Horra laborarien etsairik gaixtoenak. Etsai xeheak, banaka deus guti litezkenak. Bainan hanbat eta hanbat badira, mota guzietarik, nun hotz beroez eta erauntsi gaixtoez kanpo, ihizi ez deus horietarik heldu baitzaizko laborariari bere min guziak. Eta hirur etsai horietarik gaitzenak dira harrak.
Norbeiti gogora jinen bide zaio, zertako ote emaiten ditugun elgarrekin solas berean, uli, jinko-oilo eta harrak. Ezen ez dute iduri berenaz elgarri hala atxikiak direla. Ez iduri: bainan hala baita izaitez. Harra ulitik edo jinko-oilotik heldu da, eta harretarik ateratzen dira uli eta jinko-oiloak. Nola hori? Huna. Jakingarri den gauza bat da hau. Uli eta jinko-oiloek arroltzeak erruten dituzte beren orduetan. Arroltze hetarik sortzen da, ez uli bat ez eta jinko-oilo bat, bainan bai zure eta ene baino gehiago uli edo jinko-oiloren egiterik ez duen har bat. Har hura, emeki emeki, batzuetan arte laburrez, handitzen ohi da beti itxura bera daukalarik beti har, ez hegalik ez eta bertze edo zoin arroltze errulearekilako itxurarik gabe. Bizkitartean har hartarik datorke uli edo jinko-oiloa, ez errutez, ez eta ere sortzez; bainan har hura bera da uli edo jinko-oilo bilakatzen. lkus dezagun xeheki gauza hau. Nihun ez dira hobeki ezagun Jinkoaren jakitate eta indar izari gabeak, ezen ez gauza ttipi eta ez deus horietan.
Lehenik bada uli edo jinko-oiloek erruten dituzte beren arroltzeak, bainan ez itsura, edo nun nahi. Ezen arroltze hetarik aterako den har ilauna, sortu bezain laster hil liteke, baldin ez balu han berean hatzemaiten haren sabelari doakon hazkurria. Hazkurri hura ez dio amak emanen ahora, bertze asko umek ukaiten duten bezala. Errunez geroz, ez uli ez eta jinko-oiloek ez ohi dute beren arroltzeez artarik hartzen. Bertze alde, gutiz gehienek hilak ere dira umeak arroltzetik atera gabetarik. Eta bizkitartean har hori ezin ditake edo zer janez bizi. Zonbat ere baita uli edo jinko-oilo mota, hanbat ere hazkurri mota dute hetarik atera harrek. Badira harrak aza janez bizi direnak, badira bizi direnak arbi janez; orok ezagutzen ditutzue batzu eta bertzeak. Badira gasnako harrak, badira haragikoak, eta bihikoak; badira gerezikoak eta badira sagarrekoak. Hitz batez, zenbat ere baita landare, edo frutu, edo haragi, -edo jateko mota, hanbat ere da har mota.
Eman bazindeza orai azako harra arbian, edo arbikoa azan, gasnakoa haragian, edo haragikoa gasnan, eta orobat hertze guziez, har horiek, beren gogorako ez duten hazkurri horri, lotu baino lehen, utziko dituzte beren buruak goseak hiltzera. Hauxe da orai gauza guziz miragarria. Uli eta jinko-oilo bakotxa, Jinkoak emanikako asmu batek ekartzen du bere arroltzeen errutera hetarik atera behar diren harrek beren hazkurria hatzemanen duten lekuan. Umeak aza jale dituzten jinko-oiloak errunen ditu bere arroltzeak aza ostoan, bihi jale dituenak bihian, eta bertze guziek orobat, zoinek bere hazkurriari buruz. Nahiz jinko-oiloek ez dakiten zeren beharra duketen heien umeek; ez dakite umerik ukanen dutenez ere. Nundik dakikete? Ez dituzte behinere ikusi eta nehork ez deie holakorik irakatsi.
Nonbeit hor liteke oraino baldin jinko-oiloa bere arroltzeak emaiten dituen gauzetarik janez bizi balitz. Bainan ez. Jinko-oiloak, irauten dituen egun laburretan, bere hazkurri apurra biltzen du Iili edo loreetan, eta ez aza osto edo bertze zerbeit holakotan. Sobera jaun edo andere handi da hortako. Bera lorez lore, hautaka ibili ondoan, joanen da haragi ustelean arroltzen errutera. Zer itxura gabeko gauza! Egia halere.
