XXXVII. Atentatuak, konplizeak eta inpunitatea
Epaimahai batzuek inpunitatea eskaintzen diote delitu larri baten konplizeari, honek bere lagunak salatzen baditu. Honelako jokabide batek bere alde onak eta txarrak ditu. Alderdi txarra, nazioak traizioa baimentzen duela, gaizkileen artean ere begi txarrez ikusia dagoena; izan ere, nazio batentzat kaltegarriagoak dira doilorkeriazko delituak kemenezkoak baino, azken hauek ez baitira oso maiz gertatzen, eta, gainera, indar onbera batek onura publikoaren bidean jar ditzake; baina doilorkeriazkoak ohikoagoak eta itsaskorragoak dira, eta bere baitan bildu zaleagoak. Gainera, epaimahaiak legearen ahulezia agerian uzten du lege-hauslearen laguntza erregutzen duenean. Abantaila hauek ditu, bestalde: delitu garrantzitsuak aurreikustea eta, ondorioak agerian jarriz eta egileak isilean edukiz, herria beldurtzea. Honek zera uzten du garbi: legeari federik ez dionak, arlo publikoari alegia, ez diola, ziur asko, pribatuari izango. Iruditzen zait lege orokor batek, kasu jakin batean, delitu baten konplize salatariari inpunitatea aginduko balio, hobe izango litzatekeela hau edozein deklarazio berezi baino; horrela, elkartasuna hautsiz, konplizeak elkarren beldur izango liratekeelako, eta bakoitzak bere buruarengan baino ez lukeelako itxaropenik izango. Epaimahaiak ez ditu ausart bihurtuko gaizkileak, hauek, kasu jakin bat argitzeko, beren laguntza eskatzen dela ikusten dutenean. Honelako lege batek, gainera, salatzailearen inpunitatearekin batera, honen erbesteratzea ekarri beharko luke... Baina alferrik saiatuko naiz sentitzen dudan kontzientzia ausikiari ezikusi egiten, baldin eta traizioa eta azpikeria baimentzen baditut lege sakratuetan, jendearen arteko konfiantzaren eta giza moralaren monumentu diren legeetan. Zer nolako eredua emango litzaioke nazioari baldin eta, agindutako inpunitateari huts eginez, burubide bihurriak bitarteko direla, fede publikoaren lotsarako, oinazera eramango balitz legearen gonbitari erantzun diona! Nazioetan ez dira gutxi honelako kasuak, eta beraz, ez dira gutxi pentsatzen dutenak nazioa makina konplikatua dela, eta trebeenak eta boteretsuenak mugitzen dituztela honen mekanismoak, eurei gogoak ematen dien moduan; uzkur eta bihozgogor dira anima samur eta maitagarrien gozotasuna suposatzen duen guztiarenganako, eta, jendearen animak musikoek beren tresnak bezala ukituz, azerikeria ikasiz astintzen dituzte sentimendurik kutunenak eta grinarik bortitzenak, baldin eta ondo badatorkie beren helburuak lortzeko.