XV. Kapitulua
Irabaziei buruzko zergak
Luxuzkoak deritzen ondasunen gaineko zergak merkantzia horiek erabiltzen dituztenen gain erortzen dira. Ardoaren gaineko zerga, ardo-kontsumitzaileak ordaintzen du. Atsedeneko zaldien gaineko zerga edo luxuzko gurdien gainekoa, horiez gozatzen dutenek ordaintzen dute, eta gozamenaren proportzio zehatzean gainera. Baina oinarrizko ondasunen gaineko zergak ez dituzte berauen kontsumitzaileek kontsumitutako kopuruaren proportzio berdinean jasaten, baizik eta, maiz gainera, proportzio handiagoan. Laborearen gaineko zergak, lehen ikusi dugunez, ez dio bere ekoizleari eragiten berak eta bere familiak kontsumitzen duen laborearen proportzioan, ekoizle honen kapitalaren irabazi-tasa aldatzen du ordea, eta beraz, bere sarrerei ere eragiten die. Edozein izanda ere alokairuak igotzen dituzten zergatiak, ondorioz kapitalaren irabaziak erortzen dira; beraz, langile batek kontsumitutako merkantzia baten gaineko edozein zergak, irabazi-tasa gutxiarazteko joera sortzen du.
Kapelen gaineko zergak hauen prezioa igoaraziko du; oinetakoen gaineko zergak beren prezioa; eta hau ez balitz honela burutuko, zerga ekoizleak ordainduko luke; bere irabaziak maila orokorretik behera jaitsiko lirateke, eta negozio hori utzi egingo luke. Irabazien gaineko zerga partzialak, zerga erortzen den merkantziaren prezioa igoaraziko luke: adibidez, kapelagilearen irabazien gaineko zergak kapelen prezioa igoaraziko luke, zeren eta beronen irabaziak zergatuko balira, gainontzeko industrietakoak egiteke, kapelen prezioa igotzen ez baldin badu behintzat, irabazi-tasa maila orokorretik behera egongo bailitzateke, eta ondorioz, enplegu hori utziko luke beste batera joateko.
Era berean, nekazariaren irabazien gaineko zergak laborearen prezioa igoaraziko luke; ehungilearen irabazien gainekoak, ehunaren prezioa; negozio guztietako irabaziei zerga proportzionala ipiniko balitzaie, merkantzia guztien prezioak igoko lirateke. Baina gure herrialdeko dirua egiteko erabiltzen den metala hornitzen duen meategia hemen balego, eta horko irabaziak zergatuko balira, ez litzateke merkantzia baten prezioa ere igoko, gizaki bakoitzak bere sarreren proportzio berdina emango luke eta gauza guztiak lehengo horretan geratuko lirateke.
Dirua zergatuko ez balitz, eta beraz, gauza guztiak zergatzen eta beren balioak igotzen diren bitartean, diruak bere balioa gordeko balu, kapelagileak, nekazariak eta ehungileak, kapital berdina enplegatzen eta irabazi berdinak eskuratzen dituztenean, zerga-kopuru berdina ordaintzen jardungo dute. Zerga 100£ balitz, kapela, arropa eta laborearen balioa 100£n gehituko litzateke. Kapelagileak bere kapelekin 1.000£ren ordez 1.100£ irabazten baldin baditu, gobernuari 100£ ordainduko dizkio zerga gisa; eta beraz, berari 1.000£ geratuko zaizkio kontsumorako ondasunak eros ditzan. Baina arropa, laborea eta gainontzeko merkantzia guztiak, arrazoi beragatik prezioz igoko dira, eta orain dituen 1.000£rekin, lehen 910£rekin erdiesten zuena baino gehiago ez du lortuko kapelagileak; beraz, bere zerga-ekarpenak, bere gastuak urrituta egingo dizkio estatuari; zergaren ordainketarekin batera, herrialdeko lurraren eta lanak sortutako ekoizpenaren zati bat gobernuaren esku geratuko da, bera izan beharrean zati horren erabiltzailea. Bere 1.000£ horiek gastatu ordez bere kapitalari eransten badizkio, alokairu-igoera eta lehengai eta makineriaren kostuaren gehikuntza direla eta, oraingo 1.000£ko aurrezki-kopurua lehengo 910£koa baino handiagoa ez dela ikusiko du.
