Seigarren liburua
KAPITULUAK
aldatu50. JAINKOEI MUNDUAREN GOBERNUA ESLEITU ZIONAK JAINKO HILEZKORREN ARDURA BERE GAIN HARTU
96. TRUMOIAZ
160. OINAZTARGIAZ
204. HODEIETAN SU HAZIAK DAGOZELA
219. OINAZTUAZ
225. SUAREN ETA OINAZTUAREN IZAERA
246. OINAZTUAK HODEIRIK TRINKOENETAN ETA GOIAN SORTZEN DIRELA
285. TRUMOIEZ ETA LURRIKARAZ
357. UDAZKENEAN OINAZTU ETA TRUMOI GEHIAGO DAGOELA
451. HODEIEZ
493. MUNDUAREN ARNASBIDEAK
494. EURIEZ
526. OSTADARRAZ
535. LURRIKARAZ
608. ITSASOA ZERGATIK EZ DEN HANDIAGOTZEN
639. ETNAZ
712. NILO IBAIAZ
738. ABERNOKO LAKUAZ
749. ATENASEN MINERBAREN TENPLU INGURUAN BETERIK EZ DAGOELA
756. LAUHANKAKOAK SIRIAN
840. PUTZUETAKO URA UDAZKENEAN ZERGATIK HOTZAGOA DEN
848. HAMMONEN ITURRIAZ
879. ZUZIA URETAN SUTAN
890. ITSASOKO ARADOSKO ITURRIAZ
906. HARRI MAGNETIKOAZ
921. GAUZA GUZTIETATIKO JARIOAZ
936. GAUZA GUZTIAK POROTSUAK DIRELA
1090. IZURRIA NONDIK DATORREN
1138. ATENASTARREN IZURRIAZ
SEIGARREN LIBURUA
aldatuIzen gureneko Atenasek eman zien lehenen hazi gari emailea hilkor gizajoei eta bizitza berritu eta legeak ezarri zituen eta berak eman zizkien lehenen bizitzako kontsolapen gozoak, hain gizon burutsu hura sortu zuenean, behinola bere aho egiazkotik jakinduria dena hedatu zuena; hil eta gero ere, bere aurkikuntza jainkozkoak bide, haren aintza, antzinatik zabaldua, zeruraino jasoa izan da. Zeren, ikusi zuenean bizitzeko behar den ia guztia hilkorrei berton eskuratu zaiela eta bizitza, daitekeen neurrian, oinarri segurrean datzala, gizakiak, aintzan eta ohoreetan ahaltsu, aberastasunez gainezka zebiltzala eta seme-alaben izen onean gailentzen zirela eta, hala ere, bakoitzak bere baitan bazeramala larritasun bat, bere gogoaz bestera, bizitza etengabe alatzen eta auhen mingotsetan krudelarazten ziona, orduan ulertu zuen gaitzaren ekarlea ontzia bera zela eta beronen erruz usteltzen zela barruan kanpotik zetorkion dena, baita ondasunak ere; batetik, pitzaturik eta apurturik ikusten zuelako, inola ere ez betetzeko moduan; bestetik, barruan hartzen zuen guztia bere zapore higuingarriz kutsatzen zuela ikusten zuelako. Bere egiazko hitzekin, beraz, bihotzak garbitu zituen eta handinahiari eta beldurrari muga ezarri zien eta denok harantz jotzen dugun on gorena zer zen azaldu zuen eta bidea erakutsi, nondik hel gintezkeen bertara laburren eta zuzenen, eta gauza hilkorrak nolako gaitzez beterik dagozen edo gainera datozkien berez-berez, bai halabeharrez, bai nahitaez, naturak halaxe erabaki duelako, eta zeintzuk atetatik irten behar den bakoitzaren bila, eta gizakien golkoetan iraulka diharduten kezka-olatu tristeak gehienetan alferrekoak direla frogatu zuen. Zeren, haurrak ilunpe itsuan dardaratzen eta denaz izutzen direnez, gu argitan horrelaxe beldurtzen baikaituzte sarri haurrek ilunetan beldur dieten eta gertatzear direla uste duten gauzek.
Gogoaren beldur eta ilunpe hori uxatu egin behar dute, beraz, ez eguzkiaren izpiek, ez egunaren gezi argiek, naturaren begiradak eta arrazoiak baizik. Solasa areago behar dut, beraz, azkeneraino bilbatu.
Eta, munduko tenpluak hilkorrak direla eta zerua sorreradun gorputzez egina dela irakatsi dudanez, eta bertan gertatzen eta gerta beharra duen gehiena xehatu dudanez, entzun orain falta dena, behin behintzat gurdi argitsura igo naizenez gero haizeak zergatik abiatzen eta geratzen diren azalduko dut eta nola oldarrean zena baretzen den, sumina ematutakoan. Eta hilkorrek zeru-lurretan gertatzen dakusten gainerako guztia, sarritan euren gogoak beldurretik zintzilik dauzkana eta golkoak jainkoen beldurrez apaltzen eta lurraren kontra zapaltzen dizkiena; kausen ezjakintzak natura jainkoen inperioan jartzera eta erreinua ematera eraman baitu. Eta ondorioen kausarik inola ikusten ez dutenez gero, ahalmen dibinoak eginak direla uste dute.
Batzuetan, izan ere, jainkoek bizitza lasaia daramatela ikasi dutenek, baldin, hala ere, harritzen badira gauzek nolako ordenan diharduten, batez ere euren buru gainean, eter eremuan, ikusten dituzten gorputzetan, orduan berriro erlijio zaharretara jotzen eta ugazaba ankerrak onartzen dituzte, ahalguztidunak direlakoan gizarajoak, zer daitekeen eta zer ez daitekeen eta, azken batez, zergatik gauza bakoitzak ahal mugatua eta xedarri sakon sartuak dauzkan ez dakitela; hala, are galduago, arrazoi itsuetan jausten dira. Gauza hauek gogotik uxatzen ez badituzu eta jainkoen ezduin eta haien bakearen kontrako direnak haiei esleitzetik erabat urruntzen ez bazara, jainkoen ahal sakratuak, zeuk desitxuratuak, maiz moztuko dizu bidea; ez jainkoen indar gorena bortxa daitekeelako, ez euren haserrea zigor latzetan ase nahi dutelako, baizik, bake lasaiko atsedenean dagozela, haien golkoan suminezko olatu itzaleak dihardutela pentsatuko duzulako, eta ezingo zarelako haien tenpluetara gogo lasaiz hurreratu eta haien gorputz santutik gizakien gogoetara sartzen diren simulakrook, edertasun jainkozkoaren iragarleok, ezingo dituzulako aurrerantzean gogoaren bake lasaian hartu. Hortik ikus dezakezu zer nolako bizimodua datorkizun. Eta bizimodu hori gugandik arrazoi txit egiazkoak alden dezan, nahiz eta lehen ere nigandik arrazoi mordoa atera den, oraindik ere mordoa geratzen da, bertso landuz edertu beharrekoa; zeru-lurren arrazoia eta egitura azaldu behar da, ekaitzak eta oinaztu distiratsuak kantatu, zer egiten duten eta zer kausak eragiten dituen; ez dezazun, dardar eta senetik kanpora, ortzia zatika, ea oinaztua nondik abiatzen den hegan eta norantz doan, nola irekitzen duen bidea leku itxietan zehar eta nola irteten den, bazterrak hautsita. Gizakiek ezin dute inola ere egite horien kausarik ulertu, eta jainko ahalmenak egiten dituela pentsatzen dute.
Azkena diragarren marra zurirantz lasterka noan honi erakuts bidea zuk, Kaliope, musa trebe, gizakien atseden eta jainkoen atsegin horrek, zu gidari zarela, aintza gorenaren koroa atzeman dezadan.
Lehenik, ortzi urdina trumoipean dardaratzen da, goi-hegan doazen eter hodeiek, kontrako haizeen eraginez, elkar jotzen dutelako; eta hotsa ez da ortziaren bare-aldean sortzen, aitzitik hodei tropela non den estuago, han sortzen dira orro eta harrabots handiagoak. Bestalde, hodeien gorputza ez daiteke harri eta zurena bezain trinkoa izan, ez lainoak eta ke hegakorrak bezain xumea; edo, pisuaren astunez, harriak bezala erori beharko bailukete, edo, keak bezala, ezingo bailukete tinko iraun, ez elur izoztuei eta txingor ekaitzei eutsi. Munduko zelai zabala ere burrunbatzen dute, inoiz antzoki handietan zabalduriko errezela masta eta zutabe artean kirrizkatzen den bezala, eta inoiz, aura lotsagabeek urraturik, sumintzen dira eta paper kizkurtuaren hotsa ateratzen dute; zarata modu hori, edo oihal eskegiek eta haizeen putzez eta auren bultzadaz astintzen diren paper hegaleriek egiten duten bezalakoa, trumoian ere hauteman dezakezu. Batzuetan gertatzen da, izan ere, hodeiek aurrez talkatu beharrean, gorputzak elkarri alboz estutzen dizkiotela kontrako mugimenduz eta hortik dator zarata lehor hori, belarriak mailatzen eta luze jotzen duena, estugune hartatik irten arte.
Era horretara baita, trumoi indartsuak astindurik, badirudi dena dardaratzen dela eta mundu zabalaren murru eskergak, bat-batean leherturik, bat-batean zabaltzen direla, kolpera baturiko haize bortitzak hodeia zulatzen duenean eta, beronen barruan sarturik, zirimolaka biratzen eta hodeiaren erdigunea hutsarazten eta ingurua are eta areago trinkoarazten duenean, arik eta, bere indarra eta oldar zorrotza makaldurik, zarata izugarriko burrunban lehertu arte. Eta ez da harritzekoa, sarritan haizez beteriko puxika zoztor batek ere, tanpez leherturik, nolako hotsa ateratzen duen ikusita.
