XI. Atala. Probidentziaz eta geroko bizitzaz
Gure solasaldia filosofiaren zorte on bereziak niri eragiten didan harridura azalduz hasi genuen, zeren askatasun osoa behar duenez beste edozein pribilegioren aurretik eta sentimenduen eta argudioen arteko kontrakar aske bati esker loratzen denez batipat, askatasunaren eta tolerantziaren garaian eta lurraldean jaiotzea suertatu baitzitzaion lehenbizi; eta ez zitzaion inoiz ezelako kredo, sinesbide edo araudi penalen menpe egoterik tokatu, bere printzipio pitxienetan ere. Ezen, Protagorasen desterrua eta Sokratesen heriotza salbu, eta azken hau beste motibu batzuengatik gertatu zelarik neurri batean, ia-ia ezin da aurkitu adibiderik aintzinako historian gure garaia hainbeste pozoitzen duen bekaizkeria fanatiko horrenik. Epikuro Atenasen bizi izan zen bere zahartzarora arte, bakez eta lasai; Epikurearrak23 gainera apaizgora ere onartuak izan ziren eta aldarean elizkizunak egitera indarrean zegoen erlijioaren errito sakratuenetan; eta erromatar enperadore guztietan jakintsuenak24 edozein filosofia sektatako maisuentzat luzatu zuen, bereizketarik gabe, pentsio eta soldaten sostengu publikoa.25
Erraz uler daiteke horrelako trataeraren beharrean aurkitzea filosofia bere nerabezaroan, pentsatzea besterik ez nolako nekeaz jasan behar izaten dituen gaur egun ere, sendoago eta gogorragotzat dugun honetan, kalumnia eta jazarpenaren negu gorriak eta haize bolada zakarrak.
- Filosofiaren zorte harrigarritzat daukazu -diost lagunak- izatez gauzen berezko abioaren ondorio baizik ez dirudiena, eta edozein garai zein naziotan nahitaezko. Filosofiarentzat hain fatala dela-ta kexuz hartzen duzun grina fanatiko hori, beraren fruitua baizik ez duzu izatez, gurasoaren asmotik guztiz aldendu dena superstizioarekin bat egin ondoren, eta bere etsai eta jazarle amorratuen bilakatu. Egun hain haserre biziz eztabaidatzen diren erlijio-dogma espekulatibo horiek ezin zitezkeen ziurraski horrela pentsatu edo ametitu munduaren hasierako garaietan, gizateriak, txit alfabetagabea izaki, bere adimendu ahulari hobeto zihoakion ideia bat egin zuenean erlijioaz, argudiaketan eta eztabaidan baino sineskera tradizionaleko kondairetan oinarriturik osatzen zituelarik batipat bere printzipio-sorta sakratuak. Hortaz, lehenbiziko alarma, filosofoen paradoxa eta printzipio berrietatik sorturikoa, igaro zenez geroztik, badirudi maisu hauek, aintzinako garaietan zehar, harmonia handian bizi izan zirela finkatutako superstizioarekin, eta gizateriaren banaketa egokia zutela egina euren artean: jakintsuak eta ikasiak galdatuz batera, herri xehea eta ezikasia bestera.
103. -Badirudi bada -diot nik- arazotik guztiz kanpo uzten duzula politika, eta ez duzula inoiz suposatzen magistratu jakintsu bat zelati gerta daitekeela, arrazoiz, Epikurorenak bezalako doktrina filosofiko batzuen aurrean, Jainkoaren izatea ukatuz, baita Probidentzia eta geroko bizitza ere ondorioz, moraltasunaren lokarriak neurri handi batean laxatu egiten dituztela diruditenak, kaltegarritzat har daitezkeelarik, hortaz, gizarte zibilaren bakerako.
-Badakit nik -ihardetsi zuen- jazarraldi hauek ez datozela inoiz etorri, ezein garaitan ere, patxadazko arrazoitik edo filosofiaren ondorio kaltegarriei buruzko esperientziatik, baizik grina eta aurriritzietatik sortzen direla erabat. Baina zer deritzozu aurrerago joan eta zera esango banu, sykophante delako orduko informatzaile haiek salatu izan balute Epikuro herriaren aurrean, errazago baino ez zuela bere kausa defendatuko, eta jendearen gorroto eta errezelupean jartzen halako ahaleginez saiatzen zitzaizkion arerioenak bezain zindoak zirela bere filosofi printzipioak demostratuko?
-Nahi izango nuke -esan nion- duzun hitzetorri horrekin saiatuko bazina honelako gai apartekoan eta Epikuroren aldeko hitzaldia egingo bazenu, pozik uzteko modukoa, ez Atenasko populua, populurik izan zitekeenik onartzen baduzu halako hiri zahar eta landuan, baizik bertako entzulegotik jende filosofoena, haren argumentuak ulertzeko gai izan zitekeena hain zuzen.
