Garoa/Bere kabira

(Garoa - Bere kabira(e)tik birzuzenduta)

XVIII. Bere kabira
pages 331-346

XVIII.

BERE KABIRA


Nork esan zenbat eratako anima gauden? Gorputzik aña bai, ta gorputza bezela edertasun ta itxusikeri guztietakoak. Alaiak, illunak, argiak, motzak, ausartak eta zaputzak; bigun, zuzen, zogi, gozoak; erren, txango, ezkel, zitalak; aldakor ta iraunkorrak, dollor ta maitagarriak, azpikeri zaleak eta beren ustea edozein umeri agertzen diotenak; deabruaren itxurako animak eta Jaungoikozko anima gurbi atsegiñak.
Gaizki aldiot? Animak ezkutuan daudela? Baita agirian ere. Batzuek, naiz ta urtietan gure ondoan bizi, eztitugu egundaño ezagutzen, baño ez aldakigu beste askoren berri gure aurrean lau itz esan orduko? Ez alditugu ikusi, ainbat aldiz, norbaiten tolestura eta izurrak? Ezaldegu sumatu urlia edo sandiaren argirik-eza, dollorkeria, apaltasuna, esker beroa, griña ona edo griña txarra?
Bai, gauza jakiña da, ta gizon batzuen eztabaidak entzutean, sarri esan det: «Ori? Anima ezkela: ezkerretaruntz begiratzen du. Anima bekaiztia: iñoren ona ezin du ikusi. Añotsua: dana beltz iruditzen zaio. Aldakorra: atzo beste iritzia zeukan. Errena, zitala: beti oker dabil, beti garratz. Ernai, samurra, patxadakoa: asko daki, lagunari biotza emango lioke, ezta ezergatik aserretzen».
Ta anima berdiñeko gizadiak aisa billatzen dute batak bestea, naiz ta gorputzez alkarren antzik ez euki. Norbaiten adiskide izateko etzaio gorputzari ainbeste begiratzen, gorputzaren zerzeladak zer ikusirik eztaukate. Argala izan edo lodia, sudur luzea edo sudur motza, lerdena edo korkoxa, eztigu batere ajola. Gure uste, gogo ta iritzikoa izan dedilla ta edozein dator ongi, edozein da era erako adiskide. Eztakusgu, edonun ta edonoiz, nola inguratzen diran gorriak gorrietara, zuriak zuriakana, txoroak txorakerira, elizkoiak elizaruntz, mutillak eta neskatxak, zarrak eta gazteak, goikoak eta bekoak, bakoitza bere aldratxoan, bakoitza beretarrakin, baño andi ta txiki, makal ta indartsu, iaio ta itxusi danak pilla ta moltso batean? Gorputzaren egokitasunak ez, animarenak: animak dira alkarren antzekoak, animak alkarren aide.
Era berean biltzen dira anima ben garbiak, bakartadea nai dutenak, lurreko aberastasun, andikeri ta gozamen guztiak alde batera utzirik, zerura begira dabiltzanak, Jesusek beretzat aukeratu dituan anima maitegarriak.
Bidaurretakoak, Malentxo zijoakiotelako, txito alaiak zeuden. Malentxo beren gogo betekoa zan, beren bizitza bear zuan neskatxa zogi aratza, Jesusen maitale andia, oso beretarra. O, nolako arrera egingo zioten! Zenbat aizpatxo idoroko zituan besoak zabalik! Aizpatxoak eta Ama bat ere bai, andre argia, biotz bera, Jaungoikozkoa, animai begiratzen oitua, zalantzetako laguna, onbide askoren erakuslea, maitetasun garbien su-emale beroa, moja berri guztien Ama.
