Biblia
Oseas
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

aldatu

1 Hona Beeri-ren seme Oseasi Jaunak zuzendu zion mezua, Uzias, Jotam, Akaz eta Ezekias Judako errege eta Joaxen seme Jeroboam Israelgo errege zirela.

2 Hona nola hasi zen Jauna Oseasen bitartez herriari hitz egiten. Jaunak agindu zion Oseasi: «Ea, hartzazu emagaldu bat emaztetzat eta izan harekin sasiko haurrak, herri hau ere prostituzioan baitabil, niregandik, Jaun honengandik, urruti».

3 Oseasek Diblaim-en alaba Gomer hartu zuen emaztetzat. Gomer-ek haurdun gelditu eta semea eman zion. 4 Orduan, Jaunak esan zion Oseasi: «Jarriozu izena <Izreel>, zeren, luzatu gabe, Izreelen isuritako odolaren kontuak eskatuko baitizkiot Jehu-ren jatorriari, eta Israelgo errege-jatorria bukaraziko dut. 5 Egun hartan, Israelen gudu-indarrak suntsitu egingo ditut Izreelgo haranean».

6 Gomer-ek berriro haurdun gelditu eta alaba izan zuen. Eta Jaunak esan zion Oseasi: «Jarriozu izena <Ez-maite>, gaurdanik ez baitut Israel herria maite izango, ez diot barkatuko. 7 Juda herria, ordea, bai, maite izango dut, eta nik, beren Jainko Jaun honek, salbatu egingo ditut. Baina ez ditut salbatuko gudu eginez, ez armaz eta ez gerraz, ez zaldiz eta ez zaldunez».

8 «Ez-maitea» bularretik kendu ondoren, Gomer-ek berriro haurdun gelditu eta semea izan zuen. 9 Eta Jaunak esan zion Oseasi: «Jarriozu izena <Ez-nire-herria>, zuek ez baitzarete jadanik nire herria eta ni ez bainaiz zuen Jainkoa».

Jaunak zorion-garaia agindu

2. atala

aldatu

1 Egun batez, israeldarrak, itsas hondarra bezala, neurtezin eta kontaezin izango dira. Eta «Zuek ez zarete nire herria» esan beharrean, «Jainko biziaren seme-alaba» deituko die Jainkoak. 2 Judatarrak eta israeldarrak bateratu egingo dira, buruzagi bakar bat hautatuko dute, eta beren lurraldean haziko. Handia izango da Izreelen eguna! 3 Zeuen anaiei «Nire herria» deituko diezue, zeuen arrebei «Maitea».

Jaunak herriaren maitasuna berriz bereganatuko

4 Honela dio Jaunak: «Eraman auzitara zeuen ama, sala ezazue, ez baita jadanik nire emazte, ez eta ni haren senar ere. Uxa bitza aurpegitik bere prostituzioak eta bular artetik bere maitaleak. 5 Bestela, larrugorritan utziko dut, jaio zen egunean bezala biluzik. Basamortuaren antzeko egingo dut, lur idor bihurtuko eta egarriz hilaraziko. 6 Ez dut haren haurrik maiteko, emagaldukume baitira. 7 Bai, emagaldua dute ama, lotsagarri dabil mundura ekarri dituena. Honela baitio: <Noan maitaleen atzetik, haiek ematen dizkidate ogia eta ura, artilea eta lihoa, olioa eta edaria>. 8 Horregatik, bidea sasiz itxiko diot, inguruan hesia jarriko, bere bidezidorrik gehiago aurki ez dezan. 9 Maitaleei segika ibiliko da, baina ez ditu atzemango. Bila ibiliko da, baina ez ditu aurkituko. Orduan, esango du: <Bihur nadin lehenengo senarrarengana, orain baino hobeto nengoen eta>. 10 Ez zuen ikusten nik ematen nizkiola garia, ardoa eta olioa. Eta esku beteka ematen nizkion zilarra eta urrea Baalen zerbitzurako erabiltzen zituen. 11 Horregatik, kendu egingo diot neure garia bere garaian, bai eta ardoa ere bere sasoian. Kendu egingo dizkiot neure artilea eta lihoa, haren larrugorriaren estalgarriak. 12 Larrugorri azalduko dut bere maitaleen aurrean, eta ez du inork nire eskutik askatuko. 13 Haren festa guztiak bukaraziko ditut: urteko jai, ilberri eta larunbatak, eta ospakizun guztiak. 14 Mahastia eta pikuondoa hondatu egingo dizkiot, haietaz baitzioen: <Maitaleek emandako sari ditut>. Sastraka bihurtuko ditut, eta basapiztiek jango dituzte. 15 Kontuak eskatuko dizkiot Baalei intsentsua eskaintzen zien egunengatik. Eraztun eta lepokoz apaindurik, bere maitaleen atzetik ibili ohi zen eta ni ahaztu egiten ninduen. Hala diot nik, Jaunak.

