Gero/Lehenbiziko Kapitulua

← Irakurtzailleari Lehenbiziko Kapitulua
Gero
Bigarren Kapitulua →

GUERO

HASTEN DA GUEROTIC GUERORA DABILLANAZ, EGUITENDEN LIBURUAREN LEHEN PARTEA


NOLA BERTCEAC BERTCE DIRELA, ALFERQUERIATIC IHES EGITEAGATIC ERE, BEHAR DEN TRABAILLATU.

Lehenbicico Capitulua


G
G
ure Iaungoicoac, munduco bertce gauça guztien ondoan, guiçona bera, bere gainqui, bere imaginara eta idurira, bat ere bekhaturic eta bekhaturen cutsuric ere gabe, anhitz donu, dohain, eta abantail fuertez dotaturic, eginçuenean: ibeni çuen berehala, lurrac çuen parteric, eta aurquientçaric hoberenean, lurreco parabisuan, lekhu plazerez bethean. Eta manatu zuen lant zezala, labora zezala, eta begira ongi parabisu hura. Posuit eum in paradiso voluptatis, ut operaretur, et custodiret illum (Gen. 2).

Ordea nola lur-lantzea, aphaintzea, laboratzea, eta begiratzeko beharrean eta premian ere iartzea, bekhatutik sortzen eta heldu diren xertoak, landareak, fruituak, eta ondoreak baitira, eta oraino orduan ezpaitzen bekhaturik, eta ez bekhaturen aierurik, omenik eta ez aiphamenik ere, badirudi ezen etzela halaber, oraiño orduan, parabisu haren lantzeko, eta begiratzeko premiarik. Zertako, beraz, eman zioen orduan, Iainkoak gizonari, manamendu hura? Ihardesten du San Tomasek, erraiten duela: Nec tamen, illa operatio esset laboriosa sicut post peccatum, sed fuisset jucunda, propter experimentum virtutis naturae. Custodia etiam illa non fuisset contra invasorem, sed esset ad hoc, quod homo sibi paradisum custodiret ne ipsum amitteret peccando (S. Thom. 1. p. qu 102 art. 3). Etzen ez orduko trabaillatze hura, penagarri izanen, orai bekhatu eginez gero bezala. Baiña hura izanen zen atsegin hartze bat, eta bere plazerera, eta aisiara zegoela, bere indarraren eta anzearen frogatze bat. Eta begiratzea ere, ez etsaietarik, baiña bereganik, eta beretzat beckhatuz galtzetitk begiratzea, izanen zen. Hunela dio San Tomasek. Baiña San Krisostomok emaiten du bertze arrazoin bat, ni narraikan pontuari hobeki hurbiltzen zaikana, erraiten duela: Propterea praecepit Deus ut operaretur illun, si enim laboris omnis fuisset expers, ex nimio otio, in ignaviam fuisset prolapsus (Chrys. hom. 14 in cap. 2 Gen. tom. 3). Egia da, etzen oraiño orduan, lur-parabisu hartan egitekorik, etzen trabaillatzeko premiarik. Ordea halarik ere, etzuen nahi Iainkoak, han zegoena, zegoen geldirik: ez trabaillatzetik alfertzera, eta nagitzera ethor etzedin, eta zein gauza gaixtoa zen, eta den alferkeria, aditzera emaiteagatik.

Kontatzen du Kasianok, Paulo abade zahar hura, palma adar batzuk harturik, hetzaz, zare, saski eta otharre egiten haritzen zela eta gero azkenean, egin ondoan, astearen buruan, guztiak erratzen eta desegiten zituela (Casian. lib. 18 cap. 14). Zeren bataz, nola herrietarik urrun baitzegoen, gehiago baitzekarkeien garraioaren gastuak, obraren balioak baiño: eta berriz bertzea, zeren trabaillu hura guztia orazinotan eta othoitzetan unhatu ondoan, alferkeriatik ihes egiteagatik, hartzen baitzuen, eta ez ondoko irabaziagatik.