-Arazoa ez liteke zaila horrelako baldintzetan -erantzun zidan berak-; eta nahi baduzu, Epikuro naizela egingo dut une batez eta atenastarren ordezkari jarriko zaitut zu zeu, atabaka babazuriz bete-bete eragingo duen arenga zuzenduko dizudalarik, bababeltz garaunik ere utzi gabe nire etsai maltzurren pozerako.
-Oso ongi, jarrai ezazu suposamendu horien arabera.
104. -Hemen natorkizue, atenastarrok, ene eskolan defendatu nuena zuen asanbladaren aurrean justifikatzeko asmoz, eta antagonista amorratuek erasoturik aurkitzen naiz, galdetzaile lasai eta patxadatsuekin arrazoitu beharrean. Hor, bada, zuen deliberamenduak, guztion onari eta errepublikaren interesari dagozkien arazoei buruzkoak izan behar dutenak eskubide osoz, filosofia espekulatibozko araketetara desbideratuak; eta egundokoak baina agian antzuak diren ikerketok hartze dute zuen ihardun normalago baina baliagarriagoaren tokia. Baina nire esku dagoen neurrian behintzat, itzuriko natzaio abusu honi. Ez dugu hemen eztabaidan jarriko munduen sorrera eta gobernua. Ikerketa hauek interes publikoari zein neurritan dagozkion aztertuko dugu soil-soilik, eta gizartearen bakerako nahiz gobernuaren segurtasunerako berdin-berdin direla konbentzitu ahal bazaituztet, laster bidaliko gaituzuelakoan nago berriz gure eskoletara, hantxe azter dezagun lasai asko arazorik goitiarrena den hau, baina era berean espekulatiboena filosofia osoan.
"Filosofo erlijiosoek, zuen arbasoen tradizioarekin eta zuen apaizen doktrinarekin (nire aldetik gogoz onartuak) konformatzen ez direlarik, jakingura ausarti bat asetu nahian dabiltza erlijioa arrazoiaren printzipioen pean zein neurritaraino jar daitekeen eta dihardutenean, eta zirikatu baino ez dituzte egiten horrela, emendatu beharrean, ikerketa artatsu eta zehatz batetik berez sortu ohi diren ezbaiak. Kolore bizienekin pintatzen dute unibertsoaren ordena, edertasuna eta jakituriaz beteriko ordena, galdetuz, ondoren, ea litekeen horrelako entelegu gorenaren erakuspenik atomoen bateraketa ustegabekotik, edota azareak sor ote lezakeen jeinu handienak ere ezin mirets dezakeena sekula ere nahikoa. Ez dut aztertuko nik argumentu honen zuzentasuna. Nire antagonista eta salatzaileek nahi duten bezainbesteko sendoa dela onartuko dut. Nahikoa dut arrazonamendu horrexetatik abiatuz frogatu ahal badezat arazoa guztiz dela espekulatiboa, eta nire filosofiazko araketetan probidentzia eta geroko bizitza ezezten ditudanean, ez ditudala, ez, gizartearen oinarriak jaten, baizik printzipio zenbait aurkezten, haiek beraiek ere sendo eta asebetegarritzat onar ditzaketenak euren gaietarako, funtsez argudiatuz gero.
105. "Zuek, bada, ene akusatzaile zaretenok onartu duzue Jainkoa izatea (nik inoiz zalantzan jarri ez dudana) demostratzeko argumentu nagusia edo bakarra naturaren ordenatik eratorria dela, halako entelegu eta xedetzaren arrastoak erakutsiz, non nabarmenkeria uste baituzue haren kausatzat azarea edo materiaren indar itsu eta gidagabekoa hartzea. Hau efektuetatik abiatu eta kausetan burutzen den argumentu bat dela ametitzen duzue. Lanaren ordenutik inferitzen duzue proiektu edo aldez aurretiko asmo bat izan duela langileak. Puntu hau demostratu ezean, onartzen duzue, huts egiten dizuela konklusioak; eta naturaren fenomenoek justifika dezaketenaz haragoko konklusiorik ez duzuela ezarriko. Hauexek dira zuen kontzesioak. Ondorioez ondo kontura zaitezten nahi dut.