16 «Hala bada, nik neuk liluratuko dut, basamortura eraman, eta bihotzera mintzatuko natzaio. 17 Han bere mahastiak itzuliko dizkiot, Ezbehar-ibarra itxaropen-ate bihurtuko. Han bere gaztaroan bezala erantzungo dit, Egiptotik atera zenean bezala. 18 Egun hartan
-hala diot nik, Jaunak
- <Ene senar> esango didazu, eta ez <Ene Baal>.
19 Baalen izenak ere ahotik kenduko dizkiot, eta ez da gehiago haien izenik aipatuko. 20 Egun hartan ituna egingo dut neure herriaren alde, basapiztia, hegazti eta narrastiekin. Uztaiak eta ezpatak hautsiko ditut, lur honetan ez da gehiago gudurik izango. Lasai biziaraziko dut neure herria. 21 Neure emazte egingo zaitut betiko. Gure ezkontza zuzena eta legezkoa izango da, maitasuna eta errukia izango ditu oinarri. 22 Neure emazte egingo zaitut leialtasun iraunkorrez. Orduan ezagutuko duzu zeure Jaun hau. 23 Egun hartan
-hala diot nik, Jaunak
- erantzun egingo dut: zeruari euria emango diot, eta zeruak lurrari ura emango dio;
24 lurrak gari, ardo eta olioari ugaritasuna emango die, eta hauek <Izreel>en beharrari erantzungo diote. 25 Neure herria lurraldean landatuko dut, <Ez-maitea> maiteko, eta <Ez-nire-herria>ri <Zu-nire-herri> esango diot, eta berak <Ene Jainko> erantzungo dit».

Oseasek emazte desleiala berriz bereganatu


3. atala

aldatu

1 Jaunak esan zidan: «Ea, maita ezazu berriz ere emaztea, maitalea duen eta adulterio egin duen arren. Halaxe maite baititu Jaunak israeldarrak, hauek beste jainkoengana jotzen duten arren, jainko horiei eskainitako mahats-opilen zale».

2 Hala, hamabost zilarrezko txanpon eta anega eta erdi garagarren truke neureganatu nuen berriro emaztea. 3 Eta zera esan nion: «Nirekin egongo zara luzaro, prostituzioan ibili gabe eta zeure burua inongo gizoni eman gabe. Nik ere ez dizut neure burua emango». 4 Hala egon beharko dute israeldarrek luzaro, ez errege eta ez buruzagi, ez sakrifizio eta ez zutarri sakratu, eta ez Jainkoari kontsulta egiteko tresna.

5 Gero, israeldarrak beren Jainko Jaunarengana eta beren errege Daviden ondorengoagana itzuliko dira. Begirunez joko dute Jaunarengana eta haren ondasunetara, azken egunetan.

Jauna Israelekin auzitan

4. atala

aldatu

1 Entzun Jaunaren hitza, israeldarrok, Jauna auzitan ari baita lurralde honetako jendearekin: «Ez da leialtasunik, ez maitasunik lurraldean, eta ez naute Jainkotzat aitortzen. 2 Madarikazioa eta gezurra, hilketa, lapurreta eta adulterioa ugari, odola odolaren gain. 3 Horregatik, dolu dagi lurrak eta hiltzear daude bertan bizi direnak. Basapiztiak eta hegaztiak, bai eta arrainak ere, denak galduko dira.

Jauna apaizekin auzitan. Idolatriaren aurka.

4 «Ez biezaio inork inori salaketa eta errietarik egin. Zure aurka dut auzia, apaiz. 5 Gau eta egun egiten duzue estropezu, eta zuek bezala profetek ere. Horregatik, zuen ama Israel galdu egingo dut. 6 Nire herria hondatu egingo dut, aintzat hartzen ez nauelako. Zuk ez bainauzu aintzat hartu nahi izan, nik ere ez zaitut neuretzat apaiz hartuko. Zure Jainkoaren irakaspena ahaztu duzunez gero, nik ere ahaztu egingo ditut zure seme-alabak. 7 Den-denek egin duzue nire aurka bekatu; beren ospea lotsa bihurtuko diet. 8 Nire herriak bekatuengatik egiten dituen opariez mantentzen dira apaizak; horregatik, nire herriak bekatu egin dezan nahi dute. 9 Bai herriak, bai apaizak zori bera izango dute: beren jokabideagatik kontuak eskatuko dizkiet, beren egiteen ordaina emango diet. 10 Jango dute, baina ez dira aseko; emagaldu sakratuekin elkartuko dira, baina ez dute haurrik izango; Jauna bazter utzi baitute, beste jainkoei jarraitzeko.

