XXII. Kapitulua
Esportaziorako sariak eta inportaziorako debekuak
Laborearen esportazioari buruzko sari batek honen prezioa apalarazten du atzerritar kontsumitzailearentzat, baina ez du inolako ondorio iraunkorrik barne-merkatuko prezioan.
Demagun kapitalaren ohiko irabazi orokorrak emateko Ingalaterran laurden labore bakoitzaren prezioa 4£koa dela; orduan ez litzateke esportatuko atzerrian laurden bakoitza 3£ 15s.n salduko balitz. Baina esportatzen den laurden bakoitzeko 10s.ko saria emango balitz, atzerriko merkatuan 3£ 10s.n sal liteke, eta ondorioz, irabazi berdina eskuratuko luke nekazariak atzerrian 3£ 10s.n salduta edo barne-merkatuan 4£n.
Beraz, sari batek britainiar laborearen prezioa atzerrian duen ekoizpen-kostutik behera jaitsaraziko balu, britainiar laborearen eskaria gehitu egingo litzateke eta herrialde horretakoa murriztu. Britainiar laborearen eskari gehigarri honek ezin lezake ekidin, denboraldi batez, nazio-merkatuan laborea garestitzea, ez eta atzerriko merkatuan prezioak jaistea, sariak jaitsaraziko zituen adina. Baina Ingalaterrako laborearen merkatu-prezioa eragingo luketen zergatiek ez lukete inolako ondoriorik sortuko bere prezio naturalean edo bere ekoizpen-kostuan. Laborea lantzeko ez litzateke ez lan gehiago, ez kapital gehiago beharko; ondorioz, lehen nekazariaren kapitalaren irabaziak eta beste jardueratako kapitalaren irabaziak berdinak baziren, laborea nabarmenki garestitu ostean, hauen gainetik ipiniko dira. Nekazariaren kapitalaren irabaziak igoarazten dituenez, sariaren eragina nekazaritza bizkortzea izango da, eta kapitala industriatik erretiratu egingo da eta lurrean enplegatu, kanpo-merkatuko eskari berri guztia hornituta geratu arte; orduan, barne-merkatuan laborearen prezioa bere prezio natural eta beharrezkora arte erori egingo da, eta irabaziak beren maila arrunt eta ohikora jaitsiko dira. Laborearen eskaintza gehituak kanpo-merkatuan eragina izango du, eta ondorioz, esportatzen den herrialdean laborea merketu egingo da, eta beraz, esportatzailearen irabaziak bera konforme geratuko deneko maila apaleneraino jaitsiko dira.
Esportazioen gaineko sariaren azken ondorioa, beraz, ez da barne-merkatuan laborearen prezioa igotzea edo jaistea, baizik eta kanpo-merkatuan laborea merkeago izatea, sariaren maila guztian, baldin eta lehen barne-merkatuan kanpo-merkatuan baino merkeago bazen; eta sariaren maila apalagoan, barne-merkatuan atzerrian baino garestiago bazen.
Edinburgh Review-ren bosgarren bolumenean, idazle batek, esportazioen gaineko sariei buruz ari dela, gardenki azpimarratu ditu sari honek kanpo- eta barne-eskarian dituen ondorioak. Zuhurki azpimarratu du ere honelako neurriek ez luketela huts egingo esportatzailearen herriko nekazaritza bizkortzen; baina Adam Smith galarazi duen akats berdina egin du, akats hau errotik sartuta baitago gai honetaz idatzi duten idazleen artean. Laborearen prezioak, azken finean, alokairuak erregulatzen ditu, eta beraz, suposatzen du gainontzeko merkantzien prezioa ere erregulatuko duela. Dioenez, sari batek "nekazariaren irabaziak igoarazten ditu eta lurra lantzeko pizgarria izango da; herrialdeko kontsumitzaileen laborea garestitu egingo da, eta ondorioz, oinarrizko ondasun hau kontsumitzeko ahalmena, aldi batean bederen, gutxitu egingo da, eta honela urritu egingo da ere bere aberastasun erreala. Begi-bistakoa da, hala ere, azken ondorio hau behin-behinekoa dela: langile kontsumitzaileen alokairuak, lehiaketak lehenago doitu zituen, eta printzipio berdinak doituko ditu berriro tasa berdinera; izan ere, eskulanaren diruzko prezioa igoaraziko du eta honen bidez, gainontzeko merkantziena, laborearen diruzko preziora iritsi arte. Esportazioen gaineko sariak, beraz, laborearen diruzko prezioa igoaraziko du barne-merkatuan; hau ez da zuzenki izaten, baizik eta kanpo-merkatuan eskaria hazi delako, eta ondorioz, bertan prezio errealaren hazkundea ematen da: diruzko prezioaren igoera hau, beste merkantziei komunikatu ostean, behin-betiko bihurtuko da".
