Estetika brebiarioa/Eranskina: Bi zientzia mundutarrak. Estetika eta Ekonomia

Estetika brebiarioa  (1921)  Benedetto Croce, translated by Koldo Biguri Otxoa de Oribe
Eranskina: Bi zientzia mundutarrak. Estetika eta Ekonomia
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Eranskina: Bi zientzia mundutarrak. Estetika eta Ekonomia

I. Izpiritua eta Zentzua

aldatu

Garai modernoa Ertarotik nahiko nabarmenki bereizten duen ezaugarri bat dugu garai modernoan politikaren eta ekonomiaren bizitzak eta, bere forma guztietan, artearen bizitzak ere hartu duten garrantzia.

Horrekin ez dugu esan nahi Ertaroan ez zegoenik bizitza ekonomiko, politikorik eta artistikorik, ezen, garrantzi handiagoaz edo txikiagoaz mintzatzean, egon egon zirela aitortzen da. Gizaki bakar bat ere bi organo izpiritual horiek gabe bizi ez den bezala, garai bat bera ere ez dago horrela bizi zenik, ezta garai barbaro edo primitiboena ere; eta, arte eta poesia kontuan batez ere, era horretako adierazpen bizien faltarik ez zen egon. Esan eta ohartarazi nahi den gauza bakarra da pisurik handiena ez zitzaiela alderdi horiei ematen, ertaroko gizartearen multzo handian; eta norbaitek, ezer baino lehen, baieztapen honen froga ia intuitiboa nahi badu, nahikoa du begiak zuzentzea gizarte hartatik geratu zaizkigun eraikinei eta eraikin-hondakinei, batez ere Goi Ertarokoei, eliza, monasterio eta gazteluei, eta gonbarazioa egitea herrialde modernoek ematen duten ikuskariarekin: ezin konta ahalekoak dira, hain zuzen ere, lantegiak eta negozioak, bankuak eta burtsak, diputatu-biltzarrak eta ministerio-jauregiak, museoak, pinakotekak, erakustokiak, antzokiak, ikastegiak eta antzekoak. Beste froga bat aurkituko da berehala, besterik gabe kontutan hartzen badugu zer izan ziren Ertaroan poesia, literatura eta artea, gehienetan irakaspenez, ikaskizunez, kontakizunez eta alegoriez beteak, eta oso gutxitan pertsonalak edo lirikoak; edo zer izan zen orduko politika: biziraupen eta defentsa beharrizan funtsezkoei erantzuten ez zienean, munduaz haruntzagoko helburuei begiratzen zien, hortik etorri zirelarik Kristoren hilobia irabazteko gurutzadak eta Elizaren eta Inperioaren arteko akordioak eta liskarrak; edo orduko ekonomia, nagusiki "naturala" zena, industria eta truke gutxikoa. Iraultza bat sortu zen Italiako udalerriek eta errege normando eta suebo handiek herri eta estatu mailako politika bati ekin ziotenean, espreski ongizatea eta kultura bilatzeko asmoz, eta arteak eta merkataritza loratu zirenean eta haien bizitasunak laster lagundu eta batzuetan gainditu ere egin zituenean munduaz haruntzagoko gauzen inguruko ahalegin eta helburuak; azkenik, berez eta izatez modernoagoa zen garai bat iritsi zen, Berpizkunde Aroarekin eta Erreformarekin; bi mugimendu hauek elkarren aurkakoak ziruditen, baina elkarren osagarri ziren, zeren eta Berpizkundeak antzinate greko-erromatarra bilatu eta errealitatea eta izadia aurkitu baitzituen, eta Erreformak, berriz, kristautasun ebanjelikoa bilatu eta pentsamendu librea eta kritika aurkitu baitzituen. Azentu eta erritmo desberdin horiengatik jarraitzen dugu historian ertaroa eta garai modernoa bereizten eta aurrez aurre jartzen, beharrezkoa delako hain zuzen ere desberdintasun horiek nabarmentzearren; izan ere, bereizketa hori berez muga garbiekin egin ezin den arren (historian sekulan ere horrelakorik egin ezin den bezalaxe), eta, are gehiago, ibilbide historiko berberean jarriak eta ukatuak, nabarmenduak eta murriztuak pentsatu behar diren arren, aditzera ematen digute nolako drama handia egon zen giza historian, ertarotik garai modernora igaro zenean, poliki-poliki baina iraultza oso bat eginez. Desberdintasun horiek ezabatzen baditugu edo garrantzia kentzen badiegu, edota haien baloreen kategoriak aldatzen baditugu, ertaroa desagertu egingo da historiatik, edo garai modernoa ertaro bilakatuko da, zentzu txikigarriaz, pobrezia izpiritualez beteriko ertaro bat izatera iritsi arte. Horixe diote, gutxi gora-behera, historialari atzerakoiek eta aszetikoki erlijiosoak diren arimek.

