Estetika brebiarioa/II. Arteari buruzko aurreiritziak

Estetika brebiarioa  (1921)  Benedetto Croce, translated by Koldo Biguri Otxoa de Oribe
II. Arteari buruzko aurreiritziak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

II. Arteari buruzko aurreiritziak


Artea eta berarekin nahastu den edo ohi den hori guztia bereizteko prozesuak, azaletik zehaztu dudanak, buru-ahalegin bat, inolaz ere ez txikia, egitera behartzen gaitu, ezbairik gabe; baina neke horrek bere saria lortzen du azkenik haren bidez irabazten den askatasunarekin, Estetikaren esparrua trabaz betetzen duten bereizketa faltsu ugarien aurrean. Azken hauek, haien erraztasun eta nabarmentasun engainagarriagatik hasieran liluratzen duten arren, artea egiatan zer den sakon ulertzea eragozten dute. Eta, nahiz eta ohiko bereizketa arruntak errepikatzeko abantaila edukitzearren ezer ere ez ulertzera gogoz etsitzen direnak falta ez izan, guri ordea komeni zaigu bereizketa horiek denak kanpora botatzea, norabide teoriko berriak gonbidatzen gaituen eta garamatzan lan berrientzat oztopo direlako, eta, orobat, abantailarik gorenaz gozatzea, geure burua aberats sentitzetik datorrenaz, hain zuzen. Izan ere, aberastasuna ez da lortzen objetu askoren jabe izanez bakarrik, baina, baita ere, pasibo ekonomikoak diren guztien jabetzari utziz.

Eta Estetikaren esparruan pasibo ekonomikoak direnen arteko ospetsuenarekin hasiko gara: edukiaren eta formaren arteko bereizketa, xix. mendean eskolen arteko banaketa ezagun bat eragin zuena, hots, Edukiaren Estetika (Gehaltsaesthetik) eta Formaren Estetika (Formaesthetik). Oro har, ondoko arazo hauek ziren elkarren kontrako eskola horiek sortarazi zituztenak: edukia bakarrik al da artearen funtsa, forma bakarrik, ala forma eta edukia, biak batera?; eta zein da edukiaren ezaugarria, eta zein da forma estetikaren ezaugarria? Batzuen arabera, osorik edukian dago artea, hau da, aldi bakoitzean gustagarri den horretan, edo morala den horretan, edo gizakia metafisikaren eta erlijioaren zerura goratzen duen horretan, edo errealistikoki zehatza den horretan, edota, baita ere, izatez eta fisikoki ederra den horretan. Eta besteen arabera, ostera, edukiak ez du axolarik, forma ederrak sostengatzen dituen hezurdura edo zureria hutsa da, egiatan forma ederrek bakarrik egiten dute dohatsu izpiritu estetikoa: batasunak, harmoniak, simetriak eta antzekoek, alegia. Eta alderdi bata zein bestea ahalegintzen zen bereganatzen eta haren aldean jartzen lehendabizi artearen izaeratik kanpo utzitako osagaia; eta edukizaleen arabera, edukiari (hots, edertasunaren osagaiari) zegokion forma ederrez apaintzea eta batasun, simetria, armonia eta abar bezala agertzea; eta formazaleen arabera, aldiz, artea ez baina bai artearen ondorioa hazten da edukiaren balioaz, zeren eta kasu hauetan balio bakarra ez, baizik bi balioren batuketa aurkitzen baita. Doktrina hauek, beraien sendotasun eskolatikorik handiena Alemanian, hegeldar eta herbartiarren artean lortu zutenak, apur bat nonahi aurkitzen dira Estetikaren historian, antzinatekoan, Ertarokoan, modernoan eta oraintsukoan; eta, axola gehien duena, baita iritzi arruntetan ere, ez baitago ezer arruntagorik halako drama bat "formaren aldetik" ederra, baina "edukiaren aldetik" makurra dela entzutea baino; edo halako poesia bat guztiz noblea dela "kontzeptuaren aldetik", baina "bertso itsusitan moldatua"; edo halako pintore bat handiagoa izango litzatekeela bere marrazkilari eta koloregile indarra alferrikalduko ez balu "gai apal desegokietan", eta aukeratuko balitu historiaren, abertzaletasunaren edo soziologiaren ikuspegitik garrantzitsuak diren beste gai batzuk. Esan daiteke gustu onak eta arteari buruzko zentzu kritikoak etengabe defenditu behar dutela beren burua doktrina hauengatik sortzen diren iritzi okerretatik, doktrina horietan filosofoak herri xehe bihurtu eta herri xehea ia filosofo sentitzen baita filosofo-herri xehe horiekin ados dagoela ikusita. Iritzi edo juzku oker horien jatorria ez da sekretua guretzat, zeren eta, eman diren jakinbide laburrekin ere, argi baitago arteari buruzko ulerbide hedonista, moralista, kontzeptualista edo fisikoen enborretik sortzen direla, ulerbide horiek, artea arte izanarazten duen hori antzeman ez dutenez gero, behartuta daudelarik nola edo hala artea berreskuratzera, ihes egiten utzi ondoren, eta berriro aintzat hartzera osagai gehigarri edo bidenabarreko gisa; edukizaleek formaren osagai abstraktutzat hartzen dute, eta formazaleek edukiaren osagai abstraktutzat. Estetika hauetatik axola zaiguna, hain zuzen, aurkakotasun horixe da, bertan edukizaleak nahi gabe formazale bihurtzen baitira, eta formazaleak edukizale, batzuk besteen lekura igaroz, azkenik bertan kezkati gelditu eta kezka berbera eragiten dien beren jarrerara itzultzen direlarik. Herbartiarren "forma ederrak" ez dira ezertan ere hegeldarren "eduki ederren" aldean desberdinak, batzuk zein besteak hutsa direlako. Eta areago axola zaizkigu pentsalari horiek espetxetik irteteko egiten dituzten ahaleginak, eta haren ate edo hormak ahultzeko jotzen dituzten kolpeak, bai eta haien arteko batzuek azkenik irekitzen dituzten zirrikituak ere. Ahalegin trakets eta antzuak, edukizaleenak bezalakoak (ikus, esterako, Hartmannen Philosophie des Schönen), haien "eduki" ederrak (eder, bikain, irrigarri, tragiko, umorezko, patetiko, idiliko, sentimentalak, etab.) hariz hari lotuz eta sare bat osatuz, sare horrekin errealitate-forma guztiak harrapatzen saiatzen baitziren, baita "itsusia" deitu zutena ere; eta ez ziren konturatzen haien eduki estetikoak, apurka-apurka errealitate osoarekin bat etorrarazi ondoren, ez zeukala ordurako inolako ezaugarririk beste edukietatik bereiztuko zuenik, ez baitzegoen beste inolako edukirik errealitatetik kanpo; bestela esanda, haien funtsezko tesia funtsean ukatuta geratzen zen horrela. Tautologiak, beste edukizale formazale batzuenak bezalakoak, eduki estetikoaren kontzeptuari eusten baitzioten, baina "gizakiari axola zaiona" bezala definituz, eta interesa gizakiari dagokion zerbait bezala zehaztuz egoera historiko desberdinetan, hots, gizabanakoari dagokion zerbait bezala: funtsezko auzia ukatzeko beste era bat izanik hori, argi baitago artistak ez lukeela arterik sortuko bere sorkuntzaren datu edo auzia den zerbaitez interesatuta ez balego, baina, baita ere, zerbait hori artistak horretaz interesatu eta arte bihurtzen duenean bakarrik dela artea. Formazaleen aitzakiak, ezen, artea forma eder abstraktuetara, berez inolako edukirik ez duten eta bi balioen batuketa bezalako zerbait eginez edukiei erants zekizkiekeen forma batzuetara murriztu ondoren, ahalgez sartzen zuten forma ederren artean "formaren eta edukiaren arteko armonia", edo, ganora handiagoz, nolabaiteko eklektizismo baten aldeko agertzen ziren, artea jartzen zutelarik eduki ederraren eta forma ederraren arteko "erlazioan"; eta horrela, eklektikoena bezalakoa litzatekeen bidegabekeria batekin, erlazioaz kanpoko terminoei egozten zizkieten horiek erlazioan soilik bereganatzen dituzten ezaugarriak.