"Efektu batetik kausa jakin bat inferitzean, bata bestearekiko proportzioa zaindu behar dugu, eta ez zaigu zilegi inoiz ere, juxtu efektua eragiteko nahikoa dituen kualitateak baino gehiago eransterik kausa horri. Hamar ontzako gauza batek, edozein pisuren gainean jarriak, kontrapisua hamar ontzatik gorakoa dela frogatuko dizu, baina ehunetik gorakoa den arrazoirik ez dizu sekula emango. Efektu bati egotziriko kausa hura eragiteko behar bestekoa ez bada, kausa hori ezetzi beharrean aurkitzen gara, edota efektuarekiko proportzio justua damaioten kualitateak erantsi beharrean. Baina tasun gehiago egozten badiogu edo beste efektu batzuk eragiteko kapaz dela badiogu, aieruaren lizentzia hartu besterik ez dugu egiten, nahierara suposatuz, ez arrazoirik ez autoritaterik gabe, kualitate eta energien existentzia.
"Arau berak balio du, zein materia gordina, zein izaki arrazoimendun eta adimenduna dela esleituriko kausa hori. Efektuagatik bakarrik badazagugu kausa, ezin diogu inoiz iratxeki kualitaterik efektu hori eragiteko doi-doi behar direnak baino gehiagorik, ezta ere kausara itzuli eta ezelako arrazoiketa zuzenaren arauen izenean beste efektu batzuk inferitu hartatik, bera ezagun dagiguten bakar horiez gain. Ezingo lukeenez inork jakin, Zeuxis-en pintura bat bakarrik ikustetik, eskultorea eta arkitektoa ere izan zela, eta ez artista gutxiago trebe harrian eta marmolean kolorean baino. Aurrean daukagun lan jakin batean azaltzen zaizkigun talentua eta gustua: horiexek bakarrik konkludi dezakegu direla ziur langile horrek dituenak. Efektuarekiko proportziozkoa behar du izan kausak, eta haren proportziozko egiten badugu, justu eta zehazki, ez diogu inoiz bilatuko puntu honetatik harago doazen kualitaterik, edo beste plan edo iharduketaren bati buruzko inferentzia eskuesten digutenik. Halako kualitateak, egon ere, aztergai dugun efektua eragiteko behar diren bakar horiek baino haratxoago leudeke.
106. "Onartuz, beraz, jainkoak direla unibertsoaren izate eta ordenaren autore, badutela ondorioztatzen da euren obretan ageri den ahalmen, adimen eta onginahi-neurri justua, baina ez dagoela inoiz hori baino ezer gehiago demostratzerik, gehiegekerira edo lausengura ez bagara makurtzen behintzat argumentu eta arrazoiketaren hutsuneak kitatzeko. Atributuren baten ezaugarriak bertan aurrean ageri zaizkigun neurrian bakarrik konkludi dezakegu existitzen direla atributuok. Atributu gehiagoren suposizioa hipotesi hutsa da, are gehiago, urrutiko diren espaziogune edo denboraldietan izan den edo daitekeen atributuon erakusketa bikainago baten suposizioa, eta delako bertute hauei hobeto legokien administrazio-eskemaren batena. Inoiz ezin dakiguke zilegi izan efektua datekeen unibertsotik, kausa datekeen Jupiterrenganaino igotea, eta gero handik berriro jaistea beste efektu berri bat inferitzeko kausa hartatik, dagoeneko ditugun efektuak eurak bakarrik ere ez bailiran jainko horri iratxekitzen dizkiogun atributu bikainen duin erabat. Kausaz dugun ezagutza efektutik eratorria dugularik soil-
-soilik, ondo behar dute bata bestearekiko doituak izan, bata ezin zaiolarik inoiz ere haragoko ezeri gehiago erreferitu, edo ezein inferentzia eta konklusio berriren oinarri izan.
"Fenomeno batzuk aurkitzen dituzu naturan. Kausaren edo egilearen bila zoaz. Aurkitu duzula iruditzen zaizu. Gero hala maitemintzen zara zeure burmuinaren ume horretaz, non ezinezko iruditzen zaizun honek ez sortaraztea zerbait haundiago eta bikainagoa gaur eta hemen duguna baino, hainbat gaitz eta desordenuz betea. Ahaztu egiten zaizu entelegu superlatibo eta onginahitsu hori irudipen hutsa duzula, edo behintzat arrazoian inolako oinarririk gabekoa, eta ez duzula batere motiborik kualitateren bat iratxeki diezaiozun, bere ekoizpenetan benetan eginik eta azaldurik dakusazunetik at. Bitez beraz zuen jainkoak, oi filosofook, naturan ageri zaizkigun antzirudien araberakoak, eta ez zaitezte ausart antzirudiok aldatzera, suposizio arbitrarioak bide, jainkooi hain gustora egozten dizkiezuen atributuen moldera egokitzearren!