Iharduera politikoa eta ekonomikoa, eta arte-alor desberdinetakoa gero eta ugariagoa izan zen garai modernoko lehen mendeetan, eta horren ondorioz alderdi teorikoan bi pentsamendu berri edo bi diziplina berri sortu ziren: alde batetik, zientzia politiko eta ekonomikoa (hemen, biak batzen dituen batasun filosofiko funtsezkoak hartzen ditugu aintzat), eta bestetik arteari buruzko filosofia edo zientzia estetikoa. Bi zientziak ezezagunak izan ziren, edo ia ezezagunak, ertaroko filosofiarentzat; izan ere, honek, alor praktikoan, Morala baino ez zuen ezagutzen, eta moralaren arabera konpontzen zituen agertzen zitzaizkion arazo politiko eta ekonomikoak, horiek saihestu ezin zituenean; eta, alor teoretikoan, berriz, Logikoa bakarrik ezagutzen zuen, eta poesia eta artea egia santuak zabaldu eta jakinarazteko bide izateraino murrizten zituen. Baina berehala, Berpizkunde Aroa iristean, indarrez azaleratu zen estatuei buruzko zientzia edo Politika, eta gero zuhurtasunaren arteak jarraitu zitzaizkion hurbiletik, eta polikiago Ekonomia, zeinek arau eta lege itxura hartu baitzuen, xviii. mendean batez ere, baina erabateko kontzientzia filosofiko baten mailara heldu gabe; eta zuzenbidea eta morala bereizten hasi zen, eta giza grinak eta haien ondorioz sortzen ziren arazoak hartu ziren ikergai4; bien bitartean, Berpizkunde Aroan bertan, berriro ekin zitzaion poesia, irudi-arteak, arkitektura eta musika kontzeptuak ikertzeari, guztientzako oinarri bera bilatu eta haien sorrera den ahalmena zehaztu nahirik, eta ikerketa hori lehen helburu batera iritsi zen xviii. mendean, printzipio berriaren orijinaltasuna aurkitu ondoren zientzia autonomo bat eratu zenean: zientzia horri Estetika izen berria eman zitzaion. Jakina, hemengoak ez dira, jakintzaren beste esparruetan bezalaxe, behin-betiko finkatzen diren sistema doktrinalak, baizik eta orduan lantzen ziren eta oraindik ere lantzen diren norabideak, orduan bezala gaur ere beharrezko eta emankortzat hartzen direnak.

Zientzia berri hauek izatez antiaszetikoak, antitranszendenteak, mundutarrak eta profanoak izanik, horrelakorik ez zuten ikusi, baieztu edo arrazoitu ere horiek sortzen eta lantzen zituzten izpiritu modernoek, ez eta haien aurka altxatu eta borrokatu zuten izpiritu zaharkitu eta tradiziozaleek ere; azken hauek, gainera, arazorik gabe utzi zieten igarotzen, edota lagundu ere lagundu zieten, garaietako beharrei jarraituz eta baldintzak betez. Kasu bakar batean egon zen horietako baten aurkako, edo horietako baten zati baten aurkako erreakzio, eztabaida gogor edo jazarpena: Politikaren edo "estatu-arrazoia" deritzanaren aurka, hain zuzen; baina horrek ez zuen zuzenean zientzia berria arbuiatu, Machiavellirekin eta machiavellismo delakoarekin hartu zuen forma gordin biluzia baizik. Kasu honetan, gainera, haren aurkakoak ere politikoak izan ziren, gauza zaharrak berriekin eklektikoki adostu nahi izan zituztenak, nahiz eta, horrelako bategiteetan gertatzen den bezala, berria ahuldu ordez, zaharra izan gutxinaka-gutxinaka usteldu eta bertan behera gelditzen dena. Gogora dezagun, gainera, jesulagun antimakiavelikoak, Eliza katolikoa bide modernoekin defenditzen zutenak, machiavellismoaz jabetu zirela, eta haren sortzaileak berak eraman ez zuen lekuraino eraman zutela, moral hutsaren alorrera. Halaber, jesulagunek nolabait lagundu ere egin zuten estetika modernoa sortzen, erretorika humanistikorako beren eskoletan, zentzukoiari, irudimentsuari, fantasiari, injeinu edo jeinuari buruz eta zentzuen epai edo gustu onari buruz proposatu edo onartu zituzten doktrinen bitartez: Savonarolak, hutsalkeriaren erreketan, ez zuen jarraitzailerik eduki Eliza katoliko mundutar samarrean. Zientzia ekonomikoak ere, batez ere lehenago garatu zen forman, hots, afilosofikoa edo "aritmetika politikoa" delakoaren forman, ez zuen eskandalurik eragin ez eta susmorik piztu ere; eta berandu eta tarteka bakarrik, lehiatzen ziren joera indibidualista muturreko batzuk gaiztotu zirenean alegia, hitz egin zen Ekonomia moralizatzeaz eta "iustum pretium" delakoaz, Tomas Aquinokoaren eskolastikak maite zuenaz. Eta, jakina, batzuek zein besteek jakin izan balute zein zen bi zientzia horien izaera, ez genuke orain izaera hori adierazi beharrik izango eta oraingo azalpenak alferrikakoak izango lirateke; nik ordea ez dut uste horrelakoak direnik, hain zuzen ere azalpen horiek egiteko behar den kontzientziaren heldutasuna lortzeko, halako mugimendu batek historia oparoa eduki behar duelako eta haren osotasunean besarkatu eta haren kontrakoaren -zeinetatik banatu eta zeinen aurkakoa baita- parez pare jarri eta ikusteko modukoa izan behar duelako. Gaur egun ere horrelako kontzientziarik ez dago; baina, niri dagokidanez, estetika modernoaren kontzeptuak zuhurtziarik gabe onartuak zituzten edo erabiltzen zituzten apaiz jakintsuak edo fraile tolesgabeak eta beste jende fededun batzuk aurkitu ditudanean, leialtasun handiz abisatu diet: "Kontuz: deabruarekin zabiltzate tratuan". Eta deabrua aipatu dut, burura datorkidalako nola Friedrich Schellingek, hizkuntzen jatorriaz gogoetatzean haien banakotasunaren indar ezin geldituzkoan, "deabruzkoa" edo "satanikoa" iritzi zion jatorri horri, hain zuzen ere: ideia hori inolako bridarik gabe garatu zuen filologo batek (D’Ovidiok), egiatan filologo soil bati zegokion ideia izan ez arren.