Izan ere, egia bakarra hauxe da: artean ondo bereiztu behar direla edukia eta forma, baina bakoitza bere aldetik ezin dela artistikotzat hartu, hain zuzen ere haien erlazioa bakarrik delako artistikoa, hau da, haien batasuna, ez ordea batasun abstraktu eta hila bezala ulertua, baizik eta a priori-ko sintesiarena den batasun konkretu eta bizia bezala; eta artea egiazko a priori-ko sintesi estetikoa da, sentimendu eta irudiarena intuizioan, eta honi dagokionez errepika daiteke irudirik gabeko sentimendua itsua dela, eta sentimendurik gabeko irudia hutsik dagoela. Sintesi estetikotik kanpo, sentimendua eta irudia ez dira existitzen izpiritu artistikoarentzat: bestelako itxura batez existituko dira izpirituaren beste alor batzuetan, eta sentimendua, orduan, maitatzen eta gorrotatzen, irrikatzen eta erdeinatzen duen izpirituaren alderdi praktikoa izango da, eta irudia, ostera, artearen hondar bizigabea, irudimenaren haizearen eta jolasaren gutizien mendeko hosto iharra izango da. Baina hori ez dagokio ez artistari ez estetikalariari, artea ez delako ameskeria hutsala ez eta grina oldartsua ere, ezpada ekintza hori beste ekintza batez gainditzea, edo, nahiago bada, oldartze hori ordezkatzea beste oldartze batez, formakuntzarekiko eta behapenarekiko antsiaz, sorkuntza artistikoaren larrialdi eta pozaldiez. Horregatik axolarik gabeko gauza edo egokitasun terminologiko hutsekoa da artea eduki bezala edo forma bezala aurkeztea, baldin eta ulertzen bada edukia formatua dela eta forma betea, sentimendua sentimendu irudikatua dela eta irudia irudi sentitua. Eta artearen beregaintasunaren kontzeptua beste inork baino hobeki finkatu eta beregaintasun hori "forma" hitzaz indartu -kontra eginez horrela bai filosofatzaile eta moralisten edukizaletasun abstraktuari, bai akademikoen formazaletasun abstraktuari- nahi izan zuenaren omenez bakarrik, De Sanctisen omenez alegia, eta, orobat, artea beste iharduera izpiritual batzuekin nahasteko saioen aurkako eztabaida beti premiazkoagatik bakarrik deitu ahal izango zaio "formaren estetika" intuizioaren estetikari. Bestalde, egiatan egin litekeen eragozpen bati aurre egin behar zaio (baina zientzilari baten zorroztasunaz baino areago abokatu baten sofismaz egin ere): alegia, intuizioaren estetikak ere, artearen edukia sentimendutzat edo aldartetzat emanez, intuiziotik kanpo kokatzen duela eta itxuraz aitortzen duela sentimendu edo aldarte ez den edukia ezin dela artistikoki landu eta eduki estetikoa izan. Sentimendua edo aldartea ez da halako eduki berezi bat, baizik unibertso osoa sub specie intuitionis begiratuta; eta hortik kanpo ez dago pentsa daitekeen inolako edukirik alde berean forma, forma intuitiboa ez bezalakoa, ez denik: ez gogoetak, unibertso osoa baitira sub specie cogitationis; ez gauza fisikoak eta ente matematikoak, unibertso osoa baitira sub specie schematismi et abstractionis; ez borondateak, unibertso osoa baitira sub specie volitionis.

