Egokia al da xx. mendeko azken uneotan xix. mende hasierako David Ricardo ekonomilari ingelesaren lana euskarara itzultzea?
Bai, jakina. Schumpeterrek dioen bezala, analisi zientifikoa gure eta gure aitzindarien ekoizpenen arteko etengabeko borroka da. Horietara joz, gutxienez, abantaila pedagogikoak, ideia berriak lortzen ditugu, baita giza izpirituaren jarduteko moduak ulertu ere.
Egia da analisi ekonomikoak oso azkar egiten duela aurrera, baina aurrerakuntzan lagundu duten lanetara itzultzeak badu saririk; izan ere, antzinako ideia askok oraindik bizirik diraute eta horien ondorioek oraindik ere eragiten gaituzte.
Azken berrehun eta berrogeita hamar urteon buruan, ekonomilariek ekonomi sistemaren hainbat eredu edo irudikapen abstraktu egin dituzte, hain zuzen ere, bizi izandako egoera instituzionalak eta aztertu beharreko gaiak desberdinak izan direlako.
Argi dago eredu bakar batek ezin diola guztiari heldu, baina ereduotan sartutako funtsezko gai asko birplanteatu egin dira urteak aurrera joan ahala. Honela, aurreko batzuek ikasitako arazo teorikoek ez dute inoiz gaurkotasunik galduko, eta zenbat eta gehiago jakin beraien aukera eta mugei buruz, orduan eta hobea izango da gure erantzuna antzeko arazoen aurrean.
Ricardo ingeles klasikoen funtsezko pertsonaia da. Pentsamendu ekonomikoaren eskola klasikoak izan duen garrantzia ulertzeko, kontuan hartu beharra dago xviii. mendea baino askoz lehenagotik hasia zela, bai, ekonomi prozesuaren izaerari buruzko espekulazioa, baina klasikoen aurreko ideiak ekonomiaren izaera aztertzera baino gehiago hura epaitzera bideratu zirela. Erdi Aroan, adibidez, kezka sortu zuten lukurreriari eta prezio justuari lotutako arazo etikoak aztertzean, baita Ingalaterran xvii. eta xviii. mendeetako panfletoen egileen artean ere, ez ziren hartu ekonomiaren funtzionamenduari buruzko zatikako ikuspegiak baino.
Gauza horien aurrean, ikuspegi klasikoak norabide berria adierazten du. Eskola klasikoa, aitzindari izan zituen merkantilismoa eta fisiokrazia bezala, ekonomi soberakinaren jatorriaz eta izaeraz interesatzen da, eta fisiokraten ildoan eta merkantilismoaren aurrean, soberakin hori ekoizpenetik sortzen dela uste dute, eta ez merkataritzatik. Klasikoak fisiokratengandik bereizi egin ziren, hain zuzen ere, ez zutelako nekazaritza ekoizpen jarduera bakartzat hartzen, industriak ere, besteak beste, soberakina sortzen zuela irizteagatik. Beraien aztergai nagusia da soberakinaren izaera, eta helburua dute azaltzea zer faktore eragiten duten soberakin horretan.
Gaur gertatzen den moduan, garai hartako ikerketa- teknika garaiko ezagutzaren eraginpean zegoen; horregatik ikusi zuten ordena ekonomikoa Newtonen mekanikak deskribatutako mundu fisikoaren antzekoa, eta uste zuten, gainera, giza ekintzak kontrola ez zitzakeen legeek zuzendua zela. Klasikoen ikerketaren muina izan zen aztertzea ekonomiaren hazkundea epe luzera , eta garaiko kezkekin identifikatzen da.
David Ricardoren bizitza 1772 eta 1823 urteak bitartean igaro zen; ezaguna da negozio munduan izandako sarrera goiztiarra, eta ekonomiaren azterketarako hasiera berantiarra. Hamalau urterekin, Londresko Burtsan hasi zen lanean aitarekin, jatorri alemaniarreko judua. Aitaren tutoretza eta familiako fede judutarra, biak batera utzi zituen gazterik ezkontzean. Hala ere, burtsako negozioan jarraitu zuen eta egundoko dirutza lortu, hainbestekoa, non 42 urterekin erretiratu ahal izan zen analisi ekonomikoaz arduratzeko. Dena den, ordurako buruan zuen lana egina, 1799an Adam Smith irakurri ondoren; baina hamar urte beranduago hasi zen bere lehen iritziak idazten, eta horretarako James Millen adore intelektuala izan zuen.
