I
aldatu20) Badago zientzia bat "den-a den aldetik" eta berez honi dagokiona aztertzen duena. Zientzia hau ez da partikular izendatzen ditugun horietakoa, gainerako zientziotatik batek ere ez baitu "den-a den aldetik" orokorrean ikertzen; aitzitik, honen zatiren bat xehatuta, zati honi dagozkion akzidenteak aztertzen ditu, esaterako zientzia matematikoak. 25) Eta printzipioak eta kausa gorenak bilatzen ari garenez gero, argi dago hauek berezko den izaeraren batenak direla nahitaez. Hain zuzen ere, den guztiaren osagaiak bilatzen zituztenak ere honako printzipioak bilatzen ari baldin baziren, osagaiek ere izan behar zuten den-arenak 30) "den-a den aldetik", eta ez akzidentalki. Horregatik guk ere "den-a den aldetik" honen kausa lehenak ulertu behar ditugu.
II
aldatu"Den-a" zentzu askotan esaten da, baina gauza bakar bati eta izaera bakarren bati dagokionean, eta ez izenkidetasunarengatik, osasuntsu dena 35) zentzu guztietan osasunari dagokion bezala baizik: honek mantendu egiten duelako, horrek sortu, beste hura osasunaren ezaugarria delako,1003b) halako hura osasuna jasotzeko gai delako. Era berean sendagilea sendakuntzari dagokio (izan ere, sendagile esaten zaio bati sendatzeko zientzia duelako, beste bati horretarako berezko duen gaitasunarengatik, halako bati sendakuntzaren obra izateagatik, eta hauen antzeko moduan esaten diren bestelako gauzak ere aurkituko ditugu).
5) Horrela, bada, "den-a" ere zentzu askotan esaten da, baina guztietan printzipio bakar bati dagokio. Izan ere, diren guztiak izendatzen dira batzuk substantziak direlako, beste batzuk substantziaren afekzioak direlako, beste batzuk, berriz, substantziarako bidea, edo usteldurak, edo gabeziak, edo nolakotasunak, edo eragileak, edo sortzaileak direlako, substantziarenak edo substantziari dagokionez esaten ditugunenak, edo 10) hauetako baten edo substantziaren ezeztapenak direlako. Horregatik "ez den-a" ere ez den zerbait badela esaten dugu.
Horrela, bada, osasuntsu den guztiaren zientzia bakarra dagoen bezalaxe, gainerako gauzetan ere gauza bera gertatzen da. Izan ere, gauza bati dagokionaz esaten direnak ez ezik izaera bakar bati dagozkionaz ere aztertzea 15) dagokio zientzia bakar bati, hauek ere, nolabait, gauza bakar bati dagozkiola esaten baita. Argi dago, beraz, "den guztiak den aldetik" ere aztertzea zientia bakar bati dagokiola.
Alabaina, zientziari dagokio nagusiki kasu guztietan lehenengo dena, gainerakoen sustengu den hori, zeinarengatik izendatzen baitira besteak. Beraz, hori substantzia baldin bada, substantzienak dira filosofoak ezagutu beharreko printzipioak eta kausak.
20) Bestalde, kasu guztietan genero bakoitzari sentsazio bakarra eta zientzia bakarra dagokio; adibidez, Gramatikak, bat bakarra izanik ere, soinu artikulatu guztiak aztertzen ditu. Horregatik generikoki bat den zientziari "den-a den aldetik" horren espezie guztiak dagozkio, eta espezien espezieak.
[Baina Den-a eta Bata gauza bera eta izaera bakar bat baldin badira elkarrekin egokitzen direlako -printzipioa eta kausa bezalaxe-, baina ez 25) nozio bakar baten bidez adieraten direlako (alabaina, ez du axolarik berdintzat hartzea; aitzitik, lana erraztuko digu honek); "gizaki bat", "gizaki dena" eta "gizakia" gauza bera baitira, eta hitza bikoiztuz ez da ezertan bereizten 30) "gizaki bat" eta "gizaki den bat" esatea. Argi dago Den-a eta Bata ez direla banatzen, ez genesian, ez ustelduran ere, eta berdin gertatzen da Bataren kasuan. Horrela, bada, agerian dago gehiketak kasu hauetan gauza bera adierazten duela, eta Bata ez dela den-az aparteko besterik; gainera, gauza bakoitzaren substantzia bat da "ez akzidentalki", eta era berean "den zerbait" ere bada. Beraz, zenbat Bataren espezie, hainbat Den-arena, eta 35) hauen zerkia aztertzea -esan nahi dut, adibidez, Berdina denarena, Antzekoa denarena eta honelakoenak- generikoki bera den zientzia honi dagokio. Eta kontrako ia guztiak bil daitezke printzipio honetan. Baina 1004a) hauek aztertzeko hel diezaiogun Kontrakoen Aukeraketan17 esandakoari.]
Eta filosofiaren zatiak substantziak beste dira. Beraz, nahitaez 5) izango dira lehenengoa den bat eta ondorengoa, Den-a [eta Bata] berehala suertatzen baitira generoetan banaturik, eta horregatik zientziak ere batera datoz hauekin generoetan banatzen, filosofoa matematiko deiturikoa bezalakoa baita, Matematikak ere zatiak dituelako, eta Matematiketan badago lehena den zientzia bat, eta bigarrena den beste bat, eta gainerakoak jarraian, bata bestearen ondoren.
10) Baina kontrakoen azterketa zientzia bakar bati dagokionez, eta Batasunaren kontrakoa Aniztasuna denez [ezeztapena eta gabezia aztertzea zientzia bakar bati dagokio, bi kasuetan atertzen dena Bata baita, zeinaren ezeztapena eta gabezia diren. Beraz, esan nahi dugu batasun hori ematen ez dela erabateko modu batez, edo ematen ez dela generoren batean. Azkeneko kasu honetan, hain zuzen ere, † Batari ezeztapenean ezartzen 15) zaionaz aparteko diferentzia bat ere egokitzen zaio †, haren ezeztapena eza baita, baina gabezian ere azpigai den izaeraren bat suertatzen da, zeinaren arabera izendaten baita gabezia], [Batasunaren kontrakoa baita Aniztasuna].
Beraz, aipatutako zientziari esandakoen kontrakoak ere badagozkio, hots, Bestea, Anteko ez dena, Desberdin dena, eta aipatzen diren beste kontrako guztiak, bai oposaketa hauen arabera, bai Aniztasunaren eta 20) Bataren arabera; hauen artean Kontrakotasuna ere badago, kontrakotasuna nolabaiteko diferentzia baita, eta diferentzia, berriz, Bestelakotasuna.
Honen ondorioz eta Bata zentzu askotan esaten denez, hauek denak ere zentzu askotan esango dira, nahiz eta denak ezagutzea zientzia bakar bati dagokion. Beste zientzia batzuei egokituko litzaieke, ez zentzu askotan esaten delako, baizik eta nozioak gauza bakar bati ez dagozkiolako 25) eta gauza bakar batean biltzen ez direlako. Baina gauza guztiak lehenengoa den horretan biltzen direnez (adibidez, bat izendatzen den guztia lehenengoa den Bat horri begira esaten da, eta berdin gertatzen dela esan behar da "gauza bera"ri, "bestea"ri eta "kontrako"ei dagokienez), gauza bakoitza esateko zentzu asko horiek bereiztuta, berdin azaldu beharko da predikazio bakoitzean lehenengo denari begira zein zentzutan esaten den 30) "lehenengo den horri begira", gauza batzuk izendatuko baitira honako hau dutelako; beste zenbait, honako hau egiten dutelako eta beste batzuk, antzeko moduen arabera izendatuko baitira.
