Estetikaren Historia: hasiera, aroak eta ezaugarriak
I
aldatuBeste aldi batean, Estetikaren historiari buruzko jakingarri batzuk idaztean, Estetikari buruz dagoen esaera arrunt bat jaso nuen, alegia, zientzia oso modernoa dela, xvii. eta xviii. mendeen artean sortu eta azken bi mendeetan sendo eta zindo hazia. Eta sarritan ukitu behar izan dut, zalantzaz beterik, eta neure baitarako auzitan jarri badut ere, azkenean beti gertatu izan zait esaera hori baieztatu beharra. Orain ere baieztatzen dudalarik, bidezkoa iruditu zait oharkizun batzuk eranstea, esaera hori sakonkiago aztertzeko eta bere mamia finkatzeko, bai eta sinesgarriago bihurtzeko ere.
Lehenik, zibilizazio helenikotik Italiako Berpizkunde Aroaren bukaerara arteko denbora-tarte luzean zientzia estetikorik ez egoteak ez du esan nahi (batzuek hala uste bazuten ere) orduan bizi izandako gizonek ez zutenik poesiaren edo artearen kontzepturik, oro har. Azken gauza honek zentzugabekeria bat dauka bere formula teorikoan bertan, zentzugabekeria delako giza gogoa, bere historiaren edozein mementutan, bere buruaz jabetuta ez egotea edo bere funtsezko kontzeptuen berri ez izatea; gainera, ukatu ezinezko datu baten kontra joango litzateke: alegia, poesiari eta arteari buruzko kontzeptu ezin hobea zutela greziar eta erromatarrek, beren juzkuen oinarri zela, eta ez bakarrik haien artista, literaturgile eta kritikalarien artean, baina baita (Atenasko garai zoriontsuetan bezala) herri osoarengan ere. Antzeko kontzepturen bat egon edo erabili izan ez balitz, nolatan osatuko ziren antzinatean ederraren eta itsusiaren arteko bereizketa, poeten arteko mailak edo kanonak, gizaldien probatik osorik edo ia osorik irten direnak? Nola izango zen posible aditu iaioen arrazonamendu hura, oraindik ere miresten dena, pentsaera greko-erromatarraren hainbat obratan eta obra zatitan, Aristofanesen komedian eta elkarrizketa platonikoetan, Aristotelesen, Zizeroren eta Kintilianoren poesiari eta erretorikari buruzko tratatuetan, De pratoribus-en egilearengan eta Goreneko estiloa aztertu zuen bestearengan? Bistan dauden oharkizun berberengatik, ezin ukatuzkoa da Berpizkunde Aroan ere bazegoela arteari buruzko kontzeptua: izan ere (alde batera utzita poeta, pintore eta eskultoreek ere fintasun handiz ihardun zutela artearen gauzez), ugariak izan ziren kritikalari lanbidean ari zirenak, eta ondo jakin zuten bereizten zer zen urrea eta zer zilarra literatura zahar eta berrian; eta, zerbait esateagatik, nabarmendu eta azpimarratu egin zituzten Ariostoren formaren ontasun ederra, eta Tassoren formaren morbosotasun-puntua, hala nola bere aldetik Aristofanesek egin zuen Euripidesen tragediarekin, Eskiloren obrekin parekatzean. Eta, hain bistakoak ez baina aurrekoak bezain egiazkoak diren argudioengatik, onartu egin behar da Ertaroa deitzen diren mendeek ere izan zutela kontzeptu hura: izan ere, poesia eta artea produzitu baldin bazuten (eta zalantzarik ez dago produzitu zutela), argi dago ezingo zutela horrelakorik produzitu horren ondoan, berezko islada bezala, sortu ez balitz poesia eta arte horri buruzko juzkurik; eta, jakina den bezala, Ertaroak izan zituen bere eskolak, bere erretorikoak, bere arte eta letren mezenak, eta bere lehiaketa poetikoak, unean uneko juzkuekin.
Bestalde, bigarrenik, goian esandako aroan Estetikarik ez zegoela esatean ez da ukatzen garai hartan iharduera handia zegoenik arte-gauzen inguruan; izan ere, greziarrei eta erromatarrei zor zaie arteari buruzko zientzia praktiko edo enpirikoaren sorrera bere forma desberdinetan, hots, gramatika, erretorika, poetika, eta irudigintza-artearen, arkitekturaren eta musikaren beste arau sortak. Azalpen horiek guztiak ez ziren guztiz ahaztuta geratu Ertaroan, laburpenetan eta baita entziklopediatan ere gorde baitziren, eta nolabait ugaldu ere egin baitziren, konposaketa-artearekin eta arte erritmikoekin, beharrizan berrien arabera; eta Berpizkunde Aroan denak berpiztu ziren, iruzkindu egin ziren, sakonki aztertu, zabaldu eta tratatu berrietan bateratu, antzinako literaturarekin eta artearekin batera nazio berriek sortutakoak ere ukituz. Sofista helenikoen garaitik humanista italiarren garaia arte, lan erraldoia egin zen gai honetan; lan egiazkoa, ona, onuragarria, eta ez ahalegin hutsala, jolasa, pedantekeria, gerora zirudien bezala eta gaur egun ere dirudien bezala, errebolta erromantiko zalapartatsuaren protestaldi gogorrek izan zuten eta oraindik ere airean dardar ari den oihartzunaren eraginez. Hala eta guztiz ere, tragediaz eta komediaz, epikaz eta lirikaz, poesiaz eta prosaz hitz egiten jarraitzen dugu; denok bereizten ditugu berezko hitzak eta hitz metaforikoak, sinekdokeak, metonimiak eta hiperboleak; guztiok beharrezkoak ditugu kategoria gramatikalak, izena, adjetiboa, aditza, adberbioa; dagokionean, denok mintzatzen gara estilo arkitektonikoez, pintura irudidunaz eta paisaiaz, eskultura biribilaz edo altuerliebe edo baxuerliebean egindakoaz; eta, are gehiago, denok taiutzen ditugu tankera bereko kontzeptu enpiriko berriak, antzinakoen ereduaren gainean eta kultur baldintza berriei eta menderatzea egokitu zaizkigun egitate berriei erantzuten dietenak. Jakina, kontzeptu zahar eta berri horiek lehenago ezagutzen ez zen zuhurtasunaz erabiltzen ditugu gaur, haien mugak errespetatuz, eta ondo dakigularik haien helburua praktikoa dela, eta ez kritikoa edo espekulatiboa; hartara, antzinako kontzeptuak badira eta ez dira, berdinak dira, baina lehenago erantsita eta nahastuta zituzten aurriritziez gabetuak. Baina horretxek berak frogatzen du gai honetan antzinakoek egin lana lorpen sendoa izan zela, hain sendoa non birmoldatu, bestelakatu eta hobeto uler baitaiteke, baina ez inola ere bertan behera utzi. Une batez kontuan hartzen badugu gramatikak, erretorikak, poetikak eta gainerako arau-sortak esistitzen ez zireneko, edo hasi-masietan eta landu gabe esistitzen zireneko garaia, imajinatzen badugu libre garela horiek eratzeko edo ez eratzeko, eta gainera ondo badakigu nolako arazo eta okerrei emango dieten euskarria horiek sortu ondoren, ezinezkoa zaigu, baita irudimenean ere, horiek ez eratzeko erabakia hartzea; eta hipotesi horrekin, garbi dago guztiz ezinbestekoak direla. Izan ere, azaldu dugun kasuan, literatur eta arte hezkuntzak behar dituen tresnak eta ihardunbidea dira, hain zuzen ere. Askotan ahaztu izan da eta oraindik ere ahazten da hezkuntza horrek duen garrantzi eta eraginkortasun ezin handiagoa, eta haren lekuan "berezko etorria" eta "jeinutasuna" bezalako kontzeptu lausoetara jo izan da; baina bere kasa finkatzen du dagokion aitorpena, zigor zorrotz samarrarekin, horrelakorik ez duten norbanakoen eta gizarteen artean, berauek argi azaltzen dituztelarik diziplina horren gabeziaren arrastoak beren ilun eta meharrean, eta uztarri onuratsu hori eskatzen dutela dirudielarik. Pedanteak izan ziren, zalantzarik gabe, Antzinateko eta Berpizkunde Aroko arauemaileetako asko, eta pedanteak haien doktrinetako asko ere, mekanikoegia bihurtzen baitzuten mekanismoa; baina, esan gabe pedanteak nonnahi eta noiznahi aurkitzen direla, kontuan hartu behar da autore haien arteko onenengan pedantekeria hura nolabait arinduta dagoela garai hartan arteari zioten ederrespen bikain eta biziari esker; eta gai horri dagokion ezinbesteko eta berezko mekanismoa, nolabait esanda, mekanismo malgua da, gauza errealei buruzko etengabeko erreferentziak dituena eta kontraesanak diruditen baina ordukoen artean moldapen jakintsuak ziren amore-emateak egiten dituena. Gaur egun ere, liburu haiek eskuetan egokitzen zaizkigunean, joera erromantiko gehiegizkoen arriskuaren eta ohitura txarren kontrako gida eta brida aurkitzen dugu haietan, halako medicina mentis bat, eta mirespenez sartzen gara maisu zaharren eskolan.
