Lasaitasun publikoa hondatzen duena, legeak obeditzen ez dituena, gizonek elkar hartzeko eta babesteko dituzten baldintzak onartzen ez dituena, alegia, gizartetik alboratu egin behar da, erbesteratu, esan nahi dut. Arrazoi honengatik, gobernu zuhurrek ez dute onartzen lan eta industria alorrean nagitasun politikorik, zenbait hizlari zorrotzek lanaren bidez lortutako aberastasunak dakarren nagitasunarekin nahasten badu ere, nagitasun ona eta beharrezkoa hau, gizartea zabalduz eta administrazioa murriztuz doan heinean. Nik nagitasun politikoa esaten diot gizartearen alde ezer ez egiteari, ez lanarekin eta ez aberastasunekin; beti irabazle irteten dena, inoiz galdu gabe; herri xeheak miresmen inozoz laudatzen duena; zuhurrak babesten duena, haren biktima diren izakiei erruki burlatiz begiratuz; bizimodu ekintzailearen eragingarria falta duena, bizimoduko erosotasunak handitzea eta gordetzea, alegia; iritzi alorreko grinei —eta ez dira ahulenak– bere adore guztia eskaintzen diena. Ez da nagi politikoa, ostera, bere arbasoen bizio eta bertuteen fruituez gozatzen duena; oraingo atseginen truke, ogia eta existentzia geroko txiroaldi lantsuari saltzen diona, ugaritasunaren kontrako lan-gerra isila bakez egiten duena, indar-gerra odoltsu eta ondorio ilunekoaren ordez. Honengatik, legeak, eta ez zenbait zentsoreren bertute zorrotz eta mugatuak, zehaztu behar du zein den zigortu beharreko nagitasuna.
Erbesteratze agindua honelakoetan eman behar litzatekeela esan daiteke: norbait delitu larri batez akusatua dagoenean eta probabilitate handia duenean, baina errudun jotzeko ziurtasun osorik ez dagoenean. Baina hau erabakitzeko beharrezkoa da estatutu ahalik eta zehatzena eta ustekeria gutxikoena egitea; honek erbesteratzearekin zigortuko du nazioa aukera gaitz hau egitera behartu duen pertsona: akusatua iraindu edo akusatuaren beldur izan; hori bai, beti bidea irekita utzi behar zaio errugabetasuna frogatzeko eskubide sakratuari. Larriagoak behar dute izan nazioko hiritar baten aurkako arrazoiak atzerritar baten aurkakoak baino, eta lehenengo aldiz akusaturiko baten aurkakoak, errepikatzailearenak baino.