Biblia
Mikeas
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala aldatu

1 Hona hemen Jaunak, Jotam, Akaz eta Ezekias Judako errege zirela, Morexet-eko Mikeasi zuzendu zion mezua, Samaria eta Jerusalemi buruz agertu ziona.

2 Entzun, herri guztiok, adi egon, lurra eta bertan bizi zaretenok! Jainko Jauna zuen aurka testigatzera dator, Jauna bera, bere tenplu santutik. 3 Horra, Jaunak bere bizitokia utzi du, jaitsi eta gailurretan barrena doa. 4 Haren oinazpian mendiak urtzen dira, argizaria suarekin bezala; haranak zartatzen dira, ura maldan behera amiltzean bezala. 5 Eta hori guztia Jakoben ondorengoen errebeldiagatik, Israelgo erreinuaren bekatuagatik. Nork daramatza Jakoben ondorengoak errebeldiara? Ez ote Samaria hiriburuak? Nork darama Juda muinoetako sasikultura? Ez ote Jerusalemek berak? 6 Horregatik, honela dio Jaunak: «Samaria, landako harri-pila bihurtuko dut, mahasti-lur; bertako harriak haranera amilduko ditut, eta oinarriak agirian utziko. 7 Haren idolo guztiak apurtu egingo dituzte, oparitan irabaziak sutan erre, irudi guztiak xehatu; emagaldu sakratuen irabaziez pilatu zituztenez gero, beste prostituzio batzuk ordaintzeko erabiliko dituzte».

8 Horregatik, negar eta erosta egingo dut, oinutsik eta biluzik joango naiz; basa txakurrak bezala uluka ariko naiz, ostrukak bezala intzirika. 9 Sendaezina benetan Samariaren zauria! Judara ere iristear dago hondamendia, nire herriko atea jotzeraino, Jerusalemeraino. 10 Ez iragarri hau Gateko jendeari, ez adierazi negarrez zaudetenik. Iraulka zaitezte hautsetan Bet-Leafran. 11 Zoazte hiritik, Xafirko jendeok, biluzik eta lotsaz beterik. Tzaanango jendea ez da hiritik aterako. Dolu dagite Bet-Etzelgoek, ez baitute laguntzarik izango. 12 Maroteko jendeak zoriona espero zuen; Jaunak, ordea, zoritxarra bidali du Jerusalemgo ateetaraino. 13 Jarri zeuen ustea zaldi eta gudu-gurdietan, Lakixen bizi zaretenok; zuek eraman zenuten Jerusalem bekatura, Israelen antzera errebelatu baitzineten. 14 Zapuztu ezazue Morexet-Gat hiria. Akzib hiriaren laguntza ustel aterako zaie Israelgo erregeei. 15 Marexan bizi zaretenok, bidaliko dizue Jaunak berriro menperatuko zaituztena. Israelgo buruzagi ospetsuak Adulamgo haitzuloan babestuko dira. 16 Jerusalemgo jendea, moztu ilea, soildu burua hain maite dituzun zeure seme-alabengatik; soildu ezazu kaskoa saiarena bezala, erbesteratu egingo baitituzte zuregandik urruti.

Zapaltzaileen aurka

2. atala aldatu

1 Zoritxarrekoak egintza gaiztoak asmatzen gaua eman, eta, ahalmena dutenez gero, eguna argitzeaz batera, burutzen dituztenak! 2 Lurrak gutiziatzen dituztela? Lapurtu egiten dituzte. Etxeak irrikatzen dituztela? Hartu egiten dituzte. Indarrez hartzen dute nagusia, bere familia eta etxaldearekin. 3 Horregatik, honela dio Jaunak: «Hara, zorigaitza darabilt gogoan jende horren kontra; ezin izango dute handik lepoa atera, ez eta burua tente ibili ere, zorigaitz-egunak izango baitira». 4 Egun hartan, bertsoak aterako dizkizuete, eta eresi hau kantatuko: «Zeharo larruturik gaude! Jaunaren herriaren ondarea arrotzen eskuetara joan da; nolatan kendu diote gero? Sinesgabeen artean banatzen dituzte gure soroak». 5 Jaunaren batzarrean herri-ondarea berriro banatzerakoan, ez du zuetariko inork parterik izanen.