107. "Apaizak eta poetak, zuen itzalean oinarrituz, oi atenastarrok, urrezko edo zilarrezko garai batez mintzatzen zaizkigunean, gaurko bizio eta miseriazko egoeraren aurretikoaz, arretaz eta begiruneaz entzuten diet. Baina filosofoak direnean, autoritatea bazterrera egin eta arrazoia lantzeko asmoa duten horiek, mintzo horrekin datozkidanak, ez dut haienganako menekotasun gizabidetsu eta deboziozko adeitasun bera. Galdetzen dut: nork eraman ote ditu zerualdeetara, nork onartu jainkoen bileretara, nork ireki ote die sinuaren liburua, hain ausartki baietz dezaten beren jainkoek asmoren bat burutu dutela edo burutzeko direla, egitez ageri zaigunetik aparte? Arrazoiaren eskaileran gora igon dutela esaten badidate, edo mailaz-maila iritsi direla, efektuetatik kausetara inferentziak eginez, ihardungo dut oraindik esanez irudimenaren hegoez erraztu dutela arrazoirako bidea. Bestela ez zezaketen horrela alda beren inferentzi modua eta kausetatik efektuetara argudiatu, aurrean dugun mundu hau baino ekoizpen bikainagoa legokiela hobeki jainkoak bezalako hain izaki perfektuei, ahaztu egiten zaielarik ez dutela batere arrazoirik izaki zerutar horiei beste bikaintasun edo atributurik egozteko aurrean dugun mundu honetan aurkitu ahal denetik kanpo.
"Hortik, antzirudi txarrak justifikatzeko eta jainkoen ohorea salbatzeko ahalegin antzu guztiak, gaizkiaren eta desordenuaren errealitatea, hain ugaria mundu honetan, aitortzea baino ez daukagunez. Materiaren zailtasuna eta moldagaiztasuna omen, edota lege orokorren betebidea edo antzeko arrazoiren bat, esaten zaigunez, Jupiterren ahala eta onginahia mugarritu zuen zergati bakarra, gizakia eta izaki sentigai guztiak hain inperfektu eta zorigabeko sortzera behartuz. Atributu hauek, bada, aurretiaz berretsiak dira, dirudienez, euren zentzu zabalenean. Eta suposizio honetatik abiatuz gero, aitortzen dut, bai, antzirudi txarren esplikazio txalogarritzat har daitezkeela agian aieru horiek. Baina jarraitzen dut galdetzen: Zergatik berretsitzat hartu atributu hauek, edo zer dela eta iratxeki kausari bere efektuan ageri zaizkigun kualitateez gain besterik?
Asko jakitea lortuta ere, zergatik apurtu zeuon buruak naturaren abioa irudipen huts daitezkeen suposizioen gainean justifikatzen, naturaren abioan horien arrastorik ere aurkitzerik ez dagoenean?
"Erlijiozko hipotesia, beraz, beste metodo bat gehiago bezala bakarrik hartu behar da naturako fenomeno ikusgaien arrazoia emateko, baina ez da arrazonatzaile jatorrik hartatik gertakari bat bera ere inferitzera ausartuko denik inoiz, ezta fenomenoa aldatzera edo berorri ezertxo gehitzera ere. Gauzen antzirudiek halako kausak froga ditzaketela uste baduzue, zilegi zaizue inferentzia bat egitea kausa horien existentziari buruz. Horren korapilotsu eta sublime diren gaietan aierupen- eta argumentu-askatasuna utzi behar zaie denei. Baina hortxe gelditu behar duzue. Atzera jotzen baduzue eta inferitutako zeuen kausa horietatik konkluditu gertakariren bat izan dela edo izango dela naturaren abioan, atributu jakin batzuen erakusketa osoagorako erabil daitekeena, gai honi dagokion arrazoiketa-metodotik urrundu egin zaretela gaztigatu behar dizuet, eta efektuan agertzen denaz gain zerbait erantsi diezuela, dudarik gabe, kausaren atributuei; bestela inoiz ezingo zeniokete efektuari ezer erantsi, zentzu edo egokitasun jasangarriz, hura kausaren duinago bilakatzeko asmoz.
108. "Non datza, bada, ene eskolan irakasten dudan, edo hobe, ene baratzeetan aztertzen dudan doktrinaren gorrotagarritasuna? Zer aurkitzen duzue guzti honetan moraltasun egokiaren segurtasunari edo gizartearen bake eta ordenuari ukitzen dionik?
