←2 Makabearrak | Biblia Jakinduria |
Ben Sirak→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
1. atala
aldatu1 Maitatu zuzentasuna, mundua gobernatzen duzuenok;
pentsa ezazue ongi Jaunari buruz
eta bilatu hura bihotz osoz,
2 bera aurkitzen uzten baitie tentatzen ez dutenei,
eta bere burua agertzen, mesfidatzen ez direnei.
3 Gogoeta bihurriek Jainkoarengandik aldentzen dute,
eta haren ahalmenak, proban jarriz gero,
nahastarazi egiten ditu zentzugabeak.
4 Jakinduria ez da sartzen asmo txarreko bihotzean,
ez eta bizi ere bekatuaren menpe dagoenaren gorputzean.
5 Espiritu santu hezitzaileak ihes egiten dio engainuari,
urrundu egiten da gogoeta zentzugabeen aurrean;
bidegabekeria agertzean, salatu egiten dute.
6 Jakinduria gizakia maite duen espiritua da,
baina ez du zigorgabe uzten gaizki-esalea;
Jainkoak ikertzen du gizakiaren barrua,
zehatz aztertzen du beronen pentsamendua
eta esaten duen guztia entzuten.
7 Jaunaren espirituak lurra betetzen du
eta, gauza guztiak elkarbiltzen dituenez,
hots guztiak ezagutzen ditu.
8 Horregatik, zuzengabe mintzo den inor ez da oharkabean
geldituko,
justizia salatzaileak ez dio barkatuko.
9 Zorrotz aztertuko dira fedegabearen asmoak,
beronen hitzen berri Jaunarenganaino iritsiko da
eta beronen egintza gaiztoen froga izango.
10 Izan ere, jeloskorraren belarriak den-dena entzuten du,
marmarren xuxurleek ere ez diote ihes egiten.
11 Gorde zaitezte alferrikako marmarretik,
eutsi mihiari eta ez jardun gaizki-esaka,
ez baita ondoriogabea izaten ezkutuan esandakoa ere,
eta kalumniatzen duen ahoak hil egiten du.
12 Ez erakarri heriotza zeuen bizitza okerbideratuz,
ez zeuenganatu hondamendia zeuek egindakoaz.
13 Jakin ez duela Jainkoak heriotza egin,
bizidunak galtzea ez duela atsegin.
14 Izan eta irauteko egin ditu hark gauza guztiak;
munduko izakiak osasunez beteak daude,
ez dute beren baitan pozoi hilgarririk
eta Heriok ere ez du munduan aginterik,
15 hilezkorra baita zuzentasuna.
{{bertset|1|16| Fedegabeek hitzez eta egintzez deitzen diote Heriori;
laguntzat dutelarik, haren irrikaz daude
eta hitzarmena burutzen dute harekin,
ongi merezia baitute harenak izatea.
}}
2. atala
aldatu1 Oker arrazoituz, esaten diote elkarri:
«Laburra eta tristea da gure bizitza;
azkena iristean, ez dago ihesbiderik
eta, guk dakigula, inor ez da itzuli Hilen Egoitzatik.
2 Kasualitatez etorri ginen mundura,
eta, gero, inoiz izan ez bagina bezala izango gara;
gure arnasa kea besterik ez da,
pentsamendua bihotz-taupadaren txinparta baino ez.
3 Itzaltzean, gorputza hauts bihurtuko da
eta espiritua haize iheskorra bezala desagertuko.
4 Denbora joan ahala, gure izena bera ere ahaztu egingo da,
inork ere ez ditu gure egintzak gogoratuko;
hodeiak baino arrasto gehiago ez du utziko gure bizitzak,
eguzki-errainuek zulatu eta beroak desegindako
behe-lainoa bezala desagertuko da.
5 Itzala bezain iheskor da gure bizialdia,
eta gure azkena ez dago atzeratzerik;
erabakia dago ordua eta ezin dio inork ihes egin.
6 «Beraz, goza gaitezen oraingo ondasunez;
goza gaitezen mundu honetaz sugartsu, gaztaroan bezala.
7 Mozkor gaitezen ardorik onenez eta lurrin gozoz,
ez daitezela falta udaberriko loreak.
8 Ingura ditzagun buruak arrosa-koroaz,
zimel daitezen baino lehen.
9 Ez bedi geldi inor gure orgiatik kanpo,
utz dezagun edonon geure alaitasunaren arrastoa;
horretarako eskubidea dugu,
hori baita gure ondare eta zoria.
10 «Zapal dezagun zintzo bizi den behartsua,
ez diezaiogun alargunari errukirik izan,
ez eta begirunerik ere agurearen ile zuriei.
11 Izan bedi gure indarra zuzentasunaren legea,
ahul izateak ez baitu ezertarako balio.
12 Jar diezazkiogun sareak zintzoari,
gogaikarri gertatzen baitzaigu;
gure jokaerari aurka egiten dio:
legea haustea aurpegiratzen digu
eta hartutako heziketari ez jarraitzeaz salatzen.
13 Jainkoa ezagutzen duela dio,
eta Jaunaren seme dela bera.
14 Bere bizieraz gure pentsaera du salatzen,
zintzoa ikuste hutsa ere jasanezina zaigu.
15 Besteena ez bezalako bizimodua darama,
oso bestelakoa du jokabidea.
16 Faltsutzat hartzen gaitu,
kutsagarria bailitzan urruntzen da gure jokabidetik,
azkenean zintzoak zoriontsu izango direla esaten du
eta aitatzat Jainkoa izateaz harrotzen da.
17 «Baina ikus dezagun esaten duena egia den ala ez!
Azter dezagun nolako amaiera duen!
18 Zintzoari, benetan Jainkoaren seme baldin bada,
bera etorriko zaio laguntzera
eta etsaien eskuetatik libratuko du.
19 Irainak eta torturak egingo dizkiogu,
horren lasaitasuna ikusi eta eramanpena probatzeko.
20 Heriotza lotsagarrira kondenatuko dugu,
berorren esanetan, Jainkoa alde aterako baitzaio».
21 Horrela arrazoitzen dute fedegabeek,
baina oker dabiltza,
gaiztakeriak itsutzen baititu;
22 ez dituzte ezagutzen Jainkoaren asmo ezkutuak,
ez dute jainkozaletasunari dagokion saririk espero,
ez dute aintzat hartzen biziera akasgabeari dagokion ohorea.
23 Hilezkor izateko egin zuen Jainkoak gizakia,
bere izatearen irudira egin zuen;
{{bertset|2|24| baina deabruaren inbidiaz sartu zen heriotza munduan,
eta harenak direnek jasango dute.
}}
3. atala
aldatu1 Zintzoen bizitza Jainkoaren esku dago,
ez ditu inolako oinazek harrapatuko.
2 Zentzugabeen ustetan, hilda zeuden behin betiko:
horiek hemendik irtetea berorien zoritxartzat jo zuten
3 eta guregandik urruntzea erabateko hondamenditzat,
baina zintzoak bakean daude egon.
4 Gizakien iritziz, zigorra jasan zuten,
baina haiek hilezkortasuna espero zuten bete-betean.
5 Pixka bat zigortuak izan ondoren,
sari handia izango dute gero;
Jainkoak probatu egin zituen
eta beretzat duin aurkitu.
6 Urrea arragoan bezala garbitu zituen,
eta erre-oparia bezala onartu.
7 Kontuak hartzeko garaian, distiratsu agertuko dira,
lastotan arin zabaltzen den txinparta bezala izango.
8 Nazioak gobernatuko dituzte, herriak menperatuko,
eta Jauna izango dute errege betiko.
9 Uste ona Jainkoarengan dutenek ulertuko dute egia,
haren maitasunari leial zaizkionak berarekin elkarturik
jarraituko;
izan ere, onginahia eta errukia baititu bere fededunentzat
eta ardura du bere aukeratuez.
10 Fedegabeek, ordea, beren burutazioek merezitako zigorra
izango dute,
zintzoa mesprezatu eta Jaunari bizkarra eman baitiote.
11 Dohakabeak jakinduria eta heziketa mesprezatzen dituztenak;
hutsa da horien itxaropena, alferrikakoak horien nekeak,
probetxugabeak egintzak;
12 zentzugabeak horien emazteak, gaiztoak seme-alabak
eta madarikatuak ondorengo guztiak.
13 Zorionekoa kutsagabe den emakume agorra,
legez kontrako harremanik izan ez duena;
izango du fruiturik kontuak hartzeko egunean.
14 Zorionekoa irendua ere, gaizkirik egin ez
eta Jaunaren kontrako asmo txarrik izan ez duena.
Bere leialtasunagatik, aparteko mesedeak hartuko ditu:
ondare bikaina izango du Jaunaren tenpluan.
15 Ahalegintzen denak fruitu zoragarriak eskuratzen ditu,
eta zuhurtzian oinarritzen denak sustrai iraunkorrak.
16 Adulteriogileen seme-alabak ez dira sasoi betera iritsiko,
legez kontrako harremanetatik sortuak desagertu egingo.
17 Luze bizita ere, ez dituzte batere aintzakotzat hartuko,
eta azkenean ohoregabeko zahartzaroa izango dute.
18 Gazterik hiltzen badira, berriz, ez dute itxaropenik
izango,
ez eta inolako pozik ere epaiketa-egunean.
