II. Zigortzeko eskubidea
Ez dago gizonik bere askatasun zatia, on publikoaren mesedetan, doan oparitu duenik: kimera hau eleberrietan bakarrik gertatzen da; ahal izango balitz, gutariko bakoitzak nahiko luke besteak lotzen dituzten hitzarmenek gu ez lotzea. Gizon bakoitzak bere burua du mundu osoko gorabeheren ardatz.
Giza generoaren ugalkortasunak —txikia berez, baina handiegia natura antzu eta jareinaren baliabideez gero eta handiagoak ziren beharrizanak ase ahal izateko— batu zituen lehen basatiak. Batasun hauek beste batzuk ekarri zituzten lehenak sustengatzeko, eta horrela gerra egoera gizabanakotik nazioetara igaro zen.
Beharrizana izan zen, beraz, gizona bere askatasunaren zati bat ematera bultzatu zuena: eta gauza jakina da jende guztiak ahalik eta zati txikiena jarri nahi duela gordailu publikoan, askitzat jotzen duena-edo, besteek hura defendatu nahi izan dezaten. Zati ahalik eta txikien hauen batuketak osatzen du zigortzeko eskubidea; hortik gorako guztia gehiegikeria da eta ez justizia, ekintza da, baina ez zuzenbidea. Kontu izan zuzenbide eta indar hitzak ez direla elkarren aurkakoak, baina lehena, beste ezer baino gehiago, bigarrenaren aldaera dela, aldaerarik egokiena gehiengoarentzat. Eta justiziatzat zera ulertzen dut: interes partikularrek elkartuta iraun dezaten beharrezkoa den lokarria, dakigularik hori gabe lehengo egoera antisozialera itzuliko liratekeela interesok. Lokarri hau zaindu beharra gainditzen duten beste zigor guztiak ez dira berez zuzenak. Ez da justizia hitza benetako gauza baten ideiatzat hartu behar, indar fisiko edo existitzen den gauzatzat; gizonek elkar ulertzeko era bat besterik baita, bakoitzaren zorionean zeresan ikaragarria duen era bat. Eta hitz honekin ez naiz ari Jainkoarengandik datorren beste justizia mota hartaz, geroko bizitzako zigor eta sariekin harreman zuzena duenaz baizik.