1. atala
aldatu1 Hona hemen Jaunak Sofoniasi zuzendu zion mezua, Amonen seme Josias Judako errege zela. Sofonias Kuxiren semea zen, hau Gedaliasena, hau Amariasena eta hau Ezekiasena.
JAUNAREN EGUNA
Jaunak lur osoa zigortuko
2 Honela dio Jaunak: «Lurrean den guztia suntsituko dut: 3 gizaki eta abere, hegazti eta arrain. Gaizkileei estropezu eragingo diet, eta gizakia lurretik garbituko.
Jaunak Juda eta Jerusalem zigortuko
4 «Judaren aurka eta Jerusalemgo bizilagun guztien aurka luzatuko dut eskua. Baalen kultuaren aztarnak leku honetatik garbituko ditut, bai eta haren zerbitzari eta apaizen oroitzapena ere. 5 Etxe gainetan ortziko izarrak gurtzen dituztenak garbituko ditut, baita, ni gurtzeko zin-hitza emanik, Milkom jainkoaren izenean zin egiten dutenak ere; 6 orobat garbituko ditut, niri, Jaun honi, bizkar emanik, bilatzen ez nautenak eta niregana jotzen ez dutenak».
7 Isilik Jainko Jaunaren aurrean, Jaunaren eguna gainean baita! Prestatua du Jaunak sakrifizioa, sagaratu ditu bertara deituak.
8 Honela dio Jaunak: «Sakrifizio-egunean zigortuko ditut buruzagiak eta erregearen etxekoak eta atzerriko erara jantzita dabiltzanak. 9 Egun hartan zigortuko ditut, bai eta, atalarri gainetik salto eginez tenplura sartzen direnak eta beren Jaunaren etxea gogorkeriaz eta iruzurrez irabazitakoarekin betetzen dutenak».
10 Honela dio Jaunak: «Egun hartan garrasiak izango dira Arrain-atean, aieneak Hirialde Berrian, burrunba handia mendixketan. 11 Egin aiene, Hiri barreneko bizilagunak, merkatarienak egin baitu, dirudunak galduak baitira. 12 Orduan, kriseiluaz aztertuko dut Jerusalem, kontuak eskatuko dizkiet patxada osoan bizi direnei, beren baitan diotenei: <Jaunak ezin du ezer egin, ez onik, ez gaitzik>. 13 Beren ondasunak lapurtu egingo dizkiete, etxeak hondatu. Etxeak jasoko dituzte, baina ez dira bertan biziko; mahastiak landatuko dituzte, baina ez dute hango ardorik edango».
Gainean da Jaunaren haserre-eguna
14 Gainean da Jaunaren egun handia! Gainean da, berehala dator! Oihu garratzak izango dira Jaunaren egunean: ausartenak ere garrasi egingo du. 15 Haserre-eguna izango da, larritasun- eta nahigabe-eguna, hondamendi handiko eguna, ilunpe- eta goibeltasun-eguna, hodei- eta lainobeltz-eguna. 16 Turuta-hotsak eta gudu-oihuak izango dira egun hartan hiri harresidun eta dorre garaien aurka. 17 Honela dio Jaunak: «Larritasuna sartuko diet gizakumeei, eta itsuak bezala ibiliko dira, nire aurka bekatu egin baitute. Hautsa bezala zabalduko dute haien odola, simaurra bezala haien haragia». 18 Ezin izango dituzte beren zilar-urreek ere salbatu Jaunaren haserre-egunean: haren grinaren sugarrak lur osoa irentsiko du. Beldurgarria benetan, lurtar guztiak suntsituko baititu.
Apalei deia
2. atala
aldatu1 Bil zaitezte, gogoemazue, jende lotsagabea, 2 egun batean galtzen den gari-hautsa bezala sakabanatuak izan baino lehen, Jaunaren haserre-sumina zuen gainera jausi baino lehen, bai, Jaunaren haserre-eguna zuen gainera jausi baino lehen. 3 Eta zuek denok, lurraldeko apalok, Jaunaren aginduak betetzen dituzuenok, bila ezazue Jauna. Bilatu zuzentasuna, bilatu apaltasuna. Eta babesa aurkituko duzue agian Jaunaren haserre-egunean.
ISRAEL INGURUKO HERRIEN AURKA
Filistearrak mendebaldean
4 Gaza hiria bertan behera utzia izango da, Axkelon erraustua. Axdodeko bizilagunak egun-argitan jaurtikiko dituzte hiritik, Ekrongoak errotik aterako. 5 Zoritxarrekoak zuek, itsasaldean bizi zaretenok, Kretatik etorritako herri hori! Hona zer dioen Jaunak zure aurka: «Kanaan, filistearren lurralde hori, erabat galduko zaitut, inor bizirik utzi gabe. 6 Zuen itsasaldea larratoki bihurtuko da, artzainen putzu- eta eskorta-leku. 7 Judan bizirik geldituak jabetuko dira itsasaldeaz, han larratuko dituzte beren artaldeak, eta Axkelongo etxeak izango dituzte gauez etzaleku». Izan ere, Jainko Jaunak haien alde jokatuko du eta zoria aldatuko die.
Moabdarrak eta amondarrak ekialdean
8 Honela dio Jaun ahalguztidunak,
Israelgo Jainkoak:
«Entzun ditut moabdarren irainak,
amondarren erdeinu-hitzak.
Nire herria iraindu dute,
nire lurraldea mesprezatu.
9 Horregatik
-ala ni bizi!
-
Sodomarena bera gertatuko zaio Moabi,
eta Gomorrarena amondarrei:
sasiarte eta gatzaga
eta hondamendi bihurtuko dira.