Bi zientzia hauek zer egiten dute, azken finean? Labur esateko, lehenago "zentzua" deitzen zena eta ertaroan mesfidantza eta baita ukapena eta exorzismoak eragiten zituena eta, aldiz, garai modernoa bere lan eraginkorrean aldarrikatzen ari zena teorikoki justifikatzen dute, hau da, zehaztu eta sistematizatu egiten dute, izpiritu-forma sortzaile eta positiboaz hornituz. Eta "zentzua" hitzak bi adiera zituenez gero, elkarri lotuak baina desberdinak -alde batetik ezagutzaren barruan logikoa eta arrazoizkoa ez baizik eta sentimenezkoa eta intuiziozkoa dena, eta bestetik praktikan berez morala eta betebeharrak agindua ez dena, baizik eta bakarrik maitatua, irrikatua, baliozkoa eta atsegina delako nahi dena adierazten ditu-, justifikazio doktrinalak eramaten gaitu, alde batetik, zentzuen logika edo logika poetikara, intuiziozko ezagutza hutsaren zientzia edo Estetikara, eta, bestetik, logika hedonistara, baliozkotasunaren logikara eta zientzia ekonomikora, haren adierarik zabalenaz: zeina "haragiaren erredentzio" teoretiko eta filosofikoa baitzen, deitu ohi den bezala, hau da, bizitzaren -bizitzan den neurrian- erredentzioa, eta lurreko amodioaren erredentzioa, amodio horren itxura guztietan. "Zentzua" justifikatzen zenean, ekintza horretan bertan izpiritualizatu ere egiten zen, zalantzarik gabe, zeren eta, izpiritualtasunarentzat arrotz eta kontrako, etsai arriskutsu, amarrutsu eta harraparia, eta ezinbestez gogorki borrokatu beharrekoa izanik, zentzua izpirituaren barrura sarrarazten baitzen, izpiritualtasun gisa bera ere, fisionomia berezia, helburu berezia eta balio berezia dituen izpiritualtasuna, beharrezkoa beraz izpiritu-bizitzaren osotasun eta osasunerako. Baina barruratze eta goratze horren medioz zentzua izpiritualizatu egiten bazen, orobat izpiritua zentzualizatu egiten zen, edo, hobe esanda, haren osotasun eta harmonia berraurkitzen zituen, bere izatasuneko eta iharduerako funtsezko zati batzuez gabetua izanagatik pairatzeari utziz; eta logika eta etika goimundutik mundura jaisten ziren, eta bata, logika eskolastiko eta formalista zena, behatzaile, esperimental eta induktibo bilakatzen zen; eta bestea, morala, legeria transzendentea zena, sentimendu edo kontzientzia moral bihurtzen zen, eta lehenago grinen eta baliagarritasunen etsai bazen, aurrerantzean haien lagun aldi berean bihozkor eta bihozgogor bihurtzen zen, grinak eta baliagarritasunak giza bihotzetik erauzi gabe, baina, horiek goratuz eta purifikatuz, indarra ateratzen zuen haietatik bere bizitzarako eta ekintzarako. Filosofia modernoaren kontzeptu handi guztiek lotura estuak dituzte bi zientzia berri horiekin; izan ere, horiek izan ezean, ez zen sortuko, logika intelektualistari edo unibertsal abstraktuaren logikari kontrajarririk, logika espekulatibo eta dialektikoa edo unibertsal zehatzaren logika, azken honen agerpenerako lagungarri gertatu baitziren, analogiazko eredu gisa, artea edo poesia, hainbesteraino ezen noizpait pentsatu ere pentsatu zen horrek eskain zezakeela egiaren organorik handien eta egoki bakarra; horiek izan ezean, historia ez zen iritsiko gertakarien kronika edo bilduma izatetik, eta jarraibide eta jakinbide izateko helburua zeukan opus oratorium izatetik, giza pentsamenduaren goimailara, hots, osotasunera eta ihardunera heldutako filosofiari buruzko ideia izatera; eta, azkenik, horiek izan ezean, ezingo zen osoki itxi errealitateari buruzko ulerbide inmanentearen zirkulua.