Hala ere, frogatu ahal izan badut langilearen diruzko alokairuen igoerak ez duela merkantzien prezioa igotzen, eta aitzitik, igoera hauek, beti, irabaziei eragiten dietela; ondoriozta daiteke merkantzien prezioak ez direla sari horren eraginez igoko.
Baina, kanpo-eskaerak sortutako laborearen behin-behineko prezio-igoerak, ez du ondoriorik izango lanaren diruzko prezioan. Laborearen igoera, lehen bakarrik barne-merkatura zuzenduta zegoen eskaintzarekiko lehiaketak sortzen du. Nekazaritzan kapital gehigarria enplegatzen da, eta irabaziak igotzean, eskaintza gehituta erdiesten dugu; baina hori lortu artean, kontsumoa eskaintzari egokitzeko, prezioa derrigorrez garaituko da, eta hori alokairuen igoerak orekatuko luke. Laborearen igoera bere eskasiaren ondorioa da, eta honek barne-erosleen eskaria jaitsarazten du. Alokairuak igoko balira, lehiaketa gehituko litzateke, eta beraz, laborea garestitu beharko litzateke. Sarien ondorioei buruzko aurkezpen honetan, suposatu da ez dela ezer gertatu laborearen prezio naturala igotzeko, nahiz azken finean hau izan, merkatu-prezioa erregulatzen duena; hori dela eta, ez da ezertarako kontuan hartu eskulan gehigarria behar dela lurrean ekoizpen zehatz bat ziurtatzeko; eta honek bere prezio naturala igoaraz dezake, besterik ez. Ehunaren prezio naturala yardako 20s. balitz, kanpotik ondasun honen eskaria asko gehitu ondoren bere prezioa 25s.ra edo gehiagora igoaraz liteke; honela gertatuz gero, ehungilearen irabaziak altuak izango lirateke eta kapitala erakarriko luke; nahiz eta eskaria bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztu, eskaintza beti lotuko litzaioke, eta ondorioz, ehuna bere prezio naturalera eroriko litzateke, hau da, 20s.ra. Honela, nahiz urtero laborearen eskaintzatik 200.000, 300.000, edo 800.000 laurden esportatu, hori guztia bere prezio naturalean ekoiztuko litzateke, eta hau ez da inoiz aldatzen, berau ekoizteko lan-kantitate desberdina behar ez bada behintzat.
Agian, hau da Adam Smithen lan ospetsuan gehien kritika daitekeen zatia, sariaz dioena guztiz eztabaidagarria baita. Lehenbizikoz esaten du, laborearen ekoizpena ezin daitekeela gehi, esportazioari saria ipini zaiolako; suposatzen du benetan ekoiztutako kantitatearen gain besterik ez duela eragiten, eta ez dagoela gehiago ekoizteko pizgarririk. "Urte oparoetan", dio, "sariak aparteko esportazioa kausatzen du eta barne-merkatuan laborearen prezioa garesti mantenarazten du derrigorrez, hain zuzen ere, bere prezio naturala izango zenaren gainetik. Eskasiko urteetan, normalki sari hori bertan behera geratzen bada ere, urte oparoetan sortarazten duen esportazio ugariak, sarritan eragotzi egiten du oparotasunak eskasia berdin dezan. Beraz, bietan, hau da, urte oparo eta urrietan, sariak derrigorrez igoarazten du gariaren diruzko prezioa barne-merkatuan, bestela izango lukeena baino zertxobait goraxeagora"1.
Badirudi Adam Smith ohartzen dela, bere argudioaren zuzentasuna, ondokoa betetzearen araberakoa dela, alegia, "laborearen diruzko prezioak, nekazariarentzat merkantzia hori errentagarriago bihurtzen denez gero, ez luke derrigorrez bere ekoizpena adoretuko".
"Nik erantzuten dut", dio, "hau hala gertatuko litzatekeela, baldin eta sariaren ondorioa laborearen prezio erreala igoaraztea balitz, edota nekazaria gaitzea lehengo labore-kopuru berdinarekin, langile-kopuru handiagoa manten dezan, bere auzoko beste langileak ugaritasun-, moderatu- edo urritasun-egoeran badaude ere".