Hirugarrenik, ezin uka daiteke garai hartan, orokorki zabalduta zegoen eta juzkuetan azaltzen zen arte-kontzeptuaz gainera, berez filosofikoak ziren beste pentsaera batzuen aztarnak badaudenik: besteak beste (nagusiak aipatzearren), poesiaren balioari buruzko eszeptizismo platonikoa, ezinbestekotzat jotzen zuena fantasiaren betekizunari eta fantasiak ezagutza logikoarekin duen lokarriari buruzko azterketa; eta, filosofo beraren kasuan, mito eta logos direlakoen, alegia eta arrazoibideen, irudi eta kontzeptuen arteko kontrakotasuna, poesiari mitoak egokituz eta ez logos direlakoak; eta Aristotelesen gogoetarik sakon eta zehaztuenak, poesiaz (poesia historiatik bereizten da unibertsalera eta idealera zuzentzen delako), barne-barneko poesiaren eta itxura neurridun hutsaren arteko aldeaz, halako irudikapen artistiko batzuen ahalmen katartikoaz, dialektikaren eta erretorikaren arteko harremanaz, adiera logikorik gabekoak izanda ere adieradunak eta beraz gogoetaldi erretorikoari dagozkion perpausez; eta, azkenik, Plotinok kanpoko gauzen edertasuna barneko eta gogo-barruko edertasun bilakatzeko eta edertasun kontzeptua arte kontzeptuarekin batzeko egindako ahalegina. Bestalde, poesia atseginbide dela, egiaren erakusle atsegingarri eta ongiaren aldeko dei bultzagarri dela dioten doktrina nahiko zabalduek ere badute nolabaiteko eduki filosofikorik, eta garapen kritikoa eduki dezakete; izan ere, lehenak artearen atseginbide ez logikoa eta ez morala jartzen du bere modura ezaugarri logiko eta moralaren gainetik; bigarrenak, ezaugarri teoretikoa hedonismo hutsaren gainetik; eta hirugarrenak, ideien orokortasun abstraktuaren gainetik jartzen du arte-figurazioen -horretan izadiaren obren antzeko direlarik- ezaugarri jakin eta banakoa. Baita eskolastikoen artean ere antzeman daiteke abiapuntu original eta emankorrik, hala nola Duns Scotoren cognitio intuitiva eta species specialissima direlakoei buruzkoa; eta, Berpizkunde Aroan, egia poetikoaren eta, orduan esaten zen bezala, "egiantzekoaren" kontzeptua irrika handiz jorratua eta aztertua izan zen, eta Fracastoro, Giordano Bruno, Campanella eta beste batzuek argitara eman zituzten unibertsal poetikoari, poesiaren inguruko juzku berehalakoei eta edertasunak duen adierazte-indarrari buruzko gogoeta zorrotzak. Horregatik, bidezkoa da -eta bidezkotasun horretaz askotan baliatu izan dira hitzaldi akademikoak moldatzen dituztenak- hemen edo han sakabanatutako gogoetak eta oharkizunak bildu eta idaztea halako autore zaharraren "Estetikari" buruz edota, halaber, garai haietako guztietako Estetikari buruz.
Baina, hiru puntu horiek onartu eta, gainera, ohar egokiz hornitu ondoren ahaztuta edo bazterrean utzita gera ez daitezen, garbi dago eta guztiz nabaria da Estetikak, berez, lekurik ez zuela izan greziarrengandik xvii. mendera arteko denboran. Izan ere, esan dugun bezala, arteari buruzko kontzeptu hura, erabat eraginkorra izateagatik goraipatu duguna, iritzi edo juzkuetan nahastua edo esaera eta aforismotan galdua zegoen, "aske eta lotu gabe", Sokrates platonzalearen hitzak erabiliz, hau da, beste kontzeptu filosofikoekin sistematikoki harremanetan jarri gabe. Arteari buruzko zientzia enpirikoa horixe zen, enpirikoa alegia, hots, ez zuen egiatan pentsatzen arteaz, aski baitzuen hura zatitan eta puskatan banatzea, kasu bakoitza orokortzea eta haietan oinarrituta halako arau batzuk ematea. Eta filosofoen artean han eta hemen piztu ziren arteari eta estetikari buruzko filosofiaren tximistek ez zuten jarraipenik aurkitu, eta berehala itzaldu ziren, beraien autoreengan ere eraginik lortu gabe. Eta norbaitek ihardetsi nahi badu jarraipena izan zutela, izan ere, baina beranduago, eta, adibidez, poesiaren ukapen platonikoa berriro agertu zela Descartes eta Malebrancherekin eta, ondorioz, fantasiaren erreibindikazioa eragin zuela; edo Plotinok edertasunaz zirriborratutakoa -alegia, ideiaren irradiazio inperfektua dela izadian eta perfektuagoa, aldiz, artistaren buruan- xehetasun ugariagoz eta metodoaren heldutasun handiagoz itzultzen dela idealismo post-kantianoan; edo Aristotelesek proposizio ez logikoei buruz aipatutakoa egiaztaturik dagoela hizkuntz filosofia modernoan; eta Duns Scotoren cognitio confusa deritzanak eragina izan zuela leibnizianismoan eta haren bitartez sortarazi zuela Baumgartenen Aesthetica; eta antzinako hedonismo estetikoa berpiztu egin zela xviii. mendeko estetikalari zentzuzaleengan, zeinek eragin handia izan baitzuten Kanten Judizioaren kritika-n eta abar; esan bezala, norbaitek hori ihardetsi nahi badu, horrekin egiaztatu besterik ez da egiten Estetika garai modernoetakoa dela, garaiotan bakarrik atera zituztelako sustraiak aurreko denboretan zabaldutako haziek, eta garaiotan bakarrik ulertu zirelako orduko zantzu biderakusleak. Horrela, Heraklito ilunaren juzkuak osorik onartuak izan ziren Hegelen logikan; baina horrela justizia egin ondoren, berandu izan bazen ere, ezin ukatuzkoa da antzinateko pentsamenduarentzat arrotza zela egiazko dialektika, Heraklitoren aurresentipenak aurresentipen.
