Biblia
Ester Grekoa
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea


1-3 Artaxerxes Handiaren garaian, Mardokeo izeneko judua bizi zen Susa hirian, erregearen gortean zerbitzatzen zuen gizon ospetsua. Babiloniako errege Nabukodonosorrek Judako errege Jekoniasekin batera Jerusalemdik erbesteratu zituen juduetako bat zen. Jairo, Semeias eta Kisaiasen ondorengoetakoa zen, eta Benjaminen leinukoa.

Artaxerxes Handiaren erregealdiko bigarren urtean, Nisan hilaren batean, ametsa izan zuen Mardokeok.

4 Hona hemen Mardokeoren ametsa: Deiadarrak eta iskanbila, trumoiotsak eta lurrikara ziren; lurra asaldaturik agertzen zen. 5 Hortan, bi herensuge handi agertu ziren borrokarako prest, eta orroa handia bota zuten. 6 Orroa entzutean, herrialde guztiak zintzoen herriari erasotzeko prestatu ziren. 7 Egun iluna eta beltza izan zen hura, atsekabe- eta larrialdi-eguna, ezbehar eta asaldaketa handiko eguna lurrean.

8 Izutu egin zen zintzoen herri osoa, zetozkion gaitzengatik ikaraturik. Suntsituko zuten beldurrez, deiadar egin zioten Jainkoari. 9 Deiadar egitean, iturri txiki bezalako batetik ura ugari zeraman ibai handia sortu zen. 10 Argia ikusi zen eta eguzkia agertu; orduan, apalek buruajaso eta irentsi egin zituzten handikiak.

11 Amets hura izan ondoren esnatu zenean, gogoan erabili zuen Mardokeok, eta eginahalak egin zituen arratserarte beraren esanahia ulertzeko, Jainkoak zer nahi zuen jakiteko.

Mardokeok erregearen kontrako azpikeria salatu

12 Behin batean, erregearen funtzionario eta gorteko zaintzaile ziren Gabata eta Tarrarekin batera zegoen Mardokeo jauregian. 13 Haien solasak entzunik, zerabilten asmoaren berri zehatz jakiten saiatu eta Artaxerxes erregea hiltzeko asmotan zebiltzala ohartu zen. Orduan, Mardokeok salatu egin zituen erregearen aurrean. 14 Erregeak galdeketa egin zien bi funtzionarioei eta, aitortu zutelarik, atxilotu egin zituen. 15 Gertatuaren berri idatziz jasotzeko agindu zuen erregeak, oroigarritarako; Mardokeok ere idatzi egin zituen gertaera haiek. 16 Gero, jauregiko zerbitzuan gelditzeko agindu zion erregeak Mardokeori eta, egin zuena eskertzeko, eskuerakutsiak eman zizkion. 17 Baina Haman izeneko bat, Bugaios deitua, Hamedataren semea, erregearen aurrean ospe handikoa, errege-funtzionario haiei gertatu zitzaienagatik, Mardokeori eta honen herriari kalte egin nahian zebilen.


1. atala

aldatu

1 Hemen kontatzen dena Artaxerxes erregearen garaian gertatu zen. Artaxerxesen erresuma Indiatik Etiopiaraino zabaltzen zen, ehun eta hogeita zazpi eskualde zituelarik.

2 Aldi hartan, Susa zeritzan hiriburuan zuen Artaxerxesek bere errege-aulkia. 3 Bere erregealdiko hirugarren urtean otordu handia eman zien bere adiskideei, atzerritar herrialdeetako eta Pertsia eta Mediako handikiei eta eskualdeetako gobernariei. 4 Bere erreinuko aberastasunak eta atsegin ugarien edertasuna erakutsi nahi izan zizkien sei hilabetez. 5 Jaialdiaren bukaeran, hirian zen jende guztiarentzat sei egunez luzatuko zen otordua antolatu zuen erregeak bere jauregiko atarian. 6 Ataria liho eta muselinazko oihalez apaindua zegoen; liho eta purpurazko lokarriz zeuden lotuak urrezko eta zilarrezko eraztunetara, eta marmolezko eta hartzurizko zutabeetatik esekiak. Urrezko eta zilarrezko etzaulki asko zegoen han; zolua esmeraldaz, nakarrez eta marmolez egina zen. Mahai-zapiak bordadura distiratsuz eta biribilean ipinitako larrosez apainduak zeuden. 7 Edalontziak urrezkoak eta zilarrezkoak ziren. Bazen han harribitxiz apainduriko beste kopa txiki bat ere; balio izugarria zuen. Ardo on ugari zegoen, erregeak edan ohi zuena bera. 8 Ez zegoen neurririk otordu hartan, hala nahi izan baitzuen erregeak. Honek mahaizainei agindua zien berak eta bazkaldar bakoitzak nahi zuena egiteko. 9 Era berean, Astin erreginak ere beste otordu bat antolatu zuen emakumeentzat Artaxerxesen jauregian bertan.

10 Zazpigarren egunean, erregeak, ardoak alaiturik, bere zerbitzura zituen zazpi funtzionarioei
-Haman, Bazan, Tarra, Boraze, Zatolta, Abataza eta Tarabari
-
11 Astin erregina bere aurrera ekar zezatela agindu zien, tronuan eserarazi, koroa jantzi eta beraren edertasuna ministrariei eta herrialdeetako agintariei erakusteko, oso ederra baitzen. 12 Baina Astin erreginak ez zuen funtzionarioekin joan nahi izan. Orduan, atsekabeturik, erregea biziki haserretu zen. 13 Eta esan zien bere adiskideei: «Horrela erantzun al du Astinek? Iker ezazue arazoa legearen arabera eta epaitu».

14 Hurbildu zitzaizkion erregeari pertsiarren eta mediarren buruzagi ziren Arkesaios, Sarsataios eta Malesear. Erregearen ondoan egon ohi ziren eta berak haien aholkuak entzuten zituen. 15 Haiek aditzera eman zioten erregeari zer egin behar zitzaion legearen arabera Astin erreginari, funtzionarioek eramandako errege-agindua bete ez zuelako. 16 Mukaios zeritzan batek esan zien erregeari eta buruzagiei: «Erregea ez ezik, beronen ministrari eta gobernariak ere iraindu ditu Astin erreginak. 17 Kontatu digu erregeak nolako erantzuna eman dion erreginak eta ez duela bete beraren esana. 18 Erreginak Artaxerxesi horrela erantzun badio, pertsiar eta mediar buruzagien emazteek ere, erreginak erregeari nolako erantzuna eman dion jakinik, beren senarrak gutxiesteko ausardia izango dute. 19 Erregeari ongi iruditzen bazaio, hau da egin beharrekoa: idatzi eta ezarri Media eta Pertsiako legeen artean erregearen agindu hau: Astin erregina ez dadila aurrerantzean erregeagana inoiz agertu, eta hura baino hobea izanen den emakumeren bati eman diezaiola berorrek erregina izatea. 20 Zabal bedi eta bete erregearen agindu hori erreinu osoan. Horrela, emazte guztiek beren senarrei, nola behartsuenei hala aberatsenei, begirune izanen diete».