Badago beste bereizketa bat, hau ere bestea bezain faltsua (eta "edukia" eta "forma" hitzekin jokatzen duena), intuizioa adierazpenetik eta irudia irudiaren gauzapen fisikotik banantzen dituena, eta alde batean sentimendu mamuak, gizaki, animalia, paisaia, ekintza, abentura eta abarren irudiak jartzen dituena, eta bestean, aldiz, soinu, doinu, marra, koloreak eta abar; eta hauei artearen kanpoaldea deitzen die, eta aurrekoei barrualdea: batzuei artea berez, bestei teknika. Kanpoaldea eta barrualdea bereiztea gauza erraza da, hitzez behintzat, batik bat xehetasunez aztertzen ez direnean bereizketaren arrazoiak eta modua, eta gero bereizketa hori botatzen denean inolako zerbitzurik eskatu gabe; halako moldez non, horretaz inoiz pentsatu gabe, pentsamenduarentzat zalantzarik gabekoa irudi baitezake. Baina gauzak bestela ateratzen dira, bereizketa guztiekin egiten den bezala, bereizketatik erlazioa finkatu eta bat egitera pasatzen denean; izan ere, une horretan, oztopo gaitzak aurkitzen dira. Horrelako batean bereiztu dena, gaizki bereiztu denez gero, ezin da bat egin: kanpoaldekoa, eta barrualdekoentzat arrotza den zerbait, nola bat egin daiteke barrualdearekin eta berau adierazi?; nola adieraz dezake soinu edo kolore batek soinurik eta kolorerik gabeko irudi bat, gorputz gorpuzkabe bat?; nola bil daitezke ekintza berean fantasiaren espontaneitatea eta hausnarketa edo, areago, ekintza teknikoa? Intuizioa adierazpenetik bereiztu ondoren, eta bata eta bestea izaera desberdinekoak bezala definitu ondoren, ez dago erdibideko jeinutasunik bata besteari lotzea lortuko duenik: psikologoek proposatu eta nekez garatu dituzten elkartze, ohitze, mekanizatze, ahazte, sen-finkatze prozesu guztiek pitzadura agerrarazten dute azkenik: alde honetan adierazpena, bestaldean irudia. Eta badirudi geratzen den irtenbide bakarra misterio baten hipotesian babestea dela, misterio hori, gustu poetikoen nahiz matematikoen arabera, ezkontza misteriotsu edo parekotasun psikofisiko misteriotsu baten antzera agertuko zaigularik: lehena bera ere itxura hutsez gainditutako parekotasuna da; eta bigarrena, aldiz, mendeen urrunean edo ezagutezinaren ilunean ospatutako ezkontza.

Baina, misteriora jo aurretik (babesleku hori hartzeko beti baitago astirik), aztertu behar da ea bi osagaiak lege onez bereiztu ote diren, eta ba ote dirauen eta pentsagarria ote den adierazpenik gabeko intuiziorik. Litekeena da gauza hori gorputzik gabeko arima bat bezain iraungaitz eta pentsaezina izatea; horretaz, egia esanda, dexente hitz egin da bai filosofietan bai erlijioetan, baina horretaz hitz egin izanak ez du esan nahi esperimentatu eta sortu denik. Egiatan, intuizio adieraziak baino ez ditugu ezagutzen: guretzat gogoeta bat ez da gogoeta, hitzez esan daitekeenean baino; ez da fantasia musikala, soinuz jazten denean baino; ez da irudipen piktorikoa, kolorez betetzen denean baino. Ez gara esaten ari hitzak derrigorrez ozenki ahoskatu behar direnik, musika jo egin behar denik edota pintura oihal edo ohol baten gainean ezarri behar denik; baina, halako gogoeta bat benetan gogoeta denean, gogoetaren heldutasunera iritsi denean, egia da hitzak gure organismo osotik ibiltzen direla, gure ahoko giharreak zirikatuz eta geure belarri barruan hots eginez: halako musika bat benetan musika denean, txirulika aritzen da eztarrian edo kilima egiten die alegiazko teklatu baten gainean mugitzen diren hatzei; halako pintura-irudi bat piktorikoki erreala denean, kolore diren linfaz beterik gaude, eta agian, koloregaiak geure esku eduki ez arren, baliteke besterik gabe inguruko objetuak koloretzea nolabaiteko irradiazio baten bidez, beraien irudimenaz esku-oinetan zauriak eragiten zituzten histeriko eta santu batzuei buruz kontatzen den bezala. Izpirituaren egoera adierazgarri hori sortu aurretik, pentsamendua, fantasia musikala eta pintura-irudia, ez bakarrik ez ziren esistitzen adierazpenik gabe: existitu ere ez ziren esistitzen. Aurre-existentzian sinestea pertsona inozoen kontua da, baldin eta inozotasuna bada sinestea burua sorkuntza poetiko, piktoriko eta musikalez beterik duten -baina haien arabera adierazpena jasaten ez dutelako, edota teknika ez dagoelako behar bezain aurreratuta haien adierazpenari bitarte nahikoak eskaintzeko- eta kanpoko forma batez gauzatzea lortzen ez duten poeta, pintore edo musikalariengan: bitarte nahikoak eskaintzen zizkien, hainbeste mende lehenago, Homerori, Fidiasi edo Apelesi, baina ez beraiei, haien buru zabalean arte handiagoa daukatelako, haien arabera! Eta batzuetan sineste inozo hori begitazio batetik sortzen da: hots, halako irudi bakan batzuk asmatu eta, beraz, adierazi eta gero, geure buruarekin kontuak gaizki eginez, uste dugunean baditugula geure baitan obra batean sartu behar diren beste irudi guztiak, bai eta ere haiek lotu behar dituen, baina artean eratu gabe -eta horregatik ez batzuk eta ez bestea ere ez daude adierazita- dagoen bizi-lokarria.

Azaldu dudan kontzeptuaren arabera artea intuizio bezala ulertuz, eta bere aurrean mundu fisikoari uko egin eta gure adimenaren eraikuntza abstraktutzat hartu ondoren, arteak ezertarako ez du sustantzia pentsalariaren eta substantzia zabalduaren parekotasuna, eta ez du zertan ezinezko ezkontzarik bultzaturik, zeren eta bere sustantzia pentsalaria, edo, hobeki esanda, bere ekintza intuitiboa betegina baita berez, eta gero adimenak zabaldu bezala eraikitzen duen ekintza bera baita. Eta adierazpenik gabeko irudia pentsaezina bada, aldiz pentsagarri eta, areago, logikoki beharrezkoa da aldi berean adierazpen den irudia; egiaz irudi dena, alegia. Kentzen bazaizkio poesia bati bere neurria, bere erritmoa eta bere hitzak, ez da geratzen hortik aparte gogoeta poetikoa, batzuek uste dutenaren alderantziz: ez da ezer geratzen. Poesia bera hitz horiek, erritmo hori eta neurri hori izanik sortu da. Adierazpena ezin liteke konparatu ezta organismo baten azalmintzarekin ere, non eta ez den esaten (eta beharbada gauza hori fisiologian ere ez litzateke faltsua izango) organismo osoa, bere zelula guztietan eta zelulen zelula guztietan, azalmintz dela.