Dirua zergatzen bada, edo beste edozein zergati dela eta bere balioa aldatzen bada, eta merkantzia guztiek lehengo prezio berdina mantentzen badute, ekoizle eta nekazariaren irabaziak lehengo tankerakoak izango dira, hau da, 1.000£koak izaten jarraituko dute; eta biek gobernuari 100£ ordaindu beharko dizkiotenez, beraientzat 900£ besterik ez dira geratuko; horrelaxe, biek herrialdeko lur eta lanak sortutako ekoizpenetik gutxiago lortuko dute, lan ekoizkor zein ez-ekoizkorrean gastatu. Izan ere, berauek galtzen dutena gobernuak irabaziko du. Lehenengo kasuan, zergadunak, oraingo 1.000£rekin, lehen 910£rekin eskuratzen zuen ondasun-kopuru berdina eskuratuko du; bigarren kasuan, gehienez ere, lehen 900£rekin eskuratzen zuen kopurua besterik ez du izango orain, ondasunen prezioa aldatzeke dagoelako eta gasta dezakeen guztia 900£ delako. Hau hala da, kasu bakoitzean zergaren kopurua desberdina delako; lehenengo kasuan, bere sarreren hamaikena besterik ez da, eta bigarrenean hamarrena; bi kasuetan diruak balio desberdina du.
Baina dirua zergatuko ez balitz ere, eta horren balioa aldatuko ez balitz, merkantzia guztien prezioa igo egingo litzateke, baina ez proportzio berdinean; zerga ipini ondoren, ez dute lehen zuten balio erlatibo berdina izango. Liburu honen aurreko atal batean, kapitala zati finko eta zirkulatzailean banatzearen ondorioak eztabaidatu ditugu; edo hobekiago esanda, kapital iraunkor eta galkorrak merkantzien prezioetan duten eraginez hitz egin dugu. Frogatu dugu bi ekoizlek kapital-kopuru berdina enplegatuta, irabazi-kopuru berdina lor dezaketela, baina beren merkantziak diru-kopuru desberdinetan salduko lituzketela, hain zuzen, enplegaturiko kapitala azkarrago edo mantsoago kontsumitu eta berrekoiztuko litzatekeenaren arabera. Batek bere ondasunak 4.000£n sal ditzake, eta 10.000£n besteak, eta bien bitartean biek 10.000£ko kapitala enplega dezakete eta ehuneko 20ko irabazia lortu, hau da, 2.000£. Baten kapitala, adibidez, batetik, berrekoiztua izateko 2.000£ko kapital zirkulatzaileak, eta bestetik, eraikinetan eta makinerian inbertitutako 8.000£ko kapital finkoak osa lezakete; bestearena, aldiz, 8.000£ko zirkulatzaileak, eta eraikinetan eta makinerian inbertitutako 2.000£ko finkoak osa lezakete. Pertsona hauetako bakoitzaren sarrerak ehuneko 10ean, edo 200£n, zergatuko balira, lehenari bere negozioak irabazi-tasa orokorra eman diezaion, bere ondasunen prezioak 10.000£tik 10.200£ra igo beharko luke; bestea ere bere ondasunen prezioa 4.000£tik 4.200£ra igo beharrean egongo litzateke. Zergaren aurretik, ekoizle hauetako batek saltzen zituen ondasunen balioa, besteak saltzen zuenaren balioa baino 2,5 aldiz handiagoa zen; zerga ipini ostean, haien balioa 2,42 aldiz handiagoa izango da, besterik ez; mota batekoa ehuneko 2 haziko da eta bestekoa ehuneko 5. Ondorioz, irabazien gaineko zergak, diruaren balioa aldatzeke mantentzen denean, merkantzien balioa eta prezio erlatiboak aldatuko lituzke. Hau egia izango litzateke zerga irabazien gain ezarri ordez, merkantzien gain ipiniko balitz: merkantzia hauek berauen ekoizpenean enplegatutako kapitalaren balioaren proportzioan zergatuko balira, berdin igoko lirateke, edozein izanda ere beren balioa, eta beraz, ez lukete gordeko elkarrekiko lehen zuten proportzioa. Merkantzia bat 10.000£tik 11.000£ra igoko balitz, ez luke lehen beste batekiko zuen proportzio berdina gordeko, nahiz eta hau, era berean, 2.000£tik 3.000£ra igo. Zirkunstantzia hauetan, edozergatik diruaren balioa igoko balitz, egoera berri honek ez lieke merkantzien prezioei proportzio berdinean eragingo. Zergatiren batek prezioa 10.200£tik 10.000£ra -ehuneko 2 baino gutxiago- jaitsaraziko balu, bestearen prezioa ere 4.200£tik 4.000£ra edo ehuneko 4,75ean jaitsaraziko luke. Biak proportzio desberdinean jaitsiko balira, irabaziak ez lirateke berdinak izango; berdinak izan daitezen, merkantzia baten prezioa 10.000£ zenean, bigarrenarenak 4.000£ izan behar zuen; eta lehenaren prezioa 10.200£ zenean, bigarrenarena 4.200£.
