Bide Barrijak  (1931)  Lauaxeta
Itzaurrea

ITZAURREA


BIDE BARRIJAK

Eusko-olerti Irakuskundea

Atzerian, nonbait, olerti-antzua nabaitzen da. Olerti ituria agortu edo olerkariak aitu diralako. Aŕotz elertietan poesi zelaiak zeken eta elkor dakuskigu. Ez soroak laratz daudelako, noski, gun-muña zekendu zaiotelako baizik.

Ez dira gaurkoak, Nuñez de Arce'n alaka-ukorrak:


«La Virgen poesía
Huyendo de los hombres,
Se pierde en las profundas
Tinieblas de la noche.
¡Todo se anubla, todo
Choca, todo está herido!
Pide estragos el arte
Su inspiración al vicio».

Antziñako olerkari gorenak ez dagerz. Alaka eta soilki, moteltxoak eta goitillunagoak sortzen zaizkiote. Ez len-ainbat ospe-iraunkor iritxiko dutenik, alegia.

Euskera, oraingoan, iñoiz baño oparotsuago, ordea. Izkera berriak auldu diranean, eusko ele zarra gaztaro emankorrera datorkigu. Altzo sakonetik irasiaz olerkari emaitzak emaro eskaintzen dizkigu.

Aizken emaitz gorena

Esku-tartean daukazu, irakurle.

Adi-biotzez, eusko olerkariak emaitza daskaintzu. Poesi-neurtitzak, geyenetan, alako zerutar kutsuak ikutuak diralako goitaŕak izaten dira. Begi auŕean dituzunak goyenetakoak bezela iritziko dituzu, laister.

Olerki egilea gaztea degu, oso. Ogeitalau urteak, doi-doi, beteak ditu oraindik Urkiaga'tar Estepan jaunak. ¡Iñoiz ikusigabea gaurdaño! Gaztaro asieran besteak zartzaroan eskeintzen digutena, jolas-eran «Lauaxeta'k» dopalkigu. Neurtitzok olerkari gaztearen gogo osoa daramate. Sare-mea izaki poesia bere ari goitar artean gogapen, irudi ta naipenak ez atzitzeko.

Olerkaria nor dan ikasi nai zenuke? Bere amets garden zintzoei so-egiezu.


Tolesgeko olerkaria

Urkiaga'ren neurtitzak altzotik zintzotasun luŕinkaia zabaltzen dute. Aldakoŕa da, noski, gogoa; igikoŕa berez, naimena. Olerkariaren lipar illunak, eta izatez adi-gaitzak diran biotz zadoŕak igartzea neurtitz gardenen bidez jadetsi genezake, nai izanik.

Olerkiok, «Lauaxeta»'ren bizikera erdibitua darakusgute. Gaztetxoaren gogo-artega lañotsua! lenengoz, dager. Bizitz elburuak urdurí dakarzkio, adi-irudiak. Iñoizka maitasun izpiak bidea dargiote. Galen atzapaŕak biotza uŕatzen, bereala ordea.

Ara gaztearen harnean buŕuka sortu. Guda onek amaika naigabe ta alegetasun olerkariari iritxi dizka. Guda ostean, maite miñez zauritua datza olerkaria. Ez onen edo aren maite miñez maitasun utsaren maite miñez baizik.

Iñoizka gogo begiak olerkariari lausotzen ote zaizkan nago. Agian, bidexuŕetatik jo aŕen ere, beti egi-bide bakaŕera datorkigu. Eta zalantza aundirik gabe, geienetan.

Poesi batzuetan atsege, pozge daurkizute «Lauaxeta»; neketsu, aul-antzean, egoak tolestuta. Egoak, beti garden eta sotil iraungo diote olerkariari; gogo zintzoa bezin garbi.


Maitasun lei aiotsak

Barneko maite lei au eusko elertiari onurakoŕa zaio. Olerki bikañak sortu azi dizkio. Oraindaño ez lakoak. Alegia, azalez eta gun-mamiz, maitasun gaiz beterik daudenak.

Maitasunak darabilki olerkaria, bide zoragaŕietatik. Maitasun gaiok irudi aŕigariz, oi ez bezelako amets ereduz apaintzen ditu. Oraindaño eusko olerkiak jazteko asmatu ez diran amets irudi beŕiz, noski.

Maitasun-egiaz, biotz- ikutzez, azal-edeŕez oparotsua, gazte onen, olerti emaitza.