Ta nork esan Malentxoren poza? Senar zintzoak, emazte onak, oroitzen zerate zuen ezkontzarako mugaldea nolakoa zan? Legegizonak, apaizak, sendakiñak, etxe, bide ta zubi asmatzalleak, edozein eratako jakituri eske ibilli zeratenak, gogoan daukazute zuen gozotasuna, ikasteak oso amaitzean, zerbaiterako aginpidea eman zizutenean, lege-gizonen longaña jaztean, aurreneko Meza ematera gertatzean? Ameriketan izandako gizon errikoiak, etzerate aztu, zuen irabaziak sakelean gordeta, «etxera noa, Euskalerrira noa» esan zenduten orduaz?
Oroitza oietatik atera dezakezute, bada, Malentxoren atsegiña Bidaurretara zijoan egunean.
Egun andia ura gure gaztearentzat, egun estua bere gurasoentzat, itxaropen gabeko ta inkurriozko egun beltza neskatxaren eskua jaditxi etzuten gizonentzat.
Goiz jaiki zan Malentxo. Jaiki ta soro mendi zugaztiai begira leioan egon, beren itxura irudimenean gorde nairik bezela luzaro egon, ta bat-batean gero, ganbaratik ukullura, bazterrak eta tresna guztiak ikusten abitu, ikusten, aratzen, garbitzen, tajutzen Bere oia, bere seaska, umetako txintxarri ta jazkera, aitonaren makilla ta zizallua, amonaren liñari ta gorutxapela, aitaren edo amaren atxurra edo aulkitxoa... bei zarra, biai gaztea, ollo nabarra, ollanda zuria... Ura gauza! Danakin izketarako gogoa etzetorkion ba? Danak zerbait mintzatzen ziotela etzuan ba uste? Etzitzaion ba iruditzen etzituala egundaño ondo ikusi, etziela beñere bear aña jaramon egin? ... «Purra, purra! Tira, gaixoak, tira, ale batzuek nere eskutik, azkenengo aldiz».
Onelako arazoetan arkitzen du Paula lengusoak.
—Au poza nerea, Paula, ta orobat au bildurra, au argaltasuna edo etzekiñat nik!
—Baoalako?
—Bai.
—Gelditu.
—Ori esatea! Nere bildurra etxekoakgatik den, Paula, ez nikatik. Nere maiteak oñazez daudelako, nere biotza oñazean zeukanat, eta ala ere pozarren natxion. Nork siñistu?
—Neuk. Maitasunaren indar ta zauriak bazekizkiñat Zauri gozoak ditun oiek.
—Zabaletako baserria beste iñorgatik ezniñan utziko, baña Jesusegatik...
—Geiago maitatzen denalako.
—Nola ez? Maitetasunik andiena Berari zor zaion, Beretzat o, nere Jesusentzat! dana den utsa... Baño utsa ere argalarentzat astun... Gaurko eguna igarota balitxeon... Orraztu bear naun.
—Bai, azkenengo aldiz... Illearen ugaria!
—Ta laster baterez. Aurki naiz kaskamots, Paula. Ja jai! ... Ene! Amak ez alzidan algarea entzungo... Auxen da zoria ta izua, dana batera!
............................................................................
Malentxoren sarrerako abagune ta jazoera guztiak begien aurrean dauzkat. Bidaurretako eliz-mai nagusia argiz ta lorez txit ederturik dago; moja kanpaiak dinbilidanbala pixkor alaietan gelditu ezin dira; or dijoaz elizara, oso apain, Malentxoren aideak, adiskideak, auzokoak, ezagunak, erritar elizkoiak; emen datoz Ana Josepa ta Katalin, Paula ta Manuel, Mikalla ta Inazio Mari; gurdian dakarte Joanes aitona, gure artzai buruzuria, ta eliz-mai aurreko aulkietaraño Jose Ramonek darama besotik; zelaiaren erdian daude, gorrotzoko lokarriz alkarturik, Moxolo, Martin, Peru Odolki ta beste orrelako naspillari burugogor batzuek, ikusnaian, marmarrean, etsi eziñik, irriturik, ondamuz amorratzen, apaiz, pralle, moja ta Malentxogatik asmatualak asmatzen, gezurrik eta zatarkeririk dollor lizun ta lotsagabienak aoa betean jaurtigitzen. Antz orretara itz egingo luteke gabiraiak, izketan balekite, atzaparretatik usoak iges egitean.