1817an argitaratu zuen Ekonomia Politiko eta Tributazioaren Printzipioak, eta horrek ekarri zion bere garaiko ekonomi aztertzaile nagusitzat hartu izana . 54 urte zituen hil zenean, eta lurjabeei kritika gogorrak egin zizkien arren, dirutzaren zatirik handiena lurretan zeukan.
Ricardo pentsalari deduktiboa izan zen; lehenik, bere garaiak aurkezten zizkion arazoei aurre egiteko moduan, eta bigarren, erabili zuen lan-metodoan, bide kritikoan lortzen zituen tresnekin erasotzea baitzen haren lanaren oinarria. Lehena, bere idazki guztietan nabari da, Printzipioak lanean izan ezik. Bigarrena, berriz, Printzipioak obran nabari da: bere argudiatzea Adam Smithi egindako kritika batetik abiatzen da, obra osoan ikus daitekeen bezala.
Aipatzen ez zituen premisen bidez orokortu egiten zuen Ricardok, eta orokortze horiei ekonomiako legeak deitu zien eta lege fisikoen antzeko balioa eman zien Ricardok gaztetan fisika ikasi zuen, matematikekin batera.
Printzipioak lanaren lehen bi kapituluetan, Ricardo benetako ekonomi eredua eraikitzen hasi zen, eta elementu solteak edota lehendik bakarka ezagutzen ziren ideien multzoa baino gehiago zen. Berak egin zuen sintesi eraginkorra, eta hori lehen mailako lorpena izan zen.
Azterketa ekonomikoaren grabitate-zentroa ekoizpenetik banaketara aldatu zuen, Adam Smithen garaiarekiko produktibitatea igo egin baitzen. Printzipioak- lanaren sarrerako paragrafoan funtsezko arazotzat jo zuen lurraren ekoizpena hiru mailatan zatitzea: lurjabeak, kapitalistak eta langileak. Garrantzi handiagoa eman zion errentaren banaketari haren hazkundeari baino, ekonomiari buruz zuen ikuspegi ezkorra kontuan izanik.
Ricardoren teoriaren mamia hurrengo proposizioan dago: "Lurralde eta garai guztietan, irabaziak, langileen biziraupenerako ondasunak lortzeko errentarik sortzen ez duen lur edota kapitalean egin behar den lan-kantitatearen menpe daude". Proposizioa garrantzitsua da irabazi-tasa Ricardorentzat, lehenengo klasikoentzat bezala, ekonomi hazkundeko tasaren erregulatzaile zelako. Hala ere, Printzipioak obran ez da justifikatzen nekazaritzako ekoizpen-baldintzek, benetan, ekonomia osoaren irabazi-tasan eragiten dutela. Ricardoren argudioa haren ikasle handia izandako Piero Sraffak bildutako agirien bidez berreraiki ahal izan da.
Nekazaritza kasu bakartzat hartu beharra dago, bi ezaugarri hauek betetzen dituelako:
1. Ondasun bera aldi berean ekoizpen-faktore eta azken produktu den sektore bakarra da (Ricardok "laborea" nekazaritzako ekoizpen osoa hartzen duen termino orokortzat erabiltzen du). Hazi gisa erabilitako alea input-a da, eta gainera, biziraupenerako elementu nagusia denez, ezinbesteko beste faktorerako, eskulanerako alegia, funtsezko garrantzia du.
2. Eskulanaren "aurrerapenen" ikuspegi klasikoari jarraituz, alokairuak "labore" aurrerapen izatera murritz daitezke, eta, era berean, faktore guztiak laboretan adieraz daitezke. Baina laborea ere nekazaritzaren produktua denez, nekazaritzaren errendimendu netoa "laboretan" neur daiteke, outputetik inputen balioak kentzeko prozeduraren bitartez.
Horrela ekitean, nekazaritzaren errendimendu netoak ez ditu beti irabaziak neurtuko, landutako lurraren zati handi batek ere errentak ematen baititu. Ricardorentzat lurra urria eta kalitate desberdinekoa da: lur emankorrek irabaziak emango dizkiete jabeei, are handiagoak populazioaren hazkundeak janarien eskaria eta prezioa handitzen dituen heinean. Prezio handiagoekin, hain emankorrak ez diren lurrak lantzen dira, lurrik hoberenen jabeen errentak handituz; landutako azken lurren ekoizpena, berriz, lan-kostuaren adinakoa besterik ez da izango, errentarik sortu gabe.
Argudio honekin errenta eta irabaziak bereiz daitezke, lurra errenta gabe edukitzeko aukera kontuan izanik, non errendimendu netoa oro har, irabaziak edo kapitaletik sortutako sarrerak diren. Irabazi-tasa orduan errendimendu netoa (ekoizpena laboretan, ken inputak) eta inputen arteko koefizientea da, aleetan neurtuta.