11 «Ardoak eta pattarrak burua txoratu diote nire herriari. 12 Egur-puska bati egiten diote kontsulta, zurezko idolo batek ematen dizkie erantzunak. Prostituzio-haizeak jo ditu, beste jainkoen atzetik joateko, ni, beren Jainkoa, bazter utzirik. 13 Mendi-gailurretan sakrifizioak eskaintzen dituzte, muinoetan intsentsua erretzen, arte, urki eta haritzen itzalpe ederrean. Horrela, zuen alabak emagaldu sakratu bihurtu dira, zuen errainak adulteriogile. 14 Hala ere, ez diet zuen alabei konturik eskatuko, emagaldu bihurtu direlako; ez eta zuen errainei ere, adulteriogile bihurtu direlako. Apaizak berak baitoaz emagalduekin, tenpluko emagalduekin elkartzen baitira sakrifizioak eskaintzeko. Eta hala, zentzugabeko herria hondamendira doa. 15 Zu, Israel, nirekiko desleial bazara ere, Juda behintzat ez dadila errudun izan. Ez joan Gilgalgo santutegira, ez igo Bet-Aben-era, ez hartu Jainko bizia ahotan zin egiteko. 16 Bai, larrabehia bezain bihurri da Israel. Nola larratuko ditu, bada, Jaunak zelai zabalean, arkumetxoak balira bezala? 17 Efraim idoloekin lotuegia dago: utziozue! 18 Ardo-edana egin ondoren, prostituzioari eman diote erabat, eta haien buruzagiek lotsakizuna dute gogoko. 19 Baina haize-bolada batek eramango ditu, eta lotsa izango dira beren sakrifizioez.

Israelek Jainkoarengana bihurtu nahi ez

5. atala

aldatu

1 «Entzun hau, apaizok! Egon adi, Israelgo buruzagiok! Egon erne, errege-etxekook! Zuzenbidearen babesle behar zenuten izan. Zuek, ordea, herriarentzat tranpa izan zarete Mitzpa-n, sare zabaldua Taborren, 2 zulo sakona Xitim-en. Denok zigortuko zaituztet. 3 Ongi ezagutzen dut Efraim, Israel ez zait ezkutuko. Efraim prostituzioan dabil, Israel kutsaturik dago. 4 Egin duten okerrak ez die uzten beren Jainkoarengana bihurtzen. Izan ere, prostituzio-haizea hondoraino sartu zaie, eta ez dute Jauna aintzat hartu nahi. 5 Bere harrokeriak salatzen du Israel. Bere bekatuan estropezu egiten du Efraimek, Israel herriak, eta harekin batera egingo du estropezu Judak ere. 6 Sakrifiziotarako ardi eta behiekin aterako dira Jaunaren bila, baina ez dute aurkituko, urrutira alde egin baitie. 7 Desleial izan zaizkio Jaunari, sasikumeak sortu baitituzte. Luzaro gabe irentsiko dituzte beren lur eta guzti».

8 Jo adarra Gibean! Jo turuta Raman! Egin deiadarra Bet-Abenen! Atzetik dituzu, Benjamin! 9 Badator zigor-eguna eta Efraim hondamendi bihurtuko da. Segur gertatuko da hori; jakin bezate Israelgo leinuek. 10 Honela dio Jaunak: «Mugarriak aurreratzen dituztenek bezala jokatzen dute Judako buruzagiek. Ura bezala isuriko diet neure haserrea. 11 Efraim zapaldua dago, hautsia haren eskubidea, hutsaren atzetik lehiatu baita. 12 Sitsa bezala izango naiz Efraimentzat, pipia bezala Judako jendearentzat. 13 Efraimek bere gaitza ikusi zuenean eta Judak bere zauria, Asiriara jo zuten, mandatariak bidali zizkioten errege handiari. Baina hark ezin zintuzten sendatu, ezin zizuen zauria osatu. 14 Lehoiaren antzeko izango naiz Efraimentzat, lehoi gaztearen antzeko Judarentzat. Neuk harrapatuko dut eta alde egingo, neurekin eramango dut eta inork ez du askatuko.