{{bertset|3|19| Latza da gaizkileen azkena.
}}
4. atala
aldatu1 Hobe da bertutea seme-alabarik gabe ere,
hilezkorra baita bertutearen oroitzapena:
Jainkoak eta gizakiek onesten dute.
2 Dagoenean, eredutzat hartzen da;
ez dagoenean, beraren hutsunea igartzen.
Betiereko munduan koroaturik sartzen da,
sari ederretako borrokan garaile atera ondoren.
3 Fedegabeen ondorengotza ugaria, ordea, ez da ezertarako:
sasiaren kimutik sortua, ez du sustrai sakonik botako,
ez eta oinarri sendorik izango ere.
4 Nahiz eta, aldi batean, adar hezeak izan,
tinko ez dagoenez,
haizeak astindu eta indarrez aterako du sustraitik.
5 Adarrak hautsi egingo zaizkio, sendotu baino lehen;
haren fruituek ez dute balioko:
jateko gordinegiak, ezertarako ez dira.
6 Legez kontrako harremanetatik jaioak
gurasoen gaiztakeriaren lekuko izango dira judizioan.
7 Zintzoak, gazterik hilda ere, izango du atsedenik.
8 Zahartzaro ohoragarria ez datza bizitza luzean,
ez da neurtzen urteen kopuruaz ere;
9 gizakiarentzat benetako ile zuria zuhurtzia da,
adin handia bizitza akasgabea.
10 Jainkoari atsegin izan zitzaion,
eta hark maitatu egin zuen;
bekatarien artean bizi zenez, Jainkoak eraman egin zuen,
11 eta mundutik atera, gaizkiak adimena nahastu
eta engainuak arima lilura ez ziezaion.
12 Izan ere, gaizkiaren lilurak benetako baloreak iluntzen
ditu,
eta grina txarren zorabioak gizaki tolesgabea desbideratzen.
13 Denbora laburrean heldutasunera iritsi
eta bizitza luzearen betetasuna lortu zuen.
14 Jaunak haren arima atsegin izan zuenez,
bizkor atera zuen gaizkiaren erditik.
Jendeak ikusi eta ez du ulertzen,
ez eta konturatu ere honako honetaz:
15 Jaunak onginahia eta errukia dituela bere aukeratuentzat,
eta ardura bere fededunentzat.
16 Hildako zintzoak bizirik dirauten fedegabeak kondenatzen
ditu,
eta heldutasunera bizkor iritsitako gazteak gaiztoaren
zahartzaro urtetsua.
17 Ikusiko du jendeak jakintsuaren azkena,
baina ez du ulertuko Jaunak harekiko zuen asmoa
eta zergatik eraman duen toki segurura.
18 Gaiztoek mesprezioz begiratuko diote,
baina Jaunak beraiei egingo die barre.
19 Gero, gorpu mesprezagarri bihurtuko dira,
iraingarri betiko, hildakoen artean;
buruz aurrera botako ditu Jaunak,
txintik ere ezin izango dutelarik esan;
oinarritik astinduko ditu, hondoraino erraustuko;
saminetan biziko dira
eta haien oroitzapena ere galdu egingo.
{{bertset|4|20| Kikildurik joango dira beren bekatuen kontu ematera,
beren gaiztakeriak izango baitituzte salatari.
}}
5. atala
aldatu1 Orduan, zutik egongo da zintzoa, guztiz seguru,
atsekabetu eta bere nekeengatik mesprezatu zutenen aurrean.
2 Hauek izu-ikaraz dardaran geldituko dira, hura ikustean,
beraren ezusteko salbamenaz txunditurik.
3 Bihotz-zimikoz, estu eta larri,
intzirika esango diote elkarri:
4 «Guk, zentzugabeok, barre egiten genion horri,
eta isekagai bihurtzen genuen.
Horren bizitza zorakeriatzat jotzen genuen
eta heriotza mesprezagarritzat.
5 Nola dago, bada, orain Jainkoaren seme-alaben artean,
aingeruen ondarean esku hartuz?
6 Geu gara, gu, egiaren bidetik aldendu ginenak;
zuzentasunaren argiak ez gintuen argitu,
eguzkia ez zen guretzat irten.
7 Aspergabe ibili ginen gaiztakeri eta hondamen-bideetan,
igaroezineko basamortuan zehar,
Jaunaren biderik ezagutu gabe.
8 Zertarako balio izan digu geure harropuzkeriak?
Zer onura ekarri digu harrobide genuen aberastasunak?
9 Itzala bezala desagertu da hori guztia,
lasterka doan mezularia bezala;
10 edo itsasoko uhinak zeharkatzen dituen ontzia bezala:
igaro eta arrastorik ez du uzten,
ontzipeak ere ez lorratzik uhinetan;
11 edo airean hegan doan txoria bezala:
ez du bere hegaldiaren aztarnarik uzten;
bere hegoez zafla-zafla jotzen du aire arina
eta ziztu bizian airea urratzen eta bidea irekitzen hegaldaka,
baina ez du igaro den seinalerik uzten;
12 edo jo-puntura jaurtikitako gezia bezala:
urratzen duen airea berehala elkartzen da
eta ez dago haren nondik norakoa jakiterik.
13 Berdin-berdin gu ere: jaio orduko desagertu
eta ez dugu atzean bertute-arrastorik ere utzi,
gaiztakerian ahitu ditugu indarrak».
14 Fedegabearen itxaropena haizeak daraman hautsaren antzeko
da,
haize erauntsiak eramaniko elur-bisutsaren antzeko;
kea haizetan bezala desagertzen da,
gau bateko ostalariaren oroitzapena bezala.
15 Zintzoak betiko bizi dira;
Jaunak ematen die beren saria
eta Goi-goikoa arduratzen da beraietaz.
16 Horregatik, Jaunaren eskutik hartuko dute
errege-koroa ohoretsua, diadema ederra;
hark bere eskuaz gerizatuko baititu,
bere besoaz estaliko, babeskiaz bezala.
17 Bere amorru mendekatzailea hartuko du armatzat
eta izadiaz baliatuko da etsaia zigortzeko.
18 Justizia jantziko du bularrekotzat,
epai zuzena burukotzat,
19 bere santutasun menperaezina ezkututzat;
20 bere sumin gupidagabea erabiliko du ezpata zorroztzat,
eta unibertsoa ere berarekin borrokatuko da zentzugabeen
aurka.
21 Ongi teinkaturiko uztaiak zuzen botatako geziak bezala,
tximistak irtengo dira hodeietatik eta jo-puntura joango.
22 Kazkabarra jausiko zaie gainera,
habailari amorratuak botata bezala;
itsasoko urak ere haserretuko dira beraien kontra
eta ibaiek gupidagabe hartuko dituzte azpian.
{{bertset|5|23| Haize bortitza jaikiko da beraien kontra
eta haize erauntsiak bezala sakabanatuko ditu.
Horrela, maltzurkeriak mundu osoa erraustuko du,
bidegabekeriak ahaltsuen tronuak irauliko.
Entzun, erregeok
}}
6. atala
aldatu1 Entzun, beraz, erregeok, eta ulertu;
ikasi, munduko bazter guztietako agintariok.
2 Jarri arreta, zuek, jendetza handiak gobernatzen dituzuenok
eta herri ugari menpean izateaz harrotzen zaretenok.
3 Jaunarengandik datorkizue boterea,
Goi-goikoarengandik agintea,
eta berak aztertuko ditu zuen egintzak
eta ikertuko zuen egitasmoak;
4 zeren eta haren erregetzaren ministrari izanik,
ez baituzue zuzen epaitu, ez legea bete,
ez eta jokatu ere Jainkoaren borondatearen arabera.
5 Bat-batean eta beldurgarriro aurkeztuko zaizue,
bereziki zorrotz epaitzen baititu goi-mailakoak:
6 txikienei errukia zor zaie,
ahaltsuak gogor izango dira zigortuak.
7 Gizaki guztien Jaunak ez du inoren aurrean atzera egiten,
handitasunak ez du kikiltzen;
handikia nahiz txikia berak egin zituen
eta era berean arduratzen da guztiez.
8 Halere, azterketa zorrotzagoa izango dute boterean daudenek.
9 Beraz, zuei, erregeoi, zuzentzen dizkizuet hitzok,
jakintsu izaten ikasi eta huts egin ez dezazuen.
10 Haren nahi santua zintzo betetzen dutenak
izango dira santutzat hartuak,
eta hartan ikasiek izango dute babeslerik.
11 Beraz, izan nire hitzen egarri,
bila itzazue irrikaz eta hartuko duzue heziketa.
12 Argitsua da jakinduria, itzalezina haren distira.
Nekerik gabe ikusten dute maite dutenek,
bai eta aurkitzen ere bilatzen dutenek.
13 Beraren irrikaz daudenei
aurrea hartzen die eta bere burua ezagutarazten.
14 Haren bila goiz-goizetik doanak ez du nekatu beharrik
izango,
ate ondoan aurkituko baitu eseria.
15 Zuhurtziarik handiena da hartaz gogoeta egitea,
hargatik gauak beilan ematen dituena laster izango da kezkarik
gabe,
16 zeren eta jakinduria bera ibiltzen baita harat-honat
beraren duin direnen bila;
onginahiz agertzen zaie bidean
eta beren gogoeta bakoitzean aurkezten.
