Korridorean eseritako gizona 8

Korridorean eseritako gizona  (2021) 
Marguerite Duras, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

aitzinean eta mugagabeko zabalgune malba hori lanbroan beti murgildua itsasokoa izan beharko zatekeena. Zabaldiko biluzgarritasuna, euriaren norabidea itsasoarena beharko zatekeen izan. Eta horren indartsua den maitasun hori. Badakit jakin, maitasun indartsu honetaz. Itsasoa da ikusten ez dudana. Gizonak eta emakumeak ikusgai dutenarenetik haratago dagoela badakit.


Gizonak harri bideko arima herratua harengana hurbiltzen ikusiko zukeen.

Emakumea une batez ateko laukian geratuko zatekeen korridoreko freskurara sartu baino lehen. So egingo ziokeen. Arestian bera bezala gizona orain horren aurrean izango zatekeen begiak itxirik. Bere eskuak geldirik daude jarlekuaren besoetan. Ehun urdinezko galtza jantziko zukeen, jantzia du, zeina ireki baitu eta nondik hori, sortzen baita. Forma arrunt eta basa bere bihotza bezalakoa. Bihotza bezala taupadatzen da. Lehen aroetako forma, harrietatik, likenetatik ezbereiztua, antzina-antzinakoa, gizonarengan ezarria eta zeinaren inguruan hark ihardukitzen baitu. Zeinaren inguruan malko mokoan baitago eta oihu egiten duen.

Emakumeak gizonari hitz egiten diola aditzen dut.

— Maite haut.

Honek badakiela erantzuten diola aditzen dut:

— Bai.


Emakumea mugitu egiten dela eta gizonarengandik aldentzen duten hiru urratsak egitear dagoela ikusten dut. Gizona, ihes egiteko keinua egin eta, besaulkian atzera erortzen dela ikusten dut ere. Gero egintzak besterik ez dut ikusten.

Emakumea bere ondora heldu da, haren zangoen artean kokorikatzen da eta horri begiratzen dio, horri bakarrik, bere gorputzaz horren inguruan egiten dion itzalean. Arretaz erabat biluzten du. Jantzia bereizten du. Barnealdeak ateratzen ditu. Horrengandik apur bat aldentzen da, argitan jartzen du.

Gizonak burua jaitsi eta horixeri so dagoela ikusten dut, emakumearekin batera beraren ikuskariari so egiten dio. Bihotzaren erritmoko joalditan ari da taupaka. Hori bera estaltzen duen azal leunaren pean odolaren azpilan iluna zabaltzen da. Gozamenez gainezka dago, atxiki dezakeena baino beteagoa eta horren tinko bere baitan bihurtua ezen batek eskuz ukitzeaz duda egiten duen.

Gizonak eta emakumeak elkarrekin batera so egiten diote. Bitartean ez dute inolako keinurik egiten eta bere horretan uzten dute oraindik.


Haiengandik haratago zuhaitzik gabeko lurraldea dela ikusten dut, iparraldekoa. Itsasoak geldi eta epela beharko zukeela izan. Bero argia da ur kolorgetuetakoa. Hodeirik ez dago jada muinoen gainean, baina oraindik ere laino urrun horrek jarraitzen du. Haren baitatik ihes egiten duen lurraldea da, behin eta berriro ere ikusten dena, sekulan ere gelditzen ez den mugimendua, sekulan ere amaitzen ez dena.


Emakumea astiro hurbilduko zatekeen, ezpainak ireki eta, supituan, gizonaren soin atal ezti eta leuna osoki hartuko zukeen. Ezpainak itxiko zituzkeen horren hasiera markatzen duen azpilduran. Ahoa bete egingo zukeen. Horrenbestekoa da gozaldia ezen malkoak begietara baitatozkio gizonari. Ikusten dut ezer ez dagoela gozamen hau bezain indartsurik ez