Hortaz, huts egingo nieke neure sineste metodologikoei eta okerrengatik justizia egiteko asmoari (eduki eta formaren bitasunari egin diot jadanik, horrek lortu nahi baina ezin zuen egia erakutsiz), ez banu zehaztuko, orobat, zer nolako egia den intuizioan bereiztu ezin dena, hots, intuizioa eta adierazpena, bereizteko saio honen hondoan datzana. Fantasia eta teknika arrazoiz bereizten dira, ez ordea artearen osagai bezala, eta elkar lotu eta uztartzen dute, baina ez artearen alorrean, baizik eta izpirituak bere osotasunean duen alorrean; arazo teknikoak, hots, praktikoak, konpondu beharra, oztopoak gainditu beharra gertatzen zaio artistari egiaz, eta benetan badago zerbait, "fisikoa" izan ez arren, eta bai aldiz izpirituala gauza erreal ororen antzera, fisiko bezala metaforiza daitekeena intuizioari dagokionez. Zer da zerbait hori? Artista, bere izate osotik ezin konta ahalako bidetatik isurtzen diren irudi adierazien indarrez dardarrean utzi duguna, bete-beteko gizona da, eta horregatik baita gizon praktikoa ere; eta, horrelakoa izanik, behar dituen bideak bilatzen ditu bere izpiritu-lanaren emaitza galtzen ez uzteko eta bere irudien erreprodukzioa egingarri eta erraz bihurtzeko, bai bere buruarentzat bai besteentzat; horregatik, ekintza praktikoak bultzatzen ditu, erreprodukzio-lan horretarako beharrezkoak direlako. Ekintza praktiko horiek, ekintza praktiko guztiak bezalaxe, ezagupenek zuzentzen dituzte, eta tekniko deitzen zaie horregatik; eta, praktikoak izanda, intuiziotik bereiz -teorikoa baita berau-, hartatik kanpokoak dirudite, eta horregatik fisiko deitzen zaie; eta are errazago hartzen dute izen hori, adimenak finkatzen eta bakantzen dituen neurrian. Era horretara, hitzari eta musikari idazkerak eta fonografoak biltzen zaizkie, pinturari oihalak, oholak eta kolorez basitutako hormak, eskulturari eta arkitekturari harri landuak, burdina, brontzea eta beste metalak, urtu, jo eta modu askotara landutakoak. Hain dira desberdinak bi ekintza mota horiek, ezen norbait artista handia baina tekniko txarra izan baitaiteke, edo bere bertsoen inprenta-probak gaizki zuzentzen dituen poeta, langai desegokiak erabiltzen dituen edo estatika-legeak behar bezain ongi betetzen ez dituen arkitektoa, bizkor endekatzen diren koloreez baliatzen den pintorea: ez du merezi era honetako trakeskerien adibideak hona ekartzea, oso ugariak dira-eta. Aldiz, ezinezkoa da bertsoak gaizki egiten dituen poeta handi bat izatea, koloreak ondo ezkontzen ez dituen pintore handi bat izatea, marrak armonizatzen ez dituen arkitekto handi bat izatea, tonuak adosten ez dituen musikagile handi bat izatea; edo, laburtuz, bere artea adierazten ez dakien artista handi bat izatea. Rafaeli buruz esan da eskurik gabe ere pintore handia izango zela; baina ez, ordea, pintore ona izango zela marraztearen zentzua falta izan balitzaio ere.

Eta (bidenabar esanda, laburtuz jarraitu behar dudalako aurrera) intuizioak itxuraz gauza fisiko bilakatze horrek -eta hau ezin konpara daiteke beharrizanak eta lan ekonomikoa itxuraz gauza eta produktu bihurtzearekin- azaltzen du zergatik iritsi den hitz egitera "gauza artistikoez" eta "gauza ederrez" ezezik, baita "izatezko edertasunaz" ere. Bistan da, irudiak erreproduzitzeko taiutzen diren tresnez aparte aurki daitezkeela hainbat objetu, lehendik ere existitzen direnak, batzuk gizakiaren eskuak eginak eta beste batzuk ez, zeregin horretarako baliagarri direnak; hau da, gure intuizioen oroitzapena finkatzeko egokiak, gutxi gora-behera; eta gauza horiei "edertasun naturalak" deitzen zaie, eta haien botereaz baliatzekotan, balioa eman eta haiei begiratzeko "ikuspuntua" finkatu duen -eta horrela haren intuizioarekin lotu dituen- artistak edo artistek antzeman eta bereganatzean izan duten aldarte berberaz gureganatu behar ditugu. Baina "edertasun naturalak" bete-betean moldakorrak ez izanik, eta bai aldiz iheskor eta aldakorrak, bidezkoa da arteak eragindako edertasunen aldean beheragoko lekuan jarri izana. Utz diezaiegun erretorikoei eta hordituei esaten zuhaitz ederra, ibai ederra, mendi bikaina, edota zaldi eder edo giza irudi eder bat bikainagoak direla Michelangeloren zizelkada edo Danteren bertsoa baino; guk, ostera, zuzentasun handiagoz diogu "natura" tentela dela artearen aldean, eta "mutua" dela gizakiak hitz eginarazten ez badio.

