Garoa/Bi arpegiak

(Garoa - Bi arpegiak(e)tik birzuzenduta)

XIX. Bi arpegiak
pages 347-363

XIX.

BI ARPEGIAK


Euskal gizasemeak, bazkari on baten aurrean, errez laga oiditu alde batera naigabe ta zeregin guztiak.
Batez ere naigabea barru barrura sartu ezpazaio ta zeregiña gerorako edo urrengorako utzi albaleike.
Onak eta jatunak omen gera ta...
Onak, onak... Ori geuk aitatzea baño beste batzuk agertzea obeko degu. Jatunak gerana bai, gauza garbi ziurra da, norbere gorarik eztakar ta neronek azaldu dezaket. Ezta orregatik iñor lotsatuko, ez. Bai zera lotsatu! Ollasko ta illar berrien oroitzaz zearo poztu, ezpañak miazkatzen jarri. Orain dala ordubete ikusi det gizon guri potrollo bat. «Eztezu txilborra makala!» —esan diot. Eta badakizu zer erantzun ditan, irakurle? «Kostata. Alduanak dauka».
Al izatea gure atsegin. Al izan ezkero, iñondik badegu, apukorik bada, ezin gindezke eguneroko babarrunak janda egon Ez, aukera danean, amarretakoa, amaiketakoa, lauretakoa, azken ordukoa, dena dator ongi, ta gure urdallak eztu beñere ezetzik esango.
Ta mutillak gera gu apukoak billatzen. Aurraren jaiotza, auzokoaren eriotza, ezagunaren Meza berria, lagun baten etorrera, adiskideari agur egitea, urlia edo urliziari egun-onak ematea; txerria il dutelako, erbia atxitu degulako, eskalluak ekarri dituztelako, arkumea merke dabillelako; gaztetan indar egiteagatik eta zartzan indarra ez galtzeagatik; neguan otzari gogor egin daiogun ta udan izerdiak bigundu ez gaitzan; Gabonak dirala, Iñauteriak dirala, zezenak edo adarrak dirala; San Juanak, San Pedroak, Andre Mariak, edozein doneren jaiak, edozer eratako jolasak... beti daukagu zerbaiten apukoa ta beti jan egin bear, asko jan, galanki edan, zintzurreraño bete, ok egin, ase, ito ta upeldu.
Jatunak alderdi guztietan dira, baña egingo nuke eztala iñon Euskalerrian beste ollo-jale ta Txanton Piperri.
Ezagutzen det bazkari eder bategatik Murziaraño joango litzakean zalduna Badakit, zeñek, apari andi bat eginda bereala, amar saieski jan zituan; badakit zeñek, amarretan, kana ta erdi lukainka.
Orrelakoak bat edo beste daudela? Bost edo sei milla gutxienez: itxura duten guztiak eta itxurarik eztuten asko.
Ta ez atxurle ta nekazariak bakarrik; ez, sagardotegian, «amalaugarrena» edo «amaseigarrena» eskatzen dakitenak bakarrik: urietako jaun azkar burutsuak ere bai.
Makiña bat bidar nabaitu ditut gizonik argi ta langillienak, arlo astunen erdian bertan, Azpeiti ortik eta Durango emetik, Donostin ondo ta Iruñan merke, olloa gora ta eperra bera, Urumeako izokia ta Berastegiko amuarraia, albisterik arduratsuenak emango balituzkete bezela, non obeto jaten dan alkarri erakusten ta jakirik gozoena zer ta nola dan adierazten.
Gaixoagana ekarri degun sendakiñari entzun diot, eskuak garbitzen zegoan bitartean, azatan egositako ollagorra baño jaki oberik eztala. Sendakin orrek, toki askotako eltzeak ikusi ditu, izen andiko lau-ortza dauka; gaisoai begiratzen bai, baña, ostaturik onenetan, lagun arteko jan-batzar alaiak gertatzen ere badaki, ta berak dionean, ollagor egosia ezta txarra izango.
Baño goazen geure ipuietara.