21 Erregeak eta buruzagiek ongi iritzi zioten aholku honi, eta erregeak Mukaiosen esana egin zuen. 22 Gutunak igorri zituen erreinuko eskualde guztietara, nori bere hizkuntzan, horrela jende guztiaren etxean begirunea nagusi izan zedin.

2. atala

aldatu

1 Aldi baten buruan, baretu zitzaion haserrea erregeari, baina Astin ez zuen beregana deitu ere egin, gogoan baitzituen haren erantzuna eta beraren kontra hartutako erabakia. 2 Orduan, bere zerbitzura zituen funtzionarioek esan zioten erregeari: «Bil ditzatela erregearentzat neskatxa gazteak, birjinak eta politak. 3 Errege jauna, izenda itzazu zeure erresumako eskualde guztietan mandatariak, neskatxa birjinak eta politak aukeratu eta Susa hiriko harem-era ekar ditzaten. Utz ditzatela emazteki horiek zaintzeko kargua duen erregearen irenaren ardurapean, apaingarriak eta behar dituzten gainerako gauzak ematen zaizkielarik. 4 Eta emazteki haien artetik erregearen gogoko gertatzen dena izan bedi erregina, Astinen ordez».

Ongi iruditu zitzaion erregeari, eta horrela egin zuen.

5 Bazen Susa hirian Mardokeo zeritzan judu bat, Jairo, Semaias eta Kisaiasen ondorengoa, Benjaminen leinukoa; 6 erbesteratua zen, Babiloniako errege Nabukodonosorrek Jerusalemdik erbestera ekarri zituenetakoa. 7 Neskato bat zuen bere ardurapean, bere osaba Aminadaben alaba, Ester izenekoa. Aitamak hil zitzaizkiolarik, Mardokeok hazi zuen, bere emazte egiteko asmoz. Neska biziki ederra zen.

8 Erregearen erabakia zabaldu zutenean, anitz neskatxa bildu zen Susa hirira, Gai-ren ardurapean jarriz. Ester ere ekarri zuten emakume-zain zen Gairengana. 9 Begiz jo zuen honek neska, oso atsegina gertatu baitzitzaion; behar zituen apaingarriak eta janaria eskuratu zizkion berehala; gainera, jauregiko zazpi neskame bereziki aukeratuak ekarri zizkion. Gaik oso ongi hartu zituen haremean, bai Ester, bai neskame laguntzaileak. 10 Esterrek ez zuen adierazi zein jatorri eta zein herritakoa zen, ez esateko agindu baitzion Mardokeok. 11 Bestalde, Mardokeo emakumeen ataritik hurbil ibili ohi zen egunero, Esterri nola zihoakion ikusteko.

12 Hamabi hilabeteren buruan, erregearen aitzinera agertzeko txanda etortzen zitzaion neskatxa bakoitzari. Prestatzeko aldia honela joan ohi zen: sei hilabetez mirra-olioz eta hurrengo seietan emakumeek erabili ohi dituzten lurrin eta usain-gozoz igurtzi ohi ziren. 13 Orduan azaltzen zen emakumea erregearen aurrera; honek esandako batek laguntzen zion emakumeari haremetik jauregira. 14 Ilunabarrean sartzen zen emakumea jauregian eta biharamun goizean beste harem batera joaten; lehenengo zaintzailea Gai zen, erregearen irena. Emakumea ez zen erregearen aurrera berriro agertuko, erregeak beraren izenaz deitu ezik.

15 Esterrek, Mardokeoren osaba Aminadaben alabak, erregearen aurrera agertzeko txanda etorri zitzaionean, ez zuen bete gabe utzi emakume-zain zen irenaren agindu bat ere. Ikusten zuten guztien onginahia bereganatua zuen Esterrek. 16 Artaxerxesen erregealdiko zazpigarren urteko hamabigarren hilabetean, hots, Adar hilean, azaldu zen Ester erregearen aurrera. 17 Erregea maitemindu egin zen Esterrez; honek beste neskatxek baino gehiago bereganatu zuen erregearen onginahia. Beraz, berari ezarri zion erregina-koroa. 18 Esterrekin ezkontzea ospatzeko, otordu handia eman zien erregeak adiskide eta handiki guztiei zazpi egunez, eta erreinuko jende guztiari zergak arindu zizkion.

Mardokeok azpikeria salatu


19 Mardokeo jauregiko zerbitzarietakoa zen. 20 Esterrek ez zuen adierazi zein jatorritakoa zen; Mardokeok esana zion betetzeko begirunez Jainkoaren aginduak, beraren ardurapean zegoenean bezalaxe, eta Esterrek ez zuen aldatu bere jokaera.

21 Mardokeo gortean gorantz zihoalako, erregearen zaintzaile-taldeko buru ziren funtzionarioak minduak zeuden, eta Artaxerxes erregea hiltzeko asmotan zebiltzan. 22 Mardokeok, asmo horien berri izan zuelarik, Esterri jakinarazi zion azpikeria, eta Esterrek erregeari salatu. 23

3. atala

aldatu

1 Ondoren, Haman, Bugaios deitua, Hamadatoren semea, goi-mailara jaso zuen Artaxerxes erregeak, adiskide guztien gainetik goratu eta eseraraziz. 2 Jauregiko funtzionario guztiak ahozpeztu egiten ziren beraren aurrean, erregeak horrela baitzuen agindua. Mardokeo, aldiz, ez zen ahozpezten. 3 Jauregiko funtzionarioek esan zioten Mardokeori: «Zergatik ez duzu betetzen erregearen agindua?»

