1
J. Bixenta
Nagusi jauna, auxen da lana,
amak bigaltzen nau berorrengana.
N. Jauna
Ai, bigalduko bazinduke maiz,
zu ikusita konsolatzen naiz,
sinista zazu,
¡oso zoraturikan nakazu!
¿orren polita nola zera zu?
2
J. Bixenta
Amak esan dit etxeko errenta,
pagatzeko dirurik ez zuen ta,
ia egingo diyon mesere,
illabetian geyenaz ere,
itxogotia,
bada zierto dala ematia,
pasa baño len illabetia.
3
N. Jauna.
Logratutzia, errex alare,
naiz ori ta beste zernai gauza’re,
seguru dala esan amari,
zu baldin bazatoz mandatari;
dudarik gabe,
nere borondatiaren jabe
zu zera, Juana Bixenta Olabe.
4
J. Bixenta
Beraz bertatik nua etxera,
poz aundi bat amari ematera;
orain ariyo, nagusi jauna,
presaka juan biat amagana.
N. Jauna
Ez zuazela;
portatu zaite nik nai bezela,
gaur etxera juan ez zaitezela.
5
Zuen etxia dago irruti,
birian zer gerta izan bildurti,
bada iya pasa da eguna,
arratsa berriz dator illuna,
orain juatia
txartzat iruki, nere maitia,
gaur emen bertan gera zaitia.
6
Ez juan etxera bire oyetan,
gabaz, bakarrik eta illunbetan;
kontura erori zaitia zu,
gabaz illunbian juan biazu
peligro aundiz,
eta obe dezu eun aldiz,
biyar goizian juan egun argiz.
7
J. Bixenta
Ezetz etsiya egon liteke,
ni emen gelditu ezin niteke,
amak espero nau gaberako,
eta ark espero naubelako,
juan biar det nik;
alaba ikusi bagetanik,
amak izango ez luke onik.
8
N. Jauna
Emen zuretzat dira parako
jaki txit goxuak afaitarako,
erariya berriz ¡Jaungoikua!
illak piztutzeko modukua,
ardo ondua,
ontzen urtietan egondua,
Malagatikan da bigaldua.
9
J. Bixenta
Jauna, berorrek, bañan alferrik,
badaki armatzen lazo ederrik,
lazua eiz bage gera dedin,
nere etxian nai ditut egin
afaldu ta lo,
nayago ditut ango bi talo,
ta ez emengo milla erregalo.
10
N. Jauna
Biyotz nereko dama polita,
asmoz muda zaite, auxen tori ta
amasei duroko urre fiña,
sendatu nai zazun nere miña.
J. Bixenta
Ez, jauna, ez ez;
merezi bezin kopeta beltzez
esango diyot ezetz ta ezetz.
11
N. Jauna
Gañera berriz, Juana Bixenta,
utziko dizutet etxeko errenta,
kito zor dirazuten guziya,
kunplitzen banazu kutiziya.
J. Bixenta
Lotsa gogorra,
sufritzen dago gaur nere onra,
penaz malkuak darizkit orra.
12
N. Jauna
Nik ditut kulpak, ez egin negar,
orlakorik ez nizun esan bear;
animan sentitutzen det miña,
zuri ofensa ori egiña,
¡maldiziyua!
ez dakit nun nekan juiziyua,
eskatzen dizut barkaziyua.
13
J. Bixenta
Barkaziyua du ta eskatu,
nere biyotz onak ezin ukatu;
erakutsi ditalako, jauna,
gaitz egiñaren damutasuna,
konforme nago;
ez egin ta ofensa geyago,
gaurkua oso aztutzat dago.
14
N. Jauna
¿Berriz nik egin zuri ofensa?
¡arren orlakorik, ez bada pensa!
zaukazkit neskatxa fin batentzat,
eta gusto aundiz emaztetzat
artuko zaitut;
biyotzetikan esaten dizut,
zuretzat ona baderizkizut.
15
J. Bixenta
Ori egiyaz baldin badiyo
neregana egon liteke fiyo;
bañan usatuaz kortesiya,
ama neriari lizentziya
eska bezayo.
N. Jauna
Ori gustora egingo zayo
biyar goizian juango naitzayo.
16
J. Bixenta
Banua orain.
N. Jauna
Atoz onuntza,
birerako artu zazu laguntza;
adi zazu, morroi Jose Juakin,
etxera farolan argiyakin,
aingeru oni
gaur zuk laguntzia da komeni,
kezketan egon ez nariyen ni.
17
Morroyak
Aingeru ari lagundu eta,
orra, jauna, egin ostera buelta;
birian bai bildurtxo zan bera,
bañan allegatuta etxera,
kontentu zegon;
orain kezketan ez du zer egon,
oyera juan ta pasatu gau on.
18
Eldu zanian urrengo goiza,
nagusiyak zuen kunplitu itza;
juan zitzayon amari etxera,
andretzat alaba eskatzera,
amak txit firme,
artuta gero milla informe,
gelditu ziran biyak konforme.
19
Andik zortzi bat egunetara,
edo amar ziran ez dakit bada;
ez, amar ezin zitezken izan,
andik zortzi egunera elizan
ezkondu ziran;
ezkondu ta etxera segiran,
jendia franko bazuten jiran.
20
Bost illabete edo sei ontan,
ez dirade beti egondu lotan;
eman dute zenbait jira-bira,
eta gozatutzen bizi dira
ditxak ausarki;
obeto ezin litezke arki,
espero dute aurtxo bat aurki.
21
Dama gaztiak, ez egon lotan,
begira zaitezte ispillu ontan;
gustatuta birtute ederra,
andretzat artu bere maizterra
du nagusiyak;
orla irabaztera graziyak,
saya zaitezte beste guziyak.