17 Jakinduriaren hasiera haren irakaspenaren egarrian datza;
18 heziketaz arduratzea hura maitatzea da;
hura maitatzea beraren legeak gordetzea;
haren legeak betetzea hilezkortasuna ziurtatzea,
19 eta hilezkortasunak Jainkoarengana hurbilarazten du.
20 Honela, jakinduriaren egarriak erregetzara darama.
21 Beraz, zuek, herrietako erregeok,
errege-aulki eta aginte-makilak atsegin badituzue,
ohoratu jakinduria, eta betiko izango zarete errege.
22 Baina zer da jakinduria eta non du jatorria?
Azalduko dizuet, ezer ezkutuan utzi gabe.
Bere izatearen hasieraraino jo
eta argi eta garbi ezagutaraziko dut;
ez naiz, ez, egiatik desbideratuko.
23 Ez dut horretan inbidia zitalez jokatuko,
honek ez baitu zerikusirik jakinduriarekin.
24 Jakitun-ugaritasuna munduarentzat osasun,
eta errege zuhurra herriarentzat ongizate.
{{bertset|6|25| Beraz, onar ezazue nire irakaspena
eta izango duzue probetxurik.
}}
7. atala
aldatu1 Ni neu ere gizaki hilkorra naiz, guztiak bezalaxe,
buztinaz eratutako lehen gizakiaren ondorengoa.
Amaren sabelean izan nintzen haragitan moldeatua,
2 eta bederatzi hilabetez odoletan eratu nintzen,
gizonaren hazitik eta amodioaren atseginetik sortua.
3 Nik ere, jaio ondoren, guztion airea arnastu nuen
eta, denoi antzera eusten digun lurrera etortzean,
nire lehen mintzoa guztiona izan zen: negarra.
4 Zapiz eta arduraz inguraturik hezi ninduten.
5 Ez dago bestelako hasiera izan duen erregerik.
6 Guztiontzat bide bat bakarra dago munduan sartzeko nahiz
irteteko.
7 Horregatik, otoitz egin eta zuhurtzia eman zidan Jainkoak,
berari dei egin eta jakinduriaren espiritua iritsi zitzaidan.
8 Errege-aulki eta aginte-makila baino nahiago izan nuen;
haren aldean, aberastasuna ezereztzat jo nuen;
9 harribitxirik preziatuenarekin ere ez nuen parekatu,
munduko urre guztia, haren aldean, hondar-apur bat besterik
ez,
eta zilarrak, haren aurrean, lokatza dirudi.
10 Edertasuna eta osasuna baino maiteago izan
eta neure argitzat aukeratu nuen,
haren distira ez baita inoiz itzaltzen.
11 Eta jakinduriarekin ondasun guztiak batera etorri
zitzaizkidan,
eta ezin konta ahala aberastasun haren eskutik.
12 Ondasun horiez guztiez gozatu nintzen,
jakinduriak ekarriak baitira,
nahiz eta ez jakin berak sortuak zirela.
13 Xumeki ikasi nuen jakinduria, damurik gabe banatzen dut;
ez ditut haren aberastasunak neuretzat bakarrik gordetzen,
14 altxor agorrezina baita gizakientzat;
hura eskuratzen dutenak Jainkoaren adiskide egiten dira,
heziketaz lorturiko dohainei esker.
15 Eman diezadala Jainkoak behar bezala hitz egitea
eta bere dohainen araberako gogoetak izatea;
izan ere, bera da jakinduria gidatu
eta jakintsuei bide zuzena erakusten diena.
16 Bere eskumende gauzka gu geu eta gure hitzak,
bai eta zuhurtzia eta lanerako trebetasuna ere.
17 Berak eman dit errealitatearen benetako ezagutza
munduaren egitura eta elementuen jarduera jakiteko:
18 denboraldien hasiera, erdikoa eta azkena,
eguzkiaren gorabeherak eta urtaro-aldaketak,
19 urtegaraiak eta astroen posizioak,
20 animalien izaera eta basapiztien portaera,
espirituen eragina eta gizakien gogoetak,
landare-motak eta sustraien gaitasunak.
21 Dena ezagutzen dut, ezkutukoa nahiz agerikoa,
jakinduriak, guztiaren egileak, irakatsi baitit.
22 Jakinduria espiritu adimentsu eta santua da,
bakarra, jarduera anitzekoa, fina,
mugikorra, sarkorra, kutsagabea,
aldaezina, onzalea, zolia,
23 behartuezina, ongilea, gizakiaren adiskidea,
tinkoa, ziurra, kezkagabea,
dena ahal duena eta dena ikusten duena;
espiritu argi, garbi eta finenetan barneratzen da.
24 Mugimendu oro baino bizkorragoa da jakinduria;
hain garbia denez,
dena zeharkatu eta edonon barneratzen da.
25 Jainkoaren indarraren arnas lurruna da,
Ahalguztidunaren aintzaren jario garbia;
ez zaio, beraz, inolako kutsadurarik eransten.
26 Betiereko argiaren distira da,
Jainkoaren jardueraren ispilu gardena,
haren ontasunaren irudia.
27 Bakarra izanda ere, dena dezake;
bera aldatu gabe, den-dena eraberritzen du;
mendetan zehar, jende santuaren baitan sartzen da,
eta Jainkoaren adiskide eta profeta egiten ditu.
28 Zeren eta Jainkoak ez baitu maite
jakinduriarekin elkarturik bizi dena baino.
29 Izan ere, eguzkia eta konstelazio guztiak baino ederragoa
da;
egun-argiarekin alderatuz, nagusi ateratzen da;
{{bertset|7|30| zeren eta egun-argiari gauak hartzen baitio txanda,
baina jakinduriari gaiztakeriak ezin inoiz gaina hartu.
}}
8. atala
aldatu1 Munduaren mutur batetik besteraino hedatzen da indartsu
eta ezin hobeto gobernatzen du den-dena.
2 Gaztetandik maitatu eta bilatu izan dut jakinduria,
eta neure emazte egin nahi izan dut,
beraren edertasunaz maiteminduta.
3 Jainkoarekin duen elkarbizitzak haren jatorri bikaina
goraipatzen du,
gauza guztien Jaunak baitu maite.
4 Jainkoaren jakintzan partaide da
eta beraren egintzak aukeratzen ditu.
5 Aberastasuna desiragarria bada bizitzan,
zer, dena egiten duen jakinduria baino aberatsago?
6 Eta giza adimena kreatzaile bada,
ez ote are gehiago gauza guztien egilea?
7 Zuzentasuna maite duzula?
Bada, jakizu beraren fruitu direla bertuteak:
berak irakasten ditu neurritasuna eta zuhurtzia,
zuzentasuna eta sendotasuna;
ezer ez da bizitzan hauek baino onuragarriago.
8 Esperientzia luzea irrikatzen duzula?
Bada, jakinduriak iragana ezagutzen du eta etorkizuna
asmatzen,
esaera zaharrak argitu eta enigmak ebazten ditu;
aurrez ezagutu ditu natur zantzu eta gertaera harrigarriak,
historiako aro eta garaien atarramendua.
9 Beraz, neure bizilaguntzat hartzea erabaki nuen,
bai bainekien aholku onak emango zizkidala,
eta kezka eta atsekabealdietan adorea.
10 Esaten nuen neure baitan:
«Berari esker, ospea izango dut jendartean
eta, gazte naizen arren, begirunea herri-kontseiluan.
11 Epaietan dudan zorroztasunaz ohartuko dira
eta agintariek ere miretsiko naute.
12 Isilik banago, zain egongo zaizkit;
hitz egiten badut, adi-adi entzungo;
nire hitzaldia luzatzen bada, mutu geldituko mirespenez.
13 Berari esker hilezkortasuna izango dut
eta betiko oroitzapena utziko ondorengoei.
14 Herriak gobernatuko ditut, nazioak menperatuko.
15 Nire izena entzuteaz bakarrik
errege beldurgarriak ere izutu egingo dira;
ona izango naiz neure herriarentzat;
gerran, berriz, adoretsua.
16 Etxera itzultzean, beraren ondoan hartuko dut atseden,
harekiko harremanetan ez baita garraztasunik,
ez eta atsekaberik ere harekin bizitzean,
atsegina eta poza baizik».
17 Gogoeta hauek neure baitan eginez ulertu nuen
jakinduriarekin ahaidetzeak hilezkortasuna dakarrela,
18 beraren adiskide izateak gozamen betea,
berarekin jarduteak aberastasun agorrezina,
harekin sarri egoteak zuhurtzia
eta berarekin mintzatzeak izen handia;
orduan, eginahalak egin nituen jakinduria neureganatu nahian.
19 Izaera jatorreko gaztea nintzen
eta arima ona egokitu zitzaidan;
20 edo, hobeto esanda, ona nintzelako,
gorputz akasgabe batean sartu nintzen.
{{bertset|8|21| Baina Jainkoak emanda ez bazen
ez nuela jakinduria neureganatuko jakinik
--eta dohain hori norengandik zetorren jakitea bera ere
bazen zuhurtziaren adierazgarri--,
Jainkoarengana itzuli eta erregutu egin nion.
