1. atala
aldatu1 Jainkoak Habakuk profetari agertu zion mezua.
Profeta laguntza eske oihuka
2 Noiz arte ari behar dut, Jauna, zuri erreguka, zuk entzun gabe? Noiz arte ari behar dut oihuka gogorkeriaren aurka, zuk lagundu gabe? 3 Zergatik ikusarazten didazu horrenbeste bidegabekeria? Nola egon zintezke zapalketari begira? Hondamen eta gogorkeria ugari aurrean, auziak eta borrokak nonahi. 4 Legeak ez du indarrik, zuzenbidea oinperatua dago. Gaiztoak inguratua dago zintzoa, epai okerrak ematen dira.
Jaunaren erantzuna: babiloniarren erasoa
5 Honela dio Jaunak: «Begira iezaiezue beste herriei, ikusi; harri zaitezte, harritu! Gertatzeko baitago zerbait: ez zenukete sinetsiko ere kontatuko balizuete. 6 Horra, babiloniarrak jaikiaraziko ditut, herri bihotz-gogor eta ausarta. Bazterrik bazter dabiltza munduan, besteren lurraldeak berentzat hartuz. 7 Herri izugarri eta ikaragarria: berak ezartzen ditu legea eta nagusitza. 8 Haren zaldiak lehoinabarrak baino bizkorrago, gauez ateratzen diren otsoak baino amorratuago. Haren zaldunak lasterka datoz, urrutitik, hegan, arranoa harrapakinaren gainera bezala. 9 Hor datoz denak gogorkeriaz beterik, aurpegia beti aurrera; itsas hondarra bezainbat preso egiten dute. 10 Erregeak isekaz darabiltzate, handikiei irri egiten. Gotorlekuek barregura ematen diete, ondoan lur‑pilak eginez hartzen baitituzte. 11 Haizea bezala, batera nahiz bestera, aurrera doaz. Indarra dute beren jainko».
Profetak berriro Jaunari dei
12 Ez ote zara zu, Jauna, betidanik nire Jainko santu, heriotzaren garaile? Jauna, nire harkaitza, zeuk hartu dituzu babiloniarrok zeure epaia betetzeko, zeuk eman diezu indarra gu zigortzeko. 13 Garbiegi dituzu begiak gaiztakeria aurrean edukitzeko, jasanezineko duzu zapalketa. Nolatan zaude, bada, maltzur horiei begira? Nolatan isilik, gaiztoak zintzoa irensten duen bitartean? 14 Itsasoko arrain edo nagusi gabeko narrasti bailiran darabiltzazu gizakumeak. 15 Nola amuak arraina, hala dute babiloniarrek jendea harrapatzen: sareetara erakarri eta biltzen dituzte. Orduan jai egiten dute pozez jauzika. 16 Sakrifizioak eskaintzen dizkiete sareei, intsentsua erretzen, janari gozo eta oparoa eman dietela eta. 17 Behin eta berriz sareak hustuz, herriak gupidagabe hiltzen jarraituko ote dute?
2. atala
aldatu1 Neure guardapostuan egongo naiz, neure dorrean zutik, Jaunak zer esaten didan zain, nire kexari zer erantzuten ote dion zain.
Jaunaren erantzuna: zapaltzailearen zigorra
2 Jaunak honela erantzun zidan: «Idatzi agertuko dizudana, ezarri taulatxoetan, erraz irakurtzeko eran. 3 Ikuskari hau ez da beteko, epea burutu arte, baina badoa helbururantz, ez du huts egingo. Luzatzen bada, zuk itxaron, iritsiko baita, berandu gabe iritsi ere. 4 Harroak ez du bakerik bere baitan; zintzoa, ordea, bere leialtasunari esker biziko da». 5 Benetan, ardoa engainagarri da: harroputz hori ez da berearekin irtengo. Herio Leizeak bezala zabaltzen du aho-zuloa eta Herio bezain aseezina da. Nazio guztiak beretzat hartzen ditu eta herri guztiak menperatzen. 6 Baina herriek iseka egingo diote eta koplak aterako, denek batera.
Bost madarikazioak
Hara zer esango duten: «Zoritxarrekoa zu, besteren ondasunez aberasten zaren hori ‑‑noiz arte?‑‑, zeure zorra gero eta astunago egiten ari baitzara! 7 Gutxien uste duzula altxatuko zaizkizu hartzekodunak; iratzarriko dira eta astin‑astin egingo zaituzte. Zeu izango zara orduan haien harrapakin. 8 Zuk hainbat herriri harrapatu diozun bezala, hala harrapatuko dizute beste herriek zuri. Eta hori, isuri duzun giza odolarengatik, herrialdeei, hiriei eta bertako jendeari egindako gogorkeriengatik.
9 «Zoritxarrekoa zu, zoritxarrari ihes egin ustez etxea bidegabeko irabaziz aberastu duzun hori, gordeleku segurua eduki ahal izateko! 10 Zeure etxea lotsagarri uztea lortu duzu; hainbat herri suntsituz, zeure burua galdu duzu. 11 Hormetako harriek ere oihu egingo dute zure aurka, eta zurezko habeek oihartzun egingo diete.
