XLI.Nola aurreikusten diren delitua
Delituak aurreikusi nahi dituzuela? Saiatu lege argiak eta errazak egiten, eta nazioaren indar guztia bildu haien defentsan, eta honen parte batek ere ez dezala jardun haiek desegiten. Saiatu legeak mesedegarriagoak izan daitezen gizakiarentzat giza mailentzat baino. Saiatu gizakiak beldur izan diezaien eurei, eta eurei bakarrik. Legeei beldur izatea osasuntsua da, baina oso kaltegarria eta delitu sortzailea gizakiak gizakiari izatea. Gizon esklaboak gizon libreak baino gutiziatsuagoak dira, lizunagoak, ankerragoak. Hauek zientziei buruzko gogoetak egiten dituzte, edo nazioaren interesei buruz; eredu bikainak ikusten dituzte, eta imitatzen saiatzen dira; baina haiek, momentuko pozak erakarrita, libertinajearen nahaste artean bilatu nahi izaten dute beren bizimoduaren ezerezak ukatzen dien olgeta. Edozertan arrakasta lortzeko neke handiak jasatera ohituta daudenez, bere delituen arrakasta arazotsua izan ohi eurentzat, eta, honengatik, hura lortzeko grina handitu egiten da. Legeen zehaztasun-falta eguraldiaren eraginez berez nagia den nazio baten gainera erortzen bada, zehaztasun falta honek iraunarazi eta handitu egingo ditu nagikeria eta inozokeria. Nazio gutiziatsu baina langile baten gainera erortzen bada, legeen indarra alferrik galduko da, azpikeria eta amarru txiki mordo baten artean, eta mesfidantza zabalduko da bihotz guztietan, eta saldukeria eta disimulua zuhurtasunaren oinarri bihurtuko da. Nazio adoretsu eta indartsu baten gainera erortzen bada, zehaztasun falta gainditzea lortuko da azkenean, askatasunetik esklabotzara eta esklabotzatik askatasunera atzera-aurrera asko egin ondoren.