Filosofiaren berri dakienak ezin konta ahala xehetasunez bete dezake filosofiaren garai modernoko historiaren alderdietako bati buruzko zirriborro hau; eta oso irakasbide egokia izango litzateke gogoratzea nolako kontrasteak sortu eta birsortu ziren Ertaroan bi zientzia horien inguruan zegoen ezezagutza berragertzen zen bakoitzean, eta izpirituaren eta zentzuaren arteko etena errepresentatzen zen bakoitzean, baita pentsamendu modernoz hornituta edo jantzita ere. Esaterako: arrazionalismo kartesianoaren aurkako kontzientzia historikoari buruz Vicok eragindako polemika, edo Galileok aristotelismoaren aurka eragindakoa, Schillerrek etika kantianoaren barruan irauten zuen zurrun eta aszetiko guztiaren aurka eginiko protesta, estetika erromantikoak estetika klasizista hotzaren aurka hasitako errebolta, adierazpen hutsaren estetikak kontzeptuaren -hori bai, kontzeptua "ideia" izateraino murriztuz- estetiken aurka eginiko kritika, eta abar. Edota, azken buruan, bizitzatik, esperientziatik eta poesiatik indartsu sortutako filosofien motibo etengabea, kontrajarrita dagoena filosofatze akademiko eta unibertsitario ahulari, zeina biraka ibiltzen baita grinarik eta fantasiarik gabekoa den eta logizismoaren eta moralismoaren abstraktutasunen aurrean makurtzen den mundu baten inguruan. Baina hemen nahikoa izan behar du orain arte azaldutakoak, kontutan izan behar delarik lehenago egindako oharkizun bat, alegia, halako pentsamendu baten garaipena ez dela egia baten edo behin-betiko finkaturik geratzen den egia-sistema baten garaipena, baizik eta hartu behar den norabide batena, eta norabide hori hartzekotan, ondo ezagutu behar ditugula gaindituta eta zaharkituta gelditu diren oztopoak, eta berriei aurre egiteko eta konponbidea emateko prest egon behar dugula, horiek ez dutelako inoiz huts egiten ez eta huts egingo ere.


II Izpiritua eta Natura

aldatu

Beste ezer baino lehen, komeni da aztertzea zein eratan bi zientzia moderno eta mundutarren jarrerak laguntzen duen inmanentziaren zirkulua ixten, esan den bezala; horretarako, itxiera hori eragozten zuten bi kontrakotasunen arteko gogorrenaz mintzatuko gara zertxobait: hots, izpirituaren eta naturaren artekoaz.

