Garoa/Ijiji ¡aiene!

(Garoa - Ijiji ¡aiene!(e)tik birzuzenduta)

XVI. Ijiji ¡aiene!
pages 296-313

XV.

IJIJI ¡AIENE!


Labana da ba irakurburu onen asiera. bidurrez nago norbaiten aserrean eroriko ez ote naizen, azkazal zorrotzen batzuk sartuko ez ote dizkaten. Arretaz ibilli, lumatxoa.
Zer da baña ainbeste arretazko ipuia? Ondo begiratu ezkero, utsa; neska zar igatuen gañean, geure arloetara goazela, irristadan, itz bi esatea.
Ez, mutxurdiñai etzaiete ikuturik egin bear, naiz ta berak, beti berriketa zaleak, edozein ordutan edozein orraztu. Orrazi gabe, jakiña: danak ez, baño geienak mingañez dakite ederki orraztzen.
Mota guztietakoak daude. Batzuk zearo apalak, bidegabeko arrokerietan beñere ibilli eztiranak, mutilletatik eta txorakerietatik iges eginda, beren gogoz senartzake daudenak Oiek, emakumerik onenetakoak dira, langille ta ongilleak, norberaz oso aztuta beartsuai laguntzen, gaixoak ikusten, done-irudiak garbitzen, elizmaiak jazten, Jaunaren bideak erakusten ta beste gauza txalogarri askotan dabiltzanak. Oientzat nere txaloa. —Beste batzuk, andiki zaleak, beren buruai askotxo deritzoenak, eder ustean itxutuak edo azpilduraz josiak, ezkontzeko asmoetan biziarren, geiegi nai zutelako, batere gabe gelditu diranak. Oñezkorik nai ez, zaldizkorik etorri ez. Naikua lan daukate auek beren buruak apaintzen, illeak beltzitzen, arpegiak irintzen, zimurrak estaltzen, urteak gordetzen. Ia etsian bada ere, ezkongai daude oraindik, baño aberats edo goitarrentzat bakarrik. Pakean utzi daiegun, ta goazen aurrera. —Irugarrengo mallan jartzen ditugu egundaña etsiko eztutenak, onek begiratu diola ta arrek agur esan diola beti amesetan dabiltzanak, mutil guztiai abegi ona egiten diotenak, edozein artzeko gertu daudenak, datorrena datorren bezela, gaztea ezpada zarra, ezkongea ezpada alarguna, zalduna ezpada txorroskillea.
Irugarren auetakoa zan gure Luisa, ona gajoa, baño zentzun gabea. Gizakume gazteak etzioten itz legun bat iñoiz esan, zarkoteak ere benetako eskabiderik etzioten egin; baño etzuan Luisak bizitza guztian ezkontzeko leia utzi, ezta tximak oso zurituta gero ere. Neska zarraren leia danak zekiten, ta bere lepotik parrez ibilli oiziran. «Luisa, onelakok zuretzat eskumuñak eman dizkit». «Luisa, beste alakok zure galdera egin du». Luisa, Martoloren biotzekoa zu omen zera, gezur andiak esan oi zizkioten ta edozer gauza siñistu erazi.
Ta Lisari lagun artean gertatzen zitzaiona bera gertatzen zitzaion Moxolonean Odolkiri.
Bazan ura ere bat, beste askoren eredura. Gaztetan alper, zartzan arlote, beti berekoi ta buru ariña, askatasunari eder ta nagikeriari ondo iruditurik, urtean baño urtean okerrago, pixkaka pixkaka begiramen danak galdu zituan, arduragabekerian berengo ondarretaraño erori zan, ta azken aldera, naikua edari euki ezkero, jateak, jazteak eta iñoren esanak ajola gutxi ematen zioten Orregatik ibilli oizan Oñatiko alderdietan, bazterrik bazter, zulorik zulo, guztien morroi, danen adiskide, oni egurrak txikitu, ari pardela eraman, urliari zama bat jaso ta besteari agindu batzuek egin; erdi lanean ta erdi janean, orain txurrut eta gero moskor, ezertarako ordurik etzuala, nun lo egiñik etzeukala, jai ta asteak berdin zituala, egunero zarpatsu, askotan soin-ale gabe, noiznai traskil, tarratadaz, koipez ta zirpillez geiegi osatua.