Dialektikarentzat bezala, arteari buruzko filosofia edo Estetikarentzat ere, antzinatean eta aro modernoaren egunsentiraino egon ez izanaren arrazoia nonbait bilatzekotan, bilatu behar da antzinako pentsamenduaren izaeran bertan bai eta Ertarokoan eta Berpizkunde Arokoan ere, berau naturaren eta naturaz-gaindikoaren artean, munduaren eta beste munduaren artean dilindan egon baitzen, egiatan geratu ez zelarik izpirituaren kontzeptuan, bi abstrakzio horien kritika eta batasun den horretan; hartara, eskaini ahal izan zituen, bai, halako fisika bat eta halako metafisika bat, naturari buruzko zientzia bat eta teologia bat, orain bata, orain bestea, edo biak batera, baina ez aldiz izpirituaren Filosofia. Ulerbide haren arabera, izpiritua naturarekin parekatzen zen, objetu izanik objetuen artean, eta gauza gauzen artean; hortaz, poesiari eta arteari buruzko doktrina "fisikan" agortzen zen bezala -hots, gramatika, poetika, erretorika eta horrelakoen sailkapen naturalistetan-, halaber logika forma estrintseko edo hitzezkoen sailkapenean agortzen zen, eta etika bertute eta betebeharren sailkapenean; eta horietaz eta beste diziplina naturalez haruntzago, abiaburu traszendente sorta bat zegoen, fisiologoen mitoetatik eta materialisten atomotatik kristauen Jainkoarengana iristen zena. Eta, nahiz kristautasunak biziago bihurtu egiazkoaren izpiritualtasunari buruzko kontzientzia, horrek Jainkoa berehala antzematera eramaten zuen ezagutzari buruzko teorian, eta praktikan, aldiz, munduko bizitza ukatzera; horregatik, haren mistiko eta aszeten kontzeptu gnoseologiko eta etikoak sakonak eta ondorio handikoak izanda ere, sakontasun horren ordainez axola gutxi erakusten zuten munduari, sentipen eta grinei zegozkien izpiritu-formez: hau da, maila praktikoan, bizitza politiko eta ekonomikoari buruzko teoriaz, eta, maila teoretikoan, ezagutza sentikor edo estetikari buruzko teoriaz. Lehenengoari dagokionez, Machiavelliren pentsamendua eta bigarrenari dagokionez Vicorena iritsi arte itxaron behar izan zen. Horrek erakusten duelarik xviii. mendearen aurreko denboran Estetikarik ez egotea ez zela halako ustekabeen edo halabeharraren kontua, baizik eta garai hartako pentsamenduaren eta bizimoduaren araberakoa zela erabat.
Araberakotasun hori, ordea, inkoherentea gerta daiteke gure begientzat, kontzeptu berri eta zabalagoen argitan ikusita; baina, gure kontzeptu zabalago horiek garai hartan azaldu gabeko arazoentzako erantzunak direnez gero, garbi dago inkoherentzia salaketa hori, gure orainean, anakroniko eta antihistorikoa dela. Hortaz, hemen aipatzen ari garen aroan Estetikarik edo bestelako gogo-produkziorik ez zegoela diogunean, argi ibili beharra dago "ez egote" horretan egiazko gabezia baten zentzua ez sartzeko, eta gabeziarekin batera halako larrialdi eta zoritxar moduko zerbait, ez baitago horretarako lekurik, izan ere. Kontzeptu "aske eta lotu gabeak", hots, doktrinalki eta sistematikoki landu gabeak, baina bai juzkuetan txertatuak eta haiekin batera hazten eta finkatzen direnak, nahikoak ziren ederra zena eta ez zena, poesia zena eta ez zena, ontasuna eta ontasunik eza, eta egia zena eta ez zena bereizteko; horregatik, gizon haien gogoak bare samar zeharkatzen zuen egiaren itsasoa, zientzia enpirikoek juzku sortak eskematizatzen, eta juzkatzeko eta aritzeko gida bat eragiten, abstraitzen eta eskaintzen zuten bitartean. Gainerako guztia ohartu gabeko (edo noizbait eta lipar soil batez ohartutako) muga bat zen berez, halako "amets dogmatiko" bat zen, beste edozein ametsen aldean doi-doi desberdina; eta horregatik ez zuen eragiten muga-oztopoak eman ohi duen larritasuna, berehala sentituko genukeena baldin eta pentsatu behar izango bagenu orain egiazki pentsa dezakegun baino gutxiago. Bestela esanda, gogo-egoera hori akats edo nahigabetzat hartzea okerra litzateke, trenbiderik edo baporerik gabeko garaiak zoritxarrekotzat hartzea izango litzatekeen bezalaxe, gu geu bakarrik izango baikinateke zoritxarrekoak, bizitzako erosotasun horietara ohitu eta gero irudimenean geure burua ikusten dugunean eramana erosotasun horiek ez, baina bai haiek sortarazitako beharrak izango liratekeen garaira. Orain bizi garen aro hau, guri honen argitsua iruditzen zaiguna, dituen mugekin azalduko da egunen batean, aberatsagoa den beste batek atzean utzi eta gero; baina etorkizuneko errealitatea ez da orainaldiko errealitatea. Eta guregandik ehundaka edo milaka urte urrunago dagoen beste aro bat gogoan erabili beharrik gabe, edonoiz ikus dezakegu geure baitan, geure eguneroko gogo-aurrerapidean, nola gogoeta zabalagoek beren baitan hartu eta gainditu egiten dituzten aurreko urte, egun edo minutukoak ere; eta minutu, egun edo urte bakoitzean ez gara koherenteak geure buruarekin eta ez gara asebetetzen bizitzako ekintza bakoitzean dagoen eta ez dagoen koherentzia eta asebidearekin.