Ongi begiratuta, kontrakotasun hori ez da bakarra, mataza oso bat baizik, banan-banan askatu beharreko kontrakotasunez osatua; haietako lehena, sineste arruntean sortu eta hartatik elikatzen eta bere indarra hartzen duena, bi errealitate-multzo planteatzea da, bi mundu desberdin balira bezala: gizakiaz esaten den guztia alde batetik, eta bestetik naturaz esaten dena eta beste izaki guztiak barne hartuko lituzkeena, animalietatik harrietaraino; edota kontzientziaren mundua eta inkontzientziarena, bizitzaren mundua eta mekanikotasunarena, edo bi mundu horiek eratzen eta gauzatzen diren beste edozein modu. Kontrakotasun hau iraunkorrenetakoa izan da eta da, kritikan ez baizik irudimenean oinarrituta egon arren; eta, iraunkortasun horrengatik, pentsamenduak, berez inolako kontrakotasunik onartu ezin duenez gero, hura arbuiatu eta gaitzestu ordez bere hartan gorde eta interpretatu nahi izan du, bikote horretako beste kidea, natura alegia, nolabait izpiritualizatuz: nahiko auzi kontraesankorra, berau, zeinetan azkenik pentsamenduak irudimenari uzten baitizkio bere armak. Hori jadanik azaltzen da irtenbide honen tankerarik lañoenean, Berpizkunde Aroko naturari buruzko filosofian, zeinek halako mitologia ugari bat, pitagorizatzailea, pertsonifikatzailea edo animista ekarri baitzuen; baina askoz era zabalagoan azaldu zen hori kutsu idealista edo erromantikoa zeukaten naturari buruzko filosofietan, zeinek eratu ziren bezain azkar aurkariak izan baitzituzten, Fichte esaterako, "sineskeriak" (Schwärmerei) iritzi zietenak. Beren funtsean zeukaten kontzeptua izpirituaz kanpoko "beste zerbait" zen, "berezko beste zerbait", halako inkontziente absolutu bat (pentsatzeko modukoa baldin bada erabat inkontzientea den zerbait), horrela finkatu egiten zutelarik hasierako kontrakotasun funtsezkoa; baina gero "beste zerbait" hori eta "inkontziente" hori "logos alienatu"-tzat edo "pentsamendu harriztatu"-tzat hartuz kontrakotasun hori gainditua zutela zioten, dialektika inkontziente edo alienatu hori ikertu eta berreraikitzeko asmoa hartzen zutelarik. Gutxi axola du dialektika hori tankera schellingtarrekoa edo hegeldarrekoa bazen, gradukakoa edo triadakakoa, metodoak lehengo bera izaten jarraitzen zuelako funtsean, edota natura izpirituaren kategoriekin edo logos-arenekin bakarrik tratatzen bazen, era arbitrarioan beti, metaforak eta konparazio irudipentsuak erabiliz; eta, egia esanda, filosofia horiek ukatuta geratu dira, ez bakarrik haien mami logikoari buruzko kritikaren bidez, baizik eta, batez ere, haietatik geratu diren edo parodia gisa erabiltzen diren esaldiekin egiten diren iseken bidez; hona hemen haietako bat: "diamantea bere buruaren jakitun izatera iritsi den harri koskorra da"; edo beste bat: "hurakana naturaren sukarra da", eta antzekoak. Hala nola Berpizkunde Aroko naturari buruzko filosofian, zeinekin antz idealak eta baita lotura historikoak ere baitzituzten, noizean behin azaltzen zen haietan ere aurkitu eta erabili nahi zen arte magikoari buruzko pentsamendu edo itxaropena.

Eraikuntza horiei oinarri bera kenduz, naturaren arazoei beste norabide bat ematen dio halako gogoeta gnoseologiko batek, zeinen bidez poliki-poliki konturatzen baikara jadanik ez daudela bi errealitate-multzo edo bi mundu, izpirituala bata eta natural edo materiala bestea, helburuak gobernatua bata eta kausalitatearen mendekoa bestea, bizia bata eta mekanikoa bestea, baizik eta errealitate banaezin eta sendo bakarra txandaka landua izan daitekeela izpiritua, bizitza eta helburua kontzeptuen bitartez orain, eta materia, kausa eta mekanismo kontzeptuen bitartez gero. Horrela, errealitate-multzo bikoitz hori eta munduen arteko aurkakotasun hori giza izpirituaren egintza bikoitz baten proiekzio fantastikoa baino ez dela agertzen da; eta berez hain errealitate gutxikoa da ezen, animaliak, landareak, metalak eta harriak ezezik, gizakia bera, haren sentimenduak, pentsamenduak, ekintzak, sortzen dituen gauzak eta haren historia ere eskematizatuak, naturalizatuak, mekanizatuak eta deterministikoki adieraziak izan baitaitezke, izpirituaren bizitza ikergai hartzen duten natur zientzia ugarietan -hasi psikologia enpirikoa den zoologia moduko horretatik, eta lege fonetikoen hizkuntzalaritza den fisika moduko horretaraino- gertatu ohi den bezala. Bestalde, errealitatearen langintza mota bikoitz horren inguruko doktrinak, ulertzen baldin bada pentsamendua bera ere bikoitza eta kontrajarria balitz bezala, hots helburuduna bata eta kausalista bestea, esandako adierako naturaren mamua uxatzen du, bai, baina izpirituaren kontzeptua bera ere baliogabe dezake, zeren eta errealitate bakarra dena, bi era desberdinetan txandaka pentsatua, bi era desberdinetan faltsifikatu eta pentsaezin eta ezagutezin bihurtuko bailitzateke. Estuasun honetatik ateratzeko bide bakarra dago: bi era horietako bakar bat hartzea egiazko pentsamendu eta egiatzat, eta besteari helburu praktiko, instrumental edo, deitu zaion bezala, "ekonomikoa" baino ez onartzea; eta horixe gertatu da zientziei buruzko kritika modernoari esker, zeinek, nahitanahiez, eta erdibidekoak eta eutsiezinezkoak diren jarrera batzuetan -hots, intuizionismoan eta fenomenismoan- luzatu arren, derrigorrez eramaten baikaitu pentsamendu espekulatiboaren eta errealitatea historia bezala hartzen duen ulerbide izpiritualista absolutuaren egia bakarra finkatzera eta dagokion lekuan berrezartzera, bai eta natur zientzietan egiaren ezagutza den guztia ezagutza historikoa dela frogatzera ere. Gure egunotan, gero eta gehiagotan ikusten dugu nolako garrantzia ematen zaion errealitate zehatz, indibidual eta historikoari, natura delakoari buruzko azterketan5.