15 «Neure bizilekura itzultzera noa, beren errua aitortu eta bila nazaten arte. Atsekabe-aldian niregana bihurtuko dira agian...»

Itxurazko konbertsioa

6. atala

aldatu

1 Honela dio herriak: «Ea, itzul gaitezen Jaunarengana. Berak urratu gaitu eta berak sendatuko, berak zauritu gaitu eta berak dizkigu zauriak lotuko. 2 Bizpahiru egun barru, bizia emango digu eta indarberrituko gaitu, eta haren aurrean biziko gara. 3 Saia gaitezen Jauna ezagutzen: egunsentia bezain segur helduko da, euria bezala etorriko zaigu, udaberriko euria lur-hondora bezala». 4 Baina Jaunak honela dio: «Zer egin dezaket zuretzat, Efraim? Eta zer zuretzat, Juda? Zuen maitasuna goiz-lainoa bezala doa, berehala kentzen duen goiz-ihintza bezala. 5 Horregatik, zigorra iragarri diet profeten bidez, hondamena neure ahoko hitzez. Nire epaiak argiak bezala egiten du distira. 6 Nahiago dut maitasuna sakrifizioak baino, Jainkoa aintzat hartzea erre-opariak eskaintzea baino.

«Haien gaiztakeria guztiak gogoan ditut»

7 «Gizakumeek ohi duten bezala, nirekiko ituna hautsi dute, maltzurki jokatu dute nirekin. 8 Galaad gaizkile-hiria da, odolez josia. 9 Lapur-sail baten antzera, zelatan dago apaiz-taldea. Hilketak eta makurkeriak egiten dituzte Sikemera bidean. 10 Ikaragarriak ikusi ditut Israelen: prostituzioan dabil Efraim, kutsatu egiten da Israel. 11 Zuretzat ere, Juda, gertu daukat ematekoa, neure herriaren zoria aldatuko dudanean.

7. atala

aldatu

1 «Zenbat eta nik Israel sendatzea nahiago, orduan eta nabarmenago agertzen ziren Efraimen bekatuak eta Samariaren gaiztakeriak. Iruzur egiten dute, etxeetan lapurrak sartzen dira, kaleetan gaiztaginek erasotzen. 2 Ez dira konturatzen beraien gaiztakeria guztiak gogoan ditudala. Beren okerretan sartuak daude leporaino, eta begi aurrean ditut nik guztiak.

3 «Beren gaiztakeriaz alaiarazten dute erregea, beren azpikeriaz buruzagiak. 4 Desleial dira denak. Labe goria dirudite: okinak orea egiten duenetik ogia jaiki arte gehiago suberritu beharrik ez duen labe. 5 Erregearen egunean, buruzagiek ardoaren berotasunez burua galtzen dute; erregeak berak eskua luzatzen die asaldariei. 6 Sutan dute bihotza, labea bezala, beren azpikeriez. Gau guztian errauspean dago haien haserrea; goizean, ordea, sugarra bezala pizten da. 7 Labea bezala daude denak sutan, eta beren agintariak irensten dituzte. Haien errege guztiak erortzen ari dira; horietan bat bera ere ez, ordea, niri dei egiteko.

8 «Efraim beste herriekin nahasten da, ondo erre gabeko taloa dirudi. 9 Atzerritarrak indarrak jaten ari zaizkio, eta ez da konturatzen. Zahartzen ari da, eta ez da ohartzen. 10 Bere harrokeriak salatzen du Israel. Hala ere, ez dira beren Jainko Jaunarengana itzultzen, ez dabiltza haren bila. 11 Efraim uso ttunttun burugabea da: Egiptori degiote laguntzeko dei, Asiriara jotzen dute. 12 Bidean doazela, sarea botako diet, txoriak bezala eraitsiko ditut, haien zalaparta entzun orduko harrapatuko ditut. 13 Haien zoritxarra, niregandik ihesi baitabiltza! Haien hondamendia, nire aurka jarri baitira! Salbatuko nituzke, baina faltsukeria besterik ez dute nirekiko. 14 Ez didate bihotzez oihu egiten, etzanik aieneka ari direnean, gari eta ardo eske beren buruak urratzen dituztenean. Niregandik alde egin dute. 15 Nik trebatu eta indartu nizkien besoak, baina haiek niri gaiztakeria asmatzen. 16 Ez dira, ez, Goikoarengana itzultzen; huts egiten duen uztaia dirudite. Horien buruzagiak ezpatapean jausiko dira, beren hizketa lotsagabeagatik; eta barre egingo diete Egipton.