Jendea profetaren aurka

6 Jendeak esaten dit: «Utzi hitzaldi txoro horiek, ez horrelako hitzaldirik; zoritxarrak ez gaitu joko. 7 Madarikatua ote Israel herria? Bukatu ote da, bada, Jaunaren eramanpena? Hori ote haren jokaera? Ez al dio onginahiz hitz egiten zuzen dabilenari?» 8 Baina Jaunak honela dio: «Lehen nire herria etsaiaren aurka jaiki ohi zen; orain, soingainekoa kentzen diezue, gerratik itzultzean, lasai igarotzen direnei. 9 Zapuztu egiten dituzue nire herriko emakumeak, eta bota hain maite dituzten etxeetatik. Hauen haurrei betiko kentzen diezue eman diedan ohorea. 10 Alde, zoazte toki honetatik, ez baituzue hemen atsedenik izango! Kutsatu egin duzuenez, izugarrizko hondamendiak joko du. 11 Eman dezagun, <Ardoa eta pattarra ugari emango dizut> esaka ari dela norbait; horrelako mezu hutsal eta gezurrezkoa lekarkeena izango litzateke herri honek merezi duen profeta!

Jaunak Israel berriro bildu

12 «Oso-osorik bilduko zaitut, Jakoben herri; batu egingo ditut, Israel, zure baitan bizirik geldituak. Ardiak eskortan bezala, artaldea barrutian bezala, batuko zaituztet, eta berriro entzungo da jendearen zarata-hotsa». 13 Jauna joango zaie aurretik bidea irekiz; indarrez bidea ireki, hiriko ateetatik igaro eta libre aterako dira. Jaunak, beren erregeak, gidatuko ditu.

Buruzagien aurka

3. atala aldatu

1 Zuei diotsuet, Jakoben ondorengoen buruzagioi, Israelgo agintarioi: «Ez al dagokizue zuei zuzenbideaz arduratzea? 2 Baina ez: ongia gorroto eta gaizkia maite duzue. Larrua kentzen diozue jendeari, eta hezur hutsetan uzten». 3 Nire herriaren haragia jaten dute, larrua kentzen diote, eta hezurrak apurtzen; eltzerako haragia bezala puskatzen dute, lapikorako okela bezala. 4 Beraz, Jaunak ez die entzungo, oihu egingo diotenean; aurpegia gorde egingo die orduan, beren egintza gaiztoengatik.

Herria engainatzen duten profeten aurka

5 Honela dio Jaunak nire herria desbideratzen duten profetei buruz: «Jatekoa ematen dietenei bakea iragartzen diete; ahora ezer ematen ez dietenei, berriz, gerra santua. 6 Horregatik, ikuskarien ordez gau beltza izango dute, igarpenen ordez iluna. Eguzkia sartu egingo da profeta horientzat, eta eguna ilundu». 7 Ikusleak lotsatu egingo dira, igarleak ahalkez gorritu; ahoa itxi egingo dute denek, ez baitute Jainkoaren erantzunik izango. 8 Ni, ordea, Jaunaren espirituaz betea nago, haren indar, zuzentasun eta kemenaz betea, Jakoben ondorengoei beren errebeldia eta Israeli bere bekatua adierazteko.

Jerusalemen hondamendia iragarri

9 Entzun hau, Jakoben herriaren buruzagiok, Israelgo agintariok, zuzentasuna higuintzen eta zuzenbidea okertzen duzuenok: 10 odolaz eraikitzen duzue Sion, bidegabekeriaz Jerusalem. 11 Buruzagiek eskupekoaren truke epaitzen dute, apaizek soldatagatik irakasten, profetek diru-ordainetan iragartzen; eta, halere, Jaunarengan babesten dira, esanez: «Ez al dugu, bada, Jauna gurekin? Zoritxarrak ez gaitu joko». 12 Horregatik, zuen erruz, golde-lur bihurtuko da Sion, harri-pila Jerusalem, baso tenpluaren mendia.

