Azkenik, heziketa da delituak saihesteko biderik onena baina zailena; gai zabalegia eta nire esku arteko helburutik at dagoena, baina ausartuko naiz esaten honetan zerikusi handia duela gobernuaren izaerak, heziketa zorion publikoaren alor antzua izan ez dadin eta jakintsu gutxi batzuek han eta hemen bakarrik jorra ez dezaten mendeen bukaerara arte. Gizon handi batek17, gizadia argitzen ari den gizon batek, gizadiak bera erasotzen duen bitartean, zehatz-mehatz azaldu ditu heziketaren alorrean gizonarentzat zinez onuragarri diren irizpide nagusiak: gauza asko eta alferrikoen ordez, ondo eta zehatz aukeratuak erakustea; gauza orijinalak hobestea kopien ordez, halabeharrak edo jardunak gazteen anima berriei aurkezten dieten agerkari fisiko zein moraletan; sentimenduaren bide errazetik jotzea bertuterantz, eta gaiztakeriatik urruntzea, arazoei ihes egin beharra azpimarratuz, hutsik egiten ez duen irakasbidea baita hau; eta ez erabiltzea derrigortzearen bide badaezpadakoa, honek momentuko men egitea besterik ez baitu ekartzen.