Honela esan nion bihotz-bihotzez:
Jakinduriarik gabe gizakia ez da ezer
}}
9. atala
aldatu1 «Arbasoen Jainko eta Jaun errukiorra,
zeure hitzez gauza guztiak egin
2 eta zeure jakinduriaz gizakia eratu zenuen,
zeure sorkari guztien jaun izan zedin,
3 mundua santu eta zuzen gobernatu
eta leialtasunez justizia egin zezan;
4 emadazu jakinduria, zure ondoan errege dena,
eta ez nazazu ken zeure seme-alaben artetik.
5 Zeure zerbitzari nauzu, zeure zerbitzari apal,
gizon gaixo eta bizitza laburrekoa,
zuzenbidea eta legeak ulertzeko gauza ez dena.
6 Bestalde, gizakirik prestuena ere
ez da ezer zuregandik datorren jakinduriarik gabe.
7 «Zuk aukeratu nauzu zeure herriaren errege,
zeure seme-alaben gobernari;
8 zuk agindu zenidan zure mendi santuan tenplua
eta bizileku duzun hirian aldarea eraikitzeko,
hasieratik prestaturiko santutegiaren antzekoa.
9 Zurekin dago jakinduria,
zure egite guztiak ezagutzen dituena,
mundua egin zenuenean ere bertan zena;
badaki zer duzun atsegin,
badaki zer den zuzena zure aginduen arabera.
10 Bidal ezazu zeure zeru santutik,
igorri zeure tronu ospetsutik,
nirekin izanik, lanean lagun diezadan,
zuk gogoko duzuna irakatsiz.
11 Berak, dena jakin eta ulertzen duenak,
zuhur gidatuko nau neure eginkizunetan
eta bere ospeaz babestuko.
12 Horrela, onartuko dituzu nire egintzak,
justiziaz gobernatuko dut zure herria
eta aitaren tronuaren duin izango naiz.
13 «Zein gizakik ezagutuko du Jainkoaren asmoa?
Nork ulertuko Jaunak nahi duena?
14 Gizaki huts garenon gogoetak kaxkarrak dira,
gure ideiak ziurtasun gabeak.
15 Gure gorputz galkorra arimarentzat zama da,
lurrezko etxola honek berez kezkati den espiritua nekarazten
du.
16 Nekez igartzen diegu lurrekoei
eta kostata aurkitzen irispidean duguna ere.
Nork, beraz, arakatuko ditu zerukoak?
17 Nork ezagutuko zukeen zure asmoa,
zeuk eman ez bazenio jakinduria
eta zerutik bidali zeure espiritu santua?
{{bertset|9|18| Horrela bakarrik izan ziren zuzenak lurtarren jokabideak,
horrela ikasi zuten zer duzun atsegin,
eta jakinduriaren bidez salbatu ziren».
Adamengandik Moisesenganaino,
salbamena jakinduriaren bitartez
}}
10. atala
aldatu1 Jakinduriak babestu zuen munduaren aita,
sortua izan eta bakarrik zegoenean;
gero, bekatutik atera zuen
2 eta gauza guztiak menperatzeko ahalmena eman.
3 Gaizkilea, bere suminean, aldendu egin zen jakinduriatik
eta, amorruz anaia hilez, bere burua hondatu zuen.
4 Haren erruz, uholdeak estali zuen lurra,
baina jakinduriak salbatu zuen berriro,
zintzoa zurezko ontzitxo kaxkarrean gidatuz.
5 Nazioak gaizkian bat etorri eta nahastu zirenean,
jakinduriak begiz jo zuen zintzoa,
akasgabe gorde zuen Jainkoaren aurrean
eta tinko eutsi zion,
semearenganako maitasunagatik desobedi ez zezan.
6 Fedegabeen hondamendikoan, jakinduriak libratu zuen zintzoa,
bost hirien gainera eroritako sutik ihesi zebilela.
7 Haien gaiztakeriaren lekuko,
hor da oraindik lur idorra ketan,
garaiz aurretik fruitua galtzen duten arbolekin,
bai eta gatzezko zutabea ere, arima sinesgabearen oroigarri.
8 Jende hark, jakinduria baztertu zuelako,
ongia bereizteko gaitasuna galtzeaz gainera,
bere burugabekeriaren oroigarria utzi zien gerokoei,
beraien hutsegiteak ez zitezen ezkutuan geldi.
9 Bere zerbitzariak, ordea, estualdi guztietatik libratu
zituen jakinduriak.
10 Anaiaren suminetik ihesi zebilen zintzoa
bide erosotik gidatu zuen jakinduriak;
Jainkoaren erregetza erakutsi zion
eta errealitate santuak ezagutzera eman;
arrakasta eman zion bere nekeetan
eta lanaren emaitzak ugaldu;
11 zapaltzaileen gutiziatik zaindu
eta aberastasunez bete zuen jakinduriak;
12 etsaiengandik gorde
eta tranpak jartzen zizkiotenengandik babestu zuen;
borroka gogorrean garaipena eman zion,
jainkozaletasuna beste ezer baino ahaltsuagoa dela jakin
zezan.
13 Saldua zuten gizon zintzoa ez zuen bertan behera utzi
jakinduriak,
baizik eta bekatuan erortzetik libratu zuen;
14 berarekin jaitsi zen putzura
eta ez zuen ahaztuta utzi presondegian;
azkenik, errege-makila eskuratu zion
eta menpean eduki zutenen gain agintea eman;
argira atera zituen iraindu zutenen gezurrak
eta betiko ospea eman zion berari.
15 Herri santua, askazi akasgabea,
nazio zapaltzaileagandik askatu zuen jakinduriak.
16 Jaunaren zerbitzariaren barnera sartu
eta errege beldurgarriei aurre egin zien
mirari eta egintza harrigarrien bidez.
17 Beren nekeen saria eman zien santuei
eta bide miresgarrian zehar gidatu zituen;
haien gerizpe izan zen egunez
eta izarren distira gauez.
18 Itsaso Gorria zeharkarazi zien,
ur handien artetik eramanez;
19 etsaiak, ordea, urperatu egin zituen
eta, gero, hondotik ur gainera atera.
20 Horrela, zintzoek fedegabeak bipildu zituzten,
eta zure izen santuari, Jauna, gorazarrea kantatu zioten,
zure indar garailea aho batez ospatuz.
{{bertset|10|21| Izan ere, jakinduriak hitz eragin zien mutuei,
argi eta garbi mintzarazi haurtxoei ere.
}}
11. atala
aldatu1 Arrakasta eman zien israeldarrei zeregin guztietan
profeta santu baten bidez.
2 Biziezineko basamortua zeharkatu zuten
eta ibilezineko parajeetan ezarri kanpalekua;
3 aurre egin zieten etsaien gudarosteei
eta atzera eragin arerioei.
4 Israeldarrek, egarri zirela, dei egin zizuten, Jauna;
orduan, ura eman zenien harkaitz latz batetik,
egarriarentzako erremedioa harri gogorretik.
5 Horrela, etsaiak zigortzeko erabilitako gauza bera,
beraien mesederako gertatu zen estualdian.
6 Inoiz agortzen ez zen ibaiko urak odol zikinez lohitu
zenituen,
7 israeldar jaioberriak hiltzeko egiptoarrek emaniko
aginduaren zigortzat;
zeuretarrei, berriz, ustekabean, ura ugari eman zenien;
8 baina aurrez egarria jasanarazi zenien,
beraien etsaiak nola zigortu zenituen erakusteko.
9 Izan ere, zeuretarrei probaren bat ezartzen zenienean
--eta proba hori errukiz zentzarazteko zen--,
jakinarazten zenien fedegabeek zer-nolako oinazeak jasan
zituzten,
hauek zeure suminez epaitu zenituenean;
10 hain zuzen, agiraka egiten duen aitak bezala probatu
zenituen zeuretarrak,
baina errege errukigabeak bezala aztertu eta kondenatu
zenituen besteak.
11 Israeldarrengandik urruti nahiz hurbil,
era berean sufritzen zuten egiptoarrek.
12 Izan ere, tristura bikoitzak hartu zituen,
eta gertaturikoaz oroituz intzirika egiten zuten;
13 zeren eta, beraien kontra zigortzat erabilitakoa
besteentzat mesedegarri bihurtzen zela jakitean,
Jaunaren eskua sumatzen baitzuten han.
14 Behinola bertan behera utzi eta isekaz baztertu zuten
Moises hark,
azkenean, gertatuak gertatu, txundituta utzi zituen,
zintzoek ez bezalako egarria jasan behar izan baitzuten.
15 Egiptoarrak, beren pentsaera gaizto eta zentzugabeak
desbideraturik,
adimengabeko narrasti eta piztia nazkagarriak gurtzeraino
iritsi zirenez,
zeuk ere adimengabeko animalia ugari bidaliz zigortu
zenituen,
16 jakin zezaten, zeren bidez bekatu egin,
haren bidez hartzen dela zigorra.