II
aldatuAntzinatean berezko Estetikarik ez egoteak zerikusi garbia dauka orduko filosofiaren ezaugarriekin, filosofia modernoa eta Estetika batera sortu izanak frogatzen duen bezala. Izan ere, azken honen sorrera, aipatu dugun bezala, xvii. eta xviii. mendeen artean jarri behar da: hots, "subjetibismo" modernoarekin batera sortu zen, filosofia izpirituaren zientzia denean, erreala inmanentetzat hartzen duen pentsamenduarekin batera (inmanentea izpirituarentzat, jakina, ezen naturaren barruko inmanentzia, panteismoa delakoa, traszendentzia mota bat da, natura bera bezalaxe). Horrela hasten den aroaren aldean, ixten dena, hau da, gorago azaldu duguna, ez da Estetikaren historiaren barrukoa, baizik eta haren historiaurrekoa gehienez ere, eta Estetikari buruzko argi mehe eta arrasto bakanen bat baino ez du ematen, han eta hemen barreiatua. Eta estetika eta subjetibismo modernoa gauza bakarra osatzeraino bezain estuki loturik daudelarik, eta subjetibismoak eta izpirituaren filosofiak egiazko eta benetako filosofia, filosofia argi eta garbia esan nahi dutenez gero -edozein eratako fisika, metafisika eta teologiaren aurka-, ez genuke beldurrik izan behar azken ondorioa ateratzeko hortik: alegia, filosofia benetan garai modernoetako gauza dela, eta antzinateaz gero Berpizkunde Aroraino izen hori duena bakarrik bere bigarren mailako eta bidenabarrezko alderdian dela filosofia, eta, aldiz, bere alderdi nagusi eta funtsezkoan noiz mitologia, noiz erlijioa, noiz metafisika, noiz mistizismoa baino ez dela, edo nahi den beste edozein izendapen eman. Beldurrik ez dugula eduki behar diogu, oraindik orain argitu dugulako, Estetikaz aritzean, zernolako ondorioak dakartzaten era horretako ukapenek, garai oso bat kalifikatzeko egiten direnean, eta ez ordea gaitzesteko; bestalde, erantsi beharreko beste zerbait ere badago: alegia, ondorio hori ez dela dirudien bezain paradoxal eta berria deduzitzen eta formulatzen den eran, gogoratu behar baita azken bi mendeetan oso bizirik egon zela zerbait guztiz apartekoa gertatuko zelako kontzientzia (beharbada kristautasunaren garaipenak eragin zuenarekin bakarrik aldera litekeena), hain apartekoa gainera ezen, gure begientzat, aurreko garai guztiak garai bakar batera bilduta bezala agertuko baitziren, aro modernoaren aurrez aurre erabat. Eta aro modernoari era askotan deitu izan zaio: gizona argitzen duen Arrazoiaren aroa, bere buruaz jabetuta egotera iritsi den Izpirituarena, nonahi zabaldutako Askatasunarena, edo garai "teologikoaren" eta "metafisikoaren" ondorengo garai "positiboa".
Estetikara itzuliz, zientzia berri horrek argitu nahi zuen arazoa (nolabaiteko izendapen azalekoa emateagatik) zera zen, poesiak, arteak edo fantasiak izpirituaren bizitzan duen betekizuna, eta, beraz, fantasiak ezagutza logikoarekin eta bizitza praktiko eta moralarekin duen lokarria; horrek, aldi berean, kontrako galderara eramaten zuen, alegia, zein den ezagutza logikoaren eta bizitza praktiko eta moralaren betekizuna, hau da, izpirituarena, bere forma guztietan eta haien arteko dialektikan. "Giza izpirituaren inbentarioa egitea" zen espekulazioaren lelo berria; eta Estetikaren arazoa eskatutako inbentario horren barruan zegoen, eta aldi berean barru hori osorik betetzen zuen. Ezinezkoa zen poesiaren edo sorkuntza fantastikoaren ezaugarria sakonki bilatzea izpiritu osoa sakonki bilatu gabe, eta ezinezkoa, orobat, izpirituaren filosofia eraikitzea estetika eraiki gabe; filosofo moderno bakar bat geratu ez delarik beharrizan hori sentitu gabe, ezen, bakarren bat hortik at ibili dela dirudienean, hobeki begiratuz konturatu egiten gara edo dogmatismo zaharrean erortzen dela gutxi gora-behera, edo horrek ere ukitzen duela arazo estetikoa, beharbada oharkabean, zeharka edo era negatiboan. Esaterako, Kant bera (eta nahikoa izan daiteke itzal handiko adibide hau), beste guztiak baino uzkurrago agertu zen arren Estetikari trataera filosofikoa emateko, azkenik behartuta geratu zen, haren arrazoi hutsaren eta judizioaren Kritikak burutzean, hirugarrena eranstera, hau da, judizio estetiko eta teleologikoa, ohartaraziz hutsune handia, hiatus-a bezalakoa, geldituko zela bere "inbentarioan", bestela egin izan balu. Ez dira honen aurkako argudio nahikoa autore moderno batzuek adierazita entzuten diren burubideak: hots, Estetika "filosofiatik kanpo eta bereiz" aztertzekoak; izan ere, gauza bera askotan aurkitzen da errepikaturik Etikarako eta Logikarako, eta bakar-bakarrik esan nahi zen "filosofia ontologiko, transzendente eta dogmazaletik kanpo", hau da, metafisikatik kanpo. Burubide nahiko laudagarria da hori, funtsean, eta gure iritzia egiaztatu egiten duena.
Hala, bada, Estetikaren eta, oro har, filosofia modernoaren historia zuzen ulertu eta epaitu ahal izateko, ezin da pentsatu subjetibismo modernoa hastearekin batera desagertu zela, besterik gabe, filosofia traszendente zaharra edo metafisika, edo emeki-emeki itzali zela, edota geroan aienatuko dela erabat. Uste ustel horietatik abiatzen bagara, ikusten dugularik sistematizazio moderno guztietan neurri batean edo bestean badagoela metafisika edo traszendentzia hondarren bat, itzal fin edo orin baten antzera bada ere, orduan hortik ondorioztatu beharko dugu ezen, azken azterketan, metafisikara eta traszendentziara itzultzen garela eta, horregatik, aldatu zela uste zen horretatik ezer ere ez dela aldatu funtsean. Estetikaren kasura mugatuz, ez dago estetikalari moderno bakar bat ere haren arrazoibideetako puntu honetan edo hartan egotzi ezin diezaiokegunik intelektualismoa, moralzaletasuna, sentsualtasuna edo abstratuzaletasuna, eta, azken finean, naturalismoa eta traszendentzia. Orduan, zalantzarik gabe, okerraren tankera beharrezkoak (eta haien arteko bat da pentsamendu metafisikoa edo traszendentea), giza adimenak ikerketan egiten duen ibilbidearen barrukoak, betierekoak dira, hots, beti eta betiko itzultzen dira; baina horietara iristeak, horietan geratu eta oker egiteak ez du esan nahi aurrera egin ez denik. Eta aurrerabide orokorra, zeinengatik filosofia modernoa halako neurri batean bereizten baita antzinakotik eta ia-ia kontrajartzen baitzaio hala nola filosofia metafisikari, subjetibismoa objetibismoari eta inmanentzia transzendentziari, filosofia berriak antzinakoaren aldean duen norabide orokorrean, osagai nagusian eta entonazioan datza: izan ere, antzinakoan, metafisika zen osagai nagusia eta pentsamendu kritikoa bigarren mailakoa edo iragaitzazkoa; eta berrian, aitzitik, pentsamendu kritikoa da nagusia eta metafisika iragaitzazkoa. Horrela, Kant, bere aurrekoak kritikatuz, aditzera eman ondoren edertasuna kontzeptugabea, desinteresatua, helburu-irudikapenik gabeko helburua eta atsegin-iturri -atsegin unibertsala ematen duena, baina- dela, oharkabean berronartu egin zuen intelektualismoa, artelana definitzeko esan zuenean kontzeptu baten irudikapen egokia dela, zeinetan jeinuak adimena eta irudimena uztartuko baitzituen; eta, halaber, haren kanpoko xedea ere berronartu zuen, edertasuna moraltasunaren sinbolotzat joz; baina horrek ez du gutxitzen berak finkatu abiaburu berrien egiatasuna eta emankortasuna; hau da, horrek ez du esan nahi konpondu gabe geratzen direnik benetan konpontzen dituen auziak. Era berean, Hegel, irudikapen artistikoaren izaera intuitiboa baieztatu ondoren -ideia baita, baina tankera sentigarriaz-, logizismoan erortzen zen, artearen historia dialektikoa ideia bezala azaltzen zuenean, bai eta bere beste doktrina batzuekin ere; eta, edertasuna izpirituaren kontua dela eta ez naturarena onartu eta gero, naturaren barruko edertasunari buruzko doktrina eraiki zuen, nolabaiteko plotinismo baten ildotik; baina, hala ere, ugari dira berak planteiatu eta ongi konpondutako arazoak, eta nabarmena, orobat, zientziaren multzo osoari ekarri zion aurrerabidea. Beste horrenbeste gertatzen da haien filosofietako beste alderdi guztiekin ere, ezen inork ere ez du pentsatuko Kanten kritizismoaren indarra ukatu duenik aditzera ematean nolako ahultasunean jausten den autorea Gauza bere hartan proposatzen duenean eta inplizituki dogmatismoa eta transzendentzia berreskuratzen dituenean; edota Hegelek dialektikaren bitartez logikari egindako eraldakuntza sakona ere ukatu duenik, bakar-bakarrik Hegelek dialektika eraman duelako erabilerarik eduki ezin dezakeen lekura ere, fisikaren eta zoologiaren kontzeptu enpirikoak dialektizatzen dituelako, eta halako filosofia baten osotasunetik pentsamendu erabat abstraktua eta, zentzurik txarrenean, metafisikoa sortarazten duelako.
