Filosofiaren arazoak/10. Unibertsalen ezagutzari buruz

Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
10. Unibertsalen ezagutzari buruz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

10. Unibertsalen ezagutzari buruz

Gizaki batek une jakin batean duen ezagutzari dagokionez, unibertsalak, partikularrak bezala, bana daitezke: bitartekorik gabe ezagutzen direnak, deskribapenen bidez ezagutzen direnak, eta ez bitartekorik gabe ez deskribapenen bidez ezagutzen ez direnak.

Lehenik eta behin, har dezagun kontuan unibertsalen gaineko bitartekorik gabeko ezagutza. Hasteko, nabaria da honako unibertsal hauek bitartekorik gabe ezagutzen ditugula: zuria, gorria, beltza, gozoa, garratza, ozena, gogorra, eta abar; azken buruan, zentzumen-datuetan zertzen diren tasunak. Gune zuri bat ikusten dugunean, hasiera batean, gune partikular bat ezagutzen dugu bitartekorik gabe; baina gune zuri asko ikusi eta gero, gune horiek guztiek komun duten zuritasuna abstraitzen erraz ikasten dugu, eta hori egiten ikasten ari garenean zuritasuna bitartekorik gabe ezagutzen ikasten ari gara. Antzeko prozesua jarraituko dugu mota bereko beste edozein unibertsal bitartekorik gabe ezagutzeko. Mota horretako unibertsalei «sentipenezko tasunak» esan dakieke. Unibertsal horiek gainerako unibertsal guztiak baino abstrakzio-ahalegin gutxiagorekin atzeman daitezke, eta badirudi partikularretatik hurbilago daudela beste unibertsal batzuk baino.

Jarraian erlazioetara joko dugu. Atzemateko errazenak diren erlazioak zentzumen-datu konplexu bakar baten zati desberdinen arteko erlazioak dira. Esate baterako, idazten ari naizen orri osoa begiratu batez ikus dezaket; hortaz, orri osoa zentzumen-datu baten barruan sartzen da. Baina orriaren zati batzuk beste zati batzuen ezker aldean daudela eta, halaber, zati batzuk beste zati batzuen gainean daudela hautematen dut. Badirudi kasu horretan abstrakzio-prozesua honelakoa dela: ondoz ondoko zentzumen-datuen kopuru bat ikusten dut, eta horietan zati bat beste zati baten ezker aldean dago; gune zuri desberdinen kasuan bezala, zentzumen-datu horiek guztiek zerbait komun dutela hautematen dut, eta haiek komun dutena beren zatien arteko erlazio bat dela abstrakzioz aurkitzen dut, «-en ezker aldean egote» izendatuko dudan erlazioa, hain zuzen ere. Horrela, erlazio unibertsala bitartekorik gabe ezagutzen dut.

Antzeko modu batean, denboran barrena gertatzen den aurretik/ondoren erlazioaz ohartzen naiz. Eman dezagun ezkila-hotsak entzuten ari naizela: azken ezkila-hotsak jotzen duenean ezkila-hotsen osotasuna nire buruan eduki dezaket, eta aurretiko ezkila-hotsak ondorengoak baino lehenago gertatu direla hauteman dezaket. Oroimenean ere, gogoratzen ari naizena oraina baino lehenago gertatu dela hauteman dezaket. Bi iturri horietatik aurretik/ondoren erlazio unibertsalaren abstrakzioa egin dezaket, «-en ezker aldean egote» erlazio unibertsalaren abstrakzioa egin nuen bezalaxe. Horrela, denborazko erlazioak, espaziozko erlazioak bezala, bitartekorik gabe ezagutzen ditugun gauzen artean daude.

Antzekotasuna da modu berean bitartekorik gabe ezagutzen dugun beste erlazio bat. Berdearen bi tonu aldi berean ikusten baldin baditut, elkarren artean antzekoak direla ikus dezaket; aldi berean gorriaren tonu bat ere ikusten baldin badut, orduan ikus dezaket berdeak diren bi horiek elkarren artean antza handiago dutela horietako bakoitzak eta gorriak elkarren artean dutena baino. Horrela, antzekotasunaren eta parekidetasunaren unibertsalak bitartekorik gabe ezagutzen ditut.