Langileak laborea besterik ez balu kontsumituko eta bizirauteko lortzen duena beharko lukeen zati txikiena balitz, suposa liteke langileari ordaindutako kopurua inola ere ezin murriztuko litzatekeela, baina lanaren diruzko alokairuak, batzuetan, ez dira erabat igotzen, eta inoiz ez dira igotzen laborearen diruzko prezioaren gorakadaren proportzioan; izan ere, laborea, zati garrantzitsua izan arren, langileak kontsumitzen duenaren zati bat besterik ez baita. Alokairuen erdia laborean gastatuko balitz eta beste erdia igoerarik ez duten xaboi, beroki, te, azukre, arropa eta abarretan, begi-bistakoa da langile hori, bushelak 16s.ko kostua duenean, bushel bat eta gari erdiarekin, 2 bushelekin bezain ongi ordainduta egongo litzatekeela, honen prezioa 8s. denean; edo diruzko 24s.rekin, lehengo 16s.ren ordez. Bere alokairuak, ehuneko 50 besterik ez dira igoko, nahiz laboreak ehuneko ehun igo; eta beraz, nahikoa arrazoi egongo litzateke kapitala lurra lantzera bidera dadin, gainontzeko jardueratako irabaziek lehen bezalakoak izaten jarraitzen badute behintzat. Baina honelako alokairu-igoerak fabrikatzaileak beren kapitalak industriatik erretiratu eta lurrean enplegatzera bultzatuko lituzke; zeren eta, nekazariak bere prezioa ehuneko ehun gehitzen badu eta bere alokairuak ehuneko 50 besterik ez, fabrikatzailea ere behartuta egongo bailitzateke alokairuak ehuneko 50 igotzera, beronek ez badu ere alokairuen igoera hori konpentsatuko, ezin baititzake sar ekoizpeneko gastu gehigarri hauek bere merkantzien prezioan; kapitala, beraz, industriatik nekazaritzara joango litzateke, eskaintzak bushel bakoitzaren prezioa, berriro, 8s.ra jaitsarazi arte eta alokairuak asteko 16s.ra; fabrikatzaileak nekazariaren irabaziak berdinduko lituzke, eta kapitalak nekazaritzarako bidea utziko luke. Orduan, alde batera edo bestera higitzeari utziko lioke. Hau da laborearen lantzea hedatzeko modua eta, aldi berean, merkatuko beharrizan hazkorrak asetzeko era. Langileak mantentzeko fondoak gehitu egiten dira eta alokairuak igo. Langilearen egoera lasaiak ezkontzera bultzatzen du, populazioa hazi egiten da eta laborearen eskariak beronen prezioa, gainontzeko ondasunenarekin alderatuta, igoarazi egiten du; nekazaritzan kapital gehiago enplegatzen da ekoizkorki eta joera horrek, eskaintzak eskaria berdindu artean jarraitzen du; orduan, prezioa berriro erori egiten da eta nekazaritza eta industriako irabaziak maila berdinera iristen dira.
Baina hemen aztertzen ari garen arazoari dagokionez, ez du garrantzirik laborearen prezioa igo ostean alokairuak egonkorrak irauteak, igoera hori apala edo egundokoa izan arren, alokairuak, azken finean, nekazariak zein fabrikatzaileak ordaintzen baitituzte; beraz, laborearen prezio igoerak biei berdin eragingo die. Irabaziei dagokienean ordea, biei modu desberdinez eragingo die, nekazariak bere merkantzia prezio garaiago batean saltzen duen bitartean, fabrikatzaileak aurreko prezio berdinean egiten baitu. Irabazi desberdinek mugiarazten dute kapitala enplegu batetik beste batera; eta kasu honetan, labore gehiago eta merkantzia gutxiago ekoiztuko litzateke. Manufakturak ez lirateke garestituko gutxiago ekoiztu direlako, berauen eskaintza berdina lortuko bailitzateke esportatutako laborearen truke.
Sari batek laborearen prezioa igoarazten badu, beste merkantzien prezioarekiko egiten du, edo ez du egiten. Egiten baldin badu, ezinezkoa da ukatzea nekazariak irabazi handiagoak erdietsiko dituela eta kapitala nekazaritzara joango dela, bere prezioa, eskaintza ugaritu delako, berriro jaitsi arte. Ez bada beste merkantziekiko igotzen ordea, zerga ordaintzeaz gain, non dago barne-kontsumitzaileari egiten zaion kaltea? Fabrikatzaileak laborea garestiago ordaintzen badu, bere merkantziak garestiago salduta konpentsatuko du, azken finean, bere laborea hauekin erosten baitu.
Adam Smithen akatsak eta Edinburgh Review-ko artikuluaren egileak egindakoak, jatorri berdina dute: Bien ustetan "laborearen diruzko prezioak erregulatzen ditu herrialdean egiten diren merkantzia guztienak2". Adam Smithek dioenez "horrek erregulatzen du lanaren diruzko prezioa, zeinek beti nahikoa izan behar duen bera eta bere familia egoera lasai, moderatu edo urritasunezkoan mantentzeko, hain zuzen ere, gizartearen bilakaera aurrerakor, egonkor edo atzerakorrak ugazabei hori mantentzea behartzen dien heinean. Lehengaiak dituen zati guztien diruzko prezioa erregulatzen duenez, ia merkantzia guztien materialena erregulatuko du. Lanaren diruzko prezioa erregulatzen badu, beronek erregulatuko du arte manufakturatu eta industrialena; eta biak erregulatzen baditu, manufaktura guztiena ere egingo du. Lanaren diruzko prezioak, eta lurraren edo lanaren ekoizkina den guztiarenak, derrigorrez igo edo laborearen diruzko prezioaren proportzioan jaitsi behar du".