Beste oharpen bat egin beharra dago, bai Estetikaren, bai filosofia modernoaren historia zuzen ulertzeko; alegia, ez dela hartu behar arazo "estetikoa" deitzen dena arazo "bakartzat", eta, bestetik, ez dela hitzez hitz hartu behar horren izendapen laburtua, era askotako arazo beti berrien multzo agortezina zehazten dituena. Arazoa egiatan bakarra balitz, zera gertatuko litzateke derrigorrez: edo konpondu egingo litzatekeela, eta kasu horretan zientzia estetikoa hil egingo litzatekeela bere helburua osoki erdietsi eta gero; edo ezingo litzatekeela sekulan konpondu, eta arazoa gaizki planteatuta zegoela esan nahiko luke horrek, ez bailitzateke arazo bat izango, nahaste bat baizik; edota zati batez bakarrik konponduko litzatekeela, hurbilpen jarraitu batzuen bidez, konponbidera osoki iritsi gabe inoiz, eta aurreko kasura itzuliko litzatekeela horrela, egia erdia ez delako egia, eta osoki konpondu ezin den arazoa gaizki planteatutako arazoa delako. Baina, izen multzokari horren ordez berak aipatzen eta estaltzen duen errealitatea ipintzen denean, ikusten da Estetika, eta Filosofia osoa ere, beti dagoela eta ez dagoela, hau da, bizirik dagoela, eta arazoak noiz edo behin konpondu egiten direla, baina haien arteko bakarren batek, konpondu eta gero ere, konpondu beharreko beste arazo batzuk sortzen dituela. Orduantxe, proposatutako doktrinak edo, bestela esanda, halako garai batean pentsalari bakar batek edo askok planteatu eta konpondutako arazoak aztertzean, posible da giza gogoaren aurrerabideaz ohartzea, zein baita egiaren betierekotzea.
Adibidez, xvii. mendean, aurreko mendeko literatur eztabaida eta gogoetek hartaraturik, batez ere Italiako erretoriko eta kritikalariek gutxi gora-behera ohartuki jorratu zuten arazoa hauxe zen: artegintzarako gaitasun berezi bat aurkitzea, adimen hutsetik kanpoko gaitasun bat alegia, areago edertasun asmatzaile eta sortzailea berez; haiek "jeinua" izena emanez egin zituzten beren ikerlanak, "irudimenari" edo "fantasiari" atxikiz; orobat, artea epaitzeko gaitasun bat ere aurkitu nahi izan zuten, arrazoimenetik kanpokoa; juzku edo "gustu" izena eman zioten, eta batzuetan "sentimenduari" atxiki zioten, eta beste batzuetan, ordea, halako "auskalo zer" bati buruzko oharmen edo intuizioari. Baina, aldi berean, Descartesek eta haren jarraitzaile hurbilek, giza ezagutza ebidentzia matematikora murrizteko ahaleginean, baztertu edo gaitzetsi egiten zituzten pentsatzeko eta juzkatzeko molde nahasiak iruditzen zitzaizkienak, eta, raison delakoaren loria handiagorako, fantasia erdeinatu eta poesia sakrifikatu egiten zuten matematikarengatik eta metafisikarengatik. Nolanahi ere, ezin esan liteke Descartes atzerakoia zenik jeinuaren, gustuaren, sentimenduaren eta "auskalo zer" horren asmatzaileen aldean, edota hauek zirela atzerakoiak Descartesen aldean, bi arazoak desberdinak zirelako eta egia desberdinei egiten zietelako aurre: izan ere, lehenak itsumustuan bezala ari ziren antzematen poesiak eta arteak izpirituaren bizitzan duten egitekoa, eta besteak izpirituaren filosofia bat sortu zuen, arrazoizaletasunaren bidetik bada ere, beharrezkoa zena segurtasunik eta egonkortasunik eza kentzeko lehenen aurkikuntzei. Horrela, Descartesen eraginez osatu ziren hainbat azterlan, arteak abiaburu bakarrera murriztu nahi zutenak (Batteaux) edo edertasuna haren tankera eta agerpen-maila desberdinetan definitu nahi zutenak (André, Crousaz); era berean, kartesianismotik ateratakoa da Leibniz bera, zeinek bere pentsamenduan xvii. mendeko erretorikoen eta Descartesen egiak uztartu (eta horixe izan zen haren arazoa, alde horretatik), eta ezagumenari buruzko teorian leku bat eman baitzien ezagutza nahasi eta argiei -ezagutza berezien aurretik daude hauek-, eta poesiari -eta hau filosofiaren aurretik dago-; eta haren eskolakoek doktrina-multzo bat egin zuten horiekin, halako zientzia berezi bat, alegia scientia cognitionis sensitivae, ars analogi rationis eta gnoseologia inferior direlakoak, azkena "Aesthetica" izenez bataiatu zutelarik. Ondo planteiatu eta ondo konpondutako arazoa, berau, nahiz eta intuiziozko ezagumenaren eta adimenezko ezagumenaren arteko alde gradual edo kuantitatibo soila nahikoa ez izan ondoren etorri zirenentzat eta, diseinatutako Estetika garatzen jarraitzeagatik eta jeinuari eta gustuari buruzko teoriarekin uztartzeagatik, beren buruari galdetu behar izan ziotenentzat ea intuiziozko ezagumena egiatan ote zen adimenezko ezagumen "nahasi" hutsa -hauek, gainera, kontzeptu kuantitatibo eta psikologiko hori arian-arian fantasia burujabearen kontzeptu espekulatiboa izateraino eraman zuten-. Garai hartantsu, gramatikaren zientzia edo "gramatika filosofikoa" sortu zen, aparteko beste aztertzaile-multzo batean, gramatikari eta logika formalari buruzko ikerlanetan; gramatikaren zientzia horrek, hizkuntzaren eta irakaskuntzan erabiltzeko sortutako gramatika enpirikoen ihardunbide irrazional edo fantastikoari buruzko arrazoinamendua izanik, zer eta sekulako okerra irudi lezake; alabaina, hizkuntza haren funtsezko legeen arabera ulertzeko saio -arrakastatsu- bat izanik, hizkuntz filosofia sortu zuen horren ondorioz, aurrera atera eta garatu egin zena, gramatika logikaren aurriritziak bazterrean utziz, apurka-apurka. Are gehiago, gramatika logikaren asmatzaileek beraiek ere azkar asko planteatu zuten ea irudimenaren formak -metaforak eta tropoak deitutakoak- forma logiko biluziaren edergarri edo eranskinak ziren, eta ikusi zuten ez direla "edergaiak", eta bai ordea "berezko adierazpen formak" (Du