Malentxo moja sartu zanetik amabost egun geroagoan gaude. Patxiko ta bere langintzako adiskide batzuk, Mari-Teresek bakallaoa ederki jartzen dualata, Eibarren bitu dira, baño bestetan aña gozamen, aukera ta leku eztute idoro. Igandea da, eguzki gabeko igande beltza; ostatua gizadiz borborrean dago; etxejabeak, alegin guztiak egiñarren, danentzako jakirik eta astirik eztauka, ta gure Patxiko ta lagunai bazkaria bazter baten, otza, urri ta kiskaldua ematen diote.
Deiezka ta ontzi joka luzaroan egonda gero, neskameren bat atarrapuzka agertzen danean:
—Gaurkoagatik barkatu bearko; —esaten du— arpegirik ezin emanda gabiltza.
—Zer da gaur ordea Eibarren?
—Mitiña edo...
—Noiz?
—Iruretan.
—Zergatik?
—Langilleak naibeste nekesari eztaukelata.
—Nork dauka nai beste?... Gizon asko etorri alda?
—Asko ez, baño bai nabarbenak, Bilbo aldetik.
—Zaldibarrera joan bear genduan.
—Ta emen?
—Mitiñean egingo degu parre pixkat.
Neskameak esan bezela, iru iruretan, lantegietako gizonak eta Elizaren etsaiak jardun-batzarra astera dijoaz, pelota lekuan. Antxen, lañoz jantzitako zerupe illunean, suinkiro alkartu dira eibartarrik geienak, onenak ez baña. Onenak ez: gazte arro, zarkote nagi, erdi-langille, oso-edale, gezur-billari, aizeburu, etxekalte guztiak eta emakume arrotz lasai batzuek. Ardangela ta kafeterietatik erten dute, ta denak, piper gorria baño gorriago, jakintsuen jarduna entzuteko zai, pilloan daude.
Auzo errietako gizonik ia iñor ezta: gure sendakiñez gañera, lau edo bost ermutar, beste ainbat plazenzitar, amabi edo amalau Elgoibarko. Beste urietakorik... Moxolo ta Martin dakustaz maiburuan!
Lenbiziko berriketaria, bizar biko gizon igar tentea, eztakit nongoa dan. Biurri andiak egiñaz, begiak zuri jarriaz, ortz ori zikiñak bakan erakutsiaz, eskubiko besoa jaso ta luzatuaz, azkazal lodi okerrak beltz agertuaz, zerbait arrapatzera dijoan basakatua dirudi Gaztelarrez itzultzen du, garrasika, El Rasero, El Motin, ta Rojo y Verde deritzaien paperetan ikasitako jakituria...
Bego Eibarren bizar biko gizontxoaren erakastea: guk eztegu lizunkerien berririk eman bear. Gutxik ulertu diote, baña txalo andiak jo zaizka, batez ere ipuirik gordiñenak esan dituanean.
Patxikok bakarrik atera du arpegia egi ta garbitasunaren alde. Ixillik ezin egonda, non dagoan aztuta, iru edo lau bidar jaurtigi du aora zekorkion iraña deadarrez, ta aldemenekoak entzuteko eran eztakit zenbat aldiz: «Gezurti! Kakalardo! Labezamorro! ... Eztet ixildu nai! Arraio tximua! Nongoa ote da bera? Ta loikeri oiek txalotu! Baño gu zertan gaude? ... Uutik! Bere errira dijoala! ... Lepo ezurra auzi gabe!...».
Eztakit nola berari ausi eztioten. Ermu, Plazenzi ta Elgoibarkoak zeuzkan urrean ta orri eskerrak.
«Bejondaigula! —esaten du bigarren iztunlea jaikitzean—. Au dek obea, au! Sobresaliente en la facultad de Arantzadi! Doctor por la Universidad de Upelondo! Entzun bear zaio sermoia, ederra izango data».
Patxikoren ingurukoak parrez aidira, ta pelota lekuko guztiak len baño arreta geiago daukate, bada bigarren berriketaria euskalduna da. Zein? Martin, Azkarragako Martin.