4 Egunero esaten zioten arren, ez zien kasurik egiten. Haiek, orduan, Hamani adierazi zioten Mardokeok ez zuela erregearen agindua onartzen. Ordurako, bera judua zela jakinarazia zien Mardokeok. 5 Hau ahozpezten ez zitzaiola jakitean, biziki haserretu zen Haman, 6 eta Artaxerxesen erresumako judu guztiak desagerraraztea erabaki zuen. 7 Eta Artaxerxesen erregealdiko hamabigarren urtean hau erabaki zuen: zotz egitea zein egunetan eta zein hilabetetan suntsitu Mardokeoren arrazakoak, denak egun berean. Zotz egin eta Adar hilaren hamalaugarren eguna atera zen.

8 Orduan, esan zion Hamanek Artaxerxes erregeari: «Bada zure erresuman beste nazio guztien artean sakabanatua dagoen nazio bat. Horien legeak ez dira inola ere beste nazioenak bezalakoak eta ez dituzte betetzen erregearen legeak. Ez zaio erregeari komeni horrelakoak bakean uztea. 9 Egoki iruditzen bazaio, erabaki beza horrelako horiek suntsiaraztea. Hirurehun eta berrogei tonelada zilar sartuko ditut nik erregearen gordailura».

10 Orduan, erregeak bere eraztuna kendu eta Hamani eman zion, juduen kontrako gutunei zigilua ezartzeko. 11 Eta esan zion: «Zilarra zuretzat. Eta egiozu herri horri nahi duzuna».

12 Lehen hilaren hamahiruan, erregearen idazkariak deitu eta agindu hau eman zien Hamanek: gudalburuei, Indiatik Etiopiarainoko ehun eta hogeita zazpi eskualdeetako gobernariei eta herrialdeetako buruzagiei, nori bere hizkuntzan, Artaxerxes erregearen izenean idazteko. 13 Ondoren, mezu-eramaileak bidali zituzten Artaxerxesen erresuma osora, judu guztiak hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren, egun berean suntsitzeko eta beraien ondasunak harrapatzeko aginduarekin.

Suntsipen-agindua


B atala

aldatu

1 Hona hemen gutunak zioena:

«Artaxerxes errege handiak hau idazten die Indiatik Etiopiarainoko ehun eta hogeita zazpi eskualdeetako gobernariei eta beraien menpeko agintariei: 2 Anitz naziotako errege naiz eta lur osoko agintari. Onginahiz eta neurribidez gobernatzen saiatu naiz, agintearen gehiegikerietara makurtu gabe. Neure menpekoei istilurik gabeko bizitza eskaintzen saiatu naiz beti, erresumari aurrerapena eta segurtasuna azken mugetaraino ematen eta denok gogoko dugun bakeari eusten. 3 Neure aholkulariei galdetu diet nola bete daitezkeen asmo hauek. Aholkulari horietako bat, Haman, nabarmena da bere zuhurtziaz, eta bere zerbitzu on eta leialtasun sendoagatik erreinuko bigarrena izatea lortu du. 4 Berak jakinarazi dit, badela, erreinuko leinu guztien artean sakabanatua, kaltegarri gertatzen den herri bat, beste herrienak ez bezalako legeak dituena. Erregearen erabakiak arbuiatu egiten omen ditu beti, horrela guk zuzen eta akatsik gabe daramagun denekiko gobernubidea eragotziz. 5 Jakin dut, izan ere, herri hori etengabe denen kontra dagoen bakarra dela, lege arrotzen arabera besteengandik bereizirik dabilela eta, gure interesen kontra jokatuz, gaiztakeriarik okerrenak egiten dituela, erreinuaren tinkotasunari eragozpenak jarriz. 6 Neure arazoen arduradun nagusi eta errege-orde dudan Hamanek idatziz adierazi dizue nortzuk diren horiek. Beraz, hau agintzen dut: Aurtengo hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamalauan, berorien etsaiek erabat suntsi ditzatela ezpataz, emazte eta seme-alabekin, errukirik eta begiramenik gabe. 7 Horrela, lehengo eta oraingo kontrarioak egun berean hilaraziz, geroan geure arazoak tinkotasunez eta istilurik gabe eramaten utziko digute».


3. atala

aldatu

14 Gutun hau eskualde guztietan oihukatu zuten eta esandako egunerako prest egoteko agindu zieten herri guztiei. 14 Bizkor zabaldu zuten agindua, bai eta Susa hirian ere. Eta erregea eta Haman mozkortzen ari ziren bitartean, hiri osoa larri zegoen.

Mardokeo Esterri laguntza eske


4. atala

aldatu

1 Gertatzen ari zena jakitean, Mardokeok urratu egin zituen bere soinekoak, dolu-jantziz estali, burura hautsa bota eta hiriko plazan barrena ibili zen oihu handiz garrasika: «Herri errugabea suntsitu nahi dute!» 2 Erregearen jauregi aurrera heldu zelarik, gelditu egin zen, ezin baitzen jauregiko atarian dolu-jantziz eta errautsez estalia sartu. 3 Gutuna oihukatu zen eskualde guztietan aieneka eta bular-joka ari ziren juduak, eta izugarrizko atsekabea zegoen hauen artean. Hauetariko asko zaku eta errauts gainean etzan zen.

4 Mirabeek eta irenek dena jakinarazi zioten Ester erreginari. Gertatzen zena entzutean, larritu egin zen Ester. Eta jantzi arruntak bidali zizkion Mardokeori, soinean har zitzan, dolu-jantzia erantzirik. Mardokeok, ordea, ez zuen nahi izan. 5-6 Orduan, Esterrek Akrateori, bere zerbitzura zuen irenari, dei egin eta Mardokeogana igorri zuen, zer gertatzen zen zehatz jakitera.

7 Orduan, gertatuaren berri eman zion Mardokeok. Juduak suntsitzearen ordain, Hamanek erregearen gordailura hirurehun eta berrogei tonelada zilar eramateko hitza eman zuela ere esan zion. 8 Susa hirian oihukatua zen suntsipen-aginduaren kopia ere eman zion, Esterri erakuts ziezaion. Gainera, Esterri erregeagana joateko agintzen ziola esan zion, erregearen onginahia eskuratu eta bere herriaren alde erregu egiteko. Hau esan behar zion irenak Esterri: «Oroit zaitez behe-mailan zeundenean neure eskuz hazi zintudala. Erregearen hurrengo den Haman gure kontra mintzatu zaio erregeari, gu hilarazteko. Dei egiozu Jaunari eta hitz egin gutaz erregeari. Salba gaitzazu heriotzatik!»