Agerian dago (Aporietan18 esana dagoen bezala), nozio hauei eta substantziari buruz arrazoitzea zientzia bakar bati dagokiola (hauxe bera zen aporietako bat) eta filosofoari dagokiola kontu hauei guztiei buruz 1004b) aztertu ahal izatea. Izan ere, filosofoari ez badagokio "Sokrates" eta "Sokrates eserita" gauza bera ote diren, edo kontrako bakoitzarentzat gauza bakar bat ote dagoen, edo "kontrakoa" zer ote den edo zenbat zentzutan esaten den, zein ikertzaileri egokituko zaio? Eta berdin honelako gainerako gauzen inguruan ere. Hauek, hain zuzen ere, "bata bat 5) den aldetik" eta "den-a den aldetik" horien afekzio berezkoak direnez gero -eta ez zenbaki, edo lerro, edo sua diren aldetik-, argi dago zientzia hari dagokiola zer diren eta haien akzidenteak ezagutzea. Eta filosofatu gabe hauen inguruan ikertzen dutenek ez dute horregatik huts egiten, substantzia aurrekoa izanik honetaz ezer ulertzen ez dutelako baizik. 10) Gainera, Zenbakiak ere zenbaki den aldetik berezko afekzioak dituen bezala (esaterako, bakoititasuna eta bikoititasuna, neurgarritasuna, berdintasuna, gehiegikeria eta eza), eta hauek zenbakietan beren baitan zein hauen elkarrekiko harremanen arabera ematen direnez (eta gorputz 15) solidoak, geldia denak, mugimenduan dagoenak, pisugabeak eta pisudunak beste berezitasun batzuk dituzten bezala), honelaxe "den-a den aldetik" honek ere baditu zenbait berezitasun, eta hauen inguruan du filosofoak egia ikertu behar. Honen adierazle zera da: dialektikoek eta sofistek filosofoaren itxura bera hartzen dute beren gain, Sofistika 20) jakinduria itxurazkoa bakarrik baita, eta dialektikoek gauza guztiei buruz eztabaidatzen dute. Eta baterakoa dute denek "den-a", eta honi guztiari buruz eztabaidatzen dute, hauek filosofiaren berezko kontuak direlako. Izan ere, Sofistika eta Dialektika Filosofia mugitzen den genero beraren inguruan mugitzen dira, baina Filosofia bere ahalmenaren izaeran bereizten da Dialektikaz, eta aurretik aukeratutako bizimoduan Sofistikaz.
25) Dialektika Filosofiak ezagutzen dituen gauzak frogatzen saiatzen da, eta Sofistikak jakinduria itxura du, baina benetakoa izan gabe. Gainera, kontrakoetan kidea den bestea gabezia da, eta guztiak zuzentzen dira "denerantz" eta "ez-denerantz", Baterantz eta Aniztasunerantz; adibidez, Gelditasuna Batari dagokio, Mugimendua, ordea, Aniztasunari. 30) Eta, bestalde, den guztia eta substantzia kontrakoez osaturik daudela esatean ia denak datoz bat, printzipioak kontrakoak direla baieztaten baitute denek: batzuek, Bikoitia-Bakoitia; beste batzuek, Beroa-Hotza; beste batzuek, Muga-Mugagabea; beste zenbaitek, berriz, Adiskidetasuna-Gorrotoa. Eta gainerako kontrako guztiak ere badirudi Baterantz eta Aniztasunerantz 1005a) zuzenten direla (nahikoa azaldu dugu zuzentze hau), eta besteek ezarritako printzipio guztiak ere, salbuespenik gabe, genero hauetan erortzen dira. Agerikoa da, beraz, hauetan ere "den-a den aldetik" aztertzea zientzia bakar bati dagokiola, gauza guztiak, edo kontrakoak edo 5) kontrakoetatik sortuak baitira, eta Bata eta Aniztasuna, kontrakoen printzipioak dira. Eta hauexek dira zientzia bakar bati dagozkionak, bat izatearen aldetik esaten badira ala ez, azkeneko kasua, seguruenik, egia delarik. Hala ere, Bata zentzu askotan esaten den arren, gainerako gauzak ere lehenengo batari begira esango dira, eta berdin kontrakoak. [Eta horregatik ]
10) [ "Den-a" edo "Bata" unibertsalak eta gauza guztiekiko gauza bera ez badira -eta seguruenik ez da horrela izango- batzuk bati begira esaten direlako eta beste batzuk, berriz, bata bestearen ondoren ematen direlako dute batasun hori]. Horregatik ez dagokio geometrialariari -hipotetikoki ez bada-, Kontrakoa, edo Burutua dena, edo Bata, edo Den-a, edo Gauza Bera edo Bestea zer diren aztertzea.
Beraz, argi dago zientzia bakar bati dagokiola "den-a den aldetik" 15) aztertzea, eta zerbait den aldetik dagozkion atributuak. Eta substantziak ez ezik hauei dagozkienak ere zientzia berak aztertzen ditu, jadanik esandakoak eta beste batzuei dagozkienak ere bai, hala nola Aurrekoa/Ondorengoa, Generoa/Espeziea, Osotasuna/Zatiak, eta honelakoak.
III
aldatuEsan beharra dago matematiketan axiomak deiturikoen 20) azterketa eta substantziarena ea zientzia bakar bati dagozkion ala zientzia desberdinei. Agerian dago gauza hauei buruzko ikerketa zientzia bakar bati dagokiola, hau da, filosofoarenari, hain zuzen, axiomak substantzia guztietan ematen baitira, eta ez gainerako generoez aparteko genero partikular batean. Hain zuzen ere, denak baliatzen dira haietaz, "den-a den aldetik" haren printzipioak direlako, eta genero bakoitza 25) den zerbait delako. Baina komeni zaien neurrian baliatzen dira hauetaz, hots, beren demostrazioen objektua den generoa hedatzen den neurrian. Honen ondorioz eta axiomak zerbait diren aldetik den guztian ematen direnez (hauxe baita baterako dutena), axioma hauen azterketa ere "den-a den aldetik" ezagutzen duenari dagokio.
Horregatik zatikako ikerketa egiten dutenen artetik inor ez da -ez 30) geometrilari, ez aritmetikoa- axioma horiei buruz ezer esaten ausartzen, ea egia diren ala ez, baina fisikoen arteko batzuk bai, hauentzat hori ohiko eginkizuna delarik, Natura osoari buruz eta "den-a"ri buruz ikertzen zuten bakarrak zirela uste zutelako. Baina fisikoaren gainetik oraindik beste norbait dagoenez gero (Natura "den-a"ren genero bat baita), unibertsala denari buruzko eta substantzia lehenari buruzko azterketa egiten duenari 35) axioma hauei buruzko ikerketa ere egokituko litzaioke. Fisika ere nolabaiteko jakinduria da, baina ez lehena.
1005b) [Egiari buruz eztabaidatzen dutenen artean, batzuk egia nola onetsi behar den argitzen saiatzen dira, baina Analitikoak ezagutzen ez dituztelako. Izan ere, gai hauei heldu behar zaie Analitikoen aldez 5) aurretiko ezagutza izanda, ez ikerketa bitartean ikasiz].
Argi dago filosofoari -substantzia osoari buruz aztertzen duenari, alegia- printzipio silogistikoei buruzko ikerketa ere dagokiola.
Eta zuzena da genero bakoitzari buruz gehien dakienak gaiaren printzipio sendoenak ezarri ahal izatea, eta honen ondorioz, "diren guztiak 10) diren aldetik" ezagutzen dituenak gauza guztien printzipio sendoenak ere aipa ditzake. Hau filosofoa da.
Eta denetan sendoena den printzipioa da hura, zeinetan oker egotea ezinezkoa den. Eta honelako printzipioak izan behar du, nahitaez, ezagunena (denek huts egiten baitute ezagutzen ez dituzten gauzetan) eta ez 15) hipotetikoa, den zerbait ulertzen duenak nahitaez izan behar duen printzipio hori ez baita hipotesia. Edozer ezagutzen duenak, hain zuzen ere, nahitaez izan behar du ezagutu aurretik derrigorrezko ezagutza. Beraz, argi dago printzipio hau denetan sendoena dela. Ondoren esango dugu zein den printzipio hau.