17 Zure esku ahalguztidunak,
ekai eragabetik mundua sortu zuenak,
edozein bitarteko erabil zezakeen haiek zigortzeko;
adibidez, hartz edo lehoi basatiak ugari,
18 edo munstro ezezagun sortuberriak;
munstro amorratu horiek su-arnasa bota,
kiratsa barreiatu
eta begietatik txinpart beldurgarriak jaurtikiko zituzketen;
19 ez zuketen eraso beharrik izango kolpean egiptoarrak
suntsitzeko,
aski izango baitzatekeen haien itxura beldurgarria.
20 Edo horrelako ezer gabe ere,
arnasaldi bakar batean eror zitezkeen,
zeure justiziak pertsegiturik
eta zeure arnasa ahaltsuak sakabanatuta;
baina zuk dena arauz eta neurriz nahi izan duzu antolatu.
21 Zeure esku duzu beti indar handiz jokatzea:
nork egin aurre zure indarrari?
22 Mundu osoa zure aurrean
balantza alde batera okertzen duen izpitxoa da,
lurrean pausatzen den goizeko ihintz-tanta.
23 Guztiez duzu errukia, dena baitezakezu,
eta gizakien bekatuei ezikusi egiten diezu,
bihozberri daitezen.
24 Izaki guztiak maite dituzu
eta ez duzu zeuk egindako ezer gutxiesten,
zerbaiti gorroto izan bazenio, ez baitzenukeen egingo.
25 Nola iraungo luke zerbaitek, zuk gogoko izan ez bazenu?
Edo nola jarraituko izaten, zuk dei eginda sortu ez balitz?
{{bertset|11|26| Zu bihozbera zara izaki guztiekin,
zureak baitira, bizia maite duzun Jaun horrenak,
}}
12. atala
aldatu1 eta zure espiritu hilezkorra guztiengan dago.
2 Horregatik, pixkanaka-pixkanaka zentzarazten dituzu
errudunak,
zertan bekatu egiten duten gogoraraziz zuzentzen dituzu,
gaizkitik urrundu eta zuregan sinets dezaten, Jauna.
3 Horrela jokatu zenuen zeure lur santuko antzinako
biztanleekin ere;
4 gorroto izan zenien beren jokaera ezin higuingarriagoagatik:
aztikeria eta errito gaitzesgarriak zituzten,
5 ankerki sakrifikatzen zituzten haurrak
eta oturuntzak egiten giza haragi eta odolez;
ezkutuko erlijio-elkarteetako partaide haiek,
6 umetxo babesgabeen guraso hiltzaile haiek,
gure arbasoen bidez suntsitzea erabaki zenuen,
7 guztien artean estimatuena duzun lurralde honek
bertan bizitzeko duin ziren Jainkoaren seme-alaben herria har
zezan.
8 Baina haiekin ere, gizakiak zirenez,
bihozbera izan zinen,
eta, zure gudarostearen abanguardia gisa,
liztorrak bidali zenizkien,
pixkanaka-pixkanaka baizik ez suntsitzeko.
9 Erraza zen zuretzat fedegabeak zintzoen esku uztea
edo basapiztien edo agindu zorrotz baten bidez
bat-batean suntsitzea;
10 baina, pixkanaka-pixkanaka zigortuz,
bihozberritzeko aukera eman zenien,
zuk ongi jakin arren jatorri gaiztokoak zirela,
berezkoa zutela txarkeria,
eta ez zela sekula haien pentsaera aldatuko,
11 hasiera-hasieratik baitzen arraza madarikatua.
Haien bekatuak zigorgabe utzi bazenituen,
ez zen inoren beldur zinelako izan.
12 Izan ere, nork esango zuri: «Zer egin duzu?»
Nork aurka egingo zure epaiari?
Nork eramango auzitara zeuk sortutako nazioak hondatzeagatik?
Nork aurre egingo zuri gaizkileak defendatzeko?
13 Ez da gauza guztiez arduratzen den zu beste jainkorik,
ez duzu zure epaia zuzena dela inori frogatu beharrik.
14 Ez da errege edo agintaririk aurka egin diezazukeenik,
zuk kondenatutakoak defendatzeko.
15 Zuzena zara, Jauna,
eta zuzentasunez gobernatzen duzu unibertsoa,
eta zigorrik merezi ez duena kondenatzea
zeure ahalmenarekin bateraezintzat jotzen duzu.
16 Zure indarra da justiziaren oinarria,
eta gauza guztien nagusi izateak
guztiekin errukior izatera zaramatza.
17 Zure boterearen betetasuna zalantzan jartzen dutenei
zeure indarra sentiarazten diezu,
eta, nahiz eta botere hori aitortu,
ausarkeriaz jokatzen dutenak erruduntzat uzten dituzu.
18 Baina zuk, zeure indarraren nagusi horrek,
neurritasunez epaitzen gaituzu
eta bihozberatasun handiz gobernatzen;
zeure esku duzu nahi duzunean indarraz baliatzea.
19 Horrela jokatuz erakutsi diozu zeure herriari
zintzoak gizakiaren adiskide izan behar duela;
bekatariei bihozberritzeko aukera emanez,
itxaropenez bete dituzu zeure seme-alabak.
20 Zeure seme-alaben etsaiak, heriotza merezi zutenak,
begiramen eta bihozberatasun handiz zigortu badituzu,
horrela gaizkitik aldentzeko astia eta egokiera emanez,
21 are kontu handiagoz epaitu dituzu zeure seme-alabak,
berauen gurasoei, zin eta itun bidez, promes ederrak egin
zenizkielarik.
22 Horrela, neurritasunez etsaiak zigortuz,
eskarmentua eman diguzu,
geuk epaitzean, zure ontasuna kontuan izan dezagun;
epaituak izatean, berriz, zure errukia itxaron dezagun.
23 Hara zergatik oinazetu zenituen beraiek gurtutako idolo
higuingarriez
beren zentzugabekerian bizimodu gaiztoa izan zutenak.
24 Izan ere, guztiz desbideratu ziren bide okerretik,
piztiarik higuingarri eta mesprezagarrienak jainkotzat hartuz,
adimenik gabeko umetxoak bezala beren buruak engainatzen
utziz.
25 Horregatik, adimengabeko haurtxoak bailiran,
zigor barregarria bidali zenien.
26 Baina zigor harekin zentzatu ez zirenek
Jainkoaren benetako zigorra jasan behar izan zuten.
{{bertset|12|27| Sufriarazten zieten animaliengatik zeuden amorraturik,
jainkotzat zeuzkaten animalia berberak baitzituzten zigorbide;
horregatik, begiak ireki eta aitortu beharra izan zuten
lehen onartu nahi ez zutena zela benetako Jainkoa.
Horregatik jausi zitzaien gainera zigorrik nagusiena.
}}
13. atala
aldatu1 Hutsaren hurrengo dira Jainkoa ezagutu ez dutenak:
ez dira gai izan, begi aurrean dauden gauza onen bidez,
Badena ezagutzeko,
ez eta, egintzak hausnartuz, Egilea aitortzeko ere.
2 Aitzitik, sua, haizea eta aire arina,
astroen birak eta ur oldartsuak,
izadia arautzen duten eguzkia eta ilargia
hartu dituzte jainkotzat.
3 Berorien edertasunaz liluraturik, jainkotzat hartu
bazituzten,
jakin bezate zenbat ederragoa den horien guztien Jauna,
edertasunaren sortzaileak berak eginak baitira;
4 eta berorien ahalmen eta eraginkortasunak txunditu
badituzte,
atera bezate hortik zenbat ahaltsuago den horiek egin zituena.
5 Zeren eta, izakien handitasun eta edertasunetik,
analogiaz, haien Egilea ikusten baita.
6 Edonola ere, ez dira hauek hain gaitzesgarri,
agian desbideratuta baino ez baitabiltza Jainkoaren bila,
berau aurkitzeko ahaleginetan.
7 Jainkoaren egintza artean murgildurik,
arretaz aztertzen dituzte,
baina itxurak menperatzen ditu,
hain baita ederra ikusten dutena!
8 Halaz guztiz, horiek ere ez dira guztiz desenkusagarri.
9 Zeren eta munduaren barne-egitura ezagutzeko bezain jakintsu
izan badira,
nola ez dute munduaren Jauna lehenago aurkitu?
10 Dohakabeak, ordea, gauza bizigabeetan itxaropena jarri
eta giza eskuen egintzak jainkotzat hartu dituztenak:
artez landutako urrea eta zilarra,
animalien irudiak
edo harri ezdeus bat, antzina eskuz landutakoa,
jainkotzat hartu dituztenak.
11 Har dezagun arotz bat, adibidez:
arbola egoki bat botatzen du,
zuritzen du trebeziaz,
behar bezala landu
eta bizitzako beharretarako tresna bihurtzen du.
12 Gelditzen zaionaz sua egin
eta jatordua prestatzen du, gosea asetzeko.
13 Gelditzen da oraindik ezertarako balio ez duen puska bat,
bihurria eta adabegitsua:
hartu eta landu egiten du astiuneetan,
trebeki forma ematen pasatzen du denbora,
giza irudi bat eratu
14 edo animalia nazkagarriren bat itxuratu arte;
gero, minioa eman eta gorriz pintatzen du,
horrela akats guztiak estaliz.
15 Egonleku egokia prestatzen dio,
horman ipini eta burdinazko euskarriz finkatzen du;
16 kontuz ibiltzen da, beraz, eror ez dadin,
bai baitaki ezin dela bere kasa baliatu,
irudi hutsa izanik, laguntza behar duela.