9 Itzuli zen Akrateo eta adierazi zion guztia Esterri. 10 Orduan, esan zion Esterrek: «Zoaz eta esan Mardokeori: 11 Erreinuko nazio guztiek dakite, deitua izan gabe, erregeagana, jauregi barneko atarira, sartzen denak, gizaseme nahiz emakume, ez duela salbamenik; erregeak urrezko bere makila luzatzen diona bakarrik geldituko dela bizirik. Niri dagokidanez, bada hilabete bat erregeak ez nauela beregana deitu».

12 Esterrek esana Akrateok adieraztean, 13 Mardokeok erantzun zion: «Zoaz eta esan Esterri: Ez uste izan erreinuko judu guztietatik zu bakarrik salbatuko zarenik. 14 Une honetan ezentzun egiten baduzu, etorriko zaizkie beste nonbaitetik laguntza eta babesa juduei; orduan, zu eta zeure etxekoak galdu egingo zarete. Gainera, batek daki ez ote zaren erregina izatera heldu, hain zuzen ere, honelako une larrirako!»

15 Esterrek berriro bidali zuen mezularia, Mardokeori esatera: 16 «Bil itzazu Susan bizi diren juduak eta egizue barau nire alde. Ez jan, ez edan, hiru egun eta hiru gauez. Neuk ere, neure mirabeekin, barau eginen dut. Ondoren, erregearen aitzinera joango naiz, legearen kontrakoa izan arren, bai eta hil behar badut ere».

17 Alde egin zuen Mardokeok, eta Esterrek esana egin zuen.

Mardokeoren otoitza


C atala

aldatu

1 Mardokeok, Jaunaren egintza guztiak gogoratuz, otoitz hau egin zuen:

2 «Jauna, Jauna, Errege ahalguztiduna, zeure menpe duzu dena, eta ezin zaizu inor kontra jarri, zuk Israel salbatu nahi duzunean. 3 Zeuk egin dituzu zeru-lurrak eta zerupean diren gauza miresgarri guztiak. 4 Zeu zara denen Jaun, eta ezin zaizu inor ere kontra jarri, Jauna. 5 Zuk dena dakizu. Zuk badakizu, Jauna, Haman harro horren aitzinean ahozpeztu ez banaiz, ez dudala harrokeria, ez handiuste, ez handizalekeriagatik jokatu horrela, 6 prest bainengoke horren oinak laztantzeko ere, Israel salbatzeagatik; 7 gizonaren aintza Jainkoari dagokionaren gainetik ez ipintzearren egin dut hori. Ni ez naiz ahozpeztuko, ene Jauna, zu beste inoren aurrean, eta hori ez dut harrokeriagatik egingo. 8 Eta orain, Jainko Jauna, Errege, Abrahamen Jainkoa, barkatu zeure herriari! Izan ere, betidanik zeure ondare duzun herria suntsitu egin nahi dute eginahal guztian. 9 Ez arbuiatu zeure herria, zeure egiteko Egiptotik askatu zenuen ondarea. 10 Entzun nire eskaria. Jar zaitez zeure ondare duzun herriaren alde, eta bihur ezazu alaitasun gure atsekabea. Eta, bizirik egonez, gorazarreak kantatuko dizkizugu, Jauna. Ez isilarazi goresten zaituztenen ahoa».


11 Israeldar guztiek deiadar egin zioten indartsu Jainkoari, gainean ikusten baitzuten heriotza.

Esterren otoitza


12 Ester erreginak, arrisku larri hartan, Jaunarengana jo zuen babes bila. 13 Bere soineko bikainak erantzirik, dolu-jantzi zarpailak hartu zituen soinean. Usaingarri baliotsuen ordez, errautsez eta zikinez estali zuen bere burua. Erabat desitxuratu zen, eta distiratsu apaindu ohi zuen gorputza ile-adats nahasiz estali. 14 Eta otoitz hau egin zion Jaunari, Israelen Jainkoari:

«Ene Jauna, gure Erregea, bakarra zara zu! Lagun iezadazu, bakarrik bainago, ez baitut zu beste laguntzailerik 15 arriskuan nagoen une honetan. 16 Txikitandik entzun izan dut gurasoen etxean zuk, Jauna, nazio guztien artean Israel hautatu zenuela, eta arbaso guztien artean gure arbasoak aukeratu zenituela zeure ondare egiteko betierean, eta esandako guztia bete izan duzula beraien alde. 17 Orain, ordea, bekatu egin dugu zure aurka guk, eta etsaien esku utzi gaituzu zuk, 18 beraien idoloak ohoratu ditugulako. Zuzena zara, Jauna! 19 Baina orain ez dute aski gu esklabotza garratzean edukitzearekin: hitzarmena egin dute beren idoloekin 20 zuk erabaki duzuna desegiteko, zure ondarea suntsitzeko. Zu goresten zaituztenen ahoa itxi egin nahi dute, zu gurtzen zaitugunok desagerrarazi. 21 Eta jentilen ahoak ireki nahi dituzte, idolo hutsalak gorets ditzaten; errege hilkorra miretsi nahi dute, betierekoa bailitzan. 22 Ez utzi, Jauna, zeure aginte-makila deus ere ez diren idoloei. Etsaiak ez daitezela poztu gure eroraldiaz! Bihur ezazu beraien kontra beren asmoa, eta eman eskarmentuzko zigorra gure aurkako egintzetan buru denari. 23 Oroit zaitez gutaz, Jauna, ager zakizkigu indartsu gure atsekabealdian. Eta niri, emadazu kemena, oi jainkoen Errege, aginte oro duzun horrek. 24 Ipini nire ahoan hitz egokiak, lehoiaren aurrean egongo naizenean; alda iezaiozu bihotza, gure kontra ari den Haman gorrota dezan, berau eta beronen aldekoak desegin ditzan. 25 Libra gaitzazu horien eskutik zeure esku indartsuaz. Eta niri, lagun iezadazu, bakarrik bainago, ez baitut zu beste laguntzailerik. Zuk dena dakizu: 26 badakizu gaitzetsi egiten dudana legegabeko jendeak emaniko ohorea, badakizu higuina ematen didana erdaingabeekin eta edozein arrotzekin ezkontzeak. 27 Badakizu zein egoera larritan nagoen, nazka ematen baitit jendaurrean koroa eraman beharrak; nire goi-mailaren seinale da, baina ez dut janzten bakarrik nagoenean, nazka ematen baitit trapuzahar zikinak bezala. 28 Ez dut inoiz jan Hamanen mahaian, ez ditut gogoko erregearen otorduak, ez dut jainkoei eskainitako ardorik edan. 29 Ez dut zorionik izan nire egoera aldatu zenetik gaur arte, zuregan, Jauna, Abrahamen Jainko horrengan, izan ezik. 30 Guztien gaineko ahalmena duzun Jainko horrek, entzun etsirik gaudenon oihua, libra gaitzazu gaiztoen eskutik, eta aska nazazu ni neure beldurretik».