Gure Iaungoikoak eman zituen lege zaharrean seietan ehun eta gehiago manamendu eta zirimonia suerte, eta hekin batean hanbat egiteko, non erraiten baitu Iondone Petrik, ez berak, eta ez haren aitzinekoek ere, ezin bururik egin zutela, eta ez iasan hain karga handia. Quod neque patres nostri, neque nos portare potuimus. (Act. 15). Eta nahi baduzue iakin, ea zergatik kargatu zituen Iainkoak hanbat manamenduz, ihardesten du doktor batek: Ut per operationes variorum sacrificiorum otiositas tolleretur, quae multis malis initium tribuit et fomentum (Abulen. in praefat. in Levit). Kargatu zituen hanbat manamenduz, sakrifizioz eta zirimonia suertez, hekin batean khen zedin, hanbat kalteren eta damuren haste eta pitzgarri den alfertasuna.

Nola gure Iaungoikoak beztitu baitzituen lurreko animaliak, aireko hegaztinak, itsasoko arraiñak, eta oihaneko zuhaitzak ere, bere beztimenda suerte batzuez. Animaliak larruz eta illez: hegaztinak lumaz: arraiñak ezkataz: eta zuhaitzak azalez.

Eta nola zuhaitzak bere dauden lekhuetarik higitu gabe, eta trabaillatu ere gabe, bere azpiko lurraren gozoa eta gizentasuna, beregana, bere erroez thiratuz eta edoskiz, hazten, handitzen eta mantenatzen baitira: animaliek ere bere bazkak eta iatekoak, berehala, eho gabe, erre eta egosi gabe, iaten baitituzte: eta bai bere etxeak eta etzauntzak ere, non nahi den, arratsten eta ilhuntzen zaien lekhuan hartzen: eta gehienak, berehala bere ameen ondotik baitoazi; zein baitira abantail handiak. Hala Iainkoak nahi izan balu, eman zerauzkaion gizonari ere abantail suerte hauk guztiok, eta gehiago ere. Beztitu Beztitu zukeien, etxedun egin zukeien. Ordea etzuen hala ibeni nahi izatu. Eta zergatik ez? Alfer etzegoen amoreakgatik. Eta San Anbrosiok dioen bezala, errezibitu duen adimendua enplega dezangatik. Soli autem homini, ut rationale quod accepit exerceat, vitae cursus in labore praescribitur (Ambros. in praefat. in Levit). Zeren baldin orai, gauza guztiak hain nekez eta hanbat gostarik, erdiesten ditugularik, hain nagi eta alfer bagara; zer geneidike, nahi dugun guztia, nahi bezala eskuen artean bagendu? Deus falta ezpalitzaiku? Erran genezake Ebanjelioko aberats hark bezala: Anima, habes multa bona, posita in annos plurimos, requiesce, comede, bibe, epulare (Lc. 12). Dezagun ian eta edan; dezagun pausa eta atsegin har; zeren berdin eztugu deusen eskasik, eztugu egun hautan eskean ibiltzeko perilik.

Erraiten du Aristotelek, on dela, alferkeriaren herritik khentzeko, eta desterratzeko: eta herrien ere bere erregeren edo bertzeren kontra iaikitzetik begiratzeko, zenbait obra handiren hastea, zenbait dorreren edo gazteluren egitea, eta hetan iendearen enplegatzea (Arist. lib. 5 Politic. cap. 11). Nola ageri baita Ejiptoko Piramidetan, zein eragin baitzituen errege Faraonek, iendeak alfer etzeudezin amoreakgatik. Iduriturik errege hari, ezen baldin Israeleko seme gathibu bezala bere azpian zedutzan hek (iragaiten baitziren seietan ehun milla presunatan) utzten bazituen bere plazerera eta aisiara bizitzera, urguillutzeko eta nabusitzeko bidean iarriko zirela, eta handik behar etzena sorthuko zela, egin zuen Piramide batzuen egiteko gogoeta, asmua eta pensua. Eta Piramide hetzaz mintzo dela, erraiten du San Isidorok: Pyramides est genus sepulchrorum quadratum fastigiatum ultra omnem celsitudinem, ut a lato incipiant et in augusto finiantur (Isidor. lib. 5 Ethimol. cap. 11). Piramidea edo Piramideak ziren sepultura suerte batzuk, pilare, harroin, edo thonba laur kantoinetako gora ailtxatu batzuk, egin ahal zitezkeien gorenak, ondoan zabal eta puntan mehar. Eta hetan trabailla arazitzen zituen Faraonek bere azpiko iende hek, seiñalaturik bat bederari, bere eguneko lana eta sailla. Eta eskuaren ibentzea bera asko bazuketen ere, ordea lanhabesak, tresnak, eta obraren egiteko gai guztiak ere, berèk bilhatu eta hornitu behar zituzten. Eta halarik ere, ezin ausart zitezkeien arrenkuratzera: halako moldez ezen hartako lehenbiziko hitza ahotik itzuri zeienean, erran baitzerauen berehala Faraonek: Vacatis otio (Exod. 5). Asti duzue, zeuen ongiegiak, alferkeriak, aisetasunak iratxekitzen deratzue, hark horrela kilikatzen eta mintza arazitzen zaituztezate. Eta halatan aitzinerat kargatuago zituen, lana berretu zerauen. Eta hura guztia egiten zuen, baldin bat ere astirik bazuten, edo alfer bazeuden, handik zerbait ethor zekion gogan beharrez eta beldurrez.

