 Zatozte niregana, hezigabeok,
iraun ezazue nire eskolan.
24 Zergatik jarraitu luzaroago heziketarik gabe,
zuen barrenak hain egarri diren bitartean?
25 Ahoa betean esaten dizuet:
Eros ezazue dirurik gabe,
26 makurtu lepoa horren uztarpera,
eta hartu gogoz heziketa!
Oso hurbil aurki daiteke.
27 Ikusi zeuek zein gutxi nekatu naizen,
atseden betea aurkitzeko gero.
28 Zeuenganatu heziketa kosta ahala kosta,
altxor ederra eskuratuko baituzue beronekin.
29 Poz dadila zuen bihotza Jaunaren errukiaz,
ez izan hura goresteko lotsa.
{{bertset|51|30| Burutu zeuen lana garaia den artean,
eta hark saria emango dizue bere garaian.