Gogoeta batekin amaituko dut: zigorraren tamaina nazioak berak bizi duen egoeraren neurrikoa izan behar du. Gogorragoak eta sentigarriagoak izan beharko dute egoera basatitik irten berriko herri baten animo zailduetan eragin beharreko zirrarak. Oinaztarria behar da fusil-tiro batek zaurituta utzi duen lehoi basatia hiltzeko. Baina gizarte-egoeran, animak samurtuz doazen neurrian, hazi egiten da sentiberatasuna, eta hau hazten denean leundu egin behar da zigorraren indarra, objektuaren eta sentipenaren arteko oreka modu iraunkorrean zaindu nahi bada. Orain arte ikusitakotik teorema orokor bat atera daiteke, oso egokia, baina gutxi erabilia; honela dio:
zigor batek, baten edo askoren artean hiritar jakin bati egindako bortxakeria izan ez dadin, publikoa izan behar du, batez ere; eta azkarra, eta beharrezkoa, eta egoera jakin horretan eman daitekeen txikiena, eta delituen neurrikoa, eta legeek ezarritakoa.