Unibertsalen artean, partikularren artean bezala, erlazioak badaude, eta haietaz zuzen-zuzenean ohar gaitezke. Oraintxe bertan ikusi dugu hauteman dezakegula berdeak diren bi tonu horien arteko antzekotasuna gorriaren tonuaren eta berdearen tonuaren arteko antzekotasuna baino handiagoa dela. Kasu horretan, bi erlazioen arteko erlazio batez arduratzen ari gara, «baino handiago» erlazioaz, hain zuzen ere. Halaber, horrelako erlazioen ezagutzak zuzen-zuzena dirudi, nahiz eta berorrek abstrakzio-ahalmen gehiago behar duen zentzumen-datuen tasunak hautemateko behar dena baino, eta, halaber, (zenbait kasutan bederen) ezagutza horrek ziurra dirudi. Beraz, badago ezagutza zuzen-zuzena bai unibertsalei dagokienez bai zentzumen-datuei dagokienez.

Unibertsalez arduratzen hasi ginenean ebatzi gabe utzi genuen apriorizko ezagutzaren arazora itzuliz, orain gu berorretaz arduratzeko moduan gaude lehen posible zena baino askoz era egokiagoan. Itzul gaitezen «bi gehi bi lau dira» proposiziora. Esandakoa kontuan hartuz, nahiko nabaria da proposizio horrek «bi» unibertsalaren eta «lau» unibertsalaren arteko erlazioa baieztatzen duela. Horrek iradokitzen du orain finkatzera ausartuko garen proposizio bat: alegia, apriorizko ezagutza guztia unibertsalen arteko erlazioez bakarrik arduratzen da. Proposizio hori oso garrantzitsua da, eta asko lagunduko digu apriorizko ezagutzari dagozkion eta, halaber, lehen aipatu ditugun zailtasunak ebazten.

Lehenengo begiratuan badirudi badagoela kasu bakar bat zeinean gure proposizioa ez baita egiazkoa, hain zuzen ere, partikularrek osatutako klase bateko elementu guztiak beste klase batean daudenean, edo (azken buruan, gauza bera da) propietateren bat duten partikular guztiek beste propietate bat ere dutenean. Kasu horretan, badirudi propietateaz arduratu beharrean propietate hori duten partikularrez arduratzen garela. «Bi gehi bi lau dira» baieztatzen duen proposizioa horrelako kasu bat da, honako forma honetan baiezta baitaiteke: «edozein bi eta beste edozein bi lau dira» edo «bi bik osatzen duten edozein bilduma lauko bilduma da». Hori bezalako baieztapenak unibertsalez bakarrik arduratzen direla frogatzerik baldin badago, orduan gure proposizioa frogatutzat har daiteke.

Proposizio bat zertaz arduratzen den aurkitzeko bidea hauxe da: geure buruari galdetzea ea zeintzuk diren guk ulertu behar ditugun hitzak –bestela esanda, zeintzuk diren bitartekorik gabe ezagutu behar ditugun objektuak–, proposizioak esan nahi duena jakitearren. Proposizioak esan nahi duena jakin ahala, egiazkoa edo faltsua ote den ez badakigu ere, bistan dago proposizioak benetan bere ardurapean hartzen duen edozein gauza bitartekorik gabe ezagutu behar dugula. Test hori aplikatuz, antza denez, partikularrei buruzkoak diruditen proposizio asko benetan unibertsalei buruzkoak dira. «Bi gehi bi lau dira» proposizio berezian –«bi bik osatutako edozein bilduma lauko bilduma da» esanahia izango balu bezala interpretatuko bagenu ere–, garbi dago guk proposizioa uler dezakegula, hau da, ikus dezakegu zer den hark baiesten duena «bilduma» eta «bi» eta «lau» hitzek esan nahi dutena jakin ahala. Ez da batere beharrezkoa munduko bikote guztiak ezagutzea: hori beharrezkoa balitz, noski, ezingo genuke sekula proposizioa ulertu, bikoteen kopurua infinitua baita eta, horregatik, guztiak ezagutzerik ez baitaukagu. Nahiz eta gure baieztapen orokorrak bikote partikularrei buruzko baieztapenak inplikatzen dituen, horrelako bikote partikularrak egon badaudela jakin ahala, proposizioak berez ez du baiesten, ezta inplikatzen ere, horrelako bikote partikularrak egon badaudela, eta horregatik ezin da izan ezein benetako bikote partikular bati buruzko baieztapen bat. Egindako baieztapena «bikote»-ri buruzkoa da, unibertsal horri buruzkoa, ez bikote honi edo horri buruzkoa.

