Korridorean eseritako gizona 5
←Korridorean eseritako gizona 4 | Korridorean eseritako gizona (2021) , translated by Luis Alfonso Lopez Labrador |
Korridorean eseritako gizona 6→ |
Gizona eserita izango zatekeen korridoreko itzalean kanporantz irekitako atearen aurrean.
Harengandik metro gutxitara
harrizko bide batean etzanda dagoen
emakume bati begiratzen dio.
Haien inguruan bada lorategi bat
malda latz batez zabaldi batera
erortzen dena, zuhaitz gabeko muino
luzeak, ibai bat inguratzen duten
zelaiak. Ibairainoko paisaia ikusten
da. Gero, oso urrun, eta zerumugaraino,
tarte lauso bat, beti lanbrotsua
den eremu ezin zabalago bat
zeina itsasokoa izan baitzitekeen.
Emakumea pasieran ibili zen
aldapako gandorretik ibaiaren aitzinean
eta gero itzuli zen orain den
honetara, korridorearen aurrean
etzanda, eguzkitan. Berak, berak ez
du gizona ikusterik, udako argiaren
itsudurak etxeko barne itzaletik
bereiztua dauka.
Beraren begiak erdi irekita ala
itxita dauden ezin da esan. Atseden
hartzen ari dela badirudi. Eguzkia
gogorra da jada. Jantzia du
soineko argi bat, zeta argizkoa,
aurre aldetik urratua, bera ikustea
uzten duena. Zeta azpian gorputza
biluzik zegoen. Distira galdutako
soineko zuria izango zatekeen
agian, antzinakoa.
Horrela egingo zukeen batzuetan.
Batzuetan ere, guztiz ezberdina
den beste modu batez. Ezberdin
beti. Hori da berarengan ikusten
dudana.
Ez zukeen ezer ere esango,
ezer ere ikusi. Korridore ilunean
eseritako gizonaren aurrean, bere
betazalen azpian da itxia. Horietan
zehar zeruko argi nahasia antzematen
du. Badaki gizonak so
egiten diola, dena ikusten duela.
Begiak itxita badaki hori nik
dakidan bezala, neuk begiratu
egiten dudana. Ziurtasun bat da.
Antzeko laxokeriaz ordu arte
erdi tolesturik utzitako hankak
biltzen dituela ikusten dut,
mugimendu kontziente eta neketsu
batez estutzen dituela. Hain gogorki hesten ezen gorputza
deformatu egiten baita eta bere
ohiko bolumena pixkaka galdu
egiten den. Eta gero ikusten dut
bat-batean esfortzua amaitzen dela
eta, berarekin batera, mugimendu
guztia. Hona hemen supituki
gorputzak behin betiko irudi baten
zuzentasuna baduela. Besoaren
gainean burua etzanda, lo era
horretan immobilizatu egin da.
Berari buruz isilik dagoen gizona.
Haien aurrean, ibaira jotzen duten muino luze aldaezinak. Hodeiak agertzen dira, denak batera doaz, elkarren atzetik ari dira moteltasun erregularrez. Ibai ahoaren norabidean doaz zehaztugabeko eremu ezin zabalagorantz. Haien itzal ilunduak meheak dira, zelaien gainetik, ibaiaren gainetik.
Zabaldegiko etxetik ez da
hotsik iristen.
Emakumea berriro mugitzen hasia izango zatekeen. Begiratzen ari den gizonaren aurrean, motel eta luze egingo zukeen. Korridore ilunean argia irensten duen begien urdinak, badaki ongi asko, bera zulatu egiten du. Orain, hankak altxatu eta gorputzaren gainerakotik bereizten dituela ikusten dut. Bildu dituen bezala egiten du orain, mugimendu kontziente eta neketsu batez, hainbesteko indarrez ezen bere gorputza, aurreko unearen kontrara, bere luzeran mutilatua agertzen den, deformatua itsustasuna litekeeneraino.