Gauza bera, gauza beraren baitan, aldi berean eta modu berean 20) suertatzea eta ez suertatzea ezinezkoa da (eta zailtasun logikoei begira gaineratu genitzakeen zehaztasun guztiak izan bitez gaineratuak). Hauxe da, alabaina, printzipiorik sendoena, aipatutako definizioa betetzen baitu. Izan ere, ezinezkoa da inorentzat gauza bera badela eta ez dela sinestea, batzuen ustez Heraklitok dioen bezala, norberak esandako gauzak ere ez 25) baitira nahitaez sinestu behar. Hain zuzen ere, kontrakoak ezin badira aldi berean eta gauza beraren baitan eman (eta gaineratu diezaizkiogun proposamen honi ohiko zehaztasunak), eta iritzi baten iritzi kontraesankorra haren kontrakoa baldin bada, begi-bistakoa da ezinezkoa dela pertsona berak sinestea aldi berean gauza bera badela eta ez dela, 30) honetan oker dagoenak aldi berean izango bailituzke kontrako iritziak. Horregatik demostrazio guztiak azkeneko sineste honetara zuzentzen dira, hau baita, berez, gainerako axioma guztien printzipioa.
IV
aldatu35) Badira batzuk, esan bezala, gauza bera badela eta ez dela 1006a) onartzen dutenak eta, gainera, horrela dela uste dutenak. Naturaren filosofo asko ere honelako arrazonamenduaz baliatzen dira. Guk, ordea, arestian onartu dugu ezinezkoa dela aldi berean izatea eta ez izatea, eta hori 5) dela eta, printzipio guztietan sendoena huraxe dela frogatu dugu. Zenbaitek, alabaina, ezjakintasunarengatik eskatzen dute hori ere frogatzea.
Izan ere, zein gauzaren demostrazio bilatu behar den (eta zein ez) ez ezagutzea da ezjakintasuna, azken batean ezinezkoa baita gauza guztien demostrazioa izatea (mugarik gabeko prozesu batera sartzea litzateke, eta honen ondorioz horrela ere ez litzateke demostraziorik izango), eta zenbait 10) gauzaren demostrazio ez badira bilatu behar, honelako printzipioa baino behar gutxiagokorik ote den ezin esango lukete.
Baina hau ezinezkoa dela demostratzea errefusatuz egin daiteke, kontrakariak zerbait esaten badu. Eta ezer esaten ez badu, barregarria izango litzateke zer esan bilatzea esatekorik ez duenaren aurrean, ezer esaterik ez duen neurrian, honelako bat, honelakoa den aldetik, behintzat, landare bat 15) bezalakoa baita. Baina demostrazioa errefusatuz egitea eta demostrazioa egitea desberdinak direla diot, frogatzean printzipio-eskakizuna omen litzatekeelako, baina printzipio honen kausa beste bat balitz, errefusapena izango litzateke, ez demostrazioa.
Honelako argumentazio guztien abiapuntua ez da kontrakariari ea 20) gauza bat baden ala ez den esan dezala eskatzea (hau, dudarik gabe, printzipio-eskakizuna dela uler bailiteke), esanguratsu den zerbait, berarentzat zein bestearentzat, esan dezala eskatzea baizik. Eta hau nahitaezkoa izango da zerbait esan nahi badu; bestela, ez du honelako arrazonamendurik egingo, ez bere baitarako, ezta bestearentzat ere. Eta hau onartzen badu, demostrazioa izango da, jadanik zerbait zehaztua izango 25) baita. Baina erantzukizuna ez da demostrazioa egiten duenarena, demostrazioa sostengatzen duenarena baizik, argumentua ezabatzean huraxe sustengatzen baitu. [Gainera, honetan bat datorrena, jadanik etorri da bat demostrazioaz aparte egia den zerbait dagoela onartzean]; [beraz, ez dago esaterik ezer horrela eta ez-horrela denik].
Lehenengoz, argi dago hau behintzat berez egia dela: "izatea" eta 30) "ez izatea" aipatzeak baduela esanahi zehatza eta honen ondorioz ez dagoela esaterik ezer horrela eta ez-horrela denik.
Gainera, "gizakiak" esanahi bakarra baldin badu, hau izan bedi "hankabiko animalia". "Esanahi bakarra" diot hau adierazteko: gizakia "honelako hau" baldin bada, eta norbait gizakia baldin bada, orduan "honelako hau" izango da gizakiaren izatea. (Eta ez da ezertan aldatzen 1006b) norbaitek esanahi bat baino gehiago ezartzen baditu ere; esanahi hauek mugatuak izanik, kontzeptu bakoitzari izen desberdina jartzea nahikoa bailitzateke. Esaten ari naiz, adibidez, "gizakiak" esanahi bakarra duela baieztatu beharrean asko dituela baieztatzen bada, esanahi hauetako baten kontzeptua "hankabiko animalia" litzatekeela, eta beste asko ere bai, 5) baina kopuruz mugatuak. [Kontzeptu bakoitzaren arabera izen berezia jarriko bailitzateke]. Eta <kontrakariak> hauek jarri beharrean amaigabeko esanahiak direla ezarriko balu, begi-bistakoa da ez litzatekeela arrazonamendurik, esanahi batek ez adieraztea ezer ez adieraztea baita, eta 10) izenek esanahirik ez badute, elkarrekiko solasaldia ezabatu egiten da; eta egia esateko, nork bere buruarekikoa ere bai. Izan ere, ez dago ezer pentsatzerik gauza bat pentsatzen ez bada, eta zerbait pentsatzea badago, litekeena da honako honi izen bakar bat jartzea).
Beraz, hasieran esan bezala, bego izenarentzat nolabaiteko esanahia eta berau bakarra. Gauzak horrela, ezinezkoa da "gizakia" izateak eta "ez-gizakia" izateak esanahi bera izatea, "gizakiaren" esanahia zerbaiten arabera izan 15) ezik bat baldin bada. (Izan ere, ez dugu uste esanahi bakarra eta bakar baten araberako esanahia gauza bera denik; bestela, "musikariak", "zuriak" eta "gizakiak" esanahi bera izango lukete, eta honen ondorioz gauza guztiak bat izango lirateke, sinonimoak, hain zuzen ere).
Eta ezinezkoa izango da gauza bera izatea eta ez izatea, izenkidetasunaren arabera ez bada, hots, guk "gizakia" izendatzen dugun 20) hori beste batzuek "ez-gizakia" izendatuko balute bezala. Baina sortzen zaigun aporia ez da ea gauza bera izan litekeen gizakia izatea eta ez izatea izenez, egitez baizik. Eta "gizakiak" eta "ez-gizakiak" esanahi desberdina ez badute, argi dago gizakiaren izateak eta gizakiaren ez-izateak ere ez dutela esanahi desberdinik izango eta, ondorioz, "gizakiaren izatea" eta "ez-25) gizakiaren izatea" gauza bera izango dira, gauza bakar bat, hain zuzen ere, hauxe baita gauza bakar bat adieraztea: "soinekoa" eta "jantzia" bezalaxe, kontzeptua bat bakarra baldin bada. Eta gauza bakar bat baldin badira, "gizakiaren izateak" eta "ez-gizakiaren izateak" esanahi bera izango dute.
Baina jadanik erakutsi dugu esanahi desberdinekoak direla. Horrela, bada, gizakia zer den egitan esatekotan, "hankabiko animalia" 30) izango da nahitaez (hauxe baitzen "gizakiak" adierazten zuena). Eta hau nahitaezkoa baldin bada, ezinezkoa da honako hau hankabiko animalia ez izatea (nahitaezkoa izateak hauxe adierazten baitu, ezinezkoa dela gizakia ez izatea). Beraz, aldi berean ezin egia izan gauza bera "gizakia dela" eta "gizakia ez dela" esatea.