Beraz, «bi gehi bi lau dira» baieztapena unibertsalez bakarrik arduratzen da, eta haren ardurapean dauden unibertsalak bitartekorik gabe ezagutzen dituen eta, halaber, baieztapen horrek baiesten duen unibertsalen arteko erlazioa hauteman dezakeen edonork gure baieztapena ezagut dezake. Gure ezagutzari buruzko gogoetaren bidez aurkitutako gertakaria da guk noizean behin unibertsalen arteko horrelako erlazioak hautemateko ahalmena eduki izana, eta, horrenbestez, guk noizean behin aritmetikakoak eta logikakoak bezalako apriorizko proposizio orokorrak ezagutzeko ahalmena eduki izana. Hasieran, horrelako ezagutza aintzat hartu genuenean, ezagutza horrek esperientziari aurrea hartzen ziola eta berori kontrolatzen zuela misteriotsua zirudien. Orain, aitzitik, hori errakuntza bat izan dela ikus dezakegu. Esperientzian gerta daitekeen edozein gauzari dagokion inongo gertakaririk ezin da ezagutu esperientziatik kanpo. Bi gauzak eta beste bi gauzak elkarrekin lau gauza osatzen dituztela a priori dakigu, baina guk ez dakigu a priori Brown eta Jones bi baldin badira, eta Robinson eta Smith ere bi baldin badira, Brown, Jones, Robinson eta Smith lau direla. Arrazoia hauxe da: proposizio hori ezin da inola ere ulertu Brown, Jones, Robinson eta Smith bezalako jendea badagoela jakin ezean, eta hori esperientziaren bidez bakarrik jakin daiteke. Beraz, gure proposizio orokorra apriorizkoa izan arren, benetako partikularren gainean egindako haren aplikazio guztiek beren barnean esperientzia dute, eta, ondorioz, beren barnean osagai enpiriko bat dute. Horrela, gure apriorizko ezagutzari dagokionez misteriotsua zirudiena errakuntza batean oinarrituta zegoela ikusi dugu.

Auzia garbiago ikustearren, goian aipatu dugun benetako apriorizko judizioaren eta «gizaki guztiak hilkorrak dira» bezalako orokortze enpirikoaren arteko desberdintasunaz baliatuko gara. Orain, lehen bezala, proposizioak esan nahi duena uler dezakegu haren barruan dauden unibertsalak, hau da, gizaki eta hilkor unibertsalak ulertu bezain laster. Gure proposizioak esan nahi duena ulertzearren, garbi dago ez dela beharrezkoa giza arraza osoaren bitartekorik gabeko ezagutza banakoa edukitzea. Hortaz, apriorizko proposizio orokorraren eta orokortze enpirikoaren arteko desberdintasuna ez datza proposizioaren esanahian; aitzitik, haren ebidentziaren zerizanean datza. Proposizio enpirikoari dagokionez, kasu partikularrek osatzen dute ebidentzia. Gizaki guztiak hilkorrak direla uste dugu hil zorian dauden gizakien kasuen kopurua zenbatezina dela dakigulako, eta ez dagoelako adin jakin batetik aurrera bizi den ezein gizakirik. Ez dugu uste hori gizaki unibertsalaren eta hilkor unibertsalaren arteko lotura ikusten dugulako. Egia da fisiologiak, gorputz bizidunak arautzen dituzten lege orokorrak bilduz, betiko iraungo duen organismo bizidunik ezin dela egon frogatuko balu, orduan hark gizaki eta hilkortasun unibertsalen arteko lotura emango ligukeela; horrela, gai izango ginateke gure proposizioa baiesteko, hil zorian dauden gizakien ebidentzia berezira jo gabe. Alabaina, horrek gure orokortzea orokortze zabalago baten barruan jasoa izango litzatekeela baino ez du esan nahi; orokortze berri horren ebidentzia oraindik ere mota berekoa da, nahiz eta zabalagoa den. Zientziaren aurrerapenak horrelako barruan-jasotzeak etengabe ekoizten ditu, eta, ondorioz, orokortze zientifikoetarako oinarri induktibo handiagoa etengabe ematen du. Hala eta guztiz ere, horrek ziurtasun-maila handiagoa ematen badu ere, ez du ziurtasun mota desberdin bat ematen: azkeneko oinarriak induktiboa izaten dirau, hau da, kasu partikularretatik eratorria da, eta ez da logikan edo aritmetikan dugun unibertsalen arteko apriorizko lotura bat.