Lehenago saiatu naiz Adam Smithen iritzi hau gezurtatzen. Merkantzien prezio-igoera laborearen prezio-igoeraren ondoriotzat hartzen bada, gorakada horri aurre egiteko beste fondorik ez bailegoen pentsatzen duelako da. Irabaziak ez ditu aintzakotzat hartzen, hauen murrizketak fondo hori osatzen badu ere, merkantziak garestitzeke. Smith doktorearen iritzi hau ondo oinarrituta balego, irabaziak ez lirateke benetan inoiz jaitsiko, edozein izanda ere kapital-metaketa. Alokairuak igotzean, nekazariak bere laborearen prezioa igo badezake, eta proportzio berdinean igo baditzakete ere beren merkantzien prezioak ehungileak, kapelagileak, oinetakogileak eta gainontzeko fabrikatzaileek, nahiz dirutan zenbatetsitako prezioak igo, beren arteko erlazioak berdina izaten jarraituko luke. Industria bakoitzak besteetatik lehen adina ondasun-kopuru izaten jarrai lezake, eta ondasunak direnez -eta ez dirua-, aberastasuna osatzen dute, beraz, ez lirateke kezkatuko, aberastasuna baita axola zaien gauza bakarra. Aitzitik, lehengai eta ondasunen prezio-igoera kaltegarria izango da jabetza guztia besterik gabe urrez eta zilarrez osatuta duten pertsonentzat, edo urteroko sarrerak metal hauen kopuru batean dituztenentzat, lingotetan nahiz dirutan ordainduak izan. Demagun diruaren erabilpena erabat baztertzen dela eta merkataritza guztia trukean burutzen dela. Honelako baldintzetan, laborea igo al liteke beste ondasunekiko ganbio-balioan? Hau honela bada, ez da egia laborearen balioak gainontzeko merkantzia guztiena erregulatzen duenik, bestela ez bailuke haiekiko balio erlatiboaren arabera aldatu beharko. Eta hala balitz, nahiz laborea lur aberats edo txiroan, lan ugari edo gutxirekin, makineriaren laguntzarekin edo gabe, hauetako edozein baldintzetan erdietsita ere, beti gainontzeko merkantzi kantitate berdinarekin ganbiatu beharko litzateke.
Bidenabar, Adam Smithen doktrina orokorra hemen aipatu dudanarekin bat datorren arren, ezin dezaket azpimarratzeke utzi, bere lanaren zati batean balioaren izaerari buruz erantzun zuzena ematen duela dirudiela. "Urre eta zilar, eta beste edozein ondasunen balioaren arteko erlazioa, KASU GUZTIETAN, urre- eta zilar-kopururen bat merkaturaino eramateko behar den lan-kantitatearen, eta beste mota bateko ondasun-kopuru bat leku horretaraino eramateko behar denaren arteko proportzioaren MENPE dagoela" dio. Ez al du hemen erabat berresten, merkantzi mota batek merkaturaino eramateko lan-kantitate gehiago behar badu, beste batekin honela gertatzen ez den bitartean, lehenaren balio erlatiboa igo egingo dela? Lehen baino lan gehiago ez baldin balu beharko ehunak edo urreak merkaturaino eramateko, bien arteko balio erlatiboa ez da aldatuko; baino lan gehiago behar baldin balute laboreak eta oinetakoek merkaturaino eramateko, ez al dira balio erlatiboan laborea eta oinetakoak igoko ehun eta urrezko monetarekiko?
Adam Smithek kontsideratzen du sari batek diruaren balioan desbalioztatze partziala dakarrela: "Honelako desbalioztapena zilarraren balioan, meategien emankortasunetik dator, eta beraz, berorren ondorioa da; berdinki edo antza handiarekin ematen da munduko merkataritza gehienetan, baina afera honek garrantzi gutxiko ondorioak ditu edozein herrialde zehatzetan; ondorioz sortzen den diruzko prezio guztien igoerak, nahiz diru hori hartzen duten guztiak ez diren aberasten, ez dira ere txiroago bihurtzen. Zilarrezko zerbitzuak benetan merkeago egiten dira, eta gainontzeko guztiek lehengo balio erreal berdinari eusten diote". Baieztapen hau guztiz zuzena da.
"Baina egoera edo herrialde berezi bateko erakunde politikoen ondorioz sortzen den zilarraren desbalioztapen hura, herrialde horretan beste inon ez da gertatzen, eta ondorio handiko gaia da, zeren eta bakarren bat benetan aberastu ordez, guztiok txiroago bihurtzen baikaitu. Merkantzia guztien diruzko prezio-igoera, hain zuzen, herrialde horrek duen berezitasuna da, eta maila desberdinetan bada ere, bertan dauden industri mota guztiak adoregabetu egingo ditu; atzerritar nazioek erraztasunak aurkituko dituzte, ia merkantzia guztiak bertako langileek ekoiztuko lituzketen baino zilar-kantitate gutxiagorekin hornituko dituztelako, bai atzerritar merkatuetan, baita barne-merkatuan ere beren prezioaren azpitik salduko baitira".