Ana Josepa, bata ta bestearekin mintzatzen, azkenetakoa gelditu da, ta zelaikoetara begira:
—Martin —deitzen dio illobari— eleizara i ere.
—Ni? Barruko alperrai su ematera balitz...
—E? Alperrak zeintzuk dituk?
—Or, lanik egingabe jana daukaten sorgin oiek. Eman oiei, eman dote ona.
—Zergatik ez eman? Gurea ezaldek dirua? Iri eskatu aldiagu?
—Eskatu ez, baño kendu bai.
—Iri kendu?
—Bai; agindua ez ematea, kentzea bezela da. Lapur arraioak!
—Lapurrak gu?
—Bai; dirua daukaten guztiak lapurrak dira, diru danak lapurretan egiñak.
—Aitaren, Semearen! ... Au ere entzun bear genduan! Lapurretan egiñak lanaren lanez aurreratutako txanponak? Lapurretan, ire aitari eman nizkan urreak? Lapurretan, ik; asko edo gutxi, Somorrostron irabazi ta eztakit nun ondatu ditukanak? Ireak ez, e? Ba, i baño lan pixkat geiago egiñak gaituk. Bai orixe... Nik eztiat iri dirurik agindu, baño agindu banian ere eznian emango. Euri! Ardangeletan ardo biurtzeko, beste zeregiñik eztaukak eta... Ik deitu bear iñori alperra, ik, egun guztian besoak tolestuta Don Bizente baño tenteagoa agoan orrek...
Amonaren oiuetara elizakoak inguratu etzitezen:
—Alde zagun emetik, —diote Martiñen lagunak— goazen errira. Atso listorra ixiltzerik etziok.
—Erri madarikatua! —erasotzen du Martiñek—. Atsoak eta apaizak dira gaur agintari, baño egunen batean...
Eta Moxolok:
¡Sentellas! Gure txanda etorriko aldek. Orduan ik ez, Martin, neuk erreko diat Bidaurreta, neuk, arraioak ezpaituk.
Elizara sartu diranak, zelaikoen arreta lageaz, gogamen ta begiak Malentxogan jarrita dauzkate.
Berariz Kataliñek. Orduaren zai, mojen bizitzako atarian zutik, lerden ta ixil, bero ta ikara, larri ta legor, bere alabatxoari begira, biotzaren taupadak ezin geratuaz, zer egin eztaki, zer esanik eztauka, erotua dirudi, zentzungabea ematen du. Baña barren aldetik norbaiten ibillera sumatzean, giltz ta morrolloen burni otsa garbiro entzun duanean, mojategiko ate zabal astuna intzirika ireki danean, bere altzoan limurki azitako ume kutuna agur, amatxo esanda barrura dijoala ikustean, ernaitzen da Katalin, alaba maitaeri lepotik eltzen dio, il zorikoak bizitzari bezela eutsitzen dio, jartzen bere bular gañean estu oso estu! ta euki ta igortzi, eragin ta astindu, negar ta musu, laztan bekokian, laztan begietan, laztan ezpañetan, erraietara biurtu nai luke berriz, erraien erdian gorde nai luke beretzat, beretzat bakarrik... Ai ene badata!
Beste aideak, oso biozbera, agur egiteko gaitasunik eztute izan.
Katalin, Meza bitarte guztian, ezta negarrez naikotu; Ana Josepa, mutil barrabanagatik otoitz egiten ezta ixildu; Joanes, biotzeko samin andia zeruko Aitari erakusten inola ezta aspertu; Jose Ramonek eta Manuelek, beren naigabe ta urduritasuna ezin gorde izan dute; baño denak esan diote Jaungoikoari txikitan ikasitako arrena: «zeru ta lurrean Zure oldea egin bedi»; denak daude iritzi batean: «Zabaletako alabak artu duan asmoa baño gauza oberik eztago».
