Biblia
Joel
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

aldatu

1 Hona Jaunak Petuelen seme Joeli zuzendu zion mezua.

Matxinsaltoak eta lehortea

2 Entzun, buruzagiok, adi egon, Judako bizilagun guztiok! Gertatu ote da inoiz antzekorik zuen garaian, nahiz zuen aurrekoen garaian? 3 Kontatu seme-alabei, zuen seme-alabek konta biezaiete berenei eta hauek hurrengo belaunaldiari. 4 Matxinsaltoek dena jan dute: batzuek utzia hurrengoek irentsi. 5 Esna zaitezte, mozkor horiek, eta egizue negar! Egin garrasi, ardozaleok! Ez duzue jadanik ardorik dastatuko. 6 Hor datoz matxinsaltoak piloka, herri indartsu eta kontaezin baten antzeko, nire lurraldearen aurka. Lehoiak bezalako hortzak dituzte, dena triskatzen dute. 7 Nire mahastia hondamendi bihurtzen dute, nire pikuondoa ezpal; dena karraskatzen eta zuritzen, abarrak larrutuz. 8 Egizu negar, neskatxa batek hil zaion senar-berriaz doluz jantzita negar dagien bezala. 9 Amaitu dira labore-opariak eta isur-opariak Jaunaren etxean. Dolu dagite apaizek, Jaunaren zerbitzariek. 10 Gorri daude landak, dolu dagi lurrak; galdu da laborea, agortu ardoa, ahitu olioa. 11 Bihotz-erorita daude nekazariak, garrasika mahastizainak; galduak baitira garia eta garagarra, hondatua soroetako uzta. 12 Iharturik dago mahastia, zimel pikuondoa, bai eta granadondoa, palmondoa eta sagarrondoa ere; halaber ihartu dira basazuhaitz guztiak. Eta ihartu da gizakien poza ere!

Konbertsiorako eta Jaunari erregu egiteko deia

13 Egizue erosta, apaizok, doluz jantzita; egizue garrasi, aldare-zerbitzariok. Zatozte, emazue gaua dolu-jantziz estalita, Jainkoaren zerbitzariok. Labore-opari eta isur-oparirik gabe gelditu baita Jainkoaren etxea. 14 Antola ezazue baraualdia, egizue batzarrerako deia. Bildu buruzagiak eta herritar guztiak Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxean, eta egin oihu Jaunari.

Jaunaren eguna gainean

15 Ai! Hau eguna, hau! Gainean baita Jaunaren eguna. Ahalguztidunaren hondamen-indarrez dator. 16 Ez al duzue ikusten kendu digutela janaria, falta direla poz-alaitasunak gure Jainkoaren etxean? 17 Idorturik dago hazia zokorpean, hondaturik ziloak, eroriak ganbarak; galdua baita laborea. 18 Abereek zer urruma! Urduri daude behiak, ez baitute larrerik. Eskastu dira ardiak ere. 19 Zuri degizut dei, Jauna! Landazabaleko larreak suak hartu ditu, basazuhaitz guztiak garrak kiskali. 20 Basapiztiek ere orroa egiten dizute; zeren errekak agortu egin baitira, eta landazabaleko larreak suak hartu.

2. atala

aldatu

1 Jo turuta Sionen! Egin irrintzi nire mendi santuan! Ikara bedi lurraldeko jende guztia, bai baitator Jaunaren eguna, gainean da. 2 Ilunpearen eta itzal beltzaren eguna, hodeien eta laino beltzaren eguna.