Haizeak hodei artean putz egitean, bada zaratarako beste arrazoi bat ere, sarritan adar itxurako hodeiak martxan ikusten baititugu,era askotara haginduak; haizearen putzak oihan orritsua astintzean, orriak hoska eta adarrak karraska egiten duten antzera gertatzen da. Baita gertatzen da inoiz haize bortitzaren indar harrotuak hodeia aurrez jo eta urratzea ere; han putzak zer dezakeen garbi erakusten digu hemen, arinagoa izanik, zer dagien ikusteak, hala ere tantairik garaiena sustraitik erauzten eta eraisten baitu. Hodeietan badira olatuak ere, lehertzean baurre izugarria ateratzen dutenak; horixe gertatzen da ibai sakonetan eta itsaso zabalean, tiraina apurtzen denean.
Gauza bera gertatzen da, oinaztu sutsuak hodeitik hodeira jauzi egiten duenean ere; hau, sua urez beterik hartzen badu, berehala itzungitzen da zarata handiz; labetik harako burdina goria karrankatzen den bezala, ur hotzetan zuzen sartzen dugunean. Sua hartzen duen hodeia lehorrago badago, ostera, burrunba itzelean higatzen da, bat-batean isioturik; ereinotz mendietan zehar haize zirimolek sakaturiko garra zabaltzen eta bere oldar handian dena irensten duenean bezala; ez baitago ezer garretan hain soinu izugarriz txinpartaka erreko denik, Feboren ereinotz delfotarra bezalakorik. Bestalde, izotzaren haustura luzeak eta txingorraren xehapenak goiko hodei handietan zarata ateratzen dute; hodei mendiak, gogortuak eta txingorrez nahastuak, haizeak gogor jotzean, meharguneetan apurtzen baitira.
Baita ere oinaztua sortzen da, hodeiek, elkar jotzean, suzko hazi ugari jaurtitzen dutenean, suharriak burdinarekin edo beste suharri batekin jotzean bezala; orduan ere distira irteten da eta sua txinpart argietan zabaltzen. Baina, trumoia begiek oinaztua ikusi eta gero belarrietan atzematen badugu, belarrira datozen elementuak beti begiei eragiten dietenak baino astiroago dabiltzalako da. Beste honetan ere ikus dezakezu: norbaiti urrunera aizkorarekin zuhaitz handi bat mozten ari dela begira bazagoz, kolpea hotsa belarrira heldu aurretik ikusiko duzu; honela oinaztua ere trumoia baino lehenago atzematen dugu, nahiz eta sua batera abiatu, kausa berdinez eta talka beretik sortua. Baita hodeiek horrelaxe tindatzen dituzte bazterrak argi hegalariz eta ekaitza sigi-sagako oldarrean distiratzen. Haizeak hodei barruan sartu eta bertan iraulka, arestian esan dudanez, hustu eta hodei ingurua trinkotzen duenean, bere mugimenduaz berotzen da, gauza guztiak, mugimenduan bero-bero, isiotzen ikusten dituzun moduan, eta berunezko bala urtu egiten da, bere ibilbide luzean bira eta bira. Zirimola goriak hodei beltza zulatzen duenean, beraz, bat-batean halako suzko haziak bezala bortizki jaurtitzen ditu, oinaztuaren gar zeharkoia eginez; gero hotsa dator, belarriak beranduago jotzen dituena, irudiak gure begiak baino. Hau, noski, hodei trinkoekin eta oso goian eta indar harrigarriz elkarren gainera pilatzen direnean gertatzen da; ez bekizu okerbide izan hemendik behetik zer zabalera daukaten goranzko tamaina baino aisago ikustea. Begira ezazu, hain zuzen, nola haizeek mendi antzeko hodeiak auretan hara-hona daramatzaten, edo nola mendigain handietan zehar elkarren gainera pilatzen diren, goitik behera sakan eta geldi-geldi, inguruko haizeak hilda, eta orduantxe antzeman ahalko diezu euren tamaina eskergei eta euren barruan haitz eskegietan egindako haitzuloak bezalakoak ikusiko dituzu, zeintzuok ekaitzean, haizez betetzen direnean, hodei barruan egotearekin urruma izugarriz haserretzen eta piztia kaiolatuek bezala mehatxu egiten duten; hodeietan zehar orroak batera eta bestera bildaltzen dituzte eta irteera bila iraulkatzen dira, hodeiei su haziak atera eta erruz pilatzen dituzte eta garra sutegiaren barrunbean itzulkatzen dute, hodei urratua txinpartaka distiratu arte.
Beste arrazoi bat ere badago, su likidoaren urre-kolore bizkor hura lurrera hega dadin, hots, hodeiek eurek ere su hazi asko eduki behar dutela barruan; zeren, bat ere hezetasun gabe daudenean ere, gehienik gar kolore eta distira huraxe ageri baitute. Eta, jakina, eguzkiaren argitik elementu ugari hartzen baitute, beharko gorritu eta sua jaurti. Horrela, haize sakatzaileak toki berean pilatzen eta galkatzen dituenean, gar koloreei distira ematen dieten hazi estutuak jaurtitzen dituzte. Ortziko hodeiak xumetzen direnean ere sortzen dira oinaztuak; zeren, haizeak leunki sakabanatzen eta joanean disolbatzen dituela, nahitaez jausi behar baitute hazi oinaztugileek; orduan oinaztu isila ari du, izu beltzik eta iskanbilarik gabe.
Gainerakokan, oinaztuak nolako izaera daukan ondorioek erakusten dute, erre marka sakonak eta airean zabaltzen duten sufre usain nabarmenak; hauek, noski, suaren markak dira, ez haizearenak edo euriarenak. Gainera, sarritan oinaztuak etxe sabaiak sutzen ditu eta gar bizkorrek etxe osoa menperatzen dute. Su hau surik finena duzu eta naturak hain gorputz xehez eta bizkorrez hornitu du, ezen ezerk ezin baitio biderik itxi. Izan ere, oinaztu indartsuak hotsak eta ahotsak bezala zeharkatzen ditu etxe hormak, haitzak eta brontzea pasatzen ditu eta brontzea eta urrea kolpera urtzen, bat-batean ezabatzen edontziko ardoa, berau osorik utzita, dudarik gabe haren beroak, edontziaren alboetatik sarturik, hauek laxotu eta porotsuago egiten dituelako eta, gero, edontzian bertan, ardoaren lehenkiak berehala askatzen eta barreiatzen dituelako. Badirudi eguzkiaren beroak hau ezin duela bizi guztian egin, bere su distiratsuaren indar eta guzti ere. Oinaztuaren indarra hain da azkarragoa eta gailenagoa.
Orain oinaztua nola sortzen da eta halako bultaz, ezen zartako batean dorreak arraila baititzake, etxeak eraits, habeak eta zutabeak erauz, heroien monumentuak loka eta uzkail, gizakiak hil, aziendak aldran akaba? Honelako gauza guztiak zer indarrez egin ditzakeen azaltzera noa eta ez natzaizu aginduetan luzatuko.
Oinaztua hodei trinko eta oso pilatuetan sortzen dela pentsatu behar da, behin ere ez baita oskarbitik edo trinkotasun arineko hodeietatik iraizia izaten. Esperientzia ageriak garbi erakusten du hori; zeren orduan hodeiak hainbeste trinkotzen baitira ortzi guztian zehar, ezen ilunpe guztiek Akerontetik alde egin eta ortzialde amaigabea bete dutela baitirudi. Hain da ikaragarria gainean zintzilik daukagun izuaren aurpegia, hodeien gau beltzetik sortua, ekaitza oinaztu urtika hasten denean. Itsasoan ere sarritan gertatzen da hodei beltza, ortzitik eroritako bike ibaiaren antzekoa, olatuen gainera jausten dela, ilunpez hanpatua, eta ekaitz zarratua, oinaztuz eta haizetez ernaldua, arrastatzen du, eta bera ere suz eta haizez gainezka dago, lehorrean ere denak izuturik, aterpe bila dihardutela. Honela, bada, gure buruen gainean ekaitza dabilela goian pentsatu behar da. Eta hodeiek ez lukete lurra halako ilunpean estaliko, halako multzo bat elkar gainka pilatuko ez balitz, eguzkia kenduta; eta ez lirateke hainbeste euriz zapaltzera etorriko, ibaiak gainezka eta zelaiak igeri ipintzeko moduan, eterra hodeiz goraino eraikia ez balitz. Han goian, beraz, haizez eta suz beterik dago dena; horregatik trumoiak eta oinaztuak nondinahi sortzen dira. Izan ere, gorago irakatsia dut hodei ahurrek bero hazi asko daukatela eta eguzkiaren izpietatik eta hauen berotik ugari hartu behar dutela. Honela, hodeiok edozein lekutan pilatzen dituen haizeak berak bero hazi asko atera eta bera ere suarekin nahasi ondoren, zirimola, hodeian barnaturik, estuan itzulkatzen da eta sutegi gori horren barruan oinaztua zorrozten du. Haizea era bitara isiotzen baita, bere mugimenduan berotuz eta suari ukituz. Gero, haizearen indarra behar beste berotu denean eta suaren oldar larria gehitu zaionean, orduan oinaztuak, heldua bailitzan, hodeia bet-betan apurtzen du eta gar bizkorra sortzen da, bere argi distikorra bazter guztietara helaraziz. Jarraian zarata bortitza dator, bat-batean leherturik, ortzi sabaia gainera jausiko balitzaigu bezala. Gero dardara batek lurra gogor astintzen eta zeru sakona kurritzen du; hodeiteria osoa talkan dardaratzen eta marruka inarrosten baita. Talka horri euri-jasa indartsua eta ugaria darraio, eter osoa euri bihurtzera eta, dena gainbehera, uholdea berritzera bailihoan: hainbesteko uhola sortzen baitu hodeiaren urraturak eta haizearen oldarrak trumoiaren zartada goria hegatzen denean. Baita gertatzen da kanpotik etorritako haize kolpe bortitza muturra lehertzear daukan hodei beroaren gainera erortzen dela, zeina urratuz batera, suzko zirimola hura erortzen den, gurasoen hizkuntzan oinaztua deitzen dioguna. Inoiz gertatzen da berez su gabe datorren haize-kolpea ibilbide luzean isiotu egiten dela, honanzkoan, bere ibilian, auretan zehar pasatzeko baino gorputz handiagoak galduz; eta bestetik aireari berari jandako gozpuzñoak daramatza, bereekin nahasturik, sua hegan egiten dutenak; sarritan berunezko bala bidean goritzen den bezala, hotzaren gorputz ugari galduz, auretan sua beraganatzen duenean. Talkaren beraren indarrak ere eragiten du sua, nahiz eta haize-kolpe sakatzailea hotza eta hasieran su gabea izan, dudarik gabe, zartada gogorrez jotzean, beroaren elementuak atera daitezkeelako, bai bere baitatik, bai orduan zartada hartzen duen gorputzetik; harria burdinaz jotzen dugunean, sua ateratzen den eta, burdinarik hotzena izanda ere, kolpearekin txinpart goriaren hazi gutxiago sortzen ez den bezala. Beraz, oinaztuarekin edozerk ere horrelaxe sutu behar du, garra behar den lekuan badago eta egokia bada. Eta gainera ez dago haize-kolpea, goitik hain indartsu jaurtia izanik, ibiliak aurretik sutu ez badu, gutxienez epel eta beroarekin nahasturik ez etortzeko bezain erabat hotza izaterik.