«Nire ituna hautsi dute»

8. atala

aldatu

1 «Hartu ezpainetan adarra! Arranoa bezala datorkio zoritxarra gainera Jaunaren herriari, nire ituna hautsi baitute, nire irakaspenaren aurka jarri baitira. 2 Deiadar egiten didate: <Israelen Jainko aitortzen zaitugu>. 3 Baina Israelek bazter utzi du ongia; etsaiak pertsegituko du. 4 Nik aukeratu gabeak izendatu dituzte errege, nire oniritzirik gabe hautatu dituzte buruzagiak. Beren zilar eta urrez jainko-irudiak egin dituzte, beren buruaren galbide. 5 Higuingarria Samariak gurtzen duen zekorra! Haserre-sutan nago nire herriaren aurka: noiz helduko ote zarete garbi izatera? 6 Irudi hori Israelgo artisau batek egina da, eta ez da jainko. Samariaren zekorra zati-zati egingo dute. 7 Izan ere, haizea erein dute, eta ekaitza jasoko. Alerik gabeko galburuak irinik ez, eta, izango balu ere, atzerritarrek irentsiko lukete. 8 Irentsia dute Israel: hor dago herrien artean, ezertarako ez den tresna dirudi. 9 Efraim, basasto tematsua, Asiriara joan da, aliatuak erosi ditu. 10 Eskain diezaiela dirua herriei... Nik bilduko ditut orain, laster kizkurtuko dira errege nagusiaren zamapean. 11 Aldareak ugaldu ditu Efraimek bekatua kentzeko, baina bekatubide gertatu zaizkio aldareak. 12 Milaka lege idazten badiot ere, ez ditu beretzat hartzen. 13 Sakrifizioak eskaintzea dute atsegin, hildako abereen okela jateko; baina nik, Jaunak, ez ditut sakrifizio horiek atsegin. Horien bekatuak gogora dakartzat, beren hutsegiteengatik kontuak eskatuko dizkiet, eta Egiptora itzuli beharko dute. 14 Israelek bere Egilea ahaztu du eta jauregiak jaso; Judak, berriz, hiriak sendotu. Baina nik su emango diet hiriei, suak irentsiko ditu jauregiak».

«Egiptora itzuliko dira»

9. atala

aldatu

1 Ez zaitez poz, Israel, ez alaitu, beste herriak bezala, prostituzioan ibili baitzara, zeure Jainkoa utzirik. Atsegin duzu zeure prostituzioaren saria gari-larrain guztietan jasotzea. 2 Larrainak eta dolareak ez diete gosea kenduko, ardoak huts egingo die. 3 Ez dute Jaunaren lurraldean bizitzerik izango: Efraim Egiptora itzuliko da, eta janari kutsatuak jango dituzte Asirian. 4 Ez diote gehiago Jaunari ardo-oparirik eskainiko; horien sakrifizioak ez zaizkio atsegin izango. Horien ogia dolu-ogi izango da, jango dutenak kutsaturik geldituko dira. Irents bezate beraiek ogi hori, ez baita on Jaunaren etxerako. 5 Zer egingo duzue, beraz, jaiegunean, Jaunaren festa-egunean? 6 Hondamendiari ihes egiten badiote, Egiptok bilduko ditu, Menfis izango dute hilobi. Horien zilarrezko altxor ederrak eta horien bizilekuak garduak eta sasiak hartuko ditu. 7 Badator kontuak hartzeko garaia, badator ordain-garaia. Ikusiko du Israelek!

«Profeta erotua dago
-diozue
-, gizon inspiratua burutik egina». Zuen bekatu ugari eta ikusezin handiagatik dago horrela. 8 Efraimen begiralea, profeta, nire Jainkoarekin dago. Baina dabilen bide guztietan tranpak jartzen dizkiote, bere Jainkoaren etxean ere ikusezina diote. 9 Galdukeriaren hondoa jo dute, Gibeako garaian bezala. Baina Jainkoak gogoan izango du horien bekatua, kontuak eskatuko dizkie beren hutsegiteengatik.