Beraz amaren asmu horri esker, arroltzetik ateratzean, harrak askiko du den Iekuan ausikitzea here hazkurriaren hatzemaiteko. Eta hitz dautzut lotzen zaiola indar guziez. Ezen harra jale handi da. Goizetik arrats, arratsetik goiz, ez da jatetik gelditzen. Jan eta jan, sabela bete eta huts, bi lanak batean, ahamen baten egiteko artea galdu-gabetarik ari da, hartarik atera behar duen uli edo jinko-oiloaren gorputz guzia hartu artean. Ezen bai uli bai jinko-oiloak lehen egunean behinere izanen diren bezain handi dira. lkusi badituzu uli ttipiak eta jinko-oilo ttipiak, ez uste ukan umeak direla eta gatu ttipiak bezala banditzekoak. Mota ttipi batzuetarik dira hek. Ttipi sortu eta ttipi hilen dira.
Harrari dago heraz handitzea, arroltzetik abiatu eta, errulearen heineradino. Izari hortara heltzeko, ez dute har guziek orobat denbora behar. Badira lan hortan emaiten dituztenak hirur urteetaradino. Bertze batzuek lan bera egiten dute zonbeit astez, edo ere zonbeit egunez. Hortik heldu da anitz emendatzen baitira. Jan duenean aski, egin duenean aski gorputz, huna nun harra emaiten den bere beteko kusku baten barnean. Kusku hura egiten dute asko harrek beren sabeletik ateratzen duten hari batekin, sare baten pare; bainan hain xehe, hain tinki, hain azkar nun ez baita nihundik ezagun barnean den ihizia, eta sare haren urratzeko indar egin behar baita. Bertze batzu itzulikatzen ohi dira osto baten barnean, eta hunen hegalak elgarri lotzen dituzte ahotik darioten gozo batekin. Erran zindezake ilar bihia lekaren barnean. Badira errautsarekin egiten dutenak kusku hori, ahoko gozoan aratuz erautsa. Badira ere, kuskurik egin gabe, lurpean sartu eta, han daudenak.
Arbolen barnean bizi direnek, egur janez, badute beren alagia, behar duten gordegia, bertze lanik egin gabetarik. Barna joanak badira arbolaren mamian, heldu dira axalaren ondora bainan kanpora agertu gabetarik. Ezen harrak etsai gaixtoak badira, badituzte ere etsai gaixtoak, begia emeki dabiltzanak heien ondotik. Jatetik gelditu eta, beren kuskuan edo gordegian badaute harrak, iduri lo. Ditzagun utz daudela. Bertze aldian ikusiko dugu ez direla egiazki lo, eta harra gorde zen lekutik ikusiko dugu ateratzen uli edo jinko-oiloa.
- * *
Dezagun ikus orai zer ari ote den harra here kuskuaren barnean. Orok dakiten gauza da kusku hartan har sartu eta, handik jinko-oilo edo uli ateratzen dela errulearen itxurala. Nola aldatzen ote den batetik bertzera, eta nola ateratzen bere saretik, jakingarri liteke. Bainan nork daki hori, kuskuaren barnean gordea dagoelarik denaz geroz harra jinko-oilo bilakatzen? Badira bizkitartean gizon deinutsuak gauza hori ongi dakitenak, eta hek erakutsi bideaz, bakotxak bere begiz ikus dezake egia diotela. Huna bada nola. Jakiteko da lehenik nola mota bakotxeko harrer, agerian daudeno, ara berak ikusten baiteiezkitegu, orobat ari direla ere kuskuan gordeak daudelarik. Dakienak beraz nola ari den eta nola dabilan hetarik bat, badaki ere nola dabiltzan eta nola diren ari mota bereko bertze guziak.
Huna orai ezagutza hortara heltzeko bidea. Harrak burua kuskuan gorde duenetik zenbeit egunen buran, urratzen baduzu haren kuskua, ikusteko zertan den edo zer ari, erran dezakezu mota hartako har guziak orobat direla eta hein berean. Geroxago urra ezazu bertze kusku bat, eta orobat egin bertze zonbeiti, noizetik noizera, ihizia kuskuan dagoeno, bola hadakikezue, xehe eta xuxen, nola harrak bilakatzen ohi diren jinko-oilo. Huna bada, gauzak xeheki ikertuz, zertsu duten íkusi aipu ditugun gizon deinutsu eta jakintsunek.