Oinaztuaren abiadura eta zartada bortitza, halaber, eta eguratsa kurritzen duen jauskera guztiz azkarra gertatzen da, oinaztuak, lehertu aurretik, bere indar guztia hodeitik bildu eta abiatzeko bultzada handia hartu duelako, eta hodeiak haren oldar gehitzeari eutsi ezin zionez gero, indarra lehertzen eta oldar izugarriz hegatzen da, katapulta indartsuetatik irteten diren jaurtigaiak bezala. Erants horri elementu txiki eta leunez egina dela eta ez dela erraza horrelako izaera bat ezerk gelditzea. Zirritu estuetatik ihes egiten eta sartzen denez gero, apenas oztopo askok geldituko edo atzeratuko duen eta horregatik abiada azkarrean lerratuz hegatzen da. Gainera, pisu guztiek berez beherantz tiratzen baitute, grabitateari talkarik gehitzen zaionean, abiadura bibidertzen eta oldar hura indartzen da, ateratzen zaizkion oztopo guztiak bortizkiago eta lasterkiago alboratzen eta bere bideari jarraitzen diola. Azkenik, urrundiko oldarrean datorrenez gero, are eta areago azkartu behar du abiadura, zeina joanean handitzen, indartzen eta kolpean sendotzen baita; zeren bere hazi guztiak bil daitezen eta toki bererantz zuzen jo dezaten egiten baitu, denak harantz iraulka arrastatuz. Beharbada etorrian aireari berari ere gorputzen batzuk kentzen dizkio, euron kolpeekin oinaztuaren abiadura gehiago isiotzen dutenak. Eta gauza asko osorik eta ezer kendu gabe zeharkatzen ditu, su likidoa poroetatik airean pasatzen delako, eta beste asko zulatu egiten ditu, oinaztuaren gorputzak eurak gauzen gorputzen gainera, euron ehogunera, jausten direnean. Gainera, brontzea aisa disolbatzen eta urrea berehala urtzen du, bere indarra gorputz txiki-txikiz eta elementu leunez egina delako, zeintzuk aisa barnatzen diren eta, barnaturik, korapiloak bet-betan askatzen eta loturak lasatzen dituzten.
Izar distiratsuz jantzitako ortzi-etxea udazkenean eta udaberriko urtaro loretsua irekitzean burrunbatzen da gehien eta lurra nonahi dardaratzen. Hotzarekin suak urritzen eta beroarekin haizeak bakantzen baitira eta hodeiak ez baitira hain gorputz trinkokoak. Bitarteko urtaroak noiz diren, beraz, orduantxe bat egiten dute oinaztuaren kausa ezberdin guztiek. Urtearen hausguneak berak nahasten baititu hotz-beroak, biok beharrezkoak, hodeiak oinaztua egin dezan, elementuen diskordia izan dadin eta iskanbila handian airea suz eta haizez sumindurik altxa dadin. Izan ere, beroaren hasierak hotzaren azkenarekin bat egiten du: horixe da udaberria; horregatik, hain elementu ezberdinek elkarren aurka burrukatu eta nahasketan dena hankaz goratu behar dute. Eta udazkena deritzon urtaroan, azken beroa lehen hotzarekin nahasten da eta hemen ere negu zorrotzak eta udak elkar jotzen dute. Horregatik urtaro hauei urtearen hausguneak deitu behar zaie, eta ez da harritzekoa euretan oinaztu ugari sortzea eta ortzian ekaitz nahasia abiatzea, dena anabasten baita buruz buruko guduan, batetik garrak, bestetik urez nahasitako haizeak.
Hauxe da oinaztu sudunaren egiazko izaera ulertzea eta egitekoa zer indarrez dagien ikustea eta ez Tirreniar orakuluei alperrik eragitea, jainkoen gogo ezkutuaren zantzu bila, edo ea nondik iritsi ote den sua edo norantz bihurtu ote den, nola sartu ote den toki itxietan eta, dena menperaturik, nola aldegin ote duen, edo zer oker egin ote diezagukeen zerutiko oinaztu-kolpeak. Zeren, ortziko tenplu distiratsuak Jupiterrek eta beste jainkoek zartatzen badituzte burrunba izugarriz, eta sua bakoitzak nahi duen lekura jaurtitzen badute, zergatik ez dituzte jotzen krimen higuingarriak egiteko kezkarik ez daukatenak, zergatik ez dituzte oinaztuaren garrak hauen paparrean leherrarazten, hilkorrentzat eskarmentu gogor, eta zergatik, areago, inolako itsuskeriaren kontzientziarik ez daukan errugabea iraulkatzen da garretan eta arrastatzen du bat-batean suzko zerutar zirimolak? Gainera, zergatik jaukitzen dituzte leku mortuak eta nekatzen dira alferrik? Ala, orduan, besoak trebatzen eta giharreak zailtzen ari ote dira? Zergatik jasaten dute aitaren azkona lurraren kontra kamus dadin? Zergatik onartzen du hori Jupiterrek eta ez du etsaientzat gordetzen? Azkenik, Jupiterrek zergatik ez du inoiz oinaztua lurrera ortzi garbi-garbitik jaurtitzen eta trumoia zabaltzen? Hodeiak pilatzean, berbera jaisten ote da haietara, hurbiletik azkonaren itua segurtatzeko? Zer arrazoiz jaurtitzen du itsasora? Zer gaitzesten die uhinei eta euron masa likidoari eta zelai igerilariei? Bestalde, oinaztuaren zartadatik gorde gaitezen nahi badu, zergatik ez du nahi abiatzen ikus dezagun? Eta suak ezustean harrapa gaitzan nahi badu, zergatik jotzen du trumoiak handik, ekidin ahal dezagun, eta zergatik eragiten ditu aurretik ilunpeak eta burrundak eta urrumak? Eta nola jaurti ditzakeela uste duzu alde askotara batera? Ausartzen al zara tematzen inoiz ez dela gertatu une bakarrean oinaztu batzuk jausi izanik? Sarritan gertatu da, bada, eta gertatu beharra dauka, euria eta erauntsia leku askotan egiten duen bezala, oinaztuak ere asko eta batera jaustea. Azkenik, zergatik eraisten ditu oinaztu etsaiz jainkoen tenplu santuak eta euron egoitza bikainak eta apurtzen jainkoen irudi ondo landuak eta kentzen euren imajinon gurtza hain zartada bortitzez? Zergatik erasotzen die gehienetan leku garaiei eta zergatik ikusten dugu mendi tontorretan suaren aztarna gehien?
Gainerakoan, gauza hauetatik aisa ezagutzen da grekoek bere ondorioengatik «prester» deitu zutena zer den eta zergatik goitik behera itsasora oldartzen den. Inoiz gertatzen baita zerutik itsasora zutabea bezalakoa jaistea, zeinaren inguruan haizearen putzek astinduriko urek suminki dirakiten, eta kalapita hartan harrapaturiko ontziak, kolpaturik, arrisku larrian aurkitzen dira. Hauxe gertatzen da inoiz, haizearen indar bortitzak hodeia, guztiz apurtu ezinik, hondoratzen duenean, zerutik itsasora zutabea bezalakoa jaitsi bailitzan, astiro-astiro, ukabilak eta besoaren indarrak zerbaitek goitik sakatu eta olatuetan zabaldurik bezala; hodeia apurtutakoan, hemendik haizearen indarra itsasoaren kontra oldartzen da eta olatuetan irakite harrigarria jasotzen du. Zirimola espiralkoia jaisten eta hodeiaren gorputz malgua berarekin arrastatzen baitu; eta hodei kargatua itsasoaren azalera jaurtiz batera, bat-batean bera ere osorik uretara oldartzen eta itsasoa inarrosten du, orroe itzeletan irakinaraziz. Baita gertatzen da haize zirimola bera hodeiz inguratzea ere, aireari hodeien haziak kentzean eta ortzitik beherako erauntsi itxuran. Hau lurraren kontra amiltzen eta lehertzen denean, zirimolaren eta ekaitzaren indar haserrea okatzen du. Baina hau oso bakan gertatzen denez eta lehorrean mendiek nahitaez ezkutatu behar dutenez, maizago ikusten da itsas bista zabalean eta ortzi agerian.