Gertakizun honen kontsiderazioak printzipio garrantzitsu bat ulertzera garamatza, nire ustez, inoiz aintzakotzat hartu ez dena: zergatzerik ez dagoen herrialdean, diru-eskasia edo diru-ugaritasuna dela eta, diruaren balioak aldaketak baldin baditu, merkantzia guztien prezioen gain proportzio berdinean eragingo du; 1.000£ko balioa duen merkantzia 1.200£ra igo edo 800£ra jaitsiko balitz, 10.000£ balio duena 12.000£ra igo edo 8.000£ra jaitsiko da; baina herrialde bateko prezioak zergaren eraginez artifizialki igotzen badira, etorrera egotearen ondoriozko diruaren ugaritasunak, edo esportatzeagatiko diruaren urritasunak, ez du merkantzien prezioen gain proportzio berdinean eragingo; hauetako batzuk ehuneko 5, 6 edo 12 igo edo jaitsiko dira, eta beste batzuk ehuneko 3, 4 edo 7. Herrialde batean zergarik ez balego, eta diruaren balioa eroriko balitz, merkatu guztietako diru-ugaritasunak antzeko ondorioak sortuko lituzke. Haragia ehuneko 20 igoko balitz, ogia, garagardoa, oinetakoak, eskulana eta merkantzia guztiak ehuneko 20 igoko lirateke; hau izan beharko litzateke industria guztien ekiteko modua, irabazi-tasa berdina ziurtatu nahi izanez gero. Baina hauetako merkantziaren bat zergatzen denean, hau ez da beti honela gertatzen; honelakoetan, denak diruaren balioaren proportzioan igoko balira, irabaziak desberdinak izango lirateke; merkantzia guztiak zergatuta dauden kasuan, irabaziak beren maila orokorraren gainetik jarriko lirateke, eta kapitala enplegu batetik bestera igaroko litzateke, irabaziak orekara heldu arte, eta oreka hau emateko modu bakarra, prezio erlatiboa aldatzea litzateke.
Azpimarratu denez, ez al ditu printzipio honek, banku-murrizketak diruaren balioa aldatu duela eta, merkantzien prezioen gain sortuko diren ondorio desberdinak azalduko? Garai hartan dirua, zirkulazioan gehiegi zegoelako baliogaldu zela sostengatzen zutenei, zera objektatu zitzaien, alegia, hala izatekotan, merkantzia guztiek proportzio berdinean igo beharko zutela eta errealitateak, ordea, batzuk besteak baino gehiago aldatu zirela frogatu zuela; prezioen igoera merkantzien balioari zegokion zerbaitek eragiten zuela ondorioztatu zen, eta ez zela diruaren balioaren aldaketak sortua. Badirudi, guk jadanik ikusi dugunez, merkantziak zergatzen diren herrialdean, hauek guztiek ez dutela prezio-aldaketa proportzio berdinean izango, diruaren balioaren igoera edo jaitsiera izanda ere.
Nekazaritzakoak kenduta, negozio guztietako irabaziak zergatuko balira, lehengaiena salbu, ondasun guztien diruzko balioak igoko lirateke. Nekazariak lehen zituen laborezko sarrera berdinak izango lituzke, eta diruzko prezio berdinean salduko luke bere laborea; baina berak ere kontsumitzen duen laborearena kenduta, merkantzia guztiengatik prezio gehigarria ordaindu beharrean egongo denez, hori izango litzateke berarentzat gastuaren gaineko zerga. Diruaren balio-aldaketarekin ere ez litzateke zerga honetatik libratuko; zeren eta diruaren balio-aldaketak zergatutako merkantzia guztiak, lehen zuten preziora jaits bailitezke, eta zergatzeke dagoena lehen zuen preziotik behera helduko litzateke; beraz, nahiz eta orain nekazariak bere merkantziak erosterakoan lehengo prezio berdinak ordaindu, diru gutxiago geratuko litzaioke merkantzia horiek erosteko.
Lurjabea ere egoera berdinean egongo litzateke; izan ere, merkantzia guztien prezioak igoko balira eta diruaren balioa berdin mantenduko balitz, lehen zuen labore eta diruzko errenta berdina izango luke; laborea ere berdina izango luke, baina diruzko errenta gutxiago, baldin eta merkantzia guztiek prezio berdina mantenduko balute: horregatik, kasu batean zein bestean, nahiz eta bere sarrerak zuzenki zergatzeke geratu, zeharka egingo lituzke bere diru-ekarpenak, zergekin osatutako fondo amankomunera.