Israel bekatari, lehen eta orain

10 Honela dio Jaunak: «Israel aurkitu nuenean, basamortuan mahatsa aurkitzean bezala poztu nintzen. Begi onez ikusi nituen zuen gurasoak, pikuondoaren goiz-aroko pikuak bezala. Baina Baal-Peorrera iritsi orduko, Baal lotsagarriari eman zizkioten beren buruak, eta beren idolo maitea bezain nazkagarri bihurtu ziren. 11 Efraimen ospeak txoriak hegan bezala egingo du ihes. Ez da gehiago haurrik jaioko, ez emakumerik haurdun gertatuko, ez umerik sortuko. 12 Haurrak hazten badituzte ere, gizondu baino lehen kenduko dizkiet. Errukarriak benetan, nik alde egingo diedanean! 13 Ikusten nago, nola bihurtzen dituen Efraimek bere haurrak ehiztariaren harrapakin, nola ematen dizkion bere seme-alabak hiltzaileari». 14 Emaiezu, Jauna... Zer emango diezun? Eman sabel agorrak eta bular lehorrak!

15 «Gilgal-en agertu zen haien txarkeria guztia. Han hasi zen haienganako nire gorrotoa. Beren okerrengatik, bota egingo ditut neure etxetik, ez ditut gehiago maite izango. Errebeldeak dira haien buruzagi guztiak. 16 Jota dago Efraim, ihartuak ditu zainak, eta ezin fruiturik eman gehiago. Haurrik izaten badute ere, hilarazi egingo dut haien sabeleko fruitu maitea». 17 Nire Jainkoak zapuztu egingo du bere herria, ez baitiote esana entzun. Noragabe ibiliko dira herrien artean.

10. atala

aldatu

1 Mahatsondo mardula zen Israel, fruituz betea. Zenbat eta fruitu gehiago, orduan eta aldare gehiago. Zenbat eta lurra aberatsago, orduan eta zutarri sakratuak dotoreago. 2 Banatua dauka bihotza, eta orain ordaindu egin beharko. Jaunak berak puskatuko dizkio aldareak eta lurrera botako zutarri sakratuak. 3 Orduan esango dute: «Ez dugu erregerik, ez baitiogu Jaunari begirunerik izan. Baina erregeak ere zer egin lezake guretzat?» 4 Hitz eta berba, gezur-zinak egin, itunak izenpetu... Haien zuzenbidea, ordea, soro-ildoetan hazten den belar gaizto bihurtu da. 5 Samariako jendea dardaraz dago, dolu dagite herriak eta apaizeriak, Bet-Abengo zekorra dela-eta. Zeren beren pozbide eta ospe zuten idoloa urruti baitaramate. 6 Hura ere Asiriara eramango dute, errege handiari eskaintzeko. Lotsak hartuko du Efraim, lotsagarri izango da Israel, bere burutazioengatik. 7 Samariarenak egin du: badoa haren erregea, ezpala ur-azalean bezala. 8 Hondatuak izango dira muinoetako sasi-kultu-lekuak, Israeli huts egitera eragin ziotenak. Sasiak eta larrak hartuko ditu aldareak. Orduan, honela esango diete mendiei: «Ezkuta gaitzazue», eta muinoei: «Eror zaitezte gure gainera». 9 Honela dio Jaunak: «Gibeako garaian hasita, bekatuan ari da Israel. Orduz gero, ez da aldatu. Beraz, guduak Gibean bertan harrapatuko ditu gaizkileak. 10 Zigortzea erabaki dut: herriak haien aurka bilduko dira, behin eta berrizko bekatuen ordaina emateko.

11 «Ongi hezitako bigantxa zen Efraim, garia jotzen gogotsua. Haren lepo ederraren ondotik pasa nintzenean, uztarria lotu nion Efraimi, Judak goldean egin zezan, eta Jakobek arean. 12 Esan nien: Erein zuzentasuna, eta maitasuna jasoko duzue. Landu soro berria. Orain duzue garaia Jauna bilatzeko, etorri eta euria bezala salbamena isur diezazuen. 13 Baina zuek, gaiztakeria landu eta zuzengabekeria jaso zenuten, eta faltsukeri fruituak jan. Zeure indarrean jarri zenuen itxaropena, zeure gudari-kopuruan. 14 Horregatik, gudu-hotsa aterako da zure herriaren aurka, eta zure gotorlekuak erraustuak izango dira, Xalman erregeak Bet-Arbel erraustu zuen bezala; gudu hartan, amak bere seme-alaben kontra zanpatu zituzten. 15 Horra zer egingo dizuedan zuei ere, Israelgo jende horri, zeuen neurrigabeko gaiztakeriagatik. Eguna argitu orduko, Israelgo erregearen azkena izango da.