Paula dakust eramanik gutxienekoa, oso artega, ezeren adiera gabe, alderdi guztietara begira ta begira. Zer ote du Paulatxok?
Meza bukatu danean, apaizak, Meza soñeko ta guzti, elizako burni-leiora jetxi dira, ta burnien barrutik agertu da Malentxo ,eder, lirain, urre-loraz jantzirik, argi bat eskubian, begiak bealdean, irribarrez, zorioneko, istillu gaiztoak igarota bere Kabira eldu dan uso bildurtiaren antzera.
Txolarte polita ura mojak ikusteko. Uste orretan, elizkizun artara bituriko guztiak, pixkor, lerdekari, zalapartaka, leio-burni ondora pillatu dira kabia usaindu nai.
Itz egitera dijoan A, Pralleak ia non jarririk eztauka.
«Nere arrebatxoa —dio— basetxe batean jaioa zera, baño jauregi aberatserako; Zabaletan azi zaituzte, baño Jaungoikoarentzat; zure ama maitearen besoak utzi dituzu, baño Jesus Erregearen besoetara zatoz! Ordu onean, arrebatxo, ordu onean!...
«Gurasoak erakutsi zizuten zure jatorri andia, gurasoakandik ikasi dezu gauza guztien Egille Altsuari Aita esaten, ta Zeruko Aita ori deiezka daukazula jakitean, Beragana zakarzkite, naiz ta biotzaren erdian atsekabe artu, naiz ta malko samiñak ixuri. Era berean artzen dute min iñoren umea norberetzat azi dutenak, ume ura egiazko aitamakana dijoakiotenean...
«Ezta negar egitekoa, atsegingarria da zuretzat eta zure gurasoentzat: zuretzat, antziñetako ames gozoa gaur betetzen dezulako; gurasoentzat, emendik aurrera, orain baño geiago ta obeto, berakgatik Jaunaren aurrean eskariak nork egiña izango dutelako».
«Bai, Jesusen ondoan zure aide ta gurasoen bitarteko izango zera. Eguneroko janari ta atsedena gertatzeko etxean bat edo bat bear dan gisa, Jesusen jauregian bear da norbait beti betiko atseden eztia gertatzeko; ta zure aitamak, zure aiton-amandreak, zure anai ta aideak soro-lanetan dauden orduan, zu egongo zera emen aientzat zorion ta pakea gerorako eskatzen».
«Lanbide andia zurea; eztago zerua irabaztea baño lanbide andiagorik».
Baño oraindik eztezu iritxi, o ez! Jesusek sari osoa eztizu bereala emango. Zeruko bidean ipiñi zaitu, gudara deitu dizu, ekin bear gogorrean zaude. Asi bada berbertatik; asi berriro animaren etsaia purrukatzen, jarrai gogotik aragiaren jaikiera gaiztoak azpiratzen, ekin griña oker guztiak zugandik kentzen. Zure mendekoak dira, zure azpian bear dute. Ez ikaratu, eraso bildur gabe, Jauna dezu lagun, zurea da garaitza, zurea da zerua».
«Bai, zurea da Jesusen atzetik bazoaz, aizpa berrien legeak gordetzen badituzu, gaur dauzkazun asmoetan irauten badezu».
«Aurrera, Jesusen maitalea! Aurrera Jesusen gudaria! Ordua eldu da. Lurtarren soñekoak kendu itzatzu: eztira oiek gudetarako jantzi egokiak, eztira zure biotza betetzen dizutenak. Ezagutzen zaitut: zu etzera azaleko apainduri zale; barrutik nai dezu apaña izan, anima nai dezu, done ta aingeruen ekantzera, txukun, eder, garbi ta aberats. Zeruan daukazu iraupeneko sari osoa, zeruan zure jarleku andia, ta bertan nai zenduke jarri; antxen, Aloña baño gorago, odeiak baño gorago, izarrak baño gorago dagoan betiko maitetasun, eztitasun ta edertasun guztien iturburuan nai zenduke jarri. Zure gogoa bete dedilla, denok ikusi dezagula...».