Lan honen beste alderdi batean frogatzen saiatu naiz diruak daukan balioaren desbalioztapen partzial batek, zeinek nekazal ekoizpen eta fabrikatutako merkantziak eragiten dituen, ziur aski ezin dezakeela luze iraun. Dirua partzialki desbalioztatuta dagoela esatea, nolabait ere, merkantzia guztiek prezio garaia dutela esatea da; baina urreak eta zilarrak merkatu merkeenean erosketak egiteko askatasuna dutenean, beste herrialdeetara esportatu egingo dira ondasun merkeagoekin ganbia daitezen; herrialdean bertan, beren kopurua gutxitu ahala beren balioa igo egingo da; merkantziek beren ohiko maila berreskuratuko dute, eta atzerritar merkatuetarako egokiak direnak, lehen bezala, esportatu egingo dira.
Nire ustez beraz, ezin daiteke sari bat ikuspegi honetatik objekta.
Beraz, sari batek laborearen prezioa igoarazten badu beste ondasun guztiekin alderatuta, nekazaria profitatu egingo du eta lur gehiago landuko da; baina sariak ez badu erlatiboki laborearen balioa gainontzeko ondasun guztien balioarekiko igoarazten, saria ordaintzeak suposatzen duenez gain, ez du beste kalterik sortuko; eta hau ez dut inola ere ez ukatzen.
Smith doktoreak dioenez "laborearen inportazioaren gain tarifa handiak ipintzen badira eta esportazioari sariak ezartzen bazaizkio, lurjabeek industriarien jokaera imitatzen omen dute". Biak, bitarteko berdinen bidez beren merkantzien balioa igotzen saiatuko dira. "Agian beraiek ez zuten kontuan hartu naturak labore eta ia gainontzeko ondasun-mota guztien artean ezarri duen diferentzia handia eta oinarrizkoa. Lehen aipatu diren bi bitarteko horietatik bata edo bestea enplegatzen denean, geure industriariek, beste era batera erdietsiko luketena baino prezio garaiagoan sal ditzakete beren ondasunak. Horretarako, ondasun horien prezio nominalaz gain, beren prezio erreala ere igoarazten da. Ez dira irabazi nominalak igotzen diren bakarrak, baita irabazi errealak ere, hau da, industriari hauen aberastasuna eta errenta; benetan adoretuta geratzen dira industriari hauek. Baina honelako erakundeen bidez, laborearen diruzko prezioa edo prezio nominala igotzen bada, ez da bere balio erreala igotzen, ez da nekazari edo lurjabeen aberastasun erreala handitzen; ez da laborearen lanketa adoretzen. Naturak laboreari balio erreala atxiki dio, eta nahiz bere diruzko prezio aldatu, balio hark ezin dezake gora-beherarik izan. Mundu osoan zehar orokorki, balio horrek, berak manten dezakeen eskulan-kantitatearena berdintzen du".
Jadanik frogatzen saiatu naiz, sari baten ondorioz eskaria gehitzen denean, laborearen merkatu-prezioak bere prezio naturala gainditzen duela, harik eta eskaintza gehigarria lortu arte, eta behin honek eskaria berdintzen duela, prezio hori bere prezio naturalera erortzen dela. Baina laborearen prezio naturala ez da merkantzien prezio naturala bezain finkoa, zeren eta eskari gehigarria arras handia denean kalitate kaskarragoko lurra lantzen ipini behar denez, eta beraz, kantitate jakin bat ekoizteko eskulan gehiago beharko denez, laborearen prezio naturala igo egingo baita. Beraz, laborearen esportazioari buruzko sari jarraia ematen bada, bere prezioak gora egiteko joera sortuko litzateke eta honek, jadanik demostratu dudanez3, ez du inoiz hutsik egiten, beti altxatzen baitu errenta. Lurjabeek, beraz, laborea inportatzeko debekua behin-behinekoa izan beharrean, behin-betikoa izateko interesa edukiko dute; gauza bera nahi izango dute beren esportazioekiko sariak emateari buruz. Baina industriariek ez dute nahi merkantzien inportazioekiko zerga garaiak iraunkorrak izatea, ezta merkantzien esportazioekiko sariak ere; berauen interesa behin-behinekoa da.