Hodeiak pilatzen dira, euren gorputz asko ortziaren goialde honetan tanpez biltzen direnean; gorputz latzagoak eurok, laxoki loturik bada ere, elkarri atxikita jarrai dezaketenak. Hauek hodei txiki berriak sortzen dituzte; gero hauek elkarri batzen eta gehitzen zaizkio eta elkartzez handitzen dira eta haizeek arrastatzen dituzte, denborale ohila abiatu arte. Baita gertatzen da ezen mendi gailurrek zerutik hurrago eta euren gainak ketsuago diruditela, hodei beltzezko laino ilunetan etengabe bildurik, zeren, hodeiak lehenik sortzean, euren xumean begiek ikusi ahal izan aurretik, haizeek eroaten eta mendi gailurretan pilarazten baitituzte; hemen, azkenik, gertatzen da ezen, kopuru handiagoan baturik eta trinkoago eginik, ikus daitezkeela eta aldi berean mendi tontorretik bertatik irteten diruditela eterrerantz.
Errealitateak berak eta esperientziak erakusten baitigute goialdeak zer haizetsuak diren, goi mendietara igoten garenean. Gainera, itsaso gainetik, berezko legez, gorputz asko goratzen dela garbi azaltzen dute itsasertzean eskegitako arropek, halako hezetasuna itsasten baitzaie. Horrek areago pentsarazten du itsasoaren mugida gazitik gorputz asko eta asko goratzen dela hodeiak gizentzera, hezetasun guztien izaera antzekoa baita. Bestalde, ibai guztietatik eta lurretik bertatik ere lainoak eta lurrunak sortzen ikusten dugu, zeintzuk arnasa bezala honela gorantz igorriak diren eta ortzia ilunpetzen eta, astiro-astiro pilatuz, hodeiak sortzen dituzten: eter izarratuaren beroak ere goitik sakatzen baitie eta, kondentsatuz bezala, ortzi sabaia azpi-estaltzen baitu. Ortzi honetara hodei eta ninbo hegalarien egile diren halako gorputzak ere kanpotik etortzea gertatzen da; irakatsia baitut lehenkien kopurua amaigabea eta espazioaren sakonera infinitua dela eta azaldua dut gorputzak zenbateko abiaduran hegatzen ziren eta nolako distantzia pentsagaitzak amen batean kurritzen zituzten. Ez da harritzekoa, beraz, sarritan une labur batean ekaitzak eta ilunpeak itsas-lehorrak goitik eskegitako hodei galantez estaltzea, zeren eter guztiko zirrituetan zehar eta mundu eskergaren arnasbide antzekoetan zehar, elementuentzat inguruan nonahi baitago sarrera zein irteera. Adi orain, humore eurikorra goi hodeietan nola kondentsatzen eta, jareinik, nola lurrera euri erortzen den azaltzera bainoa. Lehenik frogatuko dut ur hazi asko hodeiekin eurekin igotzen direla gauza guztietatik eta hodei eta ur, biak batera hazten direla, guregan gorputza odolarekin batera hazten denez, eta lohadarretan izerdia eta hezetasun guztiak batera dabiltzanez. Sarritan itsasotik ere hezetasun handia hartzen dute, artilezko galpar eskegiek bezala, haizeek hodeiak itsaso zabalaren gainetik daramatzatenean. Era berean, ibai guztietatik ere hezetasuna igotzen da hodeietara. Eta ur hazi asko eta era askotara batu eta alde guztietatik gehitu direnean, hodei aseak urari jareiten saiatzen dira arrazoi bigatik: batetik haizeak bultz egiten dielako, eta bestetik hodei multzoak berak, kopuru handiagoan batuak, estutu eta goitik sakatzen eta euria erionarazten duelako. Gainera hodeiak haizeekin mehazten edo eguzkiaren beroaren kolpeagatik ezabatzen direnean, euria tantaka bidaltzen dute, argizari koskoa su biziaren gainean likidotzen eta urtzen den bezala. Baina zaparrada indartsua gertatzen da, hodeiak indar biek batera, euron pilakuntzak eta haizearen oldarrak, estutzen dituztenean. Eta euriek etengabe jarraitu eta luzaro iraun ohi dute, ur hazi asko sortu eta hodei eta ninbo jariotsuak alde guztietatik etortzen eta elkargaintzen direnean eta lur osoak, kea dariola, baporea hats egiten duenean. Honetan, eguzkiaren izpiak, ekaitz opakoan zehar, hodeietatik harako ihintzaren kontra dizdizten direnean, orduan hodei beltzetatik ostadarraren koloreak agertzen dira.
Goian hazten, goian sortzen eta hodeietan bilakatzen diren gainerako fenomenoak, denak, den-denak, elurra, haizeak, txingorra, antzigar izoztua eta izotz gotorra, uren gogortzaile handi eta ibai irrikatsuen nonahiko oztopo, oso erraza da hauek denak nola egiten diren eta zerk eragiten dituen aurkitzea eta gogoarekin ikustea, elementuei dagozkien propietateak ondo ezagutuz gero.
Adi orain eta ikas lurrikarak zerk eragiten dituen. Eta lehenik har ezazu ondo gogoan lurra, kanpotik bezala barrutik, dena haitzulo haizetsuz beterik dagoela eta bere golkoan laku eta aintzira asko eta haitzak eta harri malkarrak gordetzen dituela; eta pentsatu behar da lurraren bizkar azpian ibai ezkutu asko dabilela, olatu indartsuetan harri murgilduak iraulkatzen dituena. Izateak berak eskatzen baitu lurrak alde guztietan bere buruaren berdina izan behar duela. Argitasun hauek aintzat eta ontzat emanik, beraz, hondamen handiek astinduriko lurrak azalean dardar egiten du, denborak azpiko haitzulo izugarriak hondoratzen dituenean; izan ere, mendi osoak amiltzen dira eta, bat-bateko zartada itzelaren ondorioz, ikarak urrunera zabaltzen dira. Eta beharko, bide ondoko etxeak ere osorik dardaratzen baitira hain pisu handikoak ez diren gurdien pasaeran; eta ez dira gutxiago dardaratzen, bideko harkozkoek gurpilen uztai burdinazkoak jotzen dituztenean. Baita gertatzen da ezen, denborarekin lur puska itzel bat lurpeko aintzira handi eta zabaletara trumilkatzen denean, zorua inarrosten dela uraren tirainez; batzuetan edontziak ere geldi egon ezin duen bezala, barruko likidoak uhin ezbaitiz mugitzeari uzten ez badio. Gainera, lurpeko haitzuloetan baturiko haizeak une bakarrera oldartzen eta horma garaietan indar osoz kokaturik jotzen duenean, lurra haizearen indarrak sakatzen dion lekurantz makurtzen da: orduan zoru hartan eraikita dagozen etxeek eta batez ere zerurantz gehien luzatzen direnek okertu eta bertarantz jausteko mehatxu egiten dute eta zutabeak aurrerantz kulunkatzen, aldegiteko prest. Eta oraindik zalantzan dagoz mundu handiaren izaerari suntsialdia eta hondamena datorkiola sinesteko, hain lur masa itzela bilin-balan ikusita! Zeren, haizeak baretuko ez balira, ezein indarrek ezingo lituzke gauzak galgatu ez suntsibidetik libratu; baina haizeak aldizka baretzen eta sumintzen direnez eta biltzean berriz jotzen eta, jarkitzen zaienean, atzera egiten dutenez, lurrak maizago egiten du hondatzea mehatxu, hondatzen den baino; lehenik alboratzen eta gero zutitzen da eta, okertutakoan, bere orekara eta egoitzara itzultzen da. Honelaxe balantzatzen dira, bada, etxe guztiak, goia erdialdea baino gehiago, erdialdea behea baino, eta behea oso gutxi.
Oraindik badago dardara handion beste kausa bat: haize eta aire masa handi bat, kanpotik edo lur barrutik sortua, lurpeko hutsuneetan zehar oldartzen eta han, haitzulo handien artean, lehenik urrumaka eta amorruz alde guztietarantz biratzen denekoa eta gero, bortxaz inarrosia, kanporantz lehertzen eta, lurra barrutik kraskaturik, leize handi bat irekitzen duenekoa. Hauxe gertatu zen Siriako Sidonen eta Peloponesoko Egion, honelakoxe haize erauntsiak eta ondorengo lurrikarak suntsitutako hiriak eurok. Beste hamaika harresi ere jausi izan da lurrikara handietan, eta hamaika hiri hondoratu itsasoan, bizilagun eta guzti. Eta nahiz eta kanporantz lehertu ez, haizearen oldarra bera eta bere eraso ohila lurraren zulo ugarietan zehar hedatzen da, dardararen ondorengo izua bezala; hotza lohadarretan sartzen eta astintzen gaituenean bezala, gogoz kontra dardar eta jauzi eraginez. Horrelakoxe izu bikoitzak jotzen ditu hiriak ere; beldurretan dagoz sabaiak noiz eroriko, naturak lurpeko haitzuloan noiz bat-batean hondatuko, edo, zatiturik, bere leize zabala ez ote dien irekiko eta euren buruen hondakinekin ez ote dituen nahastu nahi izango. Horregatik, nahizta zeru-lurrak ustelgaitzak eta betiko osasunez hornituak direla sinestu, hala ere, batzuetan arriskuaren oraingo bortxak berak atzematen ditu eta han edo hemen beldurraren eztena sartzen die, lurra ez ote zaien, oinpetik aldendurik, leizean hondoratuko eta gauzadi euskarri gabetuak ez ote dion jarraituko eta mundua hondakin pilo bihurtuko.