1007a) Eta arrazonamendua bera da "gizakia ez izatearentzat" ere, "gizakiaren izateak" eta "ez-gizakiaren izateak" esanahi desberdina baitute, "zuria izatea" eta "gizakia izatea" desberdinak diren bezala. Izan ere, "gizakiaren izatea" eta "ez-gizakiaren izatea" neurri handiagoz dira kontrakariak, eta honen ondorioz esanahi desberdinekoak izango dira. Eta "zuriak" eta "gizakiak" gauza bera eta gauza bakarra adierazten dutela 5) esanez gero, aurretik esandakoa berriro ere esango dugu19, gauza guztiak -eta ez kontrakoak bakarrik- gauza bakar bat izango direla. Eta hau ezinezkoa baldin bada, esandakoa gertatuko da, galdetutakoari erantzuten badio. Baina kontrakariari galdera soila egiten zaionean ezeztapenak ere gaineratzen baldin baditu, orduan ez dio galdetutakoari erantzuten, ezerk ez 10) baitu eragozten gauza bera "gizakia", "zuria" eta beste hamaika gauza izatea. Hala ere, hau gizaki bat dela esatea egia den ala ez galdetzean, esanahi bakarreko erantzuna eman behar da, eta ez gaineratu "zuria" eta "handia" ere badela, ezinezkoa baita akzidenteak banan-banan aipatzea, hauek amaigabeak direlarik. Horrela, bada, aipa bitez denak, ala bat ere ez.
15) Era berean, gizakia eta ez-gizakia gauza bera den ala ez galdetzen duenari ez zaio gaineratu behar aldi berean ez-gizakia ere badela, beste akzidente 20) guztiak ere gaineratzen ez baldin badira, direnak eta ez direnak. Hala eta guztiz ere hau egiten bada, ez da arrazoitzen.
Laburbilduz: hau esaten dutenek substantzia eta esentzia ezabatzen dituzte, nahitaez baieztatu behar baitute gauza guztiak akzidenteak direla, eta gizakiaren izatea den hori edo animaliaren izatea den hori, ez direla. Izan ere, gizakiaren izatea den zerbait baldin badago, hori ez da ez-25) gizakiaren izatea izango, ezta gizakiaren ez-izatea ere (hauek horren ezeztapenak izanik ere), gizakiaren izatearen esanahia bat bakarra baitzen, eta hau zerbaiten substantzia.
Eta gauza baten substantzia adieraztea zera da, gauza horren izatea bestelako ezer ez dela adieraztea; baina horretarako gizakiaren izatea den hori baldin bada ez-gizakiaren izatea, edo gizakiaren ez-izatea, orduan gizakiaren izatea bestelako zerbait izango da. Beraz, nahitaez baieztatu 30) beharko dute <filosofo hauek> honelako kontzeptua ez dagokiola inolako gauzari, baizik eta dena akzidentalki izango dela, substantzia eta akzidentea honetan bereizten baitira: zuria izatea akzidentala da gizakiarentzat, hau, hain zuzen ere, zuria delako, baina ez "zuria den hori" delako.
Baina gauza guztiak akzidentalki esaten badira, orduan ez da izango lehenengoa den hori, zeinetaz akzidenteak esaten baitira, eta 35) akzidenteak beti azpigairen baten kategoria bat adierazten baldin badu. 1007b) Eta horrela, nahitaez amaigabeko prozesua izango da. Baina hau ezinezkoa da, elkarren artean bi kategoria baino gehiago lotzen ez direlako.
Izan ere, akzidentea ez da akzidente baten akzidentea, biak azpigai berean batera ematen direlako ez bada; esan nahi dut, adibidez, "zuria" 5) "musikaria" dela eta hau "zuria" dela biak ala biak gizakiaren baitan akzidentalki ematen direlako; aitzitik, Sokrates ez da honelako musikaria, bi akzidenteok beste batengan ematen direlako, alegia. Horrela, bada, akzidente batzuk honela eta beste batzuk modu hartaz esaten direnez, honela esaten direnak - "zuria" Sokratesengan bezala- ezin amaigabeki gorantz joan: adibidez, "Sokrates zuria"ri ezin bestelako akzidenterik 10) gaineratu, horietatik guztietatik ez baita "bat den zerbait" sortzen.
Eta "zuria"ri ere ezin bestelako akzidenterik gaineratu - "musikaria", adibidez-, hau ez baita haren akzidentea hura honen akzidentea baino neurri handiagoz; eta aldi berean zehaztuta dago akzidente batzuk honela ematen direla eta beste batzuk "musikaria" Sokratesengan ematen den bezalaxe. Azkeneko modu honetaz ematen direnetan ez dago akzidentalki 15) beste akzidente baten baitan ematen den akzidenterik, baina bai beste modu hartan ematen direnetan. Beraz, dena ez da akzidentalki esango eta substantzia adierazten duen zerbait ere izango da orduan. Eta horrela baldin bada, frogatua dago jadanik kontraesanak aldi berean predikatzea ezinezkoa dela. Gainera kontraesan guztiak gauza beraren arabera eta aldi berean egia baldin badira, argi dago gauza guztiak bakar bat izango direla: gauza bera 20) izango dira trirremea, harresia eta gizakia, edozertaz edozer baieztatzea edo ezeztatzea baldin badago, Protagorasen arrazonamendua baieztatzen dutenei nahitaez gertatzen zaien bezala.
Baina norbaiti gizakia trirremea ez dela iruditzen bazaio, argi dago ez dela trirremea, eta kontraesana egia baldin bada, trirremea ere bada. Eta 25) Anaxagorasena gertatzen da, gauza guztiak nahasturik daudela20; honen ondorioz ez da benetan bat den ezer suertatzen. Hain zuzen ere, <filosofo hauek> zehaztugabe denaz hitz egiten omen dute, eta "den-a"z ari direlako ustetan, "ez den-a"z hitz egiten dute, zehaztugabe dena potentzian dagoena baita, ez entelekian dagoena. Hala ere, hauek onartu behar dute 30) gauza guztiei buruzko baieztapena edo ezeztapena, lekuz kanpokoa bailitzateke gauza bakoitzari bere ezeztapena egokitzea eta bere baitan ez dagoen zerbaitena ez egokitzea; esaten ari naiz, adibidez, gizakia ez-gizakia dela benetan esaterik baldin badago, orduan argi dagoela trirremea edo ez-trirremea dela ere esatea badagoela. Izan ere, baieztapena egokia baldin bada, 35) ezeztapena ere nahitaez egokituko da.
Eta baieztapena egokia ez bada, ezeztapena are egokiagoa izango da. Eta 1008a) gauzaren beraren ezeztapena egokia bada, orduan trirremearena ere bai; eta hau egokia baldin bada, bere baieztapena ere bai.
Arrazonamendu hau defendatzen dutenei honelakoak gertatzen zaizkie, eta gainera ez dute baieztatzearen edo ezeztatzearen beharra. Izan 5) ere, gizakia eta ez-gizakia egia baldin badira, orduan argi dago ez dela gizakia, ezta ez-gizakia ere izango, bi baieztapen horiei bi ezeztapen hauek baitagozkie, eta hura bi horiez osaturiko bat bakarra dela hartuz gero, orduan honen kontrakoa ere bat bakarra izango da. Gainera, edo hau horrelakoa da gauza guztiei dagokienez (eta bada zerbait "zuria" eta "ez-zuria", "den-a" eta "ez den-a", eta era berean gainerako baieztapenei eta 10) ezeztapenei dagokienez), ala ez; edo batzuei dagokienez bai eta beste batzuei dagokienez, ordea, ez. Eta gauza guztiei ez badagozkie, hau onartuko dugu. Baina gauza guztiei badagozkie, berriro ere edo baiezta daitezkeen horietaz ezeztatzea ere badago eta ezezta daitezkeen haietaz baieztatzea ere 15) badago, edo baiezta daitezkeen horietaz ezeztatzea ere badago baina ezezta daitezkeen haietaz ez dago denetaz baieztapen egiterik. Eta horrela baldin bada, "ez den-a" den zerbait izango da ziur, eta hau iritzi sendoa izango da, eta ez-izatea zerbait sendo eta ezagungarri baldin bada, ezagungarriago izango da kontrako baieztapena.
