Delituez eta zigorrez/XXXV.Babesak

Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXXV.Babesak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXXV. Babesak

Bi kontu geratzen zaizkit oraindik aztertzeko: lehenengoa, ea babesak justuak diren, eta ea nazioek erruztatuak beren artean trukatzeko dituzten hitzarmenak egokiak diren. Herri baten mugen barruan ez litzateke legeetatik libratzen den txokorik egon behar. Legearen indarrak hiritar orori jarraitu behar lioke, zein itzalak gorputzari. Inpunitatearen eta kanpoko babesaren artean ez dago alde handirik. Eta zigorraren eragina bere indarrean baino gehiago berarekin ezinbestean topo egitean dagoenez, babesak delituen hauspotzaile bihurtzen dira, legeak oztopatzaile diren baino neurri handiagoan. Babeslekuak ugaritzea beste hainbeste burujabetza txiki sortzea da, zeren eta agintzen ez duten legeak dauden lekuan, lege komunen aurkako lege berriak sor baitaitezke, eta baita gizartearen gorputz osoaren aurkako espiritua ere. Historia guztiek erakusten dute babeslekuetatik iraultza handiak sortu direla estatuetan eta gizonen iritzietan. Baina ea egokia den erruztatuak nazioen artean trukatzea galdetzen bazait, ez naiz galdera honek aurkezten duen auzia erabakitzera ausartzen, harik eta gizadiaren beharrei hobeto egokitutako legeak jartzen ez diren arte, zigor bigunagoak, alegia, eta, iritzia eta bidegabekeriarekiko menpekotasuna etenik, errugabetasun zapaldua eta bertute gorrotatua arriskuan jartzen ez diren arte; tirania Asiako lautada zabaletara igortzen ez den bitartean, eta kentzen arrazoi unibertsaletik, honek beti batzen baititu hiritarren eta tronuaren interesak, nahiz eta oso ondo dakigun benetako delituak barkatuko dituen lur puxketa bat ere ezin aurkitu izana oso bitarteko eraginkorra izango zela delituari aurre egiteko.