III Atala. Ideien Asoziazioaz
18. Garbi dago gogoaren pentsamendu edo ideia ezberdinen artean badela lotura printzipio bat, eta oroimenera edo irudimenera azaltzean, batak besteari tiratzen diola, halako metodo eta erregulartasunez. Gure pentsamendu edo diskurtso neurtuagoan, aise hautematekoa da ohizko ideia-zerrenda edo katean bapatean sartzen den edozein pentsakizun partikular berehalaxe somatu eta eragozten dela. Eta gure asmakeriarik eroen eta galduenetan ere, gure ametsetan ere, gogoeta egiten badugu, irudimena ez dela guztiz noranahian ibili aurkituko dugu, bata-bestearen atzetik joan diren ideien artean badela oraindik elkarlotura bat baizik. Den solasik askeen eta jareinena transkribatuko bagenu ere, berehalaxe agertuko litzateke haren une guztietan elkarlotzen zuen zerbait. Edo hori ez balitz, solasaldia hautsi zuen pertsonak , hala ere, esan ahal izango luke bere gogoan izan zela pentsakizun zerrenda bat, pixkanaka gaitik urrundu zuena. Hizkuntza ezberdinetan, elkarlotura edo komunikapen txikienik ere susma ez daitekeenen artean, aurkitu izan da ideiarik konplexuenak adierazteko hitzak ia bata-bestearekikoak direla. Froga garbia hori ideia konplexuetan sartuak diren ideia bakunak printzipio unibertsal batek, gizadi osoari eragiten dionak, elkartzen dituela.
19. Ideia ezberdinak elkarrekin loturik daudela behaketari ihes egiteko bistakoegia bada ere, ez dut ordea filosfo bakarrik ere topatu, asoziazio printzipio guztiak zenbatzen edo sailkatzen saiatu denik, nahiz eta jakinmina sortzeko moduko gaia izan. Niretzat, ideien artean hiru lotura printzipio bakarrik daudela dirudi, hots: antza, aldamentasuna denboran eta espazioan, eta kausa edo efektua.
Printzipio hauek ideiak lotzeko balio dutela nekez zalantzan jarriko da, nik uste. Pintura batek gure pentsakizunak, berez-berez, originalera daramatza2. Etxeko gela baten aipuak, berez-berez, besteei buruzko galdera edo hautua dakar3. Eta zauri bat pentsatzen badugu, nekez utziko diogu hari dagokion minaz pentsatzeari4. Baina zenbaketa hau osoa dela eta hauez beste asoziazio-printzipiorik ez dagoela frogatzea zaila izan liteke, irakurlea edo norbera ere konformatzeko moduan. Kasu horietan egin dezakegun guztia da adibide zenbait hartu eta pentsakizun ezberdinak elkarlotzen dituen printzipioa arretaz aztertu, printzipioa ahalik eta orkorrena izatea lortu arte5. Zenbat eta kasu gehiago aztertu eta arreta gehiago ezarri, segurantza gehiago izango dugu orotasunetik hara egindako zenbatzea osoa eta guztizkoa dela izan ere.