Baina ezezta daitekeen guztia berdin baiezta baldin badaiteke, nahitaez, edo bereizita esatean da egia -adibidez, zerbait zuria dela esan eta 20) gero zuria ez dela esan-, edo ez. Eta bereizita esatean egia ez bada, ez ditu gauza hauek ere esango, eta ez da ezer izango (eta nola liteke ez-direnak mintzatzea edo ibiltzea?), eta gauza guztiak gauza bakar bat izango dira, lehendik esana dagoen bezala, eta gauza bera izango dira gizakia, jainkoa, trirremea, <harria>, baita hauen kontraesanak ere (berdin egokitzen 25) baldin bazaizkio gauza bakoitzari, ez dira elkarren artean ezertan bereiziko, eta berezitasunik baldin badago, hauxe izango da egia eta berezko dena).
Modu berean, baieztapena eta ezeztapena bananduta esatean egiazkoak izan baldin badaitezke, berdin gertatuko da esandakoa; gainera denek esango lukete egia eta denek esango lukete gezurra, eta kontrakariak 30) berak ere gezurra esaten duela onartu beharko luke. Eta, aldi berean, agerian dago honen aurrean ikerketak ez duela ezertarako balio, ezer esaten ez duelako; ez baitu esaten "honela da" edo "honela ez da", "honela da eta honela ez da" baizik, ondoren biak ezeztatzeko, ez "honela da", ezta "honela ez da" ere. Izan ere, horrela esango ez balu, jadanik zerbait zehaztua izango litzateke. Gainera, baieztapena egia denean ezeztapena gezurra baldin bada, 35) eta hau egia denean baieztapena gezurra baldin bada, ezinezkoa da gauza 1008b) beraren baieztapena eta ezeztapena aldi berean egia izatea. Baina esan liteke agian hau printzipio-eskakizunak ezarritakoa dela.
Gainera, zerbait honela dela edo honela ez dela pentsatzen duena oker egongo ote da, eta bata zein bestea baieztatzen dituenak egia esango ote du? Honek egia esaten badu, zer esan nahi du den guztiaren izaera honelakoa dela esateak? Eta egia esaten ez badu, baina beste modu hartaz 5) pentsatzen duenak baino gertuago baldin badu egia, orduan den guztia hola edo hala izango da; eta hau egiazkoa izango da, eta ez aldi berean ez-egiazkoa.
Baina denek esaten badute berdin egia eta gezurra, orduan honela pentsatzen duenarentzat ez da ahotik soinurik ateratzerik, ezta hitz egiterik ere izango, honako hau esaten baitu eta, aldi berean, ez baitu honako hau 10) esaten. Eta ezer pentsatzen ez badu, baizik eta berdin sinesten eta sinesten ez badu, orduan zertan bereiziko da landareetatik? Hortik ateratzen da argi asko inor ez dela horrela suertatzen, ez besteen arteko inor, ezta doktrina hau baieztatzen dutenen arteko inor ere. Hain zuzen ere, zergatik 15) abiatzen da Megara aldera, eta ez da bertan gelditzen, abiatu behar dela uste badu? Eta egunsentiarekin batera ez da putzu baterantz edo amildegi baterantz abiatzen kasualitatez aurkitzen baditu; aitzitik, zuhur agertzen da, horietara erortzea ona dela eta, neurri berean, ona ez dela pentsatzen ez duelako. Argi dago, beraz, bata hobea dela eta bestea hobea ez dela pentsatzen duela. Eta 20) hau horrela baldin bada, bata gizakia dela eta bestea ez-gizakia dela eta bata gozoa dela eta bestea ez-gozoa dela ere pentsatu beharko du; gauza guztiak bilatu eta ulertzea ez baitzaio berdin, ura edatea eta gizaki bat ikustea hobe direlako ustetan berehala abiatzen bada hauek bilatzera. Hala ere, 25) berdin hartu beharko lituzke gizakia eta ez-gizakia gauza bera balira. Baina esan dugun bezala, ez dago inor gauza batzuekiko zuhur agertzen ez denik eta beste zenbait gauzekiko, ez. Horrela, dirudienez, denek uste dute gauzak erabatekoak direla, gauza guztiei dagokienez ez bada, bai behintzat onenari eta okerrenari dagokienez. Eta hau (ez ezagutzen dutelako, iritzia dutelako baizik) horrela baldin bada, are gehiago arduratu beharko litzateke 30) egiaz, osasunaz gaixorik dagoena sano dagoena baino gehiago arduratzen den bezala; iritzia duena ezagutzen duenaren aurrean ez baita egiari dagokionez osasuntsu suertatzen.
Gainera, gauza guztiak -neurri handi batez- honela eta ez-honela badira ere, gehiago eta gutxiago izatea, behintzat, den guztiaren izaerari dagokion zerbait da, ez baikenuke esango bia eta hirua berdin direnik bikoitiak, ezta laua bosta dela uste duena mila dela uste duena baino 35) okerrago dagoenik ere; eta neurri berdinez oker ez badaude, argi dago horietako bat neurri txikiagoz dagoela oker eta, honen ondorioz, neurri handiagoz esango duela egia. Beraz, neurri handiagoz den hori gertuago 1009a) baldin badago, egia izango da zerbait, zeinarengandik gertuago egongo den neurri handiagoz egia den hori. Eta horrelakorik ez badago, hala ere badago, behintzat, zerbait sendoago eta egiazkoago dena, eta neurrigabea den doktrina horretatik -pentsamenduari ezer zehaztea oztopatzen dion 5) doktrinatik, alegia- aldenduak egongo gara.
V
aldatuIritzi beraren baitatik ere sortzen da Protagorasen doktrina, eta batak zein besteak berdin dute, nahitaez, izatea edo ez izatea. Izan ere, usteak eta fenomenoak denak egia baldin badira, gauza guztiak izango dira, nahitaez, aldi berean egia eta gezurra (askok 10) baitute elkarrekiko iritzi kontrajarriak, eta haien uste berekoak ez direnak oker daudela pentsatzen dute; beraz, nahitaez gauza bera da eta ez da). Eta hau honela baldin bada, usteak nahitaez izango dira denak egiazkoak (oker daudenek eta egia esaten dutenek elkarren arteko kontrako 15) iritziak baitituzte; orduan, den guztia honela baldin bada, denek egia esango dute). Argi dago bi doktrinak pentsamendu beraren baitatik sortzen direla.
Hala ere, hauengana hurbiltzeko modua ez da denetan bera izaten, batzuek limurtzea behar baitute eta beste batzuek, ordea, indarraren poderioa. Izan ere, aporian egon ondoren honela pentsatzera iritsi diren horien ez-jakintasuna sendatzen erraza da (hauekiko enfrentamendua ez 20) baitagokio hitzari, pentsamenduari baizik). Baina berriketa arina egiten duten horien sendatzea soinu artikulatuan eta hitzetan esandakoa errefusatuz lortzen da.
Iritzi hau -kontraesanak eta kontrakoak aldi berean suertatzen direla, hain zuzen ere-, sentimenezko gauzetatik etorri zaie aporian daudenei, kontrakoak beren baitatik sortzen diren gauzak direla 25) ikustean. Izan ere, ez-denak izatera iristerik ez badu, zerbait den horrek aurreizan behar zuen bi kontrakoak izanik, Anaxagorasek dena denetan nahasturik dagoela dioen bezala, eta baita Demokritok ere; honek Hutsa eta Betea edozertan berdin suertatzen direla dio, bata "den-a" eta bestea "ez-dena" direlarik.
