Loriak  (1862) 
Bilintx

Loriak


1
Beti nik damari
loriak ugari,
endemas pixka bat
maite naubenari;
damak berriz neri
—gezurra diruri!—
osiñez pagatu
lorezko zor ori.

2
Oso nago mendian
jaungoiko itxubaren,
ama Venus'engandik
jaiotakoaren;
neroni ez naiz jabe
nere biyotzaren,
gaxua preso dakat
amoriyuaren.

3
Sartutzen dan bezela
balkoi batetikan
eguzkiya gelara
kristaletatikan,
modu ortaraxe beiñ
igaro zitzaitan
biyotzera dama bat
begiyetatikan.

4
Biyotz nerian preso
gelditu bire zan,
geratzen dan bezela
txingarra iyeskan;
obligatuba dago
egotera bertan,
nun-ta biyotz ta guzi
ateratzen ez dan.

5
Ditu ille urrezko
albiñu luziak,
alakorik apaintzen
ez du orraziak;
frankotan inbiriya
eman dit aiziak,
aren trentza tartetik
jostatzen pasiak.

6
Ondo konparatzia
da gauza eziña
arren begiyetako
urdintasun fiña;
ez da irrutira're
aitatzeko diña
itxasoko bagaren
kolore urdiña.

7
Ez da zer aitaturik
zeru zabala're,
bolaraz urdiñ-urdiñ
jarritzen dala're;
aingeru neriaren
begiyak alare
urdiñ purubagoko
zerubak dirare.

8
Izarrak dirurite,
aiñ ditu argiyak,
aingerubak zerutik
jetxita jarriyak,
gloriyan egintako
ispillu garbiyak,
Jaungoikua badala
gogoragarriyak.

9
Cupido'k eritzen nau
fletxakin berriro,
neregana jiratzen
dituben aldiro;
biyotzera sartzen zait
eztiro-eztiro
amoriyotasun bat
gozua guztiro.

10
Aren ezpaiñ gorriyak
nere atsegintzat,
ondo merezi dute
famatzia fintzat;
zerbaitez apartetik
ikusita beintzat,
mundu guztiyak artzen
ditu krabelintzat.

11
Farrik egiten badu
zerutar birjiñak,
erakusten dituben
ortza txiki fiñak,
txuriz elurrarekin
dirare berdiñak;
perlak iruri dute
zillarrez egiñak.

12
Gozuaren birtutez
aren asnasiak
lo-arazitzen ditu
nere oñaziak;
usai oberik ez du
banatzen aiziak,
loriak maitatubaz
baratzan pasiak.

13
Lepo biribilla ta
gorputza liraña,
txikiz ez det esaten
oñaren tamaña;
ibiltzen airetsuba,
jantziyan apaña,
aren graziyak dira
eziñ esan aña.