Baina izpirituaren eta naturaren arteko kontrakotasunak bigarren adiera bat ere badauka, zeini ez baitzaio erabat lagungarri gertatzen natura kontzeptuaren desagerpen eta ebazpen gnoseologiko hau, zeren eta, natura ukatu ondoren errealitate-maila eta mundu berezi bezala, bai baitirudi hura izpirituan bertan errepresentatzen dela pentsamenduak aurrean topatzen duen zerbait bezala eta haren objetua den zerbait bezala, sujetuaren eta objetuaren arteko kontrakotasun bezala. Zer da, bada, objetua, objetua berez, sujetuaz bestelakoa, ezpada kritikak ongi edo erabat desagertarazi ez duen edo bakarrik une batez desagertarazi eta gero irudimen tematiak berehala berrosatu duen eta, horrela, jarrera berri batez agertzen den natura haren, inkontziente haren, ez-izpiritual haren, materia haren mamu itzulia? Eta hori denez gero, alferrekoak dira hura berriz xurgatzeko egiten diren ahalegin guztiak, naturari buruzko filosofia zaharrak egindakoak bezain alferrekoak, eta tautologia eta alferreko berriketak egitera eraman gaitzakete, sujetu-objetu harremanaren kontrakotasuna -batasuna dena- behin eta berriro azpimarratzen denean bezala, eta arazoaren nondik norakoa gogoratzen denean bezala baina arazoa konpondu gabe, hura desagertaraziz eta berriro agertaraziz, egitatea balitz bezala ekintzaren aldean, hau da, natura bezala izpirituaren aldean, edota iragana bezala orainaren aldean: natura eta izpirituaren inguruan aldi baterako sortutako metafora berriak, eta ezin goragoko metafisika-joko batzuk. Beste alde batetik, errealitate gisa natura mekanikoak jasan duen desagerpena dela bide, ondorioztatu egin behar da, bai, objetua ezin dela izan jadanik bere hartan ez dirauen natura, baina ez du esaten zer den pentsamenduak bere objetu bezala pentsatzen duena; eta zehaztugabetasun horrek atea zabalik uzten dio berriz agertzen den naturaren mamuari. Logikoa den bezala, objetua izpiritua baino ezin daiteke izan, berez; baina ez pentsamendua den izpiritu mota, honek sujetua ordezkatzen duelako, eta ez objetua; orduan, zein? Arazo hau konpontzeko behar diren datuak, nagusiki moderno deitu ditugun bi zientzia filosofikoek eskuratuko dizkigute: batak bere bizitza dinamiko eta grinazkoan praxia du gai, eta besteak, berriz, fantasiaren irudipenak; eta objetuaren berri emango digute, zertarako eta grinazko bizitza, pizgarri, bultzagarri, atsegin eta oinaze, kordokaldi zabala eta era askotakoa den horretarako: hots, intuizioaren eta fantasiaren gai eta, haren bidez, gogoetaren eta pentsamenduaren gai bilakatzen den horretarako6. Hortaz, ikusmolde honen arabera, egia ezin izango da definitu, eskolastikan bezala, adaequatio rei et intellectus moduan -res hori ez baita existitzen res bezala-, baizik eta adaequatio praxeos et intellectus moduan (egokitzapen kontzeptu hori metaforikoki erabiliz, jakina). Fichte eta Schelling bezalako filosofo batzuk jadanik konturatu ziren nola "natura" bat egiten den gurarien, nahien, gutizien, sortzen diren asetasunen eta asegabetasunen, somatutako kordokaldi, atsegin eta oinazeen prozesu praktikoarekin; eta Schopenhauerren lanaren aztergaia ere izan zen hura. Baina filosofo haiek, eta Schopenhauerrek bereziki, Borondatea metafisikoki planteatu zuten, izpiritutik kanpo -itsua zela imajinatzeraino-, eta pentsamendua edo errepresentazioa posterius bilakatu zuten, Hegelek Logosa metafisikoki hartu eta naturaren eta izpirituaren oinarrian jarri zuen bezala, edota maila apalagoko beste batzuek beste forma izpiritual batzuk tratatu zituzten bezala: esaterako, Frohschammer, duintasun hori Fantasiari egokitu ziona, edo Hartmann, Inkontzienteari egokitu ziona. Aldiz, izpirituaren barruan kokatu beharra dago, izpirituaren beraren forma edo kategoria berezi bat bezala, eta forma praktikorik funtsezkoena bezala: hots, goragoko forma praktikoak, etikotasunak alegia, etengabe hartzen duen forma, pentsamendua bera eta fantasia ere biltzen dituena, hitz eta adierazpide bilakatuz eta, horrela, kordokaldi guztien gertakari praktikoetatik eta atseginaren eta oinazearen antitesietatik igaroz. Pentsamenduak, baita inoren pentsamendua pentsatu eta kritikatzen duenean eta haren historia garatzen duenean ere, ez du pentsatzen pentsamendua, pentsamenduaren bizitza praktikoa baizik, pentsamendua beti delako pentsatzen duen sujetua eta ez pentsatutako objetua. Zer esan nahi du, hain zuzen ere, demagun Emmanuel Kanten pentsamendu bat pentsatzeak, ezpada Emmanuel Kant bera pentsatzea bere ekintza horretako mementu batean, arretaz eta tentsioz beteriko ahalegin batean, haren esperientziekin, haren jaidurekin, haren zalantzekin, haren galderekin eta horiei erantzuteko bilatu zituen bitarteekin: hau da, gertaera praktiko bati buruz gogoetatzea, pentsatzera zuzendutakoa bada ere? Eta zertarako erabiliko dugu hori buruan, ezpada gure buruan daukagun arazo bat konpontzeko, arazo horren konponbidea pentsamenduaren ekintza bera izanik, eta ez Immanuel Kanten pentsamendua?