Pisistrato Atenasko tirano gaixto hark ikhusi zuenean plaza guztia iende alferrez bethea, eta hetarik anhitz malizia eta pensu gaixto sor zitekeiela, deitu zituen guztiak beregana. Eta aitzinerat alfer egoiteko desenkusarik etzutentzat, eman zerauen mando, zamari, idi, hazi, diru, finean trabaillatzeko behar zuten guztia. Eta gero igorri zituen lanera eta trabaillura, iduriturik ezen halatan etzutela kalterik eginen, maliziarik pensatuko, eta ez herririk nahasiko. (Aelianus, lib. 5 variis histor.).

Munduko berri dakitenek erran dute eta erraiten dute, on dela herrientzat eta erresumentzat, zenbait egiteko eta gerla bere herritik eta erresumatik kanpoan izaitea. Zeren nola bat bedera bakearekin lohakartzen, ez-ansiatzen eta gorputzaren plazeretara emaiten baita. Hala gerlèkin, etsaiekin eta kontrastekin ernatzen, iratzartzen, eta axolduritzen da.

Plutarkok egiten du liburu bat, etsaietarik atheratzen den probetxuaz, eta guztiètako handiena eta prinzipalena dio dela, alferren trabailla arazitzea, lotien iratzartzea, eta antsikabèn ansiatu eta arduratsu egitea (Plutarc. lib. de utilitate ex inimicis capienda). Adiskidèn artean garenean laxo gara, eztadukagu deusez ere konturik: eztugu gaizki mintzatuagatik eta milla erhokeria eginagatik ere antsiarik. Zeren baitakigu, ezen adiskide direnaz geroz, hek guztiak estaliko eta onera hartuko derauzkigutela. Baiña etsaien artean garenean, behar dira buru-beharriak ernatu, zer egiten eta erraiten den behatu. Zeren nola etsaiak bethiere zelatan baitaude, zer ere huts edo falta edireiten baitute, hura berehala harrapatzen dute, eta are batzutan berreturik, airatzen eta kanpatzen dute. Hargatik erraiten du San Krisostomok: Saepe vero ab inimicis non minus lucramur quam ab amicis. Cum enim nobis peccata exprobraverint, et iam invitos, in ipsorum correctionem excitant (Chrys. hom. 13 ad populum Anthio. tom. 3). Anhitzetan egiten derakute etsaiek hanbat ongi eta ontasun nola adiskideek, eta bai batzutan gehiago ere. Zeren etsaiek geure faltak erranez, eta hetzaz eranzute eginez, emaiten derakute okhasino ernatzeko, iratzartzeko, falta eginen emendatzeko, erremediatzeko eta bai are aitzinerat gehiago egitetik ere begiratzeko.

Arrazoin hunengatik erran ahal diteke, etzuela egundaiño, gure Iaungoikoak nahi izatu akhaba zekizten Israeleko seme hei bere etsai guztiak, baiña ordenatu zuen, edo permititu, geldi zekien bethiere zenbait bakhotx eta hondar iratzartzeko, ernatzeko, eta alfertzetik begiratzeko.

Irabazi zutenean Lazedemoniakoek bere fronterako hiri etsai bat, mugakide zuten bat, erran zuten Lazedemonia hartako bereko gobernariek: Sublata est pubis nostrae palaestra, non habebunt post hac, quibuscum luctentur adversarios (Plutarc. in Aphothe). Egin da gure iende gazteaz, eztute hemendik aitzina ihardukitzeko paradarik izanen eta ez borrokatzeko etsairik.