Jerusalem bakearen hiriburu


4. atala aldatu

1 Azken egunetan, Jaunaren etxea dagoeneko mendia, beste mendien gain ezarriko du Jaunak, mendixka guztien gainetik jasoko. Eta hara joko dute herriek. 2 Nazio asko joango dira hara, esanez: «Zatozte, igo gaitezen Jaunaren mendira, Jakoben Jainkoaren etxera; bere bideak erakutsiko dizkigu, eta gu haren bidexketan ibiliko gara; Siondik irakatsiko baitu Jaunak, Jerusalemdik hitz egingo». 3 Hark herri asko epaituko ditu, nazio indartsuen auziak erabakiko, bai eta urrutikoenenak ere. Ezpatak golde bihurtuko dituzte eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioren kontra altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko. 4 Nor bere mahats-parrapean eseriko da, bere pikupean, inoren beldurrik gabe. Honela agindu du Jaun ahalguztidunak. 5 Beste herri guztiak nor bere jainkoaren esanera dabiltza; gu, ordea, Jaunaren, geure Jainkoaren, esanera ibiliko gara menderen mendetan.

Artalde sakabanatua Sionen bilduko

6 Honela dio Jaunak: «Egun hartan, ardi herrenak bilduko ditut, nik gogor erabili eta sakabanatuak batuko. 7 Herren eta sakabanatu hauekin, bizirik geldituekin, herri indartsua egingo dut. Eta ni, Jauna, errege izango naute Sion mendian, orain eta betierean. 8 Eta zuri, artzain-dorre, Sion hiriko gotorleku horri, berriro itzuliko zaizu antzinako agintea, zuri, Jerusalem hiriburu, lehen zenuen erregetza».

Jerusalemen sufrimendua eta askapena

9 Baina orain, zer duzu horrela oihu egiteko, erdiminetan dagoena bezala egoteko? Erregerik gabe zaude, ez da? Kontseilaria hil zaizu. 10 Bihurritu zaitez, bai, egin aiene, Siongo herri, emakumeak erdiminetan bezala; orain hiritik aterako baitzarete eta landan biziko. Babiloniara joango zarete, baina han salbatuko zaituzte Jaunak, zeuen etsaien eskuetatik askatuko. 11 Orain, nazio asko bildu dira zure aurka; hau diote: «Profanatua izan bedi; poz bitez gure begiak, Sion horrela ikusiz». 12 Baina ez dituzte Jaunaren asmoak ezagutzen, ez eta ulertzen ere haren burubideak; izan ere, larrainean gari-balak bezala bildu ditu Jaunak nazioak, 13 eta Siongo herriari esaten dio: «Ea, jo alea. Burdinazko adardun eta brontzezko azkazaldun idia bezain indartsu egingo zaitut. Herri asko birrinduko dituzu, eta haiei harrapatutako ondasunak Jaunarentzat, lur osoaren Jabearentzat, sagaratuko dituzu». 14 Baina orain, prestatu borrokarako, hiriko gudu-talde hori. Etsaiek setiatu gaituzte. Makilaz masailan jotzen dute Israelgo agintaria.

Belen, errege berriaren sorterri

5. atala aldatu

1 Honela dio Jaunak: «Zu, Belen Efrata, Judako leinuetan txikienetakoa zara; baina zuregandik aterako da Israelen aginduko duena. Aspaldikoa du jatorria, antzina-antzinakoa». 2 Bitartean, bertan behera utziko du Jaunak bere herria, ama izan behar duenak haurra izan arte. Orduan, atzerrian bizirik gelditutako senideak Israelgoekin elkartuko dira. 3 Buru berriak Jaunaren indarrez gidatuko du herria, Jaunaren, bere Jainkoaren, izen handia agertuz. Lasai biziko da herria, handi agertuko baita hura lurraren mugetaraino 4 eta bakea ekarriko baitu. Asiria gure lurrera baldin badator, gure jauregiak zapaltzera, buruzagi ugari aterako ditugu haren aurka. 5 Armaz menperatuko dituzte Asiria eta Nimroden lurraldea; askatu egingo gaituzte asiriarren eskutik, hauek gure lur-mugetan sartu eta gure lurraldea zapalduko balute.