Baina demagun nekazariaren irabaziak ere zergatzen direla; kasu honetan nekazaria gainontzeko industriarien egoera berdinean egongo litzateke: bere lehengaiak igoko lirateke; beraz, zergak ordaindu ondoren diruzko sarrera berdinak izango lituzke, baina berak kontsumitzen dituen merkantzia guztiengatik prezio gehigarria ordainduko luke, lehengaiak barne.
Bere lurjabea, ordea, egoera desberdinean egongo litzateke; izan ere, lurjabea, maizterrak bere irabazien gain ordaintzen duen zergaz profitatuko litzateke, manufakturatutako merkantzien prezioak igoko balira, prezio gehigarri honekin konpentsatuta geratuko bailitzateke; eta lurjabe honek diruzko sarrera berdinak izango lituzke, diruaren balioa igotzean, merkantzia hauek lehengo prezioan salduko balira. Nekazariaren irabazien gaineko zerga ez dago lurraren ekoizpen gordinaren proportzioan, baizik eta ekoizpen netoaren proportzioan, behin errenta, alokairuak eta gainontzeko gastu guztiak ordaindu direla. 1, 2 eta 3 zenb.ko lursail-mota desberdinak lantzen dituzten nekazariek kapital berdinak enplegatzen dituztenez, irabazi berdinak erdietsiko dituzte, edozein izanda ere batak zein besteak lortuko duten ekoizpen gordinaren kopurua, batek besteak baino gehiago eskura baitezake; eta ondorioz, guztiak berdin zergatuta geratuko dira. Demagun 1 zenb.ko lurraren ekoizpen gordina 180 laurden dela, 2 zenb.koarena 170 laurden eta 3 zenb.koarena 160 laurden, eta bakoitzak 10 laurden ordaindu behar duela zerga gisa; hau da, 1 zenb., 2 zenb. eta 3 zenb.ko ekoizpenen arteko aldeak, zergak ordaindu ondoren lehen bezalakoak izango dira; 1 zenb.ko ekoizpena 170era gutxitzen bada, 2 zenb.koa 160ra eta 3 zenb.koa 150era; 3 eta 1 zenb.ko ekoizpenaren arteko aldea, lehen bezala, 20 laurden izango da, eta 3 eta 2 zenb.koaren artekoa 10 laurden. Zergaren ondoren, laborearen prezioak eta gainontzeko merkantzien prezioek lehen ziren bezalakoak izaten jarraitzen badute, diruzko errentak, baita laborezkoak ere, aldatzeke jarraituko lukete; baina laborearen prezioa eta beste merkantzia guztiena zergaren ondorioz igoko balira, diruzko errenta ere proportzio berdinean igoko litzateke. Laurden bat laborearen prezioa 4£ balitz, 1 zenbakiko lurraren errenta 80£ izango litzateke, eta 2 zenbakikoarena 40£; baina laborea ehuneko 5ean igoko balitz, hau da, 4£ 4s.ra, errenta ere ehuneko 5 igoko litzateke, zeren eta 20 laurdenek 84£ balioko bailukete eta 10 laurdenek 42£; honela, kasu bietan zerga honek ez dio lurjabeari eragingo. Kapitalaren irabazien gaineko zergak, beti, laborezko errenta aldatzeke uzten du, eta beraz, diruzko errenta laborearen prezioarekin batera aldatzen da; baina lehengaiei buruzko zergek, edo hamarrenek, ez dute inoiz errenta aldatzeke uzten, eta oro har, diruzko errenta lehen bezala uzten dute. Liburu honen beste alderdi batean aitortu dudanez, diru-kopuru berdineko lurrari buruzko zerga bat lantzen diren mota guztietako lursailetan ezarriko balitz emankortasunen arteko diferentziak kontuan hartzeke, zerga hori guztiz desberdina izango litzateke bere eragiketan, lursail emankorrenen lurjabearentzat izango bailitzateke irabazia. Honek laborearen prezioa, lur kaskarreneko nekazariak bere gain hartzen duen kargaren proportzioan igoaraziko luke; baina prezio gehigarri hau, lur emankorrenak ekoizpen-kantitate handiagoa ematearen ondoriozkoa denez, lur hori lantzen duten nekazariak ere, beren kontratuak indarrean dauden bitartean profitatuak izango dira, eta gero, berriro ere abantailak lurjabearentzat izango lirateke, errenta gehiago jasoko lukeelako. Nekazariaren irabazien gaineko zerga berdin baten ondorioa, berdina da: diruak balio berdina gordetzen badu, zerga honek lurjabeen diruzko errenta igoarazten du; baina gainontzeko negozioetako irabaziak nekazariarenak bezala zergatzen badira, eta honen ondorioz ondasun guztien prezioak laborearena bezala igotzen badira, orduan, lurjabeak galdu egiten du, bere errenta garestitu diren merkantziak eta laborea erosten gastatuko baitu, eta aldi berean irabazi egiten du, bere errenta igo egin baita. Diruaren balioa igoko balitz, gauza guztien prezioek, kapitalaren irabazien gaineko zergaren ondoren, lehengo mailara erori beharko lukete, eta errenta ere lehen bezalakoa izango litzateke. Lurjabeak diruzko errenta berdina eskuratuko luke, eta errenta horrekin diruzko prezioan lehen erosten zituen merkantzia guztiak lortuko lituzke; honela, nolanahiko baldintzatan ere, lurjabea zergatzeke geratuko litzateke1.
