Biblia
Nahum
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala aldatu

1 Hona hemen Niniveri buruzko mezua, Jaunak Nahum elkoxtarrari agertu ziona.

2 Jauna, Jainko espatsu eta mendekatzailea da. Bai, mendekatzailea da Jauna, zorrotza haren haserrea. Jauna mendekatu egiten da bere etsaien kontra, eutsi egiten dio arerioenganako haserreari. 3 Haserregaitza da Jauna, baina ahalmen handikoa, eta ez du erruduna zigorrik gabe uzten. Ekaitza eta haize erauntsia sortzen ditu ibiltzean; bere oinez harrotzen duen hauts dira lainoak. 4 Jaunak itsasoari mehatxu egin eta itsasoa lehortu, ibai guztiak agortu. Gorri geratzen dira Baxango larreak eta Karmel gaina, Libano loratua zimel. 5 Hura agertzean, dardaraz jartzen dira mendiak, koloka muinoak; haren aurrean ikaratu egiten da lurra, bai eta mundua eta bertan bizi direnak ere. 6 Nork iraun zutik haren suminaren aurrean? Nork egin aurre haren haserre biziari? Sua bezala isurtzen da haren sumina, eta harkaitzak zartatu egiten haren aurrean. 7 Ona da Jauna, gordeleku larrialdi-egunean. Arretaz hartzen ditu babes eske doazkionak, 8 urek gainezka egiten dutenean. Baina suntsitu egiten ditu aurka dabilzkionak, ilunpetara botatzen etsaiak.

Judako buruzagiei

9 Zer asmo darabilzue Jaunaren aurka? Etsaiak erabat ezerezten ditu hark: ez dira bi aldiz altxatuko. 10 Nahaspilaturik dauden laharren antzeko dira, mozkortzeraino edanak daude; belar iharra bezala erabat erreko dituzte.


11 Ninive, zuregandik atera da Jaunaren aurka asmo txarrak darabiltzana, burutazio gaiztoak dituen gizona.


12 Honela diotsa Jaunak Judari: «Zure etsaiak, indartsu eta ugari badira ere, garbitu egingo dituzte, galdu egingo. Makurrarazi zaitut, bai, baina ez zaitut gehiago nahigabetuko; 13 orain hautsiko dut zapaltzen zaituen uztarria, orain apurtuko zure kateak».


14 Zure aurka, ordea, Niniveko errege, hauxe erabaki du Jaunak: «Ez duzu izango zeure izeneko ondorengorik. Birrindu egingo ditut zure jainkoen etxeetan zurezko eta metalezko idoloak. Zure hilobia prestatzen ari naiz, deus ere ez zara-eta nire aurrean».


2. atala aldatu

1 Hona non datorren mendi gainetan bakearen berriona dakarren albistaria. Ospatu zeure jaiak, Juda, bete zeure promesak. Gaizkilea ez da gehiago zuregana etorriko, zeharo ezereztua gelditu baita.


2 Ninive, badator zure aurka hondatzailea; zaindu dorreak, egin guardaa bideetan! Egon prest gudurako, bildu zeure indar guztiak!


3 Jaunak berriro jasotzen du Jakoben ondorengoen handitasuna, Israelen ospea; mahastia bezala larrutu zuten harrapariek, mahats-aihenak soilduz.


4 Ezkutu gorriak dituzte etsaien gudariek, purpurazko jantziak gerlariek. Suaren distira dute gudu-gurdiek gerrarako prest daudenean. Dardar dagite lantzek. 5 Gudu-gurdiak arrapaladan doaz kale eta plazetan barrena, zuzi piztuak bezala, tximista bezain bizkor. 6 Niniveko erregea gudalburuei mintzo zaie, beren lasterrean behaztopaka doaz hauek; Etsaiak korrika doaz harresien aurka, beren ezkutuez babesturik. 7 Ibai aldeko ateak indarrez behartzen dituzte, eta errege-jauregia menpean hartzen. 8 Jainkosaren irudia hartu eta atzerrira daramate; haren zerbitzariak usoak bezala dabiltza urrumaka eta bular-joka. 9 Urez beteriko putzua zen Ninive; orain ihesi doazkio ur guztiak. «Geldi, geldi zaitezte!» Baina ez dira itzultzen. 10 «Harrapa zilarra, harrapa urrea!» Neurrigabeak dira hango ondasun eta gauza baliotsuak. 11 Dena larrutua, erraustua, porrokatua! Adore galdurik bihotzak, koloka belaunak, dardaraz gerriak, zurbil aurpegiak.