Smith doktoreak dioenez, merkantzien esportazioei buruzko sari batek, zalantzarik gabe, denboraldi batez merkantzien merkatu-prezioa igoarazi egingo du, baina ez du bere prezio naturala igoaraziko. 200 gizakien lanak 100 langilerenak baino bi halako ekoiztuko du; beraz, egoki diren merkantziak hornitzeko behar den kapital-kantitatea enplegatzen denean, merkantzia hauek, berriro ere, beren prezio naturalera eroriko lirateke, eta merkatu-prezio garaiak dituen abantaila guztiak bertan behera geratuko lirateke. Haatik, merkatu-prezioaren gorakadari jarraitzen dion tartean, eta eskaintza gehigarria eratu artean, une honetan besterik ez dituzte eskuratuko industriariek irabazi garaiak; prezioak jaitsi bezain azkar, ordea, beren irabaziak maila orokorrera erori egingo lirateke.
Beraz, Adam Smithekin bat etorri ordez, alegia, industriariek fabrikatutako ondasunak debekatzeko duten adina interes ez dutela lurjabeek labore-inportazioa debekatzeko; horren aurrean nik, lurjabeek interes handiagoa dutela sostengatzen dut, zeren eta beren abantaila iraunkorra baita, eta industriariena aldiz, behin-behinekoa. Smith doktoreak adierazten duenez, Naturak diferentzia handia eta oinarrizkoa ezarri du labore eta gainontzeko ondasunen artean, baina egoera horretatik ondorioztatu beharrekoa, berak ateratzen duenaren alderantzizkoa da; izan ere, egoera honen ondorioz sortzen da errenta, eta lurjabeak beraz, interesa dauka laborearen prezio naturalak gora egin dezan. Industriariaren interesa lurjabearen interesarekin alderatu ordez, Smith doktoreak nekazariaren interesarekin erkatu behar zuen, eta honena erabat bereizten da lurjabearenetik. Industriariek ez dute interesik beren merkantzien prezio naturala igo dadin, ezta nekazariek ere laborearen edo beste edozein lehengairen prezio naturala igotzearena, nahiz eta bi klase hauek merkatu-prezioa prezio naturalaren gainetik dagoenean profitatzen diren. Alderantziz, lurjabeek berebiziko interesa dute laborearen prezio naturalak gora egin dezan; zeren eta errentaren igoera, lehengaia ekoizteko dagoen zailtasunaren derrigorrezko ondorioa baita, eta zailtasun hori gabe, bere prezio naturala ezin liteke igo. Dena den, esportazioei buruzko sariek eta laborea inportatzeko debekuek eskaria handitu eta lur kaskarragoak lantzera bultzatzen dutenez, neurri hauek guztiek, derrigorrez, labore-ekoizpena zaildu egiten dute.
Manufakturatutako ondasunen zein laborearen inportazioei buruzko zerga garaiek, edo esportazioei buruzko sariek sortzen duten ondorio bakarra, kapitalaren zati bat, bere kabuz joango ez litzatekeen enplegura eramatea da. Honek gizarteko fondoen banaketa kaltegarria kausatzen du: industriaria mozkin urriagoak dauden enpleguan hastea edo jarraitzea behartzen du. Zergatze-mota txarrena da, zeren eta ez baitio kanpo-herrialdeari ematen, bere herrialdetik hartzen den guztiaren ordaina, eta galera-balantzari, kapital orokorraren banaketa desabantailatsuagoa ere erantsi behar litzaioke. Haatik, laborearen prezioa Ingalaterran 4£koa bada eta Frantzian 3£ 15s.koa, 10 s.ko sari batek, azken finean, Frantzian 3£ 10s.ra jaitsiko du, eta 4£n mantendu Ingalaterran. Esportatzen den laurden bakoitzeko Ingalaterrak 10s.ko zerga bat ordaintzen du. Frantziak inportatzen duen laurden bakoitzeko 5s. besterik ez ditu; horregatik, esportatzen den laurden bakoitzarekin 5s. guztiz galtzen dira munduan, hain zuzen ere, fondoen banaketa egokia ez delako; fondoen banaketa desegokiak, ekoizpena urriaraziko du, laborearena ziurrenik ez, bai ordea beste oinarrizko ondasun batena edo gozamenarena.
Badirudi Buchanan jaunak Adam Smithek sariei buruz dituen argudioen hutsuneak ikusi dituela, eta aipatu dudan azken pasarteaz azpimarratze zuhurrak egiten ditu: "Naturak laboreari balio erreala -bere diruzko balioa aldatu ostean aldatzeke geratzen den balioa- atxiki diola berresten duenean, Adam Smithek erabiltzeko balioa ganbio-balioarekin nahasten du. Bushel bat garik ez du jende gehiago elikatuko urritasun-garaietan oparotasun-garaietan baino; baina bushel bat gariren truke luxuzko ondasun eta tresna gehiago emango dira urritasun-garaietan oparotasunekoetan baino; elikagai-soberakina duten lurjabeak, beraz, urritasun-garaietan aberatsagoak izango dira, beren soberakina balio handiagoko gozamenekin ganbiatuko baitute laborea ugariagoa denean baino. Alferrik argudiatzea da, beraz, sariak laborearen esportazioa behartzen badu, berarekin batera prezio-igoera erreala ere kausatuko ez duela". Buchanan jaunak zati honetan azaltzen dituen sariei buruzko argudio guztiak gardenak eta onargarriak iruditzen zaizkit.