Hirugarren bereizketa bat, bereiztu ezina bereizten ahalegintzen dena, adierazpen artistikoaren kontzeptuari dagokio, eta bi unetan zatitzen du: berezko adierazpena -zentzu estuan hartuta- edo ezaugarria bata, eta adierazpenaren edertasun edo apaindura bestea; eta haietan oinarriturik, bi mailatan sailkatzen ditu adierazpenak: adierazpen soilak eta apainduak. Doktrina honen aztarnak artearen alor desberdin guztietan antzeman daitezke, baina hitzarenean izan da bereziki landua, bertan izen ospetsua hartu duelarik: "Erretorika", alegia; alor honetan, historia luze-luzea du, erretoriko grekoetatik hasita gure egunotaraino, eta bizirik dirau eskoletan, tratatuetan, bai eta zientifiko-nahiak diren estetiketan ere, bai eta, nola ez (berez dagokion bezala), ideia arruntetan ere, nahiz eta gure egunotan nahikoa galduta eduki bere jatorrizko sendotasuna. Adimen handiko hainbat gizonek, inertziagatik edo ohituragatik, mende askotan onartu eta irauten utzi dute; eta errebelde apurrak ez dira ia inoiz saiatu haien errebolta sistematizatzen eta errakuntzari sustraiak ebakitzen. Eta hizketa "apaindua" hizketa "soiletik" bereiztuz eta preziagarriagotzat hartuz Erretorikak egin duen kaltea ez da mugatu Estetikaren esparrura, kritikarenera ere zabaldu da, bai eta askotan literatur heziketarenera ere; azken hau, izan ere, zenbat eta ezgaiago izan edertasun hutsaren arrazoia emateko, orduan eta egokiagoa zen edertasun kutsatuaren itxurazko zuribidea eskaintzeko eta idazkera handinahi, mizkin eta desegokia suspertzeko. Nolanahi ere den, berak sortzen eta oinarritzat hartzen duen banaketa logikoki kontraesankorra da, zeren eta, erraz froga daitekeen bezala, kontzeptua bera, mementutan sailkatzen duena, eta objetuak, motatan sailkatzen dituena, suntsitzen baititu. Adierazpen hutsa, hutsa bada, ederra da orobat, edertasuna irudiaren -eta, horregatik, adierazpenaren- zehaztasuna baino ez baita; eta, "soil" deituz esan nahi bada falta dela hartan egon beharreko zerbait, orduan ez da egokia eta zuzena, hots, ez da adierazpen, edo oraindik ez behintzat. Aitzitik, adierazpen apaindua, alde orotan adierazkorra bada, ezin da esan apaindua denik, eta bai ordea bestea bezain soila eta bestea bezain hutsa; osagai adierazkorrak, erantsiak eta ez-berezkoak baditu, ez da ederra, itsusia baizik, hots, ez da adierazpen, edo oraindik ez behintzat; hori izatekotan, osagai arrotzak kendu behar zaizkio (besteak falta zaizkion osagaiez hazi behar duen bezala).

Adierazpena eta edertasuna ez dira bi kontzeptu, bakarra baizik, zilegi izanik esanahikide diren hitz bataz zein besteaz deitzea: fantasia artistikoa gorpuztuna da beti, baina ez da lodia, beti bere hartaz jantzita baitago, beste ezeren zamarik gabe edo "apaindu" gabe. Jakina, bereizketa ezin faltsuago honen azpian ere azaro bat zegoen gordeta, eta beragatik zegoen bereizketa bat egin beharra; arazo hori (Aristotelesen pasarte batzuetatik eta estoikoen psikologia eta gnoseologiatik ondoriozta daitekeen bezala, eta xvii. mendeko erretoriko italiarren eztabaidetan argiago ikusten den bezala) pentsamenduaren eta fantasiaren, filosofiaren eta poesiaren, eta logikaren eta estetikaren (edo, orduan ere esaten zen bezala, "dialektikaren" eta "erretorikaren", "ukabil itxiaren" eta "ukabil irekiaren") arteko harremanei buruzkoa zen; adierazpen "soila" pentsamenduari eta filosofiari zegokien, eta adierazpen "apaindua" fantasiari eta poesiari. Baina hori bezain egiazkoa da izpiritu teoretikoaren bi formen arteko bereizketaren arazo hori ezin dela konpondu bi haietako bakar baten alorrean, intuizioaren edo adierazpenaren alorrean, bertan ez baita aurkituko fantasia, poesia eta estetika baino; eta hor logika bidegabeki sartzeak itzal engainagarri bat baino ez du proiektatuko, adimena goibelduz eta haserretuz, eta begirada bazterreratuz artea bere osotasun eta jatortasunean ikustetik, logikotasunaren eta pentsamenduaren ikuspegia eman gabe.

Baina adierazpen "apainduaren" doktrina erretorikoak giza izpirituaren formen antolaketa teorikoari egin dion kalterik handiena hizkuntzaren tratamenduari dagokio; izan ere, adierazpen soil eta gramatikalak eta adierazpen apaindu eta erretorikoak onartzen direnean, hizkuntza derrigorrez adierazpen soilei lotu eta gramatikaren mende jartzen da eta, geroagoko ondorioz (gramatikak ez baitu lekurik aurkitzen erretorikan eta estetikan), logikaren mende ere, bertan semiotika edo ars significandi baten betekizun apalagoa ematen zaiolarik. Egiatan, hizkuntzari buruzko ulerbide logizista oso estu loturik dago adierazpenari buruzko doktrina erretorikoarekin, eta haren parez pare dabil; eta elkarren ondoan sortu ziren biak antzinate helenikoan eta elkarren ondoan bizi dira oraindik, baina elkarren aurrez aurre, gure egunotan. Hizkuntz doktrinaren logizismoaren aurkako erreboltak erretorikaren aurkakoak bezain urri eta eragin gutxikoak izan dira; eta aro erromantikoan soilik (mende bat lehenago aitzindari bat egon zen: Vico) sortu zen zenbait pentsalarirengan edo zenbait giro hautatutan hizkuntzaren izaera fantastiko eta metaforikoari buruzko kontzientzia bizia, bai eta hizkuntzak logikarekin baino poesiarekin duen lokarri estuagoari buruzkoa ere. Nahiz eta, onenen artean ere, arteari buruzko ideia gutxi gora-behera estra-artistiko batek bere hartan iraun (kontzeptualismoa, moralismoa, hedonismoa, etab.), hizkuntza eta poesia berdintzeko higuin bortitza ere bazegoen. Guri, ostera, hori ezinbesteko bezain erraza iruditzen zaigu, artea intuiziotzat eta intuizioa adierazpentzat eman ondoren, eta, horregatik, adierazpena eta hizkuntza, biak bat direla finkatu ondoren: baldin eta, jakina, hizkuntza bere zabaltasun osoan (hizkuntza artikulatua deitzen den horretara arbitrarioki mugatu eta hizkuntza tonikoa, keinuzkoa eta grafikoa arbitrarioki baztertu gabe) eta bere zolitasun osoan hartzen bada, hots, bere errealitatean edo, alegia, hitz egiteko ekintzan bertan (gramatika eta hiztegien abstrakzioekin faltsutu gabe eta ergelki pentsatu gabe gizakiak hiztegiaren eta gramatikaren bidez hitz egiten duela). Gizakiak poetaren antzera hitz egiten du uneoro, poetak bezala adierazten baititu bere irudipen eta sentimenduak elkarrizketa edo familiartekoa deitzen den moduan, ez dagoelarik inolako amildegirik modu hori banantzen duenik hitz lauzko, hitz lau-neurtuz-