Ester, erregearen aurrean


D atala

aldatu

1 Hiru egunen buruan, otoitza bukaturik, dolu-jantziak erantzi eta erreginarenak jantzi zituen Esterrek. 2 Gero, apain-apain prestaturik, dena ikusten duen Jainko salbatzaileari dei egin eta bi mirabe hartu zituen berekin. 3 Haietako batek bere gainean emeki-emeki eusten zion; 4 besteak, berriz, soineko-hegala jasoz jarraitzen. 5 Ester distiratsu zihoan, guztiz eder; aurpegia irribarretsu zuen, maiteminduak bezala, baina bihotza beldurrez estu. 6 Ate guztiak igaro zituen, erregearen aurrez aurre gelditu arte. erregea bere aulkian eseria zegoen, errege-apaingarri guztiak jantzirik, urrez eta harribitxiz estalia. Haren itxura izugarria zen. 7 Erregeak aurpegia sugarretan jaso eta, biziki haserre, begiratu zorrotza bota zuen. Erregina zorabiatu egin zen eta, ahuldurik, aurpegia zurbildu zitzaion eta aurrean zuen mirabearen gainean etzan zuen burua. 8 Orduan, bigundu egin zuen Jainkoak erregea. Larriturik, aulkitik jaiki eta besoetan hartu zuen Ester, bere onera etorri bitartean. Erregeak hitz gozoz lasaitzen zuen, 9 esanez: «Zer duzu, Ester? Zeure senarra nauzu. Izan adore! 10 Zu ez zara hilko, nire agindua jende arruntarentzat da. 11 Zatoz!» 12 Eta, urrezko errege-makila jasorik, sorbaldan ipini eta, laztanduz, esan zion:


-Mintza zakizkit.

13 Esterrek erantzun zion:


-Zu ikustean, jauna, Jainkoaren aingerua ikusten nuela iruditu zait eta bihotza beldurrez dardaratu, zure distiragatik. 14 Miresgarria baitzara, jauna, eta zure aurpegia liluragarria.

15 Hizketan ari zela, erori egin zen berriro zorabiaturik. 16 Erregea larritu egin zen, eta gorteko guztiak erregina bere onera ekartzen saiatu ziren.

Erregea eta Haman otordura gonbidatu Esterrek


5. atala

aldatu

3 Erregeak galde egin zion:


-Zer nahi duzu, Ester? Zer eskatu nahi didazu? Nire erreinuaren erdia bada ere, izanen duzu!

4 Esterrek erantzun zion:


-Egun handia dut gaurkoa. Ongi baderitzo, betor erregea Hamanekin, gaur prestatuko diodan otordura.

5 Erregeak agindu zuen:


-Etorrarazi bizkor Haman, Esterren gonbidapenari erantzun diezaiogun.

Eta biak joan ziren Esterrek prestatutako otordura. 6 Otordua bukatzean, erregeak galdetu zion Esterri:


-Zer duzu, Ester erregina? Eskatu nahi duzuna eta izanen duzu.

7 Esterrek erantzun zion:


-Zer eskatzen dudan? Zer nahi dudan? 8 Begiko baldin banau, betor berriro bihar erregea Hamanekin, prestatuko diedan otordura eta orduan erantzungo diot.

Hamanek Mardokeo suntsiarazi nahi


9 Pozik eta alai atera zen Haman erregearenetik. Baina atarian Mardokeo judua ikustean, amorru biziz bete zen. 10 Etxera joan eta dei egin zien adiskideei eta Zosara bere emazteari. 11 Bere aberastasunak erakutsi zizkien, bai eta erregeak ohore emanez ministrari nagusi egin zuela eta erreinuaren zuzendaritza eman ziola adierazi ere. 12 Eta erantsi zuen:


-Gainera, Ester erreginak neu bakarrik gonbidatu nau erregearekin batera otordura, bai eta biharko ere. 13 Baina galdu egiten dut poz guztia, Mardokeo judua atarian ikusten dudanean.

14 Orduan, bere emazte Zosarak eta adiskideek esan zioten:


-Presta dezatela hogeita bost metroko urkabea eta bihar goizean eska iezaiozu erregeari Mardokeo bertan zintzilikatzeko. Horrela, bazoazke otordura erreginarekin, gogotik dibertitzera.

Pozik entzun zuen hori Hamanek, eta urkabea prestatu zuen.


6. atala

aldatu

1 Gau hartan Jaunak ez zion lo egiten utzi erregeari. Orduan, Erreinuko Gertakari Liburua ekarri eta irakurtzeko agindu zion idazkariari. 2 Mardokeori buruzko pasartea aurkitu zuen: nola jakinarazi zion Mardokeok erregeari bi funtzionario haiek, beren guardaaldia egin bitartean, Artaxerxes erregea hiltzeko asmotan ibili zirela. 3 Erregeak galde egin zuen:


-Zein ohore, zein sari eman genion Mardokeori?

Zerbitzariek erantzun zioten:


-Ez zenion deus ere eman.

4 Erregea Mardokeoren zerbitzuaren berri jakiten ari zen unean, Haman atarian agertu zen. Erregeak galdetu zuen:


-Nor da atarian?

Haman zen, prestatua zuen urkabean Mardokeo zintzilikatzeko erregeari eskatzera etorria. 5 Zerbitzariek erantzun zioten:


-Haman da atarian dagoena.

Eta erregeak:


-Dei egiozue!

6 Orduan, erregeak galde egin zion Hamani:


-Zer egin diezaioket ohoratu nahi dudan bati?

Hamanek berekiko: «Nor ohoratu nahi ote du erregeak, ni neu izan ezik?»