Hala eta guztiz ere, sujetuaren eta objetuaren izaeraren inguruko gora-beherak honela uxatuz ere ez dugu lortu kontrakotasunen multzoa agortzea eta lehenago aipatutako mamua erabat urruntzea; izan ere, mamu hori berriro azaltzen da, berriro aztoratzen eta iraintzen gaitu, gure izpiritu-bizitza astintzen duen indar baten antzera, bertara sartzen baita bizitza hori txikitu eta barreiatzeko, gure borondatea gaiztakeriara eta gure burua errakuntzara bultzatuz. La nature: voilà l’ennemie: natura material, mekaniko eta determinista, izpirituaren aurka, haren helburuaren, idealaren eta askatasunaren aurka dagoena; edota borondate schopenhauertarra, naturatzat hartutakoa, oinazearen eta gaizkiaren iturritzat, geure baitan ito ezin dena (nahiz eta Schopenhauerri gustatu hori esatea) nahi izateari uko eginez, hori ere nahi izatea baita, ez eta aszetismoaren bidez ere, nahikunde askoren prozesu etengabea baita. Baina, ez badugu inoiz aurkitu izpiritutik kanpoko naturarik, orobat ezin izango dugu pentsatu izpirituaren kontrako naturarik ere; eta gaizkia eta errakuntza izpirituaren barruan badaude, orduan horiek ezin dira natura izan. Zer ote dira orduan? Ez, jakina, "objetua" delakoarekin frogatu dugun bezala, izpirituaren forma bat, zeren eta, kasu horretan, izaera positiboa izango bailukete, eta ez negatiboa; ongia eta egia izango lirateke, eta ez gaizkia eta errakuntza, hain zuzen ere gaizkia eta errakuntza zerbait izugarri negatiboa direlarik. Eta ezta ere haren itxura edo antzekotasuna ere, zeren eta, beste kasu honetan, gaizkiaren eta errakuntzaren aurkako borrokak bere seriotasun guztia galduko bailuke: borroka-itxura litzateke, edo, gehienez ere, eromenezko sukar-amets bat, hain zuzen ere borroka hori izugarri serio eta erreala delarik. Irtenbide bakarra geratzen da, hots, aldi berean bi gauza horiek izatea: zerbait positiboa, negatibo itxura hartzen duena positibotasun-forma horretatik maila handiagoko beste positibotasun batera igarotzeko ahaleginaren eraginez, ahalegin hori eta borroka hori serioak izan daitezen; eta gaizkia izan dadin, ez hasierako positibotasun baztertu hori, bertan berriro erortzea baizik; eta berriro erortze hori kontraesankorra eta, horregatik, mingarria eta lotsagarria izan dadin, zeren eta, bazterketa hori gertatu ondoren, ezin baita besterik gabe itzuli hasierako egoerara, damuz itzultzea ez baita lehengo egoera horretara -lañotasun eta errugabetasunezkoa deitu dezakegun egoera horretara- iristeko modua. Orain, ba al dago izpiritu praktikoaren esferan maila handiagoko edo txikiagoko positiborik? Hemen ere lagungarri dugu baliagarritasunari buruzko zientzia, hedonistikoari buruzkoa, quod mihi placet dioena, hizkera arruntean "naturalak" deitzen ditugun grina eta jaidurei buruzko zientzia, grina eta jaidura horiek praxiaren forma funtsezko eta orokor bezala hartu dituena. Forma hau goragoko maila duena edo etika ez bezalakoa da, baina ez horregatik kontrajarria: horrela agertzen da, bakarrik, baliagarritasunerako joera duen gizonaren gainetik gizon morala nagusitzen denean, eta interes pertsonaleko ekintzetatik betebeharrak eragindakoetara pasatzean halako urruntze bat gertatzen denean, zeinetan zehar garatzen baita gaizkiaren fenomenologia zabala; hau da: tentazio iheskor eta laster arbuiatutik erorketa partzialera eta, gero, absolutua eta itzelezkoa dirudien horretara; egindako huts txikiak eragiten duen ustekabetik bekatu handiak eragindako damu ikaragarrira; kemenez beteriko jarreratik nahasmenera eta koldarkeriara; eta hemendik, berriz, birsorkuntzara, salbaziora eta erredentziora. Horra, bada, zer den gaizkia: moraltasunetik baliagarritasun "natural" hutsera berriz erortzeak dakarren mina -baliagarritasun hori, bere hartan hartuta, bestearen aldean ontasun apalago bat bada ere, ontasuna da eta ez gaiztasuna, positiboa da eta ez negatiboa-. Baliagarritasunaren forma izpiritualari uko egiten dioten eta forma praktiko gisa moraltasuna baino onartzen ez dutenek jarrera horretara iristeko duten arrazoi bakarra baliteke moraltasunari buruzko kontzientzia indartsuegia ez izatea, eta bai, ordea, horri buruzko kontzientzia ahulegi, huts eta motela, zeren eta moraltasunari borroka izaera kendu eta bakarrik beraren itzalekin borrokan jartzen baitute, irrigarri den moduan jarri ere. Baina zientzia ekonomikoak planteatzen duen hedonismoari eta baliagarritasunari buruzko kontzeptuak, borroka izaera horri eutsi ezezik, garaipena posible bihurtu ere egiten dio, kontutan izan behar baita garaipen hori ezinezkoa izango litzatekeela baldin eta gaizkia, guregan gure hazi eta goratu nahiaren porrot bezala sortu ordez, gure izpirituan sartuko balitz izpirituaz kanpoko indar batek -hots, naturak edo materiak- bultzaturiko ziri baten antzera.