Lehenik, harritzen dira naturak itsasoari handitzen uzten ez diolako, hain ur etorri handia izanik eta ibai guztiek alde guztietatik bertara jorik. Erants horri euri deslaiak eta ekaitz hegalariak, itsas-lehor guztiak ureztatzen eta blaitzen dituztenak; erants bere iturri propioak; hala ere, itsasoaren kopuru osoaren aldean, ekarri horien denen batura apenas den tantatxo bat; ez da harritzekoa, beraz, hain itsaso handia ez handiagotzea. Gainera, eguzkiaren beroak zati handia kentzen dio. Bere izpi sutsuak ez ditugu alferrik ikusten ura darien arropak lehortzen; bere azpian itsaso asko eta zabalak ikusten ditugu. Beraz, eguzkiak itsasoaren une bakoitzean ur xorta bat besterik xurgatzen ez badu ere, hainbesteko hedaduran asko kendu behar die uhinei. Gero itsasoa ekortzen duten haizeek ere likido mordoa eraman dezakete, maiz ikusten baitugu haizeek gau bakarrean bideak hehortzen eta lokatz biguna azal-gogortzen dutela. Baita azaldua dut hodeiek ere ur pilo handia eroaten dutela, itsas lautada zabaletik hartu eta gero lurbira guztian isurtzen dutena, lehorrean euria egiten eta haizeek hodeiei sakatzen dietenean. Azkenik, lurraren gorputza poroduna denez eta itsasoa ukitzen eta nonahitik inguratzen dagoenez, lehorreko urak itsasora doazen bezala, lautada gazitik lehorrera ere berdin joan behar dute, mingostasuna iragazita, eta gero likido kopurua atzerantz erioten eta dena ibaiburuetan biltzen da, handik lur gainetara itzultzen da jario gozoan, eta uhinak berriz itsasorantz jaisten dira, behinola euren ibilera likidoan irekitako bidetik.
Orain Etna mendiaren ahotik batzuetan suzko zirimolak zergatik hasgoratzen diren azalduko dut: ez baitzen nolanahiko hondamena izan, Siziliako lurraldeetan sortu eta nagusiturik, auzo herrietako begiak erakarri zituen su ekaitza, ortzi sabai ketsu guztiak txinpartatzen ikusirik, bularretan kezka izutua sartu zitzaienean, gauzen izaerak zer matxinada ote zekarren.
Gai honi zabal eta sakon begiratu behar zaio eta alde guztiak ondo aztertu; gogoratu behar duzu gauzadia amaigabea dela eta konturatu ortzia izadi osoaren zatitxo bat, guztiaren milakagarrena besterik ez dela, gizaki bakarra lur osoarentzat baino gutxiago. Hau begi aurrean argi jarri eta argi ikusiz gero, gauza asko ez zaizkizu harrigarri egingo. Gutariko nor harritzen da, izan ere, norbaitek gorputzean sukarraren irakina hartzen badu edo lohadarretan beste edozein gaitzen mina zabaltzen bazaio? Oina tanpez handitzen zaizu, haginak min zorrotzak hartzen eta begiak ere inbaditzen dizkizu, harregosia gorputz osoan zabaltzen eta lohadarrik lohadar berritzen zaizu, eta ez da mirari, deneriko haziak baitaude eta lur honek eta ortziak nahikoa gaixotasun eta gaitz ematen baitute, hauetatik nahi beste gaixotasun gara dadin. Zeru-lurrek, beraz, infinitutik behar den guztia hartzen dutela pentsatu behar da, lurra bat-batean ikaran astintzeko eta itsas-lehorretan haizete indartsua kurriarazteko, Etnan sua gainezkatzeko eta zerua garreztatzeko; hau ere gertatzen baita, eta orduan zeru sabaiak suhartzen du eta euri ekaitzak indartsuago abiatzen dira, ur haziak honela pilatu direnean. «Sute honen berotasun gartsua itzelegia da, ostera!». Egia. Ibaia ere eskerga iruditzen zaio inoiz handiagorik ikusi ez duenari, eta zuhaitzak eta gizakiak ere izugarriak dirudite eta arlo guztietan bakoitzak handien ikusi dituenak eskergatzat ohi dauzka, nahiz eta gauza guztiak, zeru-lurrak eta itsasoa barne, izadi osoaren batura totalaren aldean ezer ez izan.
Hala ere, bat-batean suminduriko garra Etnako labe handietatik nola kanporatzen den azalduko dizut. Lehenik, mendi osoa barrutik huts dago, silizezko haitzuloetan kokatua, hain zuzen. Harpe guztiok haizez eta airez beterik dagoz gainera, aire astindua mugitzean, haizea sortzen baita. Hau, gori eta sumin, ukitzen dituen inguruko haitz guztiak eta lurra ere berotu duenean, eta haietatik suaren gar bizkorrak atera dituenean, altxatzen da eta mendiaren ahutz zuzenetatik gorantz erasotzen du. Horrela sua urrun botatzen du eta hautsa lekutara zabaltzen eta belztasun zarratuko kea iraulkatzen du eta aldi berean pisu izugarriko haitzak jaurtitzen; ez izan dudarik hainbestekoxe bafada trumiltsua dela. Gainera, itsasoak luze-zabal olatuak mendi barrenaren kontra apurtzen eta birxurgatzen ditu. Itsasertz honetatik mendiaren haitzuloak krater garaiaren azpiraino luzatzen dira. Haizea hemendik pasatzen dela pentsatu behar da eta berezko indarrak itsaso zabaletik barru-barrura sarrarazten eta gero kanpora exhalatzen du eta horrela garra jasotzen, haitzak gorantz jaurtitzen eta hondar lainoak altxatzen ditu. Goren erpinean kraterrak baitaude, eurek deitzen dietenez; guk, berriz, zintzurrak eta ahoak esaten dugu.
Badira baita fenomeno batzuk, zeintzuentzat ez den nahikoa kausa bakarra aipatzea, batzuk baizik, nahiz eta bakarra izan egiazkoa; gizakume baten gorputz bizigabea urrundik ikusten baduzu, heriotzaren kausa guztiak jo behar dituzu, eurotako bakarra asmatzeko; ezingo zenuke burdinaz, hotzez, gaixotasunez edo pozoinez hil zenik frogatu, baina badakigu horrelakoxe istripuren bat gertatu zaiola. Beste kasu askotan ere horixe esan ohi dugu.
Egipto guztiaren ibai Nilo da munduan bakarra udan hazten eta lurrak bainatzen dituena. Hark Egipto berorik handienean ureztatzen du, beharbada akiloiek, haize etesioak deritzen urtaroan, ibai-ahoen kontra putz egiten dutelako eta, urez kontra eginez, galgatzen eta, uhinei atzerantz eraginez, ibaia betetzen eta gelditzen dutelako. Argi baitago poloko konstelazio izoztuetatik datozen haizeok ibaiaz kontra dihardutela; ibai hura iparretik, beroaldetik dator, erre koloreko giza enda beltzen artean oso urrun, eguerdi aldean sortua. Hondar multzo handi batek ibai-ahoak ixtea eta uholari kontra egitea ere baliteke, haizeek irabiaturiko itsasoak ibai barrurantz hondarra jaurtitzean; horrek ibaiaren irteera hain librea ez izatea dakar eta aldasbehera txikiagoan uhinen indarra makaltzen du. Baliteke urtaro honetan euriak ibaiburuan mamiagoak izatea ere, akiloien putz etesioek hodei guztiak alde haietarantz batzen dituztelako. Eta, jakina, eguerdi alderantz sakaturik, denek han bat egiten dutenean, mendi garaiak jo eta haien kontra lehertzen dira. Beharbada urak etiopiar mendi garaien barruan handituko dira, eguzki oro-argitzaileak bere errainuen beroz urtzen dituen elur zuriak zelaietara jaisten direnean.
Orain leku eta laku abernoak zer diren eta nolako izaera daukaten azalduko dizut. Lehenik, «aberno» deitura txori mota guztientzat galgarri izatetik jarri zaio, zeren, inguru horretara hegan heldutakoan, hegoei eragitea ahazturik, belak jaisten dituzte eta, lepabigun, buruz behera lurrera jausten dira, lekua halakoa bada, edo uretara, azpian Abernoko lakua badago. Honelakoxea da Kumas ingurua, non mendiak ketan dagozen, sufre biziz beterik eta iturri beroz horniturik. Atenasko harresi barruan ere badago, gotorlekuaren gailurrean bertan, Tritoniar Palas elikatzailearen tenplu ondoan, norantz belabeltz erlatsek inoiz ez duten hegorik gidatzen, ezta aldareetan opariak ketan dagozenean ere; hain betean ihes egiten dute handik; ez euren zaintze lanak Palasi eman omen zion haserre biziagatik, greziar poetek abestu zutenez, lekuaren izaerak berak ondorio hori berez dakarrelako baizik. Antzeko lekua dagoela dirudi Sirian ere, non lauhankakoak, oinak lurrean ipiniz batera, lurraren indarrak berak blaust erorrarazten dituen, jainko maneei bat-batean sakrifikatuak bailiran. Hauek guztiok berezko arrazoiz gertatzen dira, eta arrazoion sorrera bistan dago; ez pentsa leku hauetan infernuko aterik egon daitekeenik eta gero handik jainko maneek arimei Akeronteko bazterretara tiratzen dietenik, orein hego-oindunek, sudurren bitartez, narraztiak gordelekuetatik irtenarazten dituztela sinestu ohi denez. Ohar zaitez hau egiazko arrazoitik zein urrun dagoen; orain errealitateaz hitz egin nahi baitut.
Lehenik, aurrerago sarritan esana diot, hots, lurrean gauza mota guztien figurak dagozela; asko janariak, bizi emaileak, eta asko gaixotasunak ekartzeko eta heriotza azkartzeko gauza direnak. Batzuk lehen azaldu dugu animalia batzuei, bizirauteko, hobeto datozkiela, euren izaera, egitura eta lehen figura ezberdinengatik. Kaltegarri diren asko belarrietatik sartzen dira, beste asko, arriskutsuak eta ukitzeko latzak, sudurretatik bertatik barnatzen dira eta ez dira gutxi, ukitzea ekidin eta ikustetik ihes egin beharrekoak edo zapore higuingarrikoak.