30) Kontu hauetatik iritzia ateratzen dutenei zera esango diegu, nolabaiteko zentzu batean zuzen hitz egiten dutela, baina beste zentzu batean, ez. Izan ere, "den-a" bi zentzutan esaten da, eta honen ondorioz "ez-dena"ren baitatik izatera iristea zerbait, litekeena da zentzu batean, baina beste zentzu batean, ez; eta baliteke gauza bera aldi berean "den zerbait" eta "ez-den zerbait" 35) izatea, baina ez zentzu beraren arabera. Izan ere, potentzian baliteke gauza bera aldi berean kontrakoak izatea, baina entelekian, ez. Gainera beste gauza bat onartzea ere eskatuko diegu hauei: diren guztien artean badagoela bestelako substantzia bat, zeinetan suertatzen den ez inongo mugimendurik, ez usteldurarik, ezta genesirik ere.
1009b) Era berean, fenomenoen egia ere sentimenezko gauzetatik etorri zaio zenbaiti. Izan ere, egia gehiengo- edo gutxiengo-iritziaren arabera ez dela erabaki behar uste dute; eta gauza bera batzuei gozoa iruditzen zaien 5) bitartean beste batzuei, berriz, mingotsa egiten zaie; beraz, denak gaixorik edo denak burua galdurik baleude, eta bizpahiru sano eta zuhur baleude, orduan hauexek omen lirateke gaixorik eta burua galdurik daudenak, eta beste haiek, ordea, ez. Gainera, gauza berberei buruz, gainerako izaki bizidun askori eta guri kontrako inpresioak azaltzen zaizkigula uste dute; eta norberari ere, sentsazioa dela medio, gauzak ez zaizkiola beti berak 10) iruditzen. Horrela, bada, hauetatik zeintzuk diren egiazkoak eta zeintzuk faltsuak ez dago argi, ez baitira batzuk besteak baino neurri handiagoz egiazkoak, neurri berean baizik. Hortik Demokritok esatea ezer ez dela egiazkoa, edo guretzat behintzat ez dagoela argi. Eta sentsazioaren bidez azaltzen dena nahitaezko egia dela esaten dute, sentsazioa 15) pentsamendutzat hartzeagatik eta hau aldaketa bat dela baieztatzeagatik. Arrazoi hauengatik atxiki zitzaizkien honelako iritziei bai Enpedokles, bai Demokrito, baita -nolabait esateko- gainerako guztiak ere. Horrela, bada, egoera fisikoa aldatzean pentsamendua ere aldatzen dela baieztatzen du Enpedoklesek:
"presentzian dagoenaren aurrean
buru-ernetasuna handiagotzen da gizakiengan"21 19a) eta beste leku batean honela dio:
20) "haiek aldatzen diren neurrian,
20a) neurri berean beti azaltzen zaizkie aldatuta
20b) pentsamenduak."22
Modu berean adierazten du Parmenidesek ere:
22) "Izan ere, norberak duen atal malguen nahasturaren arabera azaltzen zaie adimena gizakiei, gauza bera baita pentsatzen duen hori eta atalen izaera gizakiengan, guztietan eta denetan,
25) nagusitzen dena pentsamendua baita."23
Eta Anaxagorasek bere lagun batzuei zuzendutako sententzia bat ere gogoratzen da: beraientzat "diren guztiak" haiek ulertzen dituzten bezalakoxeak izango dira. Eta Homerok ere iritzi hau adierazi duela esaten dute; honek idatzi zuenez, Hektor, kolpearengatik burua galdurik geratu 30) zenean, burutazio nahasiak zituela zetzan24, adierazi nahian burutazio nahasiak dituztenek ere arrazonatu egiten dutela, baina ez gauza bera. Argi dago, beraz, bata eta bestea arrazonamenduak baldin badira, "diren guztiak" ere izango direla aldi berean honela eta ez-honela. Eta ondorioa hemen larri askoa da: ahal den neurrian egia ikustera gehien 35) hurbildu direnek -egia gehien bilatu eta maite dutenek- honelako iritziak baldin badituzte eta egiari buruz adierazpen hauek egiten badituzte, 1010a) nola ez dute, bada, adorea galduko filosofatzen hasten direnek? Egia bilatzea ezinari ekitea izango da-eta.
Baina iritzi honen arrazoia hau izan zen: filosofo hauek den guztiaren egia ikertzen bazuten ere, "diren guztiak" sentimenezkoak bakarrik direla uste izan zuten. Baina sentimenezko gauzetan asko ematen 5) da zehaztugabe denaren izaera, hots, "den-a"rena, esan genuen zentzuan. Horregatik hitz egiten dute zuzen, baina ez egiatan(komenigarriago baita honela erantzutea, ez Epikarmok Xenofanesi bezala). Gainera, natura osoa mugimenduan dagoela eta bilakatzen ari denaren inguruan egia esaterik ez dagoela ikusirik, erabat eta denetan 10) bilakatzen ari denari buruz egia esaterik ez dagoela pentsatu zuten filosofo hauek. Eta nozio honetatik loratu zen aipaturiko iritzietatik zorrotzena, Heraklitori jarraitzen diotela baieztatzen dutenena, alegia, Kratilorena; honek azkenean ezer esan behar ez zelako ustea izan eta behatza bakarrik mugitzen zuen, eta Heraklitori ibai berean bi aldiz 15) murgiltzea ezinezkoa dela esateagatik kritika egiten zion, berak uste baitzuen behin ere ezin dela25.
Baina guk, arrazonamendu honi ere erantzungo diogu nolabait zentzuzkoa dela bilakatzen denak -bilakatzen ari den bitartean- izatea duelako ustea ez izatea, nahiz eta hau, hain zuzen ere, eztabaidagarria izan. Zerbait galtzen ari denak badu galdutakoaren zerbait, eta sortzen ari denaren 20) zerbaitek ere jadanik badu izatea, nahitaez; orokorrean, zerbait usteltzen baldin bada, oraindik ere den zerbait izango da, eta zerbait sortzen baldin bada, nahitaezkoa izango da nondik sortu eta zerk sortua den zerbait izatea, eta hau prozesu amaigabea ez izatea. Baina gauza hauek albo batera utzita, esan dezagun ez dela gauza bera kalitatearen arabera eta kantitatearen arabera bilakatzea; kantitatearen arabera, hain zuzen ere, bego ez irautea; 25) baina espeziearen arabera ezagutzen ditugu gauza guztiak.
Horrez gain, horrela pentsatzen dutenei zuzena da hau kritikatzea: sentimenezko gauzetan beraietan ere kopuru txiki bakar bati bakarrik dagokiola horrela izatea ikusita ere, berdin egotzi ziotela unibertso osoari horrela izatea, gure inguruan hedatzen den sentimenezko tokia bakarrik 30) baita etengabe ustelduz eta sortuz ematen dena; baina hau, nolabait esateko, osotasunaren zati bat bera ere ez da; beraz, zuzenagoa litzateke sentimenezko gauzak zerutiarrei esker barkatzea, sentimenezkoengatik zerutiarrak kondenatzea baino. Gainera, argi dago filosofo hauen aurrean ere aspaldian esana dagoen gauza bera esango dugula26:
erakutsi beharko zaie geldia den izaera bat badela, eta honetaz 35) konbentzitu. Hala ere, gauzak aldi berean badirela eta ez direla baieztatzen dutenei, dena geldirik dagoela esatea egokiago zaie dena mugimenduan dagoela esatea baino, ez baitago zer bilakatuko, gauza guztiak gauza guztietan ematen baitira.
1010b) Eta egiari dagokionez, esan dezagun lehenik ageriko den guztia egiazkoa ez dela; propio denaren sentsazioa, behintzat, faltsua ez den arren, fantasia eta sentsazioa gauza bera ez direlako. Gainera, zuzena da harritzea aporia hauen aurrean: ea luze-zabalerak eta koloreak urruti daudenei agertzen zaizkien bezalakoak ote diren ala gertuan daudenei 5) agertzen zaizkien bezalakoak; ea osasuntsu daudenei agertzen zaizkien bezalakoak ote diren ala gaixorik daudenei agertzen zaizkien bezalakoak ote; ea astunagoak ote diren ahulei astun egiten zaizkien gauzak ala sendoei astun egiten zaizkienak; eta ea egiazkoak ote diren lo daudenei egiazkoak iruditzen zaizkien gauzak ala esna daudenei egiazkoak iruditzen zaizkienak; agerian dago, behintzat, ez dutela honela pentsatzen; hain zuzen ere, bart Atenasen zegoela amets egin duelako, inortxo ere ez da 10) Odeoi aldera abiatuko Libian baldin badago.