Jainkoaren maitasun gupidatsua

11. atala

aldatu

1 «Israel haur zela maite izan nuen eta Egiptotik ateratzeko dei egin nion neure semeari. 2 Baina zenbat eta gehiago deitu nik, hainbat eta urrutiago alde egiten zidaten. Baalei sakrifizioak eskaintzen zizkieten, sasijainkoei intsentsua erretzen. 3 Nik erakutsi nion oinez Efraimi, besoetan eraman nuen. Hala ere, ez ziren ohartu nik nituela zaintzen. 4 Amodio-lokarriz erakartzen nituen, maitasun-loturaz. Haurtxoa musuraino jasotzen duenaren antzeko nintzen haientzat; makurtu eta jaten ematen nion. 5 Efraim Egiptora itzuliko da, Asiria izango du nagusi, ez baitu niregana itzuli nahi izan. 6 Bere hirietan ezpatak erasoko dio, babeslekuak hauts bihurtuko dizkio, beraien burutazioengatik. 7 Nire herriak ez du inola ere niregana itzuli nahi; begiak Goikoarengana jasotzen ditu, baina inork laguntzen ez.

8 «Nola utziko zaitut, Efraim? Nola zapuztuko zaitut, Israel? Nola zu bertan behera utzi, Adma utzi nuen bezala? Nola egin zuri, Tzeboimi egin niona? Ikara degit bihotzak, gupidaz beterik. 9 Ez diot haserreari pizten utziko, ez dut Efraim berriro desegingo, Jainkoa bainaiz ni, ez gizakia; santua ni zuen artean, eta ez natorkizue haserre-suminez». 10 Jaunaren ondoren joango dira. Jaunak lehoiak bezala orroa egin, eta haren seme-alabak ikaraz etorriko dira sartaldetik. 11 «Txoriak bezala, dardaraz etorriko dira Egiptotik, usoak bezala, Asiriatik. Beren etxeetan jarriko ditut bizitzen. Hala diot nik, Jaunak.

Nola Jakob, hala haren ondorengoak ere

12. atala

aldatu

1 «Gezurrez inguratua nauka Efraimek, faltsukeriaz Israelek. Baina Juda Jainkoarekin dago oraindik, leial zaio Santu-santuari. 2 Israel haizez mantentzen da, hegohaizearen ondoren dabil egun osoan. Gezurra gezurraren gain, gogorkeria gogorkeriaren gain. Asiriarekin ituna egiten du, Egiptorekin salerosketan dabil».

3 Auzitara jo du Jaunak Judako herriaren aurka, bere jokabideagatik Jakobi kontuak eskatzeko, bere egintzen ordaina emateko. 4 Oraindik amaren sabelean zegoela, anaiari iruzur egin zion Jakobek. Gizondu zenean, borroka egin zuen Jainkoarekin. 5 Aingeru batekin borroka egin eta garaitu, negar egin eta onespena lortu zuen. Betelen aurkitu eta bertan mintzatu zitzaion Jainkoa: 6 «Jauna, Jainko ahalguztiduna, Jauna du izena». 7 Beraz, Israel, itzul zaitez zeure Jainkoarengana, jokatu maitasunez eta zuzenbidez, izan uste on etengabe Jainkoarengan. 8 Honela dio Jaunak: «Kanaandar honek, ordea, pisu faltsua darabil, engainua du maite. 9 Efraimek honela dio: <Bai, aberastu egin naiz, ondasun handiak bildu ditut, baina nire irabazietan ez du inork bekatu edo hutsegiterik aurkituko>. 10 Baina ni, Jaun hau, zure Jainkoa naiz Egipton zeundenetik. Oihal-etxoletan biziaraziko zaitut berriro, basamortuan elkar aurkitu genuenean bezala. 11 Profetei hitz egin nien, ikuskariak ugari eman nizkien eta, orain ere, profeten bitartez egiten ditut neure oharpenak. 12 Galaadeko jendea gaizkilea bazen, haiek hutsaren hurrengo dira. Gilgal-en zezenak eskaintzen zituzten; baina haien aldareak ez dira soroetako harri-piloa besterik». 13 Mesopotamiara ihesi joan eta bertan morroi egon zen Jakob, emakume baten truke. Emakume batengatik zituen ardiak zaindu. 14 Baina Jaunak profeta baten bidez atera zuen Israel Egiptotik eta profeta baten bidez zuen zaindu. 15 Efraimek saminki nahigabetu du Jainkoa: Jaunak lepora botako dio isuri duen odola, eta berari itzuliko bere irainak.