Lazedemoniako hek berèk etzuten desegin nahi izatu hiri kontrast bat, bethiere bere kontra eta etsai izan zuten bat, erraiten zutela, ezen, hiri hura zela, Iuventutis cotem: gaztetasunaren zorrotz-harria, zeren gaztèk han bere indarra eta antzea frogatzen, zorrotzten, eta herdoiltzetik begiratzen baitzuten (Plutar. ibid.).

Hunen arauaz ihardetsi zuen Kleomenes Sparziako hark ere, galdegin zeraukatenean, ea zergatik hala bere meneraz gero, etzituen bere etsai Argiboak desegin? Ut habeamus qui iuventutem nostram exerceant (Plutarc. in Laco.). Eztitut desegin, dugun amorerakgatik nork gure iende gaztea zertako den froga dezan. Enzun zuenean Publio Nasikak, egotzi zutela Erromakoek herritik Anibal bere etsai handi hura, Kartago ere hartu zutela, eta hainbertzez, bere ustez, aitzinerat segurean iarri zirela, erran suen: Atqui nunc in lubrico sumus (Plutarc. in Aphothe.). Aitzitik orai gaude egundaiño baiño linburtzeko eta erortzeko peril handiagoan. Zeren ezpaitugu orai, lehen bezala, iratzartzaillerik eta geure eginbidearen eragillerik.

Izan zutenean Erromatarrek, desiratzen zuten abantailla eta garaitia Kartagotarren gaiñean, sarthu ziren konseilluan Erromatarrak, ea zer eginen zuten Kartagoko hiri hartzaz (Vide August. lib. de civitate Dei cap. 30 tom. 5). Eta Katonek (prinzipalenetarik bat baitzen) erran zuen guztiak desegin, plaundu eta lurrarekin berdindu behar zuela, zeren bere gerla guztiak eta egitekoak hiri hartarik sortzen zeiztela, eta hura deseginez gero, bakean eta soseguan iarriko zirela. Baiña Szipion kapitain famatu hark ethorkizunari hobeki behaturik, erran zuen: etzutela neholatan ere hiria desegin behar. Zeren baldin desegiten bazuten, gerla bat iraungi ustean, bertze handiago bat pitztuko zutela. Zeren berehala iendea, alferkeriari, ian-edanari, erran-merranei, eta aisiak dekhazkeien gaixtakeria suerte guztiei emanen zeiela. Eta handik nahastekak, diferentziak, guduak, hauziak, etsaigoak, eta Kartagotarrekikoa baiño gerla perilosagoa, bere arthean sorthuko zeiela. Eta hala gerthatu zen. Zeren Szipionen konseillua utzirik, hartu zuten Katonena, desegin zuten Kartagoko hiria, iarri ziren bere ustez bakean. Baiña Szipionek erran zarauen bezala, fite berak, eta Erromako hiria ere, beheititu eta erori ziren.

Egia haur ezaguturik Perikles famatu hark mantenatzen zuen bethiere bere herritik kanpoan zenbait gerla. (Plutarc. in Pericl.). Eta urtheoro igortzen zituen untziak, iendez betherik, gerla hartara. Eta hetan bulkhatzen zituen ediren ahal zitzan alfer guztiak. Eta gero bizitzen zen bake handi batetan. Zeren nola herri guztietan ohi baita komunzki zenbait alfer eta iende galdu, eta hek anhitz kalte eta nahasteka egiten baitute, ontasun handia heldu zaika herriari halako heken khentzeaz. Nola lurrari ere heldu baitzaika probetxu iorratzeaz eta belhar gaixtoen atheratzeaz.

Korintioak hain zeizten aiher alferrei, ezen ikhusten zutenean gizon bat bizitzen zela errentarik gabe, ofiziorik gabe, eta trabaillatu ere gabe, berehala bertze frogantzarik gabe, bizia edekitzen baitzioten, zeren erraiten zuten ezen, presuna alfer ofiziorik eta errentarik etzuenak, ohoinkeriaz, enganamenduz edo zenbait arte gaixtoz usatu behar zuela eta halakoak bizia zor zuela, eta hala edekitzen zioten (Laert. lib.). Eta on lizate orai ere, halakoekin hala egin baledi.