Nekazaritzari funtsezko eginkizuna eman nahi izatea, ondorengoan datza, alegia, sektore honetan bakarrik aurki daitekeela irabazi-tasa prezioen aipamenik egin gabe, benetako terminoetan. Baina gainera, nekazaritzako produktua beste sektoreetarako ekoizpenaren input-a delako bereizten da lehen sektore hori, hau da, nekazaritzakoak ez diren enpresariek beharrezkoa dute elikagai-eskaintza edukitzea, beren eskulanean "aurrerapenak" egingo badituzte.
Nekazaritzari zeregin nagusia eman arren, Ricardo ez dator bat sektore ekoizle bakarra nekazaritza dela dioen ideia fisiokratikoarekin. Bere lehentasuna analitikoa baino ez da, ekonomiaren funtzionamendua bere osotasunean ulertzeko. Merkatuak sektore guztietan errendimenduzko tasa berdinak eskaintzen dituen heinean, nekazaritzaren irabaziak ekonomi sistema osoaren adierazletzat hartu ahal izango dira, bere moneta-balioaz at.
Ekonomia osoan errendimenduzko tasa uniformeen argudioa alokairuei ere aplikatzen zaie. Baina alokairuak biziraupeneko beharrizanekin lotuta egon daitezke, eta alderdi hori sartzeko, Ricardok populazioari buruzko Malthusen teoriak erabili zituen.
Bere iritziz, biziraupeneko ideia aplikatzeko moduaren arabera, emaitza desberdinak lortzen ziren eta langileen bizimodua hobe zitekeen, aukera hori epe luzera bakarrik planteatzen zuen arren; epe erdira "normaltzat" jotzen zuen biziraupeneko ohiko mailatik hurbil zegoen alokairu naturala.
Populazio-hazkundearekin, irabaziak jaitsi egingo lirateke, baita benetako alokairu konstanteak baleude ere; lur txarragoak landu behar izatean, produktu-unitateko lan-kopuru handiagoa behar da, eta ondorioz, eskulanari laborezko "aurrerapen" handiagoak eman beharko zaizkio, populazio handiagoa elikatzeko beharrezkoa den laborea gehitzeko. Ondorioa hau litzateke: "Errentarik gabeko lurretan biziraupeneko ondasunak ekoizteko behar den lan-kopurua" handiagotu egingo litzateke, eta ondorioz, irabaziak gutxitu.
Eredu erraza da, nekazaritzako ekoizpen-baldintzetan oinarritua egon arren, produktu soziala banatzen eta bere etengabeko hazkundea galarazten duten indarren portaera zehazten duena.
Ricardoren ereduaren funtsezko zati gisa, nahitaezkoa da balioaren teoria eta garapen ekonomikoari buruz zeukan iritzi ezkorra aipatzea, honen egoera geldikorra iragarrarazten baitu.
Laborean oinarritutako Ricardoren eredu laburtuak banaketa benetan aztertzea ahalbidetzen bazion, bere balorazioa batere aipatu gabe, ez zion galarazten benetako mundua konplexuagoa zela ulertzeko, ezta ekoizpen sektore desberdinen arteko harremanak aztertzea beharrezkoa zela konprenitzeko ere. Nekazaritzatik kanpoko produktuak anitzak zirenez, nahitaezkoa zen izendatzaile komun bat aurkitzea. Faktore komuna, balorearen tradizio klasikoa jarraituz, lanean aurkitu zuen, baina Adam Smithen ekarpena gaindituz eta hobetuz. Honek prezio erlatiboak lanaren terminoetan azaldu zituen, "balio-neurri" gisa, errenta lanarekin eska zitezkeen lan-unitate gisa azalduz. Baina ekoizpenaren aldetik, Smithen teoriak ez zuen azalpeneko tresnarik.
Ricardo ekoizpenera iritsi, laneko inputen bidez iristen da, balioa aztertzeko. Alde batetik, laborearen prezioa errentarik gabeko lurretan erabilitako lanak erregulatzen du, eta horrek "lurra" faktorea balioaren azalpenetik ezabatzea ahalbidetzen zuen. Bestalde, kapitala lanera murritz zitekeen: makina bat lan erantsia zen, eta bere ekoizpen-indarra produktu arruntari transferitzen zitzaion bere bizitza baliagarrian; horrek ondasun baten balioa ekoizpenerako beharrezkoa den lanaren input gisa ikustea ahalbidetzen du.