ko, narratibo, epiko, elkarrizketazko, dramatiko, liriko, meliko, kantatu etab. deitzen diren beste moduetatik. Eta oro har gizona ez bada nahigabetuko poetatzat eta beti poetatzat hartua izateagatik (berez horixe baita, bere gizatasunaren indarrez), poeta ez da nahigabetu behar gizatasun arruntean kokatua izateagatik, kokapen horrek bakarrik azaltzen baitu poesiak, zentzu estu eta arranditsuan ulertuta, giza arima guztiengan duen boterea. Poesia aparteko hizkuntza bat balitz, "jainkoen hizkuntza bat", gizakiek ez lukete ulertuko, eta, poesiak gizakiak goratzen baditu, haien gainera ez baizik haien baitan goratzen ditu: kasu honetan ere, bat datoz egiazko demokrazia eta egiazko aristokrazia. Artea eta hizkuntza bat etortzeak, berez dagokion bezala, Estetika eta Hizkuntzaren Filosofia bat etortzea dakar, haietako bakoitza bestearen arabera definigarria izanik, hots, biak berdinak; hori ausartu nintzen jartzera, duela urte asko, nire Estetika tratatu baten izenburuan, tratatu horrek bere eragina izan zuelarik egiaz hainbat hizkuntzalari eta arte-filosoforengan, Italian eta Italiatik kanpo, inguruan sortu den "literatura" ugariak erakusten duen bezala. Arteari eta poesiari buruzko ikerketei, bategite horrek hondar hedonistiko, moralista eta kontzeptualistetatik garbitzeko onura ekarriko die, horiek oso ugariak baitira oraindik literatur eta arte kritikan. Baina beste horrenbesteko onura ekarriko die hizkuntz ikerketei, premiazkoa baita ikerketa horiek orain puri-purian dauden metodo fisiologiko, psikologiko eta psikofisiologikoetatik libratzea, bai eta askatzea ere hizkuntzaren sorrera konbentzionalari buruzko teoria errepikakorretatik, berekin, ezinbesteko erreakzioz, teoria mistikoaren noraezeko korrelatua baitute. Jadanik ez da beharrezkoa izango, ezta hemen ere, irudiaren eta zeinuaren arteko parekotasun zentzugaberik eraikitzea edo haien arteko ezkontza misteriotsurik bultzatzea; hain zuzen ere, hizkuntza jadanik ez delako hartzen zeinutzat, baizik eta adierazlea den iruditzat, hau da, berezkoa eta, horregatik, koloreduna, soinuduna, kantaria den zeinutzat. Irudi adierazlea fantasiaren berezko lana da, eta zeinuak, aldiz, zeinetan gizakiak elkarrekin adosten diren, irudi esan nahi du, eta, horregatik, hizkuntza; eta, hizkera zeinuraren kontzeptuaren bitartez azaltzeari ekitean, Jainkoarengana jo beharra dago, lehen zeinuen emaile bezala; hau da, hizkuntza beste era batera ulertu behar da, ezagutezinaren alorrera eramanez.

Arteari buruzko aurriritzien azalpen labur hau ixteko, horien artean badago bat gehien erabiltzen dena, kritika eta historiografia artistikoaren eguneroko bizitzarekin nahasten delako: hots, arte-mota berezi dexente edo asko bereiz daitezkeela, haietako bakoitza bere kontzeptu bereziarekin eta mugekin, eta bere legeak dituela. Doktrina oker hau bi sail sistematikotan gorpuztu da, haietako bata arte eta literatur generoen teoria izenaz ezaguna izanik (lirika, drama, elaberria, poema epiko eta narratiboa, idilioa, komedia, tragedia; pintura sakratua, zibila, familiakoa, natura bizikoa, natura hilekoa, paisaiakoa, lore eta frutekikoa; eskultura heroikoa, hilobirakoa, modakoa; kamerako musika, elizakoa, antzerkikoa; arkitektura zibila, militarra, elizakoa, etab.), eta bestea arteen teoria izenaz (poesia, pintura, eskultura, arkitektura, musika, antzezpen artea, lorategigintza, etab.); eta haietako bakoitzak, batzuetan, bestearen azpisailkapen bezala funtzionatzen du. Aurriritzi honen jatorria erraz antzeman daiteke, kultura helenikoan dauzka bere lehen monumentu bikainak, eta bizirik dirau gure egunotan ere. Oraindik estetikari askok moldatzen dituzte tragediaren, komediaren, lirikaren edo umorearen estetikari buruzko ikerlanak edo pinturari, musikari edo poesiari buruzko estetikak (azken haiei Poetika izen zaharra ipiniz); eta, are okerrago dena (estetikalariek entzute gutxi dutelako eta zaletasun bakartiagatik edo lanbide akademikoagatik idazten dutelako), kritikariek, artelanak epaitzean, ez dute oraindik erabat galdu horiek beren ustez sailkatu behar direneko genero edo artean kokatzeko ohitura; eta, halako obra bat ederra ala itsusia den argitu beharrean, beren irudipenak arrazoitzen jarraitzen dute, esanez ondo betetzen dituela edo tamalez hautsi egiten dituela dramaren, elaberriaren, pinturaren edo baxuerliebearen legeak. Oso zabalduta dagoen beste ohitura bat dugu artearen edo literaturaren historiak generoen historia moduan moldatzea eta artistak halako edo holako generoaren lantzaile bezala aurkeztea; edo generoak adina sailtan zatikatzea halako artista baten lana, beti ere bere garapenean batasuna duena edozein delarik ere hartzen duen tankera, hau da, lirika izan, elaberria izan edo drama izan; hartara, Ludovico Ariosto, adibidez, halako batean Berpizkunde Aroko poesia latinoaren lantzaileen artean agertzen da, beste batean erromantzezko lirikoen artean, hirugarren aldian italierazko lehen satiragileen artean, laugarrenean lehen komedien egileen artean, eta bosgarrenean zaldun-poemen hobetzaileen artean: poesia latinoa, erromantzezkoa, satira, komedia eta poema horiek Ariosto poeta berberarenak izango ez balira bezala, bere izpiritu-lanaren ahalegin, tankera eta logika desberdinekin.

