Hezkuntza eta soziologia  (1922)  Émile Durkheim, translated by Paulo Iztueta Armendariz
Epilogoa
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Epilogoa

Epilogo hau zertara datorren argitu beharrean nago. Durkheimen beste edozein liburu izan balitz, beharbada ez zen honetako behar larririk egongo. Baina liburutxo hau, bere txikian hain da berezia bere egituran eta hain aberatsa bere edukinean, iruditu zait xehetasun batzuk ematea ondo etorriko dela testuari zuzenean zuku gehiago atera ahal izateko. Testu hau osoro eta aise ulertzea oztopatzen duten zailtasun batzuk bakarrik aipatuko ditut.

Idazlan hau, liburu bat baino gehiago, saiakera desberdinez osatutako bilduma bat da: lehenengo biak artikuluak dira, eta azkeneko beste biak, berriz, hitzaldiak. Eta laurak garai eta helburu desberdinekin egindakoak. Honek esplikatzen du zergatik batean esandakoak bestean errepikatzen diren, askotan parrafo-mordo bat. Beraz, nahiz eta hemen harrotzen diren gaiak batasun organikorik baduten, irakurleak berak bilatu behar du batasun hori lotura asko bere kontura eginez, saiakera horien egitura ez baitago, funtsean, liburu baten arabera pentsatuta.

Bestalde, saiakera hauetan eraikitzen duen diskurtsoa, klasikoek ohi duten bezala, arrazoiketa dialektikoa erabiliz azaltzen eta biribiltzen ditu bere iritziak, besteen esanen gainean oinarritu eta horien kontra edo alde bere arrazoibide propioa landuz, alegia. Argia ilunarekin kontrastatuz definitzen den bezala. Diskurtsoaren eraikuntza formala ez da hutsetik abiatuta eraikitzen. François Chatêlet irakasleari behin baino gehiagotan entzun nion eskolan diskurtso zientifikoaren kutxa, ezagutzen metaketa soila baino gehiago, kritikaren gainean egindako etxe bat dela, beti eginean dagoena, zutik kritikaren bidez bakarrik eusten zaiona. Horrelako zerbait gertatzen da Durkheimekin ere. Honek eskola desberdinetako autore dexenteren aipuak dakartza: Ingalatarreko korronte positibistaren barruan James eta John Stuart Mill, Spencer, Locke, Bain, etab.; Alemaniako idealismoan Kant, Herbart eta; Frantzian pedagogo humanistak, ilustratuak eta naturalistak nahas-mahas, hala nola, Montaigne, Rabelais, Helvetius, Jacotot, Rousseau eta; Suitzan, Pestalozzi. Eta besterik. Autore-mosaiko handia bezain aberatsa, gehienbat Errenazimentu klasikotik Ilustrazioa bitarteko epealdia besarkatzen duena. Guzti horiekin elkarrizketan bezala iharduten du, hezkuntzak zer ez lukeen izan behar definitzeko orduan, batez ere.

Autore horiek oso zeharka aipatzen baititu eta aipatzen, gainera, eztabaidatzen ari den puntu bat bakarrik azpimarratzeko helburuarekin, espezializatua ez den irakurleari zaila egingo zaio argumentuaren indarra bere osotasunean jasotzea, baldin ez badu ezagutzen aipatutako autore horien pentsamendua. Liburu honen irakurlegoa, gehienbat, Pedagogia eta Hezkuntza-Soziologia lantzen ari direnen artean aurkitzen dela pentsatzen baitut, arrazoi didaktikoek eraman naute testu-ohar hauek lantzera, eztabaidatutako arazoaren alderdi historikoari garrantzia emanez eta, tarteka, ohar kritiko batzuk eginez.

Euskara unibertsitate-irakaskuntzan sartuta dagoen une honetan, erantzukizun handikoa da gure hizkuntzaren erabilera tekniko-zientifikoa oso arreta handiz zaindu eta lantzea, areago euskarak arlo horretan inolako tradiziorik izan ez duenean. Zorionez, ez gaude zero puntuan. Urratsik eman da hizkuntz normalkuntzaren arlo espezifikoan: hasteko UZEIn, lexikogintza eta terminologian, baita Unibertsitatean bertan ere, irakaskuntzaren eguneroko praxian. Egin diren ekarpen hauek aintzakotzat hartzekoak direla uste dut eta, itzulpen honi dagokionez, esan beharrean nago iturri horietan oinarritu naizela.

Itzulpenetan, batez ere jatorrizko testua aldamenean ez datorrenean, askotan ez da jakiten hitz batek zein kontzeptu adierazten duen, edo nahi duen. Belarrira ondo badatorkizu, aurrera, eta bestela hor konpon. Eta bitartean zehaztasunak, zientzia guztietan oinarrizkoa den printzipioak, ihes egiten dizu. Oraindik ere gure artean nagusi den barreiakuntza semantikoari ateak itxiz joateko asmoarekin, saiatu naiz hezkuntzari dagokion hiztegia ahalik eta zehatzena ematen.

Aukerak egiteko orduan, zalantzarik izan dut. Modu askotakoak. Adibidez, Durkheimen "fait social" nola euskaratu? UZEIko hiztegietan, bi sarrera daude  "fait" hori adierazteko:  "gertakari" eta  "egitate". Segun eta nondik begiratzen zaion, biak erabilgarriak, bietatik baitu zerbait. Badirudi Durkheimek kontzeptu horri ematen dion esanahia "action"en baliokidea dela, hala dakar bederen Guy Rocherrek (Introduction à la sociologie générale, I, Paris, Ed. HMH, 1968, 28), eta horrexek bultzatu nau "egitate" hitza onestera.

Bestalde, Pedagogiaren arloan, badira kontzeptu batzuk, berdinak izan gabe, oso mugakideak direnak, hala nola: educación, formación, instrucción, enseñanza, aprendizaje, estudio, etab. Hor gabiltza guzti horiek  "hezkuntza" eta  "irakaskuntza" hitzen bidez eman nahian. Horietako bakoitzak hain esanahi espezifikoa du, ezen ezin baitira denak zaku-pare horretan sartu. Horregatik, etxeko harrobia areago landu bitartean bederen, jatorrizko testuan datozen bezala errespetatu dira: hezkuntza, formazio, instrukzio, irakaskuntza, aprendizaia, ikasketa, etab.

Beste hitz batzuekin ere antzeko zerbait gertatu zait: alegia, autoritate, aspirazio, obligazio, soluzio, zirkunstantzia eta horrelakoak bere horretan utzi ditudala, horien euskarazko ordain-asmotakoak aski zehatzak ez direla iruditu zaidalako.

Irizpideak irizpide, erabilerak berak neurtuko du, azken batean, hitz-hautaketa honen egokitasuna.