Laborarier Arnaut Abadia
Har ogi bihi jaleak
Iturria: Klasikoen gordailua, non lan guztiak jabetza publikoan dauden.

Badira hirur har mota ogi bihitik bizi direnak, eta laborariari kalte handia egin ahal dezoketenak, baldin uzten baditu bere bihitegian sartzera eta emendatzera. Har horiek, bertze guziak bezala, heldu dira ihizi hegaldun batzuen arroltzeetarik. Huna nolakotsuak diren errule horiek. Lehen mota, eta orotarik gaixtoena da, marmutxa beltx ttipi bat, zorri larri baten heinekoa. Bizkarra estalia du hegalak bezala zabaltzen ohi diren bi kusku gogorrez. Bainan kusku heien azpian ez da egiazko hegalik; ezin diteke beraz aira. Ordainez, zalu derabiltza zangoak. Badu ere moko luxe bat ogi bihiaren xilatzeko aski azkarra.

Huna orai nola ari den ihizi gaixto hori bere lanean. Erruteko ordua etorri zaionean, bere mokoarekin, xilatzen du ogi bihia buru batetarik, eta xilo hartara berehala erruten du arroltze bat. Gero badoa bertze bihi batean lan beraren egitera, eta hola bihiz bihi, bakotxean bere arroltzea emanez, barnean dueno zertarik. Bainan marmutxa harek bihian egin xiloa, eta hartan errun arroltzea hain dira ttipiak, nun begiz ezin baititezke ikus. Behar dira hortakotz hartu bixta ainitz azkartzen duten berina batzu.

Harra laster ateratzen da arroltzetik, eta berehala lotzen zaio bihiari. Axala osorik utziz, jaten du emeki emeki, barneko irin guzia. Hirur edo lau aste irauten du hazkurri horrek. Azkenekotz bada bera bihiaren betea. Begira, nehork ezin lezake erran, ogi bihia barnez jana dela, hain ederki baitu harrak, irina iretsiz, oso utzi estalgia. Baina har bazindeza bihi hura erien artean, eta zapa, leher liteke bertzeak egiten ez diren bezala. Urratzen baduzu bihi hetarik baten axala, ikusiko duzu harra edo oraino ala dela, edo ari arroltzea errun zuen marmutxaren itxura hartzen. Arroltze bakotxetik ateratzen da beraz harra, eta har bakotxetik errule berri bat. Gauza horiek hurbiletik ikertu dituzten gizonek diote marmutxa hoirietarik pare batek errun arroltzeetarik atera ditezkela, urte bakotx, zortzi edo hamar mila harretaradino. Balira beraz ehun pare ogitegi batean, jan lezakete hetarik atera harrek, zaku bat ogi ez baita guti.

Ogian arroltzeak erruten dituzten bertze ihiziak dira bi jinko-oilo mota. Jinko-oilo horietarik batzuek arroltzea erruten dute ogi bihiaren gainean. Arroltze hartarik atera harrak, nahiz den ttipia, berak xilatzen ohi du bihiaren axala, eta gorago aipatu dugunak bezala, jaten dio barnea. Han jinko-oilo bilakatzen ohi da, gero erruten hasteko bere aldian.

Bertze jinko-oilo motaren umea ez da orobat ari. Bihiaren barnerat sartzeko orde, ahotik darion hari batekin, lotzen ditu elgarri, bortz sei ogi bihi, eta bera heien erdian dagoelarik, haskatzen ditu bihi hek guziak; gero bere gordegiatik ateratzen da jinko-oilo. Horra etsaiak zoin diren eta nola ari.

Nola ezagut harrak ogian direla? Aski duzu hortakotz hartzea ahur bat ogi bihi, eta urean emaitea. Bihi osoak joanen dira uraren zolarat, eta bertzeak, direlakotz arinagoak, egonen dira gainean igerika. Orduan, zure begiz ikusteko etsaia han duzula urra ezazu bihi horietarik zonbeiten axala, eta hatzemanen duzu ihizia barnean.

Zer egin orduan? Ohartzen zirenean harrak badituzula ogian, edo zoin motetako izan diten, ote da zer egin heien hil arazteko? Anitzek, noizetik noizera, azkarki nahasten dute ogi meta, edo bihitegiaren buru batetarik bertzera aurdikitzen, haiza dadin gatik ongi. Bertze batzuek ezartzen dituzte ogian usain azkarreko belar batzuetarik. Ageri den gauza da bide horietarik bataz ala bertzeaz, marmutxa eta jinko-oiloak ihesi igortzen ohi direla, anitz ere bai Iehertzen. Orobat bihiaren axalean diren arroltze anitz galtzen dira. Bainan bihiaren barnean diren arroltzeak eta harrak oso daude, eta ihesi joan diren erruleak berriz itzuliko dira beren ohantzerat.

Huna bada nola egin batzuen eta bertzeen hil arazteko, eta bihiaren osoki garbitzeko. Baditeke ainitzek lana luzeegi hatzemanen dutela. Beharra lotzen bazeie, eginen dute halere, luze izana gatik. Eros ezazu lehenik sulfure de carbone deitu ur bat. Begira iduriko du iturritik etorria. Bainan hurbiltzen badiozu sudurra, hatsa gal araziko dauzu bere usain gohaingarriaz. Eta baldin zorigaitzez sua hurbil bazindezako, garretan eman liteke bolbora bezala! Emazu orai zure ogi bihia barrika handi batzuetan. Handiago eta hobe baizik ez dira, lana lasterrago joanen baita. Ez bete hargatik osoki barrika hek, harat hunat ibiliz, ogia ongi nahas ahal dezazun gatik. Barriketan ogia eman eta, ixur ezazu barnerat aipatu dugun hartarik, sei zaku ogirentzat pinta erdi baten heina. Hets gero barrika, inarros ongi, eta utz den bezala, hogoita lau oren. Gero ken handik bihia eta has lan bera zure ogi metak diraueno. Ur hura barrikaren barnean lano bilakatuko da eta itoko ditu bihian diren arroltze eta ihizi bizi guziak, ogiari batere kalterik egin gabetarik. Ezen barrikatik kentzean usain gaixtoa hatzemaiten badiozu, kanpora eta, oren laburrik barnean, batere ez duke. Gogo eman ere lan horren egiteari egun argiz, uste gabean su lot ez dakizun gatik.

Eta orai huna hau azken hitz. Nola hobe baita gaitzetik begiratzea ezen ez eta haren sendatzea, eman ezazu zure ogi bihia leku argian eta ardura har araz ezozu airea. Aipu ditugun ihizi gaixtoek ez dute ez airea ez argia laket. Ohartzen zirenean jinko-oilo xehe batzuetarik anitz badabiltzala zure ogi metaren gainean, edo badituela harat-hunat hari mehe piru batzuetarik, igi orduan azkarki zure ogia. Jinko-oilo ttipi hek arrultze erruleak dira eta piru hek harrek egin lana. Batzu eta bertzeak seinale dira etsaia ogian duzula. Egon beraz erne, edo zure ogitegitik irin baino gehiago zahi aterako duzu.