Itzultzailearen oharra
Bihurria da Beccariaren prosa. Bere parrafo asko oso luzeak dira, ilunak beste asko, eta gauza biak ez gutxi. Berak zioen bezala, bihotzaren filosofia espirituarena baino maiteago zuen; ur-lasterraren abiadaz eta emariz garatzen ditu bere ideiak, forma gehiegi zaindu gabe.
Berariaz izan zen iluna Beccaria. Inkisizioaren eta beste botere batzuen beldur zen. Zera idatzi zion gutun batean Morellet-i, frantsesezko bere lehen itzultzaileari: «Nire lana idazterakoan, Galileo, Machiavelo eta Giannone-ren kasuak izan ditut gogoan. Sineskeriaren kate-hotsak eta fanatismoaren garrasiak entzun ditut egiaren intziriak itotzen. Honek iluna izatera behartu nau, eta lainopean estaltzera egiaren argia. Gizakiaren defendatzaile izan nahi dut, martiri izan gabe. Iluna izan nahiaren ohitura eta ardurak beharrezkoa ez zenean ere izatera eraman nau, agian».
Testuan arkituko dituzun iluntasunak, beraz, ez dira guztiak itzultzailearen ezinak edo ezjakinak eragindakoak.