12 «Zoritxarrekoa zu, hiriak odol‑isurketaz jasotzen eta herriak bidegabekeriaz handitzen dituzun hori! 13 Hauxe baitu erabaki Jaun ahalguztidunak: herrien lanak desegin ditzala suak, haien ahaleginak gerta daitezela alferrikako. 14 Bai, nola urak itsasoa, hala beteko du lurra Jaunaren aintzaren ezagupenak.
15 «Zoritxarrekoa zu, ardo pozoitua edanaraziz auzokoak mozkortzen dituzun hori, horrela haiek larrugorritan agerrarazteko! 16 Lotsaz bete zara, ez ohorez; edan zuk ere, eta agertu larrugorritan. Jaunak bere haserre‑kopatik edanaraziko dizu eta lotsa izango duzu ohore ordez. 17 Bai, Libanori egin zenion gogorkeriak azpian hartuko zaitu. Egin zenuen abere‑hilketak izu-ikara emango dizu. Eta hori, isuri duzun giza odolarengatik, herrialdeei, hiriei eta bertako jendeari egindako gogorkeriengatik.
18 «Ba al du zentzurik artisauak idoloa egiteak, metal urtuzko irudi eta gezurbide huts delarik? Ba al du zentzurik artisauak berak eginiko idolo mutuei fede emateak?
19 «Zoritxarrekoa zu, egur‑puska bati: <Esna zaitez!> eta harri mutuari: <Jaiki!> esaten diezun hori! Agertuko ote dizute horiek mezurik? Urrez eta zilarrez jantziak daude, bai, baina beren baitan ez dute bizi‑arnasarik. 20 Jauna, ordea, bere tenplu santuan dago: bego isilik lur osoa haren aurrean!»
3. atala
aldatu1 Habakuk profetaren otoitza. Erosta‑doinuan.
2 Entzun dut, Jauna, zure berri; ikaraturik nauka, Jauna, zuk egindakoak. Berrizta ezazu gure garaiotan, ezagutarazi gure garaiotan. Haserre bazaude ere, ez ahaztu errukior zarela. 3 Teman aldetik dator Jainkoa, Paran menditik Jainko santua. Haren handi‑ospeak estalia du zerua, haren gorespenez betea da lurra. 4 Haren argia eguzkia bezain distiratsu; haren eskuei distira darie, han baitauka gordea bere indarra. 5 Izurritea doa haren aurretik, sukarra zabaltzen haren ondoren. 6 Hura gelditu eta dardara dagi lurrak, hark begiratu eta ikara dira herriak. Hauts bihurtzen dira antzinako mendiak, gainbehera amiltzen aspaldiko muinoak, haren betidaniko ibilbideak. 7 Kuxandarren oihal‑etxolak deseginak ikusi ditut, madiandarren oihal‑txabolak astindurik. 8 Ibaien aurka al zaude, Jauna, ibaien aurka al zaude haserre, itsasoaren aurka sumindua, zeure zaldien gainean eseria, gurdien gainean garaile zoazela? 9 Gertu daukazu uztaia, prestaturik gezi ahaltsuak. Zuk lurra ebaki eta errekak sortzen dira. 10 Zu ikusi, eta dardara dagite mendiek. Euri-jasak dira goian‑behean, orroa dagi itsasoak, olatu handiak harrotuz. 11 Eguzki‑ilargiak beren gordelekuan geldi, zure geziek alderik alde distira egitean, zure lantza distiratsuak argi egitean. 12 Sumindurik zoaz lurrean zehar, haserre dituzu nazioak zapaltzen. 13 Zeure herria salbatzera atera zara, zeure aukeratua salbatzera. Gaiztoaren alderdiari burua hautsi diozu, alderdi osoa orpotik leporaino desegin duzu. 14 Haien buruzagiak beraien geziz zulatu dituzu, eraso batean gu sakabanatzera, gizagaixo bat ezkutuan irenstera bezala, pozik zetozenean. 15 Itsasoa zaldiz zeharkatu duzu, ur handiak harrotuz.
16 Entzun dudanean, ikarak hartu dit barrua. Zarata aditzean, dardaraz ditut ezpainak. Ahulezia sartu zait hezurretaraino, koloka ditut oinak. Geldi nago ni, egun larriaren zain, zapaltzen gaituen herriari datorkion egunaren zain. 17 Pikuondoak ez du pikurik, ez eta mahastiak ere fruiturik. Olibondoak huts egin du, soroek uztarik ez. Artegian ez dago ardirik, ez eta ikuiluan ere abererik. 18 Hala ere, alai nago ni Jaunarekin, pozaren pozez salbatzaile dudan Jainkoarekin. 19 Jainko Jauna dut neure indar, basahuntzaren arintasuna eman die nire zangoei eta gainez gain nau ibilarazten.