Apriorizko proposizio orokorrei dagokienez aurkako bi puntu ikusi behar dira. Batetik, kasu partikular asko ezagutzen baldin badira, orduan, hasiera batean, indukzioz irits gaitezke gure proposizio orokorrera, eta unibertsalen arteko lotura geroago bakarrik hauteman daiteke. Esate baterako, jakina da triangelu baten aldeetara aurkako erpinetatik doazen lerro zutak marrazten baldin baditugu, hiru lerro horiek puntu batean ebakitzen dutela elkar. Guztiz litekeena da, hasiera batean, proposizio horretara iristea kasu askotan lerro zutak margotu ondoren eta horiek beti puntu batean elkar ebakitzen dutela ikusi ondoren. Esperientzia horrek eraman gintzake froga orokorra bilatzera eta berori aurkitzera. Horrelako kasuak ohikoak dira edozein matematikariren esperientzian.

Beste puntu hau interesgarriagoa da, eta garrantzi filosofiko handiagoa dauka: zenbaitetan guk proposizio orokor bat ezagut dezakegu, nahiz eta haren kasu partikular bat bera ere ezagutzen ez dugun. Har dezagun honako kasu hau: jakin badakigu edozein bi zenbakiren biderketa egin daitekeela, eta horrek emango digu biderkadura. Badakigu biderkaduratzat 100 baino txikiagoa den zenbakia duten zenbaki osoen bikote guztien biderketak benetan burutu direla eta, halaber, biderkaduraren balioa biderketa-taulan gorde egin dela. Alabaina, jakin badakigu zenbaki osoen kopurua infinitua dela, eta gizakiek zenbaki osoen kopuru finitu batean baino ez dutela pentsatu eta ez dutela pentsatuko. Beraz, ondorioztatzen da badaudela zenbaki osoen bikoteak gizakien pentsamenduan inoiz ere egon ez direnak eta egongo ez direnak; eta bikote horietan dauden zenbakien arteko biderkadura 100 baino handiagoa da. Horrenbestez, proposizio honetara iritsiko gara: «gizakien pentsamenduan inoiz ere egon ez diren eta egongo ez diren bi zenbaki osoren arteko biderkadura 100 baino handiagoa da.» Horra hor proposizio orokor bat; haren egia ezin da ukatu, eta gogoan izanik kasu hori nolakoa den, ezin izango dugu sekula haren kasu partikular bat bera ere eman. Izan ere, edozein bi zenbakitan pentsatuz gero, proposizioaren adierazpideak kanpoan utziko ditu.

Ahalbide hori sarritan ukatua izan da, hau da, kasu partikularrik onartzen ez duen proposizio orokorren ezagutzaren ahalbidea; izan ere, ez da ulertzen horrelako proposizioen ezagutzak unibertsalen arteko erlazioen ezagutza bakarrik behar duela eta, halaber, ez duela behar auzian dauden unibertsalen kasu partikularren inongo ezagutzarik. Hala eta guztiz ere, horrelako proposizio orokorren ezagutza erabat ezinbestekoa da orokorrean jakintzat hartzen den atal handi bati dagokionez. Aurreko kapituluetan, adibidez, ikusi dugu objektu fisikoen ezagutza, zentzumen-datuena ez bezala, inferentziaren bidez bakarrik lortzen dela, eta objektu horiek ez direla bitartekorik gabe ezagutzen ditugun horietakoak. Hortaz, ez dago sekula ezagutzerik honako forma duen proposiziorik: «hau objektu fisikoa da», non «hau» zuzen-zuzenean ezagutzen dugun zerbait den. Ondorioztatzen da objektu fisikoei buruz dugun ezagutza guztia era horretakoa dela; izan ere, haren inongo kasu partikularrik ezin da eman. Objektu horiei lotzen zaizkien zentzumen-datuen kasu partikularrak eman ditzakegu, baina objektu fisikoen kasu partikularrik ezin dugu eman. Beraz, gure ezagutza, objektu fisikoei dagokienez, inolako kasu partikularrik onartzen ez duen ezagutza orokorraren ahalbidearen mendean dago. Eta gauza bera esan daiteke gainerako jendearen gogamenei buruz dugun ezagutzari dagokionez, edo gauzen beste edozein multzo bati dagokionez, haien kasu partikularrik bitartekorik gabe ezagutzerik ez dugunean.

