Metafisika/Bigarren liburua (a)

Metafisika  (K.a. IV. mendea)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Bigarren liburua (a)
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Bigarren liburua (a)

30) Egiari buruzko azterketa, zaila da zentzu batean, beste zentzu batean, erraza. Horren adierazle da ezinezkoa dela inork modu egokian garaitzea, ezta 993b) erabat huts egitea ere; aitzitik, <filosofo> bakoitzak zerbait esaten du Naturari buruz, eta bakoitzak <egiari> ezer ez edo gutxi gaineratzen badio ere, guztiak bateginik garrantzizko zerbait sortzen da. Beraz, "Zeinek huts 5) egin lezake tiroa ate baten kontra?" esaera zaharraren bidez esateko moduan gaudela suertatzen baldin bada, orduan zentzu horretan erraza omen da; hala ere, zerbait bere osotasunean izateak baina horren zati bat ezin garaitzeak ihardueraren zailtasuna erakusten du. Agian zailtasuna bi 10) zentzutan ematen denez, baliteke haren kausa gauzetan ez izatea, guregan baizik, saguzaharren begiak egunaren argitan bezalaxe, horrelakoa baita gure arimaren adimena berez begi-bistakoenak diren gauzen aurrean. Eta zuzena da esker onekoa izatea horiekin bakarrik ezezik (zeintzuen iritziak konpartitzeko prest bailegoke baten bat), modu arinagoz iritzia eman dutenekin ere; alabaina, hauek ere aportazioren bat egin dute, gure adimenezko gaitasuna ihardunarazi baitzuten.

15) Izan ere, Timoteo izan ez balitz, melodia asko falta genuke; eta Frinis izan ez balitz, ez zatekeen Timoteo izango. Eta berdin egiari buruzko iritzia eman dutenekin: batzuengandik zenbait iritzi jaso dugu, eta beste batzuk, berriz, haiek sortzearen kausa izan dira.

20) Eta Filosofiari egiaren zientzia deitzea ere zuzena da, zientzia teoretikoaren xedea egia baita, eta praktikoarena, berriz, eginkizuna. Praktikoek gauza nola ematen den aztertzen badute ere, ez dute kausa bere baitan kontutan hartzen, zerbaitekiko eta uneari loturik baizik. Baina ez dugu egia ezagutzen kausa ezagutzen ez badugu. Kasu bakoitzean, gainerako gauzekin konparatuz, bereziki du berezko izaera halako horrek, 25) zeinarengatik gainerakoak ere izenkideak baitira (adibidez, Sua beroena da, berau baita beroaren kausa gainerakoentzat).

Beraz, egiazkoena izango da bere ondorengo gauzentzat egia izatearen kausa dena. Hortik betiereko den guztiaren printzipioak nahitaez egiazkoenak izatea beti (ez baitira behin-behineko izaten egiazkoak, ez baitago beren izatearen kausa bat bera ere; aitzitik, hauek<dira> 30) gainerakoen kausa). Beraz, gauzak izatea duen neurrian, horrelaxe du egia.

994a) Argi dago printzipioren bat, behintzat, badagoela, eta den guztiaren kausak amaigabeak ez direla, ez bata bestearen ondoan jarririk, ez espezieari dagokionez. Alabaina, ezinezkoa da materiari dagokionez honelako bat beste halako batetik etortzea, eta honela amaigabeki (adibidez, Haragia Lurretik, Lurra Airetik, Airea Sutik, eta horrela etengabe), ezta 5) mugimenduaren sorburuaren printzipioari dagokionez ere (adibidez, gizakia Aireak mugiarazia izatea, hau Eguzkiak, Eguzkia Gorrotoak, eta prozesu honek inongo mugarik ez izatea); era berean, helburuari dagokionez ere, hau ezin da amaigabeko prozesua izan; adibidez, paseeran ibiltzea osasunerako, hau zoriontasunerako, zoriontasuna beste zerbaitetarako, eta horrela gauza bat beste baterako izatea beti; eta gauza bera 10) esentziari dagokionez, bitarteko gauzentzat, azkeneko eta aurreneko bat dutenentzat, beharrezkoa baita aurrenekoa bere ondorengoen kausa izatea. Eta esan beharko bagenu hiruotatik zein den kausa, lehenengoa esango genuke, eta, jakina, ez azkenekoa; azkenekoa ez baita ezeren kausa, 15) eta bitartekoa ere ez, baten kausa bakarrik baita (eta hau bat ala bat baino gehiago izan, edo amaigabeak edo mugatuak izan, berdin da).

Honelako amaigabeen -eta orokorrean amaigabearen- zati guztiak berdin dira bitartekoak oraingo hau izan arte. Beraz, lehenengorik ez baldin badago, ez dago inolaz ere inolako kausarik.

20) Baina beherantz ere ez dago amaigabeko prozesu izaterik, goian printzipio bat baldin bada, hau da, Sutik Ura baldin badator, honetatik Lurra, eta horrela beste genero bat sortzen baldin bada beti, bi modutan etortzen baita honelako bat beste halako batetik [ez honelako hau halako horren ondoren datorrela esaten den moduan, adibidez Joko Olinpikoak Istmiarretatik datozela]: edo gizona bere bilakaeran haur batengandik datorrela esaten den moduan, edo Uretatik Airea datorrela esaten den moduan.