Gainera, etorkizunari dagokionez, Platonek dioen bezala, sendagile baten iritzia eta ezjakin batena ez dira, inola ere, baliokideak, adibidez, gaixorik dagoena sendatuko ote den ala ez esateari dagokionez. Eta sentsazioen beraien artean ez dira baliokideak propio denarena 15) eta bestearena, edo ondokoarena eta norberarena; aitzitik, koloreei dagokiena ikusmena da, ez dastamena, eta zaporeari dagokiona dastamena, ez ikusmena. Eta ahalmen bakoitzak ez du inola ere egiaztatzen denbora berean eta gauza berari buruz aldi berean honela eta ez-honela denik; eta 20) denbora desberdinetan ere ez dira kontraesanak afekzioari dagokienez, afekzioa akzidentea den gauzari dagokionez baizik.
Esaten ari naiz, adibidez, ardo bera bilakatzen bada, edo edaten duenaren gorputza bilakatzen bada, batean gozoa irudituko dela, ez-gozoa beste batean. Baina gozoa dena, gozoa den bitartean, behintzat, ez da sekula bilakatzen; 25) aitzitik, beti esango du berari dagokion egia, eta halakoa da, nahitaez, gozoa izango dena.
Hala ere, hau ezabatu egiten dute arrazonamendu hauek guztiek, ezeren substantziarik ez dagoen bezalaxe, nahitaezko den ezer ere ez dagoela ezartzean; nahitaezko dena ezin baita modu desberdinez izan, eta honen ondorioz, zerbait baldin bada nahitaez, orduan ez da honela eta ez-honela 30) izango. Eta, orokorrean, sentsazioa bakarrik balitz, ezer ez litzateke izango izaki animadunik izan ezean, ez bailitzateke sentsaziorik izango. Alabaina, ziurraski egia da ez liratekeela ez sentimenezko gauzak, ezta sentsazioak ere izango (hau sentitzen duenaren afekzioa baita); baina sentsazioa sortzen duten azpigai horiek ez izatea, sentsaziorik ez balego ere, 35) ezinezkoa da. Sentsazioa, jakina, ez baita berarena; aitzitik, badago sentsazioaz aparteko zerbait desberdin, eta hau nahitaez sentsazioaren aurrekoa da, mugiarazten duena baita, berez, mugitua denaren aurrekoa, 1011a) eta ez gutxiago hauek jarraian ematen direla esan arren.
VI
aldatuBadira batzuk -bai doktrina hauekin sinestarazita daudenen artetik, baita doktrina hauek argumentaziorako bakarrik aipatzen dituztenen artetik ere- aporian suertatzen direnak; osasuntsua zein den 5) eta, orokorrean, gauza bakoitzaren epaiketa zuzena nork erabakiko galdetzean.
Baina honelako aporiak orain lo ala esna gaudeneko galdera bezalakoak dira, eta honelako aporia guztiak baliokide dira; filosofo hauek gauza 10) guztien argumentazioa eskatzen dute, printzipio bat bilatzen baitute, eta hau demostrazioz lortu ere; baina beren jokabidean sinestarazita ez daudela agerian uzten dute.
Hala ere, esaten genuen bezala27, hauxe da gertatzen zaiena, argumentaziorik ez duenaren argumentazioa bilatzen dutela, demostrazioaren printzipioa ez baita demostrazioa. Hauei, alabaina, hau sinestaraz lekieke erraz (ez baita zaila ulertzen). Baina argumentazioan indarra bakarrik bilatzen dutenak 15) ezinezkoa dena ari dira bilatzen, kontraesanak esateko eskubidea eskatzen baitute kontraesanak esan orduko. Bestalde, gauza guztiak erlatiboak ez badira -batzuk berez eta berak baldin badira-, orduan ageriko den guztia ez da egiazkoa izango, agerikoa norbaitentzat baita agerikoa. Honen ondorioz, ageriko den guztia egiazkoa dela esaten duenak 20) erlatibo bihurtzen ditu diren guztiak.
Hori dela eta, argumentazioan indarra bilatzen dutenek eta, aldi berean, argumentazioaren baitan mantentzea eskatzen dutenek, kontuan izan behar dute ageriko den guztiak izaterik ez duela, baizik eta agerikoa agertzen zaionarentzat, agertzen denean eta agertzen den neurrian eta moduan. Eta argumentazioan mantentzen badira, baina ez honela, 25) berehala suertatuko dira kontraesanetan: baliteke pertsona berari zerbait eztia iruditzea ikusmenaren arabera, baina dastamenaren arabera ez, eta begiak bi izanik, baliteke hauei gauza bera ez iruditzea, biak desberdinak badira. 30) Gainera, aspaldian aipaturiko kausak direla eta, agerikoa egiazkoa dela baieztatzen dutenen aurrean, behintzat, †...† eta ondorioz gauza guztiak berdin direla faltsuak eta egiazkoak -denei ez baitzaie gauza bera iruditzen, ezta pertsona berari beti gauza bera ere; aitzitik, askotan kontrako gauzak iruditzen zaizkie aldi berean 35) (behatzak gurutzatzean ukimenarentzat bi baitira, baina ikusmenarentzat, bat)-. Baina gauza berari dagokionez ez da inola ere 1011b) horrela suertatzen sentsazioaren arabera, zentzu berean eta aldi berean; honen ondorioz, sentsazio hau litzateke egiazkoa.
Baina agian horregatik esan beharko dute nahitaez -ez aporian daudelako, berriketa hutsa egiten dutelako baizik- ez "hau egiazkoa da", baizik eta "honentzat egiazkoa da". Eta lehendik esana dagoen bezala, nahitaezkoa zaie gauza guztiak erlatiboak direla baieztatzea, bai iritziari 5) dagokionez, bai sentsazioari dagokionez; honen ondorioz, ez da ezer sortua izan eta ez da ezer izango aldez aurretiko iritzia izan ezean. Eta ezer sortua izan edo izaten bada, argi dago gauza guztiak ezin direla iritziaren araberakoak izan.
†Gainera, gauza bakar bat baldin bada†, gauza baten araberakoa izango da, edo zerbait zehaztuaren araberakoa. Eta gauza bera erdia eta berdina baldin bada ere, "berdina", behintzat, ez da "bikoitza"ri dagokion 10) zerbait. Eta iritzi-emaileari dagokionez, gizakia eta irizkaia gauza bera baldin badira, orduan gizakia ez da iritzi-emailea izango, irizkaia baizik. Eta gauza bakoitza iritzi-emailearen araberakoa baldin bada, iritzi-emailea espezie mugagabeen araberakoa izango da. Horrela, bada, kontrako baieztapenak aldi berean egiazkoak ez direla iritzirik sendoena dela azaltzeko, eta honela dela baieztatzen dutenei 15) zer suertatzen zaien eta zergatik baieztatzen duten azaltzeko, bego esandakoa.
Gainera, gauza berari buruzko kontraesana aldi berean egiazkoa izatea ezinezkoa denez, agerian dago gauza beraren baitan kontrakoak aldi berean suertatzea ere ezinezkoa dela. Izan ere, kontrakoen artetik bata bestearen gabezia da -ez kontrakoa baino neurri txikiagoz- eta substantziaren 20) gabezia, eta gabezia genero zehaztu baten ezeztapena da.
Beraz, aldi berean zinez baieztatzea eta ukatzea ezinezkoa baldin bada, orduan kontrakoak aldi berean suertatzea ere ezinezkoa izango da, biak ala biak nolabaiteko zentzuan ematen ez badira, behintzat, edo bata zentzu batean eta bestea zentzu absolutuan.
