XIX. Zigorren lastertasuna
Zigorra azkar ematea hobe dela esan dut, zeren eta zenbat eta denbora gutxiago igaro bidegabekeriaren eta zigorraren artean, orduan eta indartsuagoa eta iraunkorragoa izaten baita gizonaren gogoan delitu eta zigor ideien arteko lotura, oharkabean bata bestearen eragile ezinbestekotzat jotzen delako. Gauza jakina da ideien arteko lotura dela giza adimenaren lantegia bateratzen duen zementua, hura gabe atsegina eta mina sentimendu isolatuak eta inolako eraginik gabeak izango baitziren. Gizonak ideia orokorretatik eta oinarri unibertsaletatik zenbat eta gehiago urrundu, hots, gizona zenbat eta arruntago bihurtu, orduan eta gehiago jokatzen du hurbileko ideia-elkarketen arabera, urrunakogoak eta nahasiagoak alde batera utziz; hau dela eta, zerbaiten atzetik oso grinatsu dabiltzan gizonei bakarrik balioko diete ideia hauek, arretaren argiak gauza bakarra argitzen baitie, besteak ilunpean utziz. Adimen jantzienentzat ere balio dute ideiok, aldi bakar batean gauza askoren gainetik igarotzeko ohitura dutelako, eta erraztasuna dutelako sentimendu zatikatu mordoa elkarrekin alderatzeko, eta honengatik kasu hauetan emaitza, ekintza, alegia, ez da hain arriskutsua eta ezustekoa izaten.
Izugarri inportantea da, beraz, delituaren eta zigorraren arteko hurbiltasuna, nahi baldin bada, adimen zakar eta arruntetan, delitu onuragarri baten irudi liluragarriari, zigorrari lotutako ideia berehala kontrajar dakion. Bi ideia hauek gero eta gehiago bereiztea da atzerapen luzeak dakarren ondorio bakarra; eta nahiz eta delitu baten zigorrak beti zirrara egin, txikiagoa egiten du zigor gisa ikuskizun gisa baino, eta gertatzen da delitu jakin batek ikusleengan eragindako higuina motelduta dagoenean ematen dela zigorra, bere garaian eman izan balitz, zigor-beldurra indartzeko balio izango zuena.
Beste irizpide oso egoki bat bidegabekeriaren eta zigorraren arteko lotura estutzeko: zigorra izan dadila, ahal den neurrian, delituaren izaeraren araberakoa. Analogia honek izugarri errazten du delituaren zergatiaren eta zigorraren ondorioen artean egon behar duen kontrastea, hau da, zigorrak urrundu dezala gogoa lege-haustearen xarmak eraman nahi duen bidetik.