Kuskuan sartu eta egun laburrik barnean, harrari gogortzen ohi zaio larrua, zimurtzen, eta gero erdiratzen bai bizkarrean, bai sabelpean, bai bi sahetsetan. Emeki emeki harrak larru edo zakar hura jauz arazten du, eta bere kuskuaren xoko batetarat arrimatzen. lkusgarri da orduan gelditzen den ihizia; xuri xuria, berina garbi batek bezala, argia alde batetik bertze ageri duela; ez da gehiago har, gutiago oraino da jinko-oilo. Zonbeit egunen buruan abiatzen zaizko agertzen errulearen, eman dezagun jinko-oiloaren, itxura guziak; hegalak, zangoak, burua bere begi gogor eta adar mehekin. Egun laburrez batzu eta bertzeak, behar duten izariradino handituak dira; bainan oro gorputzari hertsiki lotuak daude. Erran zindezake haurtto bat bere amak arta handirekin troxaturik emana.
Orai kanpoa nahi luke jinko-oiloak, airea eta iguzkia, bere apaimendura ederraren erakusteko. Bainan nola aterako da bere kuskutik? Balitu oraino har bezala zituen hortz azkarrak, balu orduan zuen buruko estalgi gogorra. Bainan ez; horiek oro galdu ditu bere larruarekin. Berak egin presondegian hil bebar ote du bada ihizi eder horrek? Ez, Jinkoak ez du hein hortaratu, xedera heltzearekin galuztekotan. Eman dio Jinko-oiloari zertaz hauts bere sarea. Zer ote? Nork erran lezaukat hori? Aitor dut niri ja ez zitzautala holakorik gororatuko.
Begiekin urratzen ohi du Jinko-oiloak bere kuskua, ezen begiak berina bezain gogorrak ditu, eta legun eta biribil izaiteko orde, ezkainka hautsiak. Jin zaioenean bada kanporat ateratzeko ordua, jinko-oiloak bere begiekin zarra-zarra, hausten du lehenik bere sareko piru bat, gero bertze bat, azkenekotz aski, buruaren kanporat emaiteko. Burua doan xilotik badoake gorputz guzia eta horra nun duzun, gutieneko ustean, jinko-oiloa airean, arinik, alegerarik, eta ederrik.
Orai, xuhur bazira, hatzeman czazu úta hil. Zer, hil dezadan ihizi bat hoin ederra? Bai hil, eta berehala halere. lhizietan, jendeetan bezala, ederra eta ona biga dira. Eta egia baizik ez da jinko-oiloa eder bezain gaixto dela. Bainan zer kalte egin dezake jinko-ailoa bezalako ihizi ilaun batek? Aitor dut, deus handirik ez, jinko-oilo deno. Aste bat iraunen du, ardura gutiago, gorenetik joanen da bi astetara. Lore baten edo bien gozoak haz dezake. Bainan arte hortan erruten ditu arroltzeak. Ez biga edo hirur, bainan ehunka; eta zonbeitek miletaradino eta gehiago. Arroltze hetarik bakotxa emanen du umeak behar duen alagian, eta makurrez kanpo, jinko-oiloaren arroltzetik aterako da har bat, har jale handi, ezin ase bat, zure landareen erro, osto, lore fruitu eta zura bera, gogorra izana gatik, janen dituen harra.
Hil bada, hil jinko-oiloa; hatzeman errex da kuskutik ateratzean, oraino hegalak gogor ditu orduan, bai eta ere arroltzeen erruten ari denean, zeren orduan osoki bere lanari baitago. Bainan bi arte labur horier kanpo, itzala bezain iheskor da jinko-oiloa. Zer egin hada etsai horren osoki nausitzerat ez uzteko? Hil harrak hatzeman errexak dira. Hil beraz hatzeman har guziak. Leher zangoez, lot eskuez beldurrik gabe. Harra hilez, hilen duzu hartarik atera liteken jinko-oilo errule handia, laster bazter guziak harrez bete litzakena, eta laboraria gosez hil araz baldin ez balitu hunek bere alde xori har eta jinko-oilo jaleak!