Horrela, bi zientzia nabarmenki modernoek, Estetikak eta Ekonomiak, izpiritua eta zentzua adostera, izpiritua kanpoko natura baten amesgaiztotik libratzera, sujetuaren objetua izpiritualizatzera, eta ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka barneratzera eramaten gaituzte, transzendentea dena kanpo utziz, inmanentzia absolutuari iharduten utziz: bi zientzia guztiz mundutar. Inor ez da harrituko nik, zientzia horiek aspaldi landu ditudan honek, neure izpiritu-bizitzarentzat onura handia ekarri didatenez gero, haien omenezko laudorio txiki hau ondu nahi izatea nire azken urteetan.

1931


Oharrak

aldatu

1 "C’est un beau moment pour le critique comme pour le poète que celui où l’un et l’autre peuvent, chacun dans un juste sens, s’écrier avec cet ancien: Je l’ai trouvé. Le poète trouve la région où son génie peut vivre et se déployer désormais; le critique trouve l’instinct et la loi de ce génie". (Sainte-Beuve, Portraits littéraires, I, 31).

2 Ikus Teoria e storia della storiografia (9. arg., Bari, 1968), Filosofia e metodologia deritzan atala.

3 Ikus, batez ere, saiakera horretako IV-X lerroaldiak, 129-40 or., in Gesamm. Schriften, Akademia prusiarrak apailatua, II. lib.

4 Kanpotik loturagabeak diruditen arren barne-barnetik lotuta dauden irtenbide hauei guztiei buruzko ikaskizun historiko batzuk ikus daitezke nire Filosofia della pratica liburuko hainbat pasartetan.

5 Ikus De Ruggieroren oharrak, filosofia garaikideari buruzko Critica liburuan. Arestian, kritikari ingeles batek, Eddingtonek (The nature of the Physical World, Cambridge, 1927) umorez erakutsi du errealitateari buruzko bahapen biziaren eta eskema hilen arteko aldea: "A pig may be most familiar to us in the form of rashers, but the unstratified pig is a simpler object to the biologist ho whises to understand how the animal functions".

6 Ondorio hauxe bera, estetikaren bidez eta historiaren logikaren bidez eta idealismo klasikoaren tradizioei helduz eta aldi berean kritika eginez duela hogeita bost urte atera nuena nire Filosofia dello spirito liburuan, Deweyk atera zuen, De Ruggierok hari buruz eginiko saiaketan (Critica, XXIX, 341-57 or.; ikus bereziki 345-6 or.) ikus daitekeen bezala.