Gainera, ikustekoa da zenbat gauza dagoen, gizakumeari guztiz garratz, nazkagarri eta makur zaiona; lehenik, zenbait zuhaitzek hain geriza gaiztoa daukate, ezen sarritan buruko mina ekartzen baitute, inor haren azpiko belarrean etzaten bada. Helikongo mendi handietan ere ba ei da zuhaitz bat bere loreen hats higuingarriz gizakumea hil dezakeena. Argi dago hauek guztiak lurretik sortzen direla, lurrak era askotara nahasturiko gauza askoren haziak dauzkalako eta banan-banan ateratzen dituelako. Eta gauez kriseilu itzungi berriak, sudurra atzematen duenean, jausi eta bitsa botatzeko gaixoa daukana loarazten du. Emakumea kastore-gantz astunaren pean loguraturik etzaten da eta esku samurretatik lan bikaina lerratzen zaio, hilekoaren barruan usandu baldin badu. Gauza asko dira lohadarrak moteltzen eta zorabiatzen dituztenak eta gogoa bere barrunbean indargatzen dutenak.
Azkenik, jan-jan eginda, bainu beroan luzaroegi bazagoz, laster galduko duzu konortea bainuontziko ur irakinetan! Sukar goriak gorputza menperatu duenean, ostera, ardoaren usain hutsa ere kolpe hilgarria bezalatsu da. Ez al dakusu sufrea lur berean sortzen eta usain zantarreko betuna ere bertan gogortzen dela? Azkenik, zilar eta urre zainak diren lekuan, lurraren azpialdeak burdinaz arakatzen direnean, nolako usainak zabaltzen dira Eskaptensularen barrenetik? Bai hats gaiztoak darizkiela urre meatzeei! Nola aldatzen diren gizakien aurpegiak eta koloreak! Ez al duzu ikusi edo entzun nola premia gorriak lan hauetara behartu dituenak denbora laburrean hiltzen diren eta zer motza den haien bizia? Bapore guztiok, beraz, lurrak hasbeheratzen eta kanporatzen ditu, aire librera eta ortzi zabalera.
Honela, Aberno lekuek lurretik aireratzen den eta zerua halako hedadura batean pozointzen duen lurrun hilgarria bota behar dute hegaztientzat; hegoek hegaztia hara eramanaz batera, pozoin ikusgaitzak geldiarazten eta atxikitzen du eta lurruna sortzen den lekurantz zuzen jausten da. Lurra jotakoan, lurrunaren pozoin berak haren gorputzetik azken bizi hondarrak erauzten ditu. Lehenengotan zorabio antzeko bat eragiten baitu; gero, pozoin iturrian bertan murgildutakoan, bizia ere ok egin behar dute, inguruan halako txarkeria piloa dagoelako.
Baita inoiz gertatzen da Abernoko lurrun eta bafada hauek lurraren eta hegaztien arteko airea ezabatzea ere, ingurua ia hutsik uzteraino. Alde horretara hegan datozeneko, bat-batean hego-astintzea moteltzen zaie, berme gabe, eta hego bien ahaleginak alde bietatik huts egiten du. Orduan, sostengatzerik eta hegoekin indar egiterik ez baitute, naturak, pisua bide, lurra joarazten die eta, hutsune ia totalean dautzala, arima gorputzaren poro guztietatik galtzen dute.
Putzuetako ura ere udan hotzago egiten da, lurra beroaz dilatatzen baita, eta halabeharrez bero hazi propiorik baldin badauka, auretara igortzen du. Beraz, lurrak beroa galduko du eta lur barruko ura hotzago bihurtzen da. Hotzarekin, berriz, lurra estutzean, uzkurtzean eta nolabait kondentsatzean, bistan da, hori egitean, putzuetan berak daukan beroa ere esprimitzen duela.
Hammonen tenplu ondoan ba ei dago egunez hozten eta gauez berotzen den iturri bat. Gizakiak iturri honetaz gehiegi harritzen dira, eta uste dute eguzki goriak lurraren azpitik irakinarazten duela, gauak lurbira iluntasun beldurgarriz estalitakoan. Hau egiazko arrazoitik oso urrun dago. Zeren eguzkiak, uraren gorputz biluzia zuzenki jotzen duenean, gaineko aldetik berotu ezin badu, gaineko argia hain beroa izanik, nola lezake hain gorputz trinkoko lurraren azpitik ur bera egos eta halako berotasunik ezar? Batez ere gure etxe hormen bitartetik bere izpi sutsuen berorik barruratu ezin duenean. Zein da, beraz, arrazoia? Argi dago lurra iturri inguruan beste lekuetan baino xumeago dela eta uretik hur su hazi asko dagoela. Honela, gauak bere ihintzezko uhinez lurra estaltzen duenean, hau bat-batean hozten eta uzkurtzen da. Horregatik, eskuz estutua bailitzan, dauzkan su hazi guztiak iturrira esprimitzen ditu, uraren ukitua eta ura bera berotuz. Gero, eguzki sorberriak bere izpiekin lurra irekitzen eta beroa beronekin nahasiz dilatatzen duenean, suaren lehenkiek antzinako egoitzetara alde egiten dute eta uraren bero guztia lurrera itzultzen da.
Honegatik iturria hoztu egiten da egunez. Gainera, ura, eguzki izpiek joa, egunez bero tremuloan dilatatzen da; horregatik dauzkan su hazi guztiei jareiten die; sarritan barruan daroan jela uzten, izotza hausten eta korapiloak laxotzen dituen bezala.
Baita badago iturri hotz bat, bere gainean amukoa ipiniz gero, isiotzen eta garra egiten duena; zuzia ere bere uhinetan horrelaxe sutzen eta argitzen da, haizeek auretan flotarazten dutenean. Argi dago ur honek bero hazi asko daukala eta lurraren golkotik iturri osoan zehar kanporatzen eta aireratzen den suzko gorputz askok etorri behar duela, nahiz eta ez iturria berotzeko beste; gainera indar batek, uretan zehar sakabanaturik, kanporantz ihes egitera eta berriro han elkartzera behartzen ditu.
Itsaso barruan honelakoxea da Aradosko iturria ere, ur geza erioten eta inguruko uhin gaziak alboratzen dituena; eta itsasoak beste hainbat lekutan eskaintzen die marinel egarrituei behar duten onura, gazien artean uhin gezak ok eginez. Honela, bada, hazi haiek iturri honetatik isur eta kanpora daitezke, eta haziak, amukoan batzen edo zuziaren gerriari itsasten zaizkionean, bat-batean aisa isiotzen dira, amukoak eta zuziak berez ere su hazi asko daukatelako. Ez al dakusu, halaber, liho itzungi berria kriseilura hurreratzean, nola garrari ukitu aurretik isiotzen den, eta berdin zuzia ere? Beste gauza asko ere isiotzen dira urrundik, garra hurretik barruratu aurretik. Iturri hartan ere hauxe gertatzen dela pentsatu behar da.
Aurrera jorik, azaltzera noa zer natur legek egiten duen burdina harriak erakar dezan, grekoek bere jatorri izenez magnetikoa deitzen dioten harria, Magnesiar laterrikoa omen baita. Gizakumeei harri hau harrigarri zaie; sarritan katea osatzen baitu bertatik eskegitako eraztunekin. Batzuetan bost eta gehiago ere ikusten dira, aura leunetan balantzaka, bata bestetik dingiliz eta azpitik itsatsita, harriaren indarra elkarri pasatuz: hain sarkor nagusitzen da bere indarra.
Honelako fenomenoetan gauza asko finkatu behar da, bere arrazoia eman ahal izateko, eta itzulinguru luzez oratu behar zaio; horregatik belarri eta gogo erneak eskatzen ditut.
Lehenik, ikusten ditugun gauza guztietatik, begiak jotzen eta ikusmena pizten duten gorputzek etengabe erion behar dute eta igorriak eta hedatuak izan. Gauza batzuk usaina zabaltzen eta zabaltzen ari dira; ibaiei freskotasuna, eguzkiari beroa eta itsas uhinei kosta inguruan hormak jaten dituen kresala darien bezala; eta airean hots ezberdinak sortzen eta sortzen ari dira. Azkenik, itsasotik hur gagozenean, sarritan zapore gaziko hezetasuna ahoratzen zaigu eta, absenta edaria nahasten ikusten badugu, mingostasuna nabari dugu. Hainbesteraino isurtzen eta zabaltzen dira jarioak gauza guztietatik noranahi eta isurtze honetan ez dago atsedenik ez etenik, etengabe senti baitezakegu eta dena beti ikus, usain har eta entzun.
Orain, berriz gogoratzen saiatuko naiz gorputz guztiak zer porotsuak diren, lehen liburuan argi geratu zen baina. Izan ere, hau jakiteak arlo askotarako balio duen arren, orain jorratzera noan gaian behar-beharrezko da ezartzea ezer ez dagoela atzematerik, gorputzen eta hutsuneen nahastea ez bada. Lehenik, haitzuloan goiko harriek hezetasuna izerditzen eta tantak destilatzen dituzte. Geure gorputz osoa ere izerditzen da, bizarra eta biloa lohadar eta organo guztietan zehar hazten dira. Janaria zain guztietan zehar banatzen da eta gorputzaren alderik bazterrenak elikatzen eta handitzen ditu, baita atzazalak ere. Hotz-beroak brontzean zehar pasatzen sentitzen ditugu, urrean eta zilarrean zehar ere pasatzen sentitzen ditugu, edontzi betea eskuan daukagula. Hitz batez, hotsak etxeen harrizko hormetan zehar hegatzen dira, usaina eta hotza eta suaren beroa ere sartzen dira, honek burdinaren indarra ere barnatu ohi duela. Ortziaren oskolak harrapatzen duen [[espazio guztian...
lehenkien korronte bat]] eta beronekin indar gaixobera bat kanpotik sartzen da eta lurretik eta zerutik sortutako ekaitzak, urruntzean, berez-berez desagertzen dira zeruan eta lurrean, ezer ez baitago gorputz porotsuz ehoa ez denik.