«Erantzuna», «Jadetsi-eziña», «Mao goŕia», «Abaua», «Gazte Gaxua», «Illuntzeko ixaŕa», «Gabeko iŕintzia», «Ituŕi negaŕa», «Maitale Kutuna», eta abar, maitasun aiotsak besterik ote dira? Edertasun zoragaŕiz kutsututakoak neretzat, beintzat. Alako atsege ta lausotasuna badaramate, noski, baña baita gogoa ikutu eta adia asetzen duan goitar indaŕa ere. Oldargi zoŕotz eta biotz ikarak sortuak ba-dira!

«Olerti utsa».

«Bide beŕijak» dasa idaztitxo onek. Bide beŕietatik dabil aizken aldera, gure olerkari zoŕotz au. Euskera, poesi bidez, erabeŕitu nai; osertz neuŕigabeak darikizkio. Aberastu dedin ontasun ugariak dakarzkio.

Maite minkuntasun basoak lagata, adi zelaietara datorkigu olerkaria Ara bere goitar indaŕak noruntz daramakin, «olerti-uts» aranetara.

France'n batez ere, poesi gaia, aldakuntza gogoŕa jaso beaŕean dago. Olerkariak, buru-belaŕi, era beŕiak sumatzen ari dira, olertiak goratu eta edertzekotan. Bremond, Valery, Claudel eta Souza «poési pure», «olerti-uts» bidexuŕetatik jo ta, poesi osertza zabaltzeaŕen leiatsu dabiltza.

Adi poesia, oldozkun olertia, olerti galuŕenetzat daukate. Ituŕi garden, aran sotil, baso itzal, mendi zoŕotz, maite min eta minkuntasunak beratutako gaiak goiargiarentzat egokienak dirala ez uste; beste alako gai sakon eta barnekoak, adikoŕak alegia, olerkari kementsuenentzat berekikoenak zaizkiotelakoan egon ginezke, ertilari oiek dasatenez.

«Lauaxeta» oien kidekoa zaigu Aizken neurtitz salletan, eztabaidarik gabe poesi uts zalea dagerkigu. Gaztetasun biozkadari uko egiñik, adi jauregi barnetan itxi zaigu.

Oldozkun gorenak, asmo mee luŕungeak lagun, adimena nagusi, irudipena morroi dituala, olerti bide berritik jo digu. «Jaungoikotija», «Itxasora», «Itzarrik», «Artxanda-ganian», «Jaunagan atsedena» eta «Ezilkortasuna» poesi-uts esi barnean dagozenak dira. Almena, oldozkun ortzean goruntz darabilki olerkariak. Adigai bereziak, irudi gorputzgeaz jantzita, apain neurtitzen ditu. Mindun biotz, ber-bera, lur ikutzeke gorenetara igo digu.


Ezilkortasun zirikada

Galuŕera igotzeak ez ase olerkariaren lei ilezkoŕa. Bizitz arazoak urduriturik dauka bere gogoa. Len, maitagaiak biotzea min; orain adi poesiak barnean gaŕa piztu. Betikotasunak biotzean so-dagi. Biziki dasa:

«Gomuta ezilkortu nai dabe gixonak...
Urtiak baduazi, uŕatsik eztager,
Non galtzen dira-edo?

Albaneuke uler!
Gixon-uts nazan aŕen, eztot deuseztu nai;

Naikun oneik ez ete ezilkortasun gai?».

Olerkari bikañenak ezilkortasun aiotsak entzun izan dituzte. Gure gazte onek ere dei oŕen oiartsuna neurtitzetan dagerkigu.

Poesi goiargiak lagun bekio ezilkortasuna irixteko. Adi-ego egokiak ditu naikuna betetzeko.

Euskerari, bide latza, laguntzeko, «Lauaxeta»'k dagiana. ez da lan makala. Bere «Bide baŕijak» goren, txalogaŕiak.

Olerti-uts zelaietatik juan bedi. Nekeak ez dezala auldu; ain da galgaŕia bide ori. Oraindañokoan bulartsu daŕaikio.

Ez bezaie, ordea, maitasun gaiei, minkuntasun asmo samuŕei uko egin. Ain olerki politak egin dizkigu. Ain gogokoak ditut gaztaro asierako neurtitz oiek!

Adi-poesia eta maite-olerkiak ez-ezik beste gun edeŕa dituen elerkitxoak aurki lezazkike irakurleak. Uzkurtz atsak ikututako biozdunak badira. Oñaŕitzat zinismen sendoa dutenak: edergaŕitzat, gaurdaño entzungeko, iduri mee-goitaŕak.

Gaur, Urkiaga olerkariaren agerkundea dakusgu. Gaztea izanik ugaritsu datorkigu. Oparitsu badator, edertzale ordea. Banatutakoak dira, txorta onetan daskeñizkigun loreak. Mota askotakoak, baña guziak bereziak.

Biotzean aukeratutako kimu aratzak.

Aitzol'dar J.


Donostia'n