Marsais). Eta oro har, ez orduan eta ez aurrerantzean denbora luzean ere, hizkuntz filosofia berriaren arazoek eta arteari buruzko zientzia berriaren -Estetikaren- arazoek lotura estua zutela edo, areago, berdinak zirela antzeman ez zuten arren, Vicok bai igerri zion lotura horri, poesiaren jatorrian bertan bilatu nahi izan baitzuen hizkuntzen jatorria. Nolanahi ere, Vico haren garaiko eta xviii. mende osoko beste estetikari guztien gainetik jartzea arrazoizkoa izan daiteke, bai, etorkizun urruna aurreratu zuten haren irakaskuntzen eta irakaskuntza-zirriborroen handitasuna ikusita; baina, beste alde batetik, okerra ere izan daiteke, okerrak direlako berez nagusitasunak erabakitzeko saio guztiak -hain zuzen ere, horiek mintzaldiaren enfasiari begira bakarrik onar daitezke, erabilera enpirikoan-. Izan ere, beste edozein pentsalariren antzera, Vicok hainbat arazo aztertu zituen sakonki, baina beste asko ordea ez zituen ukitu, nahiz eta garai hartarako sortuak eta eztabaidatuak izan; ahaleginak egin zituen, batez ere, fantasiaren originaltasuna argitzeko, kartesiano idorren ukapenen aurka, bai eta hura ezagumenaren lehen forma bezala finkatzeko ere, izpirituaren etengabeko garapenaren barruan eta, orobat, gizarteen aro soziologikoen eta haien egiazko historiaren barruan. Baina xviii. mendeko auzi estetikorik handi eta ospetsuena gustuaren erabatekotasun edo erlatibotasunari buruzkoa izan zen; horri uztarturik, jakina (edozein proposizio filosofikok beste guztiak baititu uztarturik) artearen izaerari buruzkoa ere: hots, artea pertsonaren atseginbide organikoei ala egiaren forma mentalei ote dagokien; hori bai, bigarren auzi hau beste zerbaiti lotuta proposatu eta formulatu ohi zen, edertasunari eta arteari buruzko iritzien ugaritasun eta kontrakotasunagatik sortzen diren zalantzei, alegia. Auzirik eztabaidatuena izan zen berau garai hartan, berari buruzko idatzi multzo oparoak -baina ez horrek bakarrik- frogatzen duen bezala; beste bi ekar genitzake gogora: bata, "literatur generoen" eta "arauen" doktrinaren balioari buruzkoa, Berpizkunde Aroko poetika italiarrak eta, geroago, frantsesak landutakoa; eta bestea, arte bakoitzaren "mugei", hots, izaerari buruzkoa. Lehen auziari dagokionez, Gravina idazle arrazoizale ia pedanteak askatasunik handienaren alde azaldu eta generoen aurrekontzeptuaren aurkako txarrespenik biribilena entzunarazi zuen; hemen jasota utzi nahi izan dugu hori, berriro esateko komeni dela beti, historia ulertu ahal izateko, arazoen eta pentsamoldeen berezitasunei jarraitzea, bazter batean utziz gauzak errazteko, bateratzeko edo koherentziarik ez dagoen lekuan koherentzia bilatzeko joera gehiegizkoa. Bigarren auziari dagokionez, gogotik esango genuke, gramatika filosofikoaz esan den bezala, hortik atera zen doktrinak -Lessingenak, alegia-, arte bakoitzerako halako gauza edo kontzeptu esparru berezi bana mugarritzen zuelarik (poesiarako ekintzak, eskulturarako gorputzak, etab.), aurreko okerren gainean beste oker bat egitea esan nahi zuela, gauzak areago txartuz, ut pictura poësis esaera zahar zorrotzarekin alderatzean. Baina, egiatan, ordea, mugarrien arazo berez zentzugabea konpondu gabe edo gaizki konponduz, Lessingek bai konpondu zuen hasieran planteiatua zuena: hau da, garbi erakutsi zuen inolako arterik (ez eta inolako artelanik ere, jakina) ezin dela beste batera itzuli eta bertan haren baliokiderik aurkitu. Hartara, are gorago eraman zuen errepresentazio artistikoen batasun eta ugaritasunari buruzko ikerketa; esan gabe utzita, bestalde, arteen mugei buruzko kontzeptua muturreraino eramanez, aurkako jarrera eta konponbidea sortzen lagundu zuela: hots, muga horietan fisikatik ateratakoa eta, beraz, estetikatik kanpokoa den halako sailkapen bat ikusten duena. Arte figuratiboen gaineko ikerketen ondorio da Winckelmannen Historia ere, arteen benetako historia osatu zuen liburua, esan ohi den bezala; eta esaldi horrek badu kontraesan edo mugapenik ere, ezen Winckelmann bere historia osatzeko orduan irizpide abstraktu eta antihistorikoan oinarritu zen, hau da, "Edertasun ideala" deitzen den horretan; eta, horregatik, Vicoren azpitik dago, beste honek egin zuen poesiaren historia aldatu egiten baitzen gizarte-baldintzak eta jarrera mentalak aldatzen ziren arabera. Dena dela, kontutan izanda arte figuratiboen aurreko historiografia osatzen zutenak batez ere artisten biografiak edo antzinateko artelan bildumak zirela, egia da Winckelmann arteen barruko historia egiten ahalegindu zela, nahiz eta historia horren barnekotasunean nolabaiteko kanpokotasuna ere gorderik egon. Winckelmann-en garai berean eta haren herri berean, Alemanian alegia, Hamann eta Herder beren kasa sartzen hasiak ziren filosofo italiarrak ibilitako bidetik: bata zein bestea gure filosofoaren azpitik daude, beren espekulazioen zabaltasun eta ahaltasunagatik, baina, hala ere, arretarik gabe ezin utz daitezke jatorrizkoaren kopia balira bezala; izan ere, jorratu zituzten auziak -Vicok aztertu zituenen guztiz antzekoak, baina, haien aldean, tarteka eta bidenabarrean bezala aztertuak- berriak ziren, geroago sortutako kontzeptuez elikatuak, eta, batez ere, kultura germanikoaren abiapuntuetatik sortuak, urrun beraz Vicoren abiapuntu klasiko humanista soiletatik. Eta beste batzuek, antzinako erretorikoen bereizketa batzuk metodo psikologikoaz berrituz, ahaleginak egiten zituzten bikaintasuna, irrigarritasuna eta sentimenduaren beste forma batzuk zer diren argitzeko, edertasunari eta arteari dagokienez. Mende haren bukaeran, Kant xviii. mendeko