Nire ustez, hala ere, eskulanaren prezioaren igoerak fabrikatutako merkantzien gainean duen eraginari buruz Buchanan jaunak dituen iritziak, ez dira Smith doktoreak edo Edinburgh Review-ko idazleek dituztenak baino zuzenagoak. Jaun horrek duen ikuspegi berezitik -jadanik beste leku batean ohartarazi dudana-, uste du lanaren prezioak ez duela laborearen prezioarekiko loturarik, eta beraz, laborearen prezio erreala igo litekeela edo igoko litzatekeela lanaren prezioa afektatzeke; baina, eskulanari eragingo balio, honek, Adam Smithek eta Edinburgh Review-ko idazleek bezala, fabrikatutako merkantzien prezioa ere igoko litzatekeela mantenduko luke; nik ez dut ikusten ordea, nola bereiziko lukeen laborearen igoera hau, diruak duen balioaren beherakadatik, edo nola hel litekeen Smith doktorea iristen ez den beste ondorio batera. Wealth of Nations-en I. bolumenaren 276. orrialdeari egiten dion ohar batean, Buchanan jaunak hauxe dio: "Baina laborearen prezioak ez du erregulatzen lurreko beste ekoizkin gordin guztien diruzko prezioa. Ez du metalena erregulatzen, ezta beste ondasun baliagarriena ere, hala nola ikatzarena, egurrarena, harriena eta abarrena; eskulanaren prezioa erregulatzen ez duenez, merkantzien prezioa ere ez du egiten; hortaz, saria, laborearen prezioa igotzen duenez, zalantzarik gabe, nekazarientzat benetan onuragarria da. Beraz, politika hau ez da arlo honen inguruan eztabaidatu behar. Onartu behar da laborearen prezio-igoera horrek nekazaritza zuzpertzen duela, eta orduan galdera hau sortzen zaigu, ea nekazaritza era honetan adoretu behar den". Buchanan jaunak dioenaren arabera, beraz, nekazariarentzat irabazi erreala da eskulanaren prezioa igoarazten ez duelako; baina honela egingo balu, proportzioan beste ondasun guztien prezioa igoaraziko luke, eta beraz, ez litzateke, inola ere, nekazaritza adoretzeko interes berezirik egongo.
Hala ere, onartu behar da edozein merkantziaren esportazioei buruzko sariak sortzen duen joera, diruaren balioa zertxobait jaitsaraztea dela. Esportazioa errazten duen edozerk, herrialdean dirua metarazi egiten du; eta alderantziz, hau da, esportazioa eragozten duen edozein neurrik, metaketa hori murriztu egiten du. Zergatzearen ondorio orokorra, zergatutako merkantzien prezioa igoaraztea da, eta horrek esportazioa murrizteko joera sortzen du: diru-sarrera geldiarazi egiten du; printzipio berdinaren arabera, sari batek diru-sarrera bizkortzen du. Hau guztia, xehetasun handiagoz azaltzen da zergatzea adierazten den ohar orokorretan.
Smith doktoreak xehetasun guztiekin azaldu dizkigu sistema merkantilistaren ondorio kaltegarriak; izan ere, sistema horren xede bakarra barne-merkatuan merkantzien prezioa igoaraztea zen eta horretarako kanpo-lehiaketa debekatzen zen; baina sistema horrek ez zion komunitateko nekazal klaseari beste edozein klaseri baino kalte gutxiago egiten. Kapitala behartzen bada ohikoak ez liratekeen bideetatik ibiltzera, ekoiztutako merkantzi kopurua murriztu egingo litzateke. Prezioa iraunkorki altua izatea, ez zen eskasiaren ondoriozkoa, baizik eta ekoizpen-zailtasunak eragindakoa; beraz, saltzaileek beren merkantziak garestiago saldu arren, merkantzia hauen ekoizpenean behar zen kapitala enplegatu ondoren, ez zituzten irabazi altuagoak lortzen4.
Fabrikatzaile hauek, kontsumitzaile gisa, merkantzia horiengatik prezio gehigarri bat ordaindu behar zuten, eta beraz, ezin daiteke erabat zuzenki esan, "biengatik ematen den prezio-igoera (kanpo-merkantziak inportatzeagatiko zerga garaiak eta korporazio-legeak), azken batean eta leku guztietan, herrialde horretako lurjabeek, nekazariek eta langileek ordaintzen dutela".