"Probidentzia ukatzen dut, diozuenez, eta munduaren gobernari goren bat, gertaeren abioa gidatzen duena, gaiztoak deskredituz eta dezepzioz zigortzen dituena eta bertutetsuak ohorez eta arrakastaz euren egiteko guztietan. Baina ziur ez dudala ukatzen gertaeren abioa bera, denen ikerketara eta azterketara irekirik dagoena. Aitortzen dut bertutea, dugun gauzen egoeran, bizioa baino adimen-sosegu gehiagoz lagundurik datorrela eta onarpen hobea duela bere alde munduan. Konturatzen naiz adiskidetasuna, gizadiaren iragan esperientziaren arabera, giza bizitzako poz nagusia dugula, eta lasaitasunaren eta zoriontasunaren iturri bakarra moderazioa. Ez ditut inoiz parekatzen bizitzaren bide bertutetsua eta biziotsua, aitzitik hautematen dut, jarrera oneko buru batentzat, lehenengoaren alde direla abantail guztiak. Eta zuek ere zer gehiago esan dezakezue, zeuon suposizio eta arrazonamendu guztiekin? Esango didazue, zinez, gauzen antolamendu honek enteleguan eta xedean duela jatorria. Baina datorrela datorren lekutik, berbera da edozein kasutan gure zoriontasuna eta zorigaitza eta ondorioz bizitzan dugun portaera eta jokabidea menean dituen antolamendua bera. Zuek duzuen bezala dut nik ere zabalik bidea, ene portaera iragan gertaerez dudan esperientziaren arabera arautzeko. Eta ihardesten badidazue jainko-probidentzia onartuz gero, eta justizia banatzailea goren bat unibertsoan, orduan sariren bat onagatik eta zigorra gaiztakeriagatik itxaron dezakedala gertaeren ohizko abioaz harago, hemen ere lehenago argitzen saiatu naizen falazia bera aurkitzen dut. Jarraitzen duzue iruditzen ezen, hain sutsu burrukatuz aldezten duzuen jainko-existentzia berresten badugu, bidea zabal duzuela hartatik ondorioak inferitzeko eta gehitu ere zerbait gehitzeko esperientziaz dugun naturaren ordenari, zuen jainkoei egozten dizkiozuen atributuen gainean argudiatuz. Ahaztu egin zaizuela dirudi efektutik kausara bakarrik atera daitezkeela gai honi buruzko zuen arrazonamenduak oro, eta sofisma haundi bat baino ezin dela izan kausetatik efektuetara deduzituriko edozein argumentu: ezinezko baituzue kausaren zer edo zer ezagutzea, aldez aurretik efektuan ez inferitu, baizik bete-betean aurkitu duzuenetik aparte.
109. "Baina zer pentsa ote dezake filosofo batek arrazonatzaile puztu hauetaz, gauzen presenteko agertokia hartu beharrean euren kontenplazio-alor bakartzat, naturaren abio osoa hain neurri handian eraldatzen baitute, ezen bizitza hau beste haragoko zerbaiten iraganbide huts bihurtzen duten, eraikin haundiago eta zeharo ezberdin baten atalase, antzelan bat aurkezteko eta propiotasun gehitxoago emateko bakarrik balio duen aintzinsolas. Nondik uste duzue atera dezaketela filosofo hauek euren jainkoen ideia? Beren harrokeria eta irudimenetik seguraski, zeren eta aurrean dituzten fenomenoetatik aterako baldin balute, ez luke inoiz ideia horrek beste haragoko zerbaitera destatuko, baizik fenomeno horiexetara mugatuko zehazki. Dibinitatea egon daitekeela posibleki horniturik guk inoiz gauzaturik ikusi ez ditugun atributuez, egon daitekeela gidatuta guk konpliturik ezin aurki ditzakegun egintza-printzipioez: aise onartzekoa da guzti hori. Baina ez da oraindik posibilitate eta hipotesi bat baino. Ezin dugu inoiz arrazoirik ukan haren atributurik edo egintza-printzipiorik inferitzeko, gauzatuak eta konplituak izan direla ezagutzen dugun neurrian baizik.
"Ba al da mundu honetan banakuntza-justiziaren ezaugarririk? Baietz erantzuten badidazue, justizia hementxe gauzatzen denez, konplitua dela konkludituko dut. Ezetz erantzuten badidazue, ez duzuela batere arrazoirik konkluditzen dut justizia, honetaz dugun zentzuan, jainkoei iratxekitzeko. Baietzaren eta ezetzaren arteko erdibide bat hartzen baduzue esanez jainkoen justizia, presentean, partzialki gauzatzen dela eta ez bere hedadura osoan, ez daukazuela arrazoirik erantzungo dizuet hedaduraren bat ezartzeko, presentean gauzaturik dakusazuen neurrian bakarrik izan ezean.
110. "Honela, atenastarrok, ezberdintasun txiki batera dakart ene antagonistekin dudan eztabaida. Naturaren abioa berdin dago zabalik nire kontenplaziora nahiz haienera. Esperimentatzen ditugun gertaeren segida dugu gure jokabide osoa egokitzen diogun ikur haundia. Beste ezeri ezin zaio apelatu zelaian, edo senatuan. Ez litzateke inoiz beste ezer entzun beharko eskolan, edo gelan. Alferrik nahi izango du gure adimen mugatuak bidea ireki gure irudimen-lainoarentzat estuegiak diren hesietan zehar.