Solon handiak ordenatu zuen, ezen aita batek bere semeari ofiziorik erakusten etzioenean, etzela seme hura bere aitaren faboratzera, beharrean ikhusiagatik ere, obligatu izanen (Plutarc. in Solone.). Zeren ofiziorik ez erakusteaz, alfer eta gaixto izaiteko bidean eta perilean utzi batzuen bere aitak.

Gimnosophista zerizten iende batzuek hain gaitzesten zuten alferkeria, ezen bethiere, afalaitzinean deitzen baitzituzten presuna gazteak beregana, iakiteko ia zertan iragan zuten eguna, eta baldin frogatzen bazeien alferkeriarik, etzerauen afariak gaitzik egiten (Patricius lib. de republica).

Katon Zensorino hartzaz irakurtzen da (zeiñek baitzuen alferren gaiñean esku eta bothere) ekhartzen zeraukatenean gizon bat bere aitzinera, akusaturik, erraiten zela ezen alferra zela, berehala lehenbiziko gauza eskuetako larrua hazkatzen, eta ferekatzen zioela: eta baldin latz, lodi, eta gogor edireiten bazioen, ahalik eta arintkiena utzten zuela. Baiña mehe, leun eta bera bazuen, alfertzat kondenaturik, falta gutigatik ere bortitzki gaztigatzen zuela (Plutarc. in vita Caton. Censor.).

Katon hark berak erraiten zuen, hirur gauzetarik, bere mendean, ahal bezanbat, begiratu zela: Emazteari bere sekeretuak fidatzetik, lehiorrez ahal zihoakeiela, itsasoz ioaitetik, eta egun guztian alfer egoitetik.

Lukanoek edireiten zutenean nehork iende alferrei deus prestatzen zeruela, emaiten zuten berehala sentenzia prestatzaillearen kontra: zerere prestatu baitzuen, hura guztia gel zezala (Nicolaus de moribus gent.). Baiña nik uste dut ezen etzela halako sentenziaren emaiteko premiarik, bera baitago emana. Zeren ezpaitu halakoei prestatzailleak, koberatzeko perilik.

Indietako herri batzuetan, etzen bat ere bere gorputzaz balia ahal zitekeienik eskean ibiltzen. Itsuek ere tornuan edo arrodan bedere hari behar zuten. Apud Synas Indiae populos, caeci molas trusatiles versando, sibi victum parant. (Osor. lib. II).

Lehenagoko filosofo batzuek, ez aithortzeagatik egon zela behin ere Iainkoa alferrik, erran zuten, mundu haur, Iainkoa alferrik, erran zuten, mundu haur, Iainkoa bera bezala, eterno zela eta haste gabe. Zeren bertzela mundua egin arterainoko bitartean alfer egon beharko zuela Iainkoak. Baiña ez mundua da eterno eta ez haste gabe, eta ez hargatik egotu Iainkoa egundaiño alferrik. Zeren badu, eta bazuen lehen ere Iainkoak, munduaren egitea eta gobernatzea baiño obra handiagorik: nola baitzen, eta baita, bere buruaren kontenplatzea, onhestea, eta bai bertzerik ere anhitz. Ordea filosofo hek eman zuten hartan bere ahal guztiaz aditzera gauza gaixtoa eta perilosa zela alferkeria, Iainkoa baithan edireiten zela ez aithortzeagatik, erran baitzuten erhokeria handi bat, Iainkoa bera bezala, mundua ere eterno zela eta haste gabe. Eta pontu batean, mundua haste gabe zela erraitean, huts egin bazuten ere, ordea bertzean, alfertasuna gauza gaixtoa, perilosa, eta nork bereganik egotztekoa zela erakustean, etzuten hutsik egin. Zeren hain da gauza galdua eta galgarria alferkeria, non naturalezaren beraren ere kontra baita. Homo nascitur ad laborem et avis ad volatum (dio Iobek) (Job. 5). Gizona sortzen da trabailluko, eta hegaztina aireko. Nola hegaztinari emaiten baitzaitza hegalak, airatzeko, eta hegaldatzeko: hala gizonari ere emaiten zaitza eskuak trabaillatzeko.