7 Eta erantzun zion erregeari:


-Erregeak ohoratu nahi duenari? 8 Ba, ekar diezazkiotela morroiek erregeak soinean eramaten dituen lihozko jantziak eta erregeak erabiltzen duen zaldia. 9 Gero, erregearen adiskide ospetsuenetako batek soinekoak hartu eta jantzi diezazkiola erregeak ohoratu nahi duen gizonari eta zaldi gainera igo; gero, hiriko kale nagusian barrena erabil dezala honela oihukatuz: «Hona hemen zer egingo zaion erregeak ohoratu nahi duen gizon orori!»

Haman Mardokeo ohoratzera behartua


10 Erregeak, orduan, Hamani:


-Ongi esan duzu. Egiozu horixe Mardokeori, gortean zerbitzatzen duen juduari. Ez utzi bete gabe esan duzun ezertxo ere.

11 Hartu zituen, bada, Hamanek soinekoak eta jantzi zizkion Mardokeori; hartu zuen zaldia eta, beraren gainera igoarazirik, hiriko kale nagusian barrena erabili zuen honela oihukatuz: «Hona hemen zer egingo zaion erregeak ohoratu nahi duen gizon orori!»

12 Mardokeo jauregira itzuli zen; Haman, berriz, bere etxera joan zen, atsekabetua eta burumakur. 13 Bere emazte Zosarari eta adiskideei adierazi zien gertatu zitzaiona. Adiskideek eta emazteak esan zioten: «Mardokeo judu izanik, beraren aurrean gainbehera hasi baldin bazara, geroz eta beherago eginen duzu. Ezin izango diozu aurre egin, Jainko bizia baitu berekin».

14 Artean solasean ari zirelarik, zerbitzari batzuek agertu eta bizkor eraman zuten Haman, Esterrek prestatua zuen otordura.

Hamanen azkena


7. atala

aldatu

1 Joan ziren, bada, erreginaren otordura erregea eta Haman. 2 Bigarren egun hartan ere, otordua bukatzean, erregeak esan zion Esterri:


-Zer duzu, Ester erregina? Zer eskatzen duzu? Nire erreinuaren erdia bada ere, zeurea izanen duzu.

3 Esterrek erantzun zion:


-Zeure begiko baldin banauzu, errege jauna, hona hemen zer nahi dudan: bizitzen uztea. Hona hemen zer eskatzen dudan: nire herritarrei bizitzen uztea. 4 Saldu egin baikaituzte ni eta nire herritarrak, suntsitu eta lapurtzeko, esklabotzara menperatu eta gu eta gure haurrak morroi izatera behartzeko. Isilik egon naiz orain arte, baina honelako salatzailea ez da gai erregearen gorterako.

5 Erregeak galdetu zion:


-Nor da horrelakoak egitera ausartu dena?

6 Esterrek erantzun:


-Gure etsaia Haman duzu, maltzur-gaizto hau!

Haman izutua gelditu zen errege-erreginen aurrean.

7 Erregea mahaitik jaiki eta lorategira atera zen. Haman erreguka hasi zitzaion erreginari, egoera larrian ikusi baitzuen bere burua. 8 Erregea lorategitik itzuli zenean, erreginaren etzaulkira makurtua zegoen Haman, erreginari erreguka. Bat-batean, erregeak esan zuen:


-Gainera, neure emaztea bortxatu nahi duk, neure etxean!

Hori entzutean, larriturik, burua itzuli zuen Hamanek.

9 Orduan, Bugatanek, zerbitzarietako batek, esan zion erregeari:


-Hamanek prestatua du, hain zuzen, urkabea Mardokeorentzat, erregearen bizia salbatzeko salakuntza egin zuenarentzat. Hogeita bost metro ditu urkabeak eta Hamanen etxean dago eraikia.

Erregeak esan zuen:


-Zintzilika bezate Haman bertan!

10 Eta Mardokeorentzat prestatua zuen urkabean zintzilikatu zuten Haman. Orduan baretu zen erregearen haserrea.

8. atala

aldatu

1 Egun berean, Artaxerxes erregeak Esterri eman zizkion Haman salatzailearen ondasun guztiak. Bestalde, Mardokeo bere ahaide zuela agertu zion Esterrek erregeari. Orduan, Mardokeori dei egin eta 2 Hamani kendutako eraztuna eman zion. Esterrek, berriz, Hamanen ondasunen arduradun jarri zuen Mardokeo.

3 Berriro hitz egin zion Esterrek erregeari. Haren oinetara ahozpezturik, Hamanek juduei egin nahi izan zien kaltea aldentzeko eskatu zion. 4 Erregeak luzatu zuen Esterrengana urrezko errege-makila; orduan, Ester jaiki eta erregearen aurrean gelditu zen zutik. 5 Honela mintzatu zen Ester:


-Ongi iruditzen bazaizu eta ni begiko baldin banauzu, agindu ezazu, zure erreinuko juduak hondatzearren, Hamanek bidali zituen gutunak deuseztatzeko. 6 Nola jasan dezaket nik neure herritarrak hondatuko dituen zorigaiztoa ikustea? Nola salba naiteke ni, nire herritarrak suntsitzean?

7 Erregeak erantzun zion:


-Hara, zuri atsegin ematearren, Hamanen ondasun guztiak eman dizkizut, eta juduak hondatu nahi izan zituelako urkarazi egin dut. Beste zer nahi duzu? 8 Idatzi zeuek nire izenean juduen alde egokien deritzazuena eta zigilatu nire eraztunaz. Izan ere, ezin da eztabaidatu erregearen aginduz idatzia eta beraren eraztunez zigilatua.

9 Urte hartako lehen hilaren, Nisan hilaren, hogeita hiruan deitu zituzten idazkariak. Hauek, Indiatik Etiopiarainoko ehun eta hogeita zazpi eskualdeetako ministrari eta gobernariei, nori bere hizkuntzan, bidalitako aginduak idatzi zizkieten juduei. 10 Mezu-eramaileen bidez bidali zizkieten gutunak, erregearen izenean idatziak eta beraren eraztunaz zigilatuak. 11 Hiri guztietan beren legeei eusteko agintzen zitzaien juduei, bai eta baimena ematen ere elkarri laguntzeko eta beren etsai eta kontrarioei nahi zutena egiteko; 12 Artaxerxesen erreinu osoan egun bakar batean egin behar zuten hori, hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren, hamahiruan.

Juduak leheneratzeko gutuna


E atala

aldatu

1 Hona hemen gutunaren kopia:

«Artaxerxes errege handiak Indiatik Etiopiarainoko ehun eta hogeita zazpi eskualdeetako gobernariei eta gure aldeko guztiei, agur!