Bein batean, isterrak agirian zerabiltzala ikusirik, Moxoloneko ardangelan, batak eta besteak zirika, ezkontzeko bero bero jarri zuten.
—Gaizki abil orrela. Ezkondu egin bear euke.
—Norekin balitxeok.
—Beti ziok eroren bat.
—Eroa izango litzake ba nerekin ezkontzeko.
—Luisa dek ona iretzat.
—Bai ta eztek txarra. Iñoiz lenago bururatu zaitak. Atxurrean edo laietan, jateko aña irabazi egingo likek.
—Ta edateko?
—Edateko, ortik edo emetik, neronek aterako diat.
Eta «joan ari, esaiok, ondo artuko au, ordua dek, noiz arte ago, mingain gabeko txintxarria sasian usteldu zan», ekin ta eragin, ara non dijoakion andik laster senargaia Luisari bere esku mardularen eske.
—Gauza bat, Luisa.
—Zer da bera?
—Zu ta ni bakarrik gaude.
—Egia.
—Gure buruaren jabe gera.
—Baita.
—Nai deguna egiteko iñoren baimenik eztegu bear.
—Alaxen da.
—Zertu giñaizke, bada, biok.
—Ta errian esango lutekena?
—Guri zer digu? Nor da emen gure nagusi?
—Len ere poportzioak izan ditut.
—Baña oraingoa bezelakorik ez. Tira, nik alkondara garbitzeko ta prakak arabakitzeko norbait bear det.
—Josten ondo eztakit.
—Neuk ere eztizut gauza andirik eskatzen. ¿Konprome?
—Baietz esan bearko. Obeak badira —zion gero Luisak bere artean— baña nik ere senarra izango det beñepein. Ezkongaien berria zabaldu zanean, algara ederrak egin zituzten Oñatin. Nola ez? Berri politagorik! Odolki ezkondu! Luisa ezkondu! Jas! Ibilli ta ibilli lortu zuan arrek bere gurutzea, ta ez txiki txikia. Baña gogozko tokian aldaparik ez... Neska-mutil zarren eztai-egunerako, jolas andi bat asmatu bear zan, txintxarri-jotze on bat gertatu bear zan, zorrotza, pijoa, izugarria.
Baita gertatu ere, Moxolonekoak okerren zirala. —Goizeko seirak baño len, eliz aurrean uritar gizadiz josia zegoan; inguruetako leioak tximadun andre buruz beteak agiri ziran; mutiko-neskatoak, saguen gisa, lotsagabetxo, urduriegi, Jaunaren Etxean sartu-ertenga, ateak indarrean itxi ta irekiaz, «laster da», «badatoz», «oraintxe» azalduaz, erritar guztien albistaritza pozik egiten zuten. Ta ezkonberriak elizatik ateratzean ia mutillak! ura zan tupi, oliontzi, piper poto, pertza ta padelai eragitea. Ura zan burni zarrezko trumoi ta kaskabarra! Ura zan algara ekaitza! Ura irrintzi, garraxi ta jeupaden erasoaldia! Ura ustegabeko jai gozoa!
Peru etzan orregatik batere lotsatu. Ainbeste mutil koskorren erdian, karrika zear dabiltzan komediantien antzera, batari ta besteari agur egiñaz, oso alai ta lasai zijoan.
—Ederki egiten dezute —zion— tabolinteruari emateko eztaukaguta. Guk ere zerbait bear genduan.
Oñatiko emakumerik geienak, ezkonberriak igarotzen ikusirik, parrez ito bearrean, esakera txotillak bialtzen zizkaten alkarri, leiotik leiora:
—Ja ja iii! Eztula ta Burukomiña uztarrian.
—Baneuka ta Balitz.
—Eroko ta Nagiko.
—Garaian oroitu zaiote.
—Jaungoikoak adimena eman daigula.
—Iñora bai aldijoaz?
—Bai, beren lurrak eta maizterrak ezagutzera.
—Non dute gosari?
—Gaur eztakit, baño txirotegian aurki.