25) Gizona haurrarengandik datorrela esaten dugun bezala, sortutakoa sortzen ari den horretatik dator, edo garatutakoa garatzen ari den horretatik (bitartekoa beti izaten baita, eta genesia izatearen eta ez izatearen artean bezala, era berean sortzen ari dena ere "den-a"ren eta "ez den-a"ren artean dago; alabaina, ikasten ari dena aditua egiten ari da, eta 30) hortik aditua ikasten ari denarengandik datorrela esatea).

Uretatik Airea datorrela esaten den moduan, bietako bat usteldu egiten da; hortik aipatutako lehenengo moduan haiek elkarrekiko itzulera 994b) ez izatea: gizon batengandik ez dator haur bat (genesitik ez baita sortzen ari dena sortzen, genesiaren ondorengoa baizik; eta horrela, eguna goiztiritik dator, honen ondorengoa delako. Hortik goiztiria egunetik ez etortzea). Aipatutako beste moduan, ordea, badago elkarrekiko itzulera. Bestalde, ezinezkoa da bi moduotan, batean zein bestean, amaigabeko prozesu izatea: lehenengoan, bitarteko errealitateak izanik, amaiera izan 5) behar dutelako nahitaez; bigarrenean, elkarrekiko itzulera egiten dutelako, baten usteldura bestearen genesia delako.

Honez gain, ezinezkoa da lehenengoa den hori, betierekoa izanik, usteltzea; izan ere, gorantzeko genesia amaigabea ez denez, lehenengoa izan zen hori, zeinaren ustelduratik zerbait sortu baitzen, ezin betierekoa izan. Gainera, helburua amaiera da, eta helburua da beste batentzat ez den 10) hori, gainerakoak helburuarentzat direlarik. Beraz, azkeneko jakin bat baldin badago, prozesua ez da amaigabea izango; baina honelakorik ez badago, ez da helbururik izango.

Amaigabeko prozesua baieztatzen dutenak ez dira konturatzen Ongiaren izaera ezabatzen dutela (hala ere, ez litzateke inor ezer egiten 15) ahaleginduko muga batera iristeko ez balitz). Eta den guztian ere ez litzateke Adimenik izango. Adimena duen horrek beti egiten baitu zerbaitetarako, eta horixe da muga. Xedea muga baita.

Bestalde, esentziak ere ez du onartzen esakune zabalagoko beste definizio batera zuzendua izatea, aurreko definizioa beti izaten baita 20) ondorengoa baino gehiago, eta lehenengoa ez badago, hurrengoa ere ez. Eta horrela hitz egiten dutenek zientzia ezabatzen dute, definizioaren osagai zatiezinetara iritsi baino lehen ez baitago jakiterik. Eta ezagutzerik ere ez dago; izan ere, nola uler daitezke zentzu honetan amaigabeak direnak? Alabaina, lerroarekin ez da gauza bera gertatzen: hau etengabe zati 25) daiteke, baina ez dago ulertzerik zatiketa eten gabe (hau dela eta, lerroa amaigabe zatituz gero ezin zenbatu zatiak). Baina materia mugimenduan dagoen horretan ere ulertu behar da. Eta amaigabe den ezerk ere ez du izaterik; bestela, amaigabetasuna ez da amaigabea.

Bestalde, kausen espezieak kopuruz amaigabeak balira ez 30) litzateke ezagutzerik izango, kausak ezagutu ditugunean bakarrik uste baitugu dakigula. Baina gehiketaren bidez amaigabe dena ez dago denbora mugatuan zeharkatzerik.

Entzuten diren ikasgaien arrakasta ohituretan datza. Ohi dugun 995a) bezala hitz egitea estimatzen dugu, eta beste modu batez esandakoek ez dirudite beraiek, ohitura faltagatik ezezagunagoak eta arrotzagoak baizik, ohikoa ulerterraza baita. Ohikoak zenbateko indar duen, legeek jartzen dute agerian: hauetan, ohiturarengatik, alegizkoek eta umekeriek beraiei 5) buruzko ezagutzak baino indar gehiago dute. Batzuek ez dute esana onartzen matematikoki hitz egiten ez bada; beste batzuek, ereduen bidez ez bada; eta beste batzuek, olerkari baten testigantza tartekatzea estimatzen dute. Lehenek dena zorrotz nahi dute; besteei, berriz, neketsu egiten zaie 10) zorroztasuna, arrazonamenduak lotzeko ezintasunarengatik, edo xehetasunarengatik, zorroztasunak honelako zerbait du eta. Beraz, itunetan bezala arrazonamenduetan ere xehetasuna zekena da batzuentzat. Horregatik jakin behar da aldez aurretik kasu bakoitzean nola erakutsi, lekuz kanpokoa baita zientzia eta zientziaren metodoa biak batera bilatzea. Baina ez dira ez bata, ez bestea, ulerterrazak. 15) Gainera matematikaren zorroztasuna ez dago gauza guztietan eskatzerik, materiarik ez duten gauzetan baizik. Horregatik ez da Fisikari dagokion metodoa, Natura osoak, ziurraski, materia baitu. Hori dela eta aztertu behar da lehenengoz Natura zer den. Eta, bide batez, Fisika zertaz arduratzen den ere argituko da [eta ea zientzia bakar bati edo bat baino gehiagori dagokion kausak eta printzipioak ikastea].