Balioari buruzko bere teoriarekin, Ricardo ekonomiazko analisiaren ondorengo gaietara hurbildu zen, batik bat prezioak finkatzeko analisira. Hala ere, lan erantsian babestutako balioaren teoria ahuldu egiten da ekonomiaren bilakaera epe luzean aztertzera pasatzean, moneta-alokairuetan aldaketak edo kapital finkoko metaketa bezalako oharpen dinamikoak sartzen direnean.
Ricardo arrakastarik gabe ahalegindu zen balioaren "lana" teoria azaltzen testuinguru dinamiko batean, baina ahalegina baliagarria izan zen, moneta-alokairuen igoera eta kapital finkoko metaketaren arteko harremanei buruz ideia berriak sortu zituen heinean, balioaren "lana" teoria baliorik gabe uzten zuten bi gaiak hain zuzen. Alokairu-igoeraren ondorioz nagusiek lana kapitalagatik ordezkatu zuten, ekoizpen-kostuak murrizteko asmoz. Baina ondorioa ez zegoen argi enpleguari buruz. Printzipioak liburuaren lehen bi argitalpenetan Ricardoren ustez geldialdi teknologikoa ezinezkoa zen eta makinak erabiltzearen ondorioz sortutako produktibitate-irabaziek ez zuten kontrakonturik, beraz, hazkundea jarraitua izan zitekeen, guztiei mesede eginez. Printzipioak idazlanaren hirugarren argitalpenean iritziz aldatzen da eta makinek enpleguan sortzen dituzten ondorio negatiboak azaltzen ditu. Arriskua ikusi zuen, baina langabeziaren gaineko garrantzia gutxieneko egin zuen, teknologi aurkikuntzak mailakatuak izango zirela eta ez zutela aldaketa larririk sortuko adieraziz. Hala ere, Adam Smithek defenditu zuen gizarte-klase desberdinen arteko "interesen harmonia" baliorik gabe geratu zen.
Ricardoren argudioak geroago Marxek jaso zituen. Bere idazki gatazkatsuenetako askok ekonomi pentsamenduaren tradizio klasikoa kritikatzen zuten arren, egitura analitikoaren zati handi bat hartu zuen, esanahi berria emanez. Lanaren terminoetan balioari buruzko bere ikuspegiak lan erantsiaz Ricardok zuen ikuspegiaren funtsezkoa xurgatzen du eta ekoizpenerako faktore bakarra lana dela dio. Ricardori jarraitzen dio kapital ondasunak metatutako lan gisa kontuan hartzeko; baina ez du hartzen lurra ekoizpen-sistemako elementu bereizi gisa, uste duelako lurraren edozein alderdi lan erantsira murritz daitekeela. Horrek guztiak bultzatu du Schumpeter teoria hutsari buruz honako hau adieraztera: Marx ekonomilari klasikoa dela eta are zehatzago, Ricardoren taldeko kidea. Ricardo da Marxek maisutzat hartzen duen klasiko bakarra.
Balioaren analisiak Ricardori bide eman zion epe luzera ekonomi hazkundeari buruzko pronostiko bat egiteko. Populazioaren hazkundeak ekonomiaren hedapena ekarriko zuela pentsatzen zenez, honek elikadura-eskaria handitzea eskatzen zuen, eta beraz, kalitate eskasagoko lurrak landu behar izatean, kostu handiagotan lortuko ziren elikagaiak. Benetako alokairuei eusteko nahitaezkoa zen moneta-alokairuak handitzea, irabaziak gutxituz. Era berean, nazio-errentaren banaketa lurraren errentaren alde aldatzen zen. Azken emaitza ekonomi hazkundearen prozesua berez gera zitekeela zen; irabazi-tasa jaistean eta kapital-metaketa geratzean, egoera egonkorrera iritsiko litzateke, metaketa netorik gabe.
Egoera egonkorraren etorrera atzeratzeko, elikagaiak inportatuz berorien prezio-igoera gera zitekeen, baita igoera horren ondorio den moneta-alokairuak gora egitearen presioa ere. Hortik dator Aleen Legearen bidez Ingalaterran nekazaritza babestearen aurkako bere jarrera. Ideia berarekin, merkataritza librea babestu zuen, "abantaila konparatiboen teoria" bezalako testuliburuetan agertzen diren argudioen bidez. Aldi berean, nazioarteko merkataritzaren irabaziak osorik gauzatzeko, nazioarteko finantza sistema egokia behar zuen; horrek moneta eta finantzako arazoak eta geroxeago zergabidekoak ikastera bultzatu zuen.
Laburbilduz, ricardotarrak beren garaian ekonomiaren pentsamenduko eskola izatera iritsi ziren, eta bere pertsonaia nagusiak ematen zion distira. Eskolaren muina, Ricardoz gain, James Mill eta Mc. Cullochek osatu zuten.
Milagros García Crespo