17 Baina bere ondasun, ezkontza edo seme-alaben alde
erregutzen dionean,
ez da lotsaz gorritzen bizigabeko gauza bati eskariak
zuzentzeaz;
osasuna gauza indarge bati eskatzen dio,
18 bizia hilda dagoen zerbaiti,
babesa batere lagungarri ez denari,
bidaia ona pauso bat ere eman ezin duenari;
{{bertset|13|19| bere negozio eta lanetarako,
eginbeharretan arrakasta izateko,
indarrik ez duten eskuei eskatzen die indarra.
}}
14. atala
aldatu1 Beste batek, itsaso haserrea zeharkatzeko asmoz
ontziratzeko dagoela,
erabiliko duen ontzia baino hauskorragoa den egur-zatiari dei
egiten dio.
2 Irabazi-goseak asmatu zuen ontzia
eta artisauaren trebeziak eraiki.
3 Baina zure probidentzia da, oi Aita, gidatzen duena;
zuk ireki zenuen bidea itsasoan ere,
bide segurua uhinen artean,
4 arrisku orotatik salba dezakezula erakutsiz,
nahiz eta eskarmentu gabea izan itsasoratzen dena.
5 Ez duzu nahi zeure jakinduriaren egintzak alferrik galtzea;
horregatik arriska dezake gizakiak bizia, egur txiki batean
fidatuz,
eta, ontzixkan uhin biziak zeharkatuz, portura onik iritsi.
6 Izan ere, antzinako erraldoi harroak galdu zirenean,
ontzixka batean babestu zen munduaren itxaropena,
eta, zure eskua gidari, bizitzaren hazia utzi zuen
etorkizunerako.
7 Bedeinkatua salbamen-bide bihurtzen den egurra;
8 baina madarikatuak giza eskuz eginiko idoloa eta beronen
egilea:
egilea, eratu duelako;
idoloa, ustelkorra izanik, jainko deitzen dutelako.
9 Izan ere, Jainkoak era berean gorrotatzen ditu
fedegabea eta sasijainkoekiko haren zaletasuna,
10 eta era berean zigortuko egintza eta egilea.
11 Horregatik, jentil-herrietako idoloei ere kontuak eskatuko
zaizkie,
Jainkoak egindakoen artean higuingarri baitira,
gizakientzako galbide,
zentzugabeen oinetarako lakio.
12 Idoloak egiteko asmoa izan zen Jainkoarekiko
desleialtasunaren hasiera,
berorien asmakuntzak gaiztotu zuen gizakion jokaera;
13 hasieran ez baitzegoen idolorik,
eta izan ere ez dira beti izango.
14 Gizakien hutsalkeriagatik sartu ziren munduan;
horregatik, erabakia dago horien bat-bateko amaiera.
15 Aita batek, bere haurraren heriotza goiztiarragatik
atsekabeturik,
garaia baino lehen galdutako haurraren irudia eginarazten du;
hildako bat besterik ez zena jainko bezala ohoratzen du,
eta haren ohorezko errito eta zeremoniak bere menpekoei
ezartzen.
16 Denboraren poderioz, ohitura fedegabe hori finkatu eta lege
bihurtzen da.
Erregeen aginduz ere gurtu ohi dira estatuak:
17 erregeak urruti bizi ziren eta jendeak ezin zituen aurrez
aurre ohoratu;
beraz, errege gurgarriaren ageriko irudiak eginez,
haien itxura gauzatu zuten,
urruti zegoena bertan balego bezala lausengatzeko.
18 Ezagutzen ez zutenen artean ere kultu hori hedatzeko,
artistaren ospe-nahiak ere izan zuen eraginik;
19 honek, erregeari atsegin eman nahirik,
eredua trebeki behartzen zuen, itxura ederragotzeko;
20 eta jendeak, obraren xarmaz liluraturik,
gurtzagai hartu zuen lehentxeago gizaki huts bezala ohoratzen
zuena.
21 Hau tranpa gertatu zen gizartearentzat;
izan ere, zoritxarraren edo boterearen menpe zeuden gizakiek
harriari eta egurrari eman baitzieten esanezina den izena.
22 Jainkoaren ezagutzari buruz huts egitea ez dute aski,
baizik eta, ezjakintasunak eragindako borroka bizian
murgildurik,
«bake» izena ematen diete hortik sorturiko gaitzei.
23 Izan ere, haurrak hiltzeko zeremoniak nahiz ezkutuko
erritoak
edo ohitura arraroetako orgia basatiak eginez,
24 dagoeneko ez dituzte ez bizitza, ez ezkontza garbi
gordetzen,
baizik eta zelatan egoten dira batak bestea hiltzeko
edo, adulterio eginez, elkar atsekabetzeko.
25 Erabateko nahaspila da dena:
odol-isurketa eta hilketa, lapurreta eta iruzurra,
ustelkeria, desleialkeria, gizarte-gatazkak, zinausteak,
26 balore-nahasketa, esker ona baztertzea,
arimen kutsadura, sexu-perbertsioak,
ezkon-desordenak, adulterioa eta lizunkeriak.
27 Izendaezineko idoloen kultua baita
gaitz ororen hasiera, zergatia eta jomuga;
28 hain zuzen, jai zoroak ospatzen dituzte
edo iragarpen faltsuak egiten
edo bidegabekeriaz bizitzen
edo beren zinak errazegi hausten;
29 bizigabeko idoloez fidatzen direnez,
ez dira gezurrezko zinek kalterik ekarriko dieten beldur.
30 Zigor zorrotzagoa izango dute, ordea, bi arrazoi
hauengatik:
idoloetara jotzean Jainkoari buruz gaizki pentsatu dutelako
eta, Jainko santua mesprezatuz, faltsuki eta bidegabe zin egin
dutelako.
{{bertset|14|31| Gaizkileen hutsegiteak zigortuko dituena ez da izango
zin-egiteetan lekukotzat hartutako idoloen ahalmena,
baizik eta bekatarien aurkako justizia.
}}
15. atala
aldatu1 Baina zu, gure Jainko, ona eta leiala zara,
eramanpen handikoa eta unibertsoa errukiz gobernatzen duena.
2 Bekatu eginda ere, zureak gara,
zure agintea aitortzen baitugu;
baina ez dugu bekatu egingo,
bai baitakigu zeuretartzat gauzkazula.
3 Izan ere, zu ezagutzean datza zuzentasun betea,
eta zure agintea aitortzean hilezkortasunaren sustraia.
4 Gu ez gaitu desbideratu gizakiak asmatutako arte maltzurrak,
ez eta pintatzaileen alferreko lanak ere
--kolore anitzez nabarturiko irudiek--;
5 berauen ikuskizunak zentzugabearen grina pizten du,
idolo hilaren arnasgabeko irudia irrikatzen duelarik.
6 Gaizkiaren zale eta itxaropen baliogabe horien duin dira,
bai idoloen egileak, bai miretsi eta gurtzen dituztenak ere.
7 Eltzegilea buztin biguna lantzen saiatzen da
eta eguneroko premietarako ontziak moldeatzen ditu;
era berean eta buztin berberaz moldeatzen ditu,
bai erabilera garbietarako direnak,
bai eta kontrakoetarakoak ere:
eltzegileak erabakitzen du bakoitza zertarako den.
8 Gero, bere lana lardaskatuz,
buztin berberaz jainko hutsal bat egiten du.
Eta egin ere, lurretik sortu berria den
eta, gutxi barru, zor duen bizia itzultzeko eskatuko
diotenean,
atera zuteneko lurrera itzuliko denak egiten du.
9 Ez da kezkatzen hil beharraz edo bizitzaren laburraz,
baizik eta urregin eta zilarginekin lehian ari da,
brontzelarien lanak kopiatzen ditu
eta faltsifikazioak egiteaz harrotzen da.
10 Errautsa besterik ez da haren bihotza,
hautsa baino mesprezagarriagoa itxaropena
eta lokatza baino balio gutxiagokoa haren bizitza,
11 ez baitu aitortzen bera moldeatu duena,
arima eragilea jarri
eta bizi-espiritua barneratu diona;
12 baizik eta bizitza jolastzat jotzen du,
munduko aldia dirua egiteko azokatzat:
«Edozertatik etekina atera beharra dago,
bai eta gaizkitik ere» dio.
13 Inork baino hobeto daki berak bekatu egin duela,
bai ontzi hauskorrak, bai jainkoen irudiak lurrez egitean.
14 Jauna, zure herria zapaldu zuten etsaiak
zentzugabe dira denak,
umetxo baten arima baino errukarriagoak.
15 Jentil-herrien idolo guztiak hartu dituzte jainkotzat;
idolo horiek ezin dira baliatu,
ez begiez ikusteko,
ez sudurraz arnasa hartzeko,
ez belarriez entzuteko,
ez eskuetako atzamarrez ukitzeko,
eta oinak alferrikako dituzte ibiltzeko.
16 Izan ere, gizakiak egin ditu,
bizi-arnasa maileguan hartua duen gizakiak;
eta gizakiak ezin du egin
ez eta bere antzeko jainkorik ere.
17 Hilkorra izanik, gauza hilkorrak bakarrik egin ditzake bere
esku gaiztoez.
