Korridorean eseritako gizona 9

Korridorean eseritako gizona  (2021) 
Marguerite Duras, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

bada horren kontra atentatzeko debeku formala. Debekatua. Emakumeak ezin dio hobeto heldu baizik eta kontu handiz laztanduz mingainarekin bere hortzen artean. Ikusten dut zera: gogoan eduki ohi den hori berak ahoan daukala, gauza arrunt eta basa hori. Gogoan klikatu egiten du, horretaz elikatzen da, gogoan ase egiten da. Krimena bere ahoan den bitartean, gidatu besterik ezin du egin, gozamenera gidatu, hortzak prest. Bere eskuekin heltzen, itzultzen laguntzen dio. Baina antza denez, horrek ez daki itzultzen jada. Gizonak oihu egiten du. Eskuak emakumearen ileari helduak direlarik toki hartatik aldentzen saiatzen da, baina indarrik ez du jada eta berak, emakumeak, ez du utzi nahi.

Gizona. Buruak gorputzari ihes eginda intziri egiten du, jeloskor eta emanda. Bere auhenak badatorrela oihukatzen du, heldu egiten dela, horrenbeste maitatua izatearen kontraesan mortifikagarria oihukatzen du. Hari, emakumeari, ez dio axola. Bere mingaina bestelako emagune horretara jaisten da, azal azpitik desagertzen den horretara iristen da eta gero mantso berriro igotzen da bere ahoan heldu eta eutsi arte lehenago utzi izan duena. Etengabeko xurgapen mugimendu batean irentsita izateko zorian atxikitzen du. Gizona jada ez da ezertan ere saiatzen. Begi itxiak. Bakar. Keinurik gabe, oihu egiten du.

Han goian, oihua, auhena zorrotzagoa da, ia haur batena bezalakoa hasieran eta berehala barrendu, sakondu egiten da, hain era mingarriaz ezen emakumeak harrapakina askatu behar baitu. Askatu egiten du, aldendu egiten da, izterrak berarengana gehiago hurbildu, bereizi egiten dizkio eta usain heze eta epela hartzen du. Luzamendutan dabil, aurpegia gizonak beraz inoratzen duen horretan duela, usain kiratsua hartzen du luzeki.


Emanda ikusten dut eta emakumearekin batera begiratu egiten duela berriro ere. Bere ahaleginetan behatzen diola, ahal zaion neurrian amore ematen duela emakumearen aurrean. Bera den gizon hura goseti hari eskaintzen diola. Orain emakumearen ilean ari da hori taupaka beti ere bihotzaren gorakoekin bat.

Gizonak zorion auhen jasanezina oihukatzen du leunki.

Zerua ate irekitako laukitik pasatzen da emeki. Osoa badoa, lurraren lastertasun motelaz esango genuke. Eredu finkoko hodei multzoak eremu ezin zabalagorantz dira eramanak.

Ahoa irekita, begiak itxirik, gizonaren haitzuloan dago, berarengana erretiratu da, berarengandik urruti, hura bakarrik, gizonaren gorputzaren iluntasunean. Ez daki oso ongi zer egiten duen, ezta zer esaten duen ere, oraindik beste era batez berriro egiterik badagoela uste du. Muin egiten du. Usain kiratsua darion lekuan muin, lamikatu egiten du. Gauzak izendatzen ditu, irain egiten du, laguntzeko hitzak oihukatzen ditu. Eta gero berriro isiltzen da, baita sumindu eta, ankertu ere indar guztiaz gizonaren eskuek atzera eta lurrera bota arte. Gizona berarengana doa. Etzan egiten da denbora luzez beraren gainean, penetratu egiten du, oraindik ere hor darrai, mugimendurik gabe, emakumeak negar egiten duen bitartean.


Gozatu berriak dira. Elkarrengandik urrundu dira. Denbora luzez, lurrean, elkarren ezertxo ere ez dute ukitzen. Solairu lauzak hotz daude, freskagarriak. Oraindik ere negar egiten darrai aldizka, neskato negarrak.

Gizonak bira ematen du berarengana emeki eta hankaren bidez berekin hartzen du.