Munduko gauza guztiek kondenatzen dute alferra. Zeren hartzaz bertze guztiek enplegatzen baitute bere denbora, zertako eginak baitira hartan. Iguzkiak arrazoiñekin erran ahal diazaio beranduraiño ohean datzanari: zerk aratza hor alfer-nagia? Nik atzo, hik baiño bide gehiago iragan nian, inguratu bainuen mundu guztia, eta orai ere, hi baiño goizago iaiki nauk. Zuhaitzek ere erran ahal dezakete: eztakusazue nola gu ezkauden behin ere geldirik eta ez alferrik? Nola hazten, handitzen, loratzen eta geure denboretan eta sasoiñetan fruituz bethatzen garen?

Bada aniamalia adimendurik eztutenek ere, behintzat erleek eta xinhaurriek, arrazoiñekin erranen derakute, beha diazegula, heken nekeak, trabailluak eta ioan-ethorriak konsidera ditzagula eta, halatan agian, ahalketurik bedere, geure eginbidearen egitera, eta trabaillatzera, ernatuko eta erdutuko garela.

Erleak, hain gauza ttipiak, eta flakoak, bethatzen du mundua eztiz eztitzeko, eta ezkoz argitzeko. Eta gaitz lizateke kontatzea nola gobernatzen diren erleak elkharren artean; nola duten bere erregea, eta obeditzen duten; nola zaharrak kofauean barrena, etxeko lanen egiten, egoiten diren; eta gazteak, bere mantenuaren eta bizikaien garraion, kanpotik hari diren; nola duten bere athal-zaiña, eta behar ere bai. Zeren eztiari, nola baita gozo, eta izena duen bezala, ezti, anhitz, baitarraika, eta baitzaika aiher. Nola trabaillatzen direnek, trabailatzen eztiren alferrak eta nagiak, ezten kolpez egotzten dituzten bere konpaiñiatik. Expellunt ab alvearibus pigras (Plin.). Eta nola bertzerik ere anhitz gauza egiten duten, eta guztiak hain ordenantza handiarekin, non baitirudi ezen eztela erregerik, bere erresuma hain ongi gobernatzen duenik, nola erleek bere erregearekin batean trabaillatuz, gobernatzen baitute berea.

Bada xinhaurriaren gobernuaz, zuhurtziaz, trabailluaz, ethorkizuneko egiten duen probisioneaz, hornizoiñaz, eta biltzen duen mantenuaz, nork zer erranen du? Nork eztu miretsiko, eta gogoeta eginen? Spiritu Sainduak berak igortzen gaitu aniamalia ttipitto hunengana, zer egin behar dugun ikhastera, erraiten duela: Vade ad formicam, o piger, et considera vias ejus, et disce sapientiam quae, cum non habeat ducem nec praeceptorem, parat in aestate cibum sibi (Prov. 6). Zoaz, nagia, xinhaurriagana, eta konsidera itzatzu haren bideak eta bidexkak, ioan-ethorriak eta itzulinguruak, nekeak eta trabailluak, eta ikhasiko duzu zuk ere nola behar duzun aitzinerat eta bethiere bizi, ibili eta gobernatu. Hark erakuslerik eta kidaririk gabe, berak bere buruz biltzen du udan, neguaren iragaiteko behar duen mantenua, bazka eta bihia. Eta bihi hura gordetzen du lurrean barrena, berak eginikako ganbaretan, eta bihi-tegietan. Eta hain da zuhur eta goithatu, ezen kanpoan deus ezin izanez, bere bilduetara bildu behar duenean, lehenik hozitu behar duen burutik hasten baitzaika bihiari: zeren bertzela sor liteke bihi hura, buztan liteke, belhar bihur liteke: eta gero handik harat, alfer-lan gertha lekidikaio bere leheneko zuhurtzia guztia.

Are gehiago, hozidurak ianez gero ere, lurraren humidurak ete hezetasunak gaiñerakoa ustel eztiazon, atheratzen du noizik behin kanporat, airatzera eta iguzkiztatzera: eta orduan denbora onaren seiñalea dateke. Eta halatan eta hala iragaiten du xinhaurriak bere negua: eta erakusten dio bat bederari nola eta zer moldez behar duen mantenatu, gobernatu eta alferkeria guztiak utzirik, bere denboran trabaillatu.