12 Non da lehoiaren haitzulo zen hiria? Han hartzen zuten lehoikumeek beren jana. Lehoia janari bila joaten zenean, inoren beldurrik ez lehoikumeek. 13 Lehoiak harrapatzen eta zatitzen zuen ehiza lehoi-eme eta kumeentzat, harrapakinez betetzen zuen bere haitzuloa. 14 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Ninive, hona ni zure aurka: errauts eta ke bihurtuko ditut zure lehoikumeak. Erauzi egingo ditut lurretik zure harrapaketak eta ez da gehiago entzungo zure mandatarien ahotsik».


3. atala aldatu

1 Zoritxarrekoa zu, hiri odolzalea, maltzurkeriaz eta indarkeriaz betea, beti harrapakin bila zabiltzana! 2 Horra hor zigor-zartadak, gurpilen zarata-hotsa, zaldien zalaparta, gudu-gurdien trinki-tranka! 3 Zaldizkoen oldarra, ezpaten distira, lantzen tximistak! Zaurituak pilaka, hilak metaka, hilotzak ezin konta ahala! Hilotzetan estropezu egiten da.
Ninive emagaldua lotsagarri

4 Ninive, gehiegikeriez beteriko emagaldua, sobera ederra eta sorginkeriatan iaioa! Bere lohikeriez nazioak menperatzen zituen, bere sorginkeriez herrialdeak. 5 Horregatik, honela dio Jaun ahalguztidunak: «Hona ni zure aurka: gonak aurpegiraino jasoko dizkizut, biluzik agerraraziko zaitut herrien aurrean, lotsagarri erreinuen aurrean. 6 Zikinez estaliko zaitut, eta laidoz beteko denen begi aurrean. 7 Ikusiko zaituzten guztiak aldendu egingo zaizkizu, esanez: <Xehatua gelditu da Ninive; nor errukituko zaio? Non aurkituko kontsolatuko duenik?> »


8 Tebas baino gehiago zarela uste al duzu? Nilo ibaiaren adarren erdian zegoen, erabat urez inguratua; ibaia zuen harresi. 9 Nubia eta Egiptoko indar neurtezinak zituen euskarri, Put eta Libiako herriak laguntzaile. 10 Baina Tebas ere erbestera gatibu eraman zuten, haren haurrak kale-bazter guztietan sarraskitu, handikiak menperatzaileen artean banatu eta buruzagiak katez lotu. 11 Ninive, zu ere edari saminez aseko zara, zeure burua gorde egin beharko duzu; babes bila ibiliko zara, etsaiengandik ihesi.


12 Piku helduen antzeko dira zure gotorleku guztiak: pikuondoa astindu orduko behera datoz, jango dituztenen ahora. 13 Begira, zure gudariek emajende dirudite; zure lurraldeko ateak zabal-zabalik daude etsaien aurrean, suak irentsi ditu sarrailak. 14 Pilatu behar adina ur setiatuko zaituztenerako; sendotu gotorlekuak; ekarri lokatza, oretu buztina, eta prestatu adreilu-moldeak. 15 Han irentsiko zaitu suak, han galduko ezpatak; erabat irentsiko zaituzte, matxinsaltoak hostoa bezala.

Matxinsaltoak bezala ugaldu zarete. 16 Zeruko izarrak hainbat ugaritu dituzu zeure merkatariak. Baina orain desagertu dira, hegoak zabaldu eta hegaz doazen matxinsaltoak bezala. 17 Zure buruzagiak matxinsaltoak bezala dira, zure gobernariak zomorroak bezala: egun hotzean hormetan kokatzen dira eta eguzkiak berotzean ihesi doaz, aztarnarik ere utzi gabe.

18 Asiriako errege, zure gobernariak loak hartu ditu, zure gudalburuak ez dira gehiago mugitzen, zure gudarostea mendietan sakabanatua dabil, eta ez da hura bilduko duenik. 19 Zure hondamendiak ez du erremediorik, ez zure zauriak sendabiderik. Zure zoriaren berri entzuten duten guztiak txaloka ari dira pozez. Izan ere, ba ote da inor munduan zure gaiztakeria jasan ez duenik?