Gizakiak, gurtzen dituen gauzek baino gehiago balio du,
berak bizia hartu baitu; gauzek, ordea, inola ere ez.
18 Gainera, animaliarik higuingarrienak gurtzen dituzte,
beste guztiek baino sen gutxiago dutenak;
{{bertset|15|19| ez dute inolako edertasunik ere,
beste animalia batzuk bezala erakargarri bihur ditzakeenik;
Jainkoaren onespen eta bedeinkaziorik gabe gelditu dira.
}}
16. atala
aldatu1 Horregatik, antzerako animalien bidez
eman zenien egiptoarrei merezitako zigorra,
eta piztia ugariren bidez oinazetu zenituen.
2 Baina zeure herriari, Jauna, zigorraren ordez mesede egin
zenion:
jangura bizia asetzeko,
ezohiko elikagaia prestatu zenion: galeperrak.
3 Horrela, oso gose izan arren,
Jainkoak kontra bidalitako piztien itxura nazkagarriagatik
egiptoarrek jateko gogoa zeharo galtzen zuten bitartean,
zure herrikoek, gosealdi labur baten ondoren,
ezohiko elikagaia hartu zuten.
4 Bidezkoa zen zapaltzaileek gosete gorria jasatea,
eta zure herrikoek, berriz, etsaiek zer-nolako oinazea izan
zuten ulertzeko adinakoa.
5 Piztia amorratu eta beldurgarriak zuretarren gain jausi
eta suge makurren hozkadaz hiltzen zirenean ere,
ez zuen zure haserreak azkenera arte iraun.
6 Eskarmentu gisa aldi labur batez izutu zenituen,
baina bazuten salbazio-ikur bat ere,
legearen agindua oroitarazten ziena:
7 harengana itzultzen zena onik ateratzen zen,
ez ikusitako irudiari esker,
zuri, guztion Salbatzaile horri, esker baizik.
8 Horrela erakutsi zenien gure etsaiei
zu zarela gaitz orotatik libratzen duena.
9 Egiptoarrak larrapoteen eta eulien sastadaz hil ziren,
bizirik jarraitzeko sendagairik aurkitu gabe,
ongi merezia baitzuten halako zigorra;
10 zure seme-alabak, ordea,
suge pozoitsuen hortzek ere ezin izan zituzten hil,
zeure errukiaz lagundu eta sendatu baitzenituen;
11 hozkada haiek, berehalaxe osaturik,
zure aginduak gogorarazten zizkieten,
ez zitzaten zeharo ahantz eta zure mesederik gabe gelditu;
12 ez ziren, ez, belarrez edo ukenduz sendatu,
baizik eta dena sendatzen duen zure hitzaz, Jauna.
13 Zuk, biziaren eta heriotzaren gain aginpidea duzunez,
Hilen Egoitzara jaitsarazten duzu,
bai eta irtenarazten ere handik;
14 gizakiak, berriz, bere gaiztakeriaz hil badezake ere,
ezin du itzularazi joan den arnasa,
ez eta askatu ere Hilen Egoitzan preso dagoen arima.
15 Ezinezkoa da zure ahalmenari ihes egitea.
16 Ezagutu nahi ez zintuzten fedegabeak
zure esku indartsuak zigorkatu zituen,
ezohiko euri-jasa eta kazkabarrak,
ekaitz suntsitzaileak pertsegitu zituen
eta suak irentsi;
17 eta harrigarriena:
dena itzaltzen duen uraz, sua indartu egiten zen,
naturak zintzoen alde jokatzen baitu.
18 Batzuetan sugarrak baretu egiten ziren
fedegabeen kontra bidalitako animaliak ez erretzeko;
horrela, haiek ikusiz, kontura zitezen
Jainkoaren epaia zela pertsegitzen zituena;
19 beste batzuetan, ordea, uraren erdian ere,
suak berez duena baino indar handiagoa hartzen zuten sugarrek,
lurralde bidegabe hartako uztak suntsitzeko.
20 Zeure herria, ordea, aingeruen ogiaz janaritu zenuen;
hark nekatu beharrik izan gabe,
aurrez prestaturiko ogia eman zenion zerutik,
zapore askotakoa, guztientzat atsegingarria.
21 Zure elikagai honek zeure seme-alabenganako
duzun gozotasuna azaltzen zuen,
jaten zuenaren gurarira egokitzen baitzen,
eta bakoitzak zer nahi, hura bihurtzen.
22 Elurraren edo izotzaren antzeko izan arren,
urtu gabe jasaten zuen sua.
Horrela ulertu behar zuten israeldarrek
suak, kazkabar artean gartsu eta euripean txinpartetsu,
etsaien uztak suntsitzen zituela;
23 baina su berberak zintzoak janaritu zituela,
berezko suntsipen-indarra ahaztuz.
24 Kreazioa zure, beraren egile zaren horren, zerbitzura dago:
uztaia bezala teinkatzen da bidegabeak zigortzeko,
eta lasaitu egiten, zuregan uste on dutenei mesede egiteko.
25 Horregatik, orduan ere aldaketa guztietara egokituz,
denak elikatzen zituen zure dohainaren zerbitzura zegoen,
beharrean zirenak, nor bere gurariaren arabera, janarituz.
26 Horrela erakusten zenien, Jauna, zeure seme-alaba maiteei,
ez direla lurreko emaitzak gizakia elikatzen dutenak,
baizik eta zure hitzak mantentzen dituela zuregan sinesten
dutenak.
27 Suak suntsitzen ez zuen janari hura
eguzki-izpi labur batek urtzen zuen;
28 horrela, argi uzteko
eguzkia baino lehen jaiki behar dela zuri eskerrak ematera
eta eguna argitu baino lehen behar dela otoitz egin.
{{bertset|16|29| Esker txarrekoaren itxaropena neguko antzigarra bezala
urtuko da,
eta ezertarako behar ez den urak bezala ihes egingo.
Ilunpea egiptoarrentzat
}}
17. atala
aldatu1 Handiak eta azalgaitzak dira zure erabakiak;
horregatik desbideratu izan dira hezigabeak.
2 Gaizkileek nazio santua menperatua zutela uste zuten,
baina ilunpetan preso eta gau luzean harrapaturik zeuden,
beren etxeetan sartuta, zure betiko probidentziatik urrun.
3 Oharkabean gelditzea espero zuten,
beren ezkutuko bekatuak ahanzturaren estalki sendoaren azpian
gordeta;
baina sakabanatuak izan ziren, izu beldurgarriak jota,
ikuskari ikaragarriek asaldaturik,
4 gordeleku zuten zokoak ere ez baitzituen ikaratik babesten;
zarata-hots zirraragarriek durundi egiten zuten inguruan
eta itxura iluneko mamu beldurgarriak agertzen.
5 Surik biziena ere ez zen haiek argitzeko gauza
eta izarren argitasun distiratsuak ere
ez zuen lortzen gau beltz hura argitzea.
6 Sugarraldi bat bakarrik agertzen zitzaien,
bere kasa piztua, izua zabalduz,
eta, hura begi aurretik desagertzean, beldurraren beldurrez,
are lazgarriagoa iruditzen zitzaien ikusten zutena.
7 Aztikeriaren trikimailuek ere porrot egin zuten,
eta lotsagarriro gezurtatua gelditu zen haren jakintza-ospea.
8 Barne-gaixorik zeudenen beldurra eta larriak uxatzen
saiatzen zirenak berak
jartzen ziren gaixo, kezka barregarrien menpe.
9 Larritzeko eta beldurtzeko inolako motiborik gabe ere,
piztien hanka-hotsek eta sugeen ziztuek asaldaturik,
10 izuaren izuz lur jota gelditzen ziren,
eta ezinbesteko aireari begiratzen ere ez ziren ausartzen.
11 Izan ere, gaiztakeriak berak erakusten du koldarra dela,
eta bere burua kondenatzen du;
kontzientziak estutzen duenean,
okerrena bururatzen zaio beti,
12 beldurra ez baita beste ezer
arrazoiaren laguntzak ukatzea baino;
13 zenbat eta ziurtasun gutxiago izan barnean,
are larriagoa izaten da oinazearen zergatia ez jakitea.
14 Herio Leize geldoaren barrunbeetatik sorturiko gau benetan
geldo hartan,
loaldi berean murgildurik zeuden;
15 batetik, mamu itxuragabeek pertsegitzen zituzten
eta, bestetik, mugiezinik gelditzen ziren bihotz-hilduta,
bat-bateko eta ustekabeko beldurrak hartu baitzituen.
16 Egoera hartan eroritako edonor
preso gelditzen zen,
burdin hesirik gabeko presondegian itxita;
17 laborari nahiz artzain
nahiz bakarrean lanean saiatzen zen langilea izan,
ustekabean harrapatuta, ezinbesteko patua jasaten zuen,
18 denak baitzeuden iluntasunaren kate berberaz loturik.
Haizearen ziztu-hotsak,
txorien kantu eztiak adar hostotsuetan,
uraren doinu etengabeak bere isuri oldartsuan,
19 danbarrotsak harkaitzak amiltzean,
jauzika zihoazen animalien lasterketa ikusezinak,
basapiztien orroak,
mendiko zokoguneek itzularazitako oihartzunak,
edozerk uzten zituen beldurrez mugiezinik.