Kasu hau benetan bitxia da. Izan ere, nekazariaren irabaziak zergatzerakoan, bere irabaziak zergatzeke baleude baino karga handiagorik ez diozu ezartzen; eta kasu honetan, lurjabeak interes berezia du bere maizterraren irabaziak zergatuak izan daitezen, baldintza hauek betetzea baita lurjabea zerga ordaintzetik libratzeko modu bakarra.
Kapitalaren irabaziei buruzko zergak kapitalistari berari ere eragingo lioke, merkantzia guztiak zergaren proportzioan igoko balira, nahiz eta bere korbonak zergatzeke jarraitu; baina diruaren balioan aldaketa eman dela eta, merkantzia guztiak ohiko preziora itzuliko balira, kapitalistak ez luke zerga gisa ezer ordainduko; merkantzia guztiak prezio berdinean erosiko lituzke, eta diruzko korbona berdina jasoko luke.
Onartzen badugu ekoizle bakar baten irabaziak zergatu ondoren bere ondasunen prezioa igoko litzatekeela, honela gainontzeko ekoizleen parean jarriz, eta ekoizle biren irabaziak zergatzen badira, bi mota desberdineko merkantzien prezioek igo behar dutela, ez dakit nola eztabaida daitekeen ekoizle guztien irabaziak zergatzen badira merkantzia guztien prezioak igoko liratekeela, kontuan hartzen baldin badugu behintzat, diruz hornitzen gaituen meategia herrialde honetan dagoela eta zergatzeke jarraitzen duela. Baina dirua, edo diru estandarra, atzerritik inportatzen bada, ondasun guztien prezioak ezin litezke igo, zeren eta honelako ondorioa ezin bailiteke diru-kantitate2 gehigarririk gabe eman, eta kantitate hau ezin liteke lortu ondasun garestien truke, 79. orrialdean ikusi denez. Hala ere, igoera hori emango balitz, ezingo luke luze iraun, zeren eta eragin boteretsua izango bailuke kanpo-merkataritzan. Inportatutako merkantzien ordez, merkantzia garesti hauek ezin litezke esporta, eta beraz, denboraldi batean zehar erosten jarraituko genuke, nahiz eta salmentak bertan behera geratu; eta dirua zein urrea esportatu beharko genuke, merkantzien prezio erlatiboak lehengoen antzekoak izan arte. Guztiz ziurra deritzot irabazien gain ongi araututako zerga batek, bertako zein atzerriko merkantziak, zerga hori ezarri baino lehenago zuten diruzko prezio berdinera eramango lituzkeela defenditzeari.
Lehengaiei buruzko zergek, hamarrenek, alokairuen gaineko zergek eta langilearen oinarrizko ondasunen gainekoek, alokairuak igo, eta beraz, irabaziak gutxituko dituzte, eta guztiak ondorio berdinak lagunduta burutuko dira, nahiz eta ondorio hauek maila desberdinetakoak izan.
Bertako ekoizpena hobetzen duen makineri aurkikuntzak, beti, diruaren balio erlatiboa igoarazteko joera sortzen du, eta beraz, bere inportazioa sustatu egiten du. Zerga guztiek, nekazaritza zein industriako gastu-igoera guztiek bezala, aldiz, diruaren balio erlatiboa gutxiarazteko joera sortzen dute, eta beraz, bere esportazioa sustatu egiten dute.