Erants honi gauzei jareiten zaizkien gorputzak ez direla denak tasun berekoak eta ez direla edozertarako berdin egokiak. Lehenik, eguzkiak lurra erretzen eta lehortzen du, izotza, ostera, desegiten, eta bere errainuekin mendi goretan pilaturiko elurtzak urtzera behartzen ditu; argizaria ere berotan urtu egiten da. Suak, berriz, brontzea likidotzen eta urrea urtzen du eta larrua eta okela, ostera, txikitzen eta uzkurtzen. Urak ere sutatik harako burdina gogortzen eta suak gogorturiko larrua eta okela beratzen ditu. Ahuntz bizardunei basa-oliba atsegin zaie, hartatik anbrosia baletor eta nektarrez gantzuturik balego bezala; gizakiontzat, berriz, ez dago haren hostoa baino mingotsagorik. Azkenik, txerriak mendaroari muzin dagio eta lurrin oro gorrotu du; zurdatsuentzat pozoin gogorra baita gu batzuetan berpizten bide gaituena. Guretzat zikinkeriarik higuingarriena den lokatza, ostera, txerriei zoragarri iruditzen zaie, bertan iraulka ezin nahikotzeraino.
Badago beste kontu bat geure gaiari ekin aurretik argitu beharrekoa. Gauza ezberdinei poro ugari eman zaienez gero, izaera ezberdinekoak izan behar dute eta bakoitzak bere jitea eta bideak eduki. Bizidunek sentimen ezberdinak baitauzkate, zeintzuotako bakoitzak bere gai bereziak atzematen dituen bere baitan; hotsa batetik, zukuen zaporea bestetik, usaina haragotik sartzen direla ikusten baitugu. Hau guztia, jakina, hamaika eratako diferentziadun poroen izaerak eragiten du, lehentxoago azaldu dugunez. Gainera, zenbait gorputz harrian, beste batzuk zurean zehar pasatzen direla dirudi; batzuek urrea, beste batzuek zilarra zeharkatzen dute, eta beste batzuk beira barruan dabiltza; honek irudiari, horrek beroari bidea uzten diola eta zer bata bestea baino bizkorrago pasatzen dela baitirudi zer beretik. Hau guztia, jakina, hamaika eratako diferentziadun poroen izaerak eragiten du, lehentxoago azaldu dugunez, gauzen izaera eta ehundura ezberdinen arabera.
Horregatik, printzipio guztiok ondo berretsi eta finkaturik, gu ere haietarako prest eta prestaturik gagozenez gero, geratzen dena aisa esplikatuko dugu eta guztiz argituko da zer den burdina erakartzen duen indarra. Lehenik, harri honi hazi asko erion behar zaio, edo hazi korronte bat, harri-burdinen artean dagoen airea jo eta aldenduko duena. Espazio hau hustu eta bitartean leku handi bat hutsik gelditu denean, burdinaren lehenkiak, hutsunerantz tiratuak, bat-batean bertara oldartzen dira eta gertatzen da eraztuna bera abiatzen eta gorputz osoarekin jarraitzen diela. Ez baitago ezer bere lehen elementuak estuago eta kohesio handiagoz trabaturik dauzkanik burdinaren izaera gogorra eta zurruntasun hotza baino. Horregatik, bere elementuek eramana izanik, gutxiago harritzekoa da zenbait gorputzek burdinatik hutsunera ezin ihes egitea, eraztunak berak ere jarraitzen ez badie; horixe egiten du eta jarraitzen die, harriraino iritsi eta katea ezkutuz hari atxiki arte. Hau berau alde guztietarantz gertatzen da, lekua hutsik dagoen noranahi; dela alborantz, dela goitik behera, gorputz auzoak hutsunerantz erakarriak dira. Beste aldeko talkek erasotzen baitiete eta euren kabuz ez baitira airean goratzeko gauza. Erants horri, dena errazago izan dadin, lagungarri eta mugiarazle den beste hau ere, hots, eraztunaren aurrean airea xumetu eta lekua hutsik gelditu ahala, atzean lekuturik dagoen aire guztiak sakatu egiten diola eta nolabait aurrera eragiten eta bultzatzen. Inguruko aireak gauzei etengabe erasotzen baitie; baina oraingoan burdinari sakatzen dio, alde batean espazioa hutsik eta hartzeko prest dagoelako. Diotsudan aire honek, burdinaren zirritu ugarietatik zati txiki-txikietaraino sarturik, sakatu eta bultz egiten du, haizeak ontziari eta belei bezala. Azkenik, zer guztiek airea eduki behar dute gorputz barruan, gorputz apatza baitaukate eta aireak zer guztiak inguratzen eta biltzen baititu. Burdinaren barrenean ezkutaturik dagoen aire hau, beraz, mugimendu etengabez astindurik dago, eta dudarik gabe eraztuna barrutik jotzen eta mugiarazten du; alegia, eraztuna lehendik oldartua zen alderantz arrastatua da eta hutsunea betetzen ahalegintzen da.
Batzuetan burdinak harriari alde egitea eta behin erakarria eta behin egotzia izatea ere gertatzen da. Baita ikusia naiz Samotraziako eraztun burdinazkoak jauzika eta burdinaren txirbilak brontzezko edontzietan ezin kabituz, azpian harri magnetikoa ipintzean; harriari ihes egiteko hain larri dirudite. Brontzea tarteratzeak hainbesteko ezinegona sortzen du, dudarik gabe brontzearen jarioak aurrea hartzen eta burdinaren zirritu irekiak beragantzen dituelako; gero brontzearen jarioa badator eta burdinan dena beterik aurkitzen du eta ez dauka lehen bezala sartzerik; horrela euren uhinekin burdinazko ehunak jotzera eta talkatzera beharturik dagoz; imanak, bada, egotzi eta brontzearen bitartez arbuiatu egiten du normalki erakarri ohi duena.
Honetan, ez zaitezela harritu, imanaren erakarmena beste gauza batzuei eragiteko gauza ez izateaz. Batzuk, pisuak eutsita, geldi geratzen dira, hala nola urrea; beste batzuek hain gorputz porotsua edukirik, jarioa ukitzeke pasatzen da eta ezin du inoiz eragotzia izan; zurak hauetarikoa dirudi. Bien bitartean dagoen burdinak brontzearen zenbait partikula hartzen duenean, berriz, orduan harri magnesiarrak bere korrontean sakatzen dio. Baina gertaera hauek ez dira besteetatik hain bakanak eta antzeko piloa gogora nezake, non gai batzuk beste batzuei bakarrik egokitzen zaizkien. Lehenik, karearekin harria bakarrik batzen dela dakusu. Zurak zezen lekedarekin bakarrik bat egiten du eta oholen hariak maizago apurtuko dira, lekedaren itsaspena askatuko den baino. Mahats urak iturriko urarekin nahastea onartzen du, baina bike astunak eta olio arinak ezin dute. Purpura-arrainaren kolore gorria artilearekin bakarrik biltzen da eta ez da sekula bereziko, artilea Neptunoren olatuekin berritu nahi baduzu ere, itsaso osoak bere uhin guztiekin garbitu nahi balu ere. Azkenik, ez al du urrea urrearekin gai bakarrak bat egiten eta brontzea ez al zaio brontzeari eztainuz bakarrik atxikitzen? Hamaika honelako adibide eman daiteke. Zertarako, ostera? Ez zuk behar duzu honenbeste itzulinguru, ez bidezko da nik zeregin honetan hainbeste ahalegin egitea, aitzitik hobe da labur eta hitz gutxitan gauza asko sartzea: bataren hutsunea bestearen beteari eta alderantziz egokitzeko moduan, kontrako baina elkarrekiko ehundurak dituzten gorputzek euren artean juntura ezin hobea egiten dute. Badago baita, eraztunez eta gakoz bezala, zenbait gauza bata-bestearekin krokaturik edukitzea; imanean eta burdinan ere horixe gertatzen da, nonbait.
Orain gaixotasunen arrazoia azalduko dizut, nondik datorren gizakien eta animalien artean bat-batean heriotza zabaltzen duen indar gaizto hori. Lehenik, gorago azaldua dut badela bizia damaigun hainbat hazi eta, alderantziz, gaixotasunaren eta heriotzaren hainbat hazik ere egon behar du; hauek ezbeharrez edo halabeharrez sortzen eta ortzia zitaltzen dutenean, airea gaixogarri bihurtzen da. Eta gaixoen indar eta izurritasun hau guztia edo ortzian zehar kanpotik dator, hodeiak eta lainoak bezala, edo sarritan lurrean bertan biltzen eta sortzen da, zoru hezea, euri eta bero ezgaraikoen eraginez, usteltzen hasten denean. Ez al dakusu klimaren eta uren aldakuntzak nola erasotzen dien etxetik eta herritik urrun doazenei, gauzak hain ezberdinak direlako, hain zuzen? Zeren, zer alde dagoela uste dugu Britainiako klimatik munduaren ardatza okertzen den Egiptokora, edo zer alde dago Pontotik Cádizera eta kolore erreko herri beltzetara? Eta lau aldeok lau haizeen eta lau ortzialdeen arabera direla ezberdinak dakusgun bezala, gizakiak ere halaxe ezberdintzen dira azalkeraren eta aurpegikeraren arabera eta enda bakoitzari bere gaixotasunak dagozkio. Bada elefantiasia, Egipto erdian, Nilo ibai inguruan sortzen dena eta inoiz ere ez beste inon. Atikan hankak eta Akaiako bazterretan begiak eritzen dira. Honela, leku bakoitza lohadar edo organo ezberdinen etsai da, airea ere ezberdina delako. Horrela, bada, ortzian guri arrotz zaigun korrontea abiatzen eta aire etsaia zabaltzen hasten denean, apurka-apurka, hodei-lainoak bezala, lerratzen eta iragaiten den alderdi guztiak okertzen eta aldarazten dituenean, orduan gertatzen da ezen, halako batean gure zerura iristean, andeatu, bere antzekotu eta gure etsai bihurtzen duela. Berehala gaitz berri edo izurri hau edo uretara jausten da, edo uztetan sartzen da, edo beste giza janari eta abere bazka batzuetan, edo eguratsean bertan dingiliz geratzen da; eta, aire nahasi hauxe arnasten dugunez, gaitza bera ere batera gorputzeratu behar. Sarritan idiak eta beekari nagiak ere horrelaxe jotzen ditu gaitzak eta eritasunak. Eta berdin dio kaltegarri zaizkigun atzerrietara geu joan gaitezen eta eguratsa alda dezagun, ala naturak berak ekar diezagun egurats ustela edo gure ohiturei ez dagokien zerbait, bat-bateko etorreraz gaixoaraz gaitzakeena.
