1
Galaiak:
Dezu gorputz egokiya,
polita txit arpegiya
eta ederra begiya
zure begiya
agitz argiya
da guztiyetan aurrena;
bestiak dira urrena,
ori da-ta ederrena,
diruri eperrarena.
2
Ez det, dama begi eder,
desiatzen beste ezer,
bañan bai... esango det zer
legezko birez,
faltsiyakiñ ez,
zu neretzako logratu;
nik orla naia obratu
txantxa dala ez pentsatu,
zutzaz naiz enamoratu.
3
Konformatutzen bazera,
laster ezkonduko gera,
ez galdu orlako era;
biyok munduban
bizi-moduban
artutzen badegu parte,
asnasiak iraun arte,
jakiñian gera zaite,
nik izango zaitut maite.
4
Millaka ditut ardiyak,
larogei ta lau ariyak,
mardulak eta guriyak;
zezen eta bei
berreun ta ogei,
sei eun eta bost iriyak;
baitare soro aundiyak,
belar ugariz jantziyak,
mantendutzeko guziyak.
5
Nik ori guztiya daukat
ez balitz bezela deus bat,
badet-eta beste gauz bat
giltzaz azpiyan
leku itxiyan
dakat montuan billbilla
urrezko zenbait kurpilla;
uraxen bai dala pilla
ontzako utsak lau milla.
6
Dauzkatanaren giltzaz be
zu egiñgo zaitut jabe,
bazeudeke duda gabe:
bara, begira,
izango dira,
orra eman notiziyak,
zure kontura utziyak,
dituzu-ta mereziyak,
etxeko giltza guziyak.
7
Zer ongi biziko zeran,
nai dezuna jan ta eran,
guztiya zure aukeran;
jazteko ere
zuk ez batere
gastubari begiratu;
dendik onenetan sartu,
gayik ederrenak artu
eta soñak enkargatu.
8
Alaja-zale bazera,
juango gera esatera
alajategi batera:
erakusteko,
zuk ikusteko,
dakaten alajeriya;
naiz bada're gariztiya,
izango da erosiya
gustatzen zaizun guziya.
9
Zu serbitzeko nik ontan,
gauz oiek errira ontan
ez daude denda iñontan;
ta erostera
erri bestera
egiñgo degu, bai, jira;
nai badezu Donosti'ra
edo bestela Frantzi'ra,
ango zuk naizun errira.
10
Esaten dizkitzutanak,
dira-ta ziñez esanak,
kunplituko ditut danak;
fiyatu zaite,
nik zaitut maite,
eta jakiñ zazu ezik
zugatik ez dala kasik
egiñgo ez nuken gauzik
gusto aundira ta pozik.
11
Zutzaz enamoratuba,
nago kasikan artuba
illaren erretratuba;
miñik txarrena
dakat barrena,
animaraño sartuba;
au legoke sendatuba,
gauza bat desiatuba
nik baneka logratuba.
12
Sendako litzaiket miña,
bestela senda eziña,
zu neretzako baziña;
azken ortara
ni nua bara,
guztiz intentziyo onez,
eziñ liteke-ta obez,
arren esazu faborez
neretzat zeran edo ez!
13
Damak:
Dirazu naitasun fiña,
gozua ta atsegiña
obiagorik eziña;
jakiñ naizuna
da erantzuna
esatiakiñ onela
alaxen banitz bezela,
zierto egon zaitezela
zuria izango naizela.
14
Au nik diyot:
Ara gauzak nola diran
egun artatik segiran
biyak alkarrenak ziran;
ordu ezkero,
au zan espero,
kunplitu-ta berak naia
ongi daudela da baia,
pasiaz bizi alaia,
gure dama ta galaia.
15
Egiya nik esateko,
ez zebilltzan ezkontzeko
geldi-geldi egoteko
galaiak obra,
seguru sobra,
aurreratuba darama;
egiñ dirala da fama
bat aita, bestia ama,
gure galaia ta dama.