Ara zer dion, Oñatiko izkeran, ta ara, tartietan, aditzallien ziri batzuk:
«Langilliak: Euskalerrixan jaixo naiz, baña euskaldun izatiak eznau batere arrotzen!» (Patxikok: Geuk ere i emen jaio aizalako, ze arrotu andirik etzeukagu). «Euskaldun izatia baño lurbiratarra izatia gurago dot». (Plazenzitar batek, Patxikoren ondoan dendatuta: Edonongoa ta iñongoa ez, ijitoak bezela). «Euskalerri guztia, Eibar izan ezik, abadien mendian dago, ta nik eztot iñon mendian egon gura». (Norbaitek: Viva la libertad!). «Gizonak eztau lokarririk biar». (Ermutar batek: Gerrikorik ezpaneuka ba, nire prakak laster litzakez orpuetan). «Danok gara bardiñak». (Elgoibartarrak: andi-txikirik ezta beraz, erren ta elbarririk ez. Badeitzok, Artola? Siñiste aldek, Julian?) «Gizona lotzeko eskubiderik iñork eztauka». (Moxolok, bere artean: Ta bear luke). «Goialdeak utsik dagoz». (Ermuatarrak: Izarren batzuk gabetan ikusten dira, baña, orrek diñonean... jakintsua eidata). «Gure gañean eztago iñor, ez erregerik, ez Jaungoikorik...» (Patxikok: Ondo giñake, astoen gañean iñor ezpalego!) «geuk egin biar ditugu geure legiak, gura dogun modura» (Moxolok: Neuk egiten badizkiat, laster urkatuko diat ire amona). «Iñork eztauka iñor iltzeko eskubiderik»; (Moxolok: Orra orain, orra). «Lurrean ezta batere gudarik biar; guda-gizonak alper-gizonak dira». (Eibartarrak: Ederto jaok, baña orduan gure armak nun salduko jituagu?) «Ugazabak eta lantegien jabiak gure odolez loditu dira». (Plazenzitarrak: Ta zuk ere ori nai, loditu, odolez edo odolkiz). «Zortzi orduko lana gura genduke»; (Moxolok: Askotxo dek, baño, tira, nai duanak egin dezala). «Orain artean baño aloger obea biar dogu». (Denak: Ori, ori! Betor dirua! Venga diñero!). «Diru-etxeak lapur-etxeak dira» (Moxolok: Orrenbesteraño ez orratik). «Asko gara, guztiok alkartu gaitezen ta zor doskuena eskatu daigun». (Ardosaltzalle batek: Neuk ere, zure ondoko batzuei, edandakoen ordaña eskatu bear diet). «Agintarixakana goazen ta esan deixogun geu gerala geixen, geu gerala indartsuen». (Ermutarrak: Ori dok! Ukabilla nagusi). «Ezergaitik ez bildurtu; gogor egin bear da; gogor andiki, agintari, legegille ta abadien aurrian. Geure indarrez, geure kemenez, gauza guztiak goikoaz bera jarri biar ditugu: legiak ausi, agintarixak azpiratu, aberatsak ebaki, pralleak larrutu, elizak erre...» (Plazenzitarrak: Bai, mutil; ator Plazenzira). «Orrela ekarriko degu aginpidia pobrien eskuetara, orrela izango degu dirua ugari». (Lengoak: Orrela izango degu... adarra jotzia). «Adiskidiak, lagunak: danok batera diar egin daigun: gora erri langillia! bera legiak! bera ugazabak! bera gizon alperrak! bera soñeko beltzak! bera argizai jaliak! Biba la repúbica! Abajo inkisisión!» (Geienak: Gora! Bera! Abajo! Txaloak, oiuak, marruak, Trágala, Marsellesa ta Intenazionala...).
Moxolo, Martiñen gaitasunez arriturik dago: etzuan uste ainbeste zanik. Eibartarrak, Azkarragakoari begira, zintzo zintzoro diote: gizon andia dok ori! asko jakik orrek! orrek bai daukala ilustraziñoia!
Patxiko berriz onela mintzatzen da: Ederki, Ederki jasotzen ditu atzeko ankak! Arrane arrania! eztakite Oñatin nolako semetxoa daukaten!...
.........................................................................
Oñatiar guztiak elizan daude. Uri paketsu artara Eibarko mitiñaren oiarzunik ezta eldu.
Goienetxeko aldapan gora, zirrin-zarran, gizon gazte bi dijoaz. Batak arpegia zapiz estaldua darama ta oña non ipintzen duan eztaki; besteak, besotik eutsiaz, zapidunari ezkerrera edo eskubira eragiten dio, koskarik jo eztezan, utsunietan erori eztedin.