Non ta zer gozaldu zuten eztet ikasi, baño jakin det Moxolonean zegoala Peru amaiketan, andrearen kezka gabe, ardo zuria edaten, lagun guztien jolas-itzak entzuten.
Orduantxe sartu zan Azkarragako Martin, egundañokorik aserrien.
—Zer dek? —galdetu zion Moxolo gazteak.
—Errekondo, errekondo! Eskuetan neukan txoriak iges.
—Zer txorik?
—Malentxok.
—Malentxok iges? Je je! Besteren baten kaiolara, e?
Moxolori Zabaletakoak bere alde jarriko zirala otu zitzaion.
—Bakoitzak nai duana egin bear dik; —jarraitu zuan— kaiola batzuek zotzezkoak dituk, beste batzuek burnizkoak, baño urrezkoak ere badira. Aukeran, edozeñek naiko likek urrezkoa ta janari onez betea. Tira, ez adi ozpindu.
—Ozpindu ez... Karrasko! eu nere tokian baego...
—Berotasunak joango zaizkik; oztuko aiz.
—Ez beingoan.
—Billatuko dek beste bat, neska geiegi zeudek. Ia ba, Odolkik ere billatu dik eta... Ji ji ji!
—Pakean utzi dak.
—Mundua orrela dek, mutil: auzoan illetan ta gu opilletan. Ni, gaur, oso alaia natxiok. Ia, ze artuko dek? Neuk gonbiratze aut.
—Edena bear nikek.
—Zer dek ori?
—Pozoia.
—Pozoia baño obe dek napar pixka bat, arrautzatxo birekin. Bakalloa ere baziok.
—Ekarri naparretik.
—Baño ze gertatu zaik? Malentxok zer dio?
—Moja dijoala.
—E?
—Bai, Bidaurretara.
Itzetik ortzera, asuna baño berdeago jarri zan Moxolo; beazun guztiak begietaraño igo zioten.
—Gezurra diok! —deadar egin zuan, ukabillez maia joaz.
—Larrumieta! Obe bai gezurra balitz. Eztira ordu bi Manuelek esan ditala.
—Gezurra ik, gezurra Manuelek! Ziria sartu nai diak, baño eznauk ain motza.
—Nik ziria sartu?
—Bai.
—Zerdalata?
—Auzia neuk irabazi diatalako.
—Auzia? I ere Malentxoren atzean alebillen?
—Bai, ta neurea dek. Malentxo ezta zorritsuen zale.
Martin zegoan lekutik jagi zan, ojuka:
—Aizak i, zorritsuak edo zorri piztuak zeintzuk diran bazekiat eta edozeñi erakusteko gertu natxiok... I añakoak bagaituk, gutxienez i añakoak. Ainbeste igo alaiz? Nik lortu ezin detana jaditxiko aldek? Lajañeta!
Pelotariak borrokarako astirik izan balu, eskuetako pitxarra buruan auziko zion Martiñi; baña Moxolo etzegoan eztabaidetan gelditzeko.
—Laster ikusiko diagu, —esan zuan— baña ori orrela bada sentellas! derrefente garbituko det bat edo bat.
Eta derrefente, ardangelako gauza guztiak bertan bera utzirik, zigorrez jo duten astoaren gisa, an ziak Moxolo Potolo Zabaletara.
Ikusten nagola uste det. Bai, an ziak aldapan gora, puzka, arnasestuka, izerdi patsetan, koipea dariola. Sentellas! Ana Josepak zer erabaki duan berari, mutilllari, esan bearko dio; arpegiz arpegi ikusi bear du Malentxo ta bere aotik jakin zer asmo darabillen: ez, geiago ez bitartekorik. Neskatxa ura ezta Bidaurretara sartuko: onean edo txarrean, Moxolorentzat izango da.