Matxinsaltoen erasoa

Hor dator, egunsentia mendi-gainetara bezala, gudaroste ugari eta indartsua. Ez da egundaino horrelakorik ikusi, ez eta ikusiko ere berriro menderen mendetan. 3 Haien aurretik suak irentsi, haien atzetik garrak kiskali. Lehen, lurra baratze eder; gero, eremu gorri. Ez die ezerk ihes egiten. 4 Zaldiak dirudite, zaldunak bezala korrika. 5 Mendiz mendi saltoka doazen zalgurdiena bezalako burrunba dakarte, lastoa erretzen duen suaren txinpart-hotsa bezalakoa. Gudaroste indartsua dirudite, borrokarako gertu. 6 Haien aurrean ikara dira herriak, zurbil jartzen aurpegi guztiak. 7 Gudariak bezala oldartzen dira, gerlarien antzera igotzen harresietan gora. Bakoitza bere bidetik doa, nor bere lerrotik okertu gabe. 8 Lagunari trabarik egin gabe, bakoitza bere arrastoan doa. Gezia gainera jausita ere, ez dute atzera egiten. 9 Hiriari erasotzen diote, harresiak hartzen; etxe-hormetan gora igotzen dira, leihoetatik sartzen lapurrak bezala. 10 Haien aurrean dardar dagi lurrak, ikara da zerua; eguzki-ilargiak ilundu egiten dira, izarrek beren dirdira galtzen. 11 Eta Jaunak deiadar dagi bere gudarostearen aurrean; kontaezinak dira haren gudari-sailak, indartsuak haren aginduak betetzeko. Handia da eta guztiz ikaragarria Jaunaren eguna: nork eman aurpegi?

Konbertsiorako deia

12 «Baina garaiz zabiltzate oraindik
-hala dio Jaunak
-. Itzul zaitezte niregana bihotz-bihotzez, barau, negar eta intzirika».
13 Ez urratu soinekoak, bihotzak baizik! Itzul zaitezte Jaunarengana, zeuen Jainkoarengana, bihozbera eta errukiorra baita, haserregaitza eta onginahiz betea, bere mehatxuez damutzen dena. 14 Agian, atzera egin eta damutuko da, eta ondasunez bedeinkatuko zaituzte ostera. Orduan, labore-opariak eta isur-opariak egin ahal izango dizkiozue Jaunari, zeuen Jainkoari.

15 Jo turuta Sionen, antolatu baraualdia, egin batzarrerako deia! 16 Bildu herria batzar santura; bildu zaharrak, ekarri haurrak, bai eta bularrekoak ere. Utz beza senar-berriak ezkongela eta emazte-berriak ezkon-ohea. 17 Egin bezate negar apaizek, Jaunaren zerbitzariek, atari eta aldare artean. Esan bezate: «Erruki zakizkio, Jauna, zeure herriari. Ez utzi zeure ondarea lotsagarri, ez bezate beste nazioek menpean har. Zergatik esan behar dute atzerritarrek: <Non dute, bada, beren Jainkoa?> »

Jaunak herriari erantzun

18 Bere lurrarekiko maitasun-espaz beterik dago Jauna eta barkatu egiten dio bere herriari. 19 Eta honela erantzuten dio: «Hara, laborea, ardoa eta olioa bidaliko dizkizuet, aseko zaituztet. Ez zaituztet aurrerantzean beste nazioen artean lotsagarri utziko. 20 Uxatuko dut zuengandik iparraldeko etsaia, eta lur idor eta gorrira jaurtikiko: aurreguardaa ekialdeko itsasorantz, atzeguardaa mendebaldeko itsasorantz. Haren ustel-usaina zabalduko da, kiratsak airea beteko du. Gauza handiak egiten zituen bere ustez!»

21 Ez izan beldur, lurra! Poz zaitez eta alaitu! Gauza handiak Jaunak baititu egin. 22 Ez izan beldur, landako abereok! Badator landazabalean larre berria, badakarte zuhaitzek fruitua, pikuondoak eta mahastiak aberastasuna. 23 Poz zaitezte, Siongo seme-alabok, alaitu Jaunarekin, zeuen Jainkoarekin! Antzina bezala, garaian garaiko euria ematen baitizue, udazkeneko zein udaberriko euria. 24 Larrainak alez beteko dira, dolareek ardoz eta olioz gainez egingo dute.

25 «Ordaina emango dizuet: nik bidalitako matxinsalto-gudaroste handiak dena jan zizuen urteetako ordaina. 26 Ase arte jango duzue, eta Jauna, zeuen Jainkoa, goretsiko, zuen alde harrigarriro jokatuko baitu. Nire herria ez da berriro inoiz lotsatan geldituko. 27 Orduan ezagutu duzue ni zuen artean, Israelen erdian, nagoela eta ni, Jaun hau, naizela zuen Jainkoa, eta ez beste inor. Nire herria ez da berriro inoiz lotsatan geldituko.