2 «Asko dira, beren ongileen eskuzabaltasunetik zenbat eta ohore gehiago hartu, hainbat eta handinahiago bihurtu ohi direnak. 3 Eta gure menpekoak hondatu nahian ibiltzeaz gainera, beren irrika aseezinik, beren ongileen kontrako jokabidea ere hartzen dute. 4 Eta, gizartetik esker ona desagerrarazteaz gainera, inolako onik egiten ez dakitenen harrokeriak hanpaturik, uste izaten dute ihes egingo diotela okerra gorrotatzen eta etengabe guztia ikusten duen Jainkoaren epaiari.

5 «Agintedun zenbait, maiz, beren arazoen arduradun egin dituzten konfiantzazko adiskideen eraginez, errugabekoen hilketetan partaide gertatu izan da, eta erremediaezineko kalteak egin izan ditu. 6 Izan ere, adiskide horiek, beren gaiztakeriaren eraginez asmatutako gezur eta amarrukeriaz, beren nagusien uste ona eta prestutasuna huts eman izan dituzte.

7 «Aipa ditzakegun kontaera zaharretara jo gabe ere, argi ikus daiteke, geure begien aurrean gertatzen denari begiratuz, nolako gaiztakeriak egin dituzten beren agintea era txarrean erabili duten gizon higuingarri horiek.

8 «Aurrerantzean, denak bakean eta istilurik gabe bizitzeko eran geure erreinua antolatzen saiatuko gara. 9 Behar diren aldaketak eginen ditugu, gure auzipera ekarriko dituzten arazoak behar adinako zuzenbidez epaituz.

10 «Horixe gertatu da, hain zuzen, Hamedataren seme Haman mazedoniarrarekin. Pertsiar odolik ez zuen atzerritarra izan arren eta gure eskuzabaltasunetik urruti egon arren, onartu egin genuen geure artean. 11 Herrialde orori eskaintzen diogun adiskidetasuna aurkitu zuen berak ere, gure erregeorde izendatu eta erreinuko bigarrena izateraino. Denak ahozpezten ziren beraren aurrean. 12 Baina haren handinahiak neurririk ez baitzuen, guri agintea eta bizia kentzen saiatu zen.

13 «Era guztietako gezur eta iruzurrez baliatuz, gu salbatu eta etengabe on egiten ari zaigun Mardokeo suntsiarazteko eskatu zigun, bai eta erregetzan lagun ezin hobea dugun Ester eta berauen herri osoa ere. 14 Horrela, izan ere, apartatu egin nahi izan gintuen, pertsiarren inperioa mazedoniarrei emateko. 15 Baina ikusi dugu, gaizkile izugarri hark suntsitu nahi izan zituen juduak ez direla gaiztoak, baizik eta lege oso zuzenez gobernatzen dutela beren burua. 16 Gainera, Jainko bizi, goi-goiko eta guztiz handiaren herria dira; berak zuzentzen du erarik egokienean gure erreinua, gure arbasoena ere zuzendu zuen bezala.

17 «Beraz, ez dituzue, aintzakotzat hartu behar Hamedataren seme Hamanek bidalitako gutunak; 18 izan ere, gutunak idatzi zituen Haman hura zintzilikatu egin dugu Susa hiriaren ateetan, bere etxeko guztiekin. Horrela, merezi zuen zigorra eman dio, atzerapenik gabe, gauza guztien jabe den Jainkoak.

19 «Ezar itzazue gutun honen kopiak toki guztietan eta utzi juduei beren ohiturei jarraitzen. 20 Lagun iezaiezue erasoko dietenengandik defendatzen, haiek hondatzeko izendatua dagoen egunean, hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren, hamahiruan. 21 Izan ere, gauza guztien gain agintzen duen Jainkoak, herri aukeratuaren suntsipen-eguna izango zena, alaitasun-egun bihurtu die. 22 Eta zuek, juduok, ospa ezazue egun hau beste festaburuen artean, jai handiak eginez. 23 Horrela, orain eta gero, guretzat eta pertsiarren aldekoentzat salbamenaren oroigarri izango da; gure kontra azpilana egiten dutenentzat, berriz, hondamendiaren oroigarri.

24 «Hiri nahiz eskualderen batek agindu hauek betetzen ez baditu, lantzaz eta suz erraustuko dute gupidarik gabe. Ezin izango da inor ere hiri horretan bizi, eta basabere nahiz hegaztientzat ere nazkagarri izango da betierean.


8. atala

aldatu

13 «Ezar ditzatela gutun honen kopiak erresuma osoan denen bistan, esaniko egunean judu guztiak prest egon daitezen beren etsaien kontra borrokatzeko».

14 Erregearen aginduak harturik, bizkor abiatu ziren zaldizkoak. Susa hirian ere hots egin zuten agindua.

15 Mardokeo, errege-jantzitan, urrezko koroa eta liho gorrizko diadema zeramatzala atera zen jauregitik. Ikusi zutenean, Susako bizilagunak poztu egin ziren. 16 Juduentzat dena distira eta bozkario zen. 17 Agindua hots egin eta ezarri zuten hiri eta eskualde guztietan juduak pozez gainezka zeuden, otorduak eta jaiak eginez. Beste nazioetako jende asko, erdainkuntza eginez, judu bihurtzen zen, juduen beldurrez.

Juduek beren etsaiak suntsitu


}}

9. atala

aldatu

1 Hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren, hamahirurako helduak ziren beren helbideetara erregearen gutunak. 2 Egun hartan bertan suntsitu zituzten juduek beren etsaiak. Inork ere ez zien aurre egin juduei, berauen beldur baitziren.

3 Gobernariek, printzeek eta erregearen ordezkariek babestu egin zituzten juduak, Mardokeoganako beldur-ikaraz. 4-5 Izan ere, erregearen aginduak zabalarazi egin zuen Mardokeoren izena erreinu osoan. .

6 Susa hirian bostehun gizaseme hil zituzten juduek, 7-10 haien artean Hamedataren seme Haman Bugaiosen, juduen etsai izanaren, semeak ere bai: Farsanestain, Delfon, Fasga, Fardata, Barea, Sarbakha, Marmasima, Arufeo, Arseo eta Zabutaita. Gero, haien ondasunez jabetu ziren juduak.

11 Egun berean jakinarazi zioten erregeari zenbat lagun hil zuten Susa hirian. 12 Erregea, orduan, honela mintzatu zitzaion Esterri:


-Susa hirian juduek bostehun gizaseme hil dituzte. Zure ustez, zenbat hil ote dute haren inguruetan? Beste zer eskatu nahi duzu? Izango duzu.