Ezin da esan generoen eta arteen teoriak ez duenik eduki, edo orain ere ez daukanik bere barne-dialektika eta bere autokritikarik, edo bere ironiarik, nahi den bezala deitu; eta denok dakigu literaturaren historian era honetako kasuak oso ugariak direla, hau da, halako artista bikain batek bere lanarekin iraintzea jadanik finkatuta dagoen genero bat, eta ondorioz kritikoen gaitzespena jasatea: hori bai, gaitzespen horrek ezingo ditu artista horren lanak lortutako ospea eta mirespena itzaldu, eta horregatik, azkenik, artista horri arrazoia kendu ezinik eta kritikoari ere kendu nahi ez, eta konpromezu batera iristen da normalean, eta generoa zabaldu egiten da edo berri bat onartzen du bere alboan, legezko bihurtutako sasiko bezala: eta konpromezuak inertziagatik iraungo du harik eta beste artelan bikain batek arau finkatua berriro inarrosiko duen arte. Doktrinak badu beste ironia bat: alegia, haren teorikoek ezin dituztela logikoki mugatu generoak eta arteak: teorikoek landu dituzten definizio guztiak, apur bat hurbiletik aztertuz gero, edo artearen definizio orokorrean itzaltzen dira, edo ikusten da artelan banakaren bat genero eta arau mailara altxatu duten arbitrariotasunak direla-eta, horregatik, logikaren lege zorrotzen mendera ezin direla ekarri. Eta gaiaren kontraesankortasunagatik zehaztu ezinezkoa dena zorrotz zehazteko ahaleginak nolako zentzugabekerietara eramaten duen, handien artean ere ikus daiteke, baita Lessing-en kasuan ere, berau, izan ere, pentsamendu xelebre batera iritsi baitzen, alegia, pinturak "gorputzak" irudikatzen dituela: gorputzak eta ez ekintzak edo arimak, ez eta pintorearen arima eta ekintza ere! Horixe bera ikus daiteke ilogika horretatik logikoki sortzen diren galderetan ere; adibidez, genero orori eta arte orori halako alor bat banatu ondoren, zein genero edo arte den nagusiagoa: pintura nagusiagoa ote da eskultura baino, edo drama lirika baino? Eta, banaketa horien bidez arte bakoitzaren indar bananduak aitortu ondoren, ez ote den komeni indar banandu horiek arte-genero batean biltzea, zeinek besteak zanpatuko baititu armada elkartu batzuek armada bakan bat zanpatzen duen bezala; esate baterako, Operak, zeinetan biltzen baitira poesia, musika, antzezpen-artea eta dekorazioa, ez al du indar estetiko handiagoa azalduko Goetheren Lied soil batek baino edo Leonardoren marrazki batek baino? Galdera, bereizketa, definizio eta irudi hauek guztiek asaldatu egiten dute zentzu artistiko eta poetikoa, zentzu honek obra bakoitza berez maitatzen baitu, obra hori denagatik, izaki bizi, bakun eta konparaezina, eta ondo baitaki obra bakoitzak bere lege bakuna eta bere balio oso eta ordezkaezina duela; hor adostu ezinik daude arima artistikoen baiezko iritzia eta kritikalari profesionalen ezezko iritzia, eta azken hauen baiezkoa eta beste horien ezezkoa; eta kritikalari profesionalei sasijakintsu irizten zaie batzuetan, ez ordea arrazoirik gabe, nahiz eta arima artistikoak "profeta armagabeak" izan, hots, haien iritzietan datzan teoria zuzena arrazoitu eta deduzitzeko eta aurkarien iritzi sasijakintsuari kontrajartzeko gai ez izan.

Teoria zuzen hori, aldiz, artea intuiziotzat edo intuizio lirikotzat hartzen duen ulerbidearen alderdi bat da, hain zuzen; eta, artelan orok aldarte bat adierazten duenez gero, eta aldartea banakoa eta beti berria denez gero, intuizioak azkenik gabeko intuizioak dakartza, eta beraz hauek ezin dira generotan sailka jarri, non eta sail horiek ere azkenik gabeak ez diren, eta, beraz, genero sailak ez, intuizio sailak baizik. Eta, bestalde, intuizioaren banakotasunak adierazpenaren banakotasuna dakarrenez gero, eta halako pintura bat poesia bat bezain desberdina baita beste pintura baten aldean, eta pinturak eta poesiak baliorik ez dutenez gero airea jotzen duten soinuentzat eta argitik islatzen diren koloreentzat, eta bai ordea izpirituari esaten dakitenagatik izpirituan barnatzen direnean, alferrik da adierazpenaren baliabide abstraktuetara jotzea beste genero edo mota sorta eraikitzeko: bestela esanda, inolako funtsik gabekoak dira arteen banaketa egiten duten teoria guztiak. Kasu honetan, genero edo mota bakarra dago, artea bera edo intuizioa, nahiz eta artelanak azkenik gabekoak izan: denak jatorrizkoak, denak besteetara itzuli ezinezkoak (ezen itzultzea, artista baten trebezia artistikoaz itzultzea, artelan berri bat sortzea da), denak hezigaitz adimenarentzat. Unibertsala denaren eta banakoa denaren artean ez dago filosofikoki inolako erdibiderik, inolako genero edo espezie sortarik, inolako generalia-rik. Ez artea egiten duen artistak, ez arteari so dagoen ikusleak ere ez dute unibertsala dena eta banakoa dena baino behar; edo, hobe esanda, unibertsal banakoa dena: artegintza unibertsala, aldarte bakan baten irudikapenean bildu eta kontzentratu dena.