Eliz-jaia bukatuta bereala, barruan barrukoak utzirik, besteak zelaira erten ziran, erlauntza bezela zunburruntsu, bakoitza bere usteak ematen, bakoitza bere oarrak agertzen: A, Pillipe iztun iaioa zala, iztunik onenetakoa, Aitarik jakintsuenetakoa; arren esakera ugaria, arren besoai eragitea, arren samurtasuna; Malentxo arte arte egon zala, parre antzean, pozez zoratzen; beatzik etzuala erabilli, etzuala zirkiñik egin, begirik etzuala jaso; baietz, jaso zituala, aitonari begiratu ziola, Joanesi malko lodiak erori zitzaizkiola: Kataliñen zotiñak, Ana Joseparen Aitagureak, Manuelek zeuzkan begi gorriak, Jose Ramonen eroritasuna; batari moja izateko asmoa erne zitzaiona; beti barruan bizitzea danentzako etzana, gurasoen ondoan zerua irabazi zeikeana... Emakume guztiak zeukaten mingaña erabiltzeko zio ta gaia, guztiak zerbait agertu bearra, denak zeuden alkarrekin jardunean.
Danak ez orratik. Paulak etzuan itzik ateratzen, etzion ezeri jaramonik egiten. Gogamen bat zerabillen elizara ezkero, ta ezin zuan bere burutik kendu: zergatik etzan Jose iñon agiri?
Galdetzera zijoala, Manuelek zekarkion erantzuera, erdi negarrez:
—Orain ere oker andia degu, Paula.
—Zer?
—Gure Joseri gertatu zaiona!
—E? Zer gertatu zaio?
—Garrautsak[1] su artu ta erre.
—Erre! Zeñek esan du?
—Or dagoan gizon ori dator Barrenatik...
Izendaturiko gizona Joanesi albisteak ematen zegoan. Nola izango zan? —dio. Ara, errez ulertuko dezu. Otarratxo baten dauzkagu arrobirako garrautsak. Josek, gaurko eguna beretzat jaia zalata, lan gogorra egin zuan atzo, arri zulatzen. Illuntzean, apaitara baño lentxoago danbada batzuk egiteko ustean, artu du garrautsen saskia, bear dan aña sukarri zuloetan sartu du, ardagai ari luzeak arretaz ipiñi ditu, ta su ematera dijoanean, aldemeneko saskira pospolo buru izekia erori zaio ta plaust! ... Alako arrigarririk! Suak, lurrak eta kiak igo zuten, eliza ori baño gorago bai, ta Jose gizagaixoa su-lur-ketan ostendu zitzaigun. Lenengo, ke-lañoak etzuan ezer ikusten utzi; gero, irrikiturik, lagunagana eldu giñanean, arkaitzean erorita billatu genduan, ikatza baño beltzago, zearo kixkaldurik, zearo baña.
—Il da!
—Il ez, oraindik ezta il, baño gaizki dago, oso gaizki. Ara, ezin leike ondo esan: gizonaren itxurarik eztu, bekañik eta betillerik eztauka, arpegi dana puslatu zaio, ura ta zorna dario...
—Ezalda sendatuko?
—Ezteitzot; baño sendatzen bada ere, itxua izango omen da.
—Non dago?
—Bergarara, gaixotegira eraman dute.
Zabaletakoak, zer erabaki etzekitela, ixil ixillik gelditu ziran. Joanesen ileta baño besterik etzan entzuten:
—Bai ondo zorigaiztokoa mutilla! Bai ondo nekepean izateko sortua!
Arako baten Paulak:
—Banua ni —azaldu zuan— ta iñoren esanik adi nai ezta, aidien zai egoteko astirik gabe, azkar, aizea bezin azkar, Bergarako bideari ekin zion.
—Zaude, Paula, zaude, ni ere banator —deitzen du Manuelek.
Eta beste batzuk, gizonik guri sendoenak, onela diote:
—Gu, jandakoan. Ia amabiak dira ta...


  1. Garrautsa - Pólvora.