Korridorean eseritako gizona 6

Korridorean eseritako gizona  (2021) 
Marguerite Duras, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

Berriro ere immobilizatzen da horrela irekia beraren aurrean. Burua oraindik ere gorputzetik alderatua, besoaren gainean etzanda. Orduz geroztik jarrera lizun, basati horretan geratzen da. Itsusi bihurtu da, itsusia baledi izango zatekeen hori bihurtu da. Itsusia da. Egun, han da, bere itsustasunean.

Ezpain aldebanatuen artean sexuaren barrendegia ikusten dut eta haren inguruan gorputz osoa txunditzen dela gero eta gehiagora doan kiskaldura batean. Ez dut aurpegia ikusten. Edertasuna ikusten dut igeri, dudakor, aurpegiaren inguruan, baina ez dut lortzen honekin batu dadin beraren bihurtzearren. Bere obalo desbideratua baizik ez dut ikusten, planoa garbi oso, tenkatua. Begi itxiok berdeak behar luketela izan uste dut. Begiotan gelditu egiten naiz. Nereak direnetan denbora luzean edukitzen lortzen badut ere ez didate aurpegiaren osotasuna ematen. Aurpegiak ezezagun irauten du. Gorputza ikusten dut. Osoa ikusten dut hurbiltasun bortitzez. Izerditan blai dago, zuritasun itzelezkoa den eguzki klartasun batean dago.

Gizonak itxarongo zukeen oraindik.

Eta gero emakumea helduko zatekeen. Hain gogorra da eguzkiaren indarra ezen horri eusteko oihu egiten baitu. Hozka egiten dio jada urratua den soinekoaren beso aldeari eta oihu egiten du. Izen bat ahoskatzen du. Eta etor dadila.

Norbait badabilela aditzen dugu hark eta biok. Gizona mugitu egin dela. Korridoretik irten egin dela. Nik ikusi eta esan egiten diot. Mugitu egin dela, korridoretik irten dela. Bere mugimenduak hasieran tupustekoak, motzak direla, ibiltzen jakingo ez balu bezalakoak eta gero motelak bihurtzen direla, oso motelak, gehiegizko moteltasunezkoak. Badatorrela. Hor dela. Berarengandik haratago, ibairantz so egiten duten begien urdin kolorea ikusten dudala.


Gizona emakumearen aurrean gelditu da, itzal egiten du haren formaren gainean. Betazalen artetik, argi ilundura sumatu behar du, haren gainean goititzen den gorputzaren forma altuaren itzala non harrapatua den. Kiskaldura-etenak badakar soinekoari itsatsitako ahoaren lasaitzea. Gizona hor da. Emakumeak, begiak oraino itxirik, soinekoa askatzen du, besoak itzultzen ditu gorputzaren luzerari buruz bere aldaken fluxu artetik, hanketako tartea aldatzen du, gizonarenganantz okertzen ditu beraz are gehiago ikus dezan, harengan bere sexu arrakalatua ikusia izateko neurririk handienekoan baino gehiago ikus dezan, beste gauza bat ikus dezan, baita ere, aldi berean, beste gauza bat harengan, harengandik gaintzen den aho okakor antzekoa, erraietakoa.

Gizonak itxaroten du. Emakumeak begi itxitako aurpegia itzalerantz darama eta bertan itxaroten du ere bai. Orduan, aldi berean, gizonak ekiten dio.

Lehendabizi ahoaren gainean. Irristadak ezpainetan, eskainitako hortzetan jo du, begiak eta ilea zipriztintzen ditu eta gero gorputzetik jaisten da, bularrak gainezkatzen ditu, motela jada isurtzean. Sexura iristen denean berrindartu egiten da, bere berotasunean urtzen da, nahastu egiten da haren jariakinekin, haguna, eta gero ihartu egiten da. Emakumearen begiak erdi irekitzen dira begiradarik gabe eta berriro ixten dira. Berdeak.