pentsamolde estetikoaren bilgune bezalako zerbait da (Judizioaren kritika-n haren ikerketa eta polemiketan, lortutako egietan eta nozitzen dituen zalantzetan islatzen da hori), baina, baita ere, bera gainditzen duen pentsamoldearen abiapuntua; horrek argitzen du zergatik Estetikari buruzko historialariek ematen dioten Kanti, baita puntu honetan ere, halako postu zesariano edo napoleoniko bat, haren baitan "bi mende, bata bestearen aurka armaturik" elkarri oldartu balitzaizkio bezala, hitz erabakiorraren zain. Errepresentazio erdi-sinboliko hori onargarritzat har liteke, baldin eta zuhurtasunez interpretatzen bada, egia baita Kantek berplanteatu egiten duela, bizitasun handiz gainera, bere mendean puri-purian zegoen auzia, hots, gustuaren erabatekotasuna edo erlatibotasuna, bai eta beste batzuk ere, hala nola jeinuaren erregulartasuna edo irregulartasuna, edertasun hutsa eta edertasun atxikia, bikaintasuna eta irrigarritasuna, eta artearen mugarriak. Baina, egia da, orobat, edertasunari buruz Kantek ezaugarri nahiko indartsu baina ezkor eta orokorra besterik ez duela ematen, berak edozein etika material edo baliagarritatik salbu jarri zuen lege moralaren antzekoa; bestalde, anti-historiko eta anti-dialektikoa izanik, haren baitan ez da islatzen poesiari eta hizkuntzari buruz orduko hasita zegoen azterbide historiko-dialektikoa. Eta, alde horretatik, Kanti baino areago, Herderri eta Leibniz eta Baumgarteni (eta, idealki, Vicori ere) lotzen zaie Alemaniako estetika post-kantianoa, Schillerrengandik Hegelenganaino iristen dena, bai eta maila gutxiagokoenganaino eta Schopenhauer bezalako epigonoenganaino ere, eta oraindik ere badauka jarraitzailerik. Bestalde, estetika horretan, arteak izpirituaren bizitzan duen egitekoaren inguruko auzia lotuta egoten da Absolutua antzematen duen organo mentalaren arazoari; horregatik, artea orain filosofiarekin nahastu, orain filosofia mota barneko bat -hots, pentsamolde mitologikoa- izatera itzuli, orain nolabaiteko hiperfilosofia baten mailara altxatzen da; eta erretorika, literatur generoak, artearen banaketa, naturaren edertasuna, zentzu estetikoa eta gainontzeko enpirismoak gorde egiten dira, eta, are okerrago dena, arrazionalizatu eta deduzitu egiten dira egia filosofikoen modura. Arrazoi horrexegatik, estetikari haiek ez zuten sakonki aztertu, eta bai ordea bistatik galdu, poesiaren eta adierazpen huts edo hizkuntza konkretuaren arteko lokarria; horrela, hizkuntzaren filosofia bere bidetik doa, konturatu gabe Estetikaren arazo berberak ari dela jorratzen, hizkuntzaren jatorriari eta hitzaren eta logikotasunaren arteko loturari buruzko eztabaidetan. Hala eta guztiz ere, artearen gauzen inguruko ezagukizun eta oharkizunen ugaritasuna (filosofo haiek neurri batean jasotzen zutena garai bereko literatur kritika erromantikotik, eta neurri batean beraiek ere ekoizten zutena haiek ere kritikalari erromantikoak zirelako), haien arazo nagusia, Estetikaren alorrekotzat baino areago, filosofiaren logikaren alorrekotzat hartu behar zen, eta haien ahaleginaren helburua subjetibismo kantiano berria metafisika eta teologia zaharrekin adostea zen; hartara, artea, bere arazo bereziekin, haien azterlanetan sartzen zen azkenik, gutxi gora-behera gramatika eta erretorika ertaroko entziklopedietan eta sistema eskolastikoetan sartu ziren bezala, estrinsekoki, edota aurretiazko eskema sistematikoen arabera moldaturik. Baina, halere, beste alde batetik, aztergai zuten auziak aurrerabide nahiko handia zekarkion filosofiari eta, horregatik, baita Estetikari ere, zeren eta, oskol metafisikoaren barruan sartuta egon arren, izpiritualtasun erabateko bat finkatzearren ari baitziren lanean; eta han-hemenka oskol hori apurtu egiten zuten, bereziki pentsamendu historikoari lotzen zitzaizkionean, garai politiko eta moral berrira egokituz, eta historian bakarrik hartzen zituztenean errealtzat artea, filosofatzea eta bizitzaren beste edozein forma. Areago zeharreko bidetik, baina hala ere ezin ahazteko eran, positibismoak eta psikologismoak ere ekarri zioten aurrerabidea Estetikari, lehenagoko idealismo metafisikoari txanda hartu ondoren; lehen begiratuan, arteari buruzko edozein ideia ito eta itzaltzen zutela zirudien, ezin baitzuen aurkitu eta ez baitzuen aurkitzen lekurik naturalismo berrian eta teologia materialista berrian. Baina, naturalismo berria lehenagokoa bezalakoa ez izanik, eta arestiko idealismoaren aurkako bezala sortua zenez gero, idealismo horren azken hondar metafisiko eta teologikoen aurkako polemika zeukan funtsean, sarritan zabarra, baina baita legezkoa eta eraginkorra ere; eta, hondar horiek paretik kentzearren, Estetika "deduzitzeari" uko eginez, eta horrentzat ere metodo fisiologiko eta fisikoa gomendatuz, aholku txarra ematen zuen baieztatzen zuenari dagokionez, baina ezin hobea ukatzen zuenari dagokionez, ordea. Eta eskola benetan filosofikoetatik kanpo, baina ez aldiz filosofia batez ere idealista eta erromantikoaren eragina jaso gabe, literatur eta arte kritikak (De Sanctis Italian, Flaubert eta baita Beaudelaire ere Frantzian), bere zereginari lotuz, arteari buruzko halako kontzientzia bat sortu zuen, metafisikoen abstraktuzaletasunak eta positibisten zabartasunak erdeinatzen zutena -biek berdin eta arrazoi berdinengatik-; halaber, "forma" artistikoari buruzko funtsezko egia asko egiaztatu eta gezurtatu egin zituen, artearen gaineko zuzeneko ikerketak eta ihardunak berak iradokitakoak eta ikerketa zabaltzeko eta antolaketa berri bat eratzeko beharra prestatzen eta sentiarazten zutenak.