Zenbat eta baserritik urrerago, ainbat eta ibillera motelagoa darama gure gazte baldarrak, nekatu dalako, barruko bultzada gutxitu zaiolako, Zabaletara baño len zerbait gogamendu nai dualako... Gogorrean zer egin dezake? ... Atsoa il? ... Ta gero? ... Esi ta maratillak kentzeagatik, Malentxoren eskua atxitzearren, atsoa ta agurea, etxeko ta auzotegiko guztiak ilko zituzkean; baño ta, korapillo danak askatuta ere, Malenek ezkondu nai ezpazuan? Naieza baño eragozketa okerragorik bai alda? ... Ez, egingo zana onean egin bear zan. Onean, adiskide bezela itz egingo zion Manueli, Jose Ramoni zigarro bat eskeñiko zion, Ana Josepari urreak erakutsi, diruak agindu.
Zabaletakoak etzeuden iñorekin berriketan jarduteko Egun beltza zan ura. Josek etxetik alde, Malentxok erten bear zuala, aitona beñere baño illunago, Katalin goiz guztian negarrez, amona jaiki zanetik agiraka, Manuel Paularen aotik ezezkoa entzunda, denak biotzeko min bizia gogoratzen... Eztakit, Moxolo, eztakit nolako arrera izango dezun.
—Ke ai, Manuel, lagun zarra.
—Emen gabiltz.
—Lanean?
—Arazoan. Gogo andirik eztago baña...
—Ezbearren bat aldezute?
—Naikoa.
—Neuk ere zerbait entzun det. Benetakoa alda Malentxoren asmoa?
—Bai, txantxetako gauzarik eztu orrek.
—Bada, debekatu egin bear diogu.
—Nola? Diogu?
—Debekatu egin bear zaio. Amonari ta Maleni itz egitera nator.
—Jum! Iñoren gauzetan sartze ori... Ni eznaiz joaten errira zaragiak nun erosi bear dituzun erakustera.
—Zure amonak badaki nik zer darabilten.
—Amonak badaki, or dator ta nai dezuna esaiozu: jakingo du zer erantzun Baña gaur nere arrebarik eztezu ikusiko.
—Zergatik ez?
—Nai eztetalako.
Ana Josepak, pelotaria ikusita:
—Ara bestea! Zer degu, Moxolo?
—Ia zertan geran edo...
—Zertan geran? Galduan: galduan i, galduan i baño lenagokoa, galduan etxeko guztiak. oraintxe aukera Urrejolako arkaitzetik eure burua botatzeko.
—Ala Jainkoa! Ori alda gizonari emateko erantzuera?
—Txarragoak ere badizkiat.
—Arraio pola! Nere diru guztiak Maleni emateko ustean etorri ta...
—Gordeitzak: geuk ere badizkiago ik aña, ainbeste arrokeri gabe.
—Bera ikusi bear det orratik.
—Zein da bera?
—Malentxo.
—Gaur ez.
—Gaur bai.
—Etziok orretarako.
—Buruan sartu zait.
Manuelek, sardea eskuan ziala, Moxoloren aurrean jarriaz:
—Baita neuri ere zuri kaskarra berotzea.
—Zuk neri!
—Azkar gero, emendik moxolotegira ezpazuaz.
Mutil biak, ezetz ta baietz, geroago ta beroago, geroago ta itxuago, gorri gorri eginda, alkarri ederrak emateko daudela, ara nun datorren Txuri, Kataliñen deietara, ara nun datorren artaldetik, begi andiak Moxologan ipiñita, aoa zabalik, bere adorea nagusi gaztearen alde jartzeko asmoetan.
—Guau, guau! —egiten du eldu baño len—, banua, banua! esanaiaz bezela.
Zakurtzarraren ortzak ikusi dituanean, Potoloren berotasunak bereala otzitu dira, odol guztiak izotz biurtu zaizka. Etzai okerra da ura.
—Arrano! ... Ee! ... Zakur ori! —oju egiten du, larri ta zatika.
Ta Jose Ramonek, zakurraren atzetik agertuaz:
—Lepo gañera botako diat, auetatik ezpaua.
Bi aldiz eztu esan. Abereari eutsi diote, baño zematsu dago, gogorrean dabil, Moxologana erori nai luke, ta ezta Moxolo batere artetu Asi da etxeruntz, bildurrez, zearka, okerka, zakurrari begirik kendu gabe, ta onela dio:
—Oraindik egingo det nik egitekoa.
Ta etxekoandre zarrak:
—Ez aldek egin? atzeko aldea garbi aldaukak? Ja jai!