Derrigorrezkoa da hau azpimarratzea, zeren gaur egun herrialdeko lurjabeek Adam Smithek duen autoritatea aipatu egiten baitute kanpotik inportatzen den laborearen zerga altuak justifikatzeko. Ekoizpen-kostua, eta beraz, fabrikatutako merkantzia batzuen prezioak igo egiten dira kontsumitzailearentzat legeri oker hau dela eta; justizia eta zuzentasunaren izenean, herrialdeari, txintik esan gabe exakzio berriak onar ditzan eskatu zaio. Guk, guztiok, prezio gehigarria ordaindu behar dugunez geure harizko oihal, muselin eta kotoiarengatik, pentsatzen dugu zuzena dela ere prezio gehigarri bat ordaindu behar izatea geure laborearengatik. Munduko lanaren banaketa orokorra dela eta, geure lanaren zatiak fabrikatutako merkantziekin elkarganbioan ekoizpen-kopuru handiena erdiets dezagun eragoztea lortu dugunez, horregatik, aurrera begira, lehengaien hornikuntzan lan orokorrak duen ekoizkor ahalmena urritzearen zigorra jaso beharko genuke. Askoz ere zuzenagoa izango litzateke, politika oker batek sorrarazten dituen erroreak zeintzuk diren jakitea, eta lehenbailehen merkataritza librearen printzipioetara itzultzen hastea5.
"Jadanik aukera izan dut azpimarratzeko", dio Say jaunak, "merkataritzako balantza izen desegoki hau duenari buruz mintzatu naizenean, merkatariarentzat beste edozein ondasun baino interesgarriagoa baldin bada metal bitxiak esportatzea beste herrialde batera, estatuarentzat ere interesgarriagoa izango da metal horiek esportatzea, honek irabazi edo galdu, bere hiritarrek egiten dutenaren arabera egiten baitu; eta kanpo-merkataritzari dagokionez, gizabanakoentzat egokiena dena, estatuarentzat ere egokiena izango da. Beraz, metal bitxien esportazioari gizabanakoek ipintzen dizkioten oztopoak direla eta, egiten duen gauza bakarra, metal hauek gizabanakoentzat eta estatuarentzat hain profitagarriak ez diren merkantziekin ordezkatu beharra izatea da. Azpimarratu behar da nik kanpo-merkataritza besterik ez dudala aipatzen; zeren eta merkatariek beren herrikideekin egindako transakzioen bidez lortzen dituzten irabaziak, koloniekin merkataritza esklusiboa dutelako erdiesten dituztenak bezalaxe, ez baitira estatuarentzat erabateko irabaziak. Herrialde bateko herrikideen artean egiten den merkataritzan lortzen den irabazi bakarra, baliagarritasunak sortzen du; que la valeur d’une utilité produite"6 I. bol., 401. orr. Nik ezin dezaket hemen ikus, kanpo- eta barne-merkataritzako irabazien artean egin den berezitasuna. Izan ere, merkataritza guztiaren xedea ekoizpena gehitzea da. Upel bat ardo erosteko, 100 eguneko lanaren bidez lortu diren metal bitxiak esportatzea nire esku balego, baina gobernuak metal horien esportazioa debekatu eta behartu egiten banau ardo hori erosteko 105 eguneko lanaren balioa duen merkantzia eskura dezadan; orduan, bost eguneko lana galdu egiten dut, baita estatuak ere nire bidez. Baina transakzio horiek herrialde bereko probintzia desberdinetako gizabanakoen artekoak badira, abantaila berdina izango litzateke gizabanakoarentzat eta, beronen bidez, estatuarentzat, baldin eta lehenengoa libre lagako bagenu bere erosketak egiteko merkantziak hautatzen; eta desabantaila berdina izango litzateke gizabanako honentzat, gobernuak onura gutxieneko merkantziarekin erostera behartuko balu. Kapital berdinarekin, fabrikatzaile batek ikatza ugari dagoen toki batean, ikatza urriagoa den beste batean baino burdin gehiago landu ahal izango balu, herrialde hori diferentzia horretaz profitatuko litzateke. Baina ikatza inon ez balitz ugaria eta herrialdeak burdina inportatu egingo balu, eta kopuru gehigarri hori kapital eta eskulan berdinarekin ekoiztutako merkantziarekin lortu ahal izango balu, burdin-kopuru gehigarri horrekin industriari horrek herrialdea profitatuko luke. Lan honen seigarren kapituluan frogatzen saiatu naiz merkataritza guztia, barrukoa zein kanpokoa, beti profitagarria dela, ekoizpen-kopurua gehitzen delako, eta ez honen balioa gehitzeagatik. Guk ez dugu balio handiagoa izango, nahiz eta barne- edo kanpo-merkataritza hori profitagarriena izan edo lege debekagarriak ezarri direla eta, abantaila gutxiagorekin konformatu behar izan. Irabazi-tasa eta sortutako balioa berdinak izango dira. Abantaila beti Say jaunak barne-merkataritzari ipintzen dizkion mugekin ebazten da; bi kasuetan ere, irabazi bakarra, baliagarritasun batek sortutako balioa da, hain zuzen ere, la valeur d’une utilité produite.