Juramentuba  (1862) 
Bilintx

Juramentuba


1
Begi urdiñak dituzu eta
arpegi zuri-gerriya,
nere biyotzak maite zaituben
aingeru zoragarriya;
zumia beziñ biguña eta
mia da zure gerriya,
estutu bage artu liteke
bi eskubakin neurriya.

2
Lengo batian, izar berriya,
ongi fortuna nerian,
maite ninduzun galdetu eta
baietz erantzun zeniran;
pozakiñ iya zoraturikan,
aditu eta segiran,
beso eskuia estutu nuben
zure gerriyaren jiran.

3
Neri begira gelditu ziñan
buruba triste etzanaz,
ni ere zuri begira negon
«Maite neria!» esanaz;
luzaro ala egondu ginan
suspiriyuak emanaz,
biyok elkarren begiyetatik
amoriyua eranaz.

4
Ongi penakin askaturikan
zure gerritik besua,
ez zait aztuko nola esan nizun
«Nere maitetxo gozua!
Zorionaren ekartzallia,
izar amoriosua,
zu adoratzen igaroko det
nere bizitza osua!

5
Maite nazula len esan dezu,
berriz esan zazu arren!
Ez naiz entzutez gogobeteko
milla bider esan arren;
nun ta zerubak erabakiya
beste moduz ez dakarren,
denbora gutxi barrun gu biyok
izango gera elkarren.»

6
Imajiña bat zillarrezkua
kordoi batekin lotuba
begiz aurrian jarri zeniran
kolkotik ateratuba,
zeñetan zegon gurutzeturik
Jaunaren Seme santuba
«Onen aurrian —esan zeniran—
egizu juramentuba!»

7
Faltsiyarikan ez zeguela
nere biyotz xamurrian,
proga emango nizun eguna
arkitzen zala urrian,
begiratuba imajiñan ta
belaun eskuia lurrian,
juramentuba eskeñi nizun
Jaungoikoaren aurrian.

8
Fintasunakiñ kunplituko det,
ez da zer egon zalantzez,
denborarikan igaro gabe
gogo txarrezko balantzez;
erakutsitzen baldin badizut
faltsiyarikan mudantzez,
nere biyotza bete dezala
damutasunak arantzez.