20 Baina munduaren gainerakoa,
argitasun distiratsuz argitua,
bere zereginetara emana zegoen, eragozpenik gabe.
{{bertset|17|21| Egiptoarren gain bakarrik hedatzen zen gau astuna,
hildakoan hartuko zituen ilunpearen irudi;
halere, beren buruak zituzten haiek ilunpeak baino astunago.
}}
18. atala
aldatu1 Zure santuek, ordea, oso argitasun handia zuten.
Baina egiptoarrek ez zituzten ikusten,
entzuten zieten arren,
eta zorionak ematen zizkieten ez zutelako beraiek bezala
sufritu;
2 eskerrak eman zizkieten, hartutako tratu txarraz ez
mendekatzeagatik,
eta barkamena eskatzen aurka izandako jarreragatik.
3 Ilunpeen ordez, su-adarra eman zenien zeuretarrei,
bidaia ezezagunean gidari izateko,
ibilbide ospetsu hartan kaltegabeko eguzki.
4 Besteek merezia zuten argigabe eta ilunpeen preso egotea,
zure seme-alabak
--itzaltzen ez den argia, zure legea,
munduari eman behar ziotenak--
preso eduki baitzituzten.
Lehen-semeen heriotza
5 Israeldarren arteko jaioberriak hiltzea erabaki zuten
egiptoarrek,
eta haur bat bakarrik atera zen onik arriskutik;
zigortzeko, haur asko kendu zenizkien
eta beraiek ere, denak batera, ur oldartsuetan galdu.
6 Aurrez eman zitzaien gure arbasoei gau hartakoaren berri,
sinetsi zituzten promesak sendoak zirela ikustean, adore izan
zezaten.
7 Zintzoentzat salbamen
eta etsaientzat hondamendi izango zen
gau haren zain egon zen zure herria.
8 Izan ere, egintza bat beraz gure etsaiak zigortu
eta gu ohorez bete gintuzun, zeuregana deituz.
9 Zintzoen ondorengo fededunek sakrifizioak eskaintzen
zituzten ezkutuan,
eta denek, aho batez, lege sakratu hau ezarri zuten:
aldi on nahiz txarretan elkarturik egongo zirela zintzoak.
Eta jada orduan, kantatzen zituzten arbasoen gorazarreak.
10 Eta kantuei etsaien garrasi zakarrek egiten zieten
oihartzun,
eta nonahi entzuten ziren beren haurrengatik negarrez ari
zirenen aieneak;
11 zigor berbera jasaten zuen ugazabak eta esklaboak,
berdin sufritzen herri xeheak eta erregeak.
12 Guzti-guztiek zituzten hildakoak ugari,
heriotza-modu berberak jota.
Biziak ez ziren aski hildakoei lur emateko,
haien ondorengo onenak une batean galdu baitziren.
13 Aztikeriaren eraginez ordura arte zeharo sinesgabeak izan
zirenek,
beren lehen-semeak galtzean,
aitortu behar izan zuten Israel herria Jainkoaren seme dela.
14 Isiltasun bareak inguratzen zuen dena
eta, gaua bere ibilbidearen erdian zegoela,
15 zure hitz ahalguztiduna atera zen zeruko tronutik
eta, gerlari errukigabea bezala,
herrialde madarikatu honen erdira oldartu;
16 zure erabaki zuzena zekarren, ezpata zorrotza bailitzan,
eta gelditzean, heriotza zabaldu zuen nonahi;
oinak lurrean zituela, zerua ukitzen zuen.
17 Orduan, bat-batean, amesgaizto izugarriek asaldatu zuten
jendea,
ustekabeko beldur-ikarak hartu;
18 han-hemenka lurrean, erdi hilik,
beren heriotzaren zergatia aitortzen zuten,
19 asaldatu zituzten amets haiek aurrez azaldu baitzieten,
beren zoritxarraren zergatia jakingabe hil ez zitezen.
20 Zintzoei ere heldu zitzaien heriotzaren proba
eta jendetza ugaria hil zen basamortuan,
baina Jaunaren suminak ez zuen luze iraun.
21 Izan ere, gizon akasgabe bat bizkor atera zen zintzoen
defentsan,
bere ministeritzari zegozkion armak erabiliz:
otoitza eta bekatuen barkamenerako intsentsua.
Aurre egin zion suminari, eta hondamendia amaiarazi,
benetan Jaunaren zerbitzari zela erakutsiz.
22 Jaunaren amorrua menperatzea lortu zuen,
ez bere gorputzeko indarrez edo armen bidez,
baizik eta hitzaren bidez makurtarazi zuen zigortzailea,
gure arbasoekin egindako zin eta itunak gogoraraziz.
23 Gorpuak, batzuk besteen gain, pilatzen ari zirelarik,
tartean jarri eta Jaunaren sumina geldiarazi zuen
eta bizirik zirautenenganako bidea itxi zion.
24 Izan ere, haren soingaineko luzean
mundu osoa zegoen irudikatua;
arbasoen izen ospetsuak zeramatzan
harribitxien lau erreskadatan zizelkatuak
eta zure handitasunaren ezaugarria zuen buruko diademan.
{{bertset|18|25| Hori ikustean, suntsitzaileak atzera egin zuen beldurrez;
horrela, Jaunaren suminaren proba bakar bat aski izan zen.
}}
19. atala
aldatu1 Baina fedegabeei azkeneraino eraso zien haserre
errukigabeak,
Jainkoak aurrez baitzekien zer egingo zuten haiek:
2 alegia, herriari irteten utzi eta presa emango ziotela
alde egiteko,
baina gero iritziz aldatu eta pertsegitu egingo zutela.
3 Izan ere, artean hiletak bukatu gabe
eta hildakoen ondoan intzirika zeudela,
asmoz aldatu zuten zentzugabeki,
eta irteteko erreguka bidali zituzten berberak
iheslari bailiran pertsegitu zituzten.
4 Merezitako patuak eraman zituen horrela jokatzera,
iragana ahaztera bultzatuz,
ordurarteko oinazeetan falta zitzaiena
zigor berri batez osa zezaten;
5 horrela, zure herriak ibilaldi harrigarria egin bitartean,
etsaiek ezohiko heriotzarekin egin zuten topo.
6 Izadi osoa, zure aginduei obedituz,
birmoldatua eta eraberritua izan zen,
zure seme-alabak gaitz orotatik libre gordetzeko.
7 Hodeia azaldu zen kanpalekuari itzal egiten,
eta lehorra agertu aurrez ura zegoen lekuan:
Itsaso Gorriaren erdian, ibiltzeko moduko bide bat,
eta uhin oldartsuen artean, ibar berdea.
8 Handik igaro zen, talde trinkoa eratuz,
zure eskuak babesturiko herria,
mirari harrigarrien lekuko egina,
9 zaldiak larretokian bezala jauzika,
arkumeak bezala saltoka,
zu, Jauna, askatu zenituen hori, goretsiz.
10 Artean, gogoan zuten israeldarrek erbestealdian gertatua:
nola lurrak, animalien ordez, eltxoak sortu zituen;
nola ibaiak, arrainak eman ordez, igelak isuri zituen piloka.
11 Geroago, txoriak sortzeko modu berria ikusi zuten,
jangurak eraginda janari atsegina eskatu zutenean,
12 galeperrak atera baitziren itsasotik, haiek asetzeko.
13 Zigorrak bekatarien gain jausi ziren,
aurrez tximista bortitzen bidez ohartuak izan zirelarik.
Ongi merezita sufritu zuten beren gaiztakeriagatik,
atzerritarrak ankerki gorrotatu baitzituzten.
14 Sodomarrek ez zieten abegirik egin bisitari ezezagunei,
baina egiptoarrek esklabo bihurtu zituzten etorkin ongileak.
15 Lehenengoek ere izango dute oraindik zigorra,
arrotza etsaitasunez hartu izateagatik;
16 baina egiptoarrek, arrotzen etorrera pozez ospatu
eta eskubide berberak aitortu ondoren,
esklabo-lanetara behartu zituzten;
17 horregatik jo zituen itsutasunak egiptoarrak ere,
Sodomakoak Lot zintzoaren atarian bezala:
ilun beltzean murgilduta,
nor bere etxerako bidea aurkitu ezinik zebilen.
18 Munduaren osagaiek beren zereginak trukatu egin zituzten,
harpa batean, tonalitate bat bera mantenduz,
nota ezberdinek melodia aldarazten duten bezala.
Hau garbi ikus daiteke, gertaturikoa aztertzen bada;
19 izan ere, izaki lurtarrak uretako bihurtzen ziren,
eta igeri egiten zutenak lehorreko,
20 suak areagotu egiten zuen bere indarra uretan
eta urak ahaztu itzaltzeko duen gaitasuna.
21 Aitzitik, sugarrek ez zuten erretzen
beraien artetik igarotzen ziren abere ahulen haragirik,
ez eta nolabaiteko jainko-janari hura urtzen ere,
hain erraz urtzen den izotzaren antzeko izan arren.
{{bertset|19|22| Gauza guztietan goretsi eta ohoratu zenuen zeure herria, Jauna;
beti eta edonon, hutsik egin gabe, lagundu zenion.