Orain, burutu dugun azterketan gure ezagutzaren iturburuak nola agertu diren kontuan hartuz, haien ikuspegi orokorra osa dezakegu. Lehenik eta behin, gauzen ezagutza eta egien ezagutza bereizi behar ditugu. Ezagutza bakoitzean bi mota daude: bata zuzen-zuzena eta bestea eratorria. Gauzen ezagutza zuzen-zuzena –bitartekorik gabeko ezagutza izendatu duguna– bi motatakoa izan daiteke, ezagutzen diren gauzak partikularrak edo unibertsalak diren arabera. Partikularrei dagokienez, zentzumen-datuen eta (ziur aski) geure buruaren bitartekorik gabeko ezagutza daukagu. Unibertsalei dagokienez, bitartekorik gabe ezagut daitekeena zer den erabakitzen duen printzipiorik ez dago , baina garbi dago ezagut daitezkeenen artean sentipenezko tasunak, espazio-denborazko erlazioak, antzekotasuna eta unibertsal logiko abstraktu batzuk daudela. Gauzen ezagutza eratorriak –deskribapenen bidezko ezagutza izendatu dugun horrek– zerbaiten bitartekorik gabeko ezagutza nahiz egien ezagutza hartzen ditu beti bere barnean. Egien ezagutza zuzen-zuzenari ezagutza intuitiboa esan dakioke, eta horrela ezagututako egiak berez nabariak direla esango dugu. Horrelako egien artean zentzumenetan zer gertatzen den baieztatzen dutenak daude, bai eta printzipio logiko eta aritmetiko abstraktu batzuk ere, eta (ziurtasun gutxiagorekin bada ere) proposizio etiko batzuk ere bai. Egien ezagutza eratorria, berez nabariak diren dedukzio-printzipioen erabilpenaren bidez, berez nabariak diren egietatik abiatuta deduzi dezakegun guztian datza.

Goiko azalpena zuzena baldin bada, egien ezagutza guztia gure ezagutza intuitiboaren mendean dago. Horrenbestez, ezagutza intuitiboaren zerizana eta helmena aintzat hartzea garrantzitsua da, aurreko batean bitartekorik gabeko ezagutzaren zerizana eta helmena aintzat hartu dugun modu berean. Alabaina, egien ezagutzak arazo berria sortzen du –gauzen ezagutzaren kasuan sortzen ez den arazoa–, errakuntzaren arazoa, hain zuzen ere. Gure usteetako batzuk okerrak izaten dira, eta, ondorioz, beharrezkoa gertatzen da kontuan hartzea nola bereiz ditzakegun, posible baldin bada, ezagutza eta errakuntza. Arazo hori ez da sortzen bitartekorik gabeko ezagutzari dagokionez; izan ere, kasu horretan, bitartekorik gabeko ezagutzaren objektua edozein izanik ere, ametsetakoa nahiz haluzinazioetakoa bada ere, errakuntzarik ez da gertatzen, zuzen-zuzeneko objektutik harantzago joaten ez garen heinean. Errakuntza sortzen da zuzen-zuzeneko objektua, hau da, zentzumen-datua, objektu fisikoaren zeinu gisa hartzen dugunean. Hortaz, egien ezagutzarekin lotzen diren arazoak gauzen ezagutzarekin lotzen direnak baino zailagoak dira. Azter ditzagun, egien ezagutzarekin lotzen den lehenengo arazo gisa, gure judizio intuitiboen zerizana eta helmena.