Nire herrian bizirik geldituek
harrapaka erasoko diete
Moabi eta Amoni
eta bertako jabe bihurtuko dira».
10 Horra beren harrokeriagatik
jasoko duten zigorra,
Jaun ahalguztidunaren herria
iraindu baitute eta gutxietsi.
11 Beldurgarri gertatuko zaie Jauna:
lurreko jainko guztiak ezereztuko ditu,
eta herri guztiek gurtuko dute,
bai eta urrutienekoek ere,
nork bere lurraldean.
Etiopiarrak hegoaldean, asiriarrak iparraldean
12 Zuek ere, etiopiarrok, Jaunaren ezpatak jo eta hilko zaituzte. 13 Iparraldearen aurka luzatuko du eskua Jaunak: Asiria erabat galduko du eta Ninive hondamendi bihurtuko, basamortua bezain gorri. 14 Haren barruan izango dute etzaleku artalde eta mota guztietako abereek. Hango zutabe-buruetan emango dute gaua hontzak eta trikuak. Leiho eta ateburuetan karranka egingo du beleak. Zedrozko oholeria gorri agertuko da. 15 Horra hor lasai bizi zen hiri harroa, ustez inor baino handiago zena! Horra nola den hondamendi eta piztizulo bihurtu! Ondotik igaroko zaizkion guztiek iseka egingo diote txistuka eta esku-keinuka.
SALAKETA ETA SALBAMEN-AGINTZARIA
Jerusalemek Jaunaren ahotsa entzun ez
3. atala
aldatu1 Zoritxarrekoa Jerusalem, hiri errebelde, kutsatu eta zapaltzailea! 2 Ez du entzun Jaunaren ahotsa, ez du onartu haren zentzaldia, ez du harengan uste ona ipini, ez du bere Jainkoarengana jo. 3 Hango nagusiak, lehoi orrokari; hango epaileak, gauean ehizatuari goizerako hezurrik ere uzten ez dioten otso. 4 Hango profetak, ahobero eta engainatzaile. Jaunarentzat sagaratua kutsatzen eta legea hausten dute apaizek. 5 Hiri erdian dago, ordea, Jaun zintzoa, ez du gaiztakeriarik egiten. Goizero agertzen du zuzenbidea, egunsentiz, huts egin gabe. Gaiztoak, ordea, berean jarraitzen, lotsarik gabe.
6 Honela dio Jaunak:
«Ezereztu ditut herriak,
hauts egin haien gotor-dorreak.
Hondatu ditut haien kaleak:
ez da gehiago han dabilenik.
Erraustu ditut haien hiriak:
ez da gehiago bizilagunik,
ez eta bat bakarrik ere.
7 <Horrela behintzat begirune
izango dit Jerusalemek
-pentsatzen nuen
-,
onartuko du nire zentzaldia,
eta ez dut haien bizilekua
ezereztu beharrik izango,
kontuak eskatuko dizkiodanean>.
Baina haiek are eta lehia handiagoz
aritu ziren beren egintza okerretan.
8 Beraz, honela diot nik, Jaunak:
Egon, egon, salaketa egitera
jaikiko naizen egunerarte.
Erabakia dut herriak
eta erresumak biltzea,
nire haserre-sumina
haien gainera isurtzeko.
Nire grinaren sugarrak
lur osoa irentsiko du.
Herriak Jaunaren zerbitzari
9 «Orduan, herrien ezpainak garbi bihurtuko ditut, denek niri, Jaun honi, dei egin diezadaten eta denek bat eginik zerbitza nazaten. 10 Nire gurtzaileek, sakabanatu nituen guztiek, eskaintzak ekarriko dizkidate, Etiopiako ibaiez bestaldetik.
Israel bihozberritu
11 «Egun hartan ez duzu gehiago lotsatu beharrik izango nire aurka egin dituzun errebeldiengatik. Izan ere, erronka harroak ahotik kenduko dizkizut, eta ez zara harrezkero harropuztuko nire mendi santuan. 12 Eta jende apal eta behartsua utziko dut zurean: niregan izango dute babes. 13 Israelen bizirik geldituek ez dute aurrerantzean bidegaberik egingo, ez gezurrik esango, ez beren ahotan engainu-hitzik izango. Eta inoren beldurrik gabe jango dute eta atseden hartuko».
Alaitu, Jerusalem!
14 Egin kantu, Sion hiri! Egin poz-irrintzi, Israel! Poztu, Jerusalem, alaitu bihotz-bihotzez! 15 Alde batera utzi baitu Jaunak zure aurkako epaia, uxatu ditu zure etsaiak. Jauna, Israelgo erregea, zurekin dago: ez zara gehiago ezeren beldur izango. 16 Egun hartan, honela esango zaio Jerusalemi: «Ez izan beldurrik, Sion, ez egon bihotz-eroria. 17 Zure Jainko Jauna zurekin dago, salbatzeko ahaltsu! Pozik bai pozik dago zurekin. Bere maitasunez biziberritzen zaitu. Pozez jauzika eta kantari dago zuregatik».
18 Honela dio Jaunak: «Nik bilduko ditut, Jerusalem, zuregandik urruti, jairik gabe triste zeudenak. Bai astuna zure lotsa! 19 Hara, aldi hartan, zapaltzen zaituzten guztiak suntsituko ditut. Zaurituak sendatuko ditut, erbesteratuak etxeratuko. Eta ospez eta aipuz beteko ditut lehen lotsa jasan zuten lurralde guztietan. 20 Aldi hartan herriratuko zaituztet eta bilduko. Zeuen begiz ikusiko duzue: zuen zoria aldatuko dut, aipagarri eta ospetsu egingo zaituztet lurreko herri guztien artean. Hala diot nik, Jaunak».