Zenbait izurriren modu eta hats hilgarri honek behinola Kekroperen lursailak beltzez jantzi zituen eta bideak hondatu zituen, hiriak gorritu zituen. Bere barrenean jaio zen Egiptotik etorrita, airealde izugarria eta itsas zelai guztia zeharkatu ondoren, azkenean Pandionen herri osoaren gainean kokatu zen. Harrezkero, aldraka makurtzen ziren izurrira eta heriotzara. Lehenengotan, burua sukarrez galdan zeukaten eta begi biak argi lausoan gorri-gorri; zintzur beztuei odola zerien, ultzeraz trabaturiko ahots-bidea ixten zitzaien eta mihia, gogoaren mezularia, odoletan zen, gaitzak ahuldua, mugitzeko sor, ukitzeko latz. Gero, gaitzak zintzurretik bularra jotzen eta gaixoen bihotza bera harrapatzen zuenean, bizi-zulo guztiak dardaratzen ziren. Arnasak ahotik kirats higuingarria botatzen zuen, hilotz abandonatuek usteltzean zabaltzen duten antzekoa. Eta gero, gogoa eta gorputza erabat indargatzen ziren, jadanik heriotzaren atarian bertan. Eta gaitz jasangaitzen lagun, estura larri etengabea eta aienez nahasiriko auhenak zetozen. Eta zotin zarratuak gau eta egun astintzen zituen kirioak, eta espasmoek lohadarrak inarrosten zituzten, lehendik nekatuak akituz. Ez zegoen gorputzaren gainazalean edo kanpo aldeetan lama gehiegizkorik somatzerik, baizik areago ukidura epela eskaintzen eskuei eta aldi berean gorputz osoa halako ultzera errez gorritua zen, su sakratuak lohadarrak inguratzean bezala. Barne goritasunak hezurretaraino sutzen zituen gizakiak, garra labexkan bezala sutzen zitzaien urdailean. Hala, ez zegoen lohadarrentzat balio zezakeen oihal arin eta leunik, beti haize freskoa baizik. Batzuek euren lohadar gaixoz sukartuak erreka izoztuetan sartzen zituzten, gorputz biluzia uhinei jaurtiz. Asko buruz behera amiltzen ziren osin sakonetan eta ahoa jadanik zabalik jausten ziren bertan. Gorputza murgilarazten zien egarri lehor asegaitzari, ostera, berdin zitzaizkion tantatxo batzuk zein euri mardula. Ez zegoen gaitzetik atsedenik: gorputzak jota zeutzan; medikuntza, beldur isilez, noraezean zebilen, izurridunen begi sutuak, noiznahi irekiak, okertzen ziren bitartean, loa ere galdurik. Baziren heriotzaren beste seinale batzuk ere: gogoa izuz eta esturaz perturbatua, bekosko errukarria, aurpegi latz eta sumindua, belarri gerakak eta burrundaz beteak, arnasa bizkorra edo geldi eta sakona, lepoa izerdi loditan blai, karkaisa txiki indargak, gaziak eta azafrai kolorekoak, eztul zakarrak zintzurrari nekez kenduak. Eskuetako giharreak kizkurtzen eta lohadarrak dardaratzen ziren eta oinetatik gora, astiro-astiro, hotza erruki gabe zetorren; azkenean, berriz, sudurrak uzkurtzen ziren, punta zorrotz, begiak zulo, lokiak huts, azala hotz eta gogor, aho zabal jausia, bekokia tiran geldi. Eta lohadarrak laster zeutzan heriotza zurrunean. Eguzkiaren zortzigarren argi gorian edo bederatzigarren zuzi aldian, hor nonbait, haienak egina zuen. Inork, halabeharrez, herio hiletarik ekiditen bazuen, berari ere gero, ultzera nazkagarriz eta sabel jario beltzez, galmenak eta heriotzak itxaroten zion, edo sarritan burukomin handiz, sudur beteetatik odol ustela bar-bar zerion: hortixek alde egiten zuen gizakiaren indar eta izate guztiak. Eta odol ustelduaren jario beldurgarritik libratzen zenari izurriak kirioak, giltzadurak eta parte genitalak eurak jotzen zikion. Batzuk, heriotzaren munarri bistaratuek ikaraturik, euren gizon seinaleak burdinaz moztuta bizi ziren, eta beste batzuek, ez esku ez hanka, hala ere, bizi nahi zuten; beste batzuek begiak galtzen zituzten: heriotzaren bieldur latza hain barrura sartu zitzaien. Batzuk gauzen memoria ere erabat galtzen hasi ziren, elkar ez ezagutzeraino. Lurrean gorpu ehortzi gabeak gorpuen gainean erruz zeutzan arren, hala ere, hegaztiak eta piztiak galdu-gordean aldentzen ziren, kirats bortitzari ihesi, edo, dastatzen bazuten, heriotza hurbilak irensten zituen. Gainera-koan, egun haietan ez zen hegaztien lorratzik ere ageri eta basapiztia gizajoak ez ziren oihanetik inoratzen: gehienak, izurrira etsiak, bertan akabatzen ziren. Batez ere txakurren enda leialak, kale guztietan luze, oinazetan entregatzen zuen arima; gaitzak lohadarretatik bizia erauzten baitzien. Hileta bakarti lagun gabeek zein lasterrago ziharduten, eta ez zegoen erremedio orokor segurrik, batari airearen bizi-aurak arnastea zekarkiona besteari pozoin eta hilgarri zitzaion eta. Baina hango tristeena eta penagarriena zen ezen, inork bere burua kutsaturik somatzen bazuen, heriotzara kondenaturik bailegoan, gogo gabe eta bihotz nahigabetuz etzaten zela eta heriotzari begira biziari bertan jareiten ziola. Izan ere, gaitz asegaitzaren kutsapenak ez zion batetik bestera saltatzeari uzten, azienda artiledun eta idi saldoetan bezala. Hauxe zen batez ere hilak hilen gainean pilatzen zituena. Zeren, bizigura handiegiz edo heriotzaren beldurrez, ahaide gaixoak bisitatzeari albo egiten ziotenek bueltan heriotza zakar eta errukarriaren zigorra jasotzen zuten, bakarrik, laguntza gabe, bertan behera hiltzen zirela. Laguntzen saiatzen zirenak, berriz, neke eta kutsupean jausten ziren, ohoreak eta hil-hurrenen erregu-aots kexuz nahasiak hartaraturik. Prestuenek honelakoxe heriotza modua irabazten zuten.
Hilotzak non jausi, bertan lurperatzen zituzten elkarren gainean, bakoitza bere senideak lurperatzen saiatuz; malkoz eta negarrez husturik itzultzen ziren; gero asko eta asko desesperazioz bertan oheratzen ziren. Ez zegoen inor aurkitzerik, aldi hartan izurriak edo heriotzak edo lutuak jota ez zebilenik.
Artzainak, abeltzainak eta golde okerraren eramaleak ere jota zeuden, eta haien gorputzak borda barrenetan pilatuko ziren, lazeriak eta izurriak akaba zitzan. Inoiz guraso hilen gorpuak haur bizigabeen gainean ikusiko zenituen eta seme-alabak aita-amen gainean azken arnasa uzten. Hondamena gehienbat baserrietatik hiriratu zen, alde kutsatu guztietatik zetorren baserritar olde gaixotuak ekarria. Etxe eta etxepe guztiak betetzen zituzten; horrela pilatuak heriotzak hainbat errazago metatuko zituen. Gorputz asko, egarriak eraitsiak eta kalean iraulka, iturri tutuen azpian luze zeutzan, edari gozoaren gehiegiak itota, eta asko eta asko euren gorputz erdi-hilak herriko kale eta leku publikoetan arrastatzen eta negargarri hiltzen ikusiko zenituen, zikinez eta zarpailez josiak, hezurren gainean azal huts, ultzera zantarrek eta ustelmenak ia lurperatuak. Heriotzak jainkoen etxe santu guztiak ere gorputz bizigabez beteak zituen, eta zerutarren tenpluak ere hilotzez gainezka zeuden nonahi, jagoleek tokiok bisitariz bete baitzituzten. Ez erlijioari ez jainkoen ahal handiari begiratzen zioten: oinaze presentea gainetik zegoen. Ez zen hirian jagoten lurperakera hura ere, zeinaren arabera lur-ematen ohitua zen beti herri hau; dena hankaz gora zebilen, eta bakoitzak, noraezean, ahal bezala ehorzten zituen bere senideak. Bat-bateko premiak eta ezerez gorriak izugarrikeria asko eragin zuen. Batzuek beste batzuentzat kalapita handiz jasotako txondorretan ezartzen zituzten ahaideak eta su ematen zieten, sarritan liskar odoltsuak eginez, gorpuak abandonatu baino lehenago.