13 Esterrek ihardetsi zion:


-Utz diezaietela juduei bihar ere gauza bera egiten eta Hamanen hamar semeak urkabean zintzilikatzen.

14 Eta erregeak utzi egin zien horrela egiten, bai eta Susako juduei baimena eman ere Hamanen hamar semeen gorpuak zintzilika zitzaten. 15 Beraz, Susako juduek Adar hilaren hamalauan ere bildu eta hirurehun gizaseme hil zituzten; hala ere, ez zuten inoren ondasunik harrapatu.

16 Erreinuko beste juduak ere bildu ziren elkarri laguntzeko, eta libratu egin ziren beren etsaiengandik. Hamabost mila lagun hil zituzten Adar hilaren hamahiruan, baina ez zuten inoren ondasunik harrapatu. 17 Hilaren hamalauan atseden hartu eta bozkarioz eta alai igaro zuten eguna. 18 Susa hiriko juduak, aldiz, hilaren hamalauan ere bildu ziren, atsedenik hartu gabe, baina hamabosta bozkarioz eta alai igaro zuten. 19 Hona, bada, zergatik egiten duten jaiegun handi eta alai Adar hilaren hamalaua atzerriko eskualdeetan sakabanaturik bizi diren juduek, elkarri eskuerakutsiak bidaliz. Hirietako juduek, aldiz, hilaren hamabosta ere jaiegun handi eta alai egiten dute, elkarri eskuerakutsiak bidaliz.

20 Mardokeok idatziz eman zituen liburu batean gauza hauek eta Artaxerxesen erreinuan bizi ziren judu guztiei igorri zien, nola hurbilekoei hala urrutikoei, 21 Adar hilaren hamalauan eta hamabostean jai handiak egiteko aginduz. 22 Izan ere, egun horietan iritsi zuten juduek bakea beren etsaien aurrean: Adar hil horretan aldatu zitzaien egoera eta beren aldeko egin, atsekabea atsegin eta oinazea jai handi bihurtuz. Hilabete osoa eztei-egun alaietan baileuden ospatu behar zuten, adiskideei eta behartsuei eskuerakutsiak bidaliz. 23 Juduek ontzat eman zuten Mardokeok idazki honen arabera agindua: 24 «Hamedataren seme Haman mazedoniarrak juduei kontra egin nahi izan zien; juduak galtzeko agindua eman eta zotz egin zuen, horretarako eguna erabakitzearren. 25 Erregeagana jo zuen, Mardokeo urkatzeko eskatuz. Baina Hamanek juduentzat asmatutako kalte guztiak berari etorri zitzaizkion, eta bera zintzilikatu zuten semeekin batera. 26 Horregatik deritze egun horiei <Purim>, beraien mintzairan <pur> hitzak zotz egitea esan nahi baitu. Juduek sufritu zutena eta gertatu zitzaiena ikusirik antolatu zuten jai hura, gutun honetan esaten den bezala. 27 Juduek onartu zuten Mardokeoren agindua, nola berentzat hala beren ondorengoentzat, bai eta judu egingo zirenentzat ere. Ez dute ohitura hori inola ere aldatuko. Egun horiek belaunez belaun ospatuko diren oroitzapen-egun izango dira etxe, eskualde eta herri guztietan. 28 Purim-egunak betierean ospatuko dira. Ez bedi horien oroitzapena inoiz ere gal!»

29 Ester erreginak, Aminadaben alabak, eta Mardokeo juduak idatziz eman zuten egindako guztia eta Purim Jaiei buruzko gutunekoa berretsi. . 31 Mardokeok eta Ester erreginak berentzat ere hartu zuten ohitura hori, eta erabaki hura beren onerako izan zuten. 32 Esterrek hitzez erabaki zuen jai hau betiko izatea, eta gero idatziz eman, gogoangarri izan zedin.

10. atala

aldatu

1 Erregeak legeak eman zituen erreinu osorako, nola lehorrerako hala itsasorako. 2 Pertsia eta Mediako Erregeen Kronika Liburuan dago idatzia haren aginte eta kemenaren berri, bai eta haren erregealdiko aberastasun eta ospearen berri ere, denen gogoangarri. 3 Artaxerxes erregearen hurrengo izan zen Mardokeo, gizon handia erreinuan eta juduek goretsia. Bere herri osoak maitatu zuen; berak, berriz, denei kontatzen zien izan zuen jokabidea.

Mardokeoren ametsaren esanahia


F atala

aldatu

1 Orduan, Mardokeok esan zuen: «Jainkoarengandik dator hau guztia. 2 Gogoan dut gauza hauetaz izan nuen ametsa. Ez da deus ere bete gabe gelditu. 3 Iturri txikia ibai bihurtu zen; bazen argia, eguzkia eta ur ugari ere. Ibaia Ester da, erregeak bere ezkontide egina eta erregina izendatua. 4 Bi herensugeak, Haman eta biok ginen. 5 Herrialdeak, juduen izena desagerrarazteko bildu zirenak. 6 Jainkoari deiadar egin eta beronek salbatu zituenak, nire herritarrak dira, israeldarrak. Jaunak salbatu egin du bere herria eta gaitz horietatik guztietatik libratu gaitu. Beste inongo herritan gertatu ez diren mirari eta egintza harrigarriak egin ditu Jainkoak.

7 «Horregatik ezarri ditu Jainkoak bi zorte: bata bere herriarentzat, bestea gainerako herri guztientzat. 8 Jainkoak herri guztiak epaitu dituen garai, egun eta orduan bete dira bi zorte horiek. 9 Oroitu da bere herriaz Jainkoa, eta bere ondare duen herriaren alde epai zuzena eman du. 10 Horregatik, Adar hilaren hamalaua eta hamabosta batzar-egun izango dituzte israeldarrek, Jainkoaren aitzinean poza eta alaitasuna adierazteko egun, belaunez belaun, betierean».

Azken oharra

11 Ptolomeo eta Kleopatraren erregealdiko laugarren urtean, apaiz eta lebitar zela zioen Dositeok eta beronen seme Ptolomeok ekarri zuten Egiptora Purim Jaiari buruzko gutun hau. Gutuna egiazkoa zela zioten, eta Jerusalemgo Ptolomeoren seme Lisimakok grekora itzulia.