Hala eta guztiz ere, artista soilak eta kritikalari soilak, bai eta filosofo soilak ere, generalia horiek, generoak eta motak, topatzen ez badituzte ere, beste helburu batzuei begira baliagarriak direla irizten diete; eta baliagarritasun hauxe da teoria oker horien egiazko alderdia, aipatu gabe utziko ez dudana. Jakina, komeni da halako generalia sare bat bilbatzea, ez ordea artegintzarako, berezkoa baita hori, ez eta juzkurako ere, filosofikoa baita, baizik eta azkenik gabeko intuizio bakunak bildu eta nolabait mugatzeko, arretaren eta oroimenaren erabilerarako, eta nolabait zenbatzeko zenbatuezinezko artelan bakunak. Eta mota horiek, jakina, irudi abstraktuaren edo adierazpen abstraktuaren arabera gidatuko dira beti, hau da, aldarte mota bezala (literatur eta arte generoak) eta adierazpenerako baliabide mota bezala (arteak). Eta hemen ez du balio objetatzeak genero eta arteak arbitrarioki desberdinak direla, eta arbitrarioa dela dikotomia orokorra ere; izan ere, prozedura arbitrarioa dela, baina gero arbitrariotasun hori antzu eta alferrekoa gertatzen dela zalantzarik gabe onartzen denez gero, horrexegatik beragatik ezesten zaizkio printzipio filosofiko eta arteari buruzko irizpide bihurtzeko asmo guztiak. Genero eta mota horiek artea ezagutzea eta arterako hezitzea errazten dute, alde batetik, ezagutzari artelanik garrantzitsuenen aurkibide antzeko bat, eta, bestetik, heziketari artegintzak iradokitzen dituen oharkizunik premiazkoenen multzoa eskainiz. Kontua da aurkibideak ez nahastea errealitatearekin, eta arau edo betekizun hipotetikoak betekizun kategorikoekin: izan ere, nahaste horretara oso erraz irits daiteke, baina gogor egin behar eta ahal zaio. Literatur erakundeei buruzko liburuak, erretorika, gramatika (mintzaldia zatika banatzen eta lege morfologiko eta sintaktikoak azaltzen dituena), musikagintza-artea, metrika, pintura eta abarri buruzkoak aurkibide eta arau-bildumak dira nagusiki; baina, bigarren lekuan, halako arte-adierazpen jakin batzuen aldeko joera erakusten dute, kasu horretan arte oraindik abstraktutzat, prestabidean dagoen artetzat hartu behar delarik (klasizismo edo erromantizismoko arteak, gramatika garbizaleak edo herrikoiak, etab.), eta hirugarren lekuan, haien gaia filosofikoki ulertzeko ekimen eta saioak agertzen dituzte, genero eta arteen banaketari kritikatu diogun akatsa dutelarik: horrek, gero, bere kontraesanengatik, artearen banakotasunari buruzko egiazko doktrinari irekitzen dizkio ateak.

Jakina, doktrina horrek, lehen ikusian, nolabaiteko harridura eragiten du: badirudi intuizio banako, jatorrizko, itzulezin eta sailkaezinek ihes egiten diotela pentsamenduaren nagusitasunari, ezingo lituzkeelako menderatu haiek guztiak elkarrekin harremanetan jarriz baino; eta hori, garatu den doktrinak galerazten duela dirudi, zeinek liberal edo liberalista itxura baino areago, anarkiko edo anarkoide itxura baitu.

Poesia txiki bat, estetikoki, poema baten pare dago; koadro nimiño bat edo zirriborro bat, aldare gaineko koadro edo fresko baten pare, halako gutun bat elaberri bat bezain arte-gauza izan daiteke; orobat, halako itzulpen eder bat jatorrizkoa bezain sortzailea izan daiteke! Hauek esakune ezeztaezinak dirateke, premisa seguruetatik ateratakoak baitira logikaren haritik; egiazkoak dirateke, paradoxalak izan arren (eta hau meritua da, ezbairik gabe), hots, iritzi arrunten aurkakoak: baina, menturaz, ez al dute nolabaiteko osagarririk behar izango? Egon behar du intuizio mordoa antolatu, sailkatu, uztartu, ulertu eta menderatzeko moduren batek, ez baldin bada haien atzean burmuina ere galdu nahi.

Modu hori egon badago, hain zuzen ere, eta sailkapen abstraktuei balio teorikoa ukatzean ez diogu baliorik ukatu nahi izan azken finean "sailkapena" ez den eta Historia deitzen den sailkapen genetiko jakinari. Historian, artelan bakoitzak dagokion lekua hartzen du, hori besterik ez: Guido Cavalcantiren baladatxoak eta Cecco Angiolieriren sonetoak, zeinek lipar baten hasperen edo irria baitirudite; Danteren Commedia-k, zeinek bere baitan giza izpirituaren mila urte laburbiltzen dituela baitirudi; Merlin Cocaioren Maccheronee-k, zein irrigarrikeria artean poesiaren fineziara zabaltzen baitira; Annibal Carok xvi. mendean Eneida-z egin zuen bertsioak, edo Sarpiren hitz lau biluziak eta Daniello Bartoliren hitz lau jesuitiko-joriak; inolako beharrik ez dagoelarik ez-originaltzat jotzeko bizi delako originala den hori; edo txikitzat jotzeko, neurritan sartzen ez delako ez txikia ez handia den hori; horri, nahi bada, txiki edo handia deituko zaio, baina metafora moduan, nolabaiteko mirespena adieraztearren edo halako erlazio garrantzitsu batzuk (inondik ere ez aritmetiko edo geometrikoak) nabarmentzearren. Eta historian, zein gero eta aberats eta zehaztuagoa baita, eta ez ordea kontzeptu enpirikoen piramideetan, zein gero eta hutsagoak baitira zenbat eta gorago eta estuago bihurtu, aurkitzen da artelan guztien edo intuizio guztien lokarria, zeren eta historian organikoki lotuta agertzen baitira, izpirituaren garapenaren hurrenez hurrengo etapa beharrezko gisa, haietako bakoitza izanik bere baitan poema bakun guztiak harmonizatzen dituen betiereko poemaren notak.