"Naturaren abioan oinarrituz argudiatzean adimendun kausa jakin bat inferitzen dugunean, hasieran unibertsoari ordena ezarri ziona eta oraindik dirauena, era berean zalantzakoa eta alferrekoa den printzipio bati gatxezkio. Zalantzakoa da, gaia guztiz datzalako giza esperientziaren alkantzutik at. Alferrekoa da, zeren, guk kausa hartaz dugun ezagutza naturaren abiotik eratorria denez osoro, ezin baikara inola ere, arrazoiketa zuzenaren arauen arabera, berriz kausa hartatik itzuli beste inferentzia berri batekin, edota, ohizko eta somagarri dugun naturaren abioari eranskinak ezarriz, jokabide eta portaera printzipio berriak jarri."
111. Ohartzen naiz -esan nuen nik, bere mitina amaitutzat eman zuela ikustean- ez dituzula bazterrera lagatzen aintzinako demagogoen mainak, eta jendearen lekuan jarri ninduzularik gogoz, nire aldera irristatzen zarela, betidanik neronen aparteko atxekimendua izan dutela dakizun printzipioak zeure eginez. Baina ontzat ematen dizudalarik esperientzia bilakatzea (egin behar duzula uste dudan bezala) egitatezko arazo honi zein beste edozeini buruzko gure judizioen molde bakar, ziur nago hala ere inbokatzen duzun esperientzia berorren izenean errefusa daitekeela Epikuroren ahoan jarri duzun arrazonamendu hori ere.
Etxe-eraikuntza bat ikusiko bazenu, adibidez, erdizka eraikia eta adreilu, harri eta mortairu pila eta hargin-tresneria guztiak dituelarik inguruan, ez al zenuke efektutik inferitzerik diseinu eta asmodun lan bat zegoela han? Eta inferitutako kausa honetatik ez al zenuke berriz itzuli eta efektuari eranskin berriak inferitzerik, eraikuntza laster amaituko zela konkludituz, teknikak eskain ziezaizkiokeen gainerako hobekuntza guztiak jaso ondoren? Hondartzan giza oin baten oinatzak ikusiko bazenitu, handik gizaki bat ibili dela konkludituko zenuke, eta beste oineko oinatzak ere utziko zituela, harearen mugimenduak edo olatuak ezabatuko zituen arren. Zergatik, bada, ez duzu nahi onartu arrazoiketa-metodo bera naturaren ordenari dagokionean? Kontsidera ezazu mundua eta hemengo bizitza eraikin osagabea bailitzen soil-soilik, zeinetatik goragoko adimen bat inferi dezakezun; eta erdizka ezer utzi ezin duen goitiko adimen horretatik argudiatuz, zergatik ezin duzu beste eskema edo egitamu osoago bat inferitu, espazioaren edo denboraren urrutiko punturen batean burutuko dena? Ez al dira, bada, berdin-berdinak arrazoiketa-metodo hauek? Eta zer dela eta erabili ahal duzu bata, bestea ezezten duzularik?
112. -Gai bataren eta bestearen arteko alde neurtezina da -ihardetsi zidan- nire konklusioen ezberdintasun honetarako nahikoa motibo. Gizakiaren obra eta diseinuko lanetan zilegi duzu efektutik kausara igarotzea, eta kausatik berriz itzuliz, inferentzia berriak egitea efektuari buruz eta seguruenik jasan dituen edo jasan ditzakeen aldaketak aztertzea. Baina zein da arrazoiketa-metodo honen oinarria? Argi eta garbi hauxe: gizakumea esperientziaz dazagugun izaki bat dela, ezagun ditugularik bere motibo eta asmoak, eta konexio eta koherentzia jakin bat dutelarik bere proiektu eta jauginek, honelako kreatura baten gobernurako naturak finkatu dituen legeen arabera. Beraz, lan bat gizakumearen trebetasunetik eta antzetik sortua dela aurkitzen dugunean, ezagun dugularik bestalde animaliaren izaera, ehundaka inferentzia atera ditzakegu harengandik espero daitekeenaz, esperientzian eta behaketan oinarrituak izango direlarik inferentzia guztiok. Baina obra edo ekoizpen bakar batengatik soil-soilik ezagutuko bagenu gizakumea, ezinezko litzaiguke era horretara argudiatzea, zeren hari iratxekitzen dizkiogun kualitate guztien ezagutza, kasu honetan, obra edo ekoizpen bakar batetik letorkigunez, ezinezko bailitzateke haiek beste haragoko zerbaitera apuntatzea edo inferentzia berri baten oinarri izatea. Oin baten oinatzak hondartzan, isolatuki kontsideraturik, froga dezakeen gauza bakarra zera da: hari zegokion figura bat izan zela hura sortu zuena. Baina giza oinaren oinatzak baita ere frogatzen digu era berean, gure beste esperientzia harengatik, izan zela seguraski beste oin bat bere aztarna utzi zuena, nahiz eta ezabatua gertatu denbora edo beste akzidente batzuk bitarteko. Hemen, bada, efektutik kausara igoten dugu, eta kausa horretatik berriro jaitsiz, aldaketak inferitzen ditugu efektuan: baina hau ez da arrazonamendu-kate xumearen beraren jarraiera. Kasu honetan animali espezie hartako ohizko figura eta kideei buruzko beste ehundaka esperientzia eta behaketa sartzen ditugu, gezurrezkoa eta sofistikoa kontsideratu behar delarik, haiek gabe, arrazoiketa metodo hau.