VII
aldatuBestalde, kontraesanen artean ezinezkoa da bitartekorik izatea; aitzitik, baten bati dagokionez, nahitaezkoa da horietako bat -izanak izan- edo baieztatzea edo ukatzea. Eta hau argi dago, hasiera batean, egiazkoa eta 25) faltsua zer den definitu dutenentzat. Izan ere, "den-a" ez dela edo "ez den-a" badela esatea faltsua da, eta "den-a" badela eta "ez den-a" ez dela esatea, ordea, egiazkoa da. Beraz, zerbait badela edo ez dela esaten duenak esango du egiazko zerbait edo faltsu den zerbait. Baina ez da esaten "den-a" ez denik edo denik, ezta "ez den-a" denik edo ez denik ere.
30) Gainera, kontraesanen artean izango da bitartekoa beltzaren eta zuriaren artean grisa dagoen bezala, edo gizakiaren eta zaldiaren artean ez bata, ez bestea ez dagoen bezala. Eta azkeneko modu honetaz izanez gero, ez litzateke bilakaerarik izango ( "ez-ona" izatetik "ona" izatera bilakatzen baita, edo "ona" izatetik "ez-ona" izatera); baina beti izaten da nabari <bilakaerak badirela> (bilakaerarik ez baita kontrako edo bitarteko sortzeko izan ezik). Baina bitartekorik baldin badago, izan liteke zuri bilakatzen den 1012a) zerbait ere "ez-zuria" denaren baitatik sortua ez dena, baina hau ez da ikusten. Gainera, arrazoitu eta pentsatu egiten den guztia pentsamenduak, edo baieztatu edo ezeztatzen du -hau argi dago definizioz- egiazkoa edo faltsukeria esaten duenean; horrela, bada, baieztatzean edo ukatzean modu 5) batez lotzen duenean egiazkoa esaten du, eta beste modu batez lotzean, berriz, faltsukeria.
Honez gain, kontraesan guztiez aparte, nahitaez izango da <zerbait>, hau ez bada berriketa hutsarengatik esaten. Honen ondorioz, baten batek esan lezake ez egiazko, ezta ez-egiazko den zerbait ere, eta "den-a" eta "ez den-a"z aparteko zerbait izango da; beraz, genesi eta ustelduraz aparte nolabaiteko bilakaera bat ere izango da.
Are gehiago, ezeztapenak kontrakoa gaineratzen duen genero 10) horietan guztietan ere izango da <bitartekoa>; esaterako, zenbakietan izango da ez bakoitia, ezta ez-bakoitia den zenbaki bat ere. Baina hau ezinezkoa da, definizioaz argi dagoenez.
Gainera, hau prozesu amaigabe baterantz abiatzen da eta den guztia "bat gehi erdi" ezezik gehiago ere izango dira. Izan ere, bitarteko hau berriz ukatzea izango da, baieztapenaren eta ezeztapenaren arabera, eta hau 15) ere zerbait izango da, bere substantzia beste bat baita.
Are gehiago, zerbait zuria ote den galdetuta norbaitek ezetz erantzun badu, izatea bera baino ez du ukatu, eta ezeztapena ez-izatea da. Filosofo batzuek heldu diote iritzi honi beste zenbait paradoxari bezalaxe. Izan ere, arrazonamendu eztabaidariak askatzerik ez dutenean, 20) arrazonamenduari heldurik, ondorioa egiazkoa dela onartzen dute. Eta, hain zuzen ere, honako kausarengatik baieztatzen dute batzuek doktrina hau, beste batzuek, ordea, gauza guztien azalpena bilatzen dutelako. Hala ere hauen guztien printzipioa definiziotik abiatzen da, eta definizioa filosofo haiek nahitaez esanahi duen zerbait esatetik sortzen da. Izan ere, definizioa izango da nozioa, zeinaren adierazlea izena den.
25) Bestalde, badirudi Heraklitoren doktrinak, dena badela eta ez dela baieztatzean, gauza guztiak egiazkoak egiten dituela, eta Anaxagorasenak, berriz, kontraesanen artean bitarteko bat badela baieztatzean, dena faltsu egiten duela, nahasturik daudenean, nahastura ez baita, ez ona, ezta ez-ona ere, eta honen ondorioz ez dago egiazko ezer esaterik.
VIII
aldatuBehin zehaztasun hauek eginda, agerian dago ezinezkoa dela 30) modu bakar batez zein orokorrean baieztatzen dena batzuek esaten duten bezala suertatzea, zenbaitek egiazko ezer ez dela baieztatzen dutelarik (denetan diagonalaren neurrigarritasunarekin bezalaxe gertatzeko eragozpenik ez dagoela diote) eta beste zenbaitek, berriz, dena egia dela baieztatzen dute. Izan ere, arrazonamendu hauek ia bat datoz Heraklitorenarekin, dena egiazkoa eta dena faltsua dela esaten duenak, 35) banan-banan hartuta ere baieztatzen baititu esakune hauek, eta honen 1012b) ondorioz haiek ezinezkoak baldin badira, hauek ere ezinezkoak izango dira.
Gainera, begi-bistan dago badirela kontraesanak aldi berean egiazkoak izaterik ez dutenak -bestalde, ezta denak faltsuak izan ere, nahiz eta, esandakoarengatik, azkeneko hau neurri handiagoz litekeena dela iruditu-.
Baina aurreko arrazonamenduetan ere esana den bezalaxe, 5) doktrina hauen guztien aurrean eskatu behar da ez zerbait izatea ala ez izatea, zerbait adieraztea baizik, eta honen ondorioz definizio batetik abiatuko da eztabaida, "faltsua" edo "egiazkoa" izateak zer adierazten duen ezarri ondoren. Eta, bestalde, egiazko dena baieztatzea edo faltsu dena ezeztatzea besterik ez baldin bada, orduan ezinezkoa da gauza guztiak 10) faltsuak izatea, nahitaez izango baita egiazkoa kontraesanaren alde bietako bat.
Gainera, dena edo baieztatu edo ezeztatu behar baldin bada, ezinezkoa da biak ala biak faltsuak izatea, kontraesanaren alde bat baita faltsua. Eta doktrina hauekin guztiekin gertatzen da behin eta berriz errepikatzen dena: beraiek ezabatzen dute beren burua. Izan ere, dena 15) egiazkoa dela esaten duenak berearen kontrakoa ere egiazko egiten du, eta honen ondorioz berea ez-egiazko bilakatzen da (kontrakoak hau egiazkoa denik ukatzen baitu) eta beste aldetik, dena faltsua dela esaten duenak bere burua ere faltsutzat jotzen du. Baina salbuespen bezala batak kontrakoa proposatzen badu egiazkoa ez den bakarra bailitzan, eta besteak 20) berea faltsua ez bailitzan, neurri berean gertatuko zaie ari direla eskatzen esakune amaigabeak, egiazkoak nahiz faltsuak; egiazko esakunea egiazkoa dela esatea egiazkoa baita, eta hau prozesu amaigabea da.
[Bestalde, begi-bistan dago ez dutela egia esaten, ez gauza guztiak geldirik daudela baieztatzen dutenek, ezta gauza guztiak mugimenduan daudela baieztatzen dutenek ere. Izan ere, gauza guztiak geldirik badaude, berak 25) izango dira beti egiazkoak eta faltsuak, baina hau aldakor agertzen da (hau baieztatzen duen pertsona bera ere ez baitzen garai batean, eta hurrengo batean ez da izango). Bestalde, gauza guztiak mugimenduan badaude, ezer ez da egiazkoa izango eta, ondorioz, gauza guztiak faltsuak izango dira. Baina frogatuta dago hau ezinezkoa dela. Gainera, bilakatzen dena nahitaez izango da "den" zerbait, bilakaera zerbaitetik zerbaitera gertatzen baita. Hala ere, gauza guztiak ez daude batzuetan geldirik eta beste 30) batzuetan mugimenduan, ezer betierekotasunean iraun gabe. Izan ere, bada zerbait mugitzen diren gauzak mugiarazten dituena beti, eta Mugiarazle Lehena da, berez, geldia].