Jaunaren espiritua guztien gain

3. atala

aldatu

1 «Ondoren, neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei. Zuen seme-alabek profetizatu egingo dute, zuen zaharrek ametsak egingo dituzte, zuen gazteek ikuskariak izango. 2 Morroi eta mirabeei ere neure espiritua isuriko diet egun haietan. 3 Gauza harrigarriak egingo ditut zeru-lurretan: odola eta sua eta ke-lainoak. 4 Eguzkia ilunpe bihurtuko da, ilargiak odol-itxura hartuko, Jaunaren eguna, egun handi eta ikaragarria, iritsi baino lehen». 5 Orduan, Jaunari dei egin diezaiona salbatuko da. Jerusalemen, Sion mendian, izango da salbaturik, Jaunak esan bezala. Jaunak deituak geldituko dira bizirik.

Jauna nazioen kontra auzitan

4. atala

aldatu

1 «Egun haietan eta une hartan, Judaren eta Jerusalemen zoria aldatuko dut. 2 Nazio guztiak bilduko ditut eta Josafateko zelaira jaitsaraziko; auzia izango dut bertan haien aurka, herri eta ondare dudan Israeli egindako guztiagatik: nazioen artean sakabanatu zuten, nire lurra beren artean banatu, 3 nire jendea zotz egin zuten. Emagalduen saritzat mutikoa ematen zuten, eta zurruterako ardo-truke neskatxa saltzen.

4 «Eta zuek, Tiro eta Sidon hiriok eta Filisteako eskualde guztiok, zer nahi duzue niregandik? Nik ordaina ematea nahi al duzue? Niregandik ordaina nahi baldin baduzue, gertu nago: berehala jausaraziko dut ordaina zuen bizkarrera. 5 Nire urrea eta zilarra ostu zenituzten eta nire bitxien altxorra zeuen tenpluetara eraman. 6 Judako eta Jerusalemgo seme-alabak greziarrei saldu zenizkieten, beren lurraldetik urruti botatzearren. 7 Baina aterarazi egingo ditut saldu zenituzten tokitik, eta zuen eginak zeuen bizkarrera jausaraziko ditut: 8 zuen seme-alabak juduei salduko dizkiet, eta juduek Sabakoei, urrutiko nazio horri, salduko dizkiete».

Jaunak esan du.

9 Iragar ezazue hau nazioetan: dei egizue gerra santurako! Prestatu gudariak! Betoz gerlari guztiak! 10 Bihur itzazue goldeak ezpata eta igitaiak lantza. Makalak ere esan beza: «Gudari ausarta naiz!» 11 Zatozte bizkor, inguruko herri guztiok, bil zaitezte.
-Zuk, Jauna, gida itzazu zeure gudariak haien aurka
-.
12 Erne! Betoz nazioak Josafateko zelaira, han eseriko baita Jauna, inguruko herri guztiak epaitzeko. 13 Heldu igitaiari, uzta heldu da; etorri eta zapaldu, dolarea beterik dago, upelak gainezka. Gainez egin baitu haien gaiztakeriak. 14 Jendetzak eta jendetzak Epai-zelaian, gainean baita Jaunaren eguna, Epai-zelaian. 15 Eguzki-ilargiak ilundu egiten dira, izarrek beren distira galtzen dute. 16 Orroa dagi Jaunak Siondik, deiadar Jerusalemdik, eta ikara dira zeru-lurrak. Baina Jauna babes da bere herriarentzat, gordeleku Israelgo seme-alabentzat.

Jainko-herriaren berriztapena

17 «Orduan ezagutuko duzue ni, Jauna, naizela zuen Jainkoa eta Sion nire mendi santuan bizi naizela. Jerusalem santu izango da berriro, eta ez da han arrotzik sartuko. 18 Egun hartan mendiek ardoa emango dute, muinoek esnea isuriko. Judako erreka guztiak ura betean joango dira. Jaunaren etxean iturria sortuko da, eta Azkazi ibarra ureztatuko du. 19 Egipto basamortu bihurtuko da, Edom eremu gorri, Judako seme-alabei eginiko gogorkeriengatik, haien lurraldean isuritako odol errugabeagatik. 20-21 Ez dut haien odola gehiago ordainik gabe utziko. Judak, aldiz, beti izango ditu bizilagunak, bai eta Jerusalemek ere mendez mende. Eta ni, Jauna, Sionen biziko naiz».