Iseka onek mutilla oso erotzen du. Arren birao biribillak! Arren gorroto beltza! Arren barruko sua! O, kemena baluke! Altsua balitz!
Zerbait aldendu danean, patxada ta arnasa pixkat artzean, Txuri etzitzera dijoala sumaturik, Zabaletara begira, beso biak jasoaz, amorruzko lerdea dariola, idoro aldituan itzik gordin itxusienak jaurtigiaz, berriren berri ekiten dio:
—Eltze, lirdinga, ezjakin, ustel, urde, basati; arrapatzen bazaituztet, eskopeta baneuka, derrefent...
Baña itz-errenkada guztia eztu amaitzen.
—Xa, xa! —esan diote zakurrari— elduiok! zatitu zak!
Eta Txuri jaikitzen ikusirik, añaniñoa! bai zankoak erabilli gure zaragi-mutillak. Ura laisterketa! Ura abiadea! Itxumustuan, iraulka, orpoz ipurdi, erori ta jaiki, estu ta keixu, arraio ta moño, ia errirarte ezta gelditu Moxolo Eztauzka anka makalak!
Baña etxera orduko makaldu zan. Makala, illuna, eroria, azaletik izerditan bustia ta barrutik su-garretan errea eldu zan etxera.
Ez anka ta ez buru idoro zuan Odolki ardangelan, ematez zearo aztuta, ezeren kezka gabe, ainbeste lagunen erdian, batak eta besteak ematen ziotena geiegi edaten, larregizko berritxukerietan, lagunai parre eragiñaz, galdera guztiai jolasean erantzunaz:
—Andrea nun utzi dek?
—Eztek galduko. Oñez ibiltzen ikasia ziok. Ekatzak beste baxo erdi.
—Guz egingo dik.
—Gaitz ardoak? Ez, motel; ardoz sendatzen dituk gizonaren zauri ta mallatuak; ardoak osasuna, poza ta indarra ematen dizkik. Aitu, aitu:
Edari maitagarria
Tristearen alegria,
Dezu alaitzen begia,
Kentzen melankonia,
Mutua ipintzen kantari
Eta errena dantzari.[1]
—Kantari, dantzari, ta neurririk ezpada, lau ankan e? gaur ere arrapatu bear dek ederra.
—Bai, gaur bai; mozkor gabeko jaia eguzkirik eztan eguna bezela dek, eta nik gaur jai diat, jai andi.
Ardo gabe ezta funziorik
Ez mezarik eta ez eztarik,
Bada au faltatu ezkero
Ez da arkitzen gero
Baizik naigabeko tristura
Illuntasuna ta malura.[2]
—Begira gero andreagana nola joango aizen.
—ez alnazute ba eramango?
—Bapo esan dek.
Berez lotsagabe ta edandakoan txit ausarta, Odolkik iñoren begirunerik etzuan, ta Moxolori ere ikusi orduko ekin zion:
—Igartzen diat, konpañero: gaizki erantzun die iri Zabaletan. Ire diruen jabe baninduk ni, erregeren alaba ekarriko nikek Oñatira; baño ik, diru ta guzti, baserritar bat ezin irabazi dek. Moldakaitza izan, or ziok ba!
Ai ene badata! Nork agindu zion zezen aserreari eup egitea? Zezenak, edo Moxolok, bat-baterako zalaparta bizian, iñork uste baño len, maipera jaurtigi zuan ezkonberria, ta Manuelen gañean erori bear zuten ukabilkadak, ostikadak eta mintzo nabarmenak Odolkiren buru, arpegi ta bizkarrera erori ziran. Zapi zarraren gisa lurrean erabillita, odoldua, ezaindua, gizonaren itxura gabe atera zuten mutilla Moxoloren atzaparretatik. Kristiña! Zeñek eta Odolkik zirikatu bear bera, Moxolo!
Andreagana zeramatela esan zioten Odolkiri:
—Aiskidea, gaur bertan izango dik Luisak ire prakak josteko era ona; oraintxe ardo egoziz zauriak gozatu bearra.

  1. A. Meager'en itzak. Ezagunak diran bezela, garbixeagoak eta obeto beurtuak balira nai nuke.
  2. Ibid.