«Ez dut gupidarik bihotzean»

13. atala

aldatu

1 Efraim mintzo zenean, ikara sortzen zuen Israelen. Baina, Baal zerbitzatuz, errudun bihurtu eta galdu egin zen. 2 Oraindik ere bekatu eginez jarraitzen dute: beren zilarrez, jainko-irudiak moldatzen dituzte beren asmamenaren arabera, artisau-lan hutsa guztia. Baina sakrifizioak eskaini behar omen zaizkie. Gizakiak zekorrei musuka! 3 Horregatik, goiz-lainoaren antzeko izango dira, berehala kentzen duen goiz-ihintzaren antzeko; haizeak larrainetik urruti daraman lasto-izpiaren eta tximiniatik doan kearen antzeko.

4 Honela dio Jaunak: «Baina ni, Jaun hau, zure Jainkoa naiz Egipton zeundenetik. Ez duzu ni beste jainkorik aitortu behar, ez baita nitaz kanpo beste salbatzailerik. 5 Nik zaindu zintudan basamortuan, lur idorrean. 6 Janaritu nituen eta ase ziren. Baina ase orduko, harrotu egin ziren eta ahaztu egin ninduten. 7 Beraz, lehoi bihurtuko naiz haientzat, lehoinabarra bezala egongo natzaie zelatan. 8 Umeak harrapatu dizkioten hartz-amak bezala egingo diet eraso, bularra urratuko diet. Lehoi-amak bezala irentsiko ditut, basapiztiek sarraskituko dituzte. 9 Zureak egin du, Israel; ez duzu ni beste laguntzailerik. 10 Non duzu orain zeure erregea, zeure hirietan salba zaitzan? Non dira zure agintariak? Hala eskatu zenidan: <Emaizkidazu erregea eta buruzagiak>. 11 Haserreturik, erregea eman nizun eta, sumindurik, kendu egingo dizut orain. 12 Efraimen bekatua gogoan daukat, haren hutsegiteak ongi jasoak ditut. 13 Haur zoro baten antzeko da Israel: amari erdiminak iristean, ez da aterabidean jartzen. 14 Eta Hilen Egoitzatik atera egingo ote ditut? Heriotzatik askatu egingo ote ditut? Herio, non dituk heure izurriak? Herio Leize, non dituk heure gaitzak? Ez dut gupidarik bihotzean». 15 Efraim bere senideen artean jori ageri bada ere, hegohaizea bidaliko du Jaunak basamortuan gora: Efraimen urburua lehortuko du, iturriak agortuko. Altxorreko bitxi eder guztiak eraman egingo dizkiote.

14. atala

aldatu

1 Samariak hartuko du bere erruaren zigorra, Jainkoaren aurka altxatu baita: bizilagunak ezpataz eroriko dira, haurrak sarraskitu egingo dituzte, haurdunei sabela irekiko.

«Urrundua dut haiengandik haserrea»

2 Itzul zaitez, Israel, zeure Jainko Jaunarengana, bekatuan estropezu egin baituzu. 3 Itzul zaitezte Jaunarengana, egiozue otoitz honela: «Barkatu bekatu guztiak, hartzazu onez gure aitorpenaren oparia. 4 Asiriak ez gaitzake salba. Ez dugu ustea gudu-zaldietan jarriko eta geure eskuz eginari ez diogu <Geure Jainko> esango. Zuk bakarrik diozu erruki umezurtzari». 5 Jaunak dio: «Desleialtasuna sendatuko diet, bihotz zabalez maiteko ditut, urrundua baitut haiengandik haserrea. 6 Ihintza bezala izango naiz Israelentzat; lilia bezala loratuko da eta Libanoko zuhaitzek bezalako sustraiak botako ditu. 7 Kimuak botako ditu; haren ederra olibondoarena bezalakoa izango da, haren usaina Libanokoa bezain gozoa. 8 Haren itzalpean biziko dira berriro; garia bezala biziberrituko dira, mahastia bezala loratuko eta Libanoko ardoa bezain ospetsu izango. 9 Efraimek esango du: <Zer axola niri sasijainkoak jadanik?> Nik, Jaunak, erantzuten diot eta ardura dut berataz. Zipresaren antzeko naiz ni, beti berde: niregandik datorkizu fruitua».

Irakurleari azken oharra

10 Jakintsuak uler beza hau guztia, burutsuak jaso beza esanahia. Bai, zuzenak dira Jaunaren bideak, zintzoak haietan ibiliko dira; bihurriek, berriz, beraietan estropezu egingo.