Israeldarrak nazio artean

6 Bizirik geldituriko israeldarrak, Jaunak bidaltzen duen ihintza bezala, belardira jaisten den euri-lanbroa bezala izango dira herri askoren artean: ez dira gizakiaren esku egongo, ez dute itxaropena gizakiagan jarriko. 7 Bizirik geldituriko israeldarrak, herri askotan sakabanatuak, lehoia basapiztien artean bezala, lehoikumea ardien artean bezala izango dira: edonon sartzen direlarik, harrapatu eta txikitu egiten dute, eta ez da inor haien eskutik libratuko. 8 Bai, jaso eskua zeuen etsaien aurka, eta denak ezereztuak gertatuko dira.

Jaunak giza euskarriak ezereztuko

9 Honela dio Jaunak: «Egun hartan, ezereztuko ditut zure zaldiak, eta gudu-gurdiak suntsituko. 10 Ezereztuko ditut zure lurraldeko hiriak, eta zure gotorleku guztiak erraustuko. 11 Kenduko dizkizut eskuetatik aztikeria guztiak, eta aztirik ez duzu aurrerantzean izango. 12 Ezereztuko ditut zure idolo eta zutarri sakratuak eta zure eskulanen aurrean ez zara gehiago ahozpeztuko. 13 Erauziko ditut zure zutoin sakratuak, eta zure hiriak erraustuko. 14 Haserre-suminez mendekatuko naiz esana egin ez didaten nazioez».

Jauna herriarekin auzitan

6. atala aldatu

1 Entzun zer esan didan Jaunak: «Ea, hasi nire auzia, hartu mendiak lekuko, adi bezate muinoek zure ahotsa!» 2 Entzun, mendiok, Jaunaren auzia, entzun, lurraren betiereko oinarriok; auzitan ari baita Jauna bere herriarekin, salaketan Israelekin: 3 «Ene herri, zer egin dizut nik zuri, zertan izan natzaizu nekagarri? Erantzun, mesedez! 4 Nik igoarazi zaitut Egipto lurraldetik, nik askatu esklabotzatik; nik bidali ditut Moises, Aaron eta Miriam zure aurrean gidari. 5 Ene herri, gogora ezazu zer asmo gaizto zerabilen Moabeko errege Balakek, eta zer erantzun zion Beor-en seme Balaamek; gogoratu Xitimdik Gilgalera bitartean gertatutakoak, horrela aitor dezazun zu salbatzeko nik egindako guztia».

Jaunak zuzenbidea nahi, ez opariak

6 Zerekin agertuko naiz Jaunaren aurrean? Zerekin, Jainkoari gurtza ematerakoan? Urteko zekorrak ekarriko ote dizkiot erre-oparitzat? 7 Zer du Jaunak atsegin? Ahariak milaka eskaintzea? Olioa ibaika isurtzea? Lehen-semea eskaini behar ote diot neure errebeldiaren ordain? Sabeleko fruitua, neure bekatuaren barkamena eskatzeko? 8 Gizaki hori, irakatsi zaizu zer den ona, zer nahi duen Jaunak zuregandik. Hauxe: zuzenbidez jokatzea, on izaten saiatzea, eta zure Jainkoarekin apaltasunez bizitzea.

Jaunak Jerusalemgo zuzengabekeriak zigortu

9 Deika ari zaio Jauna hiriari
-zentzuzkoa da hari begirune izatea
-: «Israelgo leinu eta herriko batzar, entzun!
10 Jasan behar ote ditut gaiztoaren etxea eta ondasunak, okerbidez eta sasineurri madarikatuz sortuak? 11 Ontzat eman ote dezaket okerreko pisuak eta neurri faltsuak erabiltzea? 12 Hiri honetako aberatsek gogorkeriara jotzen dute; hemengo bizilagunak gezurra dariela mintzo dira, maltzurkeria besterik ez dute ahoan. 13 Horregatik, nik ere zigorrez jotzen zaitut, zure bekatuengatik hondatu egiten. 14 Jan, bai, jango duzu, baina ase ez; goseak erreko zaitu. Zerbait gorde nahiz ibiliko zara, baina ezin; eta zerbait gordeko bazenu ere, ezpataz suntsituko nuke. 15 Erein, bai, ereingo duzu, baina uztarik bildu ez; olibalea zapaldu, bai, baina zeure burua gantzutu ez; mahatsa zapaldu, bai, baina ardorik edan ez. 16 Omri erregearen aginduak eta Akaben familiaren ohiturak gordetzen dituzu: haien esanetara zabiltza. Horregatik, zuen hiria hondatua utziko dut eta bizilagunak lotsagorritan. Nire herriaren lotsakizuna jasan beharko duzue».