113. "Auzia ez da berdina naturaren obretatik abiatuz arrazonatzen dugunean. Jainkoa bere obretatik bakarrik zaigu ezagun, eta izaki bakana dugu unibertsoan, ezein espezie edo jeneroren barne sartzen ez delarik, hortik analogiaz hautemaniko atributu edo kualitaterik inferitu ahal izan dezagun berarengan. Unibertsoak ontasuna eta jakinduria erakusten duenez, ontasuna eta jakinduria inferitzen ditugu. Tasun hauen maila jakin bat erakusten duenez, horien maila jakin hori inferitzen dugu, aztertzen ari garen efektuari dagokiona hain zuzen. Baina atributu gehiago edota atributu horien maila goragokoak inferitzea edo suposatzea da ezin zilegiztatu diezagukeena inoiz arrazoiketa egokiaren ezein arauk. Orduan bada, honelako suposizio-zilegitasunik gabe, ezinezko dugu kausatik argudiatzea, edo efektuan aldaketarik inferitzea gure behaketaren eremuan zuzenki dugunaz harago. Izaki hark eragindako on handiago batek, ontasun maila handiago bat erakutsiko du oraindik; justizia eta ekitatearekiko begiespen handiago batetik datorke sarien eta zigorren banaketa inpartzialagoa. Naturaren obrei suposaturiko edozein gehigarrik natura horren Egile denaren atributuen gehiketa dakar, eta ondorioz, inolako euskarririk ez duenez ezein arrazoi edo argumentutan, ezingo da sekula ere onartu aieru edo hipotesi huts gisa baino.26
"Hara zertan datzan gai honetan gure errakuntzaren eta geure buruari baimentzen diogun mugagabeko aieru-lizentzia horren iturburu nagusia: Izaki Gorenaren lekuan jartzen dugula geure burua tazituki eta guk geuk haren egoeran arrazoizkotzat eta hautagarritzat geure egin genezakeen jokabidea hartuko duela Hark uneoro konkluditzen dugula. Baina naturaren ohizko abioak berak konbentzi gaitzakeenaz gainera gureetatik txit ezberdin diren printzipio eta arauen arabera erregulatzen dela ia dena, horrez gainera, diot, argi eta garbi dirudi analogi erregela guztien kontrako, gizakumeen asmo eta proiektuetatik abiatuz hain ezberdin eta goitiko den Izakiarenganaino arrazonatzeak.
Halako koherentzia jakin bat nabari zaigu giza izaeran, non gertakari batetik ageri zaigunean gizakumeren baten asmo bat, arrazoizkoa izan dakigukeela sarritan esperientziaz beste gertakari bat inferitzea, eta konklusio-kate luze bat ateratzea haren iraganeko edo etorkizuneko jokabideari buruz. Baina arrazoiketa-metodo honek ez dezake egundo lekurik izan hain urrutiko eta ulertezin zaigun izaki baten kasuan, eguzkiak argizarizko kandela batekin duen baino askoz antz gutxiago izanik hark unibertsoko beste edozein izakirekin, aztarna xume edo lehen lerroz baino agertzen ez baitzaigu, horietaz landa ez dugularik autoritaterik hari atributo edo perfekziorik iratxekitzeko. Perfekzio bikainagoa iruditzen zaiguna akats bat izan daiteke egiatan. Edo perfekzioa izanik ere nonbait, Izaki Gorenari hura egoztea, ez dirudienean egiazki guztiz erabilia izan denik bere obretan, panegiriko edo lausengu gerta daiteke areago arrazonamendu egoki eta filosofia jator baino. Munduko filosofia guztia, beraz, eta filosofia-mota bat baino ez den erlijio guztia ere ez da sekula gai izango esperientziaren ohizko abioaz gaindi eraman gaitzan, edota bizitza arruntari buruzko hausnarketak damaigunetik ezberdin datekeen jokabide edo portaera eredurik eman diezagun.