III
aldatuOrain arteko ohar hauek guztiak, esan dugun bezala, Estetikaren historiaren azalpena baino areago ere, adibide txiki bat izan dira, ondo asko erakusten duena historia horretako arazoak ugariak direla eta arazo "bakar" baten historia balitz bezala agertzea ezinezkoa dela (non eta ez den aldatu eta pobretu nahi). Ohartzekoa da ezen, ikerleek jorratu arazoak ugariak izan ziren bezalaxe, ugaria izango dela beti kontakizun historikoa bera ere, eta honek, historiariaren interes mentalaren arabera, arazo haietako bat edo gehiago, franko edota asko eta asko ukituko dituela, baina inoiz ere ez denak; eta garrantzirik handiena horietako bati edo horien multzo bati emango dio orain, eta besteari gero, eta, azalpena gardenagoa izan dadin, funtsezko (pjoz hmaz) balitz bezala aurkeztuko du, baina ezingo du inoiz erabateko nagusitasuna (jnsei) justifikatu. Jakina, ez da galarazten, azalpen teorikoa egiteko orduan, antzekoak diren arazoak multzokatu eta, horrela, arazo "berbera" planteatzea, "pentsalari askorentzat komuna" bailitzan (multzokatzeko aukera horretaz baliatu gara gu ere goragoko datu azalekoak emateko, are gehiago azalekoak izateagatik, hain zuzen); baina komeni da inoiz ere ez galtzea bistatik arazo bera deitzen dugun hori "kolore" desberdinaz agertu ohi dela, esaten den bezala, pentsalari bakoitzean. Eta "kolore desberdintasun" metaforiko horrek esan nahi du arazoari buruzko determinazioak desberdinak direla eta, horregatik, baita arazoak ere. Arazoak garai orotan desberdinak eta era askotara gurutzatuak direla ikusita, are gutxiago galarazten da arotan banatzea kontatzen ari den historia: horretarako, baina, ez da ahaztu behar, alde batetik, aro horiek gutxi gora-beherakoak direla, bai haien arteko muga-lerroei dagokienez, bai haien erdiguneari dagokionez ere; eta, bestetik, badirela halako arazo-sorta batzuk halako aro batean hasi eta etenda geratzen direnak, harik eta geroagoko aro batean edo gehiagotan berriro agertzen diren arte: horren adibideren bat ikus daiteke lehenago emandako oharretan. Hor ere badugu Estetikaren historia arotan banaturik, bi arotan, hobeki esanda: lehena, historiaurrea, xvii. mendeko kritika eta filosofia baino lehenagoko bi mila urteak eta gehiago biltzen dituena; eta bestea, historia, xvii. mendean hasi eta gure egunotaraino iristen dena. Bestalde, historia honetan lau aro bereizten dira nabarmenki: haietako lehena Kant aurreko Estetikarena da, hots, gai nagusi bezala "ahalmen" artistikoa eta beronek izpirituaren beste "ahalmen" guztien artean daukan lekua bilatzen zenekoa; bigarrena Kantena eta haren ondokoa da, idealismo metafisikoa agortu zen artekoa, zeinetan izpirituaren ahalmenak haien abstraktutasun eta elkargainkatzetik apartatuak eta izpirituaren historia ideal bezala ulertuak izan baitziren, eta zeinetan arteak bide ideal horretan hartu baitzuen bere lekua, artean ere nolabaiteko epopeia erlijiosoa zelarik eta berau mito bilakatzen zelarik, batzuetan estetikoa baino gehiago, beste batzuetan gutxiago. Hirugarrena positibismoaren eta psikologismoaren aroa da, ia xix. mendearen bukaera arte luzatzen dena; honetan, metafisikaren aurkako erreakzioz, arteari buruzko ulerbide naturalistara itzuli zen, eta arte teoria ez zen lortu, baina bai beste zerbait, alegia, estetikaren barruko metafisikokeria guztiei gorroto osasungarria izatea. Eta laugarren aroa gaur egungo Estetikarena da, artearen arazoei buruzko azterketa berriro eskuan hartu, eta metafisikatik eta positibismotik, baina ez ordea filosofiatik, libratzen duena, izpiritu estetikoari buruzko Filosofiaren itxuran. Azken aro hau, baten batzuek itxita ikusi nahi luketena, bere hasieran baino ez dago, nire iritziz; eta, nolanahi ere izanik, itxita behintzat ez dago, zeren eta aro bat ixten baita arazo berriak eta irtenbide berriak izugarri ugaldu eta, beraz, beste aro bat hasten denean; eta beste aro hori, batzuek aurreratu dutena, nik ez dut inon ere ikusten, eta aldiz bai ikusten dut, oso argi gainera, nolako borrokan ari den intuizio hutsaren edo intuizio lirikoaren Estetika, bai aurrekontzeptu psikologiko eta naturalisten aurka -berauek guztiz galbidean daudelarik-, bai metafisikatik datozen aurrekontzeptu gogor eta tematiagoen aurka, metafisikak egiatan hezi eta des-hezi duelako aldi berean giza pentsamendua.
Edonola izanik ere, lau aro horiek filosofia modernoaren historiarenak berak dira haren alderdi berezietako bakoitzean; erraz onartuko da hori lehenengoari eta hirugarrenari dagokienez, eta ez hain erraz, ordea, bigarrenari eta laugarrenari dagokienez; izan ere, gutxi ohartu dira ezen azken hamarkada hauetan Europako pentsamenduan, hainbat ahalegin gutxi gora-behera umotu, egoki eta logikoren bidez, sortuz joan dena filosofia berri baten ideia dela, hain zuzen, nekez hartzen dena neoidealismo, neokantismo, neofichtismo edo neohegelismotzat, eta, egiatan, aldi berean filosofia antipositibista eta antimetafisikoa dena; nik, azkenaldi honetan, "Historiografiaren mementu metodologikoa"2 deitzea proposatu dut, bereziki maite dudan eran. Baina gogoeta hauen haritik jarraitzeak hemengo mintzagai honen mugetatik kanpora eramango ninduke, haren helburua zelarik, bakar-bakarrik, Estetika Filosofiarekin bat datorrela eta, orobat, eta horren ondorioz, Estetikaren historia Filosofiaren historiarekin ere bat datorrela azaltzea. Gainera, bat etortze hori erabat onartzen dute Estetikaren historialariek, beste filosofiak Estetikaren arazoan duen eraginkortasuna aztertzean, eta filosofiaren beste alorretako historialariek ere, Estetikak Logika edo Etikaren garapenean duen eraginkortasuna aztertzean, eta abar. Baina "elkarrekiko ekintza", berauek aitortzen eta azaltzen ari direna, Estetikaren eta Filosofiaren arteko batasunaren "metafora" baino ez da. Metaforetatik kanpo, komeni da esatea arazo logiko, etiko eta bestelako guztiak arazo estetikoak ere badirela, eta alderantziz; are gehiago, guztiz zehatzak izateko, ez litzateke ezta "alderantziz" hori erantsi behar ere, zeren eta lehen hitzetan baieztatu egin baitira, aldi berean eta ekintza bakarrean, bai zuzeneko aldea eta bai alderantzizkoa ere.
1916