Zuzentasunik geratzen ez

7. atala aldatu

1 Ai ene! Uzta bildu ondoren hondarren bila doanari bezala gertatzen zait: ez du mahats-mordorik aurkitzen, ez eta hain gogoko duen goiz-pikurik ere. 2 Ez da lurralde honetan gizon leialik gelditzen, ez eta gizartean gizon zuzenik ere: denak odol-egarriz daude, sarea jartzen dio batak besteari; 3 prest dituzte bi eskuak kalte egiteko: buruzagiak eta epaileak eskupekoa eskatzen dute, handikiek beren diru-gosea adierazten; eta bat datoz denak nork berea egiteko. 4 Haietan onena, asuna bezalakoa; zuzenena, sasia bezalakoa.

Baina badator kontuak hartzeko eguna, zuen begirale profetak iragarritakoa; orduan, estu eta larri sentituko zarete. 5 Ez fidatu lagun hurkoaz, ez eta adiskideaz ere; kontuz zer esaten diozun emazteari berari ere. 6 Izan ere, semeak aita iraintzen du, alaba amaren aurka ateratzen da eta erraina amaginarrebaren aurka. Nork bere etxekoak ditu etsai.

7 Baina nik Jaunarengan ditut begiak, salbatzen nauen Jainkoarengan konfiantza; entzungo dit, bai, Jainkoak.

Herriaren itxaropena eta otoitza

8 Ez dadila poz etsaia nire zoritxarraz: erori banaiz ere, jaikiko naiz; ilunpetan egonik ere, Jauna dut argi. 9 Jaunaren haserrea jasan beharra dut, haren aurka egin baitut bekatu; baina laster erabakiko du Jaunak nire auzia eta nire alde aterako da; argitara eramango nau, eta ikusi ahal izango dut haren salbamena. 10 Hori ikustean, nire etsaia, «Non duzu Jauna, zeure Jainkoa?» esaten zidana bera, lotsaz beteko da. Neure begiz ikusiko dut etsaia kaleko lokatza bezala zapaldua.

11 Jerusalem, badator zure harresiak berreraikitzeko eguna, zure mugak zabaltzeko eguna. 12 Egun hartan, itsasoz itsaso eta mendiz mendi etorriko zaizkizu zeure seme-alaba sakabanatuak, Asiriatik Egiptora eta Nilotik Eufratesera bitartekoak. 13 Beste lurraldeak, berriz, hondamendi bihurtuko dira, bertako bizilagunen erruz, beraien egiteen ordainetan.

14 Larra ezazu, Jauna, artzain-makilaz zeure herria, zeurea duzun artaldea; bakarrik eta sastraka artean bizi baita, inguruan lur emankorrak dituen arren. Larra bedi Baxan eta Galaadeko lur marduletan, antzina bezala. 15 Ikusarazi berari mirariak, Egiptotik atera zenuen egunetan bezala. 16 Ikusiko dituzte herriek eta lotsatu egingo dira beren indarraz; hitzik gabe eta sorgor geldituko dira. 17 Hautsa miazkatuko dute, sugeek eta narrastiek bezala. Dardaraz aterako dira gordelekuetatik, ikaraz joko dute Jaunarengana, gure Jainkoarengana, eta begirune izango diote.

18 Zein zu bezalako Jainkorik, zeurea duzun herrian bizirik geldituei gaiztakeria barkatu, haien errebeldiari ezikusia egiten diozun hori bezalakorik? Zure haserreak ez du beti irauten, onginahia baituzu atsegin. 19 Berriro ere errukituko zara gutaz, lurperatuko dituzu gure gaiztakeriak, eta itsas hondora botako gure bekatu guztiak. 20 Horrela, zeure maitasun leiala agertuko diezu Jakob eta Abraham gure gurasoei, aspaldiko egunetan hitz eman zenien bezala.