Ez dago inoiz gertakari berri bat inferitzerik erlijio-hipotesietatik, ezein gertaera aurrikusi edo aurresaterik, ezelako sari edo zigorren itxaropen edo beldur izaterik, dagoeneko praktikaz eta behaketaz ezagun dugunetik landa. Hala da ezen Epikuroren aldeko ene apologiak sendo eta asebetegarri dirudiela oraindino, eta gizartearen interes politikoek ez dutela inolako loturarik metafisikaz eta erlijioaz zerikusi duten eztabaida filosofikoekin".
114. -Dena dela -ihardetsi nuen- bada oraindik ahaztu duzun zerbait, dirudienez. Zure premisak onartuta ere, konklusioa ukatu behar dizut. Zera konkluditzen baituzu, erlijiozko doktrina eta arrazonamenduek ezin dutela eraginik ukan bizitzan, ez dutelako ukan behar eraginik, kontutan hartu gabe gizakumeek ez dutela zuk bezala arrazonatzen, baizik jainkoaren Existentzian duten sinesmenetik ateratzen dutela konklusio anitz, Jainko horrek zigorrak ezarriko dituela suposatzen dutelarik gaiztakeriagatik eta sariak emango bertuteagatik, naturaren ohizko abioan ageri denaz harago. Auzia ez da haien arrazonamendua zuzena den ala ez. Dena dela, beraien bizitzan eta jokabidean duen eraginak berdina izaten jarraituko du horregaitio. Eta honelako aurriritziez haiek desengainatzen saiatzen direnei buruz, izan daitezke arrazonatzaile onak, nik dakidanez, baina ezin dut onartu herritar eta politiko onak direnik, euren grinen gaineko galgatik askatzen dituztenez gero gizakumeak eta errazago eta ziurrago bihurtzen, zentzuren batean, gizarteko legeen haustura.
"Azken batean, egon naiteke agian zurekin ados askatasunaren aldeko zure konklusio orokorrez, nahiz eta hura oinarritu nahian darabiltzazun premisetan barik beste ezberdin batzuetan oinarriturik. Uste dut estatuak filosofiazko printzipio oro behar duela toleratu, eta ez dela gertatu indulgentzia horregatik bere interes politikoetan kalterik jaso duen ezein gobernuren kasu bat ere. Ez da entusiasmorik filosofoen artean; beren doktrinak ez dira oso erakargarriak jendearentzat, eta ezin zaie haien arrazonamenduei oztoporik jarri, zientzientzat eta estatuarentzat berarentzat ere ondorio arriskutsukoa izan daitekeena baino, jazarpenari eta zapalketari bide emanez gizateria gehienari sakonkien interesatzen zaizkion eta dagozkion arazoetan.
115. "Eragozpen bat datorkit burura, hala ere -jarraitu nuen nik-, zure puntu nagusiari buruz, aurkeztu baino ez dizudana egingo gehiegi ekin gabe, izatez delikatu eta xotilegiak diren arrazoiketetara eraman ez gaitzan. Hitz batez, zalantza handian daukat kausa bat bere efektuaren bidez bakarrik (uneoro suposatu duzunez) ezagutua izan daitekeen, edota halako izaera bakan eta berezikoa datekeen, gure behaketaren mendean inoiz gertatu den beste ezein kausa edo objekturekin antzik eta paralelotasunik batere ukan ez dezan. Bi objektu-espezie etengabeki elkartuak aurkitzen direnean bakarrik inferi dezakegu bata bestearengandik, eta efektu zeharo bakan bat suertatuko balitz, ezein espezie ezagunen barnean sailkagaitz dena, ez dakusat inolako aieru edo inferentziarik egin dezakegunik bere kausari buruz. Esperientzia, behaketa eta analogia badira, egiazki, honelako inferentzietan arrazoiz jarrai ditzakegun gida bakarrak, biek, bai efektuak bai kausak, ukan behar dute antzekotasuna ezagutzen ditugun eta sarri askotan elkarturik aurkitu izan ditugun beste efektu eta kausa batzuekin. Zeure hausnarketarako uzten dizut printzipio hauen ondorioei jarraitzea. Zera ohartarazi bakarrik, Epikuroren antagonistek beti suposatu izan duten bezala unibertsoa efektu bakan-bakana eta parerik gabekoa dela, hura bezain bakan eta paregabeko kausa den Jainkoaren froga izateko; suposizio honi buruzko zure arrazoiketek gure arreta gutxienez merezi dutela dirudi. Badela onartzen dut eragozpenen bat nola itzul gaitezkeen noizbait kausatik efektura, eta nola, lehenaz ditugun ideieetan oinarrituz gure arrazoiketa, inferi dezakegun aldaketa bat edo gehiketa bat azkenari buruz.