Beren arteko izketa entzun dezagun:
—Noiz artu ditu Elizakoak?
—Zortziretan.
—Gaizki alda?
—Oso gaizki: ez omen du gaba ekarriko.
—Garaiz elduko algera.
—Nai nuke
—Non goaz?
—Ia Goienetxen.
—Amaika bidar egin det azkar emendik etxerakoa, baña...
Egualdia, bidaztien kopeta bezela, itzal agiri da. Goibel zerua, odeiak geldi, txoriak ixil, aizearen izpirik ez, soroetan iñor ez, errekastoak ur gabe... izadiaren indarrak bukatu dirala esan leike.
Bada orratik zerbaiten otsa. Txuri zakurra bere baserriko atarian uluaka dabil.
Zakurraren uluak auzotegi guztia izutzen du.
Arratsaldeko iru terdiak dira, baño Joanesen gelatxoan argia jarri dute, il-zorikoen argia.
Oe zurian luze luze, burko bigunean burua ondatuta, arnasarik artu ezinda, izerdi larriz bustirik, azkenetan dago Joanes, Zabaletako nagusi zarra, Urbiako artzai ospetsua, Aloña mendiko jaun ta erregea.
Lenago, Urbian bizi izaten zanean, lotara baño len, ardiak non ta nola gelditzen ziran begiratu oizuan bezela, orain, betiko lotara dijoanean, etxalde maitea nola gelditzen dan begiratzen du. Ai! Bere ondoan dauzka batzuek, baña beste batzuk lurbirako zelai zabaletan sakabanatu zaizka Denak ikusten ditu irudimenez. Juan Andres oso urruti, arrotzen artaldean, euskalduntasuna galdurik, Zabaletakoen itxura gabe, seme ziztrin ergelaren guraso... Martin, askozaz urrutiago: illoba oni anima aldatu zaio, ta animak, aldatzean, txit urrutira joan oidira, gorputzak lengo tokian egonarren. Bai, argitik illunera, Jaunagandik Etsaiagana, usoak bele ta arkumeak otso egiteraño. O zer samiña norberak maite duan umea otso biurturik ikusi bearra, sorterri, adiskide ta gurasoen zematzalle! Jaungoikoak ikutuko al zion Martiñi biotzean, Malentxoren bitartez... Malentxo! Ura ere aldendu zan, baño Jesusen artaldera, zeruetako atarira, animak eskatzen duan zorionaren eske. «Malentxo nere maitea! —dio— egin otoitz Zabaletakoen alde, nigatik egin otoitz, orain, nere eriotzako ordu onetan. Zure otoitzak itxaropen andia dakarkit animara».
Samiñetan ere paketsu dago Joanes zintzoa.
Pake ta itxaropena musuko argitasunean igartzen zaizka.
Bere patxadeak, bere begi gozoen leñargitasunak, bere ille ta bizar zuri luzeak, Lege Zarreko Gurasoen itxura ematen diote.
Oiaren inguruan daude, negarrez urtzen Ana Josepa ta Paula, Iñazio Mari ta Jose Ramon, Mikalla ta Katalin. Gogoz emango luteke bizitzaren zati bat, aitonarena luzatzeagatik.
Aitonak il bear du; bere ondasuna, Uribarriko etxejauntzarik andiena, laster utzi bear du; baño Zabaletan etxe-nagusi jartzeko leiarik iñola ezta. O, gaurko aberatsak, oraingo nagusiak, eztira iñon orrela bukatzen!
Aloñako erregeari, ainbeste baserritarrek opatu duan errege-zigorra berez erortzen zaio, baño Zabaletan ezluke iñork errege-zigor ura eskubian artu nai. O, errege ta gizon agintariak eztira beñere orrela iltzen!
Mitin zaleak kendu ezkero, denak maitatzen dute Joanes ona: uritarrak, menditarrak, auzokoak, etxekoak, Aranzazuko Amak, Aitzkorriko Jesusek.
Eskuetan dauka Jesusen irudia, Malentxok biraldu zion gurutzea, ta papar gañean Ama Mariaren kutun bustia, arnasestuak ematen dizkan neurrietan goruntz ta beruntz, itxas irakiñeko uztai azalkorra edo zeru-alderako atoi-ontzia bezela.
Iñork eztu mutik eta zirkiñik egiten; gaisoaren bularreko zurrua baizik ezta etxean ezer entzuten.
Baño Joanesen oroimena bizi ta atseden gabea dabil. Zerutik lurrera, betikotasunetik egunetara, Galiziatik Euskalerrira, Malentxogandik Josegana dijoakio.
—Bai aldator, —galdetzen du— mutilla bai aldator?
—Bai, aurki onezkero, urrean bear luke... Badantzugu, emen da.
Umezurtz errukarria, astiro astiro, lerden lerden, oinkadea bada-ezpadan jaurtigiaz, ate aldamena eskuz idoroaz, Manuelen besotik aurkeztu da.
—Jose!
—Aitona!
Gelako guztiak berriren berri negarrez asten dira, ta Joseri naigabeak jaten dio itza.
—Atoz, zai nengoan.
Bata, oiaren ertzean belauniko, ta bestea mutillaren burua ta arpegia ikutzen, Isaak ta Jakob dirudite; baña emen Isaak baño itxuagoa da Jakob, Joanes baño itxuagoa Jose.
—Ez nauk ikusten?
—Ez, jauna.
Ta gaztearen malkoak esku gañean sumaturik:
—Ikusteko begirik ez ta negar egiteko bai! —dio aitonak—. Asko nai dik gure Jesusek, orrela zamatze auanean... Ez ikaratu: oñaze oiek eztituk betiko. Gabaren ondoren eguzki garbia ziok, nekearen ondoren zoriona. Elduko zaik iri ere, bai alegia. Bitartean, nere ordeazko izan bear dek: sukaldeko zizalluan jarriko aiz, nere aginpidien jabe ipintzen aut, ni banintz bezela begiratuko diate... Josek eztu ezer erantzuten, baño bere barruko mintzoa badakit:
«Ni emen bizi? Ezertarako eznaizala? Iñoren traban? O, ez! Zuaitza erortzean itzalik ezta. Gaur ondo begiratua izanarren, biar edo etzi nizaz aspertuko lirake. Etxekoak aspertu baño len neuk ertetzea obeto da, ta ertengo det. Aldapa gora etorriko zait, asko lotsatuko naiz, baño eskean ertengo det aterik ate Jaungoikoaren izenean Ni baño andiagoak ibilli dira».
—To —jarraitzen du Joanesek— to, Jose, arzak Malentxoren gurutzea, mun egiok. Iretzako dek geroxeago; orain, pitin batean, neretzat... Zeruko giltza dala uste diat...
Artzai zarrak, gurutzea, umezurtzaren ezpañetatik bere ezpañetara, darama. Jesus, Joanesen aoan besoak zabalik dago, aspaldiko adiskidea Beragan artzeko zai bezela, ta Joanesen animak laztan batean ertetzen dio; laztan bero, gozo, luzearen bitartez ematen dio Joanesek Egille Altsuari anima, euskaldun animarik ederrenetakoa...
.........................................................................
Zerua goibel, odeiak geldi, txoriak ixil, aizearen izpirik ez, soroetan iñor ez, errekastoak ur gabe... Uribarri aldean izadiaren indarrak bukatu dirala esan leike.
Txuri artzanora saletxe barruan gordea dago, ulua ta ulua.
Eliz-kanpaiak, noizik beingo dumm... dumm! ... lodi sendoan, Joanesen ilberria zabaltzen asi dira, ta baita ere uritarrak, zein il dan jakin baño lenago. Lurra utzi duan animagatik arren zintzoetan...
Kanpaien ots illuna Bidaurretaraño azkar dijoa Malentxori aitona ilko zala otu zaio, ta gauza guztien Jaunari begira, gogoz, biotzez, iñoiz baño siñistetsuago, arrebatxoakin batera, bere otoitzean onela jarraitzen du:
Desiderium cordis ejus tribuisti ei: et voluntate labiorum ejus non fraudasti eum. Bere biotzeko leia orain bete diozu: bere ezpañetako eskaria ezta izan alperrik... Magna est gloria ejus in salutari tuo: gloriam et magnum decorem impones super eum. Andia